44. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

3/2020 FORU LEGEA, otsailaren 27koa, toki ogasunek transferentzia arrunten eta beste laguntza batzuen kontzeptuetan Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtsaren zenbatekoa eta banaketa ezartzen dituena 2020. urterako.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, TOKI OGASUNEK TRANSFERENTZIA ARRUNTEN ETA BESTE LAGUNTZA BATZUEN KONTZEPTUETAN NAFARROAKO TRIBUTUETAN DUTEN PARTE-HARTZEAREN FUNTSAREN ZENBATEKOA ETA BANAKETA EZARTZEN DITUENA 2020. URTERAKO.

ZIOEN AZALPENA

Espainiako Konstituzioaren 142. artikuluak ezartzen duenez, toki ogasunek behar adinako baliabideak izanen dituzte legeak korporazioei esleitzen dizkien eginkizunak betetzeko, eta, funtsean, beren tributuez eta Estatuarenetan eta autonomia erkidegoenetan parte hartuz hornituko dira.

Nafarroak eskumena du toki ogasunei dagokien arloa arautzeko, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 46. artikuluaren arabera.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak 259. artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako toki entitateek beren eskumenak erabili eta beren esku utzitako helburuak bete ditzaten, toki ogasunei behar adina baliabide emanen zaizkie; baliabide horiek toki ogasunei buruzko foru lege baten bidez arautuko dira, Nafarroaren toki araubideari dagokion gaia baita.

Aurrekoa betetzeko xedez, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 260. artikuluan ezartzen da ezen toki ogasunak hornituko direla, beste baliabide batzuen artean, beren tributuez eta Foru Komunitatearenetan eta Estatuarenetan duten parte-hartzeaz.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 123. artikuluan, berriz, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legeak emandako testuan, ezartzen da Nafarroako udalerriek, kontzejuek eta eskualdeek Nafarroako Ogasun Publikoaren zerga-sarreretan parte hartuko dutela, sarrera guztien portzentaje finko bat hartuz urtero.

Portzentaje hori Nafarroako Toki Ogasunak arautzen dituen foru legerian ezarriko da, eta, behin Nafarroako Foru Komunitateak Estatuari egin beharreko ekarpen ekonomikoa kenduta, kalkulatuko da Nafarroako toki entitateen eta Foru Komunitateko Administrazioaren artean une bakoitzean indarra duen eskumen-banaketaren arabera, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako Foru Legearen zortzigarren xedapen iragankorrean ezarritakoarekin bat.

Xedapen horrek ezartzen du, besteak beste, 2019ko abenduaren 31 baino lehen Nafarroako Gobernuak finantzaketa proposamen bat igorriko duela Nafarroako Parlamentura, Nafarroako Aurrekontu Orokorretan gaur egun jasotzen diren dirulaguntza finalisten ordez Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 123. artikuluko 2. apartatuko a) letran aurreikusitako finantzaketa moduluak progresiboki ezartzeko.

Toki entitateei kalte ez egiteko, eta 2020an udal zerbitzu publikoen finantzaketaren jarraitutasuna eta egonkortasuna bermatzeko, beharrezkoa da egungo ereduari jarraipena emanen dion foru lege bat onestea, abenduaren 27ko 18/2017 Foru Legean finkatutako printzipioak eta irizpideak mantenduko dituena, finantzaketa sistema berria garatzea ahalbidetuko duten arau aldaketak gauzatu arte; izan ere, parte-hartzearen portzentajea eta funtsaren banaketa zehazteko, behar-beharrezkoa da lege garapena, oraindik egin gabe dagoena.

Foru lege honek ezartzen du, lehenengo eta behin, zein den toki ogasunek transferentzia arrunten eta beste laguntza batzuen kontzeptuetan Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan duten parte-hartzearen funtsaren zenbateko osoa.

Aurreikusirik dago toki entitateek Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtsaren zenbatekoa 2020ko ekitaldian aurrekoan baino %3,08 handiagoa izanen dela, hau da, Nafarroako Foru Komunitatean kontsumoko prezioen indizeak (KPIa) 2018ko ekainetik 2019ko ekainera izandako bilakaeraren portzentajea gehi bi ehuneko-puntu.

Horrez gain, bere horretan mantentzen da Nafarroako udalek jasaten duten montepioaren defizita arintzeko ekarpena, 6.400.000 euroko zenbatekoa egiten duena, %4,92ko igoera egin ondoren.

