42. ALDIZKARIA - 2020ko martxoaren 2a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Erregelamendua, “Fernando Remacha” Udal Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituena. Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2019ko azaroaren 25ean egin osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Fernando Remacha Udal Musika Kontserbatorioaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen erregelamenduaren testu berria.

Aurreko erabakia 2019ko 251. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, abenduaren 24an. Hogeita hamar egun balioduneko jendaurreko epea iraganik, eta erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez denez gero, bat etorriz Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluarekin zein Nafarroako Toki Araubidea eguneratzen duen urriaren 29ko 11/2004 Legearekin, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen da, Erregelamenduaren testu osoarekin batera.

Erabaki hau behin betikoa da bide administratiboan; beraz, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke haren kontra hautara (eta ez da zilegi izanen errekurtsorik paratzea, harik eta ebazpen tramitean dagoen errekurtsoa espresuki ebatzi arte edota ustezko ezespena gertatu arte):

a) Berraztertzeko errekurtsoa, erabakiaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, jurisdikzio horretatik dagokion organoari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Hori dena, ezertan ukatu gabe bidezkotzat jotzen den beste edozein errekurtso baliatu ahal izatea.

Tuteran, 2020ko otsailaren 10ean.–Alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

TUTERAKO “FERNANDO REMACHA” UDAL MUSIKA KONTSERBATORIOAREN ANTOLAKETAREN ETA FUNTZIONAMENDUAREN ERREGELAMENDUA

I. TITULUA

Izena, xedea, izaera eta kokalekua

1. artikulua. “Fernando Remacha” Udal Musika Kontserbatorioaren (hemendik aitzina, Kontserbatorioa) titularra Tuterako Udala da; irakaskuntza artistikoetarako ikastetxea da, Tuterako Udalak 2010eko urriaren 4ko osoko bilkuran sortua eta Ikuskapenaren eta Zerbitzuen zuzendari nagusiaren abuztuaren 26ko 471/2010 Ebazpenaren bidez baimendua, Tuterako Udalaren eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren arteko 2010eko abuztuaren 12ko hitzarmenaren ondorioz.

2. artikulua. Kontserbatorioa gobernatuko da orokorrean aplikatzekoak diren legezko arauei jarraikiz, baita honako hauei jarraikiz ere: 2/2006 Lege Organikoa, maiatzaren 3koa, Hezkuntzari buruzkoa, eta hura garatzeko xedapenak; 21/2007 Foru Dekretua, martxoaren 19koa, lege horrek arautzen dituen musikako lanbide ikasketen curriculuma ezartzen duena; 78/2007 Foru Agindua, ekainaren 29koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Musikako lanbide ikasketetan sartzeko arauak ematen dituena; 79/2007 Foru Agindua, ekainaren 29koa, Hezkuntza kontseilariak emana, Musikako lanbide ikasketen egitura eta ordutegia ezartzen dituena, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 8ko 44/2010 Foru Aginduaren bidez aldatua (hura, orobat, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 3ko 76/2010 Foru Aginduaren bidez aldatu zen, Hezkuntzako kontseilariaren martxoaren 8ko 44/2010 Foru Aginduaren eranskineko 2. apartatua aldatu baitzuen); 91/2008 Foru Agindua, ekainaren 12koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Musikako lanbide ikasketak egiten dituzten ikasleen ebaluazioa, sustapena eta titulazioa arautzen dituena; 106/2008 Foru Agindua, uztailaren 1ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Nafarroako Foru Komunitateko musikako ikasketa profesionalen aukerako irakasgaiak arautzen dituena; 123/2009 Foru Agindua, uztailaren 1ekoa, Hezkuntzako kontseilariak emana, ezartzen dituena musikako edo dantzako lanbide ikasketen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzaren edo Batxilergoaren arteko baliozkotzeak, Gorputz Hezkuntza irakasgaiaren salbuespenak, eta Batxilergoko irakasgai komunak eta musikako edo dantzako lanbide ikasketak gainditutakoan batxiler titulua lortzeko baldintzak; 25/1997 Foru Dekretua, otsailaren 10ekoa, Nafarroako Foru Komunitateko Bigarren Hezkuntzako Institutuen Erregelamendu Organikoa onetsi zuena; musikako kontserbatorio profesionalei aplikatzekoak izanik indarra duten arauak; Tuterako Udaleko arauak eta erregelamendu hau.

3. artikulua. Kontserbatorioak eginkizun hauek ditu:

a) Ikasleei kalitatezko arte prestakuntza ematea eta musikaren arloko etorkizuneko profesionalen kualifikazioa bermatzea.

b) Bere ikasketa planak eta irakaskuntza antolatzeko planak prestatzea eta eguneratzea.

c) Ikasketa planak betetzeko eman behar diren irakaskuntzen zuzendaritza eta koordinazioa.

d) Ikasketa ziurtagiriak eta titulazioak, baliokidetzeko proposamenak, espedienteak eta matrikulak tramitatzea eta gisako eginkizunak.

4. artikulua. Kontserbatorioaren egoitza eta instalazioak Castel Ruiz Kultur Etxeak gaur egun okupatzen duen eraikinean daude, Tuterako (Nafarroa) Mercadal plazako 7an; higiezina Tuterako Udalarena da.

II. TITULUA

Kontserbatorioko irakaskuntzak

I. KAPITULUA

Ikasketa plana

5. artikulua. Kontserbatorioak musikako lanbide irakaskuntzak emanen ditu; horiek gradu bat eratuko dute, 6 maila izanen dituena (1.etik 6.era) eta espezialitate baimendu hauekin: akordeoia, kantua, klarinetea, kontrabaxua, fagota, zeharkako flauta, gitarra, oboea, perkusioa, pianoa, saxofoia, tronboia, tronpa, tronpeta, tuba, biola, biolina eta biolontxeloa.

Jarduera osagarriak egin ahalko dira (kontzertuetara joatea edo halakoetan parte hartzea, mintzaldiak, ikastaroak, etab.) baliabide pedagogiko gisa eta Kontserbatorioaren lana kanpoan erakusteko, baldin eta ikasturtearen ohiko ibiliari trabarik egiten ez badiote. Eskola Kontseiluak onartu beharko ditu jarduketa hauek, eta ahal dela, urteko programazio orokorrean bildu beharko dira.

II. KAPITULUA

Urteko programazio orokorra (UPO)

6. artikulua. UPOa zuzendaritza taldeak eginen du, Klaustroaren eta Eskola Kontseiluaren proposamen eta erabakiak kontuan hartuta.

7. artikulua. Eskola Kontseiluak onetsiko du UPOa, ikasturte bakoitzaren hasieran.

8. artikulua. UPOan datu hauek argitaratuko dira:

A) Ikastetxeko ordutegi orokorra.

B) Irakaskuntza-jarduerak.

C) Irakasleak prestatzeko plana.

D) Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen urteko programazioa.

E) Memoria administratiboa.

F) Erakunde publiko eta pribatuekin aurreikusten diren harremanak.

G) Hezkuntza proiektua: hezkuntzako xedeak, curriculumeko zehaztapena (ikasleen ebaluazioa eta igoera, tutoretza plana, sarrera probak).

III. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

9. artikulua. Ikastetxeko zuzendaritzak prestatuko du eskola egutegia, eta Eskola Kontseiluak onetsiko Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak musika kontserbatorio profesionalendako ezartzen dituen jarraibideetan oinarriturik.

10. artikulua. Kontserbatorioan egiten diren ikasketak Nafarroako Gobernuak, Udalak edo biek ezartzen duten prozeduraren bidez justifikatuko dira behar den tenorean.

11. artikulua. Sarbide probetarako, plaza eskatzeko eta matrikulazioa egin beharrez, izen emateko epeak maiatzean emanen dira argitara, Kontserbatorioko iragarki-taulan eta Udalaren web-orrian.

12. artikulua. Udalak urtero onetsiko ditu izen emateko eta matrikulak egiteko tasak, Musika Eskolako eta Fernando Remacha Udalaren Kontserbatorioko zerbitzuak egiteko tasak arautzen dituen ordenantza fiskalaren bidez.

13. artikulua. Ikasleek eskatu ahalko diote ikastetxeko zuzendaritzari hurren-hurrengo mailako matrikula zabaltzeko, Nafarroako Gobernuak ezartzen dituen epeetan (21/2007 Foru Dekretuaren 10.3 artikulua).

14. artikulua. Sarrera berriko ikasleak onartzeko honako honi jarraituko zaio: 78/2007 Foru Agindua, ekainaren 29koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, Musikako lanbide ikasketetan sartzeko arauak ematen dituena.

15. artikulua. Ikastetxeko ikasleen matrikulazioa eginda, hutsik dauden plazak esleituko dira, onarpenetarako indarra duten irizpideak aplikatuz.

