61. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BURLATA

Aldaketa Etxeko laguntza-zerbitzua arautzen duen udal ordenantzan. Behin betiko onespena

Burlatako Udalak, 2019ko abenduaren 26an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Burlatako Udalaren etxeko laguntza-zerbitzua arautzen duen udal ordenantzaren aldaketa (2015eko 30. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 13an).

Jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez, aipatu ordenantzan egin aldaketa behin betiko onetsi eta argitaratzeko agintzen da, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz (maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatua).

Burlatan, 2020ko martxoaren 4an.–Alkatea, Ana Gongora Urzaiz.

BURLATAKO UDALAREN ETXEKO LAGUNTZA-ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Etxeko laguntza-zerbitzuaren definizioa (ELZ).

ELZ (etxeko laguntza-zerbitzua) udal zerbitzu bat da, beren ohiko ingurunean oinarrizko premiak betetzeko mugak dituzten herritarrei zuzendua, eta banakako zerbitzu batzuk ematen dituena, aldi baterako edo modu iraunkorrean, egoera bakoitzaren arabera. Xedea da pertsona bere ingurunean ahalik eta hobekiena integratzea, haren autonomia funtzionala handitzea eta haren bizi-kalitatea hobetzea.

2. artikulua. Etxeko laguntza-zerbitzuaren esku-hartzeak oinarritzat dituen printzipioak.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen printzipio orokorrekin bat, ELZren esku-hartzea printzipio hauetan oinarriturik dago:

–Erantzukizun publikoa: botere publikoek gizarte zerbitzuen eskuragarritasuna bermatuko dute, eta administrazioak bere gain hartuko du finantza, teknika, giza eta antolaketa arloan behar diren baliabideak sustatzeko erantzukizuna.

–Unibertsaltasuna eta berdintasuna: botere publikoek bermatuko dute zerbitzua erabiltzeko aukera izan dezaten eguneroko jardueretan aritzeko mugak dituzten pertsona guztiek, baldin erabiltzeko baldintzak betetzen badira.

–Osagarritasuna: pertsonak etxean ahalik eta denbora gehiena atxikitzeko helburua duten beste zerbitzu eta baliabide batzuekin.

–Prebentziozko orientazioa: laguntza hartzen duen pertsonaren gaitasunen narriadura eragotzi edo murrizteko, bai eta sostengu eta harreman sozialen galera ere.

–Autonomiaren sustapena: eguneroko jardueretan parte hartzea eta familia ingurunean nahiz komunitateko bizitzaren alorretan moldatzea sustatuz. Nork bere erabakiak hartzea sustatuz, hala eraman nahi den bizimoduaren inguruan nola norberaren lehentasunak hautatzearen inguruan.

–Laguntza pertsonalizatua eta integrala: ELZk laguntza pertsonalizatua eskainiko du, pertsonen premia sozialak ezagutzeko aukera emanen duena, haiei modu orokor eta osoan erantzun ahal izateko.

–Malgutasuna: kasu eta egoera bakoitzean laguntza hobea ematea ahalbidetuko duten baliabideak konbinatuz.

–Elkartasuna: botere publikoen jarduketek populazioaren kohesio soziala bultzatzera jo beharko dute, eta pertsonen arteko desberdintasunak errespetatzea eta onartzea sustatuko dute, bizikidetza harmoniatsua izan dadin.

–Normalizazioa: ELZren lehentasuna izanen da pertsonak atxikitzea beren ingurune sozial, familiar eta pertsonalean, eta bermatzea komunitateko bizitzan parte hartzea, ahal delarik.

–Koordinazioa: baliabide instituzionalekin nahiz sostengu informaleko baliabideekin koordinazioa eginez, esku-hartzearen sinergia hobetzeko eta eraginkortasun maila handiagoa bermatzeko.

–Kalitatea: egiten den zerbitzua kalitatezkoa izanen da, zerbitzu horiek egiaztatzeko ematen diren kalitate arauetan garaturiko baldintzak betez.

–Boluntariotza sozialaren sustapena: toki mailan parte hartzen ahal duten boluntarioen lana sustatzea, zerbitzua erabiltzen duten pertsonen sostengu sare informalaren barnean, herritarren arteko elkartasunaren printzipioan oinarrituz.

3. artikulua. ELZ programaren ezaugarriak.

ELZ honelako zerbitzua da:

–Balioaniztuna, bere gain hartzen baitu autonomia pertsonala falta duten pertsona edo familia taldeen premia sorta zabala estaltzea.

–Normalizatzailea, inguruneko baliabideak erabiltzen baititu premiak betetzeko.

–Etxekoa, erabiltzaileen etxean egiten baita oroz gain.

–Integrala, bizikidetza-unitateen premiei osoki heltzen baitie.

–Prebentziozkoa, haren bidez ahalegina egiten baita eragozteko edo murrizteko gaitasun pertsonalen narriadura eta sostengu eta harreman sozialen galerak, bai eta beharrik gabeko instituzionalizazioak ere, salbu eta horrela bizi kalitate hobea bermatzen bada.

–Osagarria, oinarrizko beste laguntza batzuekin bateratu baitaiteke, helburuak betetzeko.

–Akuilatzailea eta pizgarria, erabiltzaileen beharrak betetzen laguntzen baitu haien gaitasunak indartuz eta beren aldaketaren eragile eginez, eta familiaren parte-hartzea bultzatzen baitu.

–Teknikoa, esku-hartzearen oinarri diren jarduerak teknikoki planifikatzen baitira eta behar bezala gainbegiraturiko profesional kualifikatu batzuek eramaten baitituzte jarduera horiek aurrera.

–Pertsonalizatua, erabiltzaile bakoitzak bere beharretara egokitutako programa eta jarraipena behar baititu, baliabide hoberenak erabiltzearekin batera.

–Laguntza hartzen duten pertsonen eta haien zaintzaileen lehentasunekiko errespetuan oinarritua, profesionalen orientabideak aintzat harturik.

–Estaldura-emailea, Burlatako biztanleriari dagokionez, langile/erabiltzaile estaldura-ratio bat bermatuko baitu, zerbitzua baldintza egokietan ematea segurtatuko duena, langileen lan eskubideak bermatzeaz gain.

4. artikulua. Helburuak.

Etxeko Laguntza Programak honako helburu hauek ditu:

–Pertsonak beren ohiko ingurunean ahalik eta denbora gehienean eta ahalik eta bizi kalitate handienarekin atxikitzen laguntzea, alternatiba egoki baten bidez beharrik gabeko instituzionalizazioak prebenitu eta saihesturik, bai eta ingurunetik deserrotzea ere, horren ondorioz gertatu ohi denez.

–Pertsonaren eta familiaren trebetasun, gaitasun eta abilezien optimizazioa lortzea, autonomiarik handiena izateko bide emateko, ohitura osasungarriak bultzatuz, norberaren segurtasuna eta autoestimua handituz, erabiltzaileek beren kasa egin ditzaketen zereginak sustatuz.

–Ohiko bizilekuan prestazio multzo bat eskaintzea, modu integralean eguneroko bizitzako jarduera guztiak egitea errazteko eta haietan sostengua emateko.

–Jarduketak koordinatzea esku hartzen duten profesionalen sarearekin, batez ere osasun eta gizarte zerbitzuetatik, baliabide egokiak erabiliz eta aplikatuz, esku-hartzea ahalik eta eraginkorrena eta efizienteena izan dadin.

–Oreka pertsonala, familiarena eta ingurunearena hobetzea, familia, auzo eta adiskidetasun loturak sendotuz, sostengu sare naturalen lankidetza handiagoa bultzatuz eta indartuz, bereziki familiarena, zaintzaileei behar bezalako sostengua emanik.

–Etxeko laguntza-zerbitzuak ematea, nahiz eta horrek ez dakarren familiaren erantzukizunak hartzea ELZren erabiltzaileei dagokienez.

