63. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

6E/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 3koa, Kultura eta Kiroleko kontseilariak emana. Honen bidez dirulaguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko deialdi bat onesten da nazioarteko, Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta beste deialdi batzuetan jaso gabeko lehiaketa ofizialetan 2019ko urriaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitartean parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat. DDBN identifikazioa: 498447.

Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legearen arabera kirola herritarren eskubidea da, eta interes publikoko gizarte jarduera bat, laguntzen duena pertsonaren prestakuntza eta garapen integrala bultzatzen eta bizi kalitatea eta norbanakoen eta kolektiboaren ongizatea hobetzen. Gainera, elkarbizitza eta gizartearen kohesioa eta barne-lotura errazten ditu, osasun publikoa hobetzen du, eta garapen ekonomikoa sustatzen.

Foru legeak modu berri batean jorratzen du goi mailako kirol jarduera, oinarrizko kirol praktikarako pizgarri gisa hartzen baita. Horrez gain, Foru Komunitatea estatuan eta nazioartean ordezkatu eta sustatzen laguntzen du.

Egun Nafarroan indarra duen Kirol Plan Estrategikoan, Gobernuak 2009ko irailaren 7ko Erabakian onetsi, eta Nafarroako Parlamentuak 2010ean berretsi zuen horretan, Kirolari buruzko Legean aipatzen diren kirolaren berezko balioak jasotzen dira, heziketari eta bizi kalitateari dagokienez, eta helburu nagusi hauek azpimarratzen dira: Nafarroaren irudiaren proiekzioa sustatzea eta kirol ekintzan parte hartzen duten eragile guztientzako jarduketa esparru bat sortzea.

Bestalde, Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren laguntza guztien araubide juridiko orokorra Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarrita dago, eta bertan finkatzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, baita dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Gobernuak 2020ko urtarrilaren 10ean hartutako 32131 Erabakiaren bidez, Kultura eta Kiroleko kontseilariari baimena eman zitzaion dirulaguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko deialdi bat tramitatzeko, nazioarteko, Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta beste deialdi batzuetan jaso gabeko liga erregular ofizialetan 2019ko urriaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitartean parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat.

Klubek aipatu lehiaketetan parte hartzeagatik izaten dituzten gastuak zati batean ordaintzeko laguntza emateko tresna bat da 2020rako deialdi hau.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Kultura eta Kirol Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 273/2019 Foru Dekretuan esleitu zaizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Dirulaguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko 2020ko deialdiaren oinarri arautzaileak onestea nazioarteko, Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta beste deialdi batzuetan jaso gabeko lehiaketa ofizialetan 2019ko urriaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitartean parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat. Orobat, foru agindu honetako eranskinak onesten dira, kontuan izanik laguntza horiek emateko beharrezkoa izanen dela diru-izendapena izatea aurrekontuan.

2. Deialdi hau aurrera eramateko, 460.000,00 euroko gastua baimentzea. Diru hori ordainduko da 2020ra luzatutako 2019ko Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Kirol entitateak, hitzarmenak eta laguntzak” izeneko A50002 A5120 4819 336109 partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta 1., 2. eta 3. eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Aipatu agiriak eta gainerako eranskinak interesdunen eskura egonen dira Nafarroako Gobernuaren web-orrian eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren bulegoetan.

4. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

5. Foru agindu hau Kirol Zuzendariordetzari, Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Gai Ekonomiko-Administratiboak eta Prozedurak Kudeatzeko Bulegoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 3an.–Kultura eta Kiroleko kontseilaria, Rebeca Esnaola Bermejo.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

1.1. Oinarri hauek helburu dute dirulaguntzak banakako ebaluazio araubidean emateko prozedura ezartzea nazioarteko, Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketa ofizial ez-profesionaletan eta beste deialdi batzuetan jaso gabeko lehiaketa ofizialetan 2019ko urriaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitartean parte hartzen duten kirol klubentzat eta kirol klub filialentzat. Horretarako, eranskineko baldintzak bete behar dituzte eta kreditu erabilgarria egon behar da aurrekontuan.

Modalitatearen egutegia 2020ko irailaren 30etik aurrera bukatzen denean, egun hori arte egiten diren jardunaldi edo lehiaketetarako soilik eska daiteke dirulaguntza. Egun horretatik aurrera egiten direnak 2021eko deialdian hartuko dira kontuan, hala balegokie.

1.2. Dirulaguntza horiek emanda, xedea da klub horiei laguntzea nazioarteko, Espainiako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketetan parte hartzen dutenean, lehiaketa horietan parte hartzeko joan-etorriek sortzen dituzten gastuak partez ordainduz. Laguntzak onura publikokoak dira, Nafarroako bizilagunen kirol jarduera sustatzen eta zabaltzen laguntzen dutelako.

2.–Onuradunak eta betebeharrak.

