5. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 9a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

285E/2019 FORU AGINDUA, abenduaren 30ekoa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak emana, “Nafarroako ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak” izeneko dirulaguntzaren 2020ko deialdia onesten duena tramitazio aurreratuaren bidez. DDBN identifikazioa: 490748.

Nafarroako ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak 2006an sortu ziren, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluak (jada desagertua) eskatuta. Haren 2005eko txostenean ohartarazi zuen jaitsi egin zirela, oro har, Nafarroako telebisten ekoizpen propioaren kopuruak, eta gomendatu zuen programa interesgarriak eta eskualdeko eta tokiko ekoizpena sustatzea dirulaguntzen bidez.

Orduz geroztik, laguntza horiek urtero tramitatu dira, bai nominatiboki LTDaren lizentzia duten telebistentzat, bai norgehiagokako araubideari jarraikiz.

2017an berritu zen dirulaguntzen deialdi hori, eta laguntzak Europako araudira egokitu dira, zehazki 2014ko ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 54. artikulura eta I. kapitulura; erregelamendu horren bidez, laguntzen kategoria jakin batzuk bateragarritzat jotzen dira barne-merkatuarekin, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz. Eta Europar Batasuneko araudiaren zuzenbidezko berme horri jarraituz, dagokion deialdia egin zen 2018an.

Aurreko ekitaldietan metatuko esperientziatik abiatuta, irizten da komeni dela laguntza hauek tramitazio aurreratuko espedientearen bitartez tramitatzea (orain egin nahi den gastua eraginkortasunez onesteak baldintzatuko du tramitazioa), deialdiaren ebazpena 2020ko otsailean irmoa izan dadin eta telebista-operadoreek hobeki antolatzeko aukera izan dezaten.

2020. urterako proposatzen den deialdiak bi berrikuntza nagusi ditu bere oinarrietan:

a) Laguntzak jaso ditzakeen programazioaren tipologia berrantolatu da: lehenik eta behin, kopururik handiena, 850.000 euro, programazio orokorrera bideratuko da, eta telebista-operadore guztiek izanen dute aukera horietatik laguntza jasotzeko; eta bigarrenik, beste bi tipologia ezarri dira tokiko programaziorako, Nafarroan operadore aktiboak dituzten bi tokiko mugapeetarako bana (Iruña eta Tafalla), eta horiek jasotzeko aukera mugape bakoitzeko tokiko LTD operadoreek baizik ez dute izanen.

b) Ikusle-kopuruaren irizpidea berreskuratu da telebistek aurkezten dituzten programazio-proposamenak baloratzeko elementu gisa.

Horregatik guztiagatik, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak aurkeztu duen txostena ikusita, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Nafarroako ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak” izeneko dirulaguntzen deialdia onestea.

2. Onestea deialdiaren oinarri arautzaileak, foru agindu honen eranskinean jaso direnak.

3. Deialdi honen konpromisoei aurre egiteko, jarraian adierazten diren aurrekontuko kredituak baimentzea, jasotako eskakizunen arabera aldaketak egiten ahal izanen direlarik:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

B10003-B1100-4709-921500: Nafarroako ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak

2020

1.100.000,00

4. Foru agindu hau eta haren eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen kontra, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

6. Administrazio Publikoen kasuan, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal izanen da Foru Agindu honen aurka, argitaratzen denetik bi hilabeteko epean, Nafarroako Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salan; hala ere, aurretiazko errekerimendua egiteko aukera izanen da, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moldeen eta epeen barnean.

Iruñean, 2019ko abenduaren 30ean.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

ERANSKINA

“Nafarroako ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak 2020an”,
Oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Deialdi honek helburu du 2020rako Foru Komunitateko ikus-entzunezko edukien ekoizpen-jardueren dirulaguntzen erregimena ezartzea, tokiko- eta autonomia-esparruko lurreko telebista digitalen (LTD) lizentzia pribatuen titulartasunak dituztenek igortzeko.

Ikus-entzunezko edukiak Nafarroako hizkuntza ofizialetako batean eginen dira eta haien helburua izanen da Foru Komunitateko ikus-entzunezko kulturaren eskaintza handitzea.

2. oinarria.–Aurrekontua eta diruz lagungarriak diren kostuen muga.

1. Deialdi honetarako bideratu den aurrekontua 1.100.000 eurokoa da, gehienez ere, 2019ko Gastuen Aurrekontuko “Nafarroako ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak” izeneko B10003 B1100 4709 921500 partidaren pareko izaerarekin 2020ko Nafarroako Gastuen Aurrekontu Orokorrean sortzen den partidaren kargura. Salbuespen gisa, eta 4.4 oinarrian aurreikusten den eran, deialdi honetara bideratutako diru-kopurua handitu ahal izanen da, 50.000 euro gehiago emanez, aurkeztutako eskakizun-kopuruak hala egitea iradokiko balu, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Kontseilariaren Foru Agindu baten bidez, beste deialdi bat egiteko beharrik gabe, eta betiere Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 31. artikuluak ezarritakoa betetzen bada.

2. Laguntzak dirulaguntza gisa ematen dira, ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 54. artikuluan eta I. kapituluan adierazitakoaren arabera, zeinetan barne-merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza-kategoria ezartzen diren, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

Ikus-entzunezko lanak ekoizteko laguntzen intentsitatea diruz lagungarriak diren kostuen %50ekoa izanen da.

3. oinarria.–Onuradunak eta betebeharrak.

1. Lurreko Telebista Digitalaren (tokikoa eta erkidegokoa) emanaldietarako Nafarroako Gobernuak ematen dituen lizentzia pribatuen titularrak izaten ahalko dira laguntza hauen onuradunak, baldin eta, deialdi honetako eskaerak aurkezteko epean, lizentzia eskuratzeko bete behar izan zituzten baldintza teknikoen eta programazioari dagozkienen araberako emanaldiak eskaintzen badituzte.

