6. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 10a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

282E/2019 FORU AGINDUA, abenduaren 26koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana. Honen bidez onesten da maiztasun-modulazioko uhin metrikoen soinuzko irrati-hedapenerako soinuzko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren hiru lizentzia (bi Auritzen eta bat Iruñean) emateko lehiaketa.

Soinuaren maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati-hedapenari buruzko Plan Teknikoa onetsi zuen irailaren 1eko 964/2006 Errege Dekretuak I. eranskinaren 14. artikuluan jasotzen du pertsona fisikoek edo juridikoek zeharkako kudeaketaren bidez maiztasun-modulazioko uhin metrikoen soinuzko irrati-hedapenerako irratiak ustiatzea. Eta errege dekretu horrek, II. eranskinean, pertsona fisikoek edo juridikoek zeharka kudeatzen dituzten maiztasun-modulazioko uhin metrikoen soinuzko irrati-hedapenerako irratien zerrenda biltzen du; pertsona fisikoek edo juridikoek kudeatu behar dituzte irrati horiek erkidego bakoitzean.

Eskumen hori gauzatzeko, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak lehiaketa publiko bat onetsi zuen 2017ko abuztuan (31/2017 Foru Agindua, abuztuaren 7koa, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuko kontseilariarena) Nafarroarako erreserbatu diren eta erabilgarri zeuden hiru irrati lizentziaren eskaintza egiteko (lizentzia bat Nafarroako hiriburuan eta bi Auritzen).

31/2017 Foru Aginduaren aurka, gora jotzeko errekurtso bat aurkeztu zuen merkataritza-etxe batek, eta hori baietsi zen Nafarroako Gobernuaren 2017ko azaroaren 22ko Erabakiaren bidez. Horren ondorioz, Iruñerako aurreikusitako lizentzia (105.6 MHz) kendu egin zen lehiaketa horretatik.

Bestalde, Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren martxoaren 28ko 12/2018 Foru Aginduak deklaratu zuen Auritzerako aurreikusitako bi irrati lizentziak (93.2 MHz eta 97.9 MHz) eman gabe gelditu zirela. Foru agindu horrek 2017ko abuztuan deitu zen lehiaketa ebatzi zuen, irratirako aurkeztutako lau proposamenetako batek ere ez zuelako gainditzen irrati-programazioaren balorazioaren atalean aurreikusitako gutxieneko puntuazioa.

Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak otsailaren 20an emandako 10/2019 Foru Aginduaren bidez, maiztasun-modulazioko uhin metrikoen soinuzko irrati-hedapenerako soinuzko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren hiru lizentzia horiek (bi Auritzen eta bat Iruñean) emateko lehiaketa onetsi zen.

Hilabete batzuk igarota, baina, partikular batek Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren otsailaren 20ko 10/2019 Foru Aginduaren bidez deitutako lehiaketaren aurka jarritako gora jotzeko errekurtsoa baietsi zuen Nafarroako Gobernuak 2019ko uztailaren 17an emandako Erabakiaren bitartez, eta prozedura bertan behera geratu zen. Hain zuzen, prozedura hari berriro heldu nahi zaio lehiaketa publikorako espediente berri honekin.

Nafarroako Foru Komunitateak oraindik ere erabilgarri ditu (esleitu gabe) 2017ko abuztuko eta 2019ko otsaileko lehiaketen xede izan ziren hiru maiztasunak. Maiztasun horietako bi (93.2 MHz eta 97.9 MHz, hain zuzen) Auritz mugapekoak dira, eta hirugarrena (105.6 MHz), berriz, Iruñekoa.

Lizentziak emateko aplikatu beharreko araudiak honako hauek dira: alde batetik, oinarrizko araudia, hau da, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra; eta, beste aldetik, horren Nafarroako erregelamenduzko garapena, hots, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko 5/2012 Foru Dekretua.

Bi arauek ikus-entzunezko lizentziak emateko prozedura ezartzen dute, betiere lehiaketa publiko baten bidez egin beharko dena, baita aurkezten diren eskaintzak baloratzeko baremo batzuk ere; baremo horiek dagoeneko egituratuta daude foru araudian.

Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuak ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuen arloan eskuduna den departamentuko titularrari esleitzen dio ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren lizentziak emateko lehiaketa publikoaren deialdia egitea. Legegintzaldi honetan (2019-2023), Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak du eskumen hori, halaxe ezarri baitu Nafarroako Gobernuaren departamentuen egitura ezartzen duen lehendakariaren abuztuaren 7ko 22/2019 Foru Dekretuak.

Amaitzeko, jaso behar da hiru irrati lizentzia horien lehiaketarako proposatzen diren oinarriek 2017ko eta 2019ko otsaileko lehiaketetan sartu ziren hobekuntzei eusten dietela, 2012ko aurreko deialdiaren aldean. Hona hemen:

–Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioek bakarrik osatuko dute balorazio mahaia, eta ebaluazio-organo horretan ez da egonen behin-behineko langilerik (zuzendari nagusiak).

–Betebehar berri gisa ezartzen da ezen lehiaketa honetan lizentzia lortzen dutenek sei hilabeteko epean abiarazi behar dutela irrati-proiektua, hala bukaera eman dakien segurtasun juridikorik gabeko egoerei, esaterako aurreko lehiaketen ondorioz izandakoei, onartutako lizentziak itzultzea exijitu zenean horiek ez ustiatzeagatik.

–Protagonismo handiagoa ematea irratien ekoizpen propioari eta tokiko edukiei. Eskaintzak baloratzerakoan, franko handitu da eskaintza bakoitzari ematen ahal zaion puntuazioa ekoizpen propioko edukien arabera, 2012ko deialdi publikoaren aldean.

Aurtengo otsailean deitu eta uztailean baliogabetu zen lehiaketaren aldean, zuzenketa hauek sartu dira:

–Lehiaketak eragindako udalerrietan dagoeneko lanean ari diren titularrek ezin zuten lizentzia eskatu. Debeku hori, baina, kendu egin da. Dena den, irrati eskaintzaren gaineko mugak oinarrizko eta foru komunitateko araudiaren arabera arautu dira, eta aniztasunaren printzipio orokorra aplikatuta. Izan ere, herritarrei ahalik eta programazio aberats eta anitzena eskaintzea bilatzen da.

–Lehiaketan parte hartu ahal izateko behin-behineko bermeak eratzeko beharra kendu egin da.

–Balorazio irizpideak, oro har, aldatu egin dira. Orain modu argiagoan idatzita daude, eta bat datoz hizpide dugun arloa arautzen duen 5/2012 Foru Dekretuaren 12. artikuluan ezarritakoarekin.

–Balorazio irizpideetatik kendu egin da enplegua sortu edo sendotzeagatik aurreikusita zegoen puntuazioa.