16. artikulua. Udalak zehaztuko du ikasturte bakoitzean eskura diren eskola postuak, Nafarroako Gobernuak baimentzen dituen eskola postuen arabera.

17. artikulua. Eskola Kontseiluak erabakiko du ikasleen onarpenari dagokiona, Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoan eta hura garatzeko xedapenetan ezarritakoari jarraikiz.

III. TITULUA

Kontserbatorioa antolatzeko egitura

I. KAPITULUA

Antolaketa orokorra.

18. artikulua. Irakaskuntzako jarduera eta jarduera osagarri guztien koherentzia bermatu beharrez, ikastetxearen hezkuntzako helburuak era eraginkorrean lortzeko, kontserbatorioak organo hauek ditu:

1.–Gobernu organoak:

–Kide bakarrekoak: zuzendaria, ikasketaburua eta idazkaria.

–Kide anitzekoak: Eskola Kontseilua eta irakasleen klaustroa.

2.–Irakaslana koordinatzeko organoak:

–Departamentu didaktikoak.

–Koordinazio Pedagogikorako Batzordea.

–Tutoreak.

18. bis artikulua.

Zuzendaritza taldeak bere eskola-ordutegitik gehienez ere ondoko eskola-orduak izanen ditu karguari dagozkion eginkizunetan:

a) Zuzendaria: 6 eskola ordu.

b) Ikasketaburua: 6 eskola ordu.

c) Idazkaria: 6 eskola ordu.

Behar diren musika tresnen espezialitateetako irakasleak kontratatuko dira behin-behinean eskola ordu horiek egiteko.

II. KAPITULUA

Zuzendaria

19. artikulua. Zuzendariaren hautapena eta izendapena honela eginen da:

1. Zuzendaria Eskola Kontseiluak hautatuko du eta Udaleko alkate udalburuak izendatuko, ikasturteko azken hiruhilekoan, lau urterako.

2. Zuzendaria hautatzeko bozketa boto zuzen eta sekretuaren bidez eginen da, Eskola Kontseiluak horretarako deitzen duen bilera berezian.

3. Zuzendaria hautatzeko Eskola Kontseiluko kideen erabateko gehiengoa behar da. Hautagai bat baino gehiago izanik inork ez badu lehen bozketan eskatzen den gehiengoa eskuratu, bigarrena eginen da, eta horretan hautagai bakarra izanen da lehen bozketan boto gehien atera dituena. Nolanahi ere, hautapenak Kontseiluko kideen erabateko gehiengoaren botoa behar du.

4. Eskola Kontseiluko kideen artean 15 urtetik beherako ikasleak baldin badaude, horiek ezin izanen dute zuzendariaren hautapenean parte hartu, ezta haren kargugabetzean ere.

5. Erabateko gehiengoa eskuratzen duen hautagaiaren izena Udalari jakinaraziko dio Kontserbatorioko zuzendariak, haren izendapena egiteko. Izendapenak eta karguaz jabetzeak hauteskundeak egin ondoko irailaren 1ean izanen ditu ondorioak. Izendapenaren kontra errekurtso arrunta para daiteke Udalari zuzendurik, hilabeteko epean.

6. Hautagairik ez bada edo legeak eskatzen duen gehiengoa eskuratzen ez dutelarik, eta legeak ezarritako epea baino lehen kargu-uzteak gertatzen direlarik, Tuterako Udalak zuzendaria hautatuko du, behin-behinekoz, Hezkuntzako Administrazioak aplikatzeko ematen dituen xedapenei jarraikiz.

20. artikulua. Zuzendariak izateko hautagaiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Ikastetxean behin betiko lanpostua duen irakaslea izatea.

–Gutxienez ere ikasturte bateko antzinatasuna izatea.

21. artikulua. Hautagaien eta zuzendaritzarako programen aurkezpena honela eginen da:

1. Hautagaiek idatziz aurkeztu beharko dizkiote Eskola Kontseiluari, hautapenaren eguna baino hamabost egun lehenago, beren zuzendaritza programa eta lanbideko merezimenduak.

2. Zuzendaritza programak behar ditu izan:

a) Hautagai-zerrenda osatzen dutenen proposamena, pertsona bakarreko gobernu organoetarako.

b) Azterketa bat, Kontserbatorioaren funtzionamenduaren eta haren arazo eta premia nagusien gainean.

c) Bere agintaldian lortu nahi diren xedeak.

3. Irakasleen klaustroak hautagai zerrenden berri izan behar du, baita aurkezten diren programen berri ere.

22. artikulua. Ondokoak dira zuzendariaren eskumenak:

a) Kontserbatorioaren ordezkaritza eramatea bere eskumenen esparruan, salbu eta alderdi honetan Tuterako Udalari egitea dagokiona.

b) Kontserbatorioaren jarduera guztiak zuzendu eta koordinatzea, indarra duten xedapenekin bat eta Eskola Kontseiluari eta irakasleen klaustroari atxikiriko eskumenak deusetan ukatu gabe.

c) Legeak eta indarra duten gainerako xedapenak betetzea eta betearaztea.

d) Irakasleak izan ala ez izan, Kontserbatorioari atxikitako langile guztien zuzendari izatea, lanera etortzen diren kontrolatzea, eta barne araubidearan arauak betetzen diren zaintzea, deusetan ukatu gabe Udalari dagokion goiko zuzendaritza.

e) Kontserbatorioko kide anitzeko organo guztien deialdia egitea eta haietan buru egitea, eta kide anitzeko organoen erabakiak betearaztea bere eskumenen esparruan, eta berdinketak trenkatzea bere kalitateko botoarekin.

f) Kontserbatorioaren baliabide materialak kudeatzea.

g) Kontserbatorioari esleitutako aurrekontuko partiden gastuak kontrolatzea eta proposatzea.

h) Kontserbatorioaren ziurtagiriak eta agiri ofizialak ikus-onestea.

i) Ikasketaburua eta idazkaria izendatzea, baita pertsona bakarreko beste edozein organo ere, zuzendaritza taldekoa bada, eta haien izendapenak eta kargu-uzteak Udalari proposatzea.

j) Departamentuetako buruak izendatzea, erregelamendu honetan ezarritako prozedurarekin bat.

k) Eskola komunitateko sektore guztien partaidetza sustatzea eta koordinatzea eta, hartara, bakoitzaren eskumenak ahalik eta modurik eraginkorrenean betearazteko behar diren baliabideak jartzen ahalegintzea.

l) Zuzendaritza taldeko gainerakoekin batera, Kontserbatorioko hezkuntza proiektuaren proposamena eta urteko programazio orokorrarena prestatzea, Eskola Kontseiluak ezarritako jarraibide eta irizpideekin bat eta klaustroak eta ikasleen guraso elkarteek egindako proposamenekin bat, baita horien aplikazio zuzenaz arduratzea ere.

m) Harremanak sustatzea musika eskolekin, kontserbatorioekin eta Kontserbatorioaren hezkuntza eta prestakuntza helburuei loturiko jarduerak egiten dituzten erakundeekin.

n) Hezkuntzako agintari eskudunek eskatzen dizkioten argibideak ematea.

o) Ikastetxean elkarbizitza bulkatzea eta prozedura bermatzea dagozkion zuzenketak ezartzeko, indarra duten xedapenekin eta erregelamendu honetan ezarriarekin bat, eta Eskola Kontseiluak finkaturiko irizpideak beterik.

p) Irakasleei esleitzea ikasketa burutzak aitzinetik prestatu duen ordutegia.

q) Ikastetxeko langileei baimenak eta lizentziak ematea, Udalak behar den tenorean horretarako ezartzen dituen baldintzetan.

r) Udalari urteko memoria aurkeztea Kontserbatorioaren jardueraren eta egoera orokorraren gainean.

s) Biltzeko eskubidea bermatzea irakasleei, ikasleei, ikasleen aita-amei eta administrazioko eta zerbitzuetako langileei.

t) Eskola Kontseiluaren proposamenez, ikasleei zehapen espedienteak irekitzea edo ez erabakitzea, ikasleen eskubide eta betebeharren gaineko arautegiak horren gainean ezartzen duenari jarraikiz.

23. artikulua. Kontserbatorioko zuzendaria arrazoi hauengatik kargugabetu daiteke:

1. Kontserbatorioko zuzendariak bere eginkizunak utziko ditu bere agintaldia bukatzean edo ingurubar hauetakoren bat gertatzean:

a) Arrazoi bidez azaldutako ukoa, Udalak onartua, Eskola Kontseilua entzunda.

b) Udalak erabakitako kargugabetzea edo errebokatzea, artikulu honen 2. eta 3. apartatuetan aurreikusitako baldintzetan.

c) Kontserbatorioan zerbitzua emateari uztean, borondatezko edo nahitaezko lekualdatzeagatik, zerbitzu eginkizunetan hasteagatik, borondatezko edo nahitaezko eszedentzia hartzeagatik edo beste edozein arrazoirengatik.

