61. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

108/2020 EBAZPENA, martxoaren 16koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiarena, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea hauteskunde sindikalen aldi baterako etenaldi bereziari buruzko erabakia, Nafarroako Foru Komunitateko Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordeko kideek sinatutakoa.

Koronabirusa arazo larria da osasun publikoarentzat, eta haren eragina gero eta handiagoa da bai enpresetan bai langileengan. Horregatik, beharrezkoa da neurri bereziak hartzea enpresetan eta administrazio publikoetan egitekoak diren hauteskunde sindikaletan.

2020ko martxoaren 16an, Nafarroako Foru Komunitateko Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordeko kideek erabaki bat sinatu zuten, helburu duena aldi baterako etenaldi berezia egitea foru komunitate honetako enpresetan eta administrazio publikoetan diharduten langileen ordezkarien organoetarako hauteskunde prozesuetan.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari dagozkio hauteskunde sindikalen erregistroaren gaineko eskudantziak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Nafarroako Foru Komunitateko Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordeko kideek sinatutako erabakia, helburu duena aldi baterako etenaldi berezia egitea foru komunitate honetako enpresetan eta administrazio publikoetan diharduten langileen ordezkarien organoetarako hauteskunde prozesuetan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 16an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO HAUTESKUNDE SINDIKALETAKO JARRAIPEN ETA KONTROL BATZORDEKO SINDIKATUEN ERABAKIA, HAUTESKUNDE PROZESUAK ETETEKO COVID-19 BIRUSAK ERAGINDAKO LARRIALDI SANITARIOAK IRAUTEN DUEN BITARTEAN

2020ko martxoaren 16an bildu dira Hauteskunde Sindikaletako Batzordeko kideak; honako hauek:

–Javier Zubicoa, Lan Zerbitzuko zuzendaria, eta Garapen Ekonomikorako Departamentuaren ordezkari gisa.

–Honako hauek, Nafarroako Hauteskunde Sindikaletako Batzordea osatzen duten sindikatuetako ordezkari gisa:

Amaia Villanueva, UGT ordezkatuz.

Javier Ibáñez, CCOO ordezkatuz.

Oskar Rodríguez, ELA ordezkatuz.

Ainhoa de Miguel, LAB ordezkatuz.

ADIERAZTEN DUTE:

COVID-19 birusaren izurritea dela-eta sortu den larrialdi sanitarioa kalte handia eragiten ari da enpresetan eta Nafarroako langileengan, eta horregatik da premiazkoa hauteskunde sindikalen esparruan ere neurri bereziak hartzea.

Nafarroako Foru Komunitateko Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordea sortzeari buruzko urriaren 3ko 182/1994 Foru Dekretuan (1994ko 124. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua, urriaren 14an) ezarritakoaren arabera, batzorde horri dagokio, besteak beste, Nafarroan egiten diren hauteskunde sindikalak kontrolatzea eta gainbegiratzea.

Horrenbestez,

ERABAKITZEN DUTE:

Lehena.–Martxoaren 17tik (asteartea) aitzina, aldi baterako etetea hauteskunde sindikal guztiak.

Edonola ere, enpresa bateko hauteskundeetan parte hartzen ari diren hauteskunde-mahaiek eta sindikatuek aho batez erabaki dezakete etenaldia gaurtik aurrera (martxoak 16, asteartea) izatea.

Bigarrena.–Erabaki hau indarrean egonen da Nafarroan bizi dugun larrialdi sanitarioko egoerak irauten duen bitartean. Aldeetako edozeinek proposatzen ahalko du hauteskundeei berriro ekitea, baina horretarako alde sinatzaile guztiek egon beharko dute ados.

Hirugarrena.–Hauek dira etenaldiaren baldintzak:

–Sindikatuek erabaki dute ez dutela aurreabisurik erregistratuko.

–Gaur egun martxan diren hauteskunde prozesuak bertan behera geratzen dira. Etenaldia gertatu zenean zeuden egoera beretik abiaraziko dira berriro, agiri honen lehenengo puntuan adierazitakoarekin bat.

–Langileen Estatutuaren 67.3 artikuluan xedatutakoaren arabera, langileen delegatuek eta enpresa batzordeetako kideek beren eskumenei eta bermeei eutsiko diete, eta beren zereginetan jardunen dute beste hauteskunde batzuk egin bitartean.

–Gaur egun martxan diren arbitraje prozesuak bertan behera geratzen dira.

–Etenaldi honek irauten duen bitartean, aurkaratzeei buruzko komunikazioak erregistro elektronikoaren bidez egiten ahalko dira.

–Ordezkagarritasunari dagokionez, Administrazioak argitaratutako azken datua (2020ko urtarrilekoa) hartuko da kontuan.

–Sindikatuek intzidentziarik ez erregistratzeko konpromisoa hartzen dute beren gain.

–Onartzen den intzidentzia bakarra hau izanen da: langileen legezko ordezkari batek edo batzuek beren kargua uztea legez ezarritako arrazoiren bat dela-eta. Kasu horretan, boto gehien jaso dituen hurrengo pertsonak ordezkatuko du, sindikatu berekoa izan edo beste batekoa. Orobat, Hauteskunde Sindikalen Bulego Publikoak mezu elektroniko bat bidaliko die Batzordeko kideei, oniritzia eman diezaioten intzidentziari; horretarako, gehienez, bi egun izanen dituzte. Ez badute ezer esaten, ordezkapenarekin ados daudela ulertuko da.

–Administrazioak komunikazio bat bidaliko die une honetan hauteskundeak martxan dituzten enpresei.

–Erabaki honetan jasota ez dauden egoerei erantzuteko, komunikazio bat bidaliko zaie mezu elektroniko bidez Hauteskunde Sindikaletako Batzordeko kideei, egoera aztertu eta egoki irizten diotena erabaki dezaten.

Hirugarrena.–Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzuko zuzendariak ebazpen bat emanen du, erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadin agintzeko.

UGT

CCOO

ELA

LAB

Iragarkiaren kodea: F2004055