2.1. Deialdi honetan parte har dezakete Nafarroako Kirol Entitateen Erregistroan inskribaturik dauden irabazi-asmorik gabeko kirol klubek eta kirol klub filialek, betiere kasuan kasuko Nafarroako kirol federazioei atxikita badaude eta 2019ko urriaren 1etik 2020ko irailaren 30era bitartean parte hartzen badute oinarri hauetako hurrengo klausulan zehazten diren lehiaketetan.

Nafarroan modalitatearen gaineko kirol federaziorik ez bada, klubek dagokion Espainiako federazioarekin tramitatuko dute lizentzia zuzenean edo, bestela, modalitateko beste autonomia erkidego bateko edozein federazioaren bidez.

2.2. Orobat, nazioarteko lehiaketen kasuan, Espainiako Federazioaren edo egoki den nazioarteko federazioaren bidez frogatu behar dute 3.1.d) oinarrian agertzen diren lehiaketetako bat dela.

2.3. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluan aipatutako egoeretako batean dauden kirol klubak eta kirol klub filialak ezin izanen dira deialdi honen xede diren dirulaguntzen onuradun izan.

2.4. Horrez gain, ez dituzte deialdi honen xede diren dirulaguntzak jasoko sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik zehapena edo zigorra jaso duten kirol klubek eta kirol klub filialek, zigor edo zehapen horiek administrazio ebazpen irmoz edo epai irmoz ezarri badira.

2.5. Zerga betebeharrak, Gizarte Segurantzakoak eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren edo haren erakunde autonomoen aldeko zorrak ordaintzeko betebeharrak egunean izan beharko dituzte.

3.–Lehiaketa diruz lagungarriak.

3.1. A Deialdi honen ondorioetarako, diruz lagungarriak izanen dira ondoren azaltzen diren lehiaketak:

a) Beste deialdi batzuetan jaso gabeko Espainiako txapelketa ofizialak: Espainiako txapelketak; Erregearen edo Erreginaren kopak; “play-off” gisako partidak, Espainiako kirol federazioek antolatuak; eta Kirolaren Kontseilu Nagusiak antolatzen dituen eskola-umeentzako Espainiako txapelketak, beste deialdi batzuetan jaso gabeak.

b) Sektoreko faseak edo autonomia erkidegoen arteko ligak, a) atalean adierazitako Espainiako lehiaketa ofizialetan sailkatzeko bide badira.

c) Nafarroarekin mugakide diren autonomia erkidegoetako beste lehiaketa arautu batzuk, betiere Espainiako kasuan kasuko federazioaren edo autonomia erkidego horien egutegi ofizialean badaude.

d) Ondoren azaltzen diren nazioarteko lehiaketak, baldin kategoria absolutuak badira eta parte-hartzaileak goi mailako kirolarien zerrendan agertzen badira:

–Munduko edo Europako Txapelketa.

–Munduko edo Europako Kopa.

–Horietarako eta 2020ko Olinpiar Jokoetarako sailkatzeko lehiaketak.

3.2. Ez dira diruz lagungarriak izanen aurreko atalean agertzen ez diren lehiaketak, eta berariaz hauek:

a) Beteranoentzako edo master kategoriako lehiaketak, galarazi gabe kirolari beterano edo master kategoriako batek dirulaguntza jasotzea aurreko atalean agertzen diren lehiaketetan kategoria senior edo absolutuan parte hartzeagatik.

b) 2008. urtean eta hurrengoetan jaiotakoentzako lehiaketak, hau da, eskuarki haur kategoria izena duenetik beheragoko kategoriak.

c) Nafarroan egindako txapelketak.

d) Nazioarteko lehiaketak, adinaren araberako kategorietan.

e) Nazioarteko lehiaketak, Nafarroako edo Espainiako selekzio batean parte hartuz.

f) “Puntuak emate hutseko” nazioarteko lehiaketak, “sailkapen lehiaketak” izan ezean.

g) Apustu enpresek (apustu makinen operadore diren enpresak barne) guztiz edo zati batean finantzatzen eta/edo babesten dituzten klubak. Halaber, deialdi honetatik bazter uzten dira halako enpresen edozein publizitate mota duten klubak, dela jarduera egin behar den instalazioetan, dela parte-hartzaileen ekipamenduetan eta materialean.

3.3. Laguntza hauek banakako ebaluazioaren bidez emanen dira, eta eskaerak aurkezten diren hurrenkeran tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditua dagoen artean.

3.4. Espainiako lehiaketei eta autonomia erkidegoen artekoei dagokienez, joan-etorrien, ostatuaren eta mantenuaren gastuak diruz lagunduko dira, modulu aldakor baten arabera kalkulatuta (2. eranskina).

3.5. Nazioarteko lehiaketen kasuan, dirulaguntzaren zenbatekoa zehazteko, bakar-bakarrik kontuan hartuko dira inskripzio, joan-etorri eta ostatu eta mantenurako egindako gastuen zenbatekoak, 3. eranskineko mugekin.