2. Udalak zuzendaria kargutik kenduko du edo gabe utziko, administrazio espedientearen bidez, bere agintaldia bukatu baino lehen, bere eginkizunak modu larrian betetzen ez dituelarik, Eskola Kontseiluak aitzinetik txosten arrazoitua eginda eta interesdunari entzunaldia eman eta gero.

3. Orobat, Udalak baliogabetuko du zuzendariaren izendapena, Eskola Kontseiluko kideen bi herenek horrela erabakita. Erabaki hori hartzeko, Eskola Kontseiluaren deialdi presako eta berezia eginen da, baldin eta idatziz eskatzen badu haren kideen heren batek.

4. Zuzendariak kargua uzten badu bere agintaldia bukatu baino lehen, edozein arrazoiren kariaz artikulu honen aitzineko ataletan agertzen direnetarik, Udalak, Eskola Kontseilua entzunda, jarduneko zuzendaria izendatuko du, horretarako egiten den lehen deialdi arruntean zuzendaria hautatu arte.

5. Zuzendariari erretiroaren adina betetzeko urtebete baino gutxiago falta zaiolarik, hauteskunde berriak eginen dira lehen deialdi arruntean. Lehengo zuzendariaren kargu-uzteak eta hautatu berriaren jabetza hartzeak hurrengo irailaren 1etik aitzina izanen ditu ondorioak.

III. KAPITULUA

Ikasketaburua

24. artikulua. Zuzendariak hautatuko du ikasketaburua, ikastetxeko irakasleen artetik, eta Udalak izendatuko du.

25. artikulua. Ikastetxeko ikasketaburuak bere eginkizunak utziko ditu agintaldiaren bukaeran, zuzendariak kargua uzten duenean eta inguruabar hauetariko bat gertatzean:

a) Ikastetxearekiko lan harremana galtzean, eginkizunetatik gabetzean edo indarra duen legeriak aurreikusten dituen gainerako arrazoietariko bat gertatzean.

b) Ikastetxeko zuzendariak Udalari proposatuta, aitzinetik txosten arrazoitua eginik.

c) Interesdunak uko egitean.

26. artikulua. Ikasketaburua kanpoan edo eri bada, ikastetxeko zuzendariak haren ordezkoa izendatuko du, Udalari aitzinetik horren berri emanda.

27. artikulua. Ikasketaburuak kargua uzten duenetik hamar egun iragan arteko epean hautatu edo izendatuko da ikasketa buru berria, erregelamendu honek ezarriarekin bat.

28. artikulua. Ikasketaburuaren eginkizunak:

a) Kontserbatorioaren hezkuntza proiektua eta urteko programazio orokorrarekin loturik irakasle eta ikasleek egiten dituzten irakaskuntzako jarduerak koordinatzea eta egiten direla zaintzea.

b) Ordutegi akademikoak prestatzea, elkarlanean zuzendariekin, eta horiek hertsiki betetzen direla zaintzea.

c) Irakasleen klaustroak ikasleen ebaluazioaren gainean finkatzen dituen irizpideak betetzen direla zaintzea.

d) Kontserbatorioaren programazioak ikasgai eta ikasturte bakoitzerako finkatzen dituen xede eta edukiak betetzen direla zaintzea.

e) Ebaluazio bilkuretan buru egitea eta aktak sinatzea.

f) Zuzendariak bere eskumeneko eremuan ezar diezaiokeen beste edozein eginkizun.

g) Zuzendaria ordezkatzea hura kanpoan edo eri delarik.

h) Eskola komunitateko edozein kideri laguntza ematea, hala behar badu haren eskumeneko edozein kontutan.

IV. KAPITULUA

Idazkaria

29. artikulua. Idazkaria zuzendariak hautatuko du ikastetxeko irakasleen artean, eta Udalak izendatuko du.

30. artikulua. Ikastetxeko idazkariak bere eginkizunak utziko ditu agintaldiaren bukaeran, zuzendariak kargua uzten duenean eta inguruabar hauetariko bat gertatzean:

a) Ikastetxearekiko lan harremana galtzean, eszedentziagatik, eginkizunetatik gabetzean edo indarra duen legeriak aurreikusten dituen gainerako arrazoietariko bat gertatzean.

b) Ikastetxeko zuzendariak Udalari proposatuta, aitzinetik txosten arrazoitua eginik.

c) Interesdunak uko egitean.

31. artikulua. Idazkaria kanpoan edo eri izanez gero, ikasketaburuak bere gain hartuko ditu haren eginkizunak. Kanpoan hilabete baino gehiago egiten badu, zuzendariak ordezkoa izendatu ahalko du irakasleen artean, Udalari horren berri eman eta horrek baimena eman ondoan.

32. artikulua. Idazkariak eskumen hauek izanen ditu:

a) Kontserbatorioaren administrazio araubidearen antolamendua, zuzendariaren jarraibideei jarraikiz.

b) Kontserbatorioaren pertsona anitzeko organoetan idazkari lana egitea, bilkuren akta egitea eta erabakiaren fedea ematea zuzendariaren oniritziarekin.

c) Kontserbatorioaren liburuak eta artxibategiak zaintzea.

d) Kontserbatorioko irakasmateriala zaintzea eta haren erabilera xedatzea.

e) Ziurtagiriak egitea.

f) Kontserbatorioko inbentario orokorra aurkeztea.

g) Egintza akademikoak antolatzea.

h) Irakasleen irakaskuntza lanerako behar diren materialen erosketa koordinatzea.

i) Zuzendariak bere eskumeneko eremuan ezar diezaiokeen beste edozein eginkizun.

V. KAPITULUA

Eskola Kontseilua

33. artikulua. Eskola Kontseiluaren hautapenerako, haren funtzionamendurako eta haren eskumenetarako jarraituko zaio xedatzen denari Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetako gobernu organoak arautzen dituen martxoaren 15eko 94/1993 Foru Dekretuan, Arte Irakaskuntzen ikastetxe publikoetako Eskola Kontseiluak hautatu, eratu eta haien zati bat berritzeko jarraibideak onesten dituen urriaren 13ko 401/2010 Ebazpenean eta Hezkuntza Departamentuak ematen dituen jarraibideetan.

34. artikulua. Eskola Kontseilua kide hauek osatuko dute:

a) Ikastetxeko zuzendaria, Kontseiluko burua izanen baita.

b) Ikasketaburua.

c) Udaleko ordezkari bat.

d) Sei irakasle.

e) Hiru aita-ama.

f) Hiru ikasle.

g) Ikastetxeko idazkaria, Eskola Kontseiluko idazkari ariko dena, hizpidea duela baina botorik ez.

35. artikulua. Eskola Kontseiluak eskudantzia hauek izanen ditu:

a) Hezkuntza proiektua onestea.

b) Zuzendaritza taldeak prestatzen duen Urteko Programazio Orokorra (UPO) onestea eta ebaluatzea.

c) Zuzendaria hautatzea eta haren izendapena proposatzea Udaleko alkate udalburuari.

d) Udaleko alkate udalburuari proposatzea zuzendariaren izendapena erreboka dezan, bere kideek hiru hereneko gehiengoarekin erabakia hartu ondoan.

e) Ikasleen onarpenari buruzko erabakiak hartzea, indarra duen legeriak ezarriari hertsiki loturik.

f) Ikasleen arteko gatazkak konpontzea eta diziplina arloko zehapenak ezartzea, haien eskubide eta betebeharren gaineko arauekin bat.

g) Erregelamendu honen aldaketak prestatzea eta proposatzea, VIII. tituluan agertzen diren baldintzetan.

h) Instalazioen eta haien ekipamenduen berrikuntza sustatzea eta haien kontserbazioa zaintzea.

i) Ikastetxeko jarduera orokorra gainbegiratzea administrazioko eta irakaskuntzako alderdietan.

j) Ikastetxeko jarduerei eta egoera orokorrari buruzko urteko memoriaren txostena egitea.

k) Ikastetxeko ikasleen errendimenduaren bilakaeraren berri izatea, ebaluazioen emaitzen bitartez.

