6. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 10a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

MURCHANTE

Udal ordenantza, desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duena. Behin betiko onespena

Murchanteko Udalak, 2019ko irailaren 27an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantza.

Hasierako onespenaren erabakia 2019ko 201. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 10ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Murchanten, 2019ko abenduaren 4an.–Alkatea, Luis Sancho Martínez.

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da, aplikatzekoa den araudia betez, desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzea, eta Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 7.b) artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea (legearen testu bategina urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen), abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan ezarritakoari egokituta (haren bidez desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak emateko eta erabiltzeko oinarrizko baldintzak arautu ziren).

2. artikulua. Lurralde eremua.

Txartelak Espainiako lurralde osorako balioko du, eta Europar Batasuneko estatuetan erabili ahalko da, tokian eskumena duten organoek ibilgailuen antolamendurako eta zirkulaziorako ezarritako baldintzetan.

3. artikulua. Aparkatzeko txartela.

Agiri publiko bat da, baldintzak betetzen dituzten pertsonen eskubidea egiaztatzen duena; hain zuzen ere, ibilgailua sarbide edo helmugatik ahalik eta hurbilen aparkatzeko eskubidea. Baldintza horiek aipatu abenduaren 12ko 1056/2014 Errege Dekretuan ezarrita daude.

Ordenantza honen I. eranskinean zehazten dira aparkatzeko txartelaren ezaugarriak.

4. artikulua. Titularrak.

Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelaren titularrak izan daitezke:

1. Desgaitasunen bat duten pertsona fisikoak, udalerrian erroldatuak, gutxienez %33ko minusbaliotasun aitortua badute eta ondoko egoera hauetakoren batean badaude:

a) Mugikortasun murriztua izatea, Desgaitasun maila onartu, aitortu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren II. eranskinarekin bat, betiere aipatu eranskinean jasotako baremoaren arabera; nahitaezkoa da A, B edo C ataletan deskribatutako egoeretakoren batean egotea, edo gutxienez 7 puntu lortzea gainerako ataletako (D, E, F, G eta H) puntuak batu ondoan.

b) Mugikortasun murriztua izatea, lesio muskulu-eskeletikoen edota beste lesio organiko nahiz funtzionalen ondorioz, eta horrek zailtasun larriak eragitea 100 metro baino tarte laburragoetan ibiltzeko, makulua, eskumakila, protesia edo ortesiak erabilita ere; edo joan-etorrietarako aulki gurpilduna behar izatea; edo aparkatzeko maniobrak egiteko arazo larriak edukitzea.

c) Begirik onenean ikusmen-zolitasuna 0,1 edo gutxiago izatea leiar zuzentzaileekin, edo ikuseremua 10 gradutara edo gutxiagora murriztua.

Egoera horiek desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalaren irizpena jaso behar dute.

2. Udalerrian erroldaturiko pertsona fisikoak, mendekotasun gradu handia edo larria aitortua badute.

3. Udalerrian erroldaturiko pertsona fisikoak edo bertan helbideratuta dauden pertsona juridikoak, desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektibora soilik bideratutako ibilgailuak badituzte, autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasunari arreta egiteko gizarte zerbitzuak ematen dituztenean. Zerbitzu horiek Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legean jasotzen dira, baita Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei eta haien gizarteratzeari buruzko Lege Orokorraren testu bateginean ere (azaroaren 29ko 1/2013 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

5. artikulua. Erabiltzeko baldintzak.

Aparkatzeko txartela erabiltzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

Aparkatzeko txartela titularraren alde eta berak soilik erabiltzeko emanen da, txartelaren titularrak joan-etorrietarako ibilgailuetan erabil dezan. Pertsonala eta besterenezina da, eta erabiliko da, bakar-bakarrik, baldin eta titularrak ibilgailua gidatzen badu, edo titularra ibilgailuan badaramate.

4. artikuluko 3. apartatuan jasotzen den kasuan, txartel bakoitza matrikula zenbaki bati loturik egonen da, eta ibilgailu hori mugikortasuna murrizturik duten pertsonen garraio kolektiborako soilik erabiliko da. Txartela baliozkoa izanen da, bakar-bakarrik, ibilgailuan halako pertsonak garraiatzen direnean egiazki.

Aparkatzeko txartela erabili ahal izateko, titularrak txartel hori jasotzeko beharrezkoak diren baldintzak mantendu beharko ditu.

6. artikulua. Balio epea eta berritzea.

Aparkatzeko txartelen balio epea 5 urtekoa izanen da, txartela igortzen denetik aitzina.

Gerta liteke txartela jasotzeko eskubidea ematen duen desgaitasun mailaren balorazioa berrikusi behar izatea artikulu honetan aipatutako balio epea bete baino lehen. Horrelakoetan, desgaitasun maila berrikusteko egunera arte balio izanen du txartelak.

Epe hori bukatu aurretik, txartela berritzeko eskaera egin beharko da. Txartela berritzeko, ezinbestekoa izanen da titularrak txartela jasotzeko eskatzen zitzaizkion baldintzak betetzea.