–Iruñerako eskaintzen den lizentziaren kasuan, euskarazko programazioaren balorazioa doitu egin da, hizkuntza horrek eremu mistoan duen erabilera-portzentajeari jarraituz (2017an egindako Nafarroako Foru Komunitatearen VI. Inkesta Soziolinguistikoaren datuak). Orobat, programazio propioaren arabera kalkulatuko da, eta ez programazio osoaren arabera. Horren helburua da ez mugatzea emisoretik kanpo egin daitekeen eskaintza.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuaren departamentuen egitura ezartzen duen lehendakariaren abuztuaren 7ko 22/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Lehiaketa publiko bat deitzea Nafarroako Foru Komunitatean maiztasun-modulazioko uhin metrikoen soinuzko irrati-hedapenerako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuaren hiru lizentzia emate aldera. Maiztasun horietako bi (93.2 MHz eta 97.9 MHz, hain zuzen) Auritz mugapekoak dira, eta hirugarrena (105.6 MHz), berriz, Iruñekoa.

2. Deialdia arautuko duten oinarriak onestea. Foru agindu honen eranskinean daude.

3. Deialdi hau eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus) argitaratzea.

4. Foru agindu hau igortzea Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusira, Informatikaren, Telekomunikazioen eta Berrikuntza Publikoaren Zuzendaritza Nagusira eta Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusira, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Administrazio bidea amaitzen ez duen foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2019ko abenduaren 26an.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEAN MAIZTASUN-MODULAZIOKO UHIN METRIKOEN SOINUZKO IRRATI-HEDAPENERAKO IKUS-ENTZUNEZKO KOMUNIKAZIO-ZERBITZUA EMATEKO LIZENTZIETARAKO LEHIAKETA PUBLIKOA ARAUTZEN DUTEN OINARRIAK

1. oinarria.–Xedea.

Agiri honen xedea da Nafarroako Foru Komunitatean maiztasun-modulazioko uhin metrikoen soinuzko irrati-hedapenerako ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuak emateko lizentzietarako lehiaketa publikoa arautu behar duten baldintzak ezartzea, Soinuaren maiztasun modulatuko uhin metrikoen bidezko irrati-hedapenari buruzko Plan Teknikoa onetsi zuen irailaren 1eko 964/2006 Errege Dekretuan jasotako plangintzaren arabera.

Lehiaketa honen xede dira plangintza horrek Nafarroarako ezarri dituen eta hutsik dauden hiru lizentziak:

–Aurizko 93.2 MHz-eko eta 97.9 MHz-eko maiztasuna (Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren martxoaren 28ko 12/2018 Foru Agindua).

–Iruñeko 105.6 MHz-eko maiztasuna (Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariaren abenduaren 17ko 31/2015 Foru Agindua).

Hiru irrati horietako bakoitzaren xehetasun teknikoa oinarri hauen I. eranskinean kontsultatu daiteke.

2. oinarria.–Lizentziaren titularra izateko baldintzak.

Lizentziak lortu ahal izateko, beharrezkoa da Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 25. artikuluan ezarritako baldintzak betetzea.

Ezin izanen dira lehiaketa honetara aurkeztu Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 26.1 artikuluak lizentzia baten titular izateko ezarritako eragozpenetakoren bat dutenek (ikus-entzunezkoaren arloko ordena publikoko arrazoiak).

Lizentziak pertsona fisiko zein juridikoek eskura ditzakete, helburu komertzialekin edo irabazi-asmorik gabe.

3. oinarria.–Irrati eskaintzaren mugak.

Aplikatzekoak diren bestelako mugak gorabehera, lizitatzaile bakoitzak udalerri bakoitzean lizitatzen diren maiztasunetarako adina eskabide aurkeztu ahal izango ditu: bi Auritzen eta bat Iruñean.

Aurizko maiztasunen kasuan, lizitatzaile berak bi eskaera aurkezten baditu, guztiek izan dezakete proposamen tekniko berbera, baina bakoitzak bere irrati eskaintza izan beharko du, hau da, edukien programazio guztiz bestelakoak izan behar dituzte oinarrian, bai ekoizpen propioko programek, bai besteek ekoitzitakoek, horrelakorik edukiz gero (beste irrati batzuekin emititu ditzaketen kate-emisioak barne).

Eskatzaile batek aurkezten badu Iruñerako eskaintza bat baino gehiago edo Auritzerako bi eskaintza edo gehiago baina irrati-proiektu berberarekin, azkena erregistratzen dena baizik ez zaio onartuko, eta aurkezten dituen gainerakoak baztertu eginen dira.

Enpresa talde bereko pertsona juridikoek lehiaketa honetarako eskaera bat baino gehiago aurkezten badituzte, joko da, Merkataritza Kodearen 42. artikuluak aipatzen dituen kasuen arabera, eskaera guztiak eskatzaile bakar batenak direla.

Eskaera bat elkarrekin aurkezten duten pertsona fisiko edo juridikoek ezin izanen dute beste eskaintzarik aurkeztu udalerri bererako, banaka nahiz beste edozein pertsona fisiko edo juridikorekin batera. Baldintza hori ez betetzeak berekin ekarriko du eskatzaile horrek udalerri horretarako aurkeztutako eskaera guztiak baztertzea.

4. oinarria.–Nafarroako hizkuntza ofizialetan egindako programazioa.

Lehiaketa honetan ematen diren lizentziak eskuratzen dituztenek Nafarroako Foru Komunitatean koofizialak diren bi hizkuntzetako batean, edo bietan, eman beharko dute zerbitzua.

5. oinarria.–Lizentzien iraupena eta aplikatu beharreko araubide juridikoa.

Oinarri hauetan aipatzen diren lizentziak hamabost urterako emanen dira, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 21. artikuluan eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 28. artikuluan aipatzen diren berritzeak.

Lehiaketaren xede diren lizentziei aplikatu beharreko araubide juridikoa honako hau da: Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretua eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra.

6. oinarria.–Organo eskuduna.

Eskaerak tramitatzea Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusian ikus-entzunezko arloan eskumenak dituen unitateari dagokio.

Lehiaketa ebaztea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari dagokio.

7. oinarria.–Zerbitzua emateko baldintzak.

7.1. Lizentzien adjudikaziodunak ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen eta telekomunikazioen arloan indarra duen araudia betetzera behartuta daude. Edonola ere, eskaeretan beren gain hartzen dituzten konpromisoak bete beharko dituzte, baita betebehar eta baldintza hauek ere:

a) Lizentziaren xede den zerbitzua zuzenean ematea, horren gaineko negozio juridikoak egiteko aukera galarazi gabe, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 22. artikuluan eta Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

b) Lizentziaren ezaugarri teknikoak errespetatzea, indarreko araudiak ezarritako lokalizazio, potentzia, maiztasun eta beste edozein baldintza teknikori buruzkoak direnak eta zerbitzua emateko araubidearekin zerikusia dutenak; eta ekipoen kalitate teknikoari eustea, Telekomunikazioen Nazioarteko Batasuneko (TNB) Irrati-komunikazioen sektorearen irizpideen arabera.

c) Proposatutakoaren araberako irrati emanaldiak sei hilabeteko epean abiaraztea, lehiaketa hau ebatzi eta hurrengo egunetik aurrera zenbatuta. Horrela egiten ez badu, lizentziaren titularrari egotzi ezin zaizkion arrazoi objektiboengatik, sei hilabetetik gorakoa izanen ez den luzapen bakarra eska diezaioke hamabi hilabeteko epe horren barnean Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari emanaldiak abiarazteko.

