55. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 16a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

19/2020 EBAZPENA, martxoaren 15ekoa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez neurriak hartzen baitira errepidez egiten den erabiltzaile guztientzako bidaiari-garraio publiko erregularraren zerbitzuetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eskumenekoak diren horietan. Hori guztia, COVID-19ren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez alarma egoera deklaratzen duen martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan ezarritakoarekin bat.

2020ko martxoaren 15ean, indarrean sartu da martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua, zeinaren bidez alarma egoera deklaratzen baita COVID-19ren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez.

Errege dekretu horrek pertsonen zirkulatzeko askatasunari mugak ezartzen dizkio, eta birusari eusteko neurriak hartzen ditu zenbait arlotan; horren ondorioz, asko gutxitzen da Estatu osoko pertsonek joan-etorriak egiteko beharra.

463/2020 Errege Dekretuaren 7.1 artikuluak honako hau xedatzen du:

“Alarma egoerak irauten duen bitartean, erabilera publikoko bideetatik zirkulatzen ahalko da honako jarduera hauek egiteko soilik:

a) Elikagaiak, farmaziako produktuak eta oinarrizko beharretarako produktuak erostea.

b) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara joatea.

c) Lantokira joatea lanaldia betetzeko edo enpresa edo lanbide jarduerak egiteko.

d) Ohiko bizilekura itzultzea.

e) Adinekoei, adingabeei, mendekoei, desgaitasuna duten pertsonei edo bereziki kalteberak diren pertsonei arreta ematea eta zaintzea.

f) Finantza eta aseguru entitateetara joatea.

g) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

h) Horien pareko beste edozein jarduera; banan-banan egin beharko da, salbu eta desgaitasuna duten pertsonei lagun egiten bazaie edo beste kausa justifikaturen bat badago.”

Osasuneko kontseilariaren martxoaren 14ko 4/2020 Foru Aginduaren bidez, prebentzio neurriak eta osasun publikoko jarraibideak ezarri dira koronabirusak (COVID-19) eragindako egoeraren eta haren bilakaeraren ondorioz, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan adierazitakoarekin bat. Besteak beste, foru agindu horren bidez hezkuntzako eta prestakuntzako jarduera presentzialak bertan behera uzten dira, eta honako hauek jendearentzat ixten dira: justizia jauregiak eta bake epaitegiak, haurren aisialdirako lokalak eta instalazioak, liburutegien eta museoen sarea, ikasleen egoitzak eta aterpeak, ostatuak, jatetxeak, kafetegiak, saltoki batzuk, zinemak, antzokiak, etab.

Bidaiarien garraioaren arloan, 463/2020 Errege Dekretuaren 14.2.c) artikuluan honako hau ezartzen da:

“Garraio eskaintzari eutsiko zaio bidaiarien errepideko garraio zerbitzuan eta trenbideko eta itsasoko zerbitzuetan, baldin eta autonomia erkidegoen edo toki entitateen eskumenen barnean badaude eta kontratu publiko baten edo nahitaezko zerbitzu publikoko kontratu baten mende badaude, edo titulartasun publikokoak badira.

Garraioetako, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako ministroak eta garraioaren arloan eskumenak dituzten autonomia erkidegoetako eta toki entitateetako agintaritzek zerbitzuak murrizteko portzentaje bat ezartzen ahalko dute, osasun egoerak hala eskatuz gero, baita zerbitzu horiek emateko beste baldintza berariazko batzuk ere.

Neurriak hartzerakoan, kontuan hartuko da bermatu behar dela herritarrak beren lantokietara eta oinarrizko zerbitzuetara joan ahal izatea.”

Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak honako hau adierazi du:

Erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio publiko erregularrari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa 36 emakidaren titularra da.

Aurreko guztia ikusirik, eta 14.2.c) artikuluan ezarritakoarekin bat, proposatzen da %50era murriztea erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio publiko erregularraren zerbitzua, administrazio honen eskumenekoa, alarma egoerak irauten duen bitartean; betiere bermatu beharko da egunero joateko bidaia bat eta itzultzeko beste bat egiten dela emakida bakoitzean eta kontzesio tituluan baimentzen diren zirkulazio guztietan.

