66. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

15E/2020 FORU AGINDUA, otsailaren 24koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baita “Nafarroan egoitza duten beste autonomia erkidegoen etxeentzako 2020ko laguntzak” emateko deialdia. DDBN identifikazioa: 497283.

Nafarroako Foru Komunitatean badira Espainiako beste lurralde batzuetan jaio diren edo hango jatorria duten herritarrak biltzeko eta horien arteko adiskidantza indartzeko kultura eta josteta entitateak. Entitate horiek egiten dituzten jardueren bidez lan, familia edo beste inguruabar batzuengatik Nafarroan bizi diren pertsona horiek beren jatorrizko tokietako nortasunaren ezaugarriei eusten diete.

Nafarroako Gobernuak entitate horien kultur jarduerak eta funtzionamendu eta inbertsio gastuak finantzatzeko laguntzak ematen ditu, eta 2020ra luzatutako 2019ko ekitaldiko Nafarroako Aurrekontu Orokorretan badira aurrekontuko partidak xede horretarako.

Espainiako beste erkidego batzuek Nafarroan dituzten zentroek, etxeek eta elkarteek eta entitate horien denen Federazioak egiten dituzten jarduerak sustatzea eta horrelakoak egiten segitzea gizarte interesekotzat jotzen da; izan ere, lan garrantzitsua egiten dute beren jatorrizko erkidegoekin loturak mantentzeko eta Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean beren kultura eta tradizioen berri emateko. Horri esker, autonomia erkidego horiek ezagutarazten dira Nafarroan, eta Espainiako autonomia erkidegoen arteko harremanak eta batasun bideak sustatzen dira. Horregatik guztiagatik, bidezkoa da entitate horientzako beste dirulaguntza deialdi bat onestea.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Nafarroan egoitza duten beste autonomia erkidegoetako etxeei 2020ko laguntzak” emateko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoak betetzeko, aurrekontuko kreditu hauek baimentzen dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B50001-B5130-4819-144105: Nafarroan dauden Erkidegoen Etxeentzako laguntzak

2020ra luzatutako 2019ko aurrekontua

24.000,00

B50001-B5130-7819-144102: Nafarroan dauden Erkidegoen Etxeetako lokalak eta ekipamenduak erosi eta hobetzea

2020ra luzatutako 2019ko aurrekontua

10.000,00

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko otsailaren 24an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

NAFARROAN DAUDEN ERKIDEGOEN ETXEENTZAKO 2020KO LAGUNTZEN DEIALDIA

1.–Xedea.

Deialdiak hauxe du xedea: Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak Espainiako beste autonomia erkidego batzuek Nafarroako Foru Komunitatean dituzten etxeei ematen dizkien laguntzen araubidea ezartzea 2020. urtean egiten dituzten kultur eta gizarte jarduerak finantzatzeko, eta, bide batez, haien bazkideen integrazio soziala hobetzeko, Nafarroan haien lurraldeez dugun ezagutza errazteko, eta Espainiako autonomia erkidegoen arteko harremanak eta batasun bideak sustatzeko, bai eta ekitaldi horiek egiteko behar diren inbertsioak bultzatzeko ere.

2.–Finantzaketa.

Osotara 34.000 euro daude deialdi honetarako, eta 2020ra luzatutako 2019ko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura finantzatuko dira:

• 24.000 euro, “Nafarroan dauden Erkidegoen Etxeentzako laguntzak” izeneko aurrekontuko B50001 B5130 4819 144105 partidaren kargura, gastu arruntak ordaintzeko.

• 10.000 euro, “Nafarroan dauden Erkidegoen Etxeentzako lokalak eta ekipamenduak erosi eta hobetzea” izeneko aurrekontuko B50001 B5130 7819 144102 partidaren kargura, kapital-gastuak finantzatzeko.

3.–Onuradunak.

3.1. Laguntza hauen onuradunak izaten ahalko dira Espainiako beste erkidego batzuek Nafarroan dituzten etxeak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egotea.

b) Helburuen artean izatea deialdiaren xede diren jarduerak egitea.

c) Irabazi-asmorik ez izatea.

d) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako debeku-egoeretan ez egotea.

e) Finantzaketaren parte bat behintzat bazkideen ekarpenak edo entitatearen beraren funtsak izatea.

