57. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

172/2020 EBAZPENA, otsailaren 28koa, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, deialdi bat onesten duena abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko, abereen gaixotasunak prebenitu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik, 2020. urterako. DDBN identifikazioa: 498283.

Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 5eko 230/2015 Foru Aginduaren bidez (otsailaren 28ko 93/2017 Foru Aginduak aldatua), arauak onetsi ziren abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko, abereen gaitzak prebenitu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik, eta abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteen osasun programen gutxieneko edukia finkatu zen.

Aldez aurretik, neurria jakinarazi zitzaion Europako Batzordeari eta erregistro zenbaki hau eman zitzaion laguntzari: SA.41575 (2015/XA).

Bestalde, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 18. eta 19. artikuluek ezartzen dutenez, dirulaguntzak emateko prozedura ofizioz hasiko da behin organo eskudunak dirulaguntza emateko araua edo deialdia eta oinarri arautzaileak ezarri eta gero, non eta ez dauden aurrez ezarrita.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak betetzen direnez, eta laguntzen araubide honen indarraldia 2020ko abenduaren 31rainokoa dela, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateak abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko deialdia onetsi nahi du 2020rako. Aipatutako erregelamenduaren bidez barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen dira nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdi bat onestea abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko, abereen gaixotasunak prebenitu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik, 2020. urterako.

2. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

3. 67.000 euroko gastua baimentzea, 2020ra luzatutako 2019ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako “Zenbait espezieren osasun defentsarako elkarteen sustapena” izeneko 710004 71310 4819 412203 partidaren baliokidearen kargura.

4. Deialdi honetan aplikatuko dira Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren ekainaren 5eko 230/2015 Foru Aginduan (otsailaren 28ko 93/2017 Foru Aginduaren bidez aldatua) ezarritako arauak; agindu horren bidez arauak onetsi ziren, abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteei laguntzak emateko, abereen gaitzak prebenitu eta desagerrarazteko eta haien aurka borrokatzeko osasun programak egiteagatik, eta abeltzaintzaren osasun defentsarako elkarteen osasun programen gutxieneko edukia finkatu zen.

5. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

6. Dirulaguntzen deialdi hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean erregistratzea (NGDDB).

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko otsailaren 28an.–Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

Iragarkiaren kodea: F2003229