Txartela berritzeko eskabidea aurkeztean, aurretiaz emandako txartelaren balio epea luzatuko da prozedura ebatzi arte.

Eskabidea aurkezten bada azken txartelaren indarraldia bukatu eta ondoko laurogeita hamar egun naturalen barnean, ulertuko da indarrean jarraitzen duela berritzeko prozedura ebatzi arte.

Txartelaren kopia eman ahalko da, hura lapurtu, galdu edo hondatuz gero. Lapurtzen badute edo galdu bada, salaketaren egiaztagiria eskatuko zaio interesdunari. Hondatuz gero, interesdunak txartel hondatua aurkeztu beharko du. Udalak txartel zaharraren iraungitze egun berarekin emanen du berria.

7. artikulua. Aparkatzeko txartela, behin-behinekoa.

Arrazoi humanitarioak kontuan hartuz, salbuespen gisa, automobilak aparkatzeko behin-behineko txartelak eman ahalko zaizkie mugikortasun murriztua duten bizilagunei, nahiz eta aipatutako mugikortasun murriztu hori ofizialki emana izan ez, baldin eta haien adinerako, eta gainerako egoera pertsonaletarako, normaltzat jotzen den bizi-itxaropena argi eta garbi nabarmen murriztea dakarren larritasun handiko gaixotasunik edo muturreko patologiarik badute, eta horren ondorioz ez baldin badago nahikoa denborarik aparkatzeko txartelaren izapideak ohiko bidetik egiteko.

Osasun zerbitzu publikoek emandako ziurtagiriaren bidez frogatuko dira halako egoerak. Ziurtagiria eskatzailearen bizilekuko osasun zerbitzu eskudunen ikuskaritzak balioztatu beharko du.

Txartel hori urtebeterako emanen da gehienez ere, eta epe bererako luzatu ahalko da, mantentzen baldin badira hura emateko hasiera batean eskatzen ziren baldintzak.

Txartel hori emateko, Udalak beharrezko jarduketak egin ahalko ditu, eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzearren.

8. artikulua. Titularren eskubideak eta erabilera mugak.

1. Txartelaren titularrek, baldin eta txartela ibilgailuaren barnean ikusgai badago, eskubide hauek edukiko dituzte Estatu osoan:

a) Ordutegi mugarik gabe aparkatzeko eskubidea, desgaitasuna duten pertsonendako erreserbatuta eta seinalatuta dauden lekuetan.

b) Bizilekutik edo lanpostutik hurbil aparkatzeko erreserba, aldez aurretik eskatzen bada, eta premia justifikatuz gero.

c) Denbora mugatuan aparkatzeko eremuetan beharrezkoa duen denboran aparkatzeko eskubidea.

d) Zamalanetarako gordetako eremuetan gelditzeko eta aparkatzeko eskubidea; oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

e) Bideko edozein lekutan gelditzea, justifikaturik badago eta ezinbestekoa den denbora tartean baino ez, eta oinezkoei nahiz trafikoari eragozpenik sortzen ez bazaie, eta betiere agintaritzaren agenteek emandako aginduak betez.

f) Zirkulazioa bertako bizilagunendako mugaturik duten bideetan, eremuetan nahiz guneetan sartzeko eskubidea, baldin eta aipatutako eremu horren barnean dagoen toki batera badoaz.

2. Aparkatzeko txartela edukitzeak ez du inolaz ere eskubiderik emanen honako toki hauetan aparkatzeko:

  • Oinezkoendako eremuetan.
  • Oinezkoendako pasabideetan.
  • Gelditzeko debekua dagoen tokietan eta kasuetan.
  • Pasabideak edo larrialdietako irteerak oztopatzen diren tokietan.
  • Segurtasun publikoagatik mugatutako eremuetan, eta zirkulazio erreiak txikiagotzen dituzten eremuetan.
  • Autobusen geralekuetan.
  • Espaloi gainean.
  • Ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

9. artikulua. Titularren betebeharrak.

1. Txartelaren titularren betebeharrak hauek dira:

a) Txartela behar bezala erabiltzea, aurreko artikuluan jasotako baldintzen arabera.

b) Aparkatzeko txartela aginte-panelean paratzea edo, bestela, aurreko haizetakoan, barnetik itsatsita. Kasu guztietan, agiria jatorrizkoa izanen da, eta kanpotik argi eta garbi ikusi eta irakurri ahal izateko moduan egonen da. Agintari eskudunak edo horren agenteek eskatuz gero, azter dezaten utziko zaie.

c) Bere burua identifikatzea, agintaritzaren agente batek hala eskatzen badio.

d) Agintaritzaren agenteei laguntzea, ahal den neurrian saiheste aldera sor daitezkeen trafiko arazoak, aparkatzeko txartela erabiltzeak berekin dakartzan eskubideak erabiltzean.

e) Aparkatzeko txartel iraungia itzultzea, txartela berritzeko unean edo indarraldia bukatzen denean.

