65. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

16/2020 FORU AGINDUA, otsailaren 12koa, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariak emana, Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abuztuaren 14ko 140/2009 Foru Agindua aldatzen duena (foru agindu horrek Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Bereziaren autolikidaziorako 576 eredua eta Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Bereziko zerga onurak eskatzeko 05 eredua onetsi, eta horiek Internet bidez aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezartzen zituen).

Informatikaren eremuan gertatu diren aurrerapen teknologikoei esker, Nafarroako Foru Ogasunak eskaintzen ahal die zergapekoei beren betebehar formalak errazago egiteko modua. Hala, azken urteetan hartu diren neurriekin, betebeharrok bitarteko telematikoen bidez betetzea erraza, sinplea eta segurua da.

Tributazioaren alderdi juridikoan sartzen den berrikuntza honek bateragarria izan behar du administrazioak tributazio zuzena kontrolatzeko betebeharrarekin, eta zerga iruzurra egitearen aldeko jokabideak saihestu eta borrokatzearekin.

Gogoratu behar da zerga-irudi guztiek osatzen dutela tributazio sistema, eta honen ezaugarria, sistema denez, elkarren artean harremana duten elementu multzo bat izatea dela; hartara, elementu hauek modu koordinatuan erabiltzen ahal eta erabili behar dira jokabide iruzurtiak atzemateko.

Horrela, zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Bereziak lotura estua dauka Balio Erantsiaren gaineko Zergarekin, bi arrazoirengatik: lehena, ordezkatzen duelako BEZaren lehen araudian luxuzko zenbait ondasunen kontsumoa zergapetzen zuen tipo gehitua, indargabetu dena; eta bigarrena, garrantzi handiko sektore ekonomiko baten jarduera, ibilgailuen sal-erosketena, alegia, zergapetzen duen zerga delako.

Hori horrela, garraiobideak Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan erostea, gehien-gehienetan erabilitako ibilgailuak balira bezala, gero Espainian merkaturatzeko, balio Erantsiaren gaineko Zergaren araubide orokorraren arabera zuzen ordaintzeari itzuri eginez, horixe da zerga administrazioak arreta bereziaz zaindu behar duen jardueretako bat. Helburua bikoitza da: alde batetik, zergaren diru-sarrerak zaindu nahi dira, eta beste alde batetik sektoreko konkurrentziaren arauek normaltasunez funtzionatzea nahi da, zergak gaizki ordaintzeagatik zerga-oinarri eta prezioak ez daitezen izan ibilgailu hauen merkatuan ohikoa dena baino askoz ere baxuagoak.

Ibilgailu tipologia honen merkaturatze prozesuan, matrikulazio-egintza, horixe baita Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Bereziaren funtsa, une egokia da zerga adiministrazioak egiazta dezan zein den zergapekoaren egiazko enpresa jarduna.

Horretarako, bosgarren atala gehitu da 140/2009 Foru Aginduaren 5. artikuluan. Atal horrek ezartzen du Nafarroako Foru Ogasunak eskatzen ahalko liokeela zergapekoari bere jardueraren izatea, helbidea, edo jarduera aurrera eramateko baliabide material, giza-baliabide edo baliabide finantzario froga ditzan, aitortzailearen jarduera justifikatzeko; aldi berean, atalak biltzen du, baita ere, ze ondorio ekarriko duen dokumentazio-eskaerei kasurik ez egiteak, edo aitortzailearen jarduera justifikatuta ez gelditzeak.

Tributuei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren zazpigarren xedapen gehigarrian baimena ematen zaio zerga arloko eskumena duen departamentuko kontseilariari foru agindu bidez arautu dezan zergadunek eta entitateek zein kasu eta baldintzatan aurkezten ahal dituzten baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bitartez aitorpenak, jakinarazpenak, aitorpen-likidazioak, autolikidazioak edo tributuen arloko araudiak eskatutako beste agiri guztiak.

Horrenbestez,

AGINTZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren abuztuaren 14ko 140/2009 Foru Aginduaren 5. artikuluari bosgarren atal bat gehitzea. Foru agindu horren bidez, onesten dira Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Bereziaren autolikidaziorako 576 eredua eta Zenbait Garraiobideren gaineko Zerga Bereziko zerga onurak eskatzeko 05 eredua, eta horiek Internet bidez aurkezteko baldintza orokorrak eta prozedura ezartzen baititu.

“Bosgarrena.–Dokumentazioa aurkeztea.

1. Ibilgailua matrikulatu aurretik, Nafarroako Foru Ogasunak eskatzen ahalko du aitortzailearen jarduera justifikatzen duen dokumentazioa aurkeztea.

Bereziki, Nafarroako Foru Ogasunak eskatzen ahalko du txosten xehatu bat aurkezteko, zeinean frogatu behar baita enpresak baduela matrikulazioa justifikarazten duten eragiketak egiteko nahikoa enpresa-gaitasun. Txosten horri gehituko zaizkio edukia egiazkoa dela egiaztatzen duten frogabide guztiak.

2. Nafarroako Foru Ogasunak matrikulazioari ezetz esaten ahalko dio kasu hauetan:

a) Zergapekoak ez dituenean betetzen, hilabeteko epean, Nafarroako Foru Ogasunak, 1. zenbakian ezarritakoarekin bat, egin dizkion errekerimenduak.

b) Behar diren egiaztapenak egin eta gero, Nafarroako Foru Ogasunak atzematen badu aitortzailearen jardueraren izatea aski justifikatuta ez dagoela, edo jarduera aurrera eramateko baliabide material, giza baliabide edo baliabide finantzarioak ez daudela justifikatuta, eta, batez ere, justifikatzen ez denean aitortutako xede soziala erreala dela eta esandako helbidean garatzen dela.”

AZKEN XEDAPENA

Indarra hartzea

Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko otsailaren 12an.–Ekonomia eta Ogasuneko kontseilaria, Elma Saiz Delgado.

Iragarkiaren kodea: F2002226