3.2. Halaber, laguntza hauek eskuratzen ahalko ditu aurreko apartatuan aipatutako elkarteen gehiengoa biltzen duen Nafarroako federazio entitateak.

4.–Diruz lagungarriak diren kontzeptuak.

4.1. Deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen dituzten entitateek funtzionamendurako, jardueretarako eta inbertsioetarako laguntzak jasotzen ahalko dituzte 2019ko abenduaren 4tik 2020ko abenduaren 3ra bitarte egindako gastuengatik.

a) Jarduera kontzeptuan honako hau sartzen da:

1. Oinarrizko gizarte jarduera: entitateek egiten dutena, zentro sozial gisa, bazkideei harrera emanez eta haien gizarte eta kultura trukea erraztuz.

2. Gizarte jarduera osagarria: xedea ditu bazkideen harremanak hobetzea eta Nafarroarekiko integrazio handiagoa lortzea, baita haien jatorrizko komunitate erkidegoek dituzten irudia eta kultura sustatzea eta zabaltzea ere, honako hauen bidez: erakusketak, produktu tipikoen erakustaldiak, eskulangintzako tailerrak, hitzaldiak, mintegiak, kultur trukerako ekitaldiak, kultur, arte, kirol eta gizarte jarduerak eta, oro har, deialdiaren 1. oinarrian adierazitako helburua betetzeko jarduketa guztiak.

Diruz lagungarriak izanen dira jarduera horiek (oinarrizkoak eta osagarriak) egiteko behar diren gastu arruntak; honako hauek, besteak beste:

–Lokalen eta ondasunen errentamendua.

–Egoitza sozialaren ohiko funtzionamendua (argindarra, ura, berogailua eta garbiketa).

–Lokalen, altzarien eta ekipamenduaren konpontze, mantentze eta zaintze lanak egitea, informatikako eta ikus-entzunezko baliabideak barne.

–Bulegoko materiala, egunkariak, aldizkariak eta beste argitalpen batzuk.

–Komunikazioak (telefonoa, posta eta antzeko beste batzuk).

–Oroigarrizko eta adierazgarrizko ekitaldi kulturalekin lotutako protokolo eta ordezkaritza gastuak, ostalaritzakoak barne.

–Aseguru primak, jasanarazi ez diren tributuak, jabeen elkarteari dagozkion gastuak, eta elkartearen egoitza den lokala erosteko edo berritzeko 2010eko abenduaren 31 baino lehen formalizatutako hipoteka-maileguak eta haien interesak.

–Argitalpenen edizioa eta banaketa.

–Garaikurrak eta oroigarriak, aintzatespenetan edo lehiaketetan saritutako pertsonei emateko.

–Jarduerak antolatzeko behar diren hornidurak.

–Onuradunak antolatutako jardueren arloan enpresek edo profesionalek egindako lanak.

–Gizarte lokalen kontabilitateko amortizazioaren zenbatekoa, baldin eta lokalak 2010eko abenduaren 31 baino lehen erosiak badira, eta izenpetutako hipoteka-kreditua gaur egun itzuli gabe badute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.6 artikuluan ezarritako baldintzekin bat:

  • Lokalaren erosketak dirulaguntza jaso ez izana.
  • Amortizazioa kontabilitateko arau orokor onartuen arabera kalkulatzea.
  • Kostua izatea oinarri hauetan zehaztutakoari jarraikiz diruz lagungarria den epealdikoa soilik.

b) Inbertsio kontzeptuaren barrenean, gastu hauek baizik ez dira sartzen:

–Entitatearen egoitza diren lokalak berritzeko lanak, haren balioa handitzen bada, eta egiturazko ekipamendu finkoa erosteko gastuak (berokuntza, aire girotua, klimatizazioa eta abar).

–Aurreikusitako jarduerak garatzeko behar diren altzarien eta ekipo informatikoen erosketa.

4.2. Honako gastu hauek kanpo geldituko dira berariaz, eta, hortaz, ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Irabaziak izateko asmoz jende guztiarentzat irekitako lokaletan ematen diren zerbitzuen gastuak (ostatuak, jatetxeak, merkataritzako lokalak eta abar).

–Otamen eta otordu kolektiboak, salbu eta omenaldi edo ordezkaritza ekitaldi kulturalekin lotutakoak.

–Langileria gastuak.

–Entitatearen arte edo kirol taldeen emanaldietako lansariak, nahiz entitatearentzat berarentzat egin nahiz federazioarentzat egin.

