53. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 15a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

4/2020 FORU AGINDUA, martxoaren 14koa, Osasuneko kontseilariak emana, osasun publikoko jarraibide eta prebentzio neurriak hartzen dituena koronabirusaren (COVID-19) egoeraren eta bilakaeraren ondorioz.

Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan aurreikusten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat badago, edo susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Legeak, berriz, 54.1 artikuluan ezartzen duenez, Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak ezertan ukatu gabe, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa ukatu gabe; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaren arabera, Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilaria osasun arloko agintaria da, besteak beste.

COVID-19 izeneko gaixotasuna dela eta, Osasunaren Mundu Erakundeak osasun publikoko larrialdi egoera deklaratu du, eta nazioarteko garrantzia eman dio. Gaur den egunean, ez dago txertoen bidezko tratamendu espezifikorik gaixotasun honetarako. Beraz, har daitezkeen neurriak hauek dira: batetik, infekzio iturria isolatzea, eta bestetik mugak jartzea kutsapena errazten duten transmisio mekanismoei.

Osasuneko kontseilariak martxoaren 13an eman 3/2020 Foru Aginduaren bidez, osasun publikoko jarraibide eta prebentzio neurriak hartu ziren koronabirusaren (COVID-19) egoeraren eta bilakaeraren ondorioz. Aipatu foru agindua 2020ko 52. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, martxoaren 13koan, eta neurriok Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 2. Epaitegiak berretsi zituen, egun bereko auto baten bidez.

Ministroen Kontseiluak, martxoaren 14an, 463/2020 Errege-dekretu bidez, alarma egoera deklaratu du, COVID-19 birusak eragindako krisi egoera kudeatzeko. Osasun Ministerioak, bestalde, gomendioak eman dizkie autonomia erkidego guztiei. Azkenik, positiboen kopuruak gora egin du Nafarroan. Horiek horrela, eta Nafarroako Foru Komunitatearen errealitate espezifikoari egokitutako neurriak zehazteko helburuz, bidezkoa da Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilariak prebentzio neurri eta jarraibide batzuk ematea justiziarako, hezkuntzarako, haurrentzat eta gizartearentzat oro har, egokituz oraingo egoerara, birusaren hedatzeari eusteko eta, horrela, ez dadin gehiago zabaldu, eta babesteko, bestalde, bereziki kalteberak diren pertsona-taldeak. Neurri eta jarraibideok aplikatzekoak zaizkie, halaber, espektakulu publikoei, josteta-ekitaldi eta aisialdiko jarduerei, merkataritzakoei, ostalaritzakoei, kulturalei, erlijiozkoei, kirolekoei edo antzekoei, kontuan izan gabe titularra, kudeatzailea edo antolatzailea publikoa edo pribatua den. Hori guztia osasun publikoa babestearren eta COVID-19 koronabirusaren epidemia gure erkidegoan transmititzeko arriskua ahal den gehiena gutxitzearren.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak proposaturik, honako prebentzio neurri hauek ematea:

1. Publikoari ixtea justizia-jauregien eta bake-epaitegien bulegoak, deusetan galarazi gabe funtsezko zerbitzuei eustea, Justizia Ministerioarekin eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiarekin koordinatuta.

2. Publikoari ixtea haurrentzako aisialdirako lokal eta instalazioak eta ludotekak. Debekatzea haurren aire zabaleko aisialdirako eremu publikoetan eta/edo haur parkeetan sartzea eta horiek erabiltzea.

3. Publikoari ixtea Nafarroako liburutegi publikoen sarea eta kudeaketa edo titulartasun publikoko museoak.

4. Ixtea titulartasun publikoko ikasleen egoitzak eta gazteentzako aterpetxeak.

Bigarrena.–Ostalaritza eta aisialdiko jarduerei eta kirol, kultura, gizarte, erlijio eta zezen ekitaldiei dagokienez, honako jarraibide hauek ematea:

1. Publikoari ixtea tabernak, jatetxeak, kafetegiak eta gainerako establezimendu baliokideak, COVID-19 birusak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duen Errege Dekretuaren I. eranskinean deskribatutakoak. Hori horrela izanik ere, eman ahal izanen dituzte etxez etxeko bidalketa-zerbitzuak edo lokalean jasotzeko zerbitzuak.

Aipatutako itxierak ez die eragiten hotel-establezimenduetako jatetxe-zerbitzuei, baldin eta establezimendu horien bezeroei soilik zuzentzen bazaizkie, ez eta funtsezko zerbitzu publikoak emateko instalazioetako establezimenduei ere.

2. Txikizkako merkataritzari dagokionez, COVID-19 birusak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duen Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da.

Nolanahi ere, elikagaien eta behar-beharrezko produktuen txikizkako saltokien jarduera bermatuko da, esate baterako fruta dendak, harategiak, arrandegiak, okindegiak, farmaziak, estankoak, gasolindegiak, kioskoak eta elikagai dendak.

Azalera handien kasuan, elikadura establezimenduak eta behar-beharrezko produktuen establezimenduak soilik egon ahal izanen dira publikoari irekita.

