44. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

4/2020 FORU LEGEA, otsailaren 27koa, Nafarroaren sinboloei buruzkoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

NAFARROAREN SINBOLOEI BURUZKO FORU LEGEA.

HITZAURREA

Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 7. artikuluak Nafarroako sinbolo bereki gisa jasotzen ditu bandera eta armarria. Ondoren, “Gorteen ereserkia” deitutakoa sinbolo bezala erantsi zen apirilaren 4ko 24/2003 Foru Legearen bidez aldatutako Nafarroako sinboloak arautzen dituen maiatzaren 28ko 7/1986 Foru Legean.

Apirilaren 6ko 3/2017 Foru Legearen bidez 24/2003 Foru Legea indargabetu zen, baina Gorteen ereserkiari buruzko araubidea mantendu zen.

Halatan, foru lege honen xedea da sorturiko lege-hutsunea betetzea eta Nafarroako Foru Komunitatearen hiru sinbolo oinarrizkoen erabilerari buruzko araubidea guztiz berreskuratzea, gure gizartearen bizitza ofizial eta arruntean agertuko direla sustatzeko. Horretarako, finkatzen dira sinbolo horien ezaugarri formalak, Nafarroako Foru Komunitateko agintariek sinbolo horiek erabiltzea, eraikin publikoetan duten kokalekua eta haien presentzia behartzen duten dokumentu eta egintzak, eta halaber arautzen da beste erakunde-sinbolo batzuekiko gorde beharreko lehentasun-hurrenkera.

Arauketa honen bidez ezartzen da Nafarroako sinbolo berekiak nola eta zer ezaugarrirekin izanen diren herritarren bizitzaren parte eta toki gailena izanen duten ekitaldi publikoetan eta solemnitate-inguruabar bereziak dituztenetan.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatearen sinboloak.

Nafarroako Foru Komunitateak hauek ditu nortasun-sinbolo esklusiboak: Nafarroaren bandera, armarria eta ereserkia.

2. artikulua. Nafarroaren sinboloen erabilera.

1. Nafarroako armarriaren eta banderaren erabilera erreserbatuta utziko da Nafarroako Foru Komunitateko administrazioaren eta foru erakundeen sinbolo edo logotipo nagusi eta esklusiboak izateko.

2. Debeku da Nafarroako armarrian edo banderan edozein sinbolo, sigla edo logotipo erabiltzea.

3. Produktuen edo salerosketa-gaien jatorriaren adierazgarri gisa bandera eta armarria erabili ahal izateko, bai eta alderdi politiko, sindikatu, enpresari-elkarte edo edonolako entitate pribatuen sinbolo edo logotipo gisa erabili ahal izateko ere, Nafarroako Gobernuko departamentu eskudunaren administrazio-baimena beharko da.

4. Erregelamendu bidez ezarriko dira Nafarroako banderaren, armarriaren eta ereserkiaren erabilera-baldintzak kirol-, kultura- eta bestelako ekitaldietan, zeinetan herritarrek Foru Komunitatea ordezkatzen parte hartzen baitute.

3. artikulua. Babes juridikoko araubidea.

Nafarroaren sinboloek duten babes juridikoa Estatuko legeek Estatuaren sinboloei ematen dieten berbera da.

II. KAPITULUA

Nafarroako bandera

4. artikulua. Nafarroako banderaren deskribapena.

Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 7.2 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Nafarroako bandera ofiziala kolorez gorria da, Nafarroako armarria du erdian, laukizuzen-forman eginiko ehunki baten gainean, zeinak luzera eta zabalera proportzional baina aldakorrak izanen baititu.

5. artikulua. Nafarroako banderaren erabilera.

1. Foru Komunitateko herritar guztien eta bakoitzaren eskubide zibikoa da Nafarroako bandera paratuta egotea eraikinen kanpoaldean, eraikin horiek direnean foru erakundeen administrazio-egoitzenak eta zerbitzuenak, Foru Komunitateko administrazioarenak eta foru sektore publiko instituzionalarenak, bai eta toki administrazioa osatzen duten entitateenak, zeinek baitaukate haien ordezkaritza politikoa eta administratiboa. Nafarroako Gobernuak, udal agintariek eta gainerako foru erakundeek bermatu beharko dute lege honetan xedatua betetzen dela.

2. Nafarroako bandera lehentasuneko tokian paratuko da erakusgai, betiere Espainiakoari gailentasuna kendu gabe, honako hauen egoitza administratibo eta zerbitzu-eraikin guztien kanpoaldean: foru erakundeak, Foru Komunitateko Administrazioa eta toki entitateak, eta, halaber, aipatu erakinen barruan, bertako agintarien bulego ofizialetan eta haietako gainerako eremu muntadunetan.

3. Udalek, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako sektore publiko instituzionaleko beste edozein erakundek beren bandera propioak erabiltzen dituztenean, Espainiako banderarekin batera erabiliko dituzte, foru lege honetan araututako moduan.

4. Nafarroako lehendakariak dolu-egun ofiziala dekretatu duenean baizik ez da paratuko Nafarroako bandera haga erdian edo armarrian dolu-xingola duela, eta ezarritako epean betiere.

6. artikulua. Nafarroako banderaren lehentasunezko tokia.

