62. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 23a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

5/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 21ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez arduradunak izendatzen diren Nafarroako Foru Komunitateko osasun sistema publikoan eta pribatuan, COVID-19 izeneko eritasunarekin loturik.

COVID-19 izeneko gaixotasuna dela eta, Osasunaren Mundu Erakundeak osasun publikoko larrialdi egoera deklaratu du, eta nazioarteko garrantzia eman dio. Gaur den egunean, ez dago txertoen bidezko tratamendu espezifikorik gaixotasun honetarako. Beraz, har daitezkeen neurriak hauek dira: infekzio iturria bakartzea eta mugak jartzea kutsapena errazten duten transmisio mekanismoei.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan aurreikusten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Legeak, berriz, 54.1 artikuluan ezartzen duenez, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak ezertan ukatu gabe, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko.

Osasunaren Mundu Erakundeak osasun publikoko larrialdia deklaratu duenetik, Nafarroan COVID-19ren ondoriozko krisia kudeatzeko neurriak hartu dira, Osasunari buruzko apirilaren 23ko 10/1990 Foru Legeak osasun arloan emandako agintaritza erabiliz.

COVID-19k eragindako krisi larriak osasun sisteman izan ditzakeen ondorioak gutxitzeko neurri gehiago hartzeko xedez, bidezkoa da pauso bat gehiago ematea osasun sare publikoaren eta pribatuaren arteko lankidetzan. Orain arte lankidetza hori egon bada ere, lankidetza operatiboaz gain lankidetza exekutiboa lortu nahi da orain, kontuan harturik orain arte lankidetza ezin hobea izan dela Nafarroako Foru Komunitateko osasun sistema publikoaren eta pribatuaren artean, COVID-19ren ondoriozko krisia kudeatzeko sare integratua den aldetik.

Horregatik guztiagatik, bidezkoa da Nafarroako osasun sistema publiko eta pribatuaren sareko kontingentzia plan osoaren arduraduna izendatzea, Osasun Zuzendaritza Nagusiaren proposamenari jarraikiz, baita Nafarroako Foru Komunitateko ospitale publiko eta pribatu guztietako Zainketa Intentsiboetako Unitate (ZIU) guztien arduraduna ere, COVID-19ri dagokion guztian osasun sistema modu eraginkorrean kudeatzeko.

Osasunari buruzko apirilaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehenbizikoa.–Alfredo Martínez Larrea jauna izendatzea Nafarroako osasun sistema publiko eta pribatuaren sareko ospitaleetarako kontingentzia plan osoaren koordinatzaile exekutibo, COVID-19 izeneko eritasunarekin loturik; izendapenak 2020ko martxoaren 21etik aurrera izanen ditu ondorioak. Izendatuak Osasun Zuzendaritza Nagusiari kontu eman beharko dio gai honetaz.

Bigarrena.–Juan Pedro Tirapu León jauna izendatzea Nafarroako ospitale publiko eta pribatu guztietako Zainketa Intentsiboetako Unitate (ZIU) guztien koordinatzaile exekutibo; izendapenak 2020ko martxoaren 21etik aurrera izanen ditu ondorioak. Izendatuak foru agindu honen 1. puntuan adierazitako koordinatzaile exekutiboari kontu eman beharko dio gai honetaz.

Hirugarrena.–Foru agindu hau jakinaraztea Alfredo Martínez Larrea jaunari eta Juan Pedro Tirapu León jaunari, eta igortzea osasun zentro publiko eta pribatu guztietako kudeatzailetzetara eta zuzendaritza medikoetara, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kudeatzaileari, Osasuneko Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Laugarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko martxoaren 21ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2004150