55. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 16a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

48/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 15ekoa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, prebentzio neurriak hartzen dituena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko lantokietan eta haren erakunde autonomoetakoetan, koronabirusaren (COVID-19) eboluzio epidemiologikoa dela-eta.

ATARIKOA

Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak martxoaren 12an eman 47/2020 Foru Aginduaren bidez, baimena eman zen COVID-19 dela-eta neurri batzuk hartzeko Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen menpeko lantokietan.

Koronabirusaren (COVID-19) eboluzioa dela-eta suertatutako ohiz kanpoko egoerak ekarri du martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretua onestea, alarma egoera deklaratzen duena COVID-19ren ondoriozko osasun krisiko egoera kudeatzeko xedez, zeinak ondorioak baititu 2020ko martxoaren 14tik aurrera.

Hori horrela, ikusita salbuespenekoa dela egoera, bidezkoa da zenbait neurri hartzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileei dagokienez, haien babesa eta eskubideak bermatzearren.

Horrenbestez, eta otsailaren 21eko 30/2005 Foru Dekretuaren bidez esleiturik ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Lantokietan hartu beharreko neurriak.

Bi metroko tartea bermatuko da, gutxi gorabehera, lanpostuen artean. Tarte hori bermatu ezin denean, neurri hori bete dadin, neurriak hartu beharko dituzte antolamenduan zuzendaritza nagusiek edo langileez arduratzen diren organoek: telelana edo presentziala ez den lanaren modalitateak, langileak lantokian antolatzea lanaldi arruntaren barnean lan presentziala eta ez presentziala tartekatuz edo bestelako neurri batzuk.

Langileek zorrozki eta hertsiki bete behar dituzte eskuak garbitzeko neurriak, elkarren arteko tarteak gordetzekoak eta arnasa hartzekoak, osasun arloko agintariek hartu dituztenak.

2. Bilerak.

Aurreko puntuko neurriak lan bileretan ere aplikatuko da. Izan ere, zerbitzu publikoak emateko ezinbestekotzat jotzen diren bilerak baino ez dira eginen.

3. Bertan behera gelditzen da jendeari ematen zaion arreta Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lantokietan, salbu eta funtsezko zerbitzu publikoetan (osasun eta gizarte arloetako zerbitzuak, laguntza ematekoak eta segurtasun publikokoak). Telefono bidez eta modu telematikoan emanen da arreta.

Aurrekoa gorabehera, zuzendaritza nagusiek funtsezko zerbitzu publikotzat har dezakete zerbitzu edo unitate bat, jendeari arreta emateko ondorioetarako, uste badute ezinbestekoa dela bere eskumenen esparruaren barnean.

Jendeari arreta ematen zaionean, bermatu behar da lanpostuaren eta jendearen arteko tartea 2 metrokoa dela gutxi gorabehera.

4. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak kolektibo kalteberetan edo arriskuko populaziokoetan egon daitezkeenean, zerbitzu presentziala eman behar badute, eskaera bat igorriko diote kasuan kasuko laneko arriskuen prebentzio zerbitzuari, horrek haien egoera azter dezan banan-banan eta jarraibideak eman diezazkien zerbitzuak emateari dagokionez.

Artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, kolektibo kalteberak edo arriskukoak izanen dira osasun arloko agintaritzak hala jotakoak.

5. Baimena ematen zaie zuzendaritza nagusiei eta langileez arduratzen diren organoei beharrezko neurriak har ditzaten antolamenduan, bateragarriak izan daitezen langileei dagozkien prebentzio neurriak, betiere osasun arloko agintaritzaren jarraibideak beteko dituztenak, eta zerbitzu publikoa.

Ondorio horietarako, neurri hauek har daitezke:

a) Lanaldia malgutzea, kontuan hartu gabe xedapen hauen bidez ezarritako mugak: Lehendakaritza, Justizia eta Barneko kontseilariaren martxoaren 10eko 257/2011 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan ordutegia epeka malgutzeko neurriak ezartzeko jarraibideak onetsi zituena, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariaren abenduaren 19ko 197/2019 Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen 2020ko lan egutegia onetsi zuena.

b) Ezinbestekoa denean, langileak etxean gelditzeko baimena emanen da, eta hala egitea ezinbesteko eginbehartzat hartuko da, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen opor, lizentzia eta baimenen erregelamendua onetsi zuen otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera.

6. Aldi baterako bertan behera uztea jarduna unitateetan edo lantokietan.

Osasun arloko agintaritzak erabaki duenean unitateak edo lantokiak ixtea edo jarduna bertan behera uztea, unitate edo lantoki horietako langileek etxean ematen duten denbora benetako lantzat hartuko da.

Aurrekoa ezertan ukatu gabe, langile horiek bete beharko dituzte kasuan kasuko arduradunen jarraibideak, uneren batean esleitzen bazaizkie etxetik egiten ahal dituzten lan edo eginkizun ez presentzialak.

7. Organo eskudunak bermatuko du egunero garbitzen direla lantokiak.

8. Ezinbesteko kasuetara mugatuko da lantokietara sartzea Nafarroako administrazio publikoen eta haien erakunde autonomoen zerbitzuko langileak ez diren pertsonak.

9. Langileentzako eremu komunen erabilera murriztuko da (aldagelak, jangelak, bilera aretoak, kafea hartzekoak eta antzekoak). Haien erabilera baimentzeko, adierazitako segurtasun tartea bermatu behar da, eta soilik ezinbestekoa denean zerbitzu publikoa behar bezala emateko.

10. Mugitzeko arazoak dituzten pertsonek behar-beharrezkoa duten kasuetara mugatzen da igogailuen erabilera, eta banan-banan erabili beharko dira beti, posible bada.

11. Foru agindu honek sinatzen den unetik hasita izanen ditu ondorioak.

12. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko martxoaren 15ean.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2003999