5.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 29/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan, web-orrian (http://www.nafarroa.eus) eskura dagoen eskabide ereduaren arabera.

Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan aurkeztutako eskaeren kasuan, fitxategi erantsien formatua hauetakoren bat izanen da: CSV, DOC / DOCX, JPG / JPEG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF / TIF, TXT, XLS / XSLX, ZIP.

Postetxeetan aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekietan sartuko dira, lehenbiziko orrialdeko goiko aldean adieraz daitezen onartu zeneko eguna eta legez ezarritako gainerako zehaztapenak.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar deialdi hau arautzen duten oinarriak onartzea.

5.2. Entitate eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra, hautatutako modalitatea edozein delarik:

a) Elkartearen edo entitatearen estatutuak.

b) Dagokion erregistro ofizialean izena emanda dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Dirulaguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzeko agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

d) Entitate eskatzailearen IFZ.

e) Eskaera, transferentzia bidez ordaintzeko (1).

f) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak luzatutako ziurtagiria, frogatzen duena indarra duten xedapenek Gizarte Segurantzaren aurrean ezartzen dizkioten eginbeharrak eguneraturik dituela (2).

g) Tokian tokiko zerga ogasunaren ziurtagiria, entitateak zerga arloko betebeharrak eguneratuak dituela dioena (2).

h) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena 2020ko urtarrilaren 1ean entitateak zenbat bazkide duen, eta horien izena, bi deiturak eta NANa, baita 2020rako aurreikusi diren kuoten zenbatekoa ere.

i) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena entitatea, administratzaileak eta ordezkariak kanpo daudela dirulaguntzen onuradun izateko debekuetatik. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

(1) Aurkeztu beharreko dokumentazioa, hori Administrazioaren esku ez badago edo aldatu bada (inguruabar hori eskaeran aipatu beharko da).

Deialdia kudeatzen duen zerbitzuak espedientea tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritako baldintza eta ondorioekin, eskaeran berariaz adierazten dutenean. Kasu horretan, nahitaez aurkeztu beharko dute oinarri honetan eskatutako dokumentazio guztia.

5.3. Agiri berariazkoak:

a) Entitatearen diru-sarreren eta gastuen urteko aurrekontu orokorra, http://www.nafarroa.eus web-orrian dagoen eta erantsi den ereduaren arabera.

b) Laguntzaren xede den jarduera programa, oinarrizko gizarte jarduera, jarduera osagarriak eta inbertsioak bilduko dituena.

–Programatutako oinarrizko gizarte jarduera oinarri hauen eranskin gisa agertzen den fitxa betez aurkeztuko da; fitxa hori web-orrian eskura daiteke (http://www.nafarroa.eus).

–Jarduera osagarriak azaldu beharko dira programatutako jarduera bakoitzari buruzko fitxa bat betez, bertan honakoak zehaztuta: deskribapena, data, tokia, hartzaileak, aurreikusitako parte-hartzaile kopurua, aurreikusitako sustapen ekintzak, aurreikusitako kostuak eta diru-sarrerak, eta egokitzat jotzen den beste edozein informazio. Hori guztia http://www.nafarroa.eus web-orrian eranskin gisa eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

–Egin beharreko inbertsioak justifikatzen dituen memoria, aurrekontua kontzeptuka zehaztuta. Inbertsio bakoitza fitxa bat betez deskribatuko da, http://www.nafarroa.eus web-orrian dagoen ereduaren arabera.

c) Itzultzeke dagoen hipoteka-kreditua harpidetuz erosi diren lokalak kontabilitatearen aldetik amortizatze aldera laguntza eskatzen dutenei dagokienez, erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek espresuki aipatzen dituena: kreditua zer egunetan eman zen, kredituaren mugaeguna eta dirulaguntza honen aldian ordaindu beharreko zenbatekoak (interesei eta amortizazioari dagozkien zatiak bereizita).

d) Dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute (web-orrian eskura dagoen ereduaren arabera: http://www.nafarroa.eus) eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan litezkeen zehapen ondorioak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko.

5.4. Eskaera zuzentzea.

Eskaera osatu gabe badago, instrukzio organoak akatsak zuzen ditzala eskatuko dio entitate interesdunari, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatu bezala, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, zerbitzu horretaz ari da.