36. artikulua. Proposamenen onespenean, arau hauei segituko zaie:

a) Proposamen baten onespena gehiengo soilaz eginen da, baldin eta aldekoak badira gutxienez ere emandako botoen herenak. Aldeko botoak ezezkoak bezainbat badira, berriz eginen da bozketa. Berdinketak irauten badu, kontseiluburuaren kalitateko botoak ebatziko du. Nolanahi ere, erabaki bat harrarazten duten botoak ez badira emandako botoen herenera heltzen, esku-hartze txanda itxia irekiko da eta berriz eginen da bozketa, sekretuki, eta erabakia gehiengo soilaz hartuko da.

b) Kontserbatorioko Eskola Kontseiluko kideen bi herenen gehiengo kualifikatua eskatuko da, ikastetxeko hezkuntza proiektua onetsi eta aldatzeko eta Kontserbatorioko erregelamendua aldatzeko.

c) Bozketak, orokorrean, eskua goititurik eginen dira, pertsonen izenei dagokienetan salbu. Kontseiluburuak erabaki ahalko du bozketa sekretua egitea, bere kabuz edo Eskola Kontseiluko kideren batek eskatuta erabaki ere; kontseiluburuak ez badu eskaria onartzen, Eskola Kontseiluak aitzinetik eta eskua goititurik erabakiko du egin beharreko bozketa mota.

d) Eskola Kontseiluko kideak ezin dira inoiz ordezkatu, eta ezin dute beren botoa beste baten eskuetan utzi.

e) Kide batek ezin badu Kontserbatorioko Eskola Kontseiluaren osoko bilkurara joan, botoa posta bidez emateko eskubidea erabili ahalko du indarra duen legeriak zehazten duenetan edo eguneko gai zerrendan sarturik dauden bozketetan.

Posta bidezko botoa Kontserbatorioko Eskola Kontseiluko buruari igorriko zaio gutun-azal itxian. Bilkura hasi aitzin jaso beharko da, eta haren hasieran kontseiluburuak bertan direnei eman beharko die botoaren berri. Quorumari dagokionez, ordezkaria bertan balego bezala jokatuko da.

37. artikulua. Kontserbatorioko Eskola Kontseiluko kideek bilkurak irauten duen denboran ez dute irakaskuntzako edo laneko beste erantzukizunik izanen.

38. artikulua. Inguruabarrek komenigarri egiten dutenean, kontseiluburuak bilkura eten ahalko du aldi baterako. Orobat, Eskola Kontseiluko edozein kidek saioa eteteko eskatu ahalko dio Osoko Bilkurari, eta halaxe eginen da gehiengo soilaz onesten bada. Nolanahai ere, kontseiluburuak ezarriko du bilkura berrabiatzeko unea; ezin izanen da hiru eskola egun baino luzeagoa izan.

39. artikulua. Eskola Kontseiluaren osoko bilkuraren saio bakoitzean, idazkariak akta eginen du, non nahitaez zehaztuko baitira agertu direnen izenak, bileraren gai zerrenda, tokia eta egun-orduak, eztabaidaturiko gai nagusiak, bozketen modua eta emaitza eta harturiko erabakien edukia.

Kontseiluko kideek eskatuta, aktan adieraziko da hartutako erabakiaren kontrako botoa, abstentzioa eta horretarako arrazoiak, edo aldeko botoaren esanahia adieraziko. Orobat, edozein kidek eskubidea du bere mintzaldia edo proposamena osorik transkriba dadin eskatzeko, baldin eta bertan, edo kontseiluburuak dioen epean, aurkezten badu bere mintzaldia zuzen islatzen duen testua, eta hala jasoko da aktan edo, bestela, haren kopia erantsiko da.

Idazkariak sinatuko ditu bilkuren aktak, zuzendariaren oniritziarekin, eta haren bukaeran onetsiko dira edo hurren-hurrengo bilera arruntean.

Lehenago egindako bilkuren akta onartu gabeen zirriborroak igorri ahalko zaizkie Kontserbatorioko Eskola Kontseiluko kideei, akta horiek onetsi behar diren bilkuraren deialdiarekin batera. Hala ere, Kontserbatorioko Eskola Kontseiluko edozein kidek akta osoaren edo haren atal baten irakurketa eskatu ahalko du, hura onesten den unean. Kontserbatorioko Eskola Kontseiluan onesten diren aktak publikoak izanen dira.

40. artikulua. Bai zuzendariak bai Eskola Kontseiluak sortu ahalko dituzte egokiak iruditzen zaizkien batzorde guztiak; horien funtzionamendua izanen da Kontserbatorioko Eskola Kontseiluak onesten dituen irizpideen araberakoa.

41. artikulua. Zuzendariak beste pertsona batzuk gonbidatu ahalko ditu Kontserbatorioko Eskola Kontseiluaren bilkuretara, haren erabakiekin ikusteko badute edo haien informazioa interesekoa iruditzen bazaio, betiere hizpidea dutela baina botorik ez. Eskola Kontseiluko kideen herenek eskatzen dutenean ere beste pertsona batzuk gonbidatu beharko ditu, haren erabakiekin ikusteko badute edo haien informazioa interesekoa juzgatzen bada.

VI. KAPITULUA

Irakasleen klaustroa

42. artikulua. Irakasleen klaustroa irakasleek ikastetxeko gobernuan parte hartzeko duten organoa da. Irakaslanaren alderdi guztiak planifikatu eta koordinatzen ditu, horren berri ematen eta, hala behar badu, baita erabakiak hartzen ere.

43. artikulua. Zuzendaria izanen da klaustroko burua, eta ikastetxean zerbitzu egiten duten irakasle guztiek osatuko dute.

44. artikulua. Irakasleen klaustroak honako eskumen hauek izanen ditu:

a) Zuzendaritza taldeari eta Eskola Kontseiluari ikastetxeko hezkuntza proiektuetarako eta urteko programazio orokorrerako proposamenak egitea.

b) Curriculumaren zehaztapena onestea eta ebaluatzea eta proiektuen eta urteko programazio orokorraren hezkuntzako alderdi guztiak.

c) Orientazio lanari, tutoretzari, ebaluazioari eta ikasleen errekuperazioari buruzko irizpideak finkatzea.

d) Ekimenak sustatzea esperimentazioaren eta ikerketa pedagogikoaren arloan eta ikastetxeko irakasleen prestakuntzarenean.

e) Bere ordezkariak hautatzea ikastetxeko Eskola Kontseiluan eta zuzendariaren hautapenean parte hartzea, erregelamendu honetan ezarritako baldintzetan.

f) Hautagaiek zuzendaritzarako aurkezten dituzten hautagaitzen eta zuzendaritza proiektuen berri izatea.

g) Honako hauek aztertzea eta baloratzea: ikastetxearen jardun orokorra, eskola-errendimenduaren bilakaera, eta ikastetxearen parte-hartzea izan duten barne eta kanpo ebaluazioen emaitzak.

h) Ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendu arauen gaineko txostenak egitea.

i) Diziplina gatazkak nola konpondu diren eta ezarri diren zehapenak ezagutzea, eta indarreko araudiaren araberakoak izan daitezela begiratzea.

j) Ikastetxean bizikidetza errazten duten neurriak eta ekimenak proposatzea.

k) Hezkuntzako Administrazioak edo kasuan kasuko antolaketa eta funtzionamendu arauek ematen dizkioten gainerako guztiak.

VII. KAPITULUA

Departamentu didaktikoak

45. artikulua.

1. Departamentu didaktikoak lantaldeak dira; horixe da irakasleek irakaskuntzaren antolaketan parte hartzeko ohiko bidea. Kontserbatorioan departamentu didaktiko hauek izanen dira:

a) Tekla (pianoa eta piano osagarria).

b) Haizea.

c) Eskusoinua, Perkusioa eta Soka.

d) Irakasgai kolektiboak (Akonpainamendua, Analisia, Harmonia, Taldea, Abesbatza, Konposizioaren Oinarriak, Musikaren Historia, Musika Hizkuntza, Ganbera Musika eta Orkestra).

e) Jarduerak.

2. Musika tresnen espezialitateen eta irakasleen arabera, ikasturte bakoitzean departamentu didaktiko berriak eratu ahalko dira, eta horien osaera aldatu, baldin eta hobe bada ikastetxearen antolaketa eta funtzionamendurako.