2. Eginbehar horiek ez betetzeak aparkatzeko txartela bertan behera geratzea edo aldi baterako kentzea ekar dezake. Gainera, legezko eta araubidezko xedapenetan ezarritako zigorrak jarri ahalko dira.

Txartela deuseztatzea ekar dezake, halaber, pertsona fisikoek nahiz juridikoek aparkatzeko txartelarekin iruzur egiteak.

Txartela deuseztatu edo aldi baterako ken daiteke aldez aurretik espedientea tramitatuta, eta bertan interesdunei entzunda.

10. artikulua. Aparkatzeko txartela emateko prozedura.

Txartela Udaleko erregistro orokorrean eskatuko da, ordenantza honen II. eranskinean jasotzen den ereduari jarraikiz.

Eskabidearekin batera, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

  • Eskatzailearen NANaren fotokopia.
  • Karnet tamainako argazki bat.
  • Desgaitasuna duenaren izenean ari den pertsonaren NANaren fotokopia, halakorik bada.
  • Txartela berritu nahi denean, iraungitako txartela.
  • Eskatzailea desgaitasuna duen pertsona fisikoa baldin bada: desgaitasuna duen pertsona dela eta mugikortasun murriztua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria (baremoa edo txostena), edo begirik onenean eta leiar zuzentzaileekin 0,1eko edo gutxiagoko begi-zorroztasuna duela, edo 10 graduko edo gutxiagoko ikuseremua duela ofizialki frogatzen duen ziurtagiria, 2. artikuluko 1. apartatuan jasotako baldintzetan, eta desgaitasun maila kalifikatzeko eta aitortzeko talde multiprofesionalek emana.

Dena den, txartela eman aurretik, Udalak beharrezkoa dela uste badu, Nafarroako Gobernuan arlo horretako departamentu eskudunari eskatu ahalko dio eskatzaileak txartela eskuratzeko baldintzak biltzen dituela dioen txostena, edo argibideak eskatu ahalko dizkio eskatzaileak aurkeztutako dokumentazioaren gainean.

  • Eskatzailea mendekotasuna duen pertsona bat bada: mendekotasun maila frogatzen duen ziurtagiria.
  • Behin-behineko txartela eskatzen bada: osasun zerbitzu publikoetako mediku fakultatiboek betetako ziurtagiria, eskatzailea bizi den lekuaren arabera eskumena duten osasun zerbitzuetako ikuskaritzak baliozkotua.
  • Ordenantza honen 1. artikuluko 2. apartatuan aipatu bezala, pertsona fisiko edo juridikoek txartela eskatzen badute desgaitasuna duten pertsonen garraio kolektiborako, dokumentazioa aurkeztu beharko dute, frogatzeko mendekotasuna dutenei arreta emateko eta autonomia pertsonala sustatzeko gizarte zerbitzuak ematen dituztela. Garraio kolektiborako ibilgailuaren matrikula zenbakia ere aurkeztu beharko dute.

Alkate udalburuak gehienez ere hiru hilabeteko epean ebatzi beharko du eskaera, aparkatzeko txartelaren eskaera, dokumentazio osoa duela, Udalaren erregistroan sartzen den egunetik hasita. Eskatzen diren baldintzak betez gero, aparkatzeko txartela emanen da.

Epe horretan eskatzaileari berariazko ebazpenik jakinarazi ezean, eskaera administrazio isiltasunaren bidez ezetsi dela ulertuko da.

11. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau hauste administratiboak honako hauek dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea, eta txartela lortzea eragotziko luketen beste datu batzuk gordetzea eta modu agerian ez jartzea.

–Arau hauste horrek 600 eurotik 1.200era bitarteko zehapena izanen du.

–Faltsutzearen egileak izanen dira arau-haustearen erantzule.

b) Txartelak erabiltzea, administrazioaren baimenik gabe.

–Arau hauste horrek 1.200 eurotik 3.000ra bitarteko zehapena izanen du.

–Txartelaren erabiltzaileak izanen dira arau-haustearen erantzule.

c) Txartelak erabiltzea eskubidearen titularrak ez direnak eramateko.

–Arau hauste horrek 1.200 eurotik 3.000ra bitarteko zehapena izanen du, eta titularrari txartela erabiltzeko debekua ezarriko zaio, gehienez ere 2 urtera arteko epean.

Txartelaren titularrak eta hura oker erabiltzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzule.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpena eman aitzin, interesdunei entzutea emanen zaie, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatzen denari jarraikiz.

Xedapen iragankorra.–Xedapen honek indarra hartu baino lehen emandako txartelek balioa izaten jarraituko dute, harik eta iraungitze eguna iritsi arte.

Xedapen indargabetzailea.–Indarrik gabe geratzen da Desgaitasuna duten pertsonei aparkatzeko txartelak ematea arautzen duen udal ordenantza, 2007ko 94. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zena, abuztuaren 1ean.

Azken xedapen bakarra.–Ordenantza honek indarra hartu eta ondorio juridikoak izanen ditu ordenantzaren testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L1915620