63. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

67/2020 EBAZPENA, martxoaren 6koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioa egiteko jarraibideak 2019-2020 ikasturterako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez aldatuak) 36 bis artikuluan aurreikusten du banakako ebaluazio bat egitea Batxilergoko etapa bukatutakoan.

310/2016 Errege Dekretuaren 2. artikuluak ezartzen du Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak zehaztuko dituela proben ezaugarriak, diseinua eta edukia; eta 3. artikuluak ezartzen du hezkuntza Administrazioei dagokiela probak gauzatzea.

Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeari buruzko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren ezarpen egutegia zabaltzeko presazko neurriei buruzko abenduaren 9ko 5/2016 Errege Lege Dekretuaren 1. artikuluak egindako aldaketen ondorioz, harik eta Hezkuntzarako Estatu Itun sozial eta politikotik ateratzen den araudiak indarra hartu arte, unibertsitateko ikasketak hasi nahi dituzten ikasleei soilik eginen zaie Batxilergoko ebaluazioa, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 36 bis artikuluak arautzen duena.

Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetako eta Memoria Demokratikoko Ministerioak, otsailaren 17ko PCM/139/2019 Aginduaren bidez, zehaztu ditu unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioaren ezaugarriak, diseinua eta edukia, bai eta probak egiteko gehieneko epeak eta lortutako kalifikazioak berrikusteko prozedurak ebaztekoak ere, 2019-2020 ikasturterako.

Bestalde, ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuak (horren bidez ezarri zen unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialetan onartzeko prozeduren oinarrizko araudia), 7. artikuluan, ezartzen du unibertsitate publikoek ezarriko dituztela balorazio irizpideak, ikaspostuak esleitzeko lehentasun ordena ezartzeko aplikatuko diren arauak eta, behar denean, onartzeko prozedurak.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da zehaztea, Nafarroako Foru Komunitaterako, Batxilergoko ebaluazio probak 2019-2020 ikasturtean izanen dituen alderdiak, graduko unibertsitate ikasketa ofizialetan sartzeko, horrela aipaturiko araudian ezarritakoa osatu eta betetzearren.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioa egiteko jarraibideak onestea 2019-2020 ikasturterako. Ebazpen honen eranskinean zehazten dira.

2. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusira, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko Unibertsitateko Zuzendaritza Nagusira.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko martxoaren 6an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitatean unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioa egiteko jarraibideak 2019-2020 ikasturterako

1.–Xedapen orokorrak.

1. Jarraibide hauen helburua da unibertsitatean sartzeari begira 2019-2020 ikasturtean eginen den Batxilergoko ebaluazio probaren alderdiak zehaztea, otsailaren 17ko PCM/139/2020 Aginduan ezarritakoaren arabera.

2. Nafarroako Unibertsitate Publikoan eginen den probarako aplikatuko dira.

3. Ebaluazioaren xedea da ikasleen heldutasun akademikoa eta unibertsitateko graduko ikasketetan ongi segitzeko duten gaitasuna baloratzea, eta ikasketa horietarako onarpen eskaerak ordenatzea, eskainitako ikaspostuak esleitzeko.

4. Segurtatuko da aukera berdintasuna izanen dela, diskriminaziorik ez dela izanen eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleek irisgarritasun unibertsala izanen dutela.

2.–Batxilergoko ebaluazio proba, unibertsitatean sartzeko.

2.1.–Probaren egitura.

5. Batxilergoko bigarren mailako ikasgaien curriculumera egokitu behar da proba. Hain zuzen, Nafarroako Foru Komunitatean Batxilergoko irakaskuntzen curriculuma ezartzen duen apirilaren 22ko 25/2015 Foru Dekretuan arautu da curriculum hori.

6. Proba bi fasetan egituratuta dago: nahitaezkoa eta borondatezkoa. Nahitaezko fasea Batxilergoko 2. mailako enborreko lau irakasgai orokorrei buruzkoa izanen da. Borondatezko fasea edozein modalitatetako aukerako enborreko irakasgaiei buruzkoa izanen da. Fase horretan, halaber, modalitateko enborreko irakasgai orokorren eta atzerriko hizkuntza baten azterketa egin dezakete ikasleek. Baina ezin dira izan deialdi bereko nahitaezko faseko inskripziokoak. Fase horretan, nota hobetu nahi duten ikasleak aurkez daitezke.

Unibertsitateek, onarpen prozeduretan, kontuan har dezakete borondatezko faseko irakasgai bakoitzean lortutako kalifikazioa.

7. Aipaturiko otsailaren 17ko PCM/139/2020 Aginduaren 3. artikuluarekin bat, Nafarroako Foru Komunitatean, nahitaezko fasearen barnean, bosgarren ariketa bat ezarri da, Euskal Hizkuntza eta Literatura irakasgaiaren curriculumari lotua, Batxilergoko 2. maila “D” edo “A” hizkuntza ereduetan egin duten ikasleentzat, irakasgai horretatik salbuetsita ez badaude.