4.–Dirulaguntzaren zenbatekoa.

4.1. Deialdi honetarako onetsitako gastua 460.000,00 eurokoa da, eta 2020ra luzatutako Nafarroako 2019ko Aurrekontu Orokorretako “Kirol entitateak, hitzarmenak eta laguntzak” izeneko A50002 A5120 4819 336109 partidaren kargura ordainduko da.

2020ko ekitaldian partida horretan dirurik baldin badago, deialdi honetan aurreikusitako gastua handitzen ahalko da 75.000,00 eurotan gehienez.

4.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa deialdi honetako 2. eta 3. eranskinetan deskribatu eta garatzen diren aplikazio irizpideei eta modulu aldakorrei jarraituz zehaztuko da, kasuan kasuko lehiaketaren arabera, eta behar adinako kreditu egokia izanez gero.

5.–Eskaeren aurkezpena, dokumentazioa eta epeak.

5.1. Eskaerak Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Halaber, Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunearen bidez ere aurkez daitezke:

https://www.deporteyjuventudnavarra.es/es/individualizada

Eskaera Nafarroako Kirolaren Institutuari zuzenduko zaio, horretarako ezarritako eredu ofizialari jarraikiz. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat, Ez aurkeztutzat joko dira laguntzen fitxan dagoen ereduarekin bat ez datozen eskabideak eta, fitxa hori erabiliz, telematikoki aurkezten ez direnak. Horrenbestez, aurkeztutzat jotzen ez direnez, eskabide horiek ezin izanen dira zuzendu.

Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2020ko urriaren 20an bukatuko.

Txapelketa edo lehiaketa diruz lagungarriak proba, fase edo jardunaldi batzuk baditu (zirkuitu mota), horietarako dirulaguntza eskaera aurkezten ahal da, lehiaketa bukatu ez bada ere.

Modalitatearen egutegia 2020ko irailaren 30etik aurrera bukatzen denean, 2020ko urriaren 1a baino lehen egin edo eginen diren jardunaldi edo lehiaketetarako soilik eska daiteke dirulaguntza. 2020ko irailaren 30etik aurrera egiten diren kirol probak ez dira deialdi honetan sartuko.

5.2. Eskatzaileak eskaera-inprimakiaren eremu guztiak bete beharko ditu, izandako sarrerak eta egindako gastuak zehaztuz (burutu den jarduera), edo aurreikusten diren sarrerak eta gastuak (burutu ez den jarduera).

5.3. Nazioarteko lehiaketetan parte hartzeko, lehiaketa bakoitzeko eskaera bat bete beharko da.

5.4. Eskaera egiten duen entitateak nahiago badu dirulaguntza-eskaera egin jarduera burutu baino lehen, inprimakia betetzean adierazi beharko du jarduera “gauzatu gabe”, eta zehaztu beharko du “nazionala/autonomikoa” eta “nazioartekoa, olinpikoa edo ez olinpikoa” den.

Kasu honetan, ondoren esaten den dokumentazioa aurkeztuko da:

a) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ezen ez dela urratzen, onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako inolako debekurik.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, agerrarazten duena entitate eskatzailea ez dela betetzen ari zehapen administratibo irmorik edo kondena-epai irmorik edo, halaber, ez dagoela zehapen eta kondena-epai bat bete zain, sexuan edo generoan oinarritutako diskriminazioa dakarten lan arloko jardunbideak gauzatu edo toleratzeagatik.

c) Eskatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela frogatzen duen egiaztagiria. Ez da beharrezkoa izanen dokumentazio hori aurkeztea NKIri baimena ematen bazaio egiaztapen hori zuzenean egiteko Foru Ogasunean eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean.

d) Lehiaketaren egutegi ofiziala eta araudia, lehiaketa gauzatzeko federazioak ezarritako zenbatekoak barne (lizentziak, inskripzio-kuotak, arbitrajeak...), Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketak badira.

e) Inskripzioa eta, behar denean, ordainketa egin izanaren frogagiria. Adierazi beharko da klub eskatzaileko zer kirolari kopuru dagoen, proba noiz eta non izan den, eta lehiaketaren maila edo kategoria. Hala ere, zenbait proba dituzten zirkuitu motako lehiaketetan, parte hartzen den proba bakoitzean inskribatu izanaren frogagiria aurkeztuko da.

f) Kasuan kasuko federazioaren bidez emandako lizentzien zerrenda.

g) Dirulaguntza jaso beharreko jardueraren memoria laburra.

h) Laguntza transferentzia bidez kobratzeko eskabidea (laguntza lehenbiziko aldiz eskatzen bada edo aldaketaren bat izan bada bakarrik).

i) Aurrekoez gain, nazioarteko lehiaketen kasuan, kasuan kasuko federazioaren egiaztagiria, frogatzen duena klub eskatzaileak parte hartzen duen lehiaketa ofiziala dela eta 3.1.d) oinarrian zerrendatzen diren lehiaketetako bat dela.