Proposatutako banaketa formulak berme sistema bat ezartzen du; horren bidez, udal eta kontzeju guztiek gutxieneko zenbateko bat jasoko dute, 2019ko kopurua adinakoa, eta horri gehituko zaio, batetik, 2018ko ekainetik 2019ko ekainera bitarteko Nafarroako Foru Komunitateko KPIa, ehuneko-puntu bat alegia, eta beste ehuneko-puntu gehigarri bat. Formula horrek kopuru teoriko handiagoa esleitzen duenean, erdiesterik ez dagoena, zati proportzionala aitortuko da, aurrekontuko muga osatu artekoa.

Iruñeko Udalari “Hiriburutza Agiria” izeneko kontzeptuan dagokion zuzkidurak eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari dagokionak 2019an emandako kopuruak dituzte, eta horietako bakoitzari gehituko zaio, batetik, 2018ko ekainetik 2019ko ekainera bitarteko Nafarroako Foru Komunitateko KPIa, ehuneko-puntu bat alegia, eta, bestetik, ehuneko-puntu gehigarri bat.

Berritasun nagusia da desagertzen dela hautetsiei ordainsariak ematea erabakitzen duten udalei egiten zaien ordainketaren izaera konpentsatzailea eta finalista; haren ordez, urteko ekarpen finko bat ezartzen da, Nafarroako udal guztiek jasoko dutena haien hautetsi kopuruaren arabera, ordainsariak jasotzea justifikatu beharrik gabe.

Ekarpen horren zenbatekoa kalkulatu da 2019an udalkideen gastuak konpentsatzeko erabilitako zenbatekoarekin, eta horri gehituko zaio, batetik, 2018ko ekainetik 2019ko ekainera bitarteko Nafarroako Foru Komunitateko KPIa, ehuneko-puntu bat alegia, eta, bestetik, ehuneko-puntu gehigarri bat.

Beste alde batetik, montepioen defizita finantzatzeko prozedura errazten da, eta berariaz ezarri ezen, Toki entitateek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan duten parte-hartzearen Funtsean, transferentzia arrunten kontzeptuan, esleitutako kopuruak ordaintzean, baldin badaude udalen eta haien mugartean dauden kontzejuen artean izenpetutako hitzarmenak, entitate horientzako ordainketak izenpetutako hitzarmenean ezarri bezala egiten ahalko direla, bertan hala ezarrita baldin badago.

I. KAPITULUA

Zuzkidura orokorra eta eguneratzea

1. artikulua. Xedea.

Foru lege honek 2020. urterako arautzen ditu toki ogasunek Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtsaren zuzkidura eta banaketa, transferentzia arrunten eta beste laguntza batzuen kontzeptuei dagokienez.

2. artikulua. Funtsaren zuzkidura 2020ko ekitaldirako.

2020ko ekitaldi ekonomikorako, toki ogasunek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributuetan duten parte-hartzearen funtsaren zuzkidura, transferentzia arrunten eta beste laguntza batzuen kontzeptuetan, 236.356.409 eurokoa izanen da hasiera batean.

3. artikulua. Funtsaren banaketa.

Toki ogasunek Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen funtsaren zenbatekoa, 2020ko ekitaldikoa, honela banatuko da hasiera batean:

1. Transferentzia arruntak: 197.384.777 euro.

2. Beste laguntza batzuk:

a) Montepioen defizitaren finantzaketa: 6.400.000 euro.

b) Iruñeko Udalari, “Hiriburutza agiria” delakoagatik: 26.036.907 euro.

c) Nafarroako udalei, udalkideen kopuruagatik: 6.100.000 euro.

d) Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioari: 434.725 euro.

4. artikulua. Aurrekontu-izendapena.

1. Nafarroako 2020ko ekitaldirako aurrekontu orokorretan agertuko da zenbatekoa den toki entitateek Nafarroako Ogasun Publikoko tributuetan duten parte-hartzearen funtsaren kontsignazioa.