–Laguntza ematea autonomia pertsonal eta sozialari eragiten dioten unean uneko krisi pertsonal eta/edo familiarretan.

–Zerbitzuaren hartzaileen harreman sozialak eta jarduerak bultzatzea haien komunitate ingurunean, isolatze eta bakardade arazoak prebeniturik.

–Komunitateko boluntarioen bidezko sostengu soziala bultzatzea eta bideratzea, zerbitzuaren hartzaileei lagun egiteko indargarri gisa.

5. artikulua. ELZren erabiltzaileak/hartzaileak.

ELZren erabiltzaileak izaten ahalko dira Burlatan erroldaturiko pertsona edo bizikidetzako familia-unitate guztiak, bizimodu autonomoa egiteko mugaturik badaude eta horren ondorioz beren kasa premia pertsonal eta sozialak bete ezinean aurkitzen badira, ohiko bizilekuan segitu ahal izateko laguntza hartu beharrean.

Erabiltzaile izateko, honako hauek izanen dute lehentasuna:

–Autonomia pertsonaleko zailtasunak dituzten adineko pertsonek.

–Autonomia pertsonalari modu larrian eragiten dion desgaitasun bat dutenek.

–Familia-unitateek, kide adingabeak edo beren burua zaintzeko zailtasuna duten kideak dituztelarik, etxean bertan behar bezalako zaintza eta arta ematen ahal ez badiete eguneroko bizitzako oinarrizko jardueretan, edo haien egoera sozioekonomiko, kultural edo sozialagatik komenigarria bada etxeko laguntza har dezaten, haien garapen normal eta orekatsua bermatze aldera.

Salbuespenez, Burlatan erroldatutako senideen etxean aldi baterako egonaldia egiten dutenean, laguntza ematen ahalko zaie mendekotasuna duten pertsonei.

Premia-maila bera izanik, lehentasuna izanen dute kargen eskala progresiboaren arabera prezio publikoaren % 100 baino gutxiago ordaindu behar dutenek.

6. artikulua. ELZn parte hartzen duten profesionalak.

Honako hauek izanen dira etxeko laguntza-zerbitzuko oinarrizko lantaldea osatuko duten langileak:

–Gizarte-langilea: eskaera jasotzea dagokio eta bera arduratzen da, orobat, kasuaren azterketa eta balorazioa eta orientazioa egiteaz, komeni den esku-hartze programa diseinatzeaz, eta proiektua gainbegiratu eta haren jarraipena eta ebaluazioa egiteaz.

–Familia-langilea: arlo pertsonaleko zein etxeko lanak egiten ditu, bai eta ohiturak eta gaitasunak sortu eta mantentzeko sostengu-lanak ere, erabiltzailearen bizilekuan; horrez gain, aldian behin baloratu eta jakinarazi egin behar du haren esku-hartze jarraikiarekin egoerak izaniko bilakaera.

Aipatu lanetatik kanpo geldituko dira osasun arlokoak baizik ez diren prestazio guztiak, espezializazioa behar badute eta osasun arloko baliabideen eskumenari badagozkio. Zainketak baizik ez dira egiten.

–Administrariak: zerbitzuaren ondoriozko administrazio eta antolaketa lanak eginen dituzte.

Laguntzak hala behar duenean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko beste langile batzuek esku hartzen ahalko dute, hala nola honako hauek:

–Hezitzailea: heziketa lanak egiteaz arduratzen da erabiltzailearekin, haren familiarekin eta ingurunearekin, bizikidetzako gunearen familia-autonomian laguntzeko ohitura eta abileziak eskuratzeko xedez.

–Psikologoa: sostengu psikosoziala behar duten egoeretan esku hartzen du, bai eta zaintzaileei sostengua eta orientabidea emateko jardueretan eta zerbitzuko langileen prestakuntza etengabean ere.

Ordenantza hau aplikatuko zaie Udaleko ELZko profesionalei nahiz Udalak kontratatzen dituen enpresetako profesionalei.

7. artikulua. Zerbitzua erabiltzeko irizpideak: mendekotasuna baloratzeko tresnak.

Etxeko laguntza-zerbitzua nork nola erabiltzen ahalko duen baloratzean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak honako hauek hartuko ditu kontuan:

–Onuradun izanen direnen autonomia funtzionalaren maila, eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak eta jarduera instrumentalak egiteko.

–Sare naturalaren (bereziki familiaren), auzokideen eta adiskideen sostengua izateko aukera.

–Onuradungaien egoera sozial, ekonomiko eta familiarra.

Horretarako, egungo araudiari jarraikiz indarra duten balorazio eskalak erabiliko dira.

8. artikulua. Zerbitzuen zorroa.

8.1. Etxeko laguntzaren barnean ondotik ematen diren jarduketak sartzen dira. Guztiak eman daitezke, edo baten bat bakarrik, zerbitzuaren ahalen arabera:

Zerbitzua egunean 2 orduz emanen da gehienez etxe bakoitzean, salbu eta zerbitzuaren beharrek besterik eskatzen badute, eta lantaldeak horri buruzko balorazioa egin ondoan.

8.1.1. Sostengu eta laguntza pertsonaleko jarduketak. Hona hemen eguneroko oinarrizko zereginetan sostengu pertsonala emateko jarduketak:

a) Norberaren higienea:

–Oinarrizko garbiketa: aurpegia, eskuak, genitalak, aho-higienea eta orraztea.

–Bizarra kentzea (makina elektrikoarekin).

–Ohean eri direnen garbiketa.

–Bainua/dutxa.

–Pixoihalak aldatzea.

–Larruazala hidratatu eta haren egoera zaintzea.

–Oinen eta eskuen higienea eta zaintza (garbitu eta idortzea, azazkalak limatu eta/edo moztea, azal gogorra leuntzea, hidratazioa). Hortik kanpo uzten da azazkalak moztea diabetikoei edo tratamendu antikoagulatzaileak hartzen dituztenei.

–Ilea garbitu, idortu eta zaintzea.

–Iraizkinak biltzea (pixontziak/gauontziak). Kanpo uzten dira profesional kualifikatu baten esku-hartzea behar duten jarduketak/zainketak.

b) Jantzia/oinetakoak:

–Janztea/eranztea.

–Oinetakoak janztea/eranztea.

–Jantziak eta oinetakoak gainbegiratzea.

c) Oinarrizko mugikortasuna:

–Ohetik jaikitzeko edo/eta etzateko laguntza.

–Tokiz aldatzea (ohea, jarlekuak).

–Etxean mugitzen laguntzea.

–Etxetik kanpo mugitzen laguntzea.

–Laguntza teknikoak aplikatzea.

d) Jarduketa soziosanitarioak:

–Gorputz-jarrerak aldatzeko laguntza, ezarritako protokoloei jarraikiz.

–Hainbat patologiari egokitutako dieten kontrola eta jarraipena.

–Medikuak agindutako botikak behar bezala hartzen diren gainbegiratzea.

–Errezetak eta botikak jasotzea.

–Botikak prestatu eta ematea, botika injektagarriak izan ezik. Ez da orratzik duen gailurik erabiliko.

–Pertsonaren osasunari lotutako alderdien behaketa egitea (dietak, inkontinentziak, eskarak, oroimen galera...), eta halakoen berri ematea lantalde profesionalari, behar denean.

–Gaitasun fisikoak eta mugitzeko gaitasunak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraikiz (mobilizazio pasiboak, kremak eta pomadak igurtzi lokalez ematea, material ortoprotesikoa jartzen laguntzea eta abar).

–Gaitasun kognitiboak berreskuratu, mantendu eta hobetzeko jardueretan laguntzea, ezarritako protokoloari jarraikiz (oroimen ariketak, denboran eta espazioan orientatzeko ariketak eta abar).

–Osasun arloko kontsultetara laguntzea.

–Inkontinentziarako gailuen aplikazioa (gernu kolektoreak, zundako poltsak aldatzea).