d) Zerbitzua etengabe emanen dela ziurtatzea, lizitatzaileak eskaintzan bere gain hartzen dituen eta lizentzia emateko oinarritzat hartzen diren konpromiso eta baldintzekin bat. Zerbitzua ezin izanen da eten, ezinbesteko kasuetan izan ezik, irrati difusio soinudunaren arloko organo eskudunak baimenik ematen ez badu.

e) Nafarroako Gobernuak edo zehazten diren beste agintari batzuek, interes publikoko arrazoiengatik, edozein unetan eta larrialdietan bidalitako adierazpen, ohar edo abisu ofizialak doan zabaltzea, jatorria aipatuta.

f) Egiaztapenak eta ikuskapenak egiteko erraztasunak ematea, lizentziaren baldintzak betetzen direla egiaztatzearren, eta informazioa emateko eta emititutako programak artxibatzeko betebeharrak betetzea, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 34.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

g) Ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuen arloan eskumena duen organoari jakinaraztea irratiko zuzendariaren izendapena, baita ordezkoarena ere, zuzendaria kanpoan edo eri denean edo lanpostua hutsik dagoenean.

h) Legez ezartzen diren kanonak eta tasak behar den epean eta moduan ordaintzea.

i) Nafarroako ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak ematen dituztenen Erregistroari dagokionez ezarrita dauden betebeharrak betetzea. Betebehar horiek Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 29. artikuluan ezarrita daude.

Zerbitzua emateko funtsezko baldintza gisa hartzen dira oinarri honen a, b, c, d eta f letretan ageri direnak.

7.2. Lizentziaren titular bakoitzari aplika dakizkiokeen funtsezko baldintzak eta, bereziki, lizitatzaileak eskaeran bere gain hartzen dituen eta lizentzia emateko oinarri hartzen diren konpromisoak betetzen ez badira, lizentzia baliogabetu eginen da, deusetan galarazi gabe aplikatu beharreko oinarrizko araudia oinarri hartuta ezar daitezkeen administrazio zehapenak.

8. oinarria.–Esleitzeko modua.

Agiri honetan aipatzen diren lizentziak lehiaketa publikoaren bidez emanen dira, Nafarroako Foru Komunitateko ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuei buruzko urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuarekin bat etorriz.

9. oinarria.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkezteko epea.

Eskaerak eta dokumentazio osagarria hurrengo apartatuetan adierazitako moduan, lekuan eta epean aurkeztu beharko dira. Eskaera aurkezteak berekin dakar adjudikazio-hartzaileak agiri honetako klausulak baldintzarik gabe onartzea.

–Modua:

Eskaera bakoitza gutun-azal nagusi batean aurkeztuko da, eta kanpoaldean honako hau adieraziko da, dagokionaren arabera: “Aurizko irrati lizentziaren eskaera” edo “Iruñeko irrati lizentziaren eskaera”. Interesdunak sinatu beharko du, edo behar bezala ahalmendutako legezko ordezkari batek, eta barnean beste bi gutun-azal izanen ditu, eduki honekin:

1. Lehenengoak “DOKUMENTAZIO ADMINISTRATIBOA” izena hartuko du, eta 13. oinarrian zerrendatutako agiri guztiak bilduko ditu.

2. Bigarrenak “DOKUMENTAZIO TEKNIKOA: IRRATI-PROIEKTUA” izena hartuko du, eta 14. oinarrian zerrendatutako agiri guztiak bilduko ditu.

–Aurkezteko epea eta lekua:

Eskaerak aurkezteko epea bi hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskaeretan, eskatzailearen gaitutako helbide elektronikoa adieraziko da, horixe izanen baita lehiaketari buruzko jakinarazpen guztiak egiteko bide bakarra.

Eskaerak Nafarroako Gobernuaren erregistro bulegoetan aurkeztuko dira, paperean (https://www.navarra.es/home_eu/Servicios/AtencionCiudadana/Oficinas.htm).

Aurkezteko administrazio prozeduraren araudian ezarritako beste edozein bulego edo baliabide aukeratzen bada, Nafarroako Gobernuari horren berri eman beharko zaio, aipatutako aurkezpen epean, comunicacion@navarra.es helbidera mezu elektroniko bat bidalita eta dagokion egiaztagiria erantsita. Jakinarazpen hori egin arren, Nafarroako Gobernuak ez badu eskaera jasotzen aurkezteko epea bukatu eta hamar egun balioduneko epean, eskaera ez da onartuko.

10. oinarria.–Bideragarritasun ekonomikoa.

Irabazi-asmorik gabeko erakundeek proiektuaren memoria ekonomikoa aurkeztu beharko dute, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 32.6 artikuluan aurreikusitako moduan eta mugekin.

Helburu komertzialak dituzten pertsona fisikoek eta juridikoek memoria ekonomikoa aurkeztuko dute. Hor, oro har, irratiaren kudeaketa eredua, bideragarritasun ekonomikoa eta proposatutako zerbitzua abian jarri eta emateko beharrezkoak diren giza baliabideak eta baliabide materialak deskribatuko dira.

Ikuspegi orokorraz gain, lizitatzaile komertzialak jarraian aipatzen diren alderdiak zehaztu beharko ditu:

–Proiektuaren bideragarritasun ekonomiko-finantzarioa eta negozio plana: lizitatzailearen deskribapena aurkeztuko da, eta bere baliabide ekonomikoak (funts propioak, finantzatzeko ahalmena...) eta zerbitzua ustiatzeko esleitutako bitartekoak ere bai. Halaber, bere irrati eskaintzarekin bat datorren negozio plana erantsi beharko da, arrazoitua, proiektua abian jartzeko eta irauteko zentzuz behar diren kudeaketako eta finantzaketako tresnak zehaztuz. Horrez gain, aurrekontuak aurkeztuko dira, diru sarrerak eta gastuak (hasierako inbertsioak barne) eta irratiaren lehenengo bi funtzionamendu urteetarako diruzaintza-fluxuak zehaztuta.

Dokumentazioa Kontabilitateko Plan Orokorraren eredu ofizialaren arabera aurkeztuko da, edo ETEen Kontabilitateko Plan Orokorraren ereduaren arabera, irrati lizentzia kudeatzen duen enpresaren edo erakundearen tamainaren arabera.

–Antolaketa eredua eta giza baliabideak: zerbitzua emateko giza baliabideen eta antolaketa baliabideen plana, eskumen arloak, eredu operatiboa eta kudeaketan eraginkortasuna bideratzeko funtsezko oinarriak deskribatuko dira. Irratiko langileen lanbide profilak berariaz aurkeztu beharko dira.

Balorazio mahaiak eskaintza onar dezan, haren dokumentazio ekonomikoak jaso beharko du zer inbertsio eta zer gastu egin behar diren lizentzia behar bezala ustiatzeko, aurkeztutako eskaintzarekin bat; eta, bermatu beharko du finantzazioa nahikoa eta iraunkorra dela, irratia ekonomikoki bideragarria izan dadin lizentziak dirauen bitartean. Gainerako eskaintzak ez dira onartuko eta ez dira baloratuko lehiaketa honen hurrengo oinarriaren arabera.

Halaber, ez dira onartuko merkatuko prezioetatik beherako gastu zenbatespenak aurkezten dituzten memoria ekonomikoak, ez eta beren langileen baldintza ekonomikoak bermatzen ez dituztenak ere, kasuan kasuko sektore eta kategoria profesionaletan aplikatu beharreko lan hitzarmenen arabera.

