66. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 27a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

2/2020 FORU AGINDUA, otsailaren 20koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, Espainiatik kanpo dauden nafar biltokiei dirulaguntzak emateko 2020ko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 497281.

Aspalditik, eta batez ere XIX. mendearen bukaeratik, Ameriketako zenbait herritara emigratu behar izan zuten nafarrek elkarteak sortu zituzten, iritsi berriko emigratzaileei laguntzeko asmoz eta Nafarroako usadioei eta nortasunari eusteko gizarte eta kultur jarduerak sustatzeko asmoz.

Denborak aurrera egin ahala, kultura zabaltzeko gune eta harremanetarako plataforma bilakatu dira entitate horiek, ospe handikoak tokian tokiko komunitateetan; orobat, Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren errealitate historikoaren eta egungoaren irudi ona ematen dute, eta Nafarroako balioak eta ezaugarriak hedatzen dituzte ausarki.

Hori dela eta, Nafarroako Gobernua elkarlan berezian aritu da azken hamarkada hauetan Nafarroaren adierazgarri diren entitate horiekin, haien kultura eta gizarte jarduera sustatu eta bultzatzeko.

Nafar biltokiek Nafarroaren presentzia sustatzea interes sozial handikoa denez, eta kontuan izanik denboran zehar finkatu direla, eta urtero berritzen direla kultura, kirol eta gizarte arloko proiektu eta ekintza berriekin, bidezkoa da entitate horiei dirulaguntzak emateko beste deialdi bat onestea.

Horrenbestez, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Espainiatik kanpo dauden nafar biltokiei dirulaguntzak emateko 2020ko deialdia onestea.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea, jaso baitira foru agindu honen eranskinean.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, aurrekontuko kreditu hauek baimendu dira:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B50001 B5130 4900 144100:

Espainiatik kanpo dauden nafar biltokientzako laguntzak

2020ra luzatutako 2019ko aurrekontua

30.000,00

B50001 B5130 7819 144100:

Espainiatik kanpo dauden nafar biltokien lokalak eta ekipamenduak erosi eta hobetzea

2020ra luzatutako 2019ko aurrekontua

12.000,00

4. Deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basera igortzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Foru agindu hau Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Kontabilitate Zentrora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

7. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko otsailaren 20an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ESPAINIATIK KANPO DAUDEN NAFAR BILTOKIEI LAGUNTZAK EMATEKO 2020KO DEIALDIA

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko Departamentuak beste herrialde batzuetan dauden nafar biltokiei 2020an esleitzen dizkien laguntzak emateko araubidea ezartzea, Nafarroaren irudia eta kultura sustatu eta zabaltzeko Espainiatik kanpo, eta kultura eta gizarte ekitaldiak egin ditzaten, beren bazkideen arteko erlazioa eta haien integrazio soziokulturala hobetze aldera, bai eta ekitaldi horiek egiteko behar diren inbertsioak bultzatzeko ere.

2.–Finantzaketa.

Osotara 42.000 euro daude deialdi honetarako, eta 2020ra luzatutako 2019ko gastuen aurrekontuko partida hauen kargura finantzatuko da:

• 30.000 euro, “Atzerrian dauden nafar biltokientzako dirulaguntzak” izeneko B50001 B5130 4900 144100 partidaren kargura, gastu arruntak ordaintzeko.

• 12.000 euro, “Atzerrian dauden nafar biltokien lokalak eta ekipamenduak erostea eta hobetzea” izeneko B50001 B5130 7819 144100 partidaren kargura, inbertsioak finantzatzeko.

3.–Onuradunak.

3.1. Laguntza hauen onuradunak izaten ahalko dira beste herrialde batzuetan finkaturik dauden nafar taldeak, baldin eta baldintza hauek betetzen badituzte:

a) Legez eratutako pertsona juridikoa izatea eta dagokion erregistro ofizialean inskribatuta egotea.

b) Helbidea Espainiatik kanpo izatea.

c) Helburuen artean izatea deialdiaren xede diren jarduerak egitea.

d) Irabazi-asmorik ez izatea.

e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan adierazitako debeku-egoeretan ez egotea.

f) Finantzaketaren parte bat behintzat bazkideen ekarpenak edo entitatearen beraren funtsak izatea.