–Aposituak aldatzea, osasun arloko profesionalen esku-hartzea behar ez denean.

–Lehen laguntzako teknikak aplikatzea larrialdietan.

8.1.2. Etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak. Hona hemen etxeko zereginetan sostengu emateko jarduketak:

a) Erabiltzailearen elikadurari lotuak, hala nola:

–Janariak prestatzen laguntzea.

–Otorduak atontzen laguntzea (berotzea, mahaia jartzea, janariak banatzea).

–Janari prestatua etxeetan banatzeko zerbitzua, erabiltzaileen nutrizio-beharrak bermatzeko.

–Baxera eta/edo janaria prestatzean erabilitako tresnak bildu eta garbitzea.

b) Erosketari lotuak:

–Erosteko ohiturei eta antolaketari jarraipena egitea.

–Erosketa-zerrenda osatzen laguntzea.

–Erosketak egitea.

–Erosketak etxera eramatea.

–Erosketak antolatzen laguntzea.

ELZn erosketak egiteaz ari garenean, eguneroko bizimoduari lotutako oinarrizko produktuak eskuratzeaz ari gara.

c) Erabiltzailearen oinetako eta arropa pertsonalak eta etxeko arropak zaintzeari lotuak, hala nola:

–Arropa/oinetakoak garbitzen laguntzea.

–Arropa hedatu eta biltzea.

–Arropa lisatzea.

–Arropa/oinetakoak antolatu eta hautatzea.

–Armairuak txukuntzea.

–Arropa pasaratu eta konpontzea (botoiak, urratuak), joskintzako ezagutza berezirik behar ez bada.

–Kanpoko ikuztegi zerbitzua erabiliz gero (garbitu eta lisatzea), ohiko erabilerako arropa sartuko da jarduera honetan.

d) Etxebizitzako mantentze-lanei lotuak, hala nola:

1. Jarduera/zeregin arruntak:

–Oheak egitea, erratza pasatzea, xurgagailua pasatzea, mopa pasatzea, hautsa kentzea, lurra lanbasaz garbitzea, kristalak garbitzea.

–Etxetresna elektrikoak garbitzea: hozkailua, sukaldea eta mikrouhin-labea.

–Sukaldea garbitzea.

–Bainugela garbitzea.

2. Jarduera/zeregin bereziak:

–Sabaiak eta paretak garbitzea.

–Gortinak, lanparak garbitzea.

–Etxetresna elektrikoak garbitzea (hozkailua, sukaldea eta mikrouhin-labea izan ezik).

–Ateak, leihoak eta armairuak garbitzea.

–Zikin-markak garbitzea (etengailuak, eskutokiak, telefonoa, eserleku-bizkarrak eta abar).

3. Etxeko konponketa errazak:

Etxeko konponketa errazetan eskulan xumea behar duten jarduerak/zereginak sartzen dira, hau da, zenbait elementu ordeztu edo doitzea etxea behar bezala mantentzeko; betiere, kontuan hartuko da langilearen laneko arriskuen prebentzioa.

Ez dira sartzen beste lanbide batzuen berariazko ezagutza edo teknikari baten esku-hartzea behar dutenak.

4. Etxebizitzako ekipamendu eta azpiegituraren egoera orokorraren kontrola eta jarraipena egitea:

–Begiratzea ea egoera onean dauden eta ongi funtzionatzen duten etxebizitzako ekipamenduak eta instalazioek (gasa, argindarra, iturgintza, berokuntza, telefonoa); Udaleko teknikariek aztertzen ahalko dituzte ELZko langileek eskatuz gero eta, betiere, zerbitzuko langileen osotasun fisikoa bermatu beharko da, ordenantza honen 11.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

–ELZren esku-hartze egokia baloratzea, hau da, zuzenean esku-hartzea ala erabiltzailearen, familiaren edo teknikari egokiaren esku uztea.

8.1.3. Laguntza psikosozialeko oinarrizko jarduketak. Laguntza psikosozialeko jarduketak dira laguntzazko prozesu batean egiten direnak, eremu pertsonal, familiar eta/edo sozialean azaldutako egoerak gainditzeko; haietan, lagundutako pertsonak balioetsiak eta sare sozialeko kide senti daitezen sustatzen da.

a) Psikologiaren eta gizarte-heziketaren arloko jarduketak:

Heziketa ikuspegi eta estrategiatik, oinarrizko trebetasun, jokabide eta abileziak eskuratu, berreskuratu, ikasi eta erabiltzera bideratutako jarduerak eta atazak dira, erabiltzailearen eta haren ingurunearen autonomia ahalik eta handiena izan dadin:

–Jokabide eta egoera arriskutsuak identifikatzea eta haiek aldatzeko informazioa eta orientabidea ematea.

–Laguntza teknikoak erabiltzeko orientabidea eta trebakuntza.

–Etxeko antolaketarako orientabidea (gauzak eta elikagaiak antolatzea).

–Bizikidetza egokirako harremanak bultzatzeko orientabidea (trebetasun sozialak, asertibitatea).

–Bizi ohitura osasungarriak erakustea (elikadura, norberaren higienea, etxeko higienea, ariketa fisikoa).

–Autozaintza eta autonomia pertsonalerako ohiturak eta trebetasunak eskuratu eta garatzea. (Eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak eta jarduera instrumentalak).

–Prebentziorako trebetasunak eskuratu eta garatzea, eta etxeko jokabide eta egoera arriskutsuak aldatzea.

–Laguntza emozionala bizitzako egoeretan (bakardadea/isolamendua, mendekotasuna/ahalmenak, osasuna edo autonomia galtzea, dolua).

–Autoestimua bultzatu eta sustatzea (irudi pertsonala, onarpena, balioespena eta norberarekiko konfiantza).

–Familiaren dinamikan azaltzen diren egoerak gainditzeko jarrera positiboak indartzea (errespetua, onarpena, entzutea).

–Norberaren interesen arabera, denbora okupatzeko jarduerak bultzatzea, jokabide aktiboa sustatzeko (zaletasunak, hobbyak).

b) Familiari eta/edo zaintzaileei sostengu emateko jarduerak:

Familiaren eta/edo zaintzaileen lana sostengatu eta bultzatzera bideratutako jarduera eta atazak dira, erabiltzailea zaindu eta artatzeko.

–Laguntza teknikoen, baliabideen eta sostengatzeko beste modu batzuen gainean informatu eta orientatzea.

–Orientabidea, aholkua eta jarraipena erabiltzailea zaindu eta artatzeari lotutako gaien gainean.

–Jarraibideak eta abileziak ematea zaintze eta artatze laneko hainbat egoerari aurre egiteko eta sortzen diren errealitate berriei egokitzen laguntzeko.

–Autozaintzarako jarraibide, abilezia eta jarreretan lagundu eta orientatzea, bai eta estresaren eta gainkargaren prebentzioan ere.

–Zaintzaileei sostengu emozionala ematea.

–Jarrera positiboak bultzatzea, elkar ulertzeko, parte hartzeko eta komunikatzeko.

c) Sostengu soziokomunitarioko jarduketak:

Erabiltzailea bizitza sozialean eta harremanetan, bai eta komunitatearen baliabideen ezagutzan eta erabileran ere, parte hartzera bultzatzen duten jarduerak eta atazak. Zehazki, honako jarduera eta atazak hauek:

–Jarduera antolatuei eta baliabide komunitarioen erabilerari buruz informatu eta orientatzea.

–Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzera bultzatzea.

–Gizarte, aisialdi edo denbora-pasako jardueretan parte hartzeko lagun egitea.

–Etxetik kanpo lagun egitea, gestio pertsonaletan laguntza emateko.

–Boluntarioen esku-hartzea erraztu eta bultzatzea, lagun egiteko zereginetarako.

–Komunitatea sentsibilizatzea mendekotasuna duten pertsonei buruz.