3. Ikasturte bakoitzaren hasieran eratuko dira departamentu didaktikoak eta haien konposizioa erabakiko.

46. artikulua. Departamentu didaktikoen eginkizunak honako hauek dira:

a) Kontserbatorioaren hezkuntza proiektuaren eta urteko programazio orokorraren prestakuntzan eta, hala behar badu, aldaketan parte hartzea, behar diren proposamenak igorriz bai zuzendaritza taldeari bai klaustroari.

b) Etapako curriculum proiektuen prestakuntzarekin eta, hala behar badu, aldaketarekin ikusteko duten proposamenak aurkeztea Koordinazio Pedagogikorako Batzordeari.

c) Departamentuburuak koordinaturik eta zuzendurik, eta Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak ezarritako oinarrizko lerroak kontuan harturik, departamentu bakoitzean sarturiko irakaskuntzen programazio didaktikoa prestatzea, curriculum proiektuan sartzeko. Orobat, curriculumean egokitzapenik egin behar bada, horiek prestatu beharko ditu.

d) Irakasleen eguneratze zientifiko eta didaktikoa sustatzea eta, hartara, irakasleen gaitasunak eguneratzeko prestakuntza eta hobekuntza jarduerak proposatzea.

e) Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan estrategia metodologikoak bideratu eta sustatzeko bitartekoak eta baliabideak hautatzea.

f) Zuzendaritza taldeari eta klaustroari proposamenak aurkeztea materialaren erosketaz eta jarduerak erosteaz.

g) Departamentuak erabiltzen duen material inbentariagarriaren zerrenda prestatzea.

h) Ikasleek ebaluazio prozesuarekin loturik egindako erreklamazioak ebaztea indarra duen araudiarekin bat.

i) Ikasturte bukaerako memoria prestatzea, programazio didaktikoaren garapena ebaluatzeko, eta hartan egin litezkeen aldaketak zehaztea, horiek curriculum proiektuan sartzeko, baita jarduera osagarriak, lortutako emaitza akademikoak eta departamentuaren beraren funtzionamendua ere.

47. artikulua. Departamentuen bilkurei dagokienez:

1. Departamentu didaktikoek beren eginkizunak zuzen betetzen direla bermatzeko behar bezainbat bilera eginen dituzte ikasturtean. Kideek nahitaez joan beharko dute bilera horietara.

2. Irailean, departamentuek bilkurak eginen dituzte hurrengo ikasturteko irakasgaien programazio didaktikoak prestatzeko. Azken programazio hori urteko programazio orokorrari gehituko zaio, curriculum proiektuaren atal gisa.

3. Ekainean, eskola garaia bukatzean, departamentu didaktikoek behar bezainbat bilkura eginen dituzte ikasturtean egindako lana, haren lorpenak eta hurrengo ikasturterako behar diren zuzenketak aztertzeko, eta azken memoria prestatuko dute. Azken memoria hori ikastetxeko zuzendaritzaren eskutan utziko da, eta sartuko da Kontserbatoriok urteko programazio orokorraren gainean Udalari eta Zerbitzuak Ikuskatzeko eta Ikuskapen Teknikorako Zerbitzuari aurkeztuko dien memorian.

4. Bilera bakoitzetik dagokion akta eginen eta sinatuko du departamentuburuak; haren kopia bat zuzendaritza taldeari emanen zaio.

5. Departamentuak gorde beharko ditu ikasleak ikasturtean ebaluatzeko balio izan duten proba eta agiriak, ikasleen erreklamazioetarako ezarritako epeak bete arte.

48. artikulua. Departamentu didaktiko bakoitzak buru bat izanen du, Kontserbatorioko zuzendariak hautatua, eta ikasturte osoan ariko da karguan. Ikastetxean behin betiko destinoa duen irakasle batek hartuko du departamentuko burutza.

49. artikulua. Departamentuburuak ondoko eginkizun hauek izanen ditu:

a) Erregelamendu honek departamentuari esleitzen dizkion eginkizunen ondoriozko jarduerak zuzendu eta koordinatzea.

b) Departamentuak egiten dituen bilera guztiak antolatzea, deitzea eta haietan buru egitea, eta bilera bakoitzetik prestatu behar den akta prestatzea, sinatzea eta haren kopia bat ematea zuzendaritza taldeari.

c) Curriculum proiektuen prestakuntzaren ondoriozko lanen ardura hartzea eta haietan parte hartzea, departamentuak hezkuntza proiektua eta urteko programazio orokorra prestatzeko egin behar duen ekarpenean, eta departamentuan dauden alor, irakasgai edo moduluetako programazio didaktikoa prestatzea, eta orobat urte bukaerako memoria eta curriculumetan kasuan-kasuan zehazten diren egokitzapenak egitea.

d) Departamentuaren programazio didaktikoa betetzen dela koordinatzea eta zaintzea, eta ebaluazio irizpideen aplikazio zuzena.

e) Ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak aurkezteko prozedura betetzen dela bermatzea, indarra duten arauei jarraikiz.

f) Ikasleen balorazioa egiteko erabili diren proba eta dokumentuak altxatzea.

g) Departamentuan gertatzen den edozein gorabeheraren berri ematea zuzendariari edo ikasketa-buruari.

h) Hobekuntza pedagogikoa bulkatzea, aldian behingo bilerek lagun dezaten departamentuko kideen autoprestakuntzan, eta barne nahiz kanpo prestakuntza jarduerak sustatzea, irakasleak zientziaren eta didaktikaren aldetik eguneratzeko.

i) Espazio eta instalazioen antolaketa koordinatzea, departamentuari atxikitako materiala eta ekipamendu berariazkoaren erosketa proposatzea eta mantentzea.

j) Inbentarioa eguneratuko dela bermatzea.

k) Bere departamentuko irakas-praktikaren eta haren proiektu eta jarduera guztien ebaluazioa sustatzea.

l) Lankidetzan aritzea Kontserbatorioaren funtzionamenduaz eta jarduerez haren gobernu organoek edo hezkuntza administrazioak sustatzen dituzten ebaluazioetan.

VIII. KAPITULUA

Koordinazio Pedagogikorako Batzordea

50. artikulua. Zuzendaria, ikasketaburua eta departamentuburuak izanen dira batzordekideak; irailean eratuko da, eskolak hasi aitzin.

51. artikulua. Hona hemen Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen eskumenak:

a) Curriculum zehaztapenen prestaketa zuzendu eta koordinatzea, bai eta egin litezkeen aldaketak ere, eta haiek erredaktatzeaz arduratzea.

b) Klaustroak aurkeztutako irizpideetatik abiatuta, curriculum proiektua prestatzeko jarraibide orokorrak ezartzea, departamentu didaktikoek gero garatuko dituztenak. Horrela, barne koordinazio eta koherentzia bermatuko da.

c) Hezkuntza proiektuaren, curriculum proposamenaren eta curriculumaren garapenaren arteko koherentzia ziurtatzea. Curriculumeko zehaztapenak eta haren aldaketak proposatzea klaustroari, ebalua eta onets ditzan.

d) Curriculum-proposamena ikastetxeko irakas-praktikan betetzen den begiratzea, bai eta ebaluazioa egiten den ere.

e) Ebaluaziorako nahiz kalifikaziorako saioen plangintza orokorra eta azterketen egutegia proposatzea klaustroari, ikasketaburuarekin bat.

f) Ikastetxeko irakasleen prestakuntza plana egiteko proposamena klaustroari helaraztea.

g) Irakasleen klaustroari proposatzea honako hauek ebaluatzeko plana: curriculum-proposamena, hezkuntza proiektuko irakaskuntza arloak eta urteko programazio orokorra, ikastetxeko ikasleen errendimenduaren bilakaera eta irakaskuntza prozesua.

h) Barne ebaluazio bat egitea, non aztertuko baitira planaren garapenean gertatzen diren aurrerapenak eta desorekak eta, halaber, kasua bada, horiek zuzentzeko aplikatu beharreko neurriak edo hartu beharreko erabakiak.

i) Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen beraren funtzionamenduari buruzko txostena Eskola Kontseilura igortzea ikasturtearen bukaeran; ikasturteko azken memorian txertatuko da.

IX. KAPITULUA

Tutoreak

52. artikulua. Tutoretza eta ikasleen orientazio akademikoa eta orientazio profesionala irakaslanaren zereginak izanen dira.

53. artikulua. Ikasle guztiak irakasle-tutore baten ardurapean egonen dira; hots, musika tresnako irakaslearen ardurapean.

54. artikulua. Ikasturte bakoitzaren hasieran argitara emanen da irakasleen tutoretzaren ordutegia, ikasleen guraso edo legezko ordezkariei harrera egiteko.

55. artikulua. Irakasle tutoreen eginkizunak. Irakasle tutoreak honako eginkizun hauek bete beharko ditu:

a) Ikasketaburuak koordinatuta tutoretzako ekintzen plangintzan eta orientazio akademiko eta profesionaleko jardueretan parte hartzea, eta aldian-aldian beharrezkoak diren bilerak egitea.

b) Ikasketaburuak deiturik, bere ikasleei dagozkien ebaluazio bileretan buru izatea.

c) Ikasleek ikastetxean izan behar duten integrazioa erraztea eta bertako jardueretan parte har dezaten sustatzea.

d) Ikasleen eskariak eta kezkak jakinaraztea gainerako irakasleei eta zuzendaritza taldeari.

e) Ikasleei orientazioa eta aholkuak ematea beren aukerabideei, hezkuntza arloan dituzten hautabideei eta horretarako egokiena den ikasketa bideari buruz.

f) Ikasleei edo, ikasleak 18 urtetik beheitikoak direlarik, haien aita-amei edo legezko ordezkariei, eta irakasleei beraiekin ikusteko duen guztiaren berri ematea irakaskuntzako jarduerei eta ikasleen errendimenduari dagokienez, eta ikasleak eskoletara etortzen ez badira, horren berri ematea familiei, eta haiekin izatea behar diren bilerak.

g) Beren ardurapeko ikasleen bilakaeraren segimendu jarraitua egitea, une bakoitzean egokienak diren neurri zuzentzaileak harturik.

h) Beren ardurapeko ikasle bakoitzaren dokumentazio akademikoa betetzea.

