44. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

37/2020 EBAZPENA, otsailaren 12koa, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak emana, Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Oinarrizko Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan hezkuntza itunak aldatzeko arauak ematen dituena 2020-2021 ikasturterako.

Martxoaren 26ko 159/2018 Ebazpenaren bidez (65. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 5ekoa), arauak onetsi ziren Haur Hezkuntzako bigarren zikloko eta Batxilergoko mailetan hezkuntza itunen araubidea aplikatzeko, eta uztailaren 19ko 503/2018 Ebazpenaren bidez (146. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 30ekoa), hezkuntza itun horiek onetsi ziren, lau urterako. Gero, irailaren 17ko 637/2018 Ebazpenak luzatu zuen 2018-2019 ikasturterako. Geroago, hurrengo ikasturtean, uztailaren 3ko 426/2019 Ebazpenaren bidez (151. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 5ekoa), irakaskuntza horien ituna aldatu zen 2019/2020 ikasturterako.

Maiatzaren 22ko 232/2015 Ebazpenaren bidez (117. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, ekainaren 18koa), hezkuntza itunak onetsi ziren sei urterako Lehen Hezkuntzan, martxoaren 23ko 133/2015 Ebazpenak emandako arauei jarraikiz (63. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 1ekoa); 2015-2016 ikasturterako, ebazpen hori aldatu zen irailaren 25eko 117/2015 Ebazpenaren bidez; 2016-2017 ikasturterako, unitate itunduak aldatu ziren ekainaren 29ko 445/2016 Ebazpenaren bidez (152. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 8koa); 2017-2018 ikasturterako, unitate itunduak aldatu ziren uztailaren 31ko 649/2017 Ebazpenaren bidez (167. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 30ekoa); 2018-2019 ikasturterako, unitate itunduak aldatu ziren ekainaren 28ko 461/2018 Ebazpenaren bidez (137. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 17koa); eta, bukatzeko, 2019/2020 ikasturterako, unitate itunduak aldatu ziren uztailaren 3ko 426/2019 Ebazpenaren bidez (151. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 5ekoa).

Abuztuaren 9ko 494/2019 Ebazpenaren bidez (168. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 27koa), hezkuntza itunak onetsi ziren, lau urterako, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Hezkuntza Berezian eta Lanbide Heziketan, martxoaren 5eko 107/2019 Ebazpenak emandako arauei jarraikiz (61. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 29koa).

Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onesten duen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren 46. artikuluak aipatzen du zilegi izanen dela unitate kopurua aldatzea hezkuntza ituna Hezkuntza Departamentuarekin sinatua duten ikastetxeetan, hezkuntzarako eskubideari bermabide egokia eman ahal izateko.

Hori guztia gogoan, bada, oraingo itunak aldatzeko irizpideak finkatu eta prozedurak zehaztu behar dira.

Horiek horrela, eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 42. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak emandako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Arauak onestea Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Oinarrizko Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan hezkuntza itunak aldatzeko 2020-2021 ikasturterako, honako oinarri hauei jarraikiz:

1.–Hezkuntzarako Eskubideari buruzko Lege Organikoarekin, Hezkuntzari buruzko Lege Organikoarekin eta Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduarekin bat, ikastetxe pribatuek eskaera aurkezten ahalko dute Hezkuntza Departamentuan, sinatuak dituzten hezkuntza itunak aldatzeko, edo berriak sinatzeko Haur Hezkuntzako bigarren zikloan, Oinarrizko Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan, 2020ko apirilaren 30a baino lehen.

Eskaerak Ikastetxeen Erregistroan ikastetxe bakoitzeko titular gisa ageri direnek sinatu beharko dituzte. Titularra pertsona juridiko bat baldin bada, haren ordezkaritza duenak sinatu beharko du eskaera. Ordezkaritza agirien bidez frogatu beharko da.

Hezkuntza itunak aldatzea eta berriak sinatzea.

2.–Hezkuntza Itunei buruzko Erregelamenduaren 46. artikuluak xedatzen duenaren arabera, zilegi izanen da, ikastetxeko titularrak eskatuta edo Hezkuntza Administrazioak berak ofizioz eskatuta, hezkuntza itunak aldatzea, itundutako unitate kopurua handitu edo gutxitzeko.

3.–Ikastetxeak berak eskatu badu itundutako unitate kopurua aldatzea, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuari zuzenduko zaio eskaera, ebazpen honen lehenbiziko atalean esan den epean, eta gutxienez honako datu hauek izanen ditu:

a) 2020-2021 ikasturterako osotara eskatzen den unitate kopurua.

b) Eskatu den aldaketa justifikatzen duten arrazoiak eta, hala bada, eskatzen diren unitateak hezkuntza mailako kurtsoen artean banatzeko proposamena.

c) Titularraren aitorpena, frogatzeko ikastetxeak jarraitzen duela ituna onesteko bete beharreko baldintzak betetzen, bai eta itunean eragina izan dezaketen aldaketak ere.