Prozedura ebazteko eskumena Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari dagokio.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.

8.–Balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozedura.

8.1. Laguntzen banaketa.

Deialdi honetarako bideratutako gastua 34.000 eurokoa da. Horietatik, 3.000 euro funtzionamendu gastuak edo oinarrizko gizarte jarduerarenak finantzatzeko bideratuko dira (4.1.a.1 oinarria), 21.000 euro jarduera osagarrien gastuak finantzatzeko (4.1.a.2 oinarria), eta 10.000 euro inbertsio gastuak finantzatzeko (4.1.b oinarria).

8.2. Balorazio irizpideak.

Onartutako eskaerak aztertzerakoan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

8.2.1. Jarduera gastuei aplikatzeko irizpideak:

a) Oinarrizko gizarte jarduerari aplikatzeko irizpideak (100 puntu gehienez):

–Ordezkagarritasuna. Bazkide kopurua, 2020ko urtarrilaren 1ean; 5 puntu emanen dira 25 bazkideko, gehienez ere 40 puntu egin arte.

–Lokalaren edukiera. Neurtuko du lokala noraino den egokia kualitatiboki eta kuantitatiboki, eta, horrenbestez, noraino diren egokiak bazkideentzat dituen baliabideak biltokiaren helburu soziala lortzeko (30 puntu gehienez):

  • Lokalaren azalera: 15 puntu gehienez.
  • 50 metrotik behera: 5 puntu.
  • 50 eta 100 metro artean: 10 puntu.
  • 100 metrotik gora: 15 puntu.
  • Espazioak: 15 puntu gehienez.
  • Bilera gela: 3 puntu.
  • Jolas-areto bereizia: 2 puntu.
  • Liburutegia: 2 puntu.
  • Bulegoa: 3 puntu.
  • Kirol instalazioak: 3 puntu.
  • Sukaldea: 2 puntu.
  • Taberna-jantokia: 2 puntu.
  • Komunak: 3 puntu.

–Parte-hartze soziala. Neurtuko du noraino aprobetxatzen dituzten bazkideek baliabideak, norainokoa den baliabide horien eraginkortasuna, eta zenbatekoa den bazkideen bertaratze maila, lokalaren funtzionamenduaren eta lokala irekitzeko aldien arabera (30 puntu gehienez).

  • Ordutegia: 15 puntu gehienez.
  • Egunero: 10 puntu.
  • Asteburuetan baino ez: 8 puntu.
  • Etengabe, giltza bazkideen eskura jarrita: 15 puntu.
  • Bazkideen bertaratze maila: 15 puntu gehienez.
  • 10 bazkide gehienez, eguneko: 5 puntu.
  • 10 eta 25 bazkide artean, eguneko: 10 puntu.
  • 25 bazkidetik gora, eguneko: 15 puntu.

Kontzeptu guztiengatik lortzen badira puntuak, puntuazioa ez da inoiz izanen atal bakoitzean ezartzen dena baino handiagoa.

b) Jarduera osagarriei aplikatzeko irizpideak (100 puntu gehienez):

–Beste autonomia erkidego batzuen irudia eta kultura Nafarroan zabaltzeko eta sustatzeko gaitasuna, aintzat hartuta nolako hedapena egiten den, zein izan daitezkeen hartzaileak eta bazkideen eta herritarren erantzuna eta parte-hartzea jarduera horietan (50 puntu gehienez):

  • Ekitaldien aldez aurreko sustapena: 25 puntu gehienez.
  • Idatzizko prentsa, irratia edo telebista erabiltzea: 10 puntu.
  • Posta elektronikoa, sare sozialak eta bestelako IKTak erabiltzea: 10 puntu.
  • Kartelak, gonbidapenak, eskuko programak eta abar erabiltzea: 10 puntu.
  • Herritarrenganako proiekzioa: 25 puntu gehienez.
  • Bazkide eta senideentzako ekitaldiak: 5 puntu.
  • Bazkideei eta beste autonomia erkidego batzuen etxeetako kideei eskainitako ekitaldiak: 10 puntu.
  • Herritar guztiei eskainitako ekitaldiak: 25 puntu.