8.1.4. Burlatako herritarrei janari prestatuak etxera eramatea. Udal ELZren erabiltzaileentzako janari prestatuen zerbitzua izanen da eguneroko bazkari eta afari zerbitzua ematea, bai eta zerbitzu hori erabiltzaileen etxeraino eramatea.

–Zerbitzuaren erabiltzaileei banatuko zaien menua gizarte zerbitzuek aldez aurretik eskatutakoa izanen da, kontuan harturik familia medikuak agindutako dieta mota, halakorik agindu badu.

8.1.5. Sostengu teknikoko jarduketak eta beste laguntza-baliabide batzuk. Sostengu teknikoko jarduketak eta beste laguntza-baliabide batzuk dira etxebizitza erabiltzailearen beharretara egokitzea helburu duten jarduketak, bai eta trantsizio bat egitea helburu dutenak ere, ohiko bizilekua aldatzea edo hortik ateratzea eragiten duten beste bizi egoera batzuk direla eta.

a) Sostengu teknikoko jarduketak etxebizitzan:

–Etxean zaintza hartu eta autonomia izatea ahalbidetzen eta sustatzen duten laguntza teknikoei buruzko balorazioa, informazioa eta orientabidea.

–Etxea egokitzeko beharrei buruzko eta arrisku zein oztopo arkitektonikoak kentzeari buruzko balorazioa, informazioa eta orientabidea.

–Etxea erabiltzailearen egoeraren arabera egokitu eta antolatzeko orientabidea eta laguntza.

b) Beste laguntza-baliabide batzuk:

–Etxean sostengu emateko beste baliabide osagarri batzuen gainean balorazioa, informazioa eta orientabidea ematea (materiala mailegatzea, larrialdiko telefonoa, eguneko zentroak).

–Balorazioa, informazioa eta orientabidea ematea beste baliabide alternatibo batzuen gainean, etxean bizitzen segitu ordez.

8.2. Zerbitzuen zorroa aplikatzeko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

1. Zerbitzuen zorroa aplikatzeak zentzua du erabiltzailearekiko laguntza-harreman baten ingurumariaren barrenean, horixe baita haren xede nagusia. Alde horretatik, zorroko jarduerak ingurumari horretan sarturik daude eta, kasu bakoitzerako abiarazi den banakako esku-hartze planean oinarriturik, haien xedea izan daiteke sostengatzea, gainbegiratzea, lankidetzan aritzea, gauzatzea, heztea eta prestakuntza ematea.

2. ELZko lantaldeak zehazten dituen banakako esku-hartze planetan etxeko zereginak egitea erabakitzen denean, beti ulertzen da profesionalen lana ez dela bakar-bakarrik zeregin hori egitea; aldiz, lotura hertsia du laguntza harreman bat ezartzearekin, eta horrek desberdintasuna sortzen du merkatuan diren bestelako etxeko zerbitzuen aldean.

3. Zerbitzuen zorroa ELZn egin daitezkeen prestazio eta jardueren multzoa da, baina horrek ez du esan nahi kasu guztietan den-denak aplikatu behar direnik. Jarduerak banakako esku-hartze planean zehazturik eta jasorik geldituko dira.

4. Bestelako profesional kualifikatuak behar ez dituzten jarduerak eta zereginak eginen dira, eta ohiko erabilerakoak diren espazio edo lekuetan bakar-bakarrik, alegia, erabiltzailearen eguneroko bizitzako oinarrizko jarduerak egiteko behar-beharrezkoak diren horietan.

5. Zerbitzuen zorroan aipatzen edo jasotzen ez diren jarduera eta zereginak salbuespenez egiten ahalko dira, baldintza hauetan oinarriturik:

–ELZko lantaldeak balorazio profesionala egitea.

–Oinarrizko premia bat estaltzea, estali ezean arrisku egoera edo okerragotzea eraginen balitz bizi baldintzetan.

–Premia hori estaltzeko beste aukera edo baliabiderik ez egotea.

–Aldi baterako egitea, eta aldi berean beste aukera batzuk bilatzea, ohiko zeregina bilaka ez dadin.

6. Zorroaren aplikazioa partez aldatzen edo eteten ahalko da, baldin eta erabiltzailearen nahiz profesionalaren segurtasun edo osasunari eragiten dieten arrisku egoerak gertatzen badira.

7. Zorroa modu egokian aplikatzeko, nahitaezkoa izanen da zerbitzu espezializatuen arteko koordinazioa, batez ere osasun arlokoena, hala behar denean eta erabiltzailearen baimenarekin.

8. Erantzukizun eta lanen berdintasunezko banaketa sustatuko dute zerbitzuek, generoko diskriminaziorik gabe, erabiltzaileei eta haien familia eta gizarte inguruneari dagokienez.

9. artikulua. Prezio publikoa. Tarifen sistema.

Hauek dira finantzaketari aplikatu beharreko irizpide eta printzipioak:

1. Zerbitzu unitatearen definizioa: zerbitzu unitatea neurtzen da ordenantzan eskainitako edozein zerbitzu emateko etxean benetan aritzen den denboraren arabera, gehienez ere bi laguntza ordu egunean, zerbitzu beharrek besterik eskatzen dutenean izan ezik, betiere lantalde profesionalak horri buruzko balorazioa eginik.

2. Familia unitatearen definizioa: prezio publikoa kalkulatzeko erabiliko da PFEZan definitzen den familia unitatea.

–Legez bereizirik ez dauden ezkontideek eta adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimenarekin, haiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.

–Berariazko legeen araberako bikote egonkor bateko kideek eta, halakorik bada, adingabeko seme-alabek osatua (gurasoen baimenez haiekin bizi ez direnak salbu); unitate horretan sartzen dira, halaber, judizialki ezgaituta eta guraso-ahal luzatu edo birgaituaren mende dauden adin nagusiko seme-alabak.

Legezko banantzearen kasuetan edo, ezkontza-loturarik edo bikote egonkorrik ez dagoenean, aitak edo amak eta batarekin edo bestearekin bizi diren seme-alaba guztiek osatzen dutena, aurreko apartatuan aipatzen diren baldintzak betetzen badituzte.

3. Ahalmen ekonomikoa zehaztea: errenta eta gastu kengarriak.

–Errenta: PFEZaren etekin garbiak eta pentsio edo prestazio salbuetsiak.

–Gastu kengarriak: etxebizitzari lotutako gastuen kontzeptuan (alokairuan edo erositakoa), indarrean dagoen lanbide arteko gutxieneko soldataren % 35, eta mendekotasunaren ondoriozko laguntzaren diru-sarrerak (eguneko zentroak, garraioa, etxeko laguntzarako diru-laguntza eta beste batzuk).

–Hileko per capita errenta garbia: aurreko kontzeptuak batu eta familia unitatea osatzen duten kideen kopuruaz eta 12 hilabetez zatituta sortzen dena.

Erabiltzailea PFEZaren aitorpena egitera behartua ez dagoenean, aurreko ekitaldian izandako diru-sarreren arabera zehaztuko da ahalmen ekonomikoa.

4. Kostuaren oinarrizko unitatea zehaztea:

Zerbitzuaren kostu guztiak egotzi eta benetan emandako laguntzaren guztizko kostuaren balioa kalkulatzeko, ordu bakoitzeko, metodo hau erabiliko da:

–Urtero kostu zentro bat zehaztuko da, eta hari egotziko zaizkio zerbitzuaren zuzeneko eta zeharkako kostu guztiak: lanaldi osoko familia-langile baten kostua eta gizarte-langilearen eta administrari laguntzailearen kostuaren % 15, horiek biak programaren kudeaketan zuzenean parte hartzen duten profesionalak baitira.

Guztirako kostua lanaldi osoko familia-langile batek etxeko laguntzan egiten ahal dituen orduen kopuruaz (lanaldi horren % 80) zatituta ateratzen da laguntza orduaren kostua.