5.5. Dirulaguntza-eskaera jarduera “gauzatuta” dagoela aurkezten bada, aurreko atalean adierazten den dokumentazioa eta 9. oinarrian zerrendatzen diren frogagiriak aurkeztu beharko dira.

6.–Antolaketa eta instrukzioa.

6.1. Dirulaguntza hauek emateko prozedura antolatu eta tramitatzeko organo eskuduna NKIko Kirol Zuzendariordetza izanen da.

Eskaerak aurkeztu ahala tramitatuko eta ebatziko dira espedienteak, aurrekontuan kreditu nahikoa dagoen bitartean.

Aurkeztutako dokumentazio administratiboa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

6.2. Organo horrek ahalmena du klub eskatzaileei eskatzeko aurkeztutako dokumentazio teknikoan dagoen informazioa argitu edo handitu dezatela.

6.3. Gaitutako helbide elektronikora eta herritarren karpetara jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

7.–Laguntza emateko ebazpena.

7.1. NKIko zuzendari kudeatzaileak laguntzak ematearen gaineko ebazpena gehienez hiru hilabeteko epean emanen du, eskaera bakoitza aurkezten denetik aurrera. Epe hori espresuki ebazpenik eman gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Laguntzak onesteko ematen diren ebazpenetan onetsiko da, halaber, laguntzak ordaintzea, betiere eskaerarekin batera 9. oinarrian ezarritako frogagiriak aurkeztu badira eta 11. oinarrian ezartzen diren gardentasun betebeharrak bete badira.

7.2. Dirulaguntza emateko ebazpena interesdun bakoitzari jakinaraziko zaio. Ebazpenak dirulaguntzaren onuradunen zerrenda eta ukatutako eskaeren zerrenda jasoko ditu, ukoaren arrazoia barne, jasoko ditu. Orobat, ebazpena www.navarra.es/home_eu/ web-orrian egonen da ikusgai.

7.3. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza bat emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo ekitaldi ekonomikoen kargura ere dirulaguntzarik eskuratzeko.

8.–Dirulaguntzaren ordainketa.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen baten bidez erabakiko da dirulaguntza ordaintzea, diruz laguntzen den jarduera egin ondoren, eta onuradunak aldez aurretik aurkeztuta hurrengo oinarrian adierazitako frogagiriak; transferentzia bidez ordainduko da bi hilabeteko epean, kasuan kasuko ebazpena jakinarazten denetik hasita, eta, betiere, 2020ko abenduaren 31 baino lehen.

9.–Frogagiriak eta aurkezteko epea.

9.1. Frogagiriak aurkezteko epearen azken eguna:

a) Jarduera (proba edo lehiaketa) egin aurretik aurkezten diren dirulaguntza-eskaeren kasuan, baldin eta jarduera ekainaren 1a baino lehen egin bada, epearen azken eguna 2020ko ekainaren 20a izanen da.

b) Jarduera (proba edo lehiaketa) egin aurretik aurkezten diren gainerako dirulaguntza-eskaeren kasuan, baldin eta jarduera 2020ko urriaren 20a baino lehen egin bada, epearen azken eguna 2020ko urriaren 1a izanen da.

c) Jarduera egin ondoren aurkezten diren dirulaguntza-eskaeren kasuan, baldin eta jarduera 2020ko urriaren 1a baino lehen egiten bada, epearen azken eguna 2020ko urriaren 20a izanen da. Kasu horretan, hurrengo ataletan adierazten diren frogagiriak erantsi beharko zaizkio dirulaguntzaren eskabideari.

9.2. Diruz lagundutako jardueren frogagiriak honela aurkeztuko dira:

a) Nazio mailako edo autonomia erkidegoen arteko jardueren kasuan, dokumentazio hau aurkeztuko da modulua kalkulatzeko:

–Lehiaketen aktak edo emaitzak, edo sailkapena eta parte hartzen duten kirolarien identitatea jasotzen dituen agiria.

Aktetan lehiaketa baten emaitza guztiak agertzen badira, argi eta garbi nabarmendu beharko dira dirulaguntza eskatzen duen klubeko kirolariak.

Espainiako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketen kasuan, kirolariak batera lehiatu badira, adin-taldeka bereiziko dira kategorien sailkapenak.

–Kasuan kasuko federazioaren bidez emandako lizentzien zerrenda.

–Egindako jardueraren memoria laburra.

b) Nazioarteko lehiaketak direnean, justifikazio-kontua erabiliko da, eta horretarako honakoa aurkeztu beharko da:

–Diruz lagundutako jarduera dela-eta ordaindutako gastu guztien zerrenda, zenbakiturik, honako hauek adierazita: hornitzailearen izena, fakturaren zenbakia eta data, zenbatekoa eta kontzeptua.