3.2. Halaber, aurreko paragrafoan aipatzen diren entitate gehien biltzen dituzten federazio nazionalek eska ditzakete laguntza hauek.

4.–Diruz lagungarriak diren kontzeptuak.

4.1. Deialdi honetan ezarritako betebeharrak betetzen dituzten entitateek jardueretarako eta inbertsioetarako laguntzak jasotzen ahalko dituzte, 2019ko abenduaren 4tik 2020ko abenduaren 3ra arte egindako gastuengatik.

a) Jarduera kontzeptuan honako hau sartzen da:

1.–Oinarrizko gizarte jarduera: entitateek egiten dutena, zentro sozial gisa, bazkideei harrera emanez eta haien gizarte eta kultura trukea erraztuz.

2.–Gizarte jarduera osagarria: xede ditu bazkideen harremanak hobetzea eta integrazio handiagoa lortzea beren herrialdean, baita Nafarroaren irudia eta kultura atzerrian sustatzea eta zabaltzea ere, besteak beste, honako hauen bidez: erakusketak, produktu tipikoen erakustaldiak, eskulangintzako tailerrak, hitzaldiak, mintegiak, kultur trukerako ekitaldiak, kultur, arte, kirol eta gizarte jarduerak eta, oro har, deialdiaren 1. oinarrian adierazitako xedea betetzeko jarduketa guztiak.

Diruz lagungarriak izanen dira jarduera horiek (oinarrizkoak eta osagarriak) egiteko behar diren gastu arruntak; honako hauek, besteak beste:

–Lokalen eta ondasunen errentamendua.

–Egoitza sozialaren ohiko funtzionamendua (argindarra, ura, berogailua eta garbiketa).

–Lokalen, altzarien eta ekipamenduaren konpontze, mantentze eta zaintze lanak egitea, informatikako eta ikus-entzunezko baliabideak barne.

–Bulegoko materiala, egunkariak, aldizkariak eta beste argitalpen batzuk.

–Komunikazioak (telefonoa, posta eta antzeko beste batzuk).

–Omenaldi edo ordezkaritza ekitaldi kulturalekin lotutako protokolo eta ordezkaritza gastuak, ostalaritzakoak barne.

–Aseguru primak, jasanarazi ez diren tributuak, jabeen elkarteari dagozkion gastuak, eta elkartearen egoitza den lokala erosteko edo berritzeko 2010eko abenduaren 31 baino lehen formalizatutako hipoteka-maileguak eta haien interesak.

–Argitalpenen edizioa eta banaketa.

–Garaikurrak eta oroigarriak, aintzatespenetan edo lehiaketetan saritutako pertsonei emateko.

–Jarduerak antolatzeko behar diren hornidurak.

–Onuradunak antolatutako jardueren arloan enpresek edo profesionalek egindako lanak.

–Gizarte lokalen kontabilitateko amortizazioaren zenbatekoa, baldin eta lokalak 2010eko abenduaren 31 baino lehen erosiak badira, eta izenpetutako hipoteka-kreditua gaur egun itzuli gabe badute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.6 artikuluan ezarritako baldintzekin bat:

  • Lokalaren erosketak dirulaguntza jaso ez izana.
  • Amortizazioa kontabilitateko arau orokor onartuen arabera kalkulatzea.
  • Kostua izatea oinarri hauetan zehaztutakoari jarraikiz diruz lagungarria den epealdikoa soilik.

b) Inbertsio kontzeptuaren barrenean, gastu hauek baizik ez dira sartzen:

–Entitatearen egoitza diren lokalak berritzeko lanak, haren balioa handitzen bada, eta egiturazko ekipamendu finkoa erosteko gastuak (berokuntza, aire girotua, klimatizazioa eta abar).

–Aurreikusitako jarduerak garatzeko behar diren altzarien eta ekipo informatikoen erosketa.

4.2. Honako gastu hauek kanpo geldituko dira berariaz, eta, hortaz, ez dira diruz lagungarriak izanen:

–Irabaziak izateko asmoz jende guztiarentzat irekitako lokaletan ematen diren zerbitzuen gastuak (ostatuak, jatetxeak, merkataritzako lokalak eta abar).

–Otamen eta otordu kolektiboak, salbu eta omenaldi edo ordezkaritza ekitaldi kulturalekin lotutakoak.

–Langileria gastuak.