(Udal ELZren laguntza jasotzen duten mendeko pertsonengatik ematen duen dirulaguntzan Nafarroako Gobernuak ezarririko aplikazio moduluaren arabera).

5. Tarifaren oinarrizko unitatea:

–Etxean zerbitzua ematen benetan eginiko ordua da tarifaren oinarrizko unitatea.

–Prezio publikoa edo tarifa laguntza orduaren % 50 izanen da, eta prezio horren zenbatekoa urtero ezarriko du Nafarroako Mendekotasun Agentziak.

–Tasa hilero eskatuko da (hilaren 1etik 15era bitarte).

6. Prezio publikoa kargatzeko eskala progresiboa:

Karga-eskala familia unitatearen per capita errenta garbiaren araberakoa izanen da, eta errenta horrek urteko lanbide arteko gutxieneko soldatarekiko duen proportzioan oinarrituko da, 3. eranskinean zehazten denari jarraikiz.

10. artikulua. Esku-hartze teknikoko protokoloa.

Esku-hartze teknikoko protokoloak hurren adierazten diren urratsak jasotzen ditu, eta halakoen edukia 1. eranskinean azaltzen da:

–Harrera eta orientazio soziala.

–Kasuaren azterketa.

–Egoeraren diagnostikoa.

–Banakako laguntzarako proposamena. Esku-hartzearen diseinua.

–Esku-hartzearen hasiera.

–Jarraipena eta ebaluazio jarraikia.

11. artikulua. Kudeatzeko arauak: etxeko laguntza-zerbitzua emateko administrazio prozedura.

11.1. Prozeduraren hasiera.

ELZ emateko prozedura ofizioz edo interesdun baten eskariz abiatzen ahalko da:

–Ofizioz: prozedura ofizioz abiatuko da organo eskudunak hala erabakirik, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuek eskaera arrazoitua eginik.

Ofizioz abiatutako prozeduretan epea kontatzeko, hasiera-eguna izanen da ofiziozko prozedura abiarazten duen ebazpenarena.

Betiere, prozedurak bat eginen du azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 68.etik 72.era bitarteko artikuluetan ezarritakoarekin (Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

–Alderdi baten eskariz: alderdi batek eskaturik abiatuz gero, eskabideekin batera agiri honen 2. eranskinean aipatu dokumentazio administratiboa aurkeztu beharko da gutxienez, eta eskabidea behar bezala bete.

Aipatu dokumentazioa gorabehera, espedientea izapidetzen den bitartean, egokitzat jotzen diren agiri osagarriak eskatzen ahalko dira aurkeztutako eskabidearen inguruan.

Eskabideak zerbitzuaren titularra den entitatearen Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, horrek galarazi gabe Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 30/1992 Legearen 38. artikuluan aurreikusitakoa; eskabidea aipatu erregistroan sartzen denetik kontatuko da prozedura izapidetzeko epea.

11.2. Izapidetzea.

–Interesdunari errekerimendua eginen zaio eskabideak ez baditu biltzen eskatzen diren datu eta agiri guztiak, hamar eguneko epean ekar ditzan falta direnak edo aginduzko agiriekin batera ekarri behar direnak, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskariari uko egintzat joko dela eta, izapide gehiagorik gabe, artxibatu eginen dela.

–Udal ELZren ardura duten teknikariek, aurkeztutako dokumentazioa ikusirik, proposamen-txostena prestatuko dute, interesa duen bizikidetza unitatearen premia egoeraren berri emateko eta eskatutako prestazioaren edukia, maiztasuna eta egokitasuna zehazteko.

–Horrez gain, ikustaldia eginen da bizilekuan bertan, eta haren bidez egiaztatuko da ea betetzen diren Burlatako Gizarte Zerbitzuak higiene, ergonomia, osasungarritasun eta segurtasun baldintzen inguruan ezarritako irizpideak, Burlatako Udaleko laneko arriskuen prebentziorako zerbitzuarekin koordinaturik. Ordenantza honen IV. eranskinean jasotzen dira irizpideok.

Bizilekuan aldaketarik egin behar izanez gero, edo bizilekuan ez dagoen laguntza teknikoren bat erabili behar bada, ardura duten teknikariek informazioa, orientabidea eta laguntza emanen dizkiete erabiltzaileei eta/edo haien familiei neurri horiek eskuratzeko, baliabide sozialen bidez eta/edo entitate laguntzaileekin lankidetzan, erabiltzaileek ahalik eta ongizaterik handiena izateko eta zerbitzua ahalik eta kalitaterik handienarekin emateko; bidezko bada, eskubidez dagozkien dirulaguntzak izapidetuko dira.

Inola ere ez da inor geldituko etxeko laguntza-zerbitzua jasotzeke IV. eranskinean ezarritako irizpideak ez betetzeagatik. Zerbitzua ematen segituko da egokitzeko behar den denbora guztian.

Etxeko laguntza-zerbitzua etenen da, bakarrik, erabiltzaileek edo familiek, egokitzeko aukera izanik, egokitzeari uko egiten diotenean. Izapidetzea etenik geratuko da, harik eta gabezia guztiak konpondu arte. Egokitzeko behar diren gestio guztietan, programaren ardura duten teknikariak informatzen, lagun egiten eta lankidetzan arituko dira.

–Proposamena dagokion organoari igorriko zaio, onets edo ezets dezan. Fase honetan sortuko da ELZren eskaria ebazteko agiri-proposamena.

11.3. Ebazpena.

–Alkatetzaren ebazpen baten bidez erabakiko da laguntza ematea ala ez, Ordenantza honek indarra duen bitartean gizarte zerbitzuen arloan eskuordetzerik gertatu ezean; hala gertatuz gero, gizarte zerbitzuen arloko eskumenak eskuordeturik dituen organoaren ebazpenaren bidez erabakiko da.

–Ebazpena aldekoa edo kontrakoa izan daiteke. Kontrakoa izanez gero, espedientea artxibatuz burutuko da izapidea; aldiz, ebazpena aldekoa bada, zerbitzuaren altaren edo hasieraren eguna erabakiko da, baldin eta ordurik badago baliagarri laguntza emateko. Ordurik ez dagoenean baliagarri, kasua itxarote zerrendara pasatuko da.

Eskabidea Udalaren erregistroetariko batean sartu ondoko bi hilabetean eman beharko da ebazpena, beranduenez. Eskabideak zuzentzeko errekerimendua egiten bada, epea eten eginen da, jakinarazten denetik hasi eta eskatutakoa betetzen den arte edo, bestela, ematen den epea iragan arte.

–Ematen den ebazpena gehienez ere hamar eguneko epean jakinaraziko zaio interesdunari; bertan, zerbitzua baietsi ala ezetsi zaion jasoko da, eta ea itxarote-zerrendan sartu duten, harik eta zerbitzua ematea posible den arte, eta ebazpenaren kontra bidezko diren errekurtsoen berri emanen da.

–Ebazpenak alderdi hauek aipatuko ditu, besteak beste:

1. Zerbitzua baietsi ala ezetsi den.

2. Zerbitzua zein baldintzatan ematen den, honako hauek gutxienez aditzera emanda:

–Banakako laguntza programa.

–Egin beharreko lanak/jarduketak.

–Laguntzaren iraupena.

–Laguntzaren ordutegia.

–Laguntza emanen den asteko egunak.

–Zerbitzuaren prezio publikoa, onuradunak ordaindu beharrekoa.

3. Onuradunarentzat ezarritako beste betebehar edo baldintza batzuk.

a) Erabiltzaileek edo haien bizikidetza unitateko kideek gaixotasun mental diagnostikatu bat badute, ezinbestekoa izanen da Osasun Mentaleko Zentroaren tratamendua betetzea eta haren kontrola izatea.

b) Burlatako Udalak behar adinako partida bat gaituko du, Zerbitzuko langileek izan dezaten, banakako babeserako, lokalizazio edo jarraipeneko gailu bat, Udaltzaingoari konektatua.