Halaber, ez dira onartuko merkatuaren gainetiko sarrera zifrak dituzten memoria ekonomikoak.

11. oinarria.–Aurizko bi lizentziak baloratzeko irizpideak

Aurizko irrati lizentzia lortzeko izangaien proposamenak bost puntuazio-bloke aintzat harturik baloratuko dira, eta 100 puntu eskuratuko dituzte gehienez:

–Irrati eskaintza (emisioaren eta programazioaren ezaugarriak), 45 puntu gehienez ere.

–Euskarazko programazioa ematea, 25 puntu gehienez ere.

–Proiektuaren ezaugarri teknikoak, 10 puntu gehienez ere.

–Lizentzia ez eskualdatzeko konpromisoa, legeak ezarritakoa baino epe luzeagoan, 10 puntu gehienez ere.

–Udalerrian emititzeko irrati lizentziarik ez daukaten emisoreen eta kateen sarrera, 10 puntu.

Irrati eskaintzaren eta ezaugarri teknikoen ataletan (55 puntu guztira) 30 puntu gainditzen ez dituzten proposamenak ez dira gainerako irizpideen arabera baloratuko, eta haiekin ezin izanen da adjudikazio proposamenik egin.

11.1. Irrati eskaintza. 45 puntu gehienez ere.

–Auritzi eta haren estaldura-eremuari buruzko ekoizpen propioa (30 puntu gehienez ere):

15 puntu jasoko dituzte astean era honetako programak 10 orduz edo gehiagoz ematen dituzten eskaintzek: irratiaren proiektuan zehaztutako baliabide materialez eta giza baliabideez egindako programak eta Auritzen eta haren estaldura-eremuaren errealitate soziala, ekonomikoa, kulturala, politikoa edo kirol arlokoa, besteak beste, islatzea eta sustatzea helburu nagusi dutenak. Hori baino ekoizpen propio txikiagoa duten proposamenak hiruko erregelaren bidez barematuko dira.

Asteko programazio orduen kopuruaren arabera jasotako puntuazioaz gain, beste 15 puntu emanen zaizkie, gehienez ere, eskaintzei, alderdi hauen arabera: aurkeztutako formatuen kalitatea eta aniztasuna (bai informatiboena bai bestelakoena); eskainitako programazioak entzuleentzat duen interesa; asteko egun bakoitzerako gordetako emanaldien ordutegiak; eta edukiak ekoizteko erabilitako baliabideak.

–Gainerako irrati programazioa (15 puntu gehienez ere):

5 puntu emanen zaizkie Nafarroari buruz prestatutako programazioarekin astean 10 ordu edo gehiago beteko direla bermatzen duten eskaintzei, dela programazio propioaren bidez (tokiko edukiarekin ematen denaren bestelakoa), dela akordio edo elkarketaren bidez honako hauekin: Auritzen lizentziarik ez duten emisore edo irrati kateekin edo horretarako akordiorik edo elkarketarik ez dutenekin beste lizentziadun batzuekin. Eskaintza txikiagoa duten proposamenak hiruko erregelaren bidez barematuko dira.

Asteko programazio orduen kopuruaren arabera jasotako puntuazioaz gain, gehienez ere beste 5 puntu emanen zaizkie, Nafarroari buruz egindako programazioarengatik, alderdi hauen arabera: aurkeztutako formatuen kalitatea eta aniztasuna (bai informatiboena bai bestelakoena); eskainitako programazioak entzuleentzat duen interesa, eta asteko egun bakoitzerako gordetako emanaldien ordutegiak.

Gehienez ere beste 5 puntu emango dira gainerako programazioagatik, alderdi hauen arabera: aurkeztutako formatuen kalitatea eta aniztasuna (bai informatiboena bai bestelakoena); eskainitako programazioak entzuleentzat duen interesa, eta asteko egun bakoitzerako gordetako emanaldien ordutegiak.

11.2. Euskarazko emanaldiak. 25 puntu gehienez ere.

25 puntu emanen zaizkie euskarazko emanaldiek irrati-programazio osoaren %50 betetzea aurreikusten duten proposamenak aurkezten dituzten eskatzaileei. Eskaintza txikiagoa duten proposamenak hiruko erregelaren bidez barematuko dira.

11.3. Proiektuaren ezaugarri teknikoak. 10 puntu gehienez ere.

–5 puntuz baloratuko dira Auritzen ekoizpen estudioak kokatzeko konpromisoa aurkezten duten irrati-proiektuak.

–2,5 puntuz baloratuko dira Auritzen mugakide den edozein herritan ekoizpen estudioak kokatzeko konpromisoa aurkezten duten irrati-proiektuak.

–Gehienez ere 3 puntuz baloratuko dira proposatzen den ekoizpen estudioaren kalitatea, espazio kopurua, baliabide mugikorrak, zehaztasuna eta egokitzapen teknologikoa.

–Irrati-seinalea garraiatu eta zabaltzeko proposatzen den kalitate, zehaztapen eta egokitzapen teknologikoa gehienez 2 punturekin baloratuko da, norberaren ekipamenduarekin edo kanporatzearen bidez egiten diren lanak edozein direla ere. Lizitatzaileak irrati-maiztasunen eta ingurumenaren gaineko eragina murrizteko proposatzen dituen neurriak baloratuko dira, hala kokapena eta telekomunikazio-azpiegiturak (etxola, dorrea eta erradiazio-sistema) partekatuta erabiltzeko konpromisoa nola baliabideen arrazionalizazioa (adibidez, energia berriztagarrien erabilera, hondakinak kudeatzeko plana eta abar).

11.4. Lizentzia ez eskualdatzeko edo ez alokatzeko konpromisoak. 10 puntu gehienez ere.

Proposamenek 10 puntu jasoko dituzte, baldin eta ematen zaien lizentziarekin, eta lizentzia hori indarrean den 15 urteetan, negozio juridikorik (eskualdaketa edo alokairua) ez egiteko konpromisoak aurkezten badituzte, idatziz. 13 urtetik beherako konpromisoak (Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29.2 artikuluak ezartzen duen hasierako bi urteko epea kenduta) hiruko erregelaren bidez puntuatuko dira.

11.5. Auritzen emititzeko irrati lizentziarik ez daukaten emisoreen eta irrati kateen sarrera, 10 puntu.

10 puntu emango zaizkie Auritzen emititzeko irrati lizentziarik ez daukaten lizitatzaileen proposamenei. Horren ondorioetarako, lizentzia propiotzat joko dira, orobat, lizentzia horien eskatzaileak Merkataritza Kodearen 42. artikuluan aipatutako kasuen bidez haietan parte hartzen badu.

12. oinarria.–Iruñeko lizentzia baloratzeko irizpideak

Iruñeko irrati lizentzia lortzeko izangaien proposamenak bost puntuazio-bloke aintzat harturik baloratuko dira, eta 90 puntu eskuratuko dituzte gehienez:

–Irrati eskaintza (emisioaren eta programazioaren ezaugarriak), 45 puntu gehienez ere.

–Euskarazko programazioa ematea, 15 puntu gehienez ere.