–Entitatearen arte edo kirol taldeen emanaldietako lansariak, nahiz entitatearentzat berarentzat egin nahiz federazioarentzat egin.

5.–Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea eta lekua.

Hilabeteko epea dago eskabideak aurkezteko, deialdia argitaratzen denetik hasita. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan, web-orrian (http://www.nafarroa.eus) eskura dagoen eskabide ereduaren arabera.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezteko, aurkezleak ziurtagiri digitala izan beharko du, edo NAN elektronikoa erabili. Eskaerari eransten zaizkion fitxategiak, 20 Mb-koak gehienez ere, formatu hauetako batekoak izanen dira: CSV, DOC / DOCX, JPG / JPEG, ODS, ODT, PDF, RTF, TIFF / TIF, TXT, XLS / XSLX, ZIP.

5.2. Entitate eskatzaileak aurkeztu beharreko dokumentazio orokorra, hautatutako modalitatea edozein delarik:

a) Elkartearen edo entitatearen estatutuak.

b) Dagokion erregistro ofizialean izena emanda dagoela frogatzen duen ziurtagiria.

c) Dirulaguntzaren eskaera sinatzen duen pertsonaren ordezkaritza frogatzeko agiria eta pertsona horren nortasun agiri nazionala.

d) Entitate eskatzailearen IFZ.

e) Ordainketa transferentzia bidez egiteko eskaera, eta swift kodea (1).

f) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, frogatzen duena Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela, egoitza duen herrialdean indarra duten xedapenei jarraikiz.

g) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, frogatzen duena egoitza duen herrialdeko zerga betebeharrak egunean dituela.

h) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena 2020ko urtarrilaren 1ean entitateak zenbat bazkide duen, eta horien izena, bi deiturak eta NANa, baita 2020rako aurreikusi diren kuoten zenbatekoa ere.

i) Entitatearen ordezkariaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena entitatea, administratzaileak eta ordezkariak kanpo daudela dirulaguntzen onuradun izateko debekuetatik. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ageri dira.

(1) Aurkeztu beharreko dokumentazioa, hori Administrazioaren esku ez badago edo aldatu bada (inguruabar hori eskaeran aipatu beharko da).

(2) Deialdia kudeatzen duen zerbitzuak espedientea tramitatzeko beharrezkoa den dokumentazio guztia eskatzen ahalko du, interesdunek aurka egiteko eskubidea baliatzen dutenean izan ezik, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28. artikuluan ezarritako baldintza eta ondorioekin, eskaeran berariaz adierazten dutenean. Kasu horretan, nahitaez aurkeztu beharko dute oinarri honetan eskatutako dokumentazio guztia.

5.3. Agiri berariazkoak:

a) Entitatearen diru-sarreren eta gastuen aurrekontu orokorra, abian den urterako, http://www.nafarroa.eus web-orrian dagoen eta oinarri hauekin batera doan ereduaren arabera.

b) Laguntzaren xede den jarduera programa, oinarrizko gizarte jarduera, jarduera osagarriak eta inbertsioak bilduko dituena.

–Programatutako oinarrizko jarduera soziala oinarri hauen eranskin gisa agertzen den fitxa betez aurkeztuko da; fitxa hori web-orrian eskura daiteke (http://www.nafarroa.eus).

–Jarduera osagarriak azaldu beharko dira programatutako jarduera bakoitzari buruzko fitxa bat betez, bertan honakoak zehaztuta: deskribapena, data, tokia, hartzaileak, aurreikusitako parte-hartzaile kopurua, aurreikusitako sustapen ekintzak, aurreikusitako kostuak eta diru-sarrerak, eta egokitzat jotzen den beste edozein informazio. Hori guztia http://www.nafarroa.eus web-orrian eranskin gisa eskuragarri dagoen eredua erabiliz.