4. Ebazpenaren aurka aurkez daitezkeen administrazio errekurtsoak.

Interesdunak eskaturik abiatutako prozeduretan, berariazko ebazpenik ez izateak ondorio positiboak sorraraziko ditu eta, beraz, baietsitzat hartzen ahalko da.

Aurreko puntuak aipatzen duen ebazpenaz gain, prozedurari amaiera emanen dio atzera egiteak, uko egiteak eta espedientea iraungitzat deklaratzeak, bai eta gerora sortutako arrazoiengatik prozedurak segitzeko ezintasun materiala gertatzeak ere.

11.4. Jakinarazpena.

Zerbitzua baietsita, onuradunei edo haien legezko ordezkariei jakinaraziko zaie. Jakinarazpen hori zerbitzuan alta emateko aginduaren pareko izanen da; bertan zehaztuko da zer laguntza mota emanen den, zenbat orduz eta zer tarifarekin. Era berean, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuari eta dagokion profesionalari jakinaraziko zaie.

11.5. Azkentzea edo etetea.

a) Azkentzea. Honako egoera hauengatik gertatuko da:

1. Interesdunek hala nahi dutelako edo uko egiten diotelako.

2. Zerbitzua erabiltzeagatik horretarako behar diren baldintzak bete gabe, edo baldintzak betetzeari uzteagatik.

3. Ordenantza honen 12.2. artikuluan ezarritako betebeharrak ez betetzeagatik.

Gaixotasun mentala duten erabiltzaileen kasuan, tratamendua eteteak edo uzteak baja ekarriko du ELZren laguntzan.

4. Tratu desegokiagatik, eraso fisiko edo hitzezko erasoengatik eta sexu jazarpenagatik; halakotzat joko da iraingarria den eta lan esparruan jazarritako pertsonak nahi ez duen jokabide oro.

5. Bizilekua beste udalerri batera aldatzeagatik, zahar egoitza batean sartzeagatik edo heriotzagatik.

6. Gerora sortutako arrazoiak direla eta, zerbitzua ematen segitzeko ezintasun materiala gertatzeagatik.

7. Egoera hobetzeagatik edo ELZren esku-hartzea ekarri zuten arrazoiak gainditzeagatik.

ELZn baja emateko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko gizarte-langileak agiri bat sinatu beharko du; agiri horretan, erabiltzailearen datuak eta baja emateko arrazoiak jasoko dira, bai eta zerbitzua emateari utziko zaion eguna ere.

Behar den organoak zerbitzuan baja emateko ebazpena emanen du, arrazoia eta ebazpenak ondorioak izanen dituen eguna adierazirik.

Baja emateko bigarren, hirugarren eta laugarren kasuetan, ebazpena eman aurretik entzunaldia emanen zaio interesdunari.

b) Etetea. Zerbitzua aldi baterako emateari uztea izanen da ondorioa.

–Gehienez ere 3 hilabete iraunen du.

–Etxeko laguntza-zerbitzua aldi baterako etenen da, bakarrik, bizilekua egokitzeko aukera izanik, prebentzio arloan ezarritako eta Ordenantza honen IV. eranskinean jasotako neurrien arabera, egokitzeari uko egiten diotenean.

Izapidetzea etenik geratuko da, harik eta gabezia guztiak konpondu arte. Egokitzeko behar diren gestio guztietan, programaren ardura duten teknikariak informatzen, orientatzen, lagun egiten eta lankidetzan arituko dira.

Ardura duten teknikariek laguntza emanen diete erabiltzaileei eta/edo haien familiei neurri horiek eskuratzeko, baliabide sozialen bidez eta/edo entitate laguntzaileekin lankidetzan, erabiltzaileek ahalik eta ongizaterik handiena izateko eta zerbitzua ahalik eta kalitaterik handienarekin emateko; bidezko bada, eskubidez dagozkien dirulaguntzak izapidetuko dira.

Zerbitzua ematen segituko da bizilekua egokitzeko behar den denbora guztian.

–Lehen hilabetean dagokion tarifa kobratuko da.

–Zerbitzua interesdunek eskaturik abiaraziko da berriz. Hilabete baino etenaldi laburragoetan, laguntza berehala berrezarriko da. Etenaldia hilabete baino luzeagoa baldin bada, eskaria zuzenean sartuko da itxarote-zerrendan.

11.6. Ebaluazioa: jarraipena eta berrikuspena.

a) Jarraipena:

Behin zerbitzua hasita, ELZren ardura duen lantalde teknikoak kasuaren jarraipena eginen du, eta hura dagokion espedientean jasoko da.

Familia unitatearen datu ekonomikoak urtero eta ofizioz eguneratuko dira. Behin esleituta, ikusten bada emandako datuak okerrak direla, zuzendu eginen dira.

b) Berrikuspena:

Behin zerbitzua baietsita, aldatzen ahalko dira bai prestazioaren edukia bai esleitutako denbora, erabiltzailearen egoera aldatu bada hasierako baiespena eman zenetik.

Interesdunak eskaturik gertatzen ahalko dira aldaketak. Horretarako, eskabidea aurkeztu behar du, berak sinatua edo, bestela, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko profesionalak proposatu beharko du, baiespena ekarri zuen egoeran gertatu diren gorabeherak ikusirik.

Zerbitzua emateko ezarritako ordutegiak ere berrikusten ahalko dira; hala, toki entitateak behar diren aldaketak egiteko eskubidea izanen du, bai erabiltzailearen egoerari, bai aldi bakoitzean dagoen eskariari egokiturik.

Nolanahi dela ere, aldaketa izapidetzeko, dagokion balorazio teknikoa egin beharko da.

11.7. Prozedura berezia.

Premia larriei erantzuteko, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak proposamen arrazoitua eginez gero, berehala abiatuko da etxeko laguntza-zerbitzua, horrek galarazi gabe geroago izapidetzea, ezarritako prozedurari jarraikiz.

12. artikulua. Erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak.

1. Eskubideak.

Etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileek honako eskubide hauek izanen dituzte:

–Banakako Esku-hartze Planaren berri izatea.

–Laguntza modu egokian jasotzea, ebazpenean zehazten den eduki eta iraupenarekin.

–Aukerako beste baliabide batzuk egokiagoak badira, haietara bideratuak izatea.

–Laguntzaren araubidean gertatzen diren aldaketen berri garaiz izatea.

–Zerbitzua hartzean edozein gorabehera izanez gero, kexa aurkeztuz erreklamatzea.

2. Betebeharrak.

Etxeko laguntza-zerbitzuaren erabiltzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Eskatzen den informazio guztia ematea, prestazioaren beharra sorrarazten duten inguruabarrak –arlo pertsonalean, familiarrean nahiz sozialean– baloratzeko.

–Jarrera egokia eta lagungarria izatea zerbitzua aurrera eraman dadin.

–Banakako laguntza programatik kanpoko lanik edo jarduerarik ez eskatzea.

–Zerbitzuko langileak dagokien duintasunari zor zaion begiruneaz tratatzea, eta haien gauzak errespetatzea.

–Zerbitzuaren kostuan parte hartzea, beren ahalbide ekonomikoaren arabera, dagokien kontraprestazioa ordainduz, hala behar izanez gero.

–Egoera pertsonal, familiar, sozial edo ekonomikoan gertatzen zaien edozein aldaketaren berri ematea, baldin eta etxeko laguntza-zerbitzua aldatzea, etetea edo azkentzea badakar.

–Bizilekua behar bezalako higiene, osasungarritasun eta segurtasun baldintzetan edukitzea, eta zerbitzua egokiro emateko beharrezkoak diren baliabideak eta baldintzak eskura jartzea. Hori guztia eginen da higienearen, osasungarritasunaren eta segurtasunaren aldetik Ordenantza honen IV. eranskinean ezarritako irizpideen arabera.

13. artikulua. Kasu bereziak.