–Proiektuaren ezaugarri teknikoak, 10 puntu gehienez ere.

–Lizentzia ez eskualdatzeko konpromisoa, legeak ezarritakoa baino epe luzeagoan, 10 puntu gehienez ere.

–Udalerrian emititzeko irrati lizentziarik ez daukaten emisoreen eta kateen sarrera, 10 puntu.

Irrati eskaintzaren eta ezaugarri teknikoen ataletan (55 puntu guztira) 30 puntu gainditzen ez dituzten proposamenak ez dira gainerako irizpideen arabera baloratuko, eta haiekin ezin izanen da adjudikazio proposamenik egin.

12.1. Irrati eskaintza. 45 puntu gehienez ere.

–Iruñeari eta haren estaldura-eremuari buruzko ekoizpen propioa (30 puntu gehienez ere):

15 puntu jasoko dituzte astean era honetako programak 10 orduz edo gehiagoz ematen dituzten eskaintzek: irratiaren proiektuan zehaztutako baliabide materialez eta giza baliabideez egindako programak eta Iruñearen eta haren estaldura-eremuaren errealitate soziala, ekonomikoa, kulturala, politikoa edo kirol arlokoa, besteak beste, islatzea eta sustatzea helburu nagusi dutenak. Hori baino ekoizpen propio txikiagoa duten proposamenak hiruko erregelaren bidez barematuko dira.

Asteko programazio orduen kopuruaren arabera jasotako puntuazioaz gain, beste 15 puntu emanen zaizkie, gehienez ere, eskaintzei, alderdi hauen arabera: aurkeztutako formatuen kalitatea eta aniztasuna (bai informatiboena bai bestelakoena); eskainitako programazioak entzuleentzat duen interesa; asteko egun bakoitzerako gordetako emanaldien ordutegiak; eta edukiak ekoizteko erabilitako baliabideak.

–Gainerako irrati programazioa (15 puntu gehienez ere):

5 puntu emanen zaizkie Nafarroari buruz prestatutako programazioarekin astean 10 ordu edo gehiago beteko direla bermatzen duten eskaintzei, dela programazio propioaren bidez (tokiko edukiarekin ematen denaren bestelakoa), dela akordio edo elkarketaren bidez honako hauekin: Iruñean lizentziarik ez duten emisore edo irrati kateekin edo horretarako akordiorik edo elkarketarik ez dutenekin beste lizentziadun batzuekin. Eskaintza txikiagoa duten proposamenak hiruko erregelaren bidez barematuko dira.

Asteko programazio orduen kopuruaren arabera jasotako puntuazioaz gain, gehienez ere beste 5 puntu emanen zaizkie, besteek Nafarroari buruz egindako programazioarengatik, alderdi hauen arabera: aurkeztutako formatuen kalitatea eta aniztasuna (bai informatiboena bai bestelakoena); eskainitako programazioak entzuleentzat duen interesa, eta asteko egun bakoitzerako gordetako emanaldien ordutegiak.

Gehienez ere beste 5 puntu emango dira gainerako programazioagatik, alderdi hauen arabera: aurkeztutako formatuen kalitatea eta aniztasuna (bai informatiboena bai bestelakoena); eskainitako programazioak entzuleentzat duen interesa, eta asteko egun bakoitzerako gordetako emanaldien ordutegiak.

12.2. Euskarazko emanaldiak. 15 puntu gehienez ere.

15 puntu emanen zaizkie euskarazko emanaldiek irrati-programazio propio osoaren %15 betetzea aurreikusten duten proposamenak aurkezten dituzten eskatzaileei. Eskaintza txikiagoa duten proposamenak hiruko erregelaren bidez barematuko dira.

12.3. Proiektuaren ezaugarri teknikoak. 10 puntu gehienez ere.

–5 puntuz baloratuko dira Iruñean ekoizpen estudioak kokatzeko konpromisoa aurkezten duten irrati-proiektuak.

–2,5 puntuz baloratuko dira Iruñearen mugakide den edozein herritan ekoizpen estudioak kokatzeko konpromisoa aurkezten duten irrati-proiektuak.

–Gehienez ere 3 puntuz baloratuko dira proposatzen den ekoizpen estudioaren kalitatea, espazio kopurua, baliabide mugikorrak, zehaztasuna eta egokitzapen teknologikoa.

–Irrati-seinalea garraiatu eta zabaltzeko proposatzen den kalitate, zehaztapen eta egokitzapen teknologikoa gehienez 2 punturekin baloratuko da, norberaren ekipamenduarekin edo kanporatzearen bidez egiten diren lanak edozein direla ere. Lizitatzaileak irrati-maiztasunen eta ingurumenaren gaineko eragina murrizteko proposatzen dituen neurriak baloratuko dira, hala kokapena eta telekomunikazio-azpiegiturak (etxola, dorrea eta erradiazio-sistema) partekatuta erabiltzeko konpromisoa nola baliabideen arrazionalizazioa (adibidez, energia berriztagarrien erabilera, hondakinak kudeatzeko plana eta abar).

12.4. Lizentzia ez eskualdatzeko edo ez alokatzeko konpromisoak. 10 puntu gehienez ere.

Proposamenek 10 puntu jasoko dituzte, baldin eta ematen zaien lizentziarekin, eta lizentzia hori indarrean den 15 urteetan, negozio juridikorik (eskualdaketa edo alokairua) ez egiteko konpromisoak aurkezten badituzte, idatziz. 13 urtetik beherako konpromisoak (Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29.2 artikuluak ezartzen duen hasierako bi urteko epea kenduta) hiruko erregelaren bidez puntuatuko dira.

12.5. Iruñean emititzeko irrati lizentziarik ez daukaten emisoreen eta irrati kateen sarrera, 10 puntu.

10 puntu emango zaizkie Iruñean emititzeko irrati lizentziarik ez daukaten lizitatzaileen proposamenei. Horren ondorioetarako, lizentzia propiotzat joko dira, orobat, lizentzia horien eskatzaileak Merkataritza Kodearen 42. artikuluan aipatutako kasuen bidez haietan parte hartzen badu.

13. oinarria.–Aurkeztu beharreko dokumentazio administratiboa.

Eskaera bakoitzeko –Aurizko udalerrirako zein Iruñerako– lizitatzaileek “Dokumentazio administratiboa” izeneko gutun azala aurkeztu behar dute, barnean honako dokumentu hauek guztiak eta horien aurkibidea izanen dituena:

1. Lizitatzailearen nortasun juridikoa frogatzen duten agiriak eta, hala badagokio, ordezkaritza frogatzen dutenak:

a) Pertsona fisikoak badira, Nortasun Agiri Nazionalaren kopia, edo, atzerritarrak badira, pasaportea edo nortasuna egiaztatzen duen beste edozein dokumentu ofizial.

b) Europako Esparru Ekonomikoko kide ez diren estatuetako nazionalitatea duten pertsona fisikoek Espainiak dagokion estatuan duen Misio Diplomatiko Iraunkorraren txosten bat aurkeztu beharko dute, frogatzen duena jatorrizko estatuak onartzen duela Espainiako herritarrek ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak ematea.