–Egin beharreko inbertsioak justifikatzen dituen memoria, aurrekontua kontzeptuka zehaztuta. Inbertsio bakoitza fitxa bat betez deskribatuko da, http://www.nafarroa.eus web-orrian dagoen ereduaren araberakoa.

c) Itzultzeke dagoen hipoteka-kreditua harpidetuz erosi diren lokalak kontabilitatearen aldetik amortizatze aldera laguntza eskatzen dutenei dagokienez, erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek berariaz aipatzen dituena: kreditua zer egunetan eman zen, kredituaren mugaeguna eta dirulaguntza honen aldian ordaindu beharreko zenbatekoak (interesei eta amortizazioari dagozkien zatiak bereizita).

d) Dirulaguntzen onuradunek gardentasunari buruz duten betebeharraren aitorpena aurkeztu beharko dute (web-orrian eskura dagoen ereduaren arabera: http://www.nafarroa.eus) eta, zein den kasua, eskatzen zaien dokumentazioa, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horrek Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak arautzen baititu. Izan daitezkeen zehapenak galarazi gabe, onuradunak informazioa emateko duen betebeharra urratuz gero, ez zaio emandako dirulaguntza ordainduko, eta, zerbait aurreratu bazaio, itzuli egin beharko du.

5.4. Eskaera zuzentzea.

Eskaera osatu gabe badago, instrukzio organoak akatsak zuzen ditzala eskatuko dio entitate interesdunari, gehienez ere 10 egun balioduneko epean, eta adieraziko dio, horrela egin ezik, haren eskaera ezetsitzat joko dela. Kasu horretan espedientea artxibatzeko aginduko da, eta dagokionari jakinaraziko zaio, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21. artikuluan xedatu bezala, eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 19.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

6.–Antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

Deialdi honetan aurreikusitako ondorioetarako, dirulaguntzak emateko prozeduraren gaineko antolaketa eta instrukzio eginkizunak Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuari esleitu zaizkio. Oinarri arautzaile hauetan “instrukzio organoa” aipatzen delarik, zerbitzu horretaz ari da.

Prozedura ebazteko eskumena Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiari dagokio.

7.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura norgehiagokako araubidearen bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatuarekin bat.

8.–Balorazio irizpideak eta zenbatekoa esleitzeko prozedura.

8.1. Laguntzen banaketa.

Deialdi honetarako bideratutako gastua 42.000 eurokoa da. Horietatik, 6.000 euro bideratuko dira funtzionamendu gastuak edo oinarrizko gizarte jarduerarenak finantzatzeko (4.1.a.1 oinarria), 24.000 euro jarduera osagarrien gastuak finantzatzeko (4.1.a.2 oinarria), eta 12.000 euro inbertsio gastuak finantzatzeko (4.1.b oinarria).

8.2. Balorazio irizpideak.

Onartutako eskaerak aztertzerakoan, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

8.2.1. Jarduera gastuei aplikatzeko irizpideak:

a) Oinarrizko gizarte jarduerari aplikatzeko irizpideak (100 puntu gehienez):

–Ordezkagarritasuna. Bazkide kopurua, 2019ko urtarrilaren 1ean; 5 puntu emanen dira 25 bazkideko, gehienez ere 40 puntu egin arte.

–Lokalaren edukiera. Neurtuko du lokala noraino den egokia kualitatiboki eta kuantitatiboki, eta, horrenbestez, noraino diren egokiak bazkideentzat dituen baliabideak biltokiaren helburu soziala lortzeko (30 puntu gehienez):

  • Lokalaren azalera: 15 puntu gehienez.
  • 50 metrotik behera: 5 puntu.
  • 50 eta 100 metro artean: 10 puntu.
  • 100 metrotik gora: 15 puntu.
  • Espazioak: 15 puntu gehienez.
  • Bilera gela: 3 puntu.
  • Jolas-areto bereizia: 2 puntu.
  • Liburutegia: 2 puntu.
  • Bulegoa: 3 puntu.
  • Kirol instalazioak: 3 puntu.
  • Sukaldea: 2 puntu.
  • Taberna-jantokia: 2 puntu.
  • Komunak: 3 puntu.

–Parte-hartze soziala. Neurtuko du noraino aprobetxatzen dituzten bazkideek baliabideak, norainokoa den baliabide horien eraginkortasuna, eta zenbatekoa den bazkideen bertaratze maila, lokalaren funtzionamenduaren eta lokala irekitzeko aldien arabera (30 puntu gehienez).

  • Ordutegia: 15 puntu gehienez.
  • Egunero: 10 puntu.
  • Asteburuetan baino ez: 8 puntu.
  • Etengabe, giltza bazkideen eskura jarrita: 15 puntu.
  • Bazkideen bertaratze maila: 15 puntu gehienez.
  • 10 bazkide gehienez, eguneko: 5 puntu.
  • 10 eta 25 bazkide artean, eguneko: 10 puntu.
  • 25 bazkidetik gora, eguneko: 15 puntu.