Nafarroako bandera foru erakundeetako, Foru Komunitateko administrazioko eta Sektore Publiko Instituzionaleko egoitza eta eraikinen kanpoaldean eta barrenaldean erabiltzen denean, 7. artikuluan ezarritakoaren arabera, lehentasuneko tokian paratuko da, betiere Espainiako banderari dagokion gailentasuna kaltetu gabe.

7. artikulua. Banderen paratze-hurrenkera.

1. Nafarroako bandera, Espainiako banderarekin eta ez besterekin batera paratuta dagoenean, lehendakariaren edo bandera paratu duenaren ezkerraldean jarriko da, eta eskuinaldean, ikusleentzat edo kalean haiei begira dagoenarentzat. Udaletako banderekin edo Nafarroako toki administrazioa osaturik bere bandera propioa darabilen beste edozein entitaterenarekin jartzen denean, Espainiakoaren eskuinaldean kokatuko da, bandera-kopurua bakoitia denean, eta haren ezkerraldean, bikoitia denean.

Ez da zilegi Nafarroako bandera berdintasun-baldintzetan paratzea enpresen, merkataritza-marken, auzokide-elkarteen edo entitate pribatuen banderen aldamenean.

2. Ikusgai jartzen den Nafarroako banderaren tamaina ezin izanen da Espainiakoarena baino handiagoa izan, ez eta beste entitate batzuenarena baino txikiagoa ere, horien ondoan paratua agertzen denean.

8. artikulua. Nafarroako banderaren gorazarrea eta Nafarroako sinboloen sustapena.

1. Nafarroako Gobernuak zilegi izanen du Nafarroako bandera omentzeko ekitaldiak egin eta gizarte zibilak hura erabil dezan sustatzea, horretarako hartuko dituen neurrien bidez.

2. Halaber, zilegi izanen du Nafarroako sinboloen ezagutza eta erabilera sustatzea azterlan eta ikerlanak eginez eta erakusketa, entzunaldi edo sariketetarako deialdien bidez.

3. Nafarroako Gobernuak zilegi izanen du Nafarroako banderaren agerpen bisuala sustatzea inguruabar historikoak edo Nafarroaren identitate politikoa islatzekoak dituztela irizten dien lekuetan.

III. KAPITULUA

Nafarroako armarria

9. artikulua. Nafarroako armarriaren deskribapena.

Nafarroako foru eraentza berrezarri eta hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 7.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, Nafarroako armarria urrezko katez osaturik dago, hondo gorri gainean, esmeralda bat erdian, bere kate-mailazko zortzi besoen elkargune gisa, eta haien gainean errege-koroa, Nafarroako antzinako erreinuaren sinboloa.

Hori horrela delarik ere, Nafarroako Gobernuak zilegi izanen du irudi korporatibo bezala Nafarroako armarri ofizialaren logotipo bat hartzea, diseinu grafiko soilagokoa eta garaian garaiko gustu estetikoetara eguneratua.

10. artikulua. Nafarroako armarriaren erabilera publikoa.

Nafarroako armarria edo haren logotipoa, Nafarroako banderaren barrenean ez ezik, hauetan ere egon beharko da:

a) Foru Komunitateko erakunde eta administrazio publikoen egoitzak kokaturik dauden eraikinetako agintari-bulegoak eta bilera-gelak.

b) Foru Komunitateko erakundeen, administrazioaren eta Foru Sektore Publiko Instituzionalaren ibilgailu-parkeko ibilgailuak.

c) Foru Komunitateko erakundeen, administrazioaren eta Foru Sektore Publiko Instituzionalaren ordezkari diren agintariek luzatutako edozein diploma, ziurtagiri edo titulu.

d) Foru Komunitateko erakundeetan, administrazioan eta Foru Sektore Publiko Instituzionalean ofizialki erabiltzen diren agiri, inprimaki, zigilu eta menbreteak.

e) Foru Komunitateko erakundeen, administrazioaren eta Foru Sektore Publiko Instituzionalaren argitalpenak eta iragarki ofizialak.

f) Foru Komunitateko erakundeen, administrazioaren eta Foru Sektore Publiko Instituzionalaren ordezkari diren agintariek erabilitako bereizgarri ofizialak.

g) Erabilera ofizialeko zenbait toki edo objektu, haien ordezkaritasun bereziagatik hala erabakitzen denean.

h) Nafarroako Gobernuak erregelamenduz ezartzen dituen gainerako kasuetan.

IV. KAPITULUA

Nafarroako ereserkia

11. artikulua. Nafarroako ereserkia.

Nafarroako ereserkia “Gorteen ereserkia” deritzona da.

12. artikulua. Ekitaldi ofizialetan interpretatzea.

Nafarroako ereserkia Foru Komunitateko erakundeek antolatzen dituzten ekitaldi ofizial publiko eta esanahi berezikoen hasieran edo bukaeran interpretatu behar da.

13. artikulua. Bertsio ez-ofizialen erabileraren debekua.

Debeku da Nafarroako ereserkia erabiltzea haren esanahi handia gutxiesten duten ekitaldi, modu edo bertsioetan.

Xedapen indargabetzaile bakarra.

Indarrik gabe gelditzen dira apirilaren 6ko 3/2017 Foru Legea eta foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo txikiagoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetako lehenbizikoa.–Erregelamendu bidezko garapena.

Baimena ematen zaio Nafarroako Gobernuari foru lege honetan xedatutakoa aplikatu, garatu eta betearazteko behar diren erregelamendu-mailako xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2020ko otsailaren 27an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2003115