IV. TITULUA

Hezkuntza komunitatea

56. artikulua. Irakasleek, ikasleek, administrazioko eta zerbitzuetako langileek eta ikasleen aita-ama eta legezko ordezkariek osatzen dute Kontserbatorioko hezkuntza komunitatea.

I. KAPITULUA

Ikasleen eskubideak

57. artikulua. Ikasleen eskubide eta betebeharrak, erregelamendu honetan biltzen direnak, oinarriturik daude maiatzaren 5eko 732/1995 Errege Dekretuan, Kontserbatorioaren ezaugarriei egokiturik; horrek ezarri zituen ikastetxeetako ikasleen eskubide eta eginbeharrak eta arautu ikastetxe horietako elkarbizitza.

Ikasle guztiek oinarrizko eskubide eta betebehar berak dituzte, adinaren eta egiten ari diren ikasketen ondoriozkoak kenduta, bestelako bereizkuntzarik gabe.

58. artikulua. Ikasleen eskubideak:

a) Ikastetxeko ikasketa planetan jasotzen diren gutxieneko helburuak lortzeko prestakuntza hartzea gutxienez ere.

b) Beren kontzientzia herritar, moral eta erlijiosoa errespetatzea, Konstituzioarekin bat.

c) Beren ordezkariak demokratikoki hautatzea, haien bidez edo beren kabuz eskola gaien gainean bidezko diren eskaera edo kexak aurkeztu ahalko baitizkie irakasleei, Eskola Kontseiluari, Zuzendaritzari edo guraso elkarteari.

d) Tutoretza saioa eskatzea horretarako aurreikusitako ordutegian.

e) Eskola Kontseiluan jorratutako gaien berri izatea, beren ordezkariek emanda.

f) Beren ordezkariekin, irakasleekin edo guraso elkartearekin biltzea, betiere eskola jarduera trabatu gabe.

g) Beren errendimendua ebaluatua izatea objektibotasun osoarekin.

h) Ebaluatzeko sistemen eta irizpideen berri izatea, beren irakasleek emanda. Ebaluazioen egutegia aitzinetik jakin beharko dute.

i) Ebaluazio bakoitzaren emaitzen berri izatea noten buletinaren bidez.

j) Beharrezkoak iruditzen zaizkien argibide guztiak eskatzea bere ikaskuntza-prozesuan egiten diren balorazio guztien gainean. Behar diren argibideak eman ondoan, desadostasunik baldin bada azken kalifikazioei buruz, kalifikazio hori berrikusteko eskaera egin dezakete idatziz, hori guztia Nafarroako Gobernuak ikasturte bakoitza arautzeko ematen dituen irizpideei jarraikiz.

k) Ikastetxeko instalazioak erabiltzea, muga bakarrak eskolako eta eskolaz kanpoko jardueren programazioaren ondoriozkoak direla, eta behar diren neurriak hartuz pertsonen segurtasunaz, baliabideen kontserbazio egokiaz eta haien xede zuzenaz den bezainbatean.

l) Ikastetxeko jardueretan parte hartzea.

m) Hutsen eta haiei dagozkien zehapenen berri izatea.

n) Eskola orientazioa zein lanbideei dagokiena hartzea, ahalik eta garapen pertsonal, sozial eta profesionalik handiena iristeko, haien gaitasun, gogo edo interesen arabera.

o) Kontserbatorioaren jarduera behar bezalako baldintzetan egitea segurtasunaren eta higienearen aldetik.

p) Adierazpen askatasuna, hezkuntza komunitateko kide guztien eskubideak eta erakundeek merezi duten errespetua ukatu gabe.

q) Kontserbatorioan matrikulatutako ikasleendako Udalak izanen duen aseguru polizaz baliatzea.

II. KAPITULUA

Ikaslearen eginbeharrak

59. artikulua. Ikasleen eginbeharrik garrantzitsuena da gizarteak haien eskura jartzen duen ikaspostua modu eraginkorrean aprobetxatzea. Horretarako, ikasteko interesa eta klasera etortzea, hau da, ikasi beharra da hezkuntzarako oinarrizko eskubidearen ondorioa. Eginbehar horren ondorio dira betebehar hauek:

a) Klasera etorri eta ikasketa planak garatzeko diren jardueretan parte hartzea.

b) Ikastetxeko jarduerak garatzeko onetsitako ordutegia hertsiki betetzea.

c) Irakasleen orientabideei segitzea, bere ikaskuntzaz den bezainbatean, eta haiei behar bezalako errespetu eta begirunea agertzea.

d) Ikaskideek ikasteko duten eskubidea errespetatzea.

e) Aurreikusten badu ez dela klasera etorriko, aldez aurretik abisatzea, bereziki entseguak edo gisa bereko jarduerak badira.

f) Adin txikiko ikasleak ezin izanen dira ikastorduetan ikastetxetik atera, espresuki horretarako baimena izan ezean.

60. artikulua. Ikasleen betebeharra da bizikidetzako arauak errespetatzea ikastetxe barrenean. Betebehar horrek honako hauek ditu ondorio:

a) Kontzientzia askatasuna eta erlijio edo moralari buruzko iritziak errespetatzea, baita hezkuntza komunitateko kide guztien duintasuna, osotasuna eta intimitatea ere.

b) Hezkuntza komunitateko kiderik ez baztertzea jaioterri, arraza, sexu edo beste edozein inguruabar pertsonal edo sozial dela-eta.

c) Eskolaren hezkuntza proiektua eta izaera propioa errespetatzea, indarra duen legeriari jarraikiz.

d) Ikastetxeko bizitzan eta funtzionamenduan parte hartzea.

e) Kontserbatorioaren jarduera osagarrietan parte hartzeko hitza ematen duten ikasleek entsegu guztietara eta dagozkien emanaldietara joan behar dute, kasu justifikatuetan izan ezik.

f) Hautetsiak direnendako, ordezkaritza karguek dakartzaten erantzukizunak beren gain hartzea.

61. artikulua. Ikastetxeko ondasun, altzari, tresna eta instalazioak zaindu eta behar bezala erabiltzea, eta hezkuntza komunitateko gainerako kideen gauzak errespetatzea.

62. artikulua. Garbitasun eta higiene arloko arau oinarrizkoak begiratzea.

63. artikulua. Ordena gordetzea Kontserbatoriora sartzean, bertan egotean eta bertatik ateratzean.

III. KAPITULUA

Ikastetxeko arauen kontrako portaerak

64. artikulua. Ikastetxeko arauen kontrako portaerak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

65. artikulua. Falta arinak hauek dira:

a) Berandu etortzea, justifikatu gabe.

b) Justifikatu gabe hiru aldiz klasera huts egitea.

c) Ikastetxeko tokiak, haren materiala edo hezkuntza komunitateko beste kideen gauzak edo ondasunak nahita hondatzea, baina ez modu larrian.

d) Justifikatu gabeko edozein egintza, ikastetxeko jarduerak arinki galarazten dituena.

66. artikulua. Falta larriak hauek dira:

a) Hezkuntza komunitateko kideen kontrako laido eta ofentsa, eta diziplinaren kontrako egintza larriak.

b) Hezkuntza komunitateko beste kideen kontrako eraso fisikoa.

c) Ikastetxearen jarduneko egintzetan beste pertsona baten itxurak egitea eta agiri akademikoak, absentzien frogagiriak eta ebaluatzeko buletinak faltsutzea edo ebastea, eta azterketetan kopiatzea.

d) Oker erabiltzeagatik edo nahita kalte egitea ikastetxeko lokal, altzari, material edo agirietan edo hezkuntza komunitateko beste kideen gauzetan.

e) Justifikatu gabeko edozein egintza, ikastetxeko jarduerak larriki galarazten dituena.

f) Bi falta arin egitea ikasturte berean.

g) Ikasle gisa duen errendimenduan interes falta agerikoa izatea.

h) Ezarritako zehapenak ez betetzea.

i) Kargu hartzeak eta zentzagarriak gaitzera hartzea.

j) Besteren gauzez bidegabeki jabetzea.

k) Jendeen edo ikastetxearen kontrako pintada iraingarriak egitea.