2. Funtsean 2020. urterako Transferentzia arrunten kontzepturako kontsignatu den zenbatekoa 197.384.777 eurokoa da.

3. Funtsean 2020. urterako Iruñeko Udalarentzat, Hiriburutza Agiriaren kontzepturako, eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarentzat kontsignatutako zenbatekoa 2019an finkatutako bera da, eta horri gehituko zaio, batetik, 2018ko ekainetik 2019ko ekainera bitarteko Nafarroako Foru Komunitateko KPIa, ehuneko-puntu bat alegia, eta, bestetik, ehuneko-puntu gehigarri bat.

4. 2020. urterako, funtsean udaletarako kontsignatu den zenbatekoa, udalkideen kopuruagatik eman beharrekoa, 2019an hautetsien ordainsarien konpentsazioaren kontzeptuan ezarritakoa da, eta horri gehituko zaio, batetik, 2018ko ekainetik 2019ko ekainera bitarteko Nafarroako Foru Komunitateko KPIa, ehuneko-puntu bat alegia, eta, bestetik, ehuneko-puntu gehigarri bat.

5. 2020ko ekitaldian montepioen defizita finantzatzeko, funtsean kontsignatutako zenbatekoa honakoek osatuko dute:

a) Montepio Orokorraren Finantzaketaren zenbatekoa, udalen artean banatzen dena populazioaz beste irizpide batzuen arabera: zenbateko bat ezarriko da, kontzeptu honetan udalen artean banatu beharreko defizitari soldata-masaren ehuneko hogeita hamabi adinako zenbatekoa kentzearen emaitza izanen dena (soldata-masa hori defizita finantzatzen den ekitaldian montepioen araubidearen menpe dauden jarduneko langileei dagokiena da, mendekoak nahiz administrariak izan).

b) Iruñeko, Tafallako eta Tuterako udaletako montepioetako klase pasiboen urteko kostu garbi orokorra finantzatzeko portzentajeak berdinak direla bermatzeko helburua duen finantzaketaren zenbatekoa.

II. KAPITULUA

Transferentzia arrunten esleipena

5. artikulua. Udalerrientzako banaketa formula.

2020ko ekitaldirako, udalerrientzako banaketa formula prozedura honen bidez lortzen da:

a) Lehen fasean, gastu premien indizea lortuko da gastu premia adierazten duten sei aldagaien konbinazio linealaren bidez, haietako bakoitzak gastu hori azaltzeko duen ahalmenaren arabera ponderaturik. Honakoak dira aldagai horiek: entitate bakoitzeko populazioa, hiri lurzoru garbiaren azalera, 65 urte edo gehiagoko biztanleen kopurua, etorkinak, azalera osoa eta populazio indizearen alderantzizkoa.

b) Bigarren fasean, udalerrien ahalmen fiskala eta ondarekoa adierazten duten bost aldagaien konbinazio linealaren bidez lortuko da ahalmen fiskalaren indizea, aldagai haietako bakoitzaren eskubide likidatuek bost sarrera motetako eskubide likidatu guztiekiko duten garrantziaren arabera ponderaturik. Honako aldagai hauek erabiliko dira: lurraren gaineko kontribuzioaren oinarri fiskalak, jarduera ekonomikoen gaineko zergarenak, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergarenak eta herri-lurren katastro-balioa.

c) Azkenik, gastu premien indizeari kentzen zaio ahalmen fiskalaren indizea 0,3491 faktorearekin ponderatuta eta formula hau aterako da;

FTC = 0,9231 x PPOB + 0,1278 x PMA65 + 0,3355 x PURB + 0,1341 x PPINM + 0,0083 PINVDISP + 0,0074 PSUP-0,2490 x PCTU-0,0222 x PCTR-0,0760 x PIAE-0,0995 x PIVTM-0,0895 x PVCC.

Bertan:

FTC da udalerri bakoitzaren banaketa indizea.

PPOB da udalerri bakoitzeko populazioa adierazten duen portzentajea, Nafarroako populazio osoarekiko.

PURB da udalerri bakoitzaren hiri azalera garbia adierazten duen portzentajea, Nafarroako hiri azalera garbi osoarekiko. Planoaren araberako azaleraren (azalera grafikoa) eta lurzati batura modura hartutako azaleraren (azalera alfanumerikoa) arteko diferentzia da hiri azalera garbia.

PMA65 da udalerri bakoitzean 65 urte edo gehiago dituzten biztanleen portzentajea, Nafarroan 65 urte edo gehiago dituzten biztanle guztiekiko.