Kontzeptu guztiengatik lortzen badira puntuak, puntuazioa ez da inoiz izanen apartatu bakoitzean ezartzen dena baino handiagoa.

b) Jarduera osagarriei aplikatzeko irizpideak (100 puntu gehienez):

–Nafarroaren irudia eta kultura zabaltzeko eta sustatzeko gaitasuna neurtuko du, aintzat hartuta nolako hedapena egiten den, zein izan daitezkeen hartzaileak eta bazkideen eta herritarren erantzuna eta parte-hartzea jarduera horietan (50 puntu gehienez):

  • Ekitaldien aldez aurreko sustapena: 25 puntu gehienez.
  • Idatzizko prentsa, irratia edo telebista erabiltzea: 10 puntu.
  • Posta elektronikoa, sare sozialak eta bestelako IKTak erabiltzea: 10 puntu.
  • Kartelak, gonbidapenak, liburuxkak eta abar erabiltzea: 10 puntu.
  • Herritarrenganako proiekzioa: 25 puntu gehienez.
  • Bazkide eta senideentzako ekitaldiak: 5 puntu.
  • Bazkideei eta beste autonomia erkidego batzuen etxeetako kideei eskainitako ekitaldiak: 10 puntu.
  • Herritar guztiei eskainitako ekitaldiak: 25 puntu.

–Helburuen ezaugarriak. Kontuan hartuko da noraino diren egokiak lortu gogo diren helburuak, eta aurreko urteetan antolatutako jarduerek aurrera egiten ote duten eraginkortasunez eta parte-hartze handiarekin. Halaber, neurtuko da programa noraino den egokia eta berritzailea, eta deialdiaren helburuarekin bat ote datorren (30 puntu gehienez):

  • Nafarroako gaiei buruzko jarduerak (kultura, ohiturak eta abar): 15 puntu.
  • Aurreko urteetan modu arrakastatsuan egindako programen jarraipena: 15 puntu.
  • Aurrerapenari, parte-hartze sozialari, elkartasunari, berdintasunari eta beste balio batzuei lotutako elementu berritzaileak: 15 puntu.

–Programatutako ekitaldien kalitate teknikoa: gonbidatutako hizlarien edo artisten ospea, ikus-entzunezko baliabide osagarrien erabilera, antolaketarako egindako ahalegina: 20 puntu gehienez.

Kontzeptu guztiengatik lortzen badira puntuak, puntuazioa ez da inoiz izanen apartatu bakoitzean ezartzen dena baino handiagoa.

Programatutako jarduerak ez dira inola ere finantzatuko baldin osotara 50 puntu lortzen ez badute, edo kalitate teknikoan edo bideragarritasunean 10 puntu erdiesten ez badituzte.

8.2.2. Inbertsioei aplikatzeko irizpideak (100 puntu gehienez):

a) Egoitzaren edo egoitzako ekipamenduen gaineko jarduketa, kontuan hartuta bizigarritasun, segurtasun edo funtzionamendu baldintzak (gehienez ere 80 puntu).

–Egokitzapen behar txikia (konponketa txikiak, adibidez, pintura, ohiz kanpoko garbiketak, eta ontziteria eta munta txikiko bestelako gauzak erostea): 20 puntu gehienez.

–Egokitzapen behar ertaina (ekipo informatikoak, altzariak, eta ostalaritzako ekipoak erostea): 50 puntu gehienez.

–Egokitzapen behar handia (eraikinaren egiturari ukitzen badio edo oztopo arkitektonikoak kentzea badakar, bai eta, legezko betebeharrak edo jabeen erkidegoaren erabaki lotesleak direla eta, inbertsioa egitera behartuta badaude ere): 80 puntu gehienez.

b) Aurreko urteetan hasitako proiektuei jarraitutasuna ematea (modu independentean edo bereiz erabil edo aprobetxa daitezkeen proiektuak): 2 puntu urte bakoitzeko, eta gehienez ere 20 puntu.

50 puntura iristen ez diren eskaerak ez dira inola ere finantzatuko.