2. Ezin izanen zaie dirulaguntzarik eman Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan ezarritako inguruabarren bat duten entitateei.

3. Deialdi hau ez da aplikagarria izanen Europar Batzordearen aurretiazko erabaki baten ondorioz berreskuratze-agindu baten mende dauden enpresentzat, laguntza ilegal eta barne-merkatuarekin bateragarria ez dena deklaratu zaienentzat, ezta aipaturiko 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.18) artikuluan definitzen diren moduan krisiak jota dauden enpresentzat ere.

4. oinarria.–Proiektuen tipologiak eta laguntzen gehieneko zenbatekoak.

1. Ikus-entzunezko edukiak ekoizteko jarduerak hurrengo proiektu-tipologia eta baldintzekin bat etorriko dira:

A tipologia: Nafarroako herritar guztiei zuzendutako ikus-entzunezko proiektuak, 850.000 euro gehienez.

A.1. Telebista-saioak, edozein formatutan, Nafarroako herritar guztiei zuzenduak.

A.2. Tipologia honetara aurkezturiko programa bakoitzak gutxienez 40 minutuko 32 pasarteren ekoizpena bermatu beharko du.

A.3. Tipologia honen barnean ikus-entzunezko edukien ekintzengatik onuradun batek jaso dezakeen gehieneko dirulaguntza ezin izanen da 750.000 euro baino handiagoa izan.

B tipologia: Iruñeko LTDko tokiko mugapean bizi diren ikusleei zuzenduriko ikus-entzunezko proiektuak, 200.000 euro gehienez.

B.1. Telebista-saioak, edozein formatutan, Iruñeko tokiko mugapean bizi diren ikusleen interes zehatzaren arabera diseinaturikoak. Mugape horretako tokiko LTD lizentzien jabeek baizik ezin izanen dituzte proposamenak aurkeztu tipologia honetako laguntzak jasotzeko.

B.2. Tipologia honetara aurkezturiko programa bakoitzak gutxienez 20 minutuko 32 pasarteren ekoizpena bermatu beharko du.

B.3. Tipologia honen barnean ikus-entzunezko edukien ekintzengatik onuradun batek jaso dezakeen gehieneko dirulaguntza ezin izanen da 150.000 euro baino handiagoa izan.

B.4. Tipologia honetara aurkezturiko programa bakoitzari 50.000 euro ematen ahalko zaizkio, gehienez ere.

C tipologia: Tafallako LTDko tokiko mugapean bizi diren ikusleei zuzenduriko ikus-entzunezko proiektuak, 50.000 euro gehienez.

C.1. Telebista-saioak, edozein formatutan, Tafallako tokiko mugapean bizi diren ikusleen interes zehatzaren arabera diseinaturikoak. Mugape horretako tokiko LTD lizentzien jabeek baizik ezin izanen dituzte proposamenak aurkeztu tipologia honetako laguntzak jasotzeko.

C.2. Tipologia honetara aurkezturiko programa bakoitzak gutxienez 20 minutuko 16 pasarteren ekoizpena bermatu beharko du.

C.3. Tipologia honen barnean ikus-entzunezko edukien ekintzengatik onuradun batek jaso dezakeen gehieneko dirulaguntza ezin izanen da 25.000 euro baino handiagoa izan.

C.4. Tipologia honetara aurkezturiko programa bakoitzari 50.000 euro ematen ahalko zaizkio, gehienez ere.

2. Laguntza hauetatik kanpo gelditzen da Nafarroako telebistetako informazio-programazioa.

3. Telebista operadoreek ezin izanen dute programa-proposamen bera hiru programazio-tipologia hauetako batera baino gehiagotara aurkeztu. Hala gertatuko balitz, laguntzak kudeatzen dituen zerbitzuak (Komunikazio Zerbitzuak) proposamen horri dagokion tipologia ezarriko luke, aurkezturiko memoriarekin bat etorriz, eta tipologia horren barnean bakarrik baloratuko da.

4. Deialdirako aurrekontua handitzekotan, oinarri hauetan ezarritako gutxieneko puntu-kopurua gainditu duten baina hasiera batean kreditu nahikoa ez egoteagatik laguntzarik jaso gabe geratu diren proiektuak finantzatzera bideratuko da kreditu gehigarria. Krediturik handiena emateko ordena hau hartuko da kontuan: lehenbizi, B tipologian laguntzarik jaso ez dutenen artean puntu gehien dituenari emanen zaio finantzazioa; bigarrenik, C tipologian laguntzarik jaso ez dutenen artean puntu gehien dituenari; eta hirugarrenik, A tipologian laguntzarik jaso ez dutenen artean puntu gehien dituenari. Ordena hori aplikatu ondoren deialdiak oraindik aurrekonturik balu, tipologia bakoitzeko bigarren saioari emanen litzaioke laguntza, aipatutako ordena berean; eta ondoren, tipologia horietako hirugarrenei, eta abar. Eskura dagoen dirua ez bada nahikoa saioaren finantzazioaren %50era iristeko, saioaren aurrekontua berriz egiteko aukera eskainiko zaio telebista-operadoreari, horretarako bi egun balioduneko epea emanik proposamen hori elektronikoki jakinarazten zaion datatik zenbatzen hasita. Eskabide horri erantzuten ez badio, edo interesatzen ez zaiola adierazten badu, tipologia horretan laguntzarik jaso ez duen eta puntu gehien lortu duen hurrengo telebista-proiektuari eginen zaio eskaintza. Oinarri honen arabera eman litezkeen dirulaguntzak ez dira aintzat hartuko tipologia bakoitzean operadore batentzat ezarritako gehieneko zenbatekoa gainditu den ebazteko.

5. oinarria.–Gastu diruz lagungarriak eta gauzatzeko epea.