3. Ixtea zinemak eta antzokiak, joko establezimenduak, kontzertu aretoak eta auditoriumak, azoka esparruak, aisia eta entretenimendu establezimenduak –jai-aretoak, diskotekak, pubak, ikuskizun kafeak eta baliokideak–, elkarte gastronomikoak, peñak, aisialdirako gune pribatuak (esate baterako, gaztetxeak, lokalak, txabiskeak, piperoak edo baliokideak) eta Donejakue bideko aterpetxeak, baita gainerako establezimendu baliokideak ere, COVID-19 birusak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duen Errege Dekretuaren I. eranskinean deskribatzen direnak.

4. Bertan behera uztea espazio itxi edo irekietako jendaurreko ikuskizun, josteta eta aisialdiko ekitaldi kolektiboak, eta kultura, erlijio, zezen eta kirol jarduerak edo antzekoak, kontuan izan gabe titular, kudeatzaile edo antolatzaile publiko edo pribatu batek eskaintzen dituen.

Nolanahi ere, kulturako, hiletetarako eta zeremonia zibil eta erlijiosoetarako lekuetarako, gehienez ere heren bateko edukiera ezartzen da, baita tanatorio eta beilatokietarako ere, eta gehienez 25 pertsona hileta segizioari laguntzeko.

5. Ixtea kirol instalazio, pabiloi eta esparruak, gimnasioak eta igerilekuak, bai eta gainerako establezimendu baliokideak ere, COVID-19 birusak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duen Errege Dekretuaren I. eranskinean deskribatutakoak.

Era berean, bertan behera uztea kirol ekitaldi profesionalak eta ez-profesionalak, nazioko eta nazioarteko lehiaketetakoak, edozein maila eta kategoriatakoak.

Hirugarrena.–Talde berezi batzuen babesari dagokionez, honako jarraibide hauek ematea:

1. Bertan behera uztea adinekoentzako eguneko zentroen irekiera eta egoitza zentroetako eguneko egonaldiak; baita egoitzak ez diren adinekoentzako jolas izaerako zentroen irekiera ere, esate baterako adinekoentzako etxeena, klubena eta bizikidetza eta aisialdi zentroena.

2. Egoiliar bakoitzeko bisitari bakar bateko muga paratzea adinekoentzako, adingabeentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitza zentroetan, zentroko zuzendaritzak zehaztutako ordutegian. Muga hori aplikatuko da salbu eta banakakoen inguruabarrengatik bidezkoa denean zentroaren zuzendaritzak zainketa eta humanizazio neurri gehigarriak hartzea.

3. Adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako egoitzetan sartzea debekatzea arnas infekzio akutuaren sintomak (eztula, sukarra edo arnas zailtasun akutua) dituzten pertsonei.

4. Bertan behera uztea adineko pertsonei eta desgaitasuna duen pertsonei zuzendutako taldeko jarduerak edo jarduera kolektiboak.

Laugarrena.–Foru agindu honetan deskribatutako neurrien indarraldia hamabost egun naturalekoa izanen da, deusetan galarazi gabe ondorengo luzapenak edo irizpide epidemiologikoen arabera har daitezkeen bestelako neurriak.

Aurretik deskribatu ez den guztiari dagokionez, COVID-19 birusak eragindako osasun krisia kudeatzeko alarma egoera deklaratzen duen Errege Dekretuan xedatutakoa beteko da.

Bosgarrena.–Frogatutako zirkunstantziek beharrezko egiten badute, osasun publikoaren eskumena duen organoak erabaki dezake gorago aipatu ez diren beste jarduera batzuk ere bertan behera uztea.

Seigarrena.–Neurriok hartu dira helburu dituzten pertsona-taldeen osasuna babesteko; proportzionaltasunez aplikatuko dira, eta zerbitzuen erabiltzaileek eta beren familiartekoek dituzten eskubideak errespetatuz, bai eta zerbitzuotako langileenak ere.

Zazpigarrena.–Indarrik gabe uztea Osasuneko kontseilariaren 3/2020 Foru Agindua, martxoaren 13koa, osasun publikoko jarraibide eta prebentzio neurriak hartzen dituena koronabirusaren (COVID-19) egoeraren eta bilakaeraren ondorioz. Salbuespena lehenengo puntua izanen da, hezkuntza eta prestakuntza jardunari dagokiona.

Zortzigarrena.–Nafarroako Gobernuak ez du ukatzen foru agindu honetan aurreikusi ez diren bestelako neurriak hartzea, osasun publikoa babestearren eta COVID-19 koronabirusaren epidemia erkidegoan transmititzeko arriskua ahalik eta gehien gutxitzearren.

Bederatzigarrena.–Foru agindu hau departamentu hauetako idazkaritza teknikoetara igortzea: Hezkuntza; Kultura eta Kirola; Garapen Ekonomiko eta Enpresariala; Eskubide Sozialak; Migrazio Politikak eta Justizia; Lehendakaritza, Berdintasuna, Funtzio Publikoa eta Barnea; eta Osasuna

Hamargarrena.–Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea

Iruñean, 2020ko martxoaren 14an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2003994