PPINM da udalerri bakoitzeko etorkinen kopurua adierazten duen portzentajea, Nafarroako etorkinen kopuru osoarekiko.

PINVDISP da populazioaren kontzentrazio indizearen alderantzizkoa adierazten duen portzentajea, honela kalkulatua: udalerri bateko bizigune bakoitzeko populazioak populazio osoarekiko egiten duen portzentajeen koadroen batura, Nafarroa osoko populazioaren kontzentrazioaren indizeen alderantzizkoen baturarekiko.

PSUP da udalerri bakoitzaren azalera osoa adierazten duen portzentajea, Nafarroako azalera osoarekiko.

PCTU da udalerri bakoitzaren hiri-lurren gaineko kontribuzioaren likidazio-oinarri doitua adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoan tributu horren likidazio-oinarri doituen baturak egiten duenarekiko. Oinarriak merkatu balioen arabera doitzen dira koefiziente zuzentzaile baten bidez; koefiziente horrek balioak handitzen ditu merkatu balioekiko duten urruntasunaren arabera. Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak finkatuko du koefiziente zuzentzaile hori etxebizitzentzat.

PCTR da udalerri bakoitzaren landa-lurren gaineko kontribuzioaren likidazio-oinarria adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoko landa-lurren likidazio-oinarri guztien baturarekiko.

PIAE da udalerri bakoitzaren jarduera ekonomikoen gaineko zergaren oinarri-kuota adierazten duen portzentajea, Nafarroa osoko jarduera ekonomikoen gaineko zergaren kuoten baturarekiko; betiere, nazio, lurralde nahiz udal esparruetako kuoten batura hartzen da oinarri-kuotatzat, udal errekargua kenduta.

PIVTM da udalerri bakoitzean trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren eskubide likidatuak adierazten dituen portzentajea, Nafarroa osorako zerga honen eskubide likidatu guztiekiko.

PVCC da udal bakoitzean herri-lurren katastroko balioa adierazten duen portzentajea, Nafarroako udalerrien balio guztiekiko. Udal-mugartean kontzejuak dituzten udalen kasuan, kontzejuetan kokaturik ez dauden herri-lurren balioa baizik ez da hartzen kontuan.

6. artikulua. Erabilitako aldagaiak.

1. Nafarroako udal eta kontzejuen arteko banaketa kalkulatzeko behar diren aldagaien balioak foru lege honen eranskinean aipatzen diren iturrietatik lortuko dira. Populazioaren gaineko estatistikako azken datu ofizialak zer urtetakoak diren, urte hori izanen da aldagai guztien erreferentziako urtea.

2. Aurreko apartatuan xedatutakoa ukatu gabe, trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergako datuak azken ekitaldiko kontuen espedientetik aterako dira, zeina Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen arabera aurkeztua beharko baitu Lurralde Kohesiorako Departamentuan, edo, bestela, ekitaldi horretako bereko aurrekontuaren likidazio espedientetik, Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legeko 227.2 artikuluan eta hura garatzeko xedapenetan xedatutakoaren arabera. Aurreko hori hala ez bada, eskura dagoen azken daturik berriena eguneratuko da, urteko ehuneko 10eko igoera aplikatuz. Aurreko hiru ekitaldietako daturik ez bada, Nafarroako “per capita” daturik handienaren arabera kalkulatuko da, biztanleriaren aldagaia oinarritzat hartuz.

7. artikulua. Katastroko balorazio txostenak gaurkotzea.

Udal bakoitzari 2020rako dagokion zenbatekoa banatzean, katastroko balioak gaurkotu gabe badituzte, edo indarreko legeriarekin bat udal-mugartean aplikatu beharreko balorazio txostena berrikusteko prozesua hasi gabe badute, transferentzia arrunten kontzeptuan jaso behar duten zenbatekoa %10 murriztuko da.

Murrizketa horiek transferentzia arrunten funts orokorretik gainerako toki entitateei banatzen zaiena gehituko dute.

8. artikulua. Udalentzako hasierako esleipena.

1. Udal mailako banaketa-indizea aterako da aurreko 5. artikuluan aipatzen den formula udalerri bakoitzeko aldagaien balioei aplikatuz.

2. Udalerriren batentzat ateratzen den banaketa-indizea negatiboa baldin bada, zero balioa emanen zaio, eta berriz kalkulatuko dira gainerako udalerrientzako banaketa-indizeak, haien guztien batura 1 izan dadin.