8. Azterketako irakasgai bakoitzak bi aukera izanen ditu, eta ikaslek horietariko bat aukeratu beharko du.

9. Ikasleek, oro har, beren hizkuntza ereduari dagokion hizkuntzan eginen dute proba. Dena den, aldatu ahal izanen dute, eta aldaketak inskribaturiko irakasgai guztiak ukituko ditu, honako hauek izan ezik: Gaztelania eta Literatura II, Euskal Hizkuntza eta Literatura II eta Atzerriko Hizkuntza II.

2.2.–Sarrera probarako izena ematea.

10. Hezkuntza Departamentuak eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuek Batxilergoko bigarren mailan matrikulatuta dauden ikasleen datuak bidaliko dizkiote Nafarroako Unibertsitate Publikoari, horrek adierazitako epean.

11. Horren ondoren, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezarritako epean, Bigarren Hezkuntzako ikastetxe eta institutuek ikasle horien zerrenda ziurtatua aurkeztuko dute, eta dokumentazio ofizialean ageri den Batxilergoko batez besteko nota adieraziko.

12. Ikasleek unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazio probarako izena emanen dute ebaluaziora aurkezteko aukera ematen dieten ikasketak bukatu dituzten ikastetxearen bitartez. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ezarritako baliabide elektronikoak erabiliz emanen da izena. Ikasleek Batxilergoko ikasketak Nafarroako ikastetxe batean bukatu ez dituztenean, zuzenean Nafarroako Unibertsitate Publikoan emanen dute izena.

13. Nahitaezko faserako, ikasleak izena emateko eskabidean adieraziko ditu Batxilergoko 2. mailan izan dituen irakasgaiak, bai eta atzerriko hizkuntzako ariketa zein hizkuntzatan eginen duen ere (alemana, frantsesa edo ingelesa).

14. Borondatezko faseko azterketarako, ikasleak izena emateko eskaeran gehienez ere hiru irakasgai paratzen ahalko ditu, irakasgai izan dituenak nahiz izan ez dituenak, Batxilergoko 2. mailako edozein modalitatetako aukerako enborreko irakasgaien, beste modalitateetako enborreko irakasgai orokorren eta bigarren atzerriko hizkuntza baten artetik hautaturik. Fase honetan hautatzen diren modalitateko enborreko irakasgai orokorrak eta atzerriko hizkuntza ezin dira bat etorri deialdi berean nahitaezko fasearen izen-ematean adierazitakoekin. Nafarroako Unibertsitate Publikoak ordutegiak prestatuko ditu ikasleak fase honetan gutxienez bi irakasgairen azterketa egin ahal izatea segurtatzeko moduan.

2.3.–Kalifikazioak.

15. Nahitaezko faseko ariketa bakoitza 0tik 10era bitartean kalifikatuko da, bi dezimalekin. Fase honetako nota aterako da ariketa guztien kalifikazioen batez besteko aritmetikoa eginez, hiru dezimalekin, milarenean biribildua. Nahitaezko fasea gainditzeak balio mugagabea izanen du.

16. Borondatezko faseko ikasgai bakoitza 0tik 10era bitartean kalifikatuko da, bi dezimalekin. Irakasgai bat gainditutzat emanen da 5 puntu edo gehiago lortzen direnean. Borondatezko faseko irakasgai bakoitzaren kalifikazioa bi ikasturtetan izanen da balioduna, gainditzen denetik aurrera, unibertsitatean sartu ahal izateko.

2.4.–Unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioaren nota eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan onartzeko nota.

17. Unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioaren kalifikazioa honela aterako da: Batxilergoko batez besteko notaren % 60ren eta nahitaezko faseko kalifikazioaren % 40ren arteko batez besteko ponderatua eginez. 0tik 10era bitarte adieraziko da, hiru dezimalekin, milarenean biribilduta. Unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioa gainditutzat jotzeko, ponderazio horren emaitzak 5 puntukoa edo hortik gorakoa izan behar du, baldin eta 4ko nota eskuratu bazen gutxienez nahitaezko fasean.

18. Unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluazioa gainditurik, ikaslea hurrengo deialdietan aurkezten ahalko da kalifikazioa hobetzeko borondatezko faseko edozein irakasgaitan eta/edo nahitaezko faseko guztietan, eta hautatzen ahalko ditu bere ikasketetan izan ez dituen modalitateko enborreko irakasgai orokor bat eta atzerriko hizkuntza bat. Azken deialdian lortutako kalifikazioa hartuko da aintzat, baldin eta aurrekoan baino puntu gehiago lortu badira.