8.3. Laguntzen zenbatekoa eta esleipena.

Behin eskaeren banakako balorazioa eginik, honela zehaztuko da dirulaguntzaren zenbatekoa: kontzeptuka (jarduerak edo inbertsioak) batuko dira biltoki guztien puntuak, eta zenbateko guztia (dela jardueretarako, dela inbertsioetarako) zati guztirako puntuak eginen da, eta, hala, ateratzen den puntu bakoitzari balio bat emanen zaio. Banakako balio hori bider biltoki bakoitzaren puntuak eginen da, eta, hala, laguntzaren zenbatekoa lortuko da.

Partidaren zenbatekoa / Esleitutako puntu guztiak = Puntuaren balioa.

Laguntzaren zenbatekoa = Entitateari esleitutako puntuak × Puntuaren balioa.

Kalkulu horren ondorioz, biltokietako batek eskatutakoa baino diru kopuru handiagoa jasotzen badu, sobera gelditzen diren zenbateko horiek berriz batu eta gainerako biltokien artean banatuko dira, bakoitzaren puntuazioaren arabera.

9.–Prozeduraren ebazpena, jakinarazpena, publizitatea eta errekurtsoak.

Eskaerak ebaluatu ondoren, instrukzio organoak ebazpen proposamena eginen du.

Proposamen hori ikusita, Kanpo Ekintzarako zuzendari nagusiak laguntzak emateko ebazpena emanen du.

Ebazpena entitate interesdunei jakinaraziko zaie, eta, bertan, emateko arrazoiak, dirulaguntza jasoko duten eskatzaileen zerrenda, eta, hala badagokio, gainerako eskaerak ezesteko arrazoiak azalduko dira. Deialdiaren emaitza Nafarroako Gobernuaren web atarian emanen da argitara.

Ebazpena eman eta jakinarazteko epea 3 hilabetekoa izanen da gehienez, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe hori bukatuta, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek. Hala ere, Administrazioa beharturik dago ebazpena ematera.

Ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko Foru Legean eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatuarekin bat.

10.–Beste laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateragarriak dira xede bererako jasotzen den beste edozein laguntzarekin. Hala ere, dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan entitate onuradunak egin gogo duen jardueraren kostua baino handiagoa, bakarrik edo dirulaguntzaren xedeko jarduerak izan litzakeen beste dirulaguntza, laguntza eta diru-sarrera batzuekin edo baliabide propioekin batuta.

11.–Dirulaguntzaren justifikazioa eta ordainketa.

11.1. Justifikazioa.

Dirulaguntza bi alditan ordainduko da: lehenengo ordainketak 2020ko urriaren 16ra arte egindako jarduerak eta inbertsioak bilduko ditu; bigarrenak, berriz, 2020ko abenduaren 3ra arte egindako jarduerak eta inbertsioak. Egin den gastua justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztu eta instrukzio organoak egiaztatu ondoren eginen dira bi ordainketak.

Justifikazioa aurkezteko epea 2020ko urriaren 30ean amaituko da lehenengo ordainketarako, eta 2020ko abenduaren 9an, bigarren ordainketarako.

Justifikazioan honako dokumentu hauek sartuko dira:

a) Egindako jarduerak eta inbertsioak justifikatzen dituen memoria. Bertan horien guztien fitxa deskribatzaileak sartuko dira, web-orrian (http://www.nafarroa.eus) eskura dagoen ereduaren arabera.

b) Memoria ekonomiko bat, ongi zehazturik zein diren diru-sarrerak (diru-sarrera propioak nahiz entitate publiko zein pribatuetatik datozenak), eta gastuak, kontzeptuka banatuak (funtzionamendua, jarduerak, inbertsioak), web-orri honetan dagoen ereduaren arabera: http://www.nafarroa.eus.

c) Egindako gastua frogatzen duten fakturak edo agiriak (jatorrizkoak edo fotokopiak), emandako zenbatekoaren adinako zenbatekora iritsi edo gainditzen dutela frogatzen dutenak. Horietan hauen gaineko datuak jasoko dira: igorlea, hartzailea, data, kontzeptua eta prezioa. Taxi, tren edo autobus txartelak aurkezten badira, edo garraio publikoa erabili izanaren bestelako frogagiriak, horiekin batera beste ziurtagiri batzuk ere aurkeztuko dira, entitatearen legezko ordezkariarenak, adierazten dutenak nork erabili dituen eta zer behar zegoen horiek erabiltzeko. Fakturekin batera zerrenda bat aurkeztuko da, bertan zehaztuta faktura bakoitza zer jarduerari edo inbertsiori dagokion, http://www.nafarroa.eus web-orrian eskuragarri dagoen ereduaren arabera.

d) Egindako gastuak ordaindu direla dioten frogagiriak.

