5. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 9a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TEBAS-MURU ARTEDERRETA

Dirulaguntzen urteko deialdia, kulturaren, hezkuntzaren, kirolaren, berdintasunaren, gazteriaren eta landa garapenaren arloetan jarduerak egiten dituzten Tebas-Muru Artederretako entitateendako

Alkatetzaren 2019ko azaroaren 20ko ebazpen baten bidez, 2020rako dirulaguntzen deialdia onetsi zen kulturaren, hezkuntzaren, kirolaren, gazteriaren berdintasunaren eta landa garapenaren arloetan jarduerak egiten dituzten Tebas-Muru Artederretako entitateendako. Hona hemen:

OINARRIAK

Xedea

Lehenbizikoa.

Ordenantza honen xedea da dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea, Tebas-Muru Artederretako udalerrian egiten diren kulturaren, hezkuntzaren, kirolaren, gazteriaren, berdintasunaren eta landa garapenaren arloetako ekintzak eta jarduerak babesteko.

Dirulaguntzak jasoko dituzten jarduerak

Bigarrena.

Dirulaguntzak jasoko dituzten jarduerak izanen dira udalerrian jarraikiak diren edo bertako pertsonak zuzeneko onuraduntzat dituzten jarduera programatuak. Halako jarduerak dirulaguntza eskatzen den urtean egin beharko dira, eta udalerriaren mugapean; alabaina, salbuespen izanen dira, helburua edo inguruabarrak direla eta, udalerri barruan egin ezin daitezkeenak. Jarduerok arlo hauetakok izan beharko dute:

–Kultura.

–Hezkuntza.

–Kirolak.

–Gazteria.

–Berdintasuna eta landa garapena.

Hirugarrena.

Honako hauek ez dute dirulaguntzarik jasoko:

a) Lokalak egokitzea edo eraikinetan egiten den bertze edozein obra.

b) Entitate eskatzailearen funtzionamenduaren ondoriozko gastuak (alokairua, telefonoa, argia, langileen nominak etab.).

c) Ondasun higigarri eta higiezinak eskuratzea.

d) Interesaturik dauden Tebas-Muru Artederretako herritar guztientzat sarbiderik ez duten jarduerak (betiere, jarduera orok duen zentzuzko plaza kopuru mugatua aintzat hartuz).

Eskatzaileak

Laugarrena.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den unean honako baldintza hauek betetzen dituzten entitateek eska ditzakete dirulaguntzak:

1. Irabazi-asmorik gabeko entitateak edo elkarteak izatea, edo, noizbehinkako ekimenak egiteko, partikular gisa edo inskribatu gabeko talde edo elkarte baten ordezkari gisa diharduten pertsona fisikoak, eta ekintzak Tebas-Muru Artederretako udalerrian egitea.

2. Tebas-Muru Artederretako Udalarekin sinaturik ez edukitzea lankidetza-hitzarmenik, zerbitzu-kontrataziorik edo bertzelako kontratu edo konpromisorik dirulaguntzaren xede den proiekturako, eta Tebas-Muru Artederretako Udalaren dirulaguntzarik jaso ez izana jarduera hori bera gauzatzeko.

Eskabideak non eta noiz aurkeztu

Bosgarren.

30 egun balioduneko epea izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Udalaren iragarki taulan argitaratzen denetik hasita.

Udalaren behin betiko ebazpenak eta Udalaren iragarki taulan argitaratzea: Udalak hilabeteko epean ebatziko ditu eskaerak, haiek aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Eskabideak Tebas-Muru Artederretako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira (Karrika Nagusia, 42), 09:00-14:00 ordutegian, edo urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako tokietako batean (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Eskabideak eta agiriak

Seigarrena.

Eskabideak egiteko, agiri hauek aurkeztu beharko dira:

a) Eskabide bat jarduera bakoitzeko, entitateko buruak edo behar bezala egiaztatutako eskuordetzea duenak sinatua. Dirulaguntza zer programa edo jardueratarako eskatzen den adieraziko da. Erantsitako ereduaren araberakoa izanen da eskabide-orria (1. eranskina).

b) Egitekoa den eta dirulaguntza eskaeraren xede den jardueraren/programaren aurrekontu osoa, xehakatua, erantsitako ereduaren arabera (2. eranskina).

c) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, betea (3. eranskina).

d) Tebas-Muru Artederretako Udalaren Elkarteen Erregistroan izena emanik ez daukaten elkarteen edo patronatuen kasuan, estatutuen ale bat aurkeztu beharko da.

Eskabideak ez baditu betetzen deialdian ezarritako betekizunak, entitate interesdunari eskatuko zaio zuzenketa egin dezala gehienez ere hamar egun balioduneko epe luzaezinean, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskabidea bertan behera utzi duela iritziko zaiola. Betiere, aitzinetik ebazpena emanen da, urriaren 1eko 39/2015 Legean xedaturik dagoenarekin bat (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legea).

Eskatutako agiriez gain, entitateak edo elkarteak nahi dituen agiri guztiak aurkezten ahalko ditu, bere proiektuaren berri emateko.

Finantzaketa

Dirulaguntzak emanen dira horretarako berariaz urte bakoitzean gaituriko aurrekontu-partidaren kargura.

Partida hori ez da handituko, eta zenbatekoa proportzionalki banatuko da aurkezturiko eskabideen artean, horiek aurreikusitako zenbatekoa gaindituko balute.

Tebas-Muru Artederretako Udalak gehienez ere 1.200 euroko dirulaguntza emanen dio, denera, irabazi-asmorik gabeko entitate bakoitzari.

Dirulaguntzak emateko irizpideak

Zazpigarrena.