c) Pertsona juridikoek eraketa eskritura aurkeztu beharko dute, eta, hala badagokio, aldaketarena, Merkataritza Erregistroan inskribatua, baldin aplikatu beharreko merkataritza arloko legediaren arabera baldintza hori eska badaiteke. Ezin badaiteke eskatu, eraketaren edo sortzearen agiria edo estatutuak aurkeztu beharko dituzte, non egoitza soziala eta jardueraren gaineko arauak azalduko baitira, nahitaezko erregistro ofizialean inskribaturik, hala badagokio.

d) Europar Batasuneko estatu kideetako edo Europako Esparru Ekonomikoari buruzko Akordioa sinatu duten estatuetako pertsona juridiko ez-espainiarrek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute behar den erregistroan inskribatuta daudela frogatzeko (zer estatutan kokatuta dauden, horko legediak ezartzen duen hartan) edo, bestela, inskripzio hori nahitaezkoa ez bada, jarduteko duten gaitasunari buruzko erantzukizunpeko adierazpen bat.

e) Aurreko apartatuan sartzen ez diren estatuetako pertsona juridiko atzerritarrek jarduteko gaitasuna frogatzen duen txosten bat aurkeztu beharko dute, dagokion estatuan Espainiak duen ordezkaritza diplomatikoak emana. Halaber, jatorrizko estatuak Espainiako herritarrei ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak ematea onartzen diela frogatzen duen txostena aurkeztu beharko dute, Espainiako kasuan kasuko ordezkaritza diplomatikoak emana.

f) Eskatzaileak ordezkari baten bitartez jarduten badu, ordezkaritza egiaztatzen duen notario ahalordea eta ordezkariaren nortasuna frogatzen duen dokumentua aurkeztu beharko dira.

g) Bi pertsona fisiko edo juridikok edo gehiagok baterako eskaera aurkezten badute, bakoitzak bere nortasuna eta gaitasuna frogatu beharko ditu, eta sinatzen duten pertsonen edo enpresen izena eta inguruabarrak eta bakoitzaren partaidetza adierazi beharko dituzte, baita Administrazioaren aurrean horien guztien ordezkaritza osoa izanen duen pertsonaren edo entitatearen izendapena ere.

2. Gainera, pertsona juridikoek, III. eranskin gisa agertzen den ereduarekin bat, kasuan kasuko gobernu organoak kapital sozialaren osaerari eta egiturari buruz egindako ziurtagiria aurkeztu beharko dute. Kapital sozialean Europako Esparru Ekonomikoko kide ez diren herrialdeetako pertsona fisiko edo juridikoen partaidetza badago, Espainiak dagokion estatuan duen Misio Diplomatiko Iraunkorraren txosten bat aurkeztu beharko da, frogatzen duena jatorrizko estatuak, aldi berean, onartzen duela herritar espainiarrek partaidetza izatea ikus-entzunezko komunikazio zerbitzuak emateko xedea duten pertsona juridikoetan.

3. Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez diotela eragiten Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 26. artikuluan jasotako mugapenek, ikus-entzunezkoen arloko ordena publikoko arrazoiengatik ezarritakoek, espresuki aipatuta zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela indarra duten xedapenek ezarri bezala. Adierazpena IV. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

4. Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez duela Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 37. artikuluan irratiaren ikus-entzunezko merkatuaren pluralismoa kontuan hartuta ezarritako debekurik. Adierazpena V. eranskineko ereduarekin bat etorriko da.

14. oinarria.–Aurkeztu beharreko dokumentazio teknikoa.

Irrati-proiektuak aurkibide bat izanen du, agiriaren egitura eta edukiak jasoko dituena, baita hasierako aurkezpen bat ere, mila hitz baino gehiago izanen ez dituena. Dokumentazio teknikoak testu bakarra izanen du, 100.000 hitz baino gehiago izanen ez dituena. Eranskinek 20 orrialde izanen dituzte, gehienez ere, eta A4 tamainan inprimatzeko modukoak izanen dira.

Irrati-proiektuak honako datu eta informazio hauek jaso beharko ditu, gutxienez ere:

14.1. Irrati eskaintza.

Lizitatzaileak proposatzen duen irrati eskaintzaren helburuak eta oinarriak eta ezarri nahi duen formula mota deskribatuko ditu orokorrean, eta adieraziko du zer eratako formula ezarri asmo duen: orotarikoa, tematikoa (gaia zehaztuta) edo mistoa. Halaber, irrati eskaintzan zer komunikazio hizkuntza erabiliko duen jakinaraziko du (bat baino gehiago izan daitezke).

Emanaldien ereduzko zerrenda bat erantsiko da, asteko zazpi egunetako hogeita lau orduetan emanen diren programak adierazita (ordu tarteren batean ezer emateko asmorik ez bada, “emanaldirik gabe” jarriko da taulan). Programa bakoitzaren funtsa, landuko dituen edukiak, esleitzen ahal zaion genero mota, ordu iraupena eta komunikazio hizkuntza deskribatuko dira. Berremanaldirik bada, hori ere adieraziko da.

Aurreko paragrafoetan eskatzen den ikuspegi orokorraz gain, lizitatzaileak jarraian adierazten diren alderdiak zehaztu beharko ditu (programazioaren kuantifikazioetan ez dira sartuko berremanaldiak edo irrati edukia ekoizteko eta sortzeko lanik ez dakarten musika emanaldi hutsak edo beste mota batekoak):

–Ekoizpen propioko programak: ekoizpen propioko programek, hots, aurkezten den proiektuan aurreikusitako giza baliabide eta baliabide material propioekin prestatutakoek, astean zenbat emanaldi-ordu izanen dituzten zehaztuko da. Ekoizpen propioko programak era honetakoak izan daitezke:

  • Tokiko programazioa: tokiko estaldura duten programa informatiboek edo bestelakoek astean hartuko duten ordu kopurua zehaztuko da, hau da, irrati-instalazioa dagoen udalerriari eta haren estaldura-eremuari dagozkien edukiak dituzten programek beteko duten denbora.
  • Nafarroako programazioa: zehaztuko da Nafarroari buruzko programek duten asteko ordu kopurua, bai informatiboek bai bestelakoek.
  • Ekoizpen propioko beste programa batzuk: horrelakorik bada, informazioaren arlokoak diren programek eta ez direnek astean zenbat ordu hartuko duten zehaztuko da.

–Beste batzuek ekoitzitako programak: zehaztuko da beste batzuek ekoitzitako programak emateko asteko ordu kopurua, eta adieraziko dira egileak eta aurreikusitako kontratazio edo elkarketa formula. Kanpoko ekoizpena honako xehakapenarekin eskainiko da:

  • Nafarroari buruzko kanpoko programazioa: zehaztuko da Nafarroari buruzko programek duten asteko ordu kopurua, bai informatiboek bai bestelakoek.
  • Beste batzuek ekoiztutako bestelako programazioa: zehaztuko da instalazioa dagoen udalerriarekin eta haren estaldura-eremuarekin edo Nafarroa osoarekin zuzeneko loturarik ez duten programen asteko ordu kopurua, informatiboak izan nahiz bestelakoak.