–Fakturak edo merkataritzako trafikoan froga balio bera duten agiriak, inskripzio, joan-etorri eta ostatuarengatik sortutako gastuei dagozkienak, eta haien ordainagiriak.

–Jarduera dela eta, edozein Administrazio Publikok, entitate pribatuk edo partikularrek egindako diru-sarrera guztien zerrenda, zenbakituta eta xehakatuta.

10.–Onuradunek bete beharrekoak.

Deialdi honen babesean dirulaguntza jasotzen duten klubek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntzak eman diren xedeetarako erabiltzea, bete dituztela dokumentu bidez frogatu, eta NKIk egiten dituen egiaztapenak onartu eta erraztea.

b) Jaso duten edo jasotzeko duten beste edozein diru-sarrera, zuzena nahiz zeharkakoa, jakinaraztea 5. eranskineko inprimakia betez. Horrez gain, beste klub batzuekin batera egin dituzten joan-etorriak ere adieraziko dira. Jakinarazpen hori ahal bezain laster eginen da eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den justifikatu baino lehen.

c) Hala badagokie, hornitzaileak efizientzia eta ekonomia irizpideen arabera eta merkatuko prezioetan kontratatu direla frogatzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen eta 28.3 artikuluen arabera. Bete 6. eranskina.

Ematen den dirulaguntza bateragarria izanen da Administrazio berak, beste Administrazio Publiko batzuek, beste erakunde publiko edo pribatu batzuek edo partikularrek, naziokoek nahiz nazioartekoek, ematen dituzten bestelako dirulaguntzekin. Laguntza hauen zenbatekoak, eta jardueraren ondoriozko beste diru-sarrera batzuek, bakarrik edo denak baturik, ezin izanen dute behin ere gainditu garatu beharreko jardueraren kostua.

d) Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso dela adieraztea jardueren gaineko edonolako publizitatean, klubaren web-orrian, jantzietan eta instalazioetan, NKIk adierazten duen irudi korporatiboa jarriz.

e) Hizkuntza berdinzalea erabiltzea komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako diskriminazioa islatzen duen irudi oro saihestea eta berdintasunari, aniztasunari, eginkizunen pluraltasunari eta ardurakidetzari lotutako baloreak sustatzea.

f) Pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko, kirol klubek euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatuko dute komunikazio guztietan: paperak, inskripzio-orriak, kartelak, zabalkunderako bitartekoak, megafonia eta publizitateko logotipoak.

g) Erraztasunak ematea NKIri diruz lagundutako lehiaketaren gainean dagozkion kontrol lanak egin ditzan, oinarri hauetan ezarritakoa betetzen ote den egiaztatzeko.

h) Egiaztatu eta kontrolatzeko ahalmenak egoki erabiltzen direla bermatzeko, kontabilitate-liburuak, erregistro diligentziatuak eta bestelako agiriak eduki eta mantendu beharko dira, behar bezala auditatuak, merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.

i) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.

11.–Gardentasun betebeharrak.

Dirulaguntza eman dela jakinarazi eta hilabeteko epean, entitate onuradunek gardentasun betebeharrari buruzko aitorpena aurkeztu beharko dute telematikoki, Nafarroako Gobernuko Erregistro Elektronikoaren bitartez, eta, hala badagokio, baita eskatzen zaien dokumentazioa ere, irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuaren 3. eta 4. artikuluetan ezarritakoari jarraituz, dekretu horretan arautzen baitira Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunek dituzten gardentasun betebeharrak.

Aitorpen eredua 4. eranskinean dago, baina Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko Tramiteen Katalogoko kasuan kasuko fitxaren bitartez kontsultatu, bete eta tramitatzen ahalko dira: www.nafarroa.eus. Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da.

12.–Ez-betetzeak.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, bereziki betebeharren atalean ezarritakoa, datu faltsuak ematen badira edo dirulaguntzaren xedea NKGIren baimenik gabe aldatuz gero, laguntza galduko da, osorik edo partez, eta jasotako zenbatekoak itzuli beharko dira. Gainera, horrek ekartzen ahalko du aurrerantzean helburu horretarako edo antzekoetarako dirulaguntzaren eskaerarik ez onartzea, deusetan galarazi gabe antolamendu juridikoan aurreikusitako gainerako erantzukizunak.

Onuradunek frogagiriak epez kanpo aurkezten badituzte, bidezkoa izanen da dirulaguntza osorik edo partez galtzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen arabera.

Nolanahi ere, onuradunak betebeharrak ia osorik betetzen dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jarrera frogatzen duenean, dirulaguntzaren zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

13.–Datu pertsonalen babesa.

Deialdi hau tramitatzearen eta kudeatzearen ondorioz sortzen den datu pertsonalen tratamendua Datuak Babesteko EB 2016/679 Erregelamendu Orokorraren, Datu pertsonalak babesteari eta eskubide digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoaren eta arlo horretan indarrean dagoen gainerako araudiaren mende eginen da.