19. Ekainaren 6ko 412/2014 Errege Dekretuaren (horren bidez ezarri zen unibertsitateko graduko irakaskuntza ofizialetan onartzeko prozeduren oinarrizko araudia) arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoak jendaurrean jarriko ditu graduko irakaskuntza ofizialetan ikasleak onartzeko prozedurak, ikaspostuak esleitu ahal izateko, helbide honetan:

http://www.unavarra.es/estudios/sarbidea-eta-matrikula/graduak/nor-sar-daiteke?languageId=100001

2.5.–Proba egiteko egunak.

20. Probak egiteko egunak ekainaren 2, 3 eta 9a izanen dira deialdi arruntean, eta ekainaren 24, 25 eta 26a deialdi berezian.

2.6.–Batxilergoko ebaluazio ariketetan lortutako kalifikazioak berrikustea.

21. Ikasleek eta, adingabeak badira, baita gurasoek edo legezko tutoreek ere, probaren Antolaketa Batzordeari eskatzen ahalko diote ebaluazioko ariketa batean edo batzuetan lortutako kalifikazioa berrikustea. Lortutako kalifikazioak berrikusteko eskaera hiru egun balioduneko epean aurkeztuko da, emaitzak argitaratzen diren egunetik hasita.

22. Antolaketa Batzordeak berrikusi nahi diren ariketen bigarren zuzenketa egiteko irakasleak izendatuko ditu, honako honen arabera:

a) Bigarren zuzenketa egin baino lehen, ariketak berrikusi eginen dira, puntu guztiak ebaluatu direla ziurtatzeko eta azken kalifikazioaren kalkuluan akatsik ez dagoela egiaztatzeko. Akatsik edo aipatu gaberik aurkitzen bada, hasierako kalifikazioa zuzendu eginen da.

b) Ariketak berriz zuzenduko dira. Bi puntutik beherako alderik baldin badago lehenbiziko kalifikazioaren (behar denean, akatsa zuzenduta) eta bigarren zuzenketaren artean, bien batez besteko aritmetikoa izanen da azken kalifikazioa. Bi kalifikazioen artean bi puntuko aldea edo handiagoa baldin badago, hirugarren zuzenketa eginen da ofizioz, eta hiruren batez besteko aritmetikoa izanen da azken kalifikazioa.

c) Behin azterketa bukaturik, proba antolatzen duen batzordeak behin betiko kalifikazioak emanen ditu, eta, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektorearen ebazpenaren bidez, kalifikazioak berrikusteko prozedura itxiko da. Ebazpen horrek bide administratiboa amaitzen du, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren web-orrian argitaratzeak banan-banako jakinarazpena ordeztu eta ondorio berak sortuko ditu.

23. Behin berrikuspen prozesu osoa buruturik, ikasleek eta, adingabeak badira, baita gurasoek edo legezko tutoreek ere, ariketa berrikusiak ikusteko eskubidea izanen dute, berrikuspenaren ebazpena jakinarazi eta hamar eguneko epean.

2.7.–Batxilergoko ebaluazio proba antolatuko duen batzordea.

24. Hezkuntzako kontseilariaren urriaren 9ko 164/2009 Foru Aginduaren 8. artikulutik 15.era bitartekoetan oro har ezarritako xedapenei jarraituko zaie honako hauek arautzeko, betiere oinarrizko araudiaren kontrakoak ez badira: proba antolatuko duen batzordea, bere eginkizunak eta kideak, kalifikazio epaimahaien funtzionamendua eta ebaluazioa antolatzeko beharrezkoak diren koordinazio jarduketak.

25. Nahitaezko eta borondatezko faseetako ariketen proposamenak elkarrekin prestatuko dituzte irakasgaiko aholkulariak eta koordinatzaileak.

3.–Unibertsitatean sartzeko probak aurreko urteetan gainditu zituzten ikasleak.

26. Unibertsitatean sartzeko proba aurreko urteetan gainditu zuten ikasleek aukera izanen dute unibertsitatean sartzeko Batxilergoko ebaluaziora aurkezteko, horrela kalifikazioa hobetzeko borondatezko faseko edozein irakasgaitan eta/edo nahitaezko faseko guztietan. Azken deialdian lortutako kalifikazioa hartuko da aintzat, baldin eta aurrekoan baino puntu gehiago lortu badira.

4.–Batxilergoko ebaluazio proba, unibertsitatean beste titulazio batzuen bitartez sartzeko.

27. Borondatezko faseko edozein irakasgaitan aurkezten ahalko dira, halaber, onarpen nota hobetzeko, titulu hauetakoren bat dutenak: Lanbide Heziketako goi mailako teknikari titulu ofiziala, Arte Plastikoetako eta Diseinuko goi mailako teknikariarena edo goi mailako kirol teknikariarena, edo ondorio akademikoetarako baliokidetzat deklaratutako tituluak. Beraien ikasketen batez besteko nota izanen da nahitaezko faseko nota zehazteko erabiliko dena.

28. Atzerriko sistemetatik heldu diren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan sartu nahi duten ikasleak unibertsitate honek horretarako ezarria duen onarpen prozeduraren arabera onartuko dira.

Iragarkiaren kodea: F2003913