4.–Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak ofizioz hasiko ditu unitate itunduen kopurua aldatzeko prozedurak, ebazpen honen lehenbiziko atalean ezarritako epeak bukatu ondoren, eskatu ez badute ere, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamendua onetsi zuen abenduaren 14ko 416/1992 Foru Dekretuaren bosgarren tituluan ezarritako inguruabarrak izaten diren ikastetxeetan. Eraginpeko ikastetxeen titularrei prozesua hasi dela jakinaraziko zaie, hurrengo ikasturtean egin gogo diren aldaketen berri izan eta bidezkoak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzaten, 10 egun naturaleko epean.

5.–Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 46. artikuluan ageri direnak izanen dira itundutako unitate kopurua aldatzeko kontuan hartuko diren irizpideak. Orobat, ratioa bete beharko da, finkaturik dagoena martxoaren 23ko 133/2015 Ebazpenean (63. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 1ekoa), martxoaren 26ko 159/2018 Ebazpenean (65. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 5ekoa), eta martxoaren 5eko 107/2019 Ebazpenean (61. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 29koa). Horietan unitate itundu bakoitzeko ikasleen gutxieneko batez bestekoa zehazten da, Lehen Hezkuntzan alde batetik, Haur Hezkuntzan eta Batxilergoan bestetik, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan beste aldetik, hurrenez hurren, Hezkuntza Itunei buruzko Arauen Erregelamenduaren 16. artikuluan xedatu bezala.

6.–Oro har, gela bakoitzeko gehieneko ikasle kopurua errespetatuko da, Haur Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak ematen dituzten ikastetxeen gutxieneko baldintzak ezartzen dituen otsailaren 12ko 132/2010 Errege Dekretuaren artikulu hauetan ageri dena: 7. artikuluak Haur Hezkuntzako bigarren ziklorako ezarritakoa, 11. artikuluak Lehen Hezkuntzarako, eta 16. artikuluak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako eta Batxilergorako ezartzen duena. Halaber, aintzat hartuko da apirilaren 5eko 177/2019 Ebazpena, zeinaren bidez onesten baitira ikastetxe publikoetako eta pribatu itunduetako ikasleak onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia, Lanbide Heziketako erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloak egiteko.

Unitate iragankorren hezkuntza itunak.

7.–Unitate itunduren bat salbuespenezko eta aldi baterako baimenarekin duten ikastetxeek zilegi izanen dute sinaturik duten ituna mantentzeko eskatzea.

8.–Ituna mantentzeko eskaerak, zazpigarren apartatuak aipatzen dituenak, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuari zuzenduko zaizkio, ebazpen honen lehenbiziko atalean aipatzen diren epeetan.

Itunak aldatzeko eta berriak sinatzeko prozedura.

9.1.–Itunak aldatzeko edo berriak sinatzeko eskaerak jaso ondoren, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak ebaluatu eginen ditu eskaerak, ebazpen honetan eta aplikatzekoa den legerian finkatu diren irizpideen arabera.

9.2.–Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak zilegi izanen du eskatzaileak aurkeztu dituen eskaera eta alegazioen gaineko txostenak eta balorazioak eskatzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuari, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuari eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiari.

9.3.–Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak, hala behar denean, erakutsi eginen die espedientea eskatzaileei eta epe bat finkatuko du, beren eskubideen alde bidezkoa iruditzen zaiena alega dezaten.

9.4.–Eskaeren gaineko ebaluazioa ikusirik eta eskatzaileak aurkeztu dituen alegazioak aztertu eta baloratu ondoren, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak proposamen bat eginen du itunak aldatzeko eskaeren gainean.

9.5.–Horrekin batera, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak, ikastetxeetako titularrek aurkeztutako alegazioak kontuan harturik, eta, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuak eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiak txostenak eta balorazioak egiten badituzte, haiek ere kontuan harturik, proposamen bat eginen du Hezkuntza Administrazioak ofizioz abiatu dituen hezkuntza itunen aldaketen gainean, eta, kasua bada, espedientea erakutsiko die interesdunei eta epe bat finkatuko du, eskubidez bidezkoa iruditen zaiena alega dezaten.

10.–Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzuak egiten duen proposamena Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiari igorriko zaio, ikastetxe itunduen finantzaketarako aurrekontuan dauden baliabideak kontuan harturik.

11.–Ebazpen honen babesean egiten diren hezkuntza itunen aldaketak eta itun berriak eginbide baten bitartez formalizatuko dira, eta eginbide hori hezkuntza ituna formalizatzeko agiriari erantsiko zaio. Eginbide hori, batetik, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiak eginen du, Hezkuntza Administrazioaren izenean, eta, bestetik, ikastetxeko titularrak edo legezko ordezkariak; ordezkaritza agiri bidez frogatu beharko du.

12.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusiaren ebazpena, hezkuntza ituna aldatuko duena, interesdunei jakinaraziko zaie eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da. Ezezkoa baldin bada, arrazoiak eman beharko dira.

2. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeen Finantzazioaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura, eta Eskolatzearen Batzorde Nagusiko buruari.

Iruñean, 2020ko otsailaren 12an.–Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia, Begoña Unzué Vela.

Iragarkiaren kodea: F2002382