67. artikulua. Falta oso larriak hauek dira:

a) Hezkuntza komunitateko kideen kontrako laido eta ofentsa, eta diziplinaren kontrako egintza oso larriak.

b) Hezkuntza komunitateko beste kideen kontrako eraso fisiko larria.

c) Larritzat jotzen diren faltak, inguruabar hauek gertatzen direlarik: kolektibitatea eta/edo asmo gaiztozko publizitatea.

d) Hezkuntza komunitateko kideen osasunari eta osotasun pertsonalari larriki kalte egiten dioten jarduketetara aldiro-aldiro bulkatzea.

e) Drogak saldu, erosi eta kontsumitzea ikastetxearen barnean edo eskola orduetan.

f) Hiru falta larri egitea ikasturte berean.

IV. KAPITULUA

Ikastetxearen arauen kontrako portaeren zentzagarriak

68. artikulua. Falta arinengatik:

a) Kargu-hartze pribatua.

b) Idatzizko kargu-hartzea, aita-amei horren berri emanda.

c) Bidezkoa bada, eragindako kaltea zuzentzen laguntzen duten lanak egitea eskola orduetatik kanpora.

d) Ikastetxeko jarduerak hobetu eta garatzen laguntzen duten lanak egitea.

e) Ikaslea klasetik bidaltzea, eta ikasketaburuaren aurrera agertzea.

69. artikulua. Falta larri eta oso larriengatik:

a) Ikastetxetik edo halako eskola batzuetatik bidaliko dutela idatziz ohartaraztea; ohartarazpen hori ikaslearen banakako espedientean agertuko da justifikatu gabe behin eta berriz klasera etortzen ez bada. Hartan ikasgaiko irakaslearen, tutorearen eta ikastetxeko zuzendariaren txosten zehatza sartuko da, jarrera horren gainean.

b) Eragindako kalte materialak konpontzen laguntzeko lanak egitea, halakorik behar bada, edo ikastetxeko jarduerak hobetu eta garatzen laguntzen duten lanak egitea. Lan horiek eskola orduetatik kanpo eginen dira, bi ebaluazioen arteko denboran gehienez ere.

c) Asmo gaizto agerikoa baldin bada, eragileak hondatu dituen ondasunak osorik lehengoratu beharko ditu eta, subsidiarioki, bere gain hartu beharko ditu kostuak eta horren ondorioak.

d) Ikaslearen talde edo gela aldaketa.

e) Halako eskola batzuetara etortzeko eskubidea etetea bost egun baino gehiagoko eta bi aste baino gutxiagoko denboran. Etenak irauten duen denboran ikasleak etxeko lanak edo agintzen zaizkionak egin beharko ditu, prestakuntza prozesuak etenik izan ez dezan.

f) Ikastetxera etortzeko eskubidea etetea hiru eskola egun baino gehiagoko eta hilabete baino gutxiagoko denboran. Etenak irauten duen denboran ikasleak etxeko lanak edo agintzen zaizkionak egin beharko ditu, prestakuntza prozesuak etenik izan ez dezan.

g) Ebaluazio etengaberako eskubidea galtzea kasuan kasuko ikasgaian, hiruhileko batean bi (2) falta gertatzen direlarik eskola astean behin duten ikasgaietan edo hiru (3) falta baino gehiago gertatzen direlarik eskola astean bitan duten ikasgaietan. Koordinazio Pedagogikorako Batzordeak izanen du kasu bakoitzean egokiena den ebaluazio prozedura ordezkoa ezartzeko ardura.

h) Eskolatzea galtzea ikasturtean sei (6) falta gertatzen direlarik eskola astean behin duten ikasgaietan edo bederatzi (9) falta baino gehiago gertatzen direlarik eskola astean bitan duten ikasgaietan.

i) Partaidetza behin betiko galtzea jarduera osagarri edo eskolaz kanpoko batzuetan, edo ikastetxetik behin betiko bidaltzea.

V. KAPITULUA

Prozedurako bermeak arau-hauste arin, larri
eta oso larriengatik

70. artikulua. Behar diren zentzagarriak erabakitzeko ahalmenak:

a) Kasuan kasuko irakasleak emanen ditu zentzagarriak falta arinak ere ez diren egitateengatik eta, hala behar badu, mailako tutoreak.

b) Kasuan kasuko irakasleak zehatuko ditu falta arinak, edo tutoreak, faltari hala badagokio.

c) Falta larriak eta oso larriak ikastetxeko Eskola Kontseiluak zehatuko ditu edo organo horrek zehazten duen batzordeak.

71. artikulua. Zehapen prozedura:

a) Prozedura hau aplikatuko da falta larri eta oso larriengatik.

b) Falta larrien zentzagarririk ez da ezarriko ikastetxeko zuzendariak lehenago erabakitzen ez badu espediente bat irekitzea, behar diren jakingarriak bilduta, eta bere kabuz edo ikastetxeko Eskola Kontseiluak proposatuta. Betiere, zehapen espedientea tramitatuko da bat etorriz zehapen ahalmena erabiltzeko prozeduraren Erregelamendua onesten duen abuztuaren 4ko 1398/1993 Errege Dekretuarekin.

c) Espedientearen instrukzioa ikastetxeko irakasle batek eginen du, zuzendariak izendaturik. Espedientea irekitzearen berri berehala emanen zaie adingabekoaren aita-ama, tutore edo arduradunei.

d) Ikasleak eta, hala behar badu, haren aita-ama edo legezko ordezkariek instruktorea errekusatu ahalko dute, haren jokabide edo adierazpenetatik ondoriozta badaiteke ez duela objektibotasunik izanen espedientea irekitzean.

e) Salbuespenez, prozedura bat hastean, edo instrukzioaren edozein puntutan, zuzendariak, bere kabuz edo, hala behar badu, instruktoreak proposatuta, hartu ahalko ditu komenigarri iruditzen zaizkion behin-behineko neurriak. Behin-behineko neurriak izan ahalko dira ikastetxera edo halako klase edo jarduera batzuetara etortzeko eskubidearen etena, gehienez ere hiru egunean. Behin-behineko neurriak Eskola Kontseiluari emanen zaizkio aditzera, eta horrek atzera bota ahalko ditu noiznahi.

f) Espedientea irekitzea gehienez ere hamar eguneko epean erabaki beharko da, zuzendu beharreko egitate edo portaeraren berri izan denetik, erregelamendu honen arabera.

g) Espedientea irekita ikasleari entzutea emanen zaio, eta adingabea baldin bada, haren aita-amei edo legezko ordezkariei, eta betiere emanen zaie egozten zaizkien portaeren berri eta ikastetxeko Eskola Kontseiluari proposatzen zaizkion neurrien berri.

h) Prozeduraren hasieraren berri emanen zaio Hezkuntzako Zinegotzigoari, eta tramitazioaren berri emanen zaio, harik eta ebazpena ematen den arte, Udaleko organo eskudunek berretsi behar baitute.

i) Prozeduraren ebazpena gehienez ere hilabetez eman beharko da hura abiatzen denetik; Eskola Kontseiluaren ebazpenaren kontra errekurtso arrunta paratu ahalko da Alkatetza Udalburutzari zuzendua.

j) Falta larri eta oso larrien berri eta haiei dagozkien zehapenen berri emanen zaie aita-amei, eta ikaslearen espedientean jasoko dira idatziz.

k) Zehapen batzordeak kontuan hartuko ditu ikaslearen inguruabar pertsonal, familiar edo sozialak erabakia hartzean. Horrekin gorde nahi da bidezko diren zehapenen aplikazioa.

Eskola Kontseiluak gainbegiratuko du zentzagarriak egiazki betetzen ote diren, ezarri diren baldintza beretan.

VI. KAPITULUA

Ikasleen aita-amak edo legezko ordezkariak

72. artikulua. Aita-amen edo legezko ordezkarien eskubideak:

a) Elkartzea.

b) Ikastetxearen jardunean parte hartzea, indarra duen legeriari jarraikiz.

c) Beren seme-alaba eta tutoratuek ikasketetan duten errendimenduaren gaineko argibideak eta orientabideak izatea.

d) Beren seme-alaba eta tutoratuak klasera joaten ez direlarik, horren berri izatea.

e) Ez ohiko portaerak izanez gero eta horiek ekintza bateratua behar izanez gero, horien berri izatea.

f) Matrikulazio epeen berri behar den tenorean izatea.

g) Guraso elkarteen ordezkariek bilera eskatu ahalko dute irakasleen klaustroarekin batera bilkura izateko, Kontserbatorioaren funtzionamendu egokiarekin ikusteko duten gaien gainean mintzatu beharrez.

h) Behar den irakaslearengana jo ahalko dute irakasleek horretarako finkatzen dituzten orduetan, beren seme-alaben eskola jardunaren gaineko edozein ohar edo kexa egiteko. Behar bezalako harrera egiten ez bazaie, ikastetxeko Zuzendaritzarengana joko dute.

i) Guraso elkartearen bidez bideratu ahalko dituzte Kontserbatorioaren funtzionamenduarekin edo seme-alaben prestakuntzaren hobekuntzarekin ikusteko duten arazo edo egoera guztiak.

j) Eskura izanen dute Kontserbatorioaren funtzionamenduari dagokion informazio guztia, haren Zuzendaritzaren edo guraso elkartearen bitartez.