NKIko web-orrian informazioa dago datu pertsonalen tratamenduari aplikatzen zaion datuak babesteko politikari buruz. (https://www.deporteyjuventudnavarra.es/es/individualizada).

14.–Errekurtsoak.

13.1. Deialdi honen eta bere oinarrien kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

13.2. Orobat, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpen bidez foru agindu hau aplikatzeko ematen diren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

15.–Legeria.

Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA

Modulu aldakorrak kalkulatzeko metodoa nazio mailako eta autonomia erkidegoen arteko lehiaketetan

–Aplikatzeko irizpideak:

Kontuan harturik deialdi honen 1. eranskineko 3. oinarri arautzailean deskribatutakoa, hau da, jarduera diruz lagungarrien sailkapena, eranskin honetako modulu aldakorren arabera kalkulatuko da dirulaguntza nazio mailako edo autonomia erkidegoen arteko lehiaketetan parte hartzeagatik, behar den eskaera aurkeztu ondoren.

–Lehiaketetarako modulu aldakorra:

Oro har, ondotik zehazten den modulu aldakorra aplikatuko da, Nafarroatik kanpo joatea ekartzen duen kirol lehiaketa bakoitza bereizita.

1.–Kontuan hartu beharrekoak.

Dirulaguntza kalkulatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Joan-etorrietako distantzia. Hiru distantzia mota bereizten dira:

  • Laburrak: Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Burgos, Zaragoza, Huesca, Errioxa eta Soria.
  • Ertainak: Albacete, Ávila, Bartzelona, Castelló, Ciudad Real, Cuenca, Girona, Guadalajara, Lleida, León, Madril, Asturias, Palentzia, Salamanca, Cantabria, Segovia, Tarragona, Teruel, Toledo, Valentzia, Valladolid eta Zamora.
  • Luzeak: Alacant, Almería, Badajoz, Balearrak, Cáceres, Cádiz, Ceuta, Kordoba, Granada, Huelva, Jaén, A Coruña, Kanariak, Lugo, Málaga, Murtzia, Ourense, Pontevedra eta Sevilla.

b) Parte-hartzaile kopurua. Modulua aplikatzeko, honela finkatu da kirolaren eta parte-hartzaile kopuruaren arteko erlazioa:

  • Banakako kirolak:

Zenbat probatan parte hartzen den, horren arabera justifikatuko da parte-hartzaileen kopurua.

4 kirolari edo gutxiago joaten diren kasuetan, laguntzaile bat joanen dela hartuko da kontuan; 4 baino gehiago badira, bi laguntzaile hartuko dira kontuan. Zerrendan ez dauden kiroletan, dagokion aktan inskribatutako pertsonen arabera erabakiko da kirolari kopurua.

  • Automobilismoa eta motoziklismoa: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: pilotu bat, teknikari bat eta ibilgailu bat.
  • Ziklismoa: 8 ziklistak baino gutxiagok parte hartzen duten joan-etorrietan, bi laguntzaile hartuko dira kontuan. 8 ziklista edo gehiago badira, hiru hartuko dira kontuan.
  • Aire kirolak: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: pilotua(k), teknikari bat eta ibilgailu bat. Gainera, proba osatzen duten etapetako bakoitzean egindako kilometrajea hartuko da kontuan.
  • Kirol egokituak: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: parte hartzen duten kirolariak eta lehiaketan parte hartzeko behar diren langile laguntzaileak.
  • Hipika/Horseball-a: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: zaldizko bat, zaldi bat eta laguntzaile/prestatzaile bat. Taldeen kasuan, honela kalkulatuko da: jokalarien kopurua bider bi, gehi laguntzaile/prestatzaile bat.
  • Mushing-a: joan-etorri bakoitzerako honako hauek hartuko dira kontuan: musher bat eta lera bat, eta beste unitate bat hartuko da kontuan parte hartzen duten lau txakurreko.
  • Piraguismoa, arrauna eta bela: joan-etorri bakoitzerako, 4 arraunlariko (edo gutxiagoko), teknikari bat eta ibilgailu bat hartuko dira kontuan (hiru teknikari gehienez ere).
  • Triatloia: joan-etorri bakoitzerako, 4 triatletako (edo gutxiagoko), teknikari bat eta ibilgailu bat hartuko dira kontuan (hiru teknikari gehienez ere).
  • Taldeko kirolak:
  • Badmintona: 8 parte-hartzaile.
  • Saskibaloia: 14 parte-hartzaile.
  • Eskubaloia: 18 parte-hartzaile.
  • Beisbola: 20 parte-hartzaile.
  • Futbola: 18 parte-hartzaile.
  • Areto futbola: 14 parte-hartzaile.
  • Patin-hockeya: 12 parte-hartzaile.
  • Izotz-hockeya: 15 parte-hartzaile.
  • Pilota (zesta punta): 4 parte-hartzaile.
  • Pilota (erreminta): 6 parte-hartzaile.
  • Esku pilota: 5 parte-hartzaile.
  • Errugbia: 24 parte-hartzaile.
  • Mahai-tenisa: 4 parte-hartzaile.
  • Boleibola: 13 parte-hartzaile.
  • Waterpoloa: 15 parte-hartzaile.

c) Garraio mota.

