65. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

35/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 6koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Ondare Zerbitzuaren esku uzten duena Nafarroako Foru Ogasuna izeneko erakunde autonomoari buruzko kontratazio publikoko prozedurak ireki, tramitatu eta horien ebazpen proposamena egitea.

Azaroaren 6ko 300/2019 Foru Dekretuaren bidez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari atxikitako Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomoaren estatutuak onetsi ziren. Estatutu horien 1. artikuluaren arabera, Nafarroako Foru Ogasuna erakunde autonomo bat da, berezko nortasun juridikoa duena, bai eta bere helburuak betetze aldera jarduteko gaitasun osoa ere. Esleiturik duen ahalmen bat da, besteak beste, kontratu publikoak egitea, defendatu behar dituen interes publikoak kudeatzeko behar direnak.

Kontratuen gainean dagozkion ahalmenak gorabehera, ez du behar adina langile eta baliabide bere eskumeneko kontratazio publikoko prozeduren tramiteak egiteko. Horregatik Nafarroako Foru Ogasunak aspaldixkotik bere departamentuko organo espezializatu baten lankidetza du: Ondare Zerbitzuarena. Lankidetza hori kudeaketa esleitzeko teknikaren bidez antolatu da.

Kudeaketa-esleipena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. artikuluaren bidez arauturik dago. Besteak beste, departamentu bereko organoen arteko lankidetzarako tresna bat da. Espresuki aipatu behar ditu ukitzen dituen jarduerak, indarraldia, esleitutako kudeaketaren izaera eta nondik norakoak eta esleipena jasotzen duen organoak bere gain hartzen dituen eginbeharrak. Gainera, indarra har dezan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu behar da, osorik.

Martxoaren 23ko 44/2018 Foru Aginduaren bidez, Ondare Zerbitzuaren aldeko esleipena onetsi zen azken aldiz, eta esleipen horren indarraldia agortzear da. Horregatik bidezkotzat jotzen da beste esleipen bat onestea, aurrekoen baldintza berberekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 14. 2 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Ogasuneko zuzendari kudeatzaileak proposatuta,

AGINTZEN DUT:

1. Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Ondare Zerbitzuaren esku uztea Nafarroako Zerga Ogasunaren funtzionamendu arrunterako beharrezko diren kontratazio publikoko espedienteak instruitu, tramitatu eta horien gaineko ebazpen proposamena egitea.

2. Kudeaketa-esleipen honen indarraldia bi urtekoa izanen da, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

3. Espediente baten aurretik, azalpen egokia eman beharko da, kudeaketarako aski den zehaztasunaz, eta horretarako behar den gastuaren baimena ere bai, horretarako ezarria den moduetako batean.

4. Nafarroako Foru Ogasuneko Administrazio Atalak sustatuko ditu espedienteak eta haien jarraipena eginen, esleiturik dauzkan eginkizunak erabiliz.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 6an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2003634