IV. eranskineko osasungarritasun eta higiene irizpideak betetzea bermatzeko, eta frogaturik dagoenean zerbitzu honen onuradunak ez duela zuzeneko familiarik halakoak betetzen lagun diezaion, etxeko laguntza-zerbitzuaren ardura duten teknikariek behartasun egoera aztertuko dute, eta eskura dauden gizarte eta udal zerbitzu guztiez baliatuko dira egoera hori konpontzeko eta, horrela, behar diren osasungarritasun eta higiene irizpide guztiak betetzeko.

14. artikulua. Behar puntualak.

Behar puntualak direla eta, etxeko laguntza-zerbitzua kontratatu edo adjudikatu beharra badago, hori eginen da irabazi-asmorik gabeko ekimen sozialeko enpresekin, sektorean gutxienez lau urteko eskarmentua izatea frogaturik betiere, edo Burlatako Udalaren enplegu sozial babestuko planen bidez, bestela.

15. artikulua. Datuen babesa.

1. Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoaren 5. artikuluari jarraikiz, jakinarazten da eskabidean erregistraturiko datu pertsonalak sartuko direla Burlatako Udalaren ardurapeko eta Datuak Babesteko Espainiako Bulegoan inskribaturiko fitxategi batean, oinarri hauetan arautzen diren zerbitzuak kudeatzeko helburuz. Eskatzen diren datu guztiak beharrezkoak dira zerbitzu eskaerari erantzuteko, eta eskabidea aurkezteak berez dakar baimena ematea horiek eskuratzeko eta aztertzeko, eta horien gaineko agiriak emateko. Burlatako Udaleko Erregistro Orokorrera joz erabil daitezke datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko eta haien aurka egiteko eskubideak.

2. Bestalde, eskabidea aurkeztuz Burlatako Udalari baimena emanen zaio fitxategi automatizatuetan sartzen diren datu pertsonal, ekonomiko eta sozialak beste xede batzuetarako erabiltzeko, hala nola estatistiketarako edo ikerketa zientifikorako, datu pertsonalak babestearen gaineko arloan indarra duen araudian ezarritakoari jarraikiz.

3. Datu pertsonalak erabiltzea beharrezkoa den kasuetan, bermatuko da betetzen direla datuak babesteari buruzko legedia eta, hala behar bada, arlo horretako araudi sektoriala.

I. ERANSKINA

Esku-hartze teknikoaren protokoloa

ELZren esku-hartzea zehazteko beharrezkoa den esku-hartze profesionalaren prozesuak honako hauek behar ditu:

1.–Harrera eta orientazio soziala.

Profesionalaren eta eskatzailearen arteko lehen harremanari dagokio; aukera ematen du hastapenean adierazitako eskariari harrera egiteko, premien lehen balorazioa egiteko, lehen erantzuna emateko eta erreferentziazko harreman profesionala sortzeko.

Zer eskatzen den, eskaria nork aurkezten duen eta zerbitzua norentzat eskatzen den, horien guztien berri izanen du profesionalak.

Une horretan, baliabidearen berri ematen da, eta horrek espektatibak argitzen laguntzen du; orobat, argibide eta orientabidea ematen da etxeko laguntzarako edo bestelako beste baliabide batzuez, aukeran halakorik badago eskariari lehen erantzuna emateko.

Baliabide hau aplikatzearen komenigarritasuna baloratuta, eskabide eredua emanen zaio eskatzaileari. Bertan zehazten da ekarri behar duen dokumentazioa.

2.–Kasuaren azterketa.

Aurkezten den egoeraren ezagupen orokorra da. Horretarako, balorazio tresnak erabiliko dira, beste baliabide batzuekin koordinatuko da (osasuna, hezkuntza...), etxean ikustaldiak eginen dira, erabiltzailearekin eta sostengu sare informalarekin solas eginen da, onuradunak ekartzen duen dokumentazioa aztertuko da, eta, hala, informazioa bilduko da bizikidetza unitatearen egoera soziosanitarioaz eta sozioekonomikoaz, bai eta pertsonak, familiak eta sostengu sare informaleko beste batzuek (auzokideak, komunitatea) egoerari aurre egiteko dituzten baliabideez ere.

3.–Egoeraren diagnostikoa.

Egoeraren balorazio bat egin beharko da, arrazoitua eta interpretaziozkoa, honako hauek zehazturik:

–Erabiltzailearen premiak.

–Erabiltzaileak bere kasa betetzen ahal dituen premiak.

–Egunero laguntzen dion sostengu-sare informalak (familia, auzokideak eta boluntarioak) betetzen ahal dituen premiak.

–Bete gabe geratzen diren premiak, erabiltzailea etxean atxikitzeko behar direnen artean, zehazturik horietatik ELZk edo horretarako behar diren beste baliabide batzuek beren gain har ditzaketenak.

–Bizilekua egokitzeko eta ekipamendu egokiz hornitzeko dauden premiak.

4.–Banakako laguntzarako proposamena. Esku-hartzearen diseinua.

Behar bezala zehaztutako agirietan jasoko da:

4.1. Erabiltzaileen oinarrizko datuak:

–Datu pertsonalak (izen-deiturak, adina, helbidea, etab.), behar diren osasun datuak, harremanetarako pertsonak, bizikidetza egoera eta harreman sozialak.

4.2. Esku hartzeko proposamen teknikoa, horren barnean:

–Esku-hartzearen helburuak.

–Egin beharreko lanak/jarduerak.

–Laguntzaren maiztasuna.

–Esku hartu behar duten profesionalak.

–Laguntza-zerbitzua emateko ordutegia.

–Aurreikusten den laguntza-epea.

–Koordinazio premiak, bai barnean, etengabeko jarraipena egiteko, bai kanpoan, koordinazioa egin behar den zerbitzuekin, eta horretarako erabili behar den sistema.

–Erabiltzailearen ekarpen ekonomikoaren kalkulua.

4.3. Bi alderdien konpromisoa.

ELZk erabiltzaileei eta familiei eskaintzen dien laguntzaren planteamendua, egin beharreko lanen gaineko konpromisoen formalizazioa, eta tartean diren guztien dedikazio denbora.

5.–Esku-hartzearen hasiera.

–Esku-hartzea hasten da erabiltzailearen etxean egiten den lehenengo zerbitzu zuzenarekin, planteatu den esku-hartzearen proposamen teknikoari jarraikiz.

–Horretarako, esku hartu behar duten langileek beharrezkoa den informazio guztia izanen dute, beren lana ahalik eta ongien egiteko.

–Etxeko laguntzaren hasieran ELZko profesional hauek egonen dira bertan: gizarte-langilea, ELZko kudeaketaren arduraduna eta familia-langilea, etxeko esku-hartzearen arduraduna, alde guztiek konpromiso kontratua sina dezaten.

–Hasiera batean, funtsezkoa da baloratzea esku-hartze profesionaleko planaren egokitasuna, malgutasun eta moldagarritasun handiekin, erabiltzailearen egoera zein den, bestelako sostengurik behar ote duen eta laguntzarako ematen den denbora nahiz esku-hartze planean ezarritako jarduketak aski ote diren aintzat harturik.

6.–Jarraipena eta ebaluazio jarraikia.

–Daitekeena da esku-hartzearen jarraipenean zenbait egoera ikustea, aldaketak egitea ekarriko dutenak hasiera batean diseinatutako banakako laguntza proposamenean.

–Funtsezko aldaketak izan badira (autonomia mailan, familia unitateko kideen aldetik, sostengu soziofamiliarrean, egoera ekonomikoan, etab.), kasuaren beste balorazio bat eginen da.

–Aldaketak garrantzitsuak ez badira (laguntza egunak eta/edo orduak aldatzea, laguntza emanen duen familia-langilea aldatzea), hasiera batean proposatutako banakako laguntzarekin segituko da.

7.–Espedienteko dokumentazioa.