1. Gastu diruz lagungarritzat joko dira dirulaguntzaren xedeko jardueren izaerarekin bat datozenak eta eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik 2020ko urriaren 31ra arteko epean egiten direnak (azken egun hau barne).

2. Dirulaguntzaren zenbatekoa ez da inola ere izanen gastu horien guztirakoaren %50 baino gehiagokoa.

3. Honako hauek dira gastu diruz lagungarriak: zuzeneko gastuak (langileenak barne), zeharkako gastuak eta ondasun inbentariagarriak erosteko edo amortizatzeko gastuak.

4. Ikus-entzunezkoen produkzioaren emanaldiari zuzenean lotutakoak jotzen dira zuzeneko gastutzat, ikus-entzunezko edukiak sortzeko beharrezkoak diren langileenak barne. Zuzeneko gastuen kasuan (langileenak barne), hots, onuradunak dirulaguntza honen xedea ez den beste programazio bat ekoizteko direnean, diruz laguntzen den proiektuan erabilitako denbora zati proportzionalari dagozkion gastuak baino ez dira egotziko.

5. Deialdi honetan azpikontratazioa egiten ahalko da. Ikus-entzunezkoak ekoizteko jardueren gauzatzea edo ikus-entzunezko edukiak ekoizteko beharrezkoak diren beste lan lagungarri batzuk azpikontratatzen ahal izanen dira. Kasu horietan, diruz lagungarriak diren gastuak Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26. artikuluan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira...

6. Langileen gastuak (lantaldearenak edo azpikontratazio bidez diruz lagundutako programaren ekoizpenera atxikitakoak) ezin izanen dira izan enpresaren hitzarmenetan edo onuradunari aplika dakizkiokeen hitzarmen sektorialetan jasotakoak baino txikiagoak, ezta ondorengo hileko zenbateko gordinak baino handiagoak ere (aparteko ordainsarien bidezko hainbanaketak barne):

–Programaren arduraduna (diruz lagundutako programa bakoitzeko gehienez bat): 3.750 euro.

–Unibertsitate-titulazioa behar duten kategorietako langileak: 3.000 euro.

–Unibertsitatekoak ez diren ikasketak eskatzen dituzten kategorietako langileak: 2.500 euro.

7. Hedabideek honako ondasun inbentariagarriak aurkez ditzakete deialdi publiko bidez amortizatzeko: tresna elektroniko eta informatikoak, programa informatikoak eta ikus-entzunezko materiala. Kontabilitate-irizpide nagusien arabera, tresna eta programa horiei urteko %20 eta %33 arteko amortizazio lineala ezar dakieke, hurrenez hurren.

8. Zeharkako gastuen barnean daude bai gastu orokorrak, onuradunak betetzen dituen jardueretako batzuei egozten ahal zaizkienak, bai gastu finkoak ere, jarduera zehatz bati egotzi ezin zaizkionak, baina beharrezkoak direnak diruz lagundutako jarduera gauzatzeko, telebista-seinalearen hedapen eta garraioari dagozkion gastuak barne. Proiektu bakoitzean diruz lagundu daitezkeen zeharkako kostuek proiektuaren aurrekontuan sartuta egon beharko dute, eta ez dira proiektuaren kostu osoaren %12tik gorakoak izanen; betiere, frogatu egin beharko da zergatik egozten zaizkion dirulaguntzaren xedeko programari.

9. Diruz lagungarriak diren zuzeneko zein zeharkako gastuetatik kanpo daude telebista operadorearentzako higiezinen alokairu edo amortizaziorako direnak; lege-arloko aholkularitza-zerbitzuaren prestazioak eta azpikontratazioak; eta diruz lagundutako programazioaren produkzioari lotu gabeko jarduketetako langileen gastuak (ordezkaritza-gastuak, dieta eta bidaiak, eta abar).

6. oinarria.–Eskaerak eta dokumentazioa aurkeztea.

1. Eskaerak hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean zenbatzen hasita.

Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez (www.nafarroa.eus). Eskabide-eredua eta aurkeztu beharreko gainontzeko agiriak deialdi honetako eranskinetako ereduen araberakoak izanen dira, eta “ikus-entzunezkoak ekoizteko laguntzak 2020” fitxaren barnean (hemendik aurrera, laguntzen fitxa) izanen dira eskuragarri.

2. Dirulaguntzen deialdi honi dagozkion jakinarazpen telematikoak interesdunak eskaeran emandako gaitutako helbide elektronikoaren (GHE) bitartez eginen dira. Helbide horrek Nafarroako Gobernuak gaitutako jakinarazpen elektronikoen prozeduran harpidetua egon beharko du. Prozedura honi dagozkion jakinarazpenak eskatzaileak horretarako emandako helbide elektronikora bidaliko dira.

3. Laguntza hauek efektu bultzatzailea izan behar dute. Hortaz, 651/2014 (EB) Erregelamenduaren 6. artikuluan xedatzen denaren arabera, dirulaguntzen eskatzaileek ezin izanen dituzte diruz lagundutako jarduerak hasi deialdi honetarako eskaerak aurkezteko epea irekitzen den data baino lehenago.

4. Agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1) I. eranskineko eskaera, entitateari buruzko datuak, proposatutako ikus-entzunezko edukiaren edo edukien izenak eta horiei dago(z)kien programazio-tipologia betez formularioan, besteak beste.

2) II. eranskineko erantzukizun-adierazpena, deialdian exijitzen diren baldintzak betetzeari buruzkoa.

3) III. eranskineko eredua erabilita, proposaturiko ikus-entzunezko edukiaren memoria deskriptiboa. Memoria bat aurkeztu beharko da proposatutako programa bakoitzerako, eskatzaileek programa baterako baino gehiagotarako laguntzak eskatzen badituzte.