14.2. Euskarazko emanaldiak.

Euskarazko programek zenbat ordu hartzen dituzten adieraziko da, alderdi hauek zehaztuta: propioak diren ala kanpoan egindakoak; tokiko programazioarekin bat ote datozen; Nafarroari buruzkoak diren ala ez tokikoa ez eta Nafarroa osoari buruzkoa ez den bestelako programazio mota batekoak ote diren eta emititzen diren programa guztien zer ehuneko hartzen duten.

14.3. Proiektuaren ezaugarri teknikoak.

Lizitatzaileak honako hauek deskribatuko ditu orokorrean: irrati edukiak ekoizteko eta emateko jarriko dituen estudioak; eta irrati seinalea hedatzeko erabiliko duen azpiegitura –propioa zein azpikontratatua.

Lizitatzaileak honako alderdi hauek zehaztuko ditu:

–Ekoizpen estudioak: proposatzen den kokapena eta estudioen planoak aurkeztuko dira, eta adieraziko da lizitatzaileak lokala eskura duen edo adjudikazioari lotuta dagoen. Horrez gain, estudio horietan erabiliko diren sistemak eta ekipoak deskribatuko dira, estudioetako eremuak eta eremu bakoitzeko ekipamendua zehaztuta, baita, hala dagokionean, unitate edo baliabide mugikorren kopurua eta horien konfigurazioa ere.

–Garraio eta hedapen sarea: estudioaren eta zentro igorlearen artean zer lotura dagoen zehaztuko da (erabilitako teknologia, ustiapen araubidea...); zentro igorlearentzat proposatutako kokalekua, memoria, ekipamendua eta jabetza; hedapen horretarako aurreikusitako estaldura (aurreikusten den estalduraren mapa erantsiko da, eta hartan adieraziko da zer simulazio parametro erabili diren, zer herritara iristen den eta zerbitzuaren emakidaren xede den udalerri guztitik zer lurralde estaltzen den); irratiaren ezarpenean ingurumen inpaktua eta irrati maiztasunena minimizatzeko eta baliabideak arrazionalizatzeko hartutako neurriak, bereziki energia berriztagarrien erabilerari, kokalekuen erabilera partekatuari eta abarri dagokienez. Hirugarrenen mende dauden neurrien kasuan, adibidez, hedapena telekomunikazio-operadore batekin kontratatuz gero, kanporatu nahi diren zerbitzu horien eskaintzaileak bermatu beharko ditu ingurumen konpromiso horiek.

14.4. Lizentzia ez eskualdatzeko eta ez alokatzeko konpromisoak.

Lizitatzaileek zilegi izanen dute lizentzia ez eskualdatzeko eta ez alokatzeko konpromisoa aurkeztea, Ikus-entzunezko Komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29.2 artikuluak ezartzen duen bi urteko eperako baino gehiagorako, gehienez ere hamahiru urte bitarte, lizentziaren hasierako iraupenaren denbora osoa betetzeko (VI. eranskina).

14.5. Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzen den lizentziaren udalerrian emisiorik ez duela egiten zehaztuta, ez zuzenean ez eta hirugarrenen bidez ere.

Lizitatzaileek oinarri hauei erantsitako eredua (VII. eranskina) baliatu ahal izango dute erantzukizunpeko adierazpena egiteko zera justifikatuz: eskatzen den lizentziaren udalerrian ez dutela emisiorik egiten ez zuzenean ez eta hirugarrenen bidez ere, 11.5 eta 12.5 oinarrietan ezarritakoarekin bat etorriz.

15. oinarria.–Balorazio mahaia.

Balorazio mahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiburua:

Komunikazio Zerbitzua-Gobernuaren Eledunaren Bulegoko zuzendaria, edo, haren ordez, Nafarroako Gobernuko Proiekzio Instituzionalaren Zerbitzuko zuzendaria.

–Mahaikideak:

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusian ikus-entzunezkoen arloan eskumena duen unitateko burua, edo, haren ordez, Zuzendaritza Nagusi horretako Prentsa Bulegoaren Ataleko burua.

Edurne Izkue Mendi, Eraldaketa Digitaleko Zuzendaritza Nagusiko telekomunikazioetako ingeniaria, edo, haren ordez, zuzendaritza nagusi horretako Telekomunikazio Sistemen Ataleko burua.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatua, edo, haren ordez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuan kontu-hartzailearen ordezkoa dena.

–Idazkaria:

Pedro Jesús Loitegui Irurzun, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko APT juridikoa, edo, haren ordez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Araubide Juridikoaren Ataleko burua.

16. oinarria.–Proposamenak aztertzea.

16.1. Dokumentazio administratiboa irekitzea.

Proposamenak aurkezteko ezarritako epea bukatu eta hurrengo 15 egun balioduneko epearen barnean, balorazio mahaia eratuko da, eta, ateak itxita, honako hau aztertuko du, lehenik: 10. eta 13. oinarrietan eskatzen den dokumentazio administratiboa daukan 1 zenbakiko gutun azalean bildutako dokumentazioa.

Mahaiak ikusten baldin badu zuzen daitekeen akatsik edo hutsunerik dagoela aurkeztutako dokumentuetan, edo lizitatzaileak zerbait argitzea edo dokumentazio gehigarria aurkeztea beharrezkoa dela iruditzen bazaio, interesdunei jakinaraziko die, eta gehienez ere bost egun balioduneko epea emanen die akatsa zuzentzeko; hori egiten ez badute baztertuko dituztela ohartaraziko zaie berariaz.

Ezarritako epea bukatzen denean, balorazio mahaia berriro bilduko da, jasotako zuzenketak ikusi ondoren, lizitatzaileen behin betiko onarpenari buruzko erabakia hartzeko.

16.2. Dokumentazio teknikoa irekitzea.

Dokumentazio administratiboa aztertuta eta onartutako proposamenen zerrenda ezarri ondoren, jendaurreko ekitaldia eginen da balorazio mahaiak ezarriko duen tokian, egunean eta orduan. Hor, lizitatzaileak onartzeari eta baztertzeari buruzko emaitza adieraziko da, eta baztertu diren proposamenak eta horiek baztertzeko arrazoiak aipatuko dira. Jarraian, egiaztatuko da onartutako eskatzaileek eskaerarekin batera erantsi dutela 9. oinarrian eskatutako dokumentazioa biltzen duen 2 zenbakiko gutun azala, eskaintzak egin direla egiaztatzeko baino ez.

Ekitaldi publiko hori egin baino 72 ordu lehenago iragarriko da, gutxienez ere, Nafarroako Gobernuaren Interneteko atarian (www.nafarroa.eus) –lehiaketaren izapide fitxan– eta Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko iragarki taulan.

17. oinarria.–Eskaintzak baloratzeko prozedura eta adjudikazio proposamena.

Ekitaldi publikoa bukatu ondoren, aurkeztu diren proposamen teknikoak ebaluatuko ditu balorazio mahaiak, ateak itxita. Balorazio mahaiak eskatzaileei eska diezaieke aurkeztutako edukiari buruz egoki iruditzen zaizkion azalpenak eman ditzatela, eta eskatzaileek bost egun balioduneko epea izanen dute azalpen horiek emateko.

Balorazio irizpide jakin bati buruz proposamen edo informaziorik batere ez duten eskaerei 0 puntu emanen zaie irizpide horretan.