Dirulaguntzak emateko, honako irizpide objektibo orokor hauek izanen dira:

a) Jardueraren interes orokorra Tebas-Muru Artederretako Udalarendako.

b) Programa hauetan herritarrek aktiboki parte hartzea eta jarduerek eragin soziala izatea.

c) Prestakuntza edo hezkuntza alderdiak sustatzea, ondorioz herritarren bizi kalitatea hobetzen baldin bada.

d) Proiektua zer esparrutan garatuko den, horrexen baldintzetara egokitzea gizartearen, kulturaren eta abarren aldetik.

e) Jarduerak Tebas-Muru Artederretako herritarren eskura izatea eta iritzi publikoa sentsibilizatzen laguntzea.

f) Boluntarioek parte hartzea proiektua edo jarduera gauzatzen denean.

g) Antzeko jardueren eskasia.

h) Oinarriko kirola eta kultura sustatzea.

i) Dirulaguntzarik gabe nekez gauzatuko liratekeen interes orokorreko jarduerei laguntza ematea.

j) Proiektuan ingurumenaren, gizartearen nahiz genero berdintasunaren ikuspegia txertatzea.

k) Eskatzailearen gaitasun teknikoa nahiz antolaketarako eta kudeaketarako gaitasuna.

Zortzigarrena.

Eskabideak aztertu eta gero, Alkatetzak ebazpena emanen du, eta dirulaguntza esleituko du kasu bakoitzean egoki jotako zenbateko eta ehunekoarekin, gainerako zinegotziekin batean inguruabarrak balioztatu ondoren.

Xedea

Bederatzigarrena.

Ematen diren laguntzak proposatu den jarduera edo programarako erabili beharko dira.

Dirulaguntza emanda dagoenean, ez da onartuko bertze deusetarako erabiltzea.

Deialdi honetako betebehar eta zehaztapenak ez betetzeak dirulaguntza galtzea ekar dezake.

Onuradunek bete beharrekoak

Hamargarrena.

Dirulaguntzaren onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Dirulaguntza zer jarduera, proiektu eta programatarako ematen den, horiexek finantzatzeko erabiltzea.

b) Udalak eskatzen duen gisan frogatzea dirulaguntzaren xedea bete dela.

c) Onuradunek beren sinbolo eta anagramen publizitatea egitea baino ez dute zilegi izanen, hala propagandan nola jardueretan bertan, eta Udalarenak ere agertu beharko dituzte, eta Udala laguntzaile dela adierazi.

d) Dirulaguntza eman dien jardueren publizitatea egiten ahalko du Udalak, jardueraren laguntzailea dela adierazirik.

e) Dirulaguntzak Udalaren aurrekontuaren kargura jasotzeko baldintza izanen da onuradunek beren zerga-betebeharrak beteak izatea, bai eta, horrelakoak badituzte, Gizarte Segurantzari dagozkionak ere.

f) Jasotako dirulaguntzak itzultzea, baldin eta egiaztatzen bada ez direla erabili laguntza lortu zuten jarduera, programa edo proiektuetarako; edo ez badira betetzen deialdi honetan ezarritako baldintzak eta betebeharrak.

g) Kontrol-organo eskudunek egiten dituzten egiaztapen jarduketak onartzea, eta halakoek beren eginkizunak betetzean eskaturiko informazio guztia ematea .

Justifikazioa eta kobrantza

Hamaikagarrena.

Dirulaguntzaren onuradunek dirulaguntzaren xedea den jarduera egin behar dute, eta urte bakoitzeko urtarrilaren 31 baino lehen honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Udalean:

a) Egindako jarduerari buruzko memoria zehatza.

b) Entitateko Idazkaritzak emaniko ziurtagiria, gordekin gisa aurkezten diren fakturak organo eskudunak onetsi dituela ziurtatzen duena.

c) Dirulaguntzaren xede izan den jarduera, proiektu edo programa gauzatu izanaren ondoriozko fakturak.

d) Entitateko Idazkaritzak emaniko ziurtagiria, jarduera horrek ekarritako diru-sarrerak frogatzen dituena.

e) Jarduerak sorrarazitako agiri inprimatu guztien ale bana.

Hamabigarrena.

Aurreko artikuluan aipatu fakturek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Jatorrizkoak izatea, edo Idazkaritzak konpultsatutako fotokopiak.

b) Dirulaguntza eman den urteko data izatea, eta ekintza puntuala bada, ekintza horren egunekoa.

c) Jasotzailearen NANa edo lizentzia fiskalaren zenbakia edukitzea.

d) Etxe hornitzailearen zigilua eta izenpea edukitzea.

e) Eskabidea egitean aurkeztutako aurrekontuarekin bat etortzea.

Hamahirugarrena.

Oinarri honetan ezartzen ez denerako, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra aplikatuko da.

1. ERANSKINA

Jarduera bakoitzerako eskabidea

2. ERANSKINA

Fitxa ekonomikoa

3. ERANSKINA

Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea

Deskargatzeko artxiboak PDF formatuan daude.

Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du (Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 52.2 artikulua), eta errekurtso hauek aurkezten ahal zaizkio:

a) Aukeran, gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, egintza hau jakinarazi eta biharamunetik hasita (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 337.1. artikulua).

b) Aukeran, berraztertzeko errekurtsoa, jakinarazten den egintza egin duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean egintza hau jakinarazten denetik hasita (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 124. artikulua).

c) Zuzenean (hots, aitzinetik berraztertzeko errekurtsorik aurkeztu beharrik gabe), administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiei zuzendua, bi hilabeteko epean, egintza hau jakinarazten denetik zenbatzen hasita (Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikulua)”.

Tebasen, 2019ko azaroaren 25ean.–Alkatea, Yolanda Obanos Irure.

Iragarkiaren kodea: L1915265