–Helburuen ezaugarriak. Kontuan hartuko da noraino diren egokiak lortu gogo diren helburuak, eta aurreko urteetan antolatutako jarduerek aurrera egiten ote duten eraginkortasunez eta parte-hartze handiarekin. Halaber, neurtuko da programa noraino den egokia eta berritzailea, eta deialdiaren helburuarekin bat ote datorren (30 puntu gehienez):

  • Eskualde eskatzaileetako kulturari, tradizioei eta abarri buruzko gaiekin lotutako jarduerak: 15 puntu.
  • Aurreko urteetan modu arrakastatsuan egindako programen jarraitutasuna: 15 puntu.
  • Aurrerapenari, parte-hartze sozialari, elkartasunari, berdintasunari eta beste balio batzuei lotutako elementu berritzaileak: 15 puntu.

–Programatutako ekitaldien kalitate teknikoa: gonbidatutako hizlarien edo artisten ospea, ikus-entzunezko baliabide osagarrien erabilera, antolaketarako egindako ahalegina: 20 puntu gehienez.

Kontzeptu guztiengatik lortzen badira puntuak, puntuazioa ez da inoiz izanen atal bakoitzean ezartzen dena baino handiagoa.

Programatutako jarduerak ez dira inola ere finantzatuko baldin osotara 50 puntu lortzen ez badute, edo kalitate teknikoan edo bideragarritasunean 10 puntu erdiesten ez badituzte.

8.2.2. Inbertsioei aplikatzeko irizpideak (100 puntu gehienez):

a) Egoitzaren edo egoitzako ekipamenduen gaineko jarduketa, kontuan hartuta bizigarritasun, segurtasun edo funtzionamendu baldintzak (gehienez ere 80 puntu).

–Egokitzapen behar txikia (konponketa txikiak, adibidez, pintura, ohiz kanpoko garbiketak, eta ontziteria eta munta txikiko bestelako gauzak erostea): 20 puntu gehienez.

–Egokitzapen behar ertaina (ekipo informatikoak, altzariak, eta ostalaritzako ekipoak erostea): 50 puntu gehienez.

–Egokitzapen behar handia (eraikinaren egiturari ukitzen badio edo oztopo arkitektonikoak kentzea badakar, bai eta, legezko betebeharrak edo jabeen erkidegoaren erabaki lotesleak direla eta, inbertsioa egitera behartuta badaude ere): 80 puntu gehienez.

b) Aurreko urteetan hasitako proiektuei jarraitutasuna ematea (modu independentean edo bereiz erabil edo aprobetxa daitezkeen proiektuak): 2 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 20 puntu.

50 puntura iristen ez diren eskaerak ez dira inola ere finantzatuko.

8.3. Laguntzen zenbatekoa eta esleipena.

Behin eskaeren banakako balorazioa eginik, honela zehaztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa: kontzeptuka (jarduerak edo inbertsioak) batuko dira biltoki guztien puntuak, eta zenbateko guztia (dela jardueretarako, dela inbertsioetarako) zati guztirako puntuak eginen da, eta, hala, ateratzen den puntu bakoitzari balio bat emanen zaio. Banakako balio hori bider biltoki bakoitzaren puntuak eginen da, eta, hala, laguntzaren zenbatekoa lortuko da.

Partidaren zenbatekoa / Esleitutako puntu guztiak = Puntuaren balioa.

Laguntzaren zenbatekoa = Entitateari esleitutako puntuak × Puntuaren balioa.

Kalkulu horren ondorioz, biltokietako batek eskatutakoa baino diru kopuru handiagoa jasotzen badu, sobera gelditzen diren zenbateko horiek berriz batu eta gainerako biltokien artean banatuko dira, bakoitzaren puntuazioaren arabera.

9.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak ebaluatu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du.

Proposamen hori ikusita, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta, bertan, emateko arrazoiak, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, eta, hala badagokio, gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak azalduko dira. Deialdiaren emaitza Nafarroako Gobernuaren web atarian emanen da argitara.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatuarekin bat.

10.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan entitate onuradunak egin gogo duen jardueraren kostua baino handiagoa, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jarduerak izan litzakeen beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin batuta.

11.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

11.1. Justifikazioa.

Dirulaguntza bi alditan ordainduko da: lehenengo ordainketak 2020ko urriaren 16ra arte egindako jarduerak eta inbertsioak bilduko ditu; bigarrenak, berriz, 2020ko abenduaren 3ra arte egindako jarduerak eta inbertsioak. Egin den gastua justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu eta instrukzio organoak egiaztatu ondoren eginen dira bi ordainketak.