Mugitu behar direnen kopurua 12 artekoa denean, garraiorako autoa erabiliko da. 12 baino gehiago direnean, berriz, autobusa kontatuko da.

Salbuespenez, joan-etorriak autoan egitea onartuko da lehiaketarako ezinbesteko kirol materiala eraman beharra duten kirol modalitateetako partaideen kasuan (piraguak, bizikletak, motorrak...).

2.–Puntuazioak.

Eskaera bakoitzari puntu kopuru jakin bat dagokio (ondotik adierazten den moduan).

A) Mantenuaren puntuazioa.

Bazkari edo afari bakoitzeko 2.000 puntu emanen dira.

Pertsona bakoitzaren mantenu kopurua kalkulatzeko, kontuan hartuko dira joan-etorrien distantziak, honela:

  • Laburrak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, ken 1.
  • Ertainak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, gehi 1.
  • Luzeak: lehiaketa egunen kopurua bider 2, gehi 3.

Mantenuen guztirako puntuazioa kalkulatzeko, eragiketa hau eginen da: pertsona bakoitzaren mantenu kopurua bider kalkulatzen diren parte-hartzaileen kopurua, 1.b atalaren arabera.

–Ostatu-gauen puntuazioa.

Ostatu-gau bakoitzeko (gosaria barne), 6.000 puntu emanen dira.

Pertsona bakoitzaren ostatu-gauen kopurua kalkulatzeko, kontuan hartuko dira joan-etorrien distantziak, honela:

  • Laburrak: lehiaketa egunen kopurua ken 1.
  • Ertainak: lehiaketa egunen kopurua.
  • Luzeak: lehiaketa egunen kopurua gehi 1.

Ostatu-gauen guztirako puntuazioa kalkulatzeko, eragiketa hau eginen da: pertsona bakoitzaren ostatu-gauen kopurua bider kalkulatzen diren parte-hartzaileen kopurua, 1.b atalaren arabera.

B) Joan-etorrien puntuak.

Joan-etorrien gastuen kalkuluan, klubaren egoitzaren herritik lehiaketa egiten den herrirainoko joana eta itzulia hartuko dira kontuan. Honela kalkulatuko da joan-etorri bakoitzaren puntu kopurua:

–Autobusetan egindako joan-etorriak: puntu kopuru osoa = kilometro kopurua bider 146, gehi 9.000 puntu autobusa gelditzen den egun bakoitzeko. Prozedura hori 12 lagunetik gorako bidaietan aplikatuko da.

–Auto partikularretan/trenetan egindako joan-etorriak: puntu kopuru osoa = autoen kopurua bider egindako kilometroak eta bider 29, auto bakoitzeko 4 parte-hartzaile izanik. Prozedura hori 12 lagun arteko bidaietan aplikatuko da. Joan-etorria trenez egiten bada, automobilezko joan-etorriaren formula bera erabiliko da.

–Hegazkinez egindako joan-etorriak: Kanarietako joan-etorrietarako, Iruña-Kanariak hegazkineko bidaia hartuko da kontuan, eta 45.000 puntu emanen dira pertsona bakoitzeko. Balearretara joateko eta penintsulan barna hegazkinez bidaiatzeko, 30.000 puntu emanen dira pertsona bakoitzeko.

3.–Emanen diren dirulaguntzak.

Dirulaguntza kalkulatzeko, mantenuaren, ostatu-gauaren eta joan-etorrien puntuazioa batuko da, eta gero, emaitza zuzenketa-indizearekin eta puntuaren balioarekin biderkatuko da. Hau da, [(A+B+C) × E × VP]. Argigarriak:

–A = mantenuaren puntuak.

–B = ostatu-gauen puntuak.

–C = joan-etorrien puntuak.

–VP = puntuaren balioa: 0,002093265757.

–E = lehiaketaren maila-kategoria bakoitzaren zuzenketa-indizea.