Dirulaguntza ordaintzeko ondorioetarako, justifikazioak aurkezteko epeak amaitu baino lehen ordaindu dena baino ez da joko justifika daitekeen gastutzat (hau da, urriaren 30era arte aurkeztutakoak lehenbiziko justifikazio eperako, eta abenduaren 9ra artekoak bigarren eperako).

Entitateak aurkeztutako programan aurreikusitako jarduera bat gauzatzen ez bada, edo laguntzaren kalkuluan baloratu diren jardueren ezaugarriak funtsean aldatzen badira, ordaindu beharreko dirulaguntza murriztu eginen da, hain zuzen ere puntu horiei dagokien zenbatekoan. Laguntzaren zenbatekoa ez da inoiz izanen egindako jardueren kostua baino handiagoa.

11.2. Aurrerakina.

Salbuespenez, laguntza emateko unean oinarrizko gizarte jarduerari dagokion zenbatekoa ordaintzen ahal da, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 33.1 artikuluarekin bat. Horretarako, entitateak Erakundeen Proiekzioaren Zerbitzuari eskatuko dio, kontabilitateko egoera-orrien bidez (diruzaintzako egoera-orria, egoera-balantzea) justifikatuta aurrerakin hori behar duela diruz lagundutako jarduerak egiteko.

11.3. Konturako ordainketa.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 33.4 artikuluarekin bat, konturako ordainketak egiten ahalko dira 2020ko uztailaren 15era bitarte egindako jarduera osagarriei dagozkien zenbatekoak ordaintzeko.

Edozein kasutan ere, entitateek 2020ko uztailaren 31 baino lehen aurkeztu behar dituzte eskaerak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean, edo Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 29/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan, web-orrian (http://www.nafarroa.eus) eskura dagoen ereduaren arabera.

Europako Ekintzaren, Eskualdeen arteko Lankidetzaren eta Kanpoko Herritarren Zerbitzuak aldeko txostena eman ondoren eginen da ordainketa.

Konturako ordainketen justifikazioa 11.1 puntuan ezarritako lehenbiziko epean egin behar da, diruz lagundutako gainerako jardueren moduan.

Konturako ordaindutako jardueretakoren bat justifikatzen ez bada, ordaindutako zenbatekoa kenduko zaio emandako gainerako dirulaguntzari.

12.–Baldintzak aldatzea.

Laguntza eman eta haren zenbatekoa zehazteko aintzat hartu diren baldintzen aldaketa guztien berri eman beharko diote entitate onuradunek Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiari.

Aldaketak behar adina arrazoitu beharko dira, aldaketa justifikatzen duten inguruabarrak gertatu eta berehala, eta betiere, dirulaguntza jasotzen duen programa gauzatzeko epea bukatu baino lehen.

Laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan edozer aldatuz gero, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiak onartu nahiz ez onartu, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da, edo, hala badagokio, kasuan kasuko zenbatekoa itzuli beharko da.

13.–Entitate onuradunen betebeharrak.

Honako eginbehar hauek bete beharko dituzte deialdi honetako laguntzak jasotzen dituzten entitateek:

a) Diru-laguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Nafarroako Gobernuaren finantzazioaren berri ematea diruz lagundutako jarduera hedabideetan eta publizitatean agertzen den bakoitzean; horretarako, instituzio honen sinbolo grafikoa txertatuko dute, Kanpo Ekintzarako Zuzendaritza Nagusiaren oharrei jarraikiz.

c) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.

e) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

14.–Dirua itzultzea.

Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, proiektua gauzatzen ez bada, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira, edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik 12 hilabeteko epean ebatzi beharko da.

Entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da zenbat diru itzuli behar den, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren ikusita.

15.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau hauste eta zehapenei dagokienez, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituko zaio.

16.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatua aplikatuko da.

ERANSKINA

Eskaera eta dokumentazioa (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2002972