3. Banaketa-indize hau kasuan kasuko ekitaldiko transferentzia arrunten zenbatekoaren gainean aplikatuko da, udalerri bakoitzari hasieran dagokion diru-esleipena lortzeko.

9. artikulua. Kontzejuentzako hasierako esleipena.

Kontzejuak dituzten udalerrietan, aurreko artikuluan xedatutakoaren arabera udalerri horiei esleitutako partaidetzatik parte bat kenduko zaie, kontzejuen artean banatzeko.

Entitate horien hasierako partaidetza kalkulatzeko, kasuan kasuko udalaren partaidetza bider ehuneko 30 eginen da, eta hori berriz ere bider kontzejuko biztanleen proportzioa, udalerriaren biztanleria osoarekin alderaturik ateratakoa. Udalerriaren hasierako esleipena gelditzen den kopurua izanen da.

10. artikulua. Berme klausularen aplikazioa udal eta kontzejuetarako.

1. Aurreko artikuluetan xedatutakoa aplikatuz udalek eta kontzejuek jaso beharreko zenbatekoa ez da izanen, inola ere, batura honek egiten duen zenbatekoa baino txikiagoa: haietako bakoitzak 2019ko ekitaldian transferentzia arrunten funtsaren banaketan jasotakoak, gehituta, batetik, 2018ko ekainetik 2019ko ekainerako bitarteko Nafarroako Foru Komunitateko KPIa, ehuneko-puntu bat, alegia, eta, bestetik, ehuneko-puntu gehigarri bat.

2. Baldin eta funtseko partaidetza, udalerri edo kontzeju bati hasieran esleitu zaiona transferentzia arrunten kontzeptuan, ez bada iristen aurreko apartatuan ezarritako zenbateko bermatura, hasiera batean esleitutako kopurua bermatutakotik gorakoa duten udalerriei eta kontzejuei behar diren kopuruak kenduko zaizkie, bakoitzari dagokion kopuru bermatutik gora lortu dutenaren proportzioan.

11. artikulua. Ordainketa.

1. Behin betiko onetsi ondoren 2020. urtean Toki entitateek Nafarroako tributuetan duten parte-hartzearen Funtsaren banaketa, transferentzia arrunten kontzeptuan esleitutako kopuruak ordainduko dira bi alditan, otsaileko eta abuztuko lehen hamabostaldietan.

2. Lehen ordainketaren zenbatekoa aurreko ekitaldian jasotako zenbateko osoaren erdia adinakoa izanen da.

3. Bigarren ordainketa egin aurretik, urteko behin betiko diru-esleipena kalkulatuko da, eta lehen ordainketaren eta jaso beharreko zenbateko osoaren arteko diferentzia ordainduko da.

4. Udalerrien eta haien mugarteko kontzejuen artean sinatutako hitzarmenik badago, hitzarmenean ezarrita egonez gero ordaintzeko modua, hala ordainduko zaie entitate horiei, deusetan ukatu gabe hasiera batean toki entitate bakoitzari dagokion ekarpenaren zenbatekoa banaketa-formula aplikatuz kalkulatzea.

12. artikulua. Hiriburutza Agiriarengatiko ordainketa eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarentzako laguntzaren ordainketa.

Iruñeko Hiriaren Agiriarengatiko ordainketa eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarentzako laguntzaren ordainketa aurreko artikuluan transferentzia arruntetarako aurreikusitako modu berean eginen dira.

13. artikulua. Nafarroako udalentzako ordainketa udalkideen kopuruagatik.

1. 2020. urterako, urteko ekarpen ez finalista bat ezartzen da, Nafarroako udal bakoitzak jasoko duena bere hautetsi kopuruaren arabera, legeria orokorrarekin bat.

Hau izanen da ekarpen hori:

a) 3 zinegotzi dituzten udalak: 4.669,07 euro.

b) 5 zinegotzi dituzten udalak: 12.025,13 euro.

c) 7 zinegotzi dituzten udalak: 17.684,11 euro.

d) 9 zinegotzi dituzten udalak: 21.221,36 euro.

e) 11 zinegotzi dituzten udalak: 33.953,72 euro.

f) 13 zinegotzi dituzten udalak: 58.711.56 euro.

g) 17 zinegotzi dituzten udalak: 89.836,03 euro.

h) 21 zinegotzi dituzten udalak: 128.741,47 euro.

i) 27 zinegotzi dituzten udalak: 215.747,46 euro.