Justifikazioa aurkezteko epea 2020ko urriaren 30ean amaituko da lehenengo ordainketarako, eta 2020ko abenduaren 9an, bigarren ordainketarako.

Justifikazioan honako dokumentu hauek sartuko dira:

a) Egindako jarduerak eta inbertsioak justifikatzen dituen memoria. Bertan horien guztien fitxa deskribatzaileak sartuko dira, web-orrian (http://www.nafarroa.eus) eskura dagoen ereduaren arabera.

b) Memoria ekonomiko bat, ongi zehazturik zein diren diru-sarrerak (norberaren diru-sarrerak nahiz entitate publiko zein pribatuetatik datozenak), eta gastuak, kontzeptuka banatuak (funtzionamendua, jarduerak, inbertsioak), web-orri honetan dagoen ereduaren arabera: http://www.nafarroa.eus.

c) Egindako gastua frogatzen duten fakturak edo agiriak (jatorrizkoak edo fotokopiak), emandako dirulaguntzaren adinako zenbatekora iritsi edo hura gainditzen dutela. Horietan, hauen gaineko datuak jasoko dira: igorlea, hartzailea, data, kontzeptua eta prezioa. Taxi, tren edo autobus txartelak aurkezten badira, edo garraio publikoa erabili izanaren bestelako frogagiriak, horiekin batera beste ziurtagiri batzuk ere aurkeztuko dira, entitatearen legezko ordezkariarenak, adierazten dutenak nork erabili dituen eta zer behar zegoen horiek erabiltzeko. Fakturekin batera zerrenda bat aurkeztuko da, bertan zehaztuta faktura bakoitza zer jarduerari edo inbertsiori dagokion, http://www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

d) Egindako gastuak ordaindu direla dioten frogagiriak.

Dirulaguntza ordaintzeko ondorioetarako, justifikazioak aurkezteko epeak amaitu baino lehen ordaindu dena baino ez da joko justifika daitekeen gastutzat (hau da, urriaren 30era arte aurkeztutakoak lehenbiziko justifikazio eperako, eta abenduaren 9ra artekoak bigarren eperako).

Entitateak aurkeztutako programan aurreikusitako jarduera bat gauzatzen ez bada, edo laguntzaren kalkuluan baloratu diren jardueren ezaugarriak funtsean aldatzen badira, ordaindu beharreko dirulaguntza murriztu eginen da, hain zuzen ere puntu horiei dagokien zenbatekoan. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueren kostua baino handiagoa.

11.2. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntza emateko unean oinarrizko gizarte jarduerari dagokion zenbatekoa ordaintzen ahal da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33.1 artikuluarekin bat. Horretarako, entitateak Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari eskatuko dio, kontabilitateko egoera-orrien bidez (diruzaintzako egoera-orria, egoera-balantzea) justifikatuta aurrerakin hori behar duela diruz lagundutako jarduerak egiteko.

11.3. Konturako ordainketa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluarekin bat, konturako ordainketak egiten ahalko dira, 2020ko laguntzarako eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunera bitarte egindako jarduera osagarriei dagozkien zenbatekoak ordaintzeko.

Edozein kasutan ere, entitateek 2020ko uztailaren 31 baino lehen aurkeztu behar dituzte eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 29/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan, web-orrian (http://www.nafarroa.eus) eskura dagoen ereduaren arabera.

Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Konturako ordainketen justifikazioa diruz lagundutako gainerako jardueretakoa justifikatzeko modu berean eginen da.

Konturako ordaindutako jardueretakoren bat justifikatzen ez bada, ordaindutako zenbatekoa kenduko zaio emandako gainerako dirulaguntzari.

12.–Baldintzak aldatzea.

Laguntza eman eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote entitate onuradunek Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari.

Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, dirulaguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak onartu nahiz ez onartu, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Honako eginbehar hauek bete beharko dituzte deialdi honetako laguntzak jasotzen dituzten entitateek:

a) Dirulaguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Nafarroako Gobernuaren finantzazioaren berri ematea diruz lagundutako jarduera hedabideetan eta publizitatean agertzen den bakoitzean; horretarako, instituzio honen sinbolo grafikoa txertatuko dute, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren oharrei jarraikiz.

c) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.

e) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da zenbat diru itzuli behar den, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

Eskabidea eta dokumentazioa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2002974