Eskaintzek irizpide bakoitzaren arabera lortzen duten puntuazioa kalkulatu ondoren, eskaintza bakoitzak guztira lortu duen puntuazio osoa zehaztuko da, lehiaketako irrati bakoitzerako eskaerak puntuazio-ordenaren arabera multzokatuta, eta proposatuko da Iruñeko lizentzia ematea herri horretan puntuazio handiena eskuratu duen eskaintzari; eta Aurizko lizentziak ematea aurkeztutako bi eskaintza hoberenei (93.2 MHz lehenbizikorako, eta 97.9 MHz bigarrenerako).

Lizentzia horietatik edozeinetara aurkeztutako proposamen onenen artean berdinketa badago, irrati-eskaintzaren multzoan puntuazio onena lortzen duenaren alde eginen da adjudikazio proposamena. Berdinketa hausten ez bada, bideragarritasun ekonomikoaren multzoan puntuazio handiena lortzen duenaren alde eginen da, eta, azken buruan, seinalea emateko eta hedatzeko estudioei buruzko atala hartuko da kontuan. Azkenik, irizpide horiek aplikatuta ere berdinketa hausten ez bada, zozketa eginen da jendaurreko ekitaldi batean.

Balorazio mahaiaren proposamenak ez du inolako eskubiderik sortuko proposatutako adjudikaziodunen alde.

Aurizko lizentzietarako edo Iruñeko lizentziarako eskaerarik aurkezten ez bada edo eskaerek oinarri hauetan ezarritako gutxieneko puntuazioa lortzen ez badute, lizentzia hori edo horiek hutsik gelditu direla deklaratzea proposatuko du balorazio mahaiak.

18. oinarria.–Agiriak aurkeztea.

Balorazio mahaiak hamabost egun balioduneko epean, lizentzia emateko proposamena jakinarazten duen ofizioa jaso eta biharamunetik aurrera, honako dokumentazio hau aurkezteko eskatuko die lizentziak emateko proposamen horretan aipatzen diren pertsona fisikoei edo juridikoei:

1. Kasuan kasuko ogasunek (Nafarroako Foru Ogasuna eta/edo Estatuko Ogasuna eta/edo Foru Ogasunak) eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiriak, lizitatzaileak zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatzeko, hurrenez hurren.

Lizitatzailea ez bada ageri subjektu pasibo gisa inolako zerga kontzepturengatik Nafarroako Foru Komunitatean, Nafarroako Foru Ogasuneko ziurtagiri baten bidez frogatuko da egoera hori.

Ziurtagiriak proposamenak aurkezteko epea bete baino sei hilabete lehenago emanak izanen dira beranduenez, Nafarroako Foru Ogasunarena izan ezik, kasu horretan hiru hilabete lehenagokoa edo zaharragoa izanen baita.

Egoitza fiskala Espainian ez duten lizitatzaile atzerritarrek, Europar Batasuneko estatu kideetakoak izan ala ez, jatorriko herrialdeko agintaritza eskudunak emandako ziurtagiria aurkeztu beharko dute, frogatzeko egunean dituztela zerga betebeharrak eta gizarte aurreikuspeneko sistematik ondorioztatzen direnak.

2. Ekonomia jardueren gaineko zergan, lehiaketa honen xedeari dagokion kategorian, alta emanda dagoela frogatzen duen agiria; edo zerga horretatik salbuetsita dagoela frogatzen duen agiria.

Aurreko paragrafoan xedatutakoa ezertan galarazi gabe, oinarri honetan emandako epea bukatutakoan interesdunek aurkeztu ez badute eskatutako dokumentazioa, edo, dokumentazio hori aztertuta, ikusten bada proposatutako eskatzaileak ez dituela betetzen lizentziaren titularra izateko baldintzak, edo proposatutako lizitatzaileak uko egiten badio proposatutako adjudikazioari, beste proposamen bat egin daiteke hurrengo eskatzailearen alde, eskaerak sailkatu diren hurrenkerari jarraikiz, baldin eta hori posible bada eta hautatua ados badago. Kasu horretan, hautatuari hamabost eguneko epea emanen zaio oinarri honetako 1. eta 2. apartatuetan aipatzen diren dokumentuak aurkezteko.

19. oinarria.–Lizentzien banaketa.

Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak tramitatuko du lizentziak adjudikatzeko espedientea; espedientea bat etorriko da balorazio mahaiak egiten duen proposamenarekin, eta proposamenean aipatzen diren pertsona fisikoek edo juridikoek aurkeztutako dokumentazioa jasoko du. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari igorriko dio, eta horrek lehiaketa ebaztea erabakiko du proposamen horretan oinarrituta.

Lehiaketa bukatutzat ematen duen ebazpenean, berariaz azalduko da zein eskatzaileri eman zaien lizentzia, eta, horrekin batera, jakinaraziko da gainerako eskaerak ezetsi egin direla. Gainera, lizentzien adjudikaziodunei dagokienez, emanaldien lurralde mailako estaldura eremua eta funtsezko baldintzak zehaztuko dira.

Lehiaketa ebazteko erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da, eta lizitatzaileei banan-banan jakinaraziko zaie.

Lehiaketa sei hilabeteko epean ebatziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik zenbatzen hasita. Epe hori bukatzean berariazko ebazpenik eman eta argitaratu ez bada, eskaera ukatu zaiela ondorioztatu beharko dute interesdunek.

20. oinarria.–Administrazio dokumentu batean formalizatzea.

Lizentzia, eman ondoren, administrazio dokumentu batean formalizatuko da. Dokumentu horretan lizitatzaileak eskaeran bere gain hartutako konpromisoak bilduko dira, eta nahitaez bete beharko ditu.

I. ERANSKINA

Maiztasunen zerrenda eta ezaugarri teknikoak

F-MHz

E

LONGITUDEA

LATITUDEA

KOTA

HEFM

P.R.A.

P

D

HERRIA: AURITZ

93.200

EX

001W2000

43N0100

1150

300.0

0.100

M

N

97.900

EX

001W2000

43N0100

1150

300.0

0.100

M

N

HERRIA: IRUÑA

105.600*

EX

001W3400

42N4800

520

75.0

6.000

M

N

* Hasieran planifikatutako maiztasuna (105.1) aldatu egin da. Telekomunikazioetako Baliabide Urriak Kudeatzeko zuzendariorde nagusiaren 2002ko ekainaren 17ko Ebazpenaren bidez onetsi zen.

II. ERANSKINA

Maiztasun-modulazioko uhin metrikoen soinuzko irrati-hedapenerako lizentziaren eskaera eredua.

III. ERANSKINA

Ziurtagiri eredua, gobernu organoak kapital sozialaren osaerari eta egiturari buruz egin beharrekoa.

IV. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela mugaturik ikus-entzunezkoen ordena publikoaren arrazoiak direla-eta.

V. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, adierazten duena ez dagoela debekuen barnean, irratiaren ikus-entzunezko merkatuko aniztasuna dela-eta.

VI. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, lizentzia ez eskualdatzeko eta ez alokatzeko konpromisoa jasotzen duena.

VII. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, eskatzen den lizentziaren udalerrian ez zuzenean ez eta hirugarrenen bidez ere FMko irrati zerbitzurik ematen ez duela ziurtatzen duena.

Eranskinak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F1916779