2. Baldin eta soberakinik gertatzen bada udalkideen kopuruagatik ordainketak egiteko kontsignazioan, guztira likidatutako kopuruarekiko, soberakinak montepioaren defizitari aurre egiteko finantzazioari gehituko zaizkio.

3. Baldin eta defizita gertatzen bada udalkideei kopuruagatik egin beharreko ordainketetarako kontsignazioan, likidazioa egiteko behar den diru kopuruarekiko, modu proportzionalean murriztuko dira artikulu honen 1. apartatuan ezarritako ekarpenak, 2020ko ekitaldiko aurrekontuan erabilgarri dagoen kredituaren mugarekin.

4. 2020ko maiatzaren 1a baino lehen, udalek ziurtagiri bat aurkeztu beharko dute, Toki Ogasunek Nafarroako tributuetan duten parte-hartzeen funtsetik hautetsien dedikazioaren kontzeptuan egindako ordainketak konpentsatzeko 2019an jaso dituzten ekarpenen zenbatekoa eta erabilera frogatzeko.

2020ko ekitaldian jaso beharreko zenbatekoa aldi bakar batean ordainduko da funtsaren bigarren zatiarekin batera. Zenbateko hori izanen da artikulu honen 1. apartatuan ezarritako zehaztapenei behar diren doikuntzak aplikatzearen emaitza, bai azken udal hauteskundeen ondorioz udalkideen kopuruan izandako aldaketek eragindakoak bai 2019ko ekitaldian esleitutako kopuruak baino txikiagoak diren gastu justifikazioek eragindakoak.

14. artikulua. Montepioen defizitaren finantzaketa.

Nafarroako udalei montepioen defizitagatik eman beharreko finantzaketa honela eginen da:

1. Montepio Orokorraren defizita zehazteko organo eskudunak eginen du banaketa udalen artean, populazioaz beste irizpide batzuk kontuan hartuta.

Udal bakoitzari egotzitako defizitari (jardunean dituen menpeko langileei eta administrariei dagokiena) soldata-masaren ehuneko hogeita hamabi adinako zenbatekoa kenduko zaio, udalak berak ordaindu beharrekoa, eta gainerakoa parte-hartzeen funtsaren kargura finantzatuko da.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak abuztuan eginen du ordainketa, funtsaren bigarren zatiarekin batera.

2. Behin organo eskudunak defizita finkatu ondoren, Iruñeko, Tafallako eta Tuterako udalek beren montepioen finantzaketan lagunduko dute, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzko martxoaren 5eko 10/2003 Foru Legean ezarritako portzentajeekin bat. Udal horietako batek, foru lege horretan ezarritako gehieneko kopuruak gainditzeagatik, gainerako entitateek baino finantzaketa portzentaje txikiagoa jaso behar badu, gainerako entitateek ere finantzaketa portzentaje txikiagoa jasoko dute, haien defizitaren finantzaketa baldintza berdinetan egiteko moduan.

Baldin eta, guztira likidatutako kopuruarekiko, soberakinik gertatzen bada montepioen finantzaketarako 2020ko ekitaldiko kontsignazioan, soberakinak gehituko zaizkio transferentzia arrunten funts orokorrari.

Baldin eta, likidazioa egiteko behar den diru kopuruarekiko, defizita gertatzen bada montepioen defizitaren finantzaketarako 2020ko ekitaldiko kontsignazioan, eta posible ez bada udalkideengatik egin beharreko ordainketarako aurrekontu kontsignazioaren krediturik erabiltzea hura banatu ondoren, modu proportzionalean murriztuko dira toki entitate bakoitzarentzako ekarpenekiko, 2020ko ekitaldiko aurrekontuan erabilgarri dagoen kredituaren mugaraino.

Azken xedapenetako lehenengoa.–Foru lege honen indarraldia 2021. urtera luzatzea.

1. 2021eko urtarrilaren 1erako udal, kontzeju eta eskualdeek Nafarroako Ogasun Publikoaren tributu-sarreretan -diru-sarrera horien guztizkoaren eta dagokien banaketaren urteko ehuneko finko baten bidez- parte hartzeko sistemak indarra hartu ez badu (Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 123. artikuluan jasota dago hori, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legeak emandako testuan), foru lege honen edukiaren eta erregulazioaren indarraldia 2021. urtera luzatuko da.