4) IV. eranskineko eredua erabilita, giza baliabide eta baliabide teknikoen memoria deskriptiboa. Memoria bat aurkeztu beharko da proposatutako programa bakoitzerako, eskatzaileek programa baterako baino gehiagotarako laguntzak eskatzen badituzte.

5) Memoria ekonomikoa eta finantzaketari buruzkoa, dagokion banakapenarekin, V. eranskineko eredua erabilita. Memoria bat aurkeztu beharko da proposaturiko programa bakoitzeko, eskatzaileek programa baterako baino gehiagotarako laguntzak eskatzen badituzte.

6) Memoria ekonomikoa, VI. eranskinaren araberakoa. Aurkeztu beharreko aurrekontuan zuzeneko zein zeharkako gastuak bilduko dira, eskaera aurkezten den egunetik 2020ko urriaren 31ra arteko tarteari dagozkionak.

7) Amortizazioen taula, VII. eranskinaren araberakoa. Hartan agertuko dira ondasunaren deskribapena, haren eskurapen data, amortizazio-balioa eta amortizazio-sistema, inbentariatutako ondasun bakoitzaren amortizazio-urte eta -kopuruak dituen egutegi bat barne.

8) Laguntza-deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den datan telebista-operadoreak emandako asteko programazio-parrilla, deialdiaren 3.1 oinarria betetzen dela egiaztatu ahal izateko.

Dokumentazioa euskarri elektronikoan aurkeztu beharko da. Artxibo digital horietan erantsitako elementu guztiek unitate kudeatzaileak dituen programa informatiko batekin edo batzuekin bateragarriak izan beharko dute: Libre Office 5.1., Microsoft Office 2003, Adobe Acrobat Reader DC 2015 eta Reproductor de Windows Media.

Eskaeren aurkezpenak deialdi honetako oinarriak definitzen dituzten baldintzen onarpen garbi eta formala dakar berarekin. Zentzu horretan, eranskinetan organo kudeatzaileari eskatu beharreko baimenak sartuko dira, hark datuak benetakoak direla ziurtatzeko egin beharreko egiaztapenak egin ditzan. Jarduketa hauei edota datu pertsonalen babesari buruzko beste inolako jarduketei dagokienez, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera jardunen da, eta Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta gainerako legerian xedatutakoari ere jarraituko zaio.

Eskaerak aurkezteko epea bukatuta, organo kudeatzaileak berrikusi eginen ditu eta, akatsik edo hutsik aurkituz gero, interesdunari berari jakinaraziko dio. Interesdunak 10 egun balioduneko epea izanen du eskaera zuzendu edo/eta agindutako agiriak entregatzeko. Errekerimendua betetzen ez bada, edo interesdunak gelditasuna erakutsiz gero, laguntza-eskaerari uko egin diola ulertuko da.

Prozeduraren tramitazioarekin aurrera jarraituko da, nahiz eta bigarren mailako kontu hori Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendariak emandako dirulaguntzen bukaerako ebazpenean argituko den.

7. oinarria.–Laguntza emateko prozedura.

1. Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagoka-araubideari jarraikiz tramitatuko da. Prozedura hori, funtsean, aurkezturiko eskaeren konparaketa egitean, haien arteko lehentasun-hurrenkera ezartzeko helburuarekin proiektuak baloratzean eta balorazio onena lortu dutenei dirulaguntzak esleitzean datza, deialdian ezarritako muga eta kreditu erabilgarria gainditu gabe.

2. Prozedura honen erakunde kudeatzailea Komunikazio Zerbitzua - Gobernuko Bozeramalearen Bulegoko Publizitate Instituzionalaren, Sare Sozialen eta Ikus-entzunezkoen Atala izanen da. Organo horrek eginen ditu prozedura sustatzeko eta espedientea tramitatzeko beharrezkoak diren jardun guztiak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako legaltasunaren, publikotasunaren, objektibotasunaren, gardentasunaren, berdintasunaren eta bereizkeria ezaren printzipioen arabera.

3. Erakunde kudeatzaileak deialdi honetako 8. oinarrian ezarritako irizpideen arabera ebaluatuko ditu ikus-entzunezko edukiak ekoizteko proiektuak. Egindako ebaluazioa ikusirik, erakunde kudeatzaileak ebazpen proposamen bat aurkeztuko dio Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendariari. Proposamen horretan, deialdian ezarritako tipologia bakoitzaren barnean baloratutako proiektuen zerrenda azalduko da (lortutako puntuaziorik handienetik txikienera ordenaturik), baita dirulaguntza emateko proposatutako eskatzaileen zerrenda ere, esleituriko zenbatekoa eta guzti. Proposamenean garbi adieraziko da onuradunek dirulaguntza eskuratzeko baldintza guztiak betetzen dituztela.

4. Kategoria batean edo gehiagotan aplikatu gabeko funtsik geratzen badira, dela eskaera-faltagatik, dela aurkeztutako eskaerek 8. oinarriak zehazten duen laguntzak jasotzeko gutxieneko puntuazio teknikoa lortu ez izanagatik, poltsa bakar batean pilatuko dira. Poltsa horren bidez deialdira aurkezturiko beste proiektu batzuk diruz laguntzen ahalko dira, betiere 8.1 oinarrian ezarritako gutxieneko balorazioa gainditzen badute, programa horiek lortutako puntuazio-ordenaren arabera, zein tipologiatan aurkeztu diren aintzat hartu gabe. Eskura dagoen kreditua ez bada nahikoa programaren %50 finantzatzeko, telebista-operadoreari aukera eskainiko zaio programaren aurrekontua birformulatzeko. Horretarako, bi egun balioduneko epea izanen du, proposamen hori bide elektronikotik jakinarazten zaion egunetik hasita. Eskaera horri erantzuten ez badio edo ez zaiola interesatzen adierazten badu, eskaintza hurrengo programari eginen zaio, puntuazioaren hurrenkerari jarraituz, eta hala hurrenez hurren, aurrekontu erabilgarria agortu arte. Oinarri hau aplikatuz eman litezkeen laguntzak ez dira aintzat hartuko tipologia bakoitzean operadore batentzat ezarritako gehieneko zenbatekoa gainditu den ebazteko.

5. Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak ebazpena emanen du deialdi honen xedeko dirulaguntzak eman eta esleitzeko, diruz lagunduko den eskaera-kopurua adieraziz eta bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa zehaztuz; era berean, prozedurak iraun artean gertatu diren gorabehera guztiak ebatziko ditu.

Ebazpena arrazoitua izanen da, eta hartutako ebazpenaren oinarriek frogaturik egon beharko dute beti. Dirulaguntza jasoko duen eskatzailea edo jasoko duten eskatzaileen zerrenda jasoko da ebazpenean, eta espresuki adieraziko da zein eskaera ezetsi diren, halakorik baldin bada.

6. Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiaren ebazpen hori deialdi honetara eskabideak aurkezteko azken egunetik hasi eta gehienez bi hilabeteko epean jakinaraziko zaie interesdunei. Epe hori ebazpenik espresuki jakinarazi gabe bukatzen bada, eskaera ezetsi dela ulertzen ahalko dute interesdunek.

7. Deialdi honen 2.1 eta 4.4 oinarrietan aurreikusitako egoera gertatuko balitz (deialdirako aurrekontua handitzea), aurrekontu-kreditu gehigarri hori aplikatzearen ondorioz esleitutako laguntzak bigarren administrazio-egintza batean eman ahal izanen ditu Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak.

8. oinarria.–Balorazio-irizpideak eta puntuazioak.

Eskaerak ebaluatzeko 100 puntu banatuko dira orotara, ondoren zehazten diren irizpideei jarraituz. Deialdi honetatik kanpo geratuko dira oinarri honen 1. atalean 25 puntu edo gutxiago lortu dituzten programen eskaerak. Kasu horretan ez dira aplikatuko oinarri bereko 2. eta 3. ataletan ezarritako balorazio-irizpideak.

1. Proiektuen diseinua, 60 puntu gehienez.

Alderdi hauek baloratuko dira:

–Programen sormena eta barietatea, eta haiek azaltzeko eta planteatzeko berrikuntzak egitea, Nafarroako gaur egungo telebista parrillen aldean: 40 puntu arte.

–Parte hartzera gonbidatu edo elkarrizketatu nahi diren protagonisten pluraltasuna, kulturartekotasuna eta adierazgarritasuna, baita interes publikokotzat jotako Nafarroako herritar elkarteena ere: 10 puntu arte.

–Operadorearen ikusle-kopurua, Nafarroako ikusle-kopuruei buruzko Cíes Azterketak bildutako 2019ko datuen arabera (eguneroko ikusleak): 10 puntu arte.

A tipologian, 10 puntu emanen zaizkio ikusle gehien duen operadoreari. Gainerako operadoreen ikusle-kopurua honako erregelaren bidez baloratuko da:

10 X

Telebista-operadorearen eguneroko ikusle-kopurua

Nafarroan gehien ikusitako telebista-operadorearen eguneroko ikusle-kopurua

B eta C tipologietan, 10 puntu emanen zaizkio mugape bakoitzean ikusle-kopuru gehien duen operadoreari. Gainerako operadoreen ikusle-kopurua honako erregelaren bidez baloratuko da:

10 X

Telebista-operadorearen eguneroko ikusle-kopurua

Nafarroan gehien ikusitako telebista-operadorearen eguneroko ikusle-kopurua

Cíes Azterketan jasota ez dauden edo 1.000 ikusle baino gutxiagoko datua duten telebista-operadoreei 0 puntu emanen zaie atal honetan.

2. Berrinbertsioa Nafarroako ikus-entzunezko sektorean, 20 puntu gehienez.

Alderdi hauek baloratuko dira:

–Azpikontratazioa Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin: 10 puntura arte.

–10 puntu emanen zaizkio Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin zuzeneko gastuan edo azpikontratazioan kopuru handiena bermatzen duen kategoria bakoitzeko programari. Balorazio horretatik kanpo geldituko da antena-eskubideak lortzeko gastua. Kategoria bakoitzeko gainerako programak honako erregelaren bidez baloratuko dira:

10 X

Programak gastuaren zer portzentaje duen Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin

Kasuan kasuko kategorian portzentajerik handiena duen programak gastuaren zer portzentaje duen Nafarroako ikus-entzunezko enpresekin

–10 puntu emanen zaizkio Nafarroako ikus-entzunezko produktuen antena-eskubideak eskuratzeagatik zenbateko handiena bermatzen duen kategoria bakoitzeko saioari: Nafarroako profesionalek edo enpresek zuzendu, ekoiztu edo/eta banatutako produktuak, hau da, nagusiki konpainia nafarrenak diren eskubideak dituzten ikus-entzunezko produktuak, betiere telebista-operadoreak sozietatean parte hartzen ez badu. Kategoria bakoitzeko gainerako programak honako erregelaren bidez baloratuko dira:

10 X

Programak zenbat gastatu duen Nafarroako ikus-entzunezko produktuen antena-eskubideak eskuratzeko

Kasuan kasuko kategorian gasturik handiena duen programak zenbat gastatu duen Nafarroako produktuen antena-eskubideak eskuratzeko

3. Konpromisoak gizarte-arloan, 20 puntu gehienez.

Alderdi hauek baloratuko dira:

–Dirulaguntzak jaso dituzten edukiak Internet bidez ematea: 10 puntu gehienez.

–10 puntu diruz lagundutako edukien hedapena Internet eta sare sozialetako bideo-kanalen bidez bermatzen duten proposamenentzat, lehen emisiotik hasita sei hilabetean zehar gutxienez.