Enpresa emakidadunek behar diren egokitzapenak egin beharko dituzte ebazpen honetan ezarritako portzentajea betetzeko. Garraio zerbitzuak egokitzean, bermatu beharko da herritarrak beren lantokietara eta oinarrizko zerbitzuetara joan ahal izatea, eta betiere lehenetsiko da goizeko lehen orduetako bidaiak eskaintzea.

Enpresa emakidadunek, %50eko portzentajea betetzeko egokitzapenak egin ondoan, behar den informazioa eman beharko diete zerbitzu horien erabiltzaileei.

14.2.g) artikuluan adierazitakoarekin bat, enpresa emakidadunek behar diren neurriak hartuko dituzte erabiltzaileak elkarrengandik ahalik eta urrunen egon daitezen, eta ezin izanen dira bete ibilgailuko eserlekuen %50 baino gehiago.

Hartutako neurrien inpaktua ebaluatu ahal izateko eta beste neurri batzuk ezarri behar diren edo ez aztertzeko, enpresa emakidadunek honako hauen berri eman beharko diote egunero Garraio Zuzendaritza Nagusiari, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan adierazitakoari jarraikiz: egindako zerbitzuak, zerbitzu bakoitzeko erabiltzaile kopurua, gertatu diren gorabeherak, eta beste edozein inguruabar, uste badute horren berri eman behar dutela.

Autobus geltokietan, zerbitzu horiek emateko ezinbestekoak diren jarduerei eutsiko zaie.

Horrenbestez, Lurralde Kohesiorako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 263/2019 Foru Dekretuaren bigarren xedapen gehigarriko 1. atalaren bidez emandako eskumenak erabiliz, eta Garraioen Plangintzaren eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak egindako proposamenari jarraituz.

EBAZTEN DUT:

1. %50era murriztea erabiltzaile guztientzako hiriarteko garraio publiko erregularraren zerbitzua, Administrazio honen eskumenekoa, alarma egoerak irauten duen bitartean.

Gutxienez ere, emakida bakoitzean, joateko bidaia bat eta itzultzeko bidaia bat eginen da egunero. Kontzesio tituluan baimentzen diren zirkulazio guztiak hartuko dira kontuan.

Enpresa emakidadunek behar diren egokitzapenak egin beharko dituzte ebazpen honetan ezarritako portzentajea betetzeko. Garraio zerbitzuak egokitzean, bermatu beharko da herritarrak beren lantokietara eta oinarrizko zerbitzuetara joan ahal izatea, eta betiere lehenetsiko da goizeko lehen orduetako bidaiak eskaintzea.

Enpresa emakidadunek, %50eko portzentajea betetzeko egokitzapenak egin ondoan, behar den informazioa eman beharko diete zerbitzu horien erabiltzaileei.

2. 14.2.g) artikuluan adierazitakoarekin bat, enpresa emakidadunek behar diren neurriak hartuko dituzte erabiltzaileak elkarrengandik ahalik eta urrunen egon daitezen, eta ezin izanen dira bete ibilgailuko eserlekuen %50 baino gehiago.

3. Enpresa emakidadunek honako hauen berri eman beharko diote egunero Garraio Zuzendaritza Nagusiari, martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuan adierazitakoari jarraikiz: egindako zerbitzuak, zerbitzu bakoitzeko erabiltzaile kopurua, gertatu diren gorabeherak, eta beste edozein inguruabar, uste badute horren berri eman behar dutela.

4. Autobus geltokietan, zerbitzu horiek emateko ezinbestekoak diren jarduerei eutsiko zaie.

5. Garraio Zuzendaritza Nagusiko ikuskapen zerbitzuek gainbegiratzen ahalko dute nola ari diren betetzen ebazpen honetan ezarritako neurriak.

6. Garraio Zuzendaritza Nagusiak beste neurri batzuk hartzen ahalko ditu, ebazpen honetan jaso ez direnak, COVID-19ren ondoriozko egoeraren bilakaera zein den.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko martxoaren 15ean.–Garraioetako zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobas.

Iragarkiaren kodea: F2003998