Espedientean honako hauek jasoko dira:

–Gizarte egoerari buruzko txostena.

–Mendekotasuna baloratzeko tresna.

–ELZko zerbitzua abiatzeko proposamena.

–Banakako laguntzarako proposamena. Esku-hartzearen diseinua.

–Zerbitzuaren baldintzen agiria/erabiltzaileak ordaindu beharreko kuota.

–Alderdiek hartutako konpromisoen agiria.

Eskaria eta balorazio profesionala erregistratuko dira behar diren euskarri dokumentaletan (espedientea) eta informatikoetan (SIUSS).

8.–Itxarote-zerrenda.

Itxarote-zerrendan daudenen egoera gehienez ere urtebetera berraztertuko da, alde batera utzi gabe zerbitzuak bere eguneroko jardueran egiten duen etengabeko ebaluazioa.

2. ERANSKINA

ELZ eskatzeko aurkeztu behar diren agiriak

ELZ hartzeko eskabidea dagokion toki entitatearen erregistroan aurkeztuko da, horretarako ematen den ereduan, ondotik ematen den dokumentazioarekin batera, familia unitateko kide guztiei dagokienez (9. artikuluan ezarritakoari jarraikiz).

–NANaren fotokopia.

–Norbanakoaren osasun txartelaren fotokopia.

–Osasun etxeak egindako txostena, onuradunari eta, hala behar denean, mugak dituzten bizikideei buruzkoa.

–Janari prestatuak eskatuz gero, medikuaren txostena aurkeztu beharko da, aditzera emateko familia medikuak agindutako dieta, halakorik agindu badu.

–Onuradungaien desgaitasun mailaren ziurtagiria, halakorik badute.

–Erabiltzaileen mendekotasun mailaren eta graduaren aitorpen ofiziala.

–Errolda eta bizikidetza ziurtagiria.

–Azken ekitaldi fiskaleko PFEZaren aitorpenaren fotokopia.

–Egin ez badu, PFEZren aitorpen negatiboa, Ogasun Departamentuak emana, eta aurreko ekitaldiko diru-sarreren gordekinekin batera (nominak, pentsio eta/edo bestelako prestazioak hartu izanaren ziurtagiria, kapital higigarri eta higiezinaren etekinak), edo, halakorik ez bada, dagozkien diru-sarreren zinpeko aitorpena.

–Banku-baimena, kontu zenbakia.

–Etxebizitza alokatu edo erostearen ondoriozko gastu kengarrien frogagiriak, behar bezala egiaztatuak (9. artikuluan jasoriko gastuak).

Bizikidetza unitatearen egoera nolakoa den, beste agiri batzuk aurkezteko errekerimendua egiten ahalko da, eskaeraren gaineko ebazpena emateko beharrezkoak badira.

Entitatearen esku dagoen dokumentazioa ez da aurkeztu beharko, ez eta hark zuzenean eskuratzen ahal duena ere.

3. ERANSKINA

Aplikatu beharreko tarifen sistema

ERRENTA MAILAREN TARTEAK

TARIFAREN ESKALA

PCEG (per capita errent. garb.) < LGS (lanbide arteko gutx. sold.)

3 euroko tarifa finkoa, hilean

LGS - LGSaren % 105

6 euroko tarifa finkoa, hilean

LGSaren % 105 - LGSaren % 120

Prezio publikoaren 0,15

LGSaren % 120 - LGSaren % 135

Prezio publikoaren 0,30

LGSaren % 135 - LGSaren % 150

Prezio publikoaren 0,45

LGSaren % 150 - LGSaren % 165

Prezio publikoaren 0,60

LGSaren % 165 - LGSaren % 180

Prezio publikoaren 0,75

LGSaren % 180 - LGSaren % 195

Prezio publikoaren 0,90

PCEG > LGSaren % 195

Prezio publikoa

Hileroko tarifa finkoak urtero igoko dira, urte bakoitzari dagokion KPIaren igoera adina.

“Janari prestatuen zerbitzuengatik” jarraian azaltzen diren prezio publikoak aplikatuko dira, errenta mailaren arabera:

Egiazko kostuaren arabera ordainduko ditu erabiltzaileak etxera eramaten zaizkion janari prestatuak, salbu eta haren per capita errenta taula honetan jasotzen direnetakoa bada:

LGSaren % 65etik beherako diru-sarrerak

Kostu osoaren % 60

LGSaren % 65etik % 80ra bitartekoak

Kostu osoaren % 70

LGSaren % 80tik % 95era bitartekoak

Kostu osoaren % 80

LGSaren % 95etik gora

Kostu osoaren % 100

Azken kasu horretan Udalak ez du inolako zor-erantzukizunik hartzen bere gain enpresa hornitzailearekin.

Janari prestatuak etxera eramateko garraioaren % 12 erabiltzaileak ordainduko du, eta Udalak % 88, kostu errealaren arabera.

4. ERANSKINA

Ergonomiako, segurtasun eta osasungarritasuneko eta higieneko irizpideak

Ergonomia irizpideak:

Ohean eri direnen garbiketa egiten denean (mugikortasun urrikoak):

–Orga jasotzailedun ohea.

–Logela egokitzea ohearen bi aldeak libre uzteko, lana gorputz-jarrera egokietan egin ahal izateko.

–Gau-mahai bat edo antzekoa edukitzea, garbiketarako pertzak garaiera egokian jarri ahal izateko.

Jaikitzeko eta ohetik eserlekura eta alderantziz joateko:

–Jaikitzen den pertsona ezin bada berez zutik egon eta ezin badu lagundu, garabia eduki beharko da.

–Altzariak jarriko dira garabia erarik erosoenean erabiltzeko moduan.

Dutxako edo bainuontziko laguntzak:

–Paretari torlojuz josiriko bi helduleku, garaiera egoki batean.

–Zoru irristagaitza eta/edo ez irristatzeko alfonbra edo zintak.

–Eserleku egoki bat, erabiltzaileak dutxa edo bainuontziaren barnean eseri ahal izateko.

Paseoetan:

–Ezegonkortasuna edo ibileraren narriadura izanez gero, ibiltzeko gailua edo gurpil-aulkia erabili beharko da.

–Laguntza teknikoak (ibiltzeko gailuak, gurpil-aulkiak, etab.) erabiltzeko egoera egokian egonen dira: gurpilak puzturik, takoak higatu gabe, doiturik.

–Gurpil-aulkiek gurpil handiak izatea, mugitzea errazago izan dadin.

Erosketetan:

–Erosketarako orgak lau gurpilekoa izan beharko du. Orgak egoera onean egonen dira, gurpilak doiturik eta higatu gabe dauzkatela.

Bizilekuko mantentze-lanetan:

–Erratz, lanbasa eta palen giderrek izan beharko dute erabiltzaile eta langileen ezaugarrietara egokitzeko modukoak; hala, bada, hoberena izanen da garaiera doigarrikoak izan daitezen.

Segurtasun irizpideak:

–Bizilekuak egon behar du bizigarritasun eta segurtasunerako egoera onean.

–Gas eta argindar instalazioek egoera onean egon behar dute.

–Ez da estufa elektrikorik erabili behar dutxa eta/edo uretik hurbil.

–Etxebizitzako atea ez da giltzaz itxiko etxeko laguntza-zerbitzua ematen ari den bitartean.

Osasungarritasun eta higiene irizpideak:

–Bizilekuak egon beharko du higiene egoera egokian.

–Erabiltzaileak eta/edo familiak jakinarazi beharko dute gaixotasun kutsagarririk dagoen, kutsatzea saihesteko babes berezia behar duenik, etxeko laguntza-zerbitzua ematen ari den bitartean.

–Ez da erreko etxeko laguntza-zerbitzua ematen ari den denboran.

–Bizilekuan konpainia-animaliarik badago, beste gela batean egon beharko du, etxeko laguntza-zerbitzua ematen ari den bitartean.

Iragarkiaren kodea: L2003308