–5 puntu diruz lagundutako edukien hedapena Internet eta sare sozialetako bideo-kanalen bidez bermatzen duten proposamenentzat, lehen emisiotik hasita hiru hilabetean zehar gutxienez.

–Berdintasun-plana eta errenta bermatua jasotzen duten pertsonen kontratazioa: 10 puntu gehienez.

–5 puntu gizon eta emakumeen arteko berdintasun planak ezarrita dituzten enpresen eskaintzetarako; plan horiek, gutxienez, lan- eta familia-bizitza uztartzeko ordutegia malgutzeko eta lanaldia murrizteko neurriak izan beharko dituzte.

–5 puntu gizarteratze-errenta jasotzen duten pertsonen kontratazioa sustatzeko: 2,5 puntu emanen dira lanaldi osorako eta gutxienez 3 hilabeterako kontratatzen den errenta hartzaile horietako bakoitzeko.

9. oinarria.–Onuradunen betebeharrak

1. Dirulaguntzaren telebista onuradunek honako betebehar hauek izanen dituzte:

a) Jarduera egin dela justifikatzea laguntza ematen duen organoaren aurrean eta laguntza emateko finkaturiko betebehar, baldintza eta helburuak betetzea.

b) Nafarroako Gobernuak eginen dituen egiaztapenak onartzea, bai eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol-organo eskudunek egiten dituzten egiaztapenak eta finantza-kontrolak ere, eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

c) Organo kudeatzaileari idatziz jakinaraztea onetsitako proiektuan egin nahi den edozein aldaketa. Jakinarazpen hori erregistratu eta 15 egun balioduneko epean organo kudeatzaileak ez baldin badio ezezkorik ematen berariaz aldaketa horri, bai komunikazio betebeharra bai proposaturiko aldaketa onartutzat joko dira.

d) Dirulaguntza emateko ebazpen proposamena egiten den unean, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea eta zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin.

e) Dirulaguntzaren xedeko programetarako lortutako bestelako dirulaguntzak, diru-sarrerak do baliabideak adieraztea dagokion organoari. Horrelakoetan zenbatekoa, jatorria eta diruz lagundutako jardueran funts horiek nola erabili diren justifikatu beharko da. Laguntza horiek jaso direla jakin bezain laster emanen da adierazpen horren berri eta, betiere, jasotako dirua zertan erabili den frogatu baino lehen.

f) Jasotako dirulaguntzaren erabilerari buruzko frogagiriak gutxienez 10 urtez gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jarduketen xede izan daitezkeen bitartean.

g) Dirulaguntzaren xedeko programen kopia aurkeztea, deialdiaren organo kudeatzaileak adierazitako formatu eta modu elektronikoan. Kopia hori gordetzeko izanen da eta ikus-entzunezkoen artxibo publiko batean sartuko da; jendaurrean erakusten ahalko da, betiere merkataritza-helbururik gabe.

h) Dirulaguntzarako deialdi honen onuradun diren telebista-operadoreek Estatuko araudia bete beharko dute, programen irisgarritasunari dagokionez, entzumeneko desgaitasuna duten pertsonentzat. Frogatuta egonez gero dirulaguntzaren xedeko programan edo programetan azpitituluak jartzea galarazten duten arrazoi teknikoak daudela, operadoreak beste aukera bat aurkezten ahalko du organo kudeatzailearen araua betetzeko, betiere deialdi honen bidez finantzatzen den programetako bat irisgarria dela bermatuta.

i) Autonomia-erkidegoetako telebista-operadoreen kasuan, eta Iruñeko eta Tafallako mugapeetan diharduten toki-operadoreenean, euskarazko programetako bat ematea, gutxienez astean behin, bere lizentziako LTDko kanal nagusian, lehen emanaldian edo lehendik gaztelaniaz emandako programak euskaraz emanez (uztailean eta abuztuan salbu).

j) Argi eta garbi zehaztea, diruz lagundutako programa bakoitzaren amaierako kredituetan, Nafarroako Gobernuak ikus-entzunezkoaren ekoizpenean egin duen kofinantzaketa, Nafarroako Gobernuaren Iogotipoa ele biz sartuz. Kofinantzaketa hori operadoreak telebista-programa horien zabalkundea eta publizitatea egiteko aurreikusten dituen sustapen- edo autosustapen-espazioetan ere agertu beharko da.

2. Dirulaguntzen onuradunek aplikatu beharreko foru-araudian ezarritako gardentasun-betebeharrak bete beharko dituzte, hau da, ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legean eta irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan ezarritakoak. Horretarako, dirulaguntza jasoko dela jakinarazten den egunetik hasi eta hilabeteko epean, telematikoki aurkeztu beharko dute, laguntza-fitxaren bitartez, dirulaguntzen onuradunen gardentasun-betebeharrari dagokion adierazpena, eskuragarri dagoen eredu normalizatuarekin bat datorrena, eta, betiere, edozein diru-kopuru jaso baino lehen.

3. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharren bat bete ezean, onartutako dirulaguntza jasotzeko eskubidea galduko da edo diru hori itzuli egin beharko da, foru lege horren 35. artikuluan xedatutakoarekin bat. Aurreko betebehar horietako bat hein batean betetzen ez bada, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa berriz ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun-printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

4. Oro har, deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateak Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 42. artikuluan eta hurrengoetan dirulaguntzen arloko arau-hauste administratiboei buruz ezarritako zehapen araubidearen mende egonen dira, eta hartan ezarritako erantzukizunak izanen dituzte.