2. Aurreko apartatuan aurreikusitako indarraldiaren luzapen hori gertatuko balitz, 2021. urterako funtsaren zuzkidura foru lege honen 2. artikuluan 2020. urterako aurreikusitakoa izanen da, Nafarroako Foru Komunitateko 2019ko ekainetik 2020ko ekainera bitarteko Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) eta beste bi puntu portzentual gehituta.

Azken xedapenetako bigarrena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

ERANSKINA

Banaketa formulako aldagaiak eta aplikazio iturriak

1. Udalerri bakoitzaren biztanleria. Estatistikako Institutu Nazionalak argitaratzen duen datu ofiziala, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ekoa.

2. Kontzeju bakoitzaren biztanleria. Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratzen duen datu ofiziala, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ekoa.

3. Udalerri bakoitzean 65 urte edo gehiago dituzten biztanleak. Estatistikako Institutu Nazionalak ematen duen datua, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ekoa.

4. Hiri azalera garbia. Planoan ageri den azalera (azalera grafikoa) ken lurzatien baturak duen azalera (azalera alfazenbakizkoa). Nafarroako Gobernuko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak ematen du datu hori, eta erreferentzia-urtea udalerrietako populazioari buruzko datuaren urte bera da.

5. Etorkinak. Nafarroako Estatistika Institutuak argitaratzen duen datu ofiziala, urte bakoitzeko urtarrilaren 1ekoa.

6. Ekonomia eta Ogasun Departamentuak emandako azalera osoa.

7. Populazioaren kontzentrazio indizearen alderantzizkoa, Nafarroako Estatistika Institutuak emandako datuekin urte bakoitzerako kalkulatua.

8. Hiri-lurren gaineko kontribuzio doituaren likidazio-oinarria. Udalerri bakoitzeko hiri-lurren gaineko kontribuzioaren likidazio-oinarria, merkatuko balioei doitzeko koefizienteaz biderkatua. Bi horiek Nafarroako Gobernuko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak ematen ditu, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistro Fiskaleko datuak harturik, eta erreferentzia-urtea udalerrietako populazioari buruzko datuaren urte bera da.

9. Udalerri bakoitzeko landa-lurren gaineko kontribuzioaren likidazio-oinarria. Nafarroako Gobernuko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak ematen du, Nafarroako Lur-ondasunen Erregistro Fiskaleko datuak harturik, eta erreferentzia-urtea udalerrietako populazioari buruzko datuaren urte bera da.

10. Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren oinarri kuota. Nazio kuoten, lurralde kuoten, lokal finkorik gabekoen udal kuoten eta lokal finkoa dutenen udal kuoten batura da, azken horretan udal errekargua kenduta. Datu hauek Ekonomia eta Ogasun Departamentuko Jarduera Ekonomikoen Erregistroak emandakoak izanen dira.

11. Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergaren eskubide likidatuak. Udalek Lurralde Kohesiorako Departamentuari igorritako kontuen likidazioetatik lortzen da. Igortzen ez baditu, zenbatespen bat aplikatuko da, foru lege honetako 6. artikuluko 2. apartatuan ezarritako irizpidearekin kalkulatua.

12. Herri-lurren katastroko balioa. Hori da, Nafarroako udalerri bakoitzarentzat, herri-ondasunen eta haietatik datozenen katastro-balioa, eta erreferentzia-urtea udalerrietako populazioari buruzko datuaren urte bera da. Kontzejuak dituzten udalerrien kasuan, ez dira sartzen kontzejuen titulartasuneko herri-ondasunak. Balio hori Nafarroako Gobernuko Lur-ondasunen eta Ondarearen gaineko Tributuen Zerbitzuak ematen du, eta Nafarroako Lur-ondasunen Erregistro Fiskaleko datuak hartzen ditu.

13. Montepioa. Udalerrietan jardunean dauden menpeko langileen eta administrarien soldata-masa langile horiek kontzeptu guztietan lortutako ordainsari gordin guztiek osatzen dute. Datu horiek Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Gizarte Prestazioen Zerbitzuak emanen ditu.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2020ko otsailaren 27an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2003114