  • E = 2.
  • Espainiako lehen mailako lehiaketa kategoria absolutuan, gazteen ohorezko mailan eta Kirolaren Kontseilu Nagusiak antolatzen dituen eskola-umeentzako Espainiako txapelketetan.
  • E = 1,60.
  • Kategoria absolutuko lehiaketa nazionalaren bigarren maila.
  • E = 1,40.
  • Kategoria absolutuko lehiaketa nazionalaren hirugarren maila.
  • E = 1,20.
  • Lehiaketa nazionalen beste maila batzuk, edo autonomia erkidegoen arteko ligak, kategoria absolutuko lehiaketa nazionaletara sailkatzeko balio dutenak, eta Espainiako txapelketetako beste final edo liga batzuk, azpiko kategorietan.
  • E = 1.
  • Finalen aurreko sektore faseak azpiko kategorietako txapelketetan, eta autonomia erkidegoen arteko edo Nafarroarekin mugakide diren autonomia erkidegoetako beste liga edo lehiaketa batzuk, betiere Espainiako kasuan kasuko federazioaren edo autonomia erkidego horien egutegi ofizialean badaude.

Gainera, emakumeentzat bakarrik diren jardueretan dirulaguntzaren zenbatekoa % 10 handiagotuko da.

Herri kirolen kasuan ere % 10 gehituko zaio moduluaren kalkuluak emandako zenbatekoari.

3. ERANSKINA

Nazioarteko lehiaketetarako dirulaguntza kalkulatzeko metodoa

Aplikatzeko irizpideak.

Kontuan harturik deialdi honen 1. eranskineko 3. oinarri arautzailean deskribatutakoa, hau da, parte hartu den nazioarteko lehiaketa diruz lagungarrien sailkapena, eranskin honetako irizpideen arabera kalkulatuko da dirulaguntzaren zenbatekoa, dagokion eskaera aurkeztu eta gero.

Oro har, eskaera bakoitzean banaka ebaluatuko dira hartan zerrendatutako kirol lehiaketak, Nafarroatik atera beharra eskatu dutenak.

Kasu guztietan, diruz lagundu beharreko nazioarteko lehiaketak kategoria absolutukoak izanen dira, eta goi mailako kirolarien zerrendan agertzen diren kirolarientzat.

Honako hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

a) Nafarroako Kirolaren Institutuaren beste deialdi batzuetan jasota dauden lehiaketak.

b) Nazioarteko lehiaketak, Nafarroako edo Espainiako selekzio batean parte hartuz.

c) Adin-kategorien araberako lehiaketak: gazteena, junior...

d) “Puntuak emate hutseko” nazioarteko lehiaketak, “sailkapen lehiaketak” izan ezean.

Lehiaketen mailak:

a) 1. mailakotzat hartuko da Munduko edo Europako Txapelketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako Kopa batean, edo Europako lehiaketa batean, Espainiako liga edo kopa txapelketetako sailkapenaren bidez, betiere modalitate olinpikoak badira.

b) 2. mailakotzat hartuko da Munduko edo Europako Txapelketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako Kopa batean, betiere modalitate olinpikoak ez badira.

c) 3. mailakotzat hartuko da Munduko edo Europako Txapelketa baterako sailkatzeko lehiaketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako Kopa baterako, betiere modalitate olinpikoak badira. Eta lehiaketak “faseka” egiten dituztenak.

d) 4. mailakotzat hartuko da Munduko edo Europako Txapelketa baterako sailkatzeko lehiaketa batean parte hartzea; edo Munduko edo Europako Kopa baterako, betiere modalitate olinpikoak ez badira. Eta lehiaketak “faseka” egiten dituztenak.

“Puntuak emate hutseko” lehiaketak ez dira “sailkapen lehiaketa”ren parekoak.

Dirulaguntzaren kalkulua:

Ordaindu beharreko dirulaguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, kontuan hartuko da, lehenik, dagokion koefizientea, segun eta diruz lagunduko den jarduera zer lehiaketa mailatakoa den. Honela:

–Lehiaketako 1. maila = 1,00.

–Lehiaketako 2. maila = 0,70.

–Lehiaketako 3. maila = 0,50.

–Lehiaketako 4. maila = 0,30.

Gehienez ere dirulaguntza hauek emanen dira:

a) Banaka parte hartzeko kiroletan: 200 euro bider kirolari kopurua, bider lehiaketa egunak eta bider egoki den maila. Gehieneko zenbatekoa: 1.000 euro lehiaketa/joan-etorri eta kirolari bakoitzeko.

Kirol egokituei dagokienez, kontuan hartuko dira lehiaketan parte hartzeko behar diren langile laguntzaileak.

b) Taldekako kiroletan: 200 euro bider kirolari kopurua, bider lehiaketa egunak eta bider egoki den maila. Gehieneko zenbatekoa: 3.000 euro lehiaketa/joan-etorri eta kirolari bakoitzeko; edo 4.000 euro, gutxienez 15 kirolarik parte hartzen badute.

Kirolariak edo taldeak lehiaketako zenbat egunetan parte hartu duen zehazteko, kontuan hartuko da aktetan edo lehiaketako emaitzetan azaltzen dena.

Hala ere, azkenean ordaindu beharreko kopuruak ezin du egindako eta frogatutako gastua gainditu, bakarrik inskripzio, joan-etorri eta ostatu eta mantenuari dagokiena.

Iragarkiaren kodea: F2003332