10. oinarria.–Ekoizturiko edukiak emateko eta hedatzeko baldintzak.

a) Lizentziako LTDko kanal nagusiaren bitartez (kanal bat baino gehiago dutenen kasuan) eta 2020ko ekitaldian ematea programak, deialdi honetako onuradun suertatzen direnen eskabideetan proposaturiko emankizunen kapituluekin, periodikotasunarekin eta egutegiarekin bat etorriz.

b) Diruz lagundutako edukiak Internet edo sare sozialetako bideo-kanalen bidez ematea, eskaintzan konpromiso hori erakutsi duten telebisten aldetik. Url-a eman beharko dute.

11. oinarria.–Dirulaguntza ordaintzea.

1. Dirulaguntza, oro har, azken ordainketan eginen da; hau da, diruz lagundutako programak gauzatzeko epea amaitzean. Nolanahi ere, ordainketa partzial bat egin ahal izanen da ekainera bitarte (hori barne) egindakoentzat.

Aurrerakin gisako diru-kopuruak ordaintzen ahalko dira, hurrengo atalean ezarritako baldintzak eta mugak beteta.

2. Aurrerakin-eskaeren tramitazioa: deialdi honetako onuradun suertatzen diren telebista operadoreek deialdian emandako dirulaguntza osoaren %33ra bitarteko ordainketa aurreratua eskatzen ahalko dute, dirulaguntza ematen duen ebazpenaren jakinarazpena jasotzen denetik hilabeteko epean, behin onuradunek unitate kudeatzailearen aurrean ikus-entzunezko konponketa erregistratu ondoren, 9.1.j oinarria eta 9.2 oinarriari dagokion dokumentazioa betetzeko. Dirulaguntzaren xedeak betetzeko funtsen beharra frogatzen duen dokumentazioa erantsi beharko zaio eskaerari, baita finantzaketa-baliabide egokirik ez izatea frogatzen duten kontabilitateko egoera-orriak ere. Deialdi honetako onuradunei legozkiekeen aurrerakinak 60.000 euro baino gehiagokoak diren kasuetan, diru horren ordainketak Diruzaintza Atalean aurkeztutako bankuko abalaren erregistroa izanen du baldintza gisa, jasotako laguntzari dagokion aurrerakinaren zenbateko berdinarekin.

3. Laguntzen %33ra bitarteko ordainketa partzial bat onesten ahalko da, finantzaturiko proiektuaren jardueren memoria eta memoria ekonomikoa 2020ko uztailaren 24ra arte (data hori barne) aurkezten duten eskatzaileentzat, deialdi honetako hurrengo oinarrian deskribatutako baldintzetan (2020ko ekainaren 30era arteko aurreekoizpen-, ekoizpen- eta emisio-lanak), aurkezturiko dokumentazioa egindakoarekin bat datorrela onartu eta frogatu ondoren. Ordainketa partzial horretarako, aurrerakina kobratzea aurrez hautatu dutenentzat, aurrerakin hori behar bezala erabiltzea eta gauzatzea egiaztatu beharko dute.

4. Emandako laguntzen azken ordainketa eginen zaie (aurrerakinari eta/edo ordainketa partzialari dagozkien kopuruak kenduta, jaso badira), finantzaturiko proiektuaren jardueren memoria eta memoria ekonomikoa 2020ko azaroaren 13ra arte (data hori barne) aurkezten duten eskatzaileentzat, deialdi honetako hurrengo oinarrian deskribatutako baldintzetan (2020ko urriaren 31ra arteko aurreekoizpen-, ekoizpen- eta emisio-lanak), aurkezturiko dokumentazioa egindakoarekin bat datorrela onartu eta frogatu ondoren.

5. Konpromisoak ez betetzeagatiko zigorrak:

–Operadore batek Nafarroako ikus-entzunezko enpresekiko azpikontratazioak edo Nafarroako ikus-entzunezko lanen antena-eskubideen erosketak aurrekontuan jarri baditu eta aurreikuspen horiek gauzatzen ez baditu, programa ekoizteko emandako laguntza murriztuko da egin ez den inbertsio horren %50eko zenbatekoan; eta, gainera, ez dira diruz lagungarritzat hartuko telebista-operadoreak beste merkataritza-sozietate edo egile batzuekin bestela egindako azpikontratazioak edo antena-eskubideen erosketak, sozietate edo egile horiek ez badituzte betetzen deialdira aurkeztutako proposamenek baloratuak izateko behar zituzten baldintzak.

–Dirulaguntzaren zenbatekoaren %2ko penalizazioa aplikatuko da diruz lagundutako programa bakoitzagatik onartutako gastu osoen gainean, telebista-operadoreak deialdian aurkeztutako proposamenean askatasunez hartutako konpromiso guztiak (dirulaguntzak emateko deialdiaren 8.1 eta 8.3 oinarrien arabera baloratuak) frogatzen ez badira.

–Dirulaguntzaren zenbatekoaren %5eko penalizazioa aplikatuko da diruz lagundutako programa bakoitzagatik onartutako gastu osoen gainean, deialdiaren 9. oinarrian ezarritako betebehar guztiak bete direla frogatzen ez bada.

12. oinarria.–Justifikatzeko modua.

1. Behin diruz lagundutako jarduerak egiten direnean, eta aurreratutako dirua justifikatu eta dirulaguntzaren gainontzeko zenbatekoa kobratu ahal izateko, onuradunek ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute, 11.3 eta 11.4 oinarrietan ezarritako epeetan:

a) Dirulaguntzaren xedeko proiektuaren gauzatze-memoria, aurreikusitako helburuak betetzeari buruzko balorazioa barne.

b) Dirulaguntzen onuradunek ekainaren 30era edo urriaren 31ra arteko gastuak zehaztuko dituen taula bat osatu beharko dute, kontabilitate-multzoetan sailkatuta.

2. Taula horretan hauek zehaztuko dira gastu bakoitzerako: zein kontzepturi dagokion; hartzekoduna; zenbatekoa guztira (BEZa kanpo); proiektuari egozten zaion portzentajea; proiektuari esleituriko portzentajea (BEZa kanpo); eta ordainketa-data. Taula horretan adierazten diren gastuak zenbakituta agertuko dira, bata bestearen ondoren (dok. zk.: 1, 2, 3...).

3. Gastu horiek justifikatzeko taula paperean eta euskarri informatikoan (Excel) bidaliko da, eta horrekin batera karpeta bat aurkeztuko da fakturen fotokopiekin edo gastuak frogatzeko baliokideak diren bestelako dokumentuekin.

4. Fakturen fotokopiak eta gastuak frogatzen dituzten bestelako dokumentuak hurrenkeran zenbakituko dira (dok. zk.: 1, 2, 3...) eta gastuak justifikatzeko taulan ageri den ordena berean aurkeztuko dira. Fakturaren fotokopia edo gastua frogatzen duen dokumentu bakoitzarekin batera, eta hari grapaz josita, ordainketa edo konpentsazioa izan dela frogatzen duen dokumentua erantsi beharko da.

5. Gizarte Segurantzako gastuaren justifikazioa TC1 eta TC2 dokumentu ofizialak eta dagozkien ordainketen justifikazioak aurkeztuta eginen da, urriko hilabeteari dagokion ordainketa abenduaren 11ra arte justifikatzeko aukera galarazi gabe.

6. Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren jarduerak azpikontratatuz gero, azpikontratistek egiten dituzten fakturak behar adina xehakatu beharko dira, argi identifikatu ahal izateko zer jarduerari egozten zaizkion kostuak.

13. oinarria.–Laguntzen bateragarritasuna eta metaketa.

1. Dirulaguntza hauek bateragarriak izanen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, Estatuko zein atzerriko beste administrazio publiko batzuek edo beste edozein entitate publiko edo pribatuk edota partikularrek ematen dituzten laguntzekin. Dirulaguntzen zenbatekoa ezin da inola ere izan, bakarrik edo batuta beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide propio batzuekin, onuradunak egin beharreko jardueraren kostua baino handiagoa. Kasu horietan, murriztu eginen da dirulaguntza.

2. Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendua aplikatuz, zeinaren bitartez adierazten baita dirulaguntza kategoria jakin batzuk barne merkatuarekin bateragarriak direla, Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuz, kontuan izan beharko dira Estatuko dirulaguntzak pilatzeari buruzko arauak. Horrek esan nahi du deialdi honetan jarduera, proiektu edo enpresa onuradunei emandako dirulaguntzen zenbateko osoa estatuko beste edozein laguntzari gehitu ahal izanen zaiola, beti ere diruz lagungarriak diren kostu desberdinei edo estatuko beste edozein laguntzari erreferentzia egiten baldin badie, osoki edo modu partzialean diruz lagundutako kostuekin bat etorriz, baina bakarrik pilaketa horrek ez badu dirulaguntzaren intentsitatea edo erregelamenduaren araberako dirulaguntza handienaren zenbatekoa gainditzen.

3. Dirulaguntza hauek ez zaizkie gehituko gastu berberei dagokien “de minimis” motako beste laguntza batzuei, baldin eta horrek berekin badakar Batzordeak ekainaren 17an emandako 651/2014 (EB) Erregelamenduaren III. kapituluan zehaztutako laguntzen intentsitatea gainditzea.

14. oinarria.–Gardentasuna, publizitatea eta informazioa.

1. Deialdi hau, haren oinarriak eta eranskinak, bai Aldizkari Ofizialean, bai Nafarroako Gobernuaren webgunean argitaratuko dira. Gainera, organo kudeatzaileak deialdi honen eta bere oinarri arautzaileen laburpen bat argitaratuko du Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB), orok jakin dezan eta 9.2 oinarrian adierazitako gardentasun betebeharrei erantzunez, Gardentasunari eta Gobernu Irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legean eta Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen entitate onuradunen gardentasunerako betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraikiz.

2. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak, Batzordearen ekainaren 17ko 651/2014 (EB) Erregelamendu horretan ezarritakoa betetzeko, hurrengo konpromisoak hartu beharko ditu:

a) Begiratzea DDBNan argitaratzen dela eskatzaileek deialdi honetan jasotzen duten dirulaguntzaren onuradunei eta horiek jasotako zenbatekoei dagokien informazioa. Berariaz, zehaztasun osoz argitaratuko da 500.000 euro baino gehiagoko banakako laguntza bakoitzaren inguruko informazioa.

Laguntza ematen den egunetik hasita sei hilabeteko epean argitaratuko da informazioa, eta gutxienez hamar urtez egonen da eskuragarri.

b) Europako Batzordeari ematea dirulaguntzen araubideari buruzko informazio laburbildua duen formulario normalizatua, 2020rako deialdi hau argitaratzen den egunaren ondorengo 20 egun balioduneko epean.

15. oinarria.–Errekurtsoak.

1. Foru agindu honen eta bere oinarri arautzaileen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

2. Prozedura honi dagozkion kontuetan Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendari Nagusiak emandako ebazpenen kontra interesdunek gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, ebazpen hori jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

I. ERANSKINA

Ikus Entzunezkoetarako Dirulaguntzaren Eskaera Aurkezteko Fitxa

II. ERANSKINA

Erantzukizunpeko adierazpena, deialdian eskatzen diren baldintzei buruzkoa

III. ERANSKINA

Proposaturiko programa bakoitzaren ikus-entzunezko edukiaren memoria deskriptiboa

IV. ERANSKINA

Proposaturiko programa bakoitzeko giza baliabideen eta baliabide teknikoen memoria deskriptiboa

V. ERANSKINA

Proposaturiko programa bakoitzaren ekonomia- eta finantziazio-memoria

VI. ERANSKINA

Memoria ekonomikoaren taula

VII. ERANKSINA

Amortizazioen Taula

Iragarkiaren kodea: F1916839