73. artikulua. Ikasleen aita-amen edo legezko ordezkarien betebeharrak:

a) Jendetasunez eta begirunez hartu behar dituzte irakasleak, irakasle ez diren langileak eta ikasleak.

b) Kontserbatorioko Zuzendaritzak, irakasleek eta Eskola Kontseiluak ematen dizkien hitzordu guztietara joan beharko dute.

c) Beharturik daude gezurrezko egiaztagiririk ez ematera, beren seme-alabak klasera etortzen ez direnean.

d) Ez dute irakasleen lanean nahasi behar; aldiz, errespetatu beharko dituzte ikastetxean dauden arauak instalazioetara sartzeaz nahiz barnean ordena mantentzeaz den bezainbatean.

e) Hezkuntza proiektua eta ikastetxea arautzen duten arauak errespetatzea.

f) Ikasleak klasea edo nahitaezko beste jarduera batzuk huts egiten dituelarik, hura azaltzeko egiaztagiria helaraztea irakasleari, behar bezala beterik.

g) Hautetsiak baldin badira, kargu horiek berekin ekartzen duten erantzukizuna beren gain hartzea.

VII. KAPITULUA

Administrazioko eta zerbitzuetako langileak

74. artikulua. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen eskubideak.

a) Trataera zuzen eta begirunezkoa hartzea hezkuntza komunitateko gainerako kideen aldetik.

b) Ikastetxearen jardunean parte hartzea, indarra duen legeriari jarraikiz.

c) Ikastetxeko Zuzendaritzari aurkeztea bidezko iruditzen zaizkien ekimen eta iradokizun guztiak, baita erreklamazioak ere.

75. artikulua. Administrazioko eta zerbitzuetako langileen eginbeharrak:

a) Ikastetxeko zerbitzuaren hobekuntzan lankidetzan aritzea.

b) Ikastetxea mantentzen laguntzea, beren eskudantzien barnean dauden lan guztietan.

c) Irakasleekin lankidetzan aritzea, beren lanpostuek berezko duten lanetan, hala eskatzen dietenean.

d) Ordena mantentzen parte hartzea, Erregelamenduak ematen dituen jarraibideei jarraikiz.

e) Hezkuntza proiektua eta ikastetxea arautzen duten arauak errespetatzea.

f) Ikastetxeko idazkariak zainduko du administrazioko eta zerbitzuetako langileek lanaldia betetzen duten, eta inork betetzen ez badu zuzendariari emanen dio berehala horren berri. Erabili beharreko prozedura irakasleendako bera izanen da, hitzarmen kolektiboak adieraz ditzakeen berezitasunekin.

g) Hezkuntza komunitateko gainerako kideak behar den jendetasun eta begiruneaz hartzea, eta orobat ikastetxera argibide eske etortzen diren guztiak.

h) Irakaskuntza jardueraren zerbitzuak hobeki funtziona dezan nagusiek bakoitzak bere eskumenaren esparruan ematen dituzten jarraibideak konplitzea.

i) Hautetsiak baldin badira, kargu horiek berekin ekartzen duten erantzukizuna beren gain hartzea.

VIII. KAPITULUA

Irakasleak

76. artikulua. Irakasleen eskubideak:

a) Konstituzioaren eta indarra duen legeen errespetuaren barnean, katedra eta irakaskuntza askatasuna. Askatasun hori bideratua dago lege horietan ezarritako hezkuntza xedeak lortzera; hartara, irakasleak libreki hauta ditzake eskola ematean egokienak iruditzen zaizkion lan metodoak.

b) Hezkuntza komunitateko kide guztiek haien osotasun fisiko eta psikikoa eta haien duintasun profesionala errespetatzea.

c) Biltzeko eskubidea, baldin eta traba egiten ez badio irakaskuntza jardueretan normaltasunez aritzeari.

d) Etengabeko prestakuntza irakasle guztien eskubidea eta betebeharra da, eta hezkuntza administrazioen eta ikastetxeen beren ardura (102. art., III. kapitulua, III. titulua, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoarena).

e) Irakasleek eskubidea izanen dute Ikasketa Burutzari eskatzeko eskola bat edo zenbaiten aldaketa puntuala, gisa hartara parte hartu ahal izateko kontzertuetan, ikastaroetan, mintzaldietan eta interesdunaren prestakuntzan eta lanbidean goiti egiteko gogoan eragiten duten jardueretan, on egiten baitiete ikasleei, itzal profesionalari eta ikastetxearen beraren izen onari.

Ikasketa Burutzak baimendu ahalko ditu aldaketa horiek, baldin eta ukitutako ikasleek aitzinetik jakin eta onartu badituzte eta ikastetxearen ohiko jardunari traba egiten ez badiote.

f) Dagokionak orokorrean ikastetxeari eta bereziki beraiei dagozkien aferen berri ematea.

g) Irakaskuntzan aritzean ikastetxeko materiala erabiltzea.

h) Eskola Kontseiluan dituen ordezkariei proposamenak egitea.

i) Eskola Kontseiluan jorratutako gaien berri izatea, beren ordezkariek emanda.

77. artikulua. Irakasleen betebeharrak:

a) Eskolak egoki eta tenorez ematea, ezarritako eskola egutegiari jarraikiz.

Ikasketa Burutzak kontrolatuko du huts egiten duten eskoletara, klaustroetara, bileretara eta ebaluazio saioetara joateko eta tenorez joateko betebeharretan; falta horien berri emanen dio Zuzendaritzari, behar diren diziplina neurriak har ditzan.

b) Arduratzea ikastetxeko instalazio eta ondasunak erabiltzeko maneran egon daitezen, eta zerbait behar bezala ez badabil edo hondaturik badago horren berri ematea Idazkaritzari edo Ikasketa Burutzari.

c) Ikasleen osotasun fisiko eta psikikoa hertsiki errespetatzea, eta haiengan ohiturak sortzea ordenaz, lanaz eta beren prestakuntza osoa lortzeko konfiantzaz den bezainbatean.

d) Ikasleen ebaluazio etengabea egitea, horretarako behar den dokumentazioa betez eta ebaluazio saioetan parte hartuz.

e) Kontserbatorioaren antolaketan parte hartzea behar diren organoen bidez, eta Kontserbatorioak antolatzen dituen gizarte eta kultur ekitaldietan laguntzea.

f) Gelaren barnean ikasleen ordena eta diziplina gordetzea.

g) Gurasoen eta ikasleen bisitak hartzea, arauei jarraikiz, hau da, horretarako finkaturiko ordutegian eta eskaera aurretik jasota.

Gatazka egoerak saihestu beharrez, maiatzaren bigarren hamabostalditik aurrera irakasleek ez dute bisitarik izanen arrazoi akademikoengatik. Gurasoen behar bezalako arreta bermatu beharrez, irakasleek haien esanetara egonen dira notak hartu eta biharamunean.

h) Ikastetxeko programazioetan eta hezkuntza proiektuan laguntzea, eta horiek errespetatu eta garatzea.

i) Ikasleen ibili akademikoaren berri ematea guraso edo legezko ordezkariei, baita ikasleei ere.

j) Klaustroaren bileretara joatea, baita irakaskuntza jarduerarekin ikusirik deitzen diren beste guztietara ere.

k) Ikasleen hezkuntza prozesua ebaluatzea, gutxienez ere hiru aldiz urtean, edo urteko programazio orokorrean ezartzen diren aldietan.

l) Hautetsiak baldin badira, kargu horiek berekin ekartzen duten erantzukizuna beren gain hartzea.

IX. KAPITULUA

Hezkuntza komunitate guztiari aplikatzeko bizikidetza arauak

78. artikulua. Hona hemen hezkuntza komunitate guztiari aplikatzeko bizikidetza arauak:

a) Hezkuntza proiektua eta ikastetxea arautzen duten arauak errespetatzea.

b) Ikastetxeko espazioak egoki erabiltzea, haien erabilera berariazkoa errespetatuz.

c) Ez gelditzea irakasleen erabilera esklusiborako eremuetan, ez eskaileretan edo beste pasaguneetan.

d) Ikastetxeko edozein tokitan paratu nahi diren afixa edo iragarkiek Zuzendaritzaren oniritzia beharko dute eta zigilatuak izan.

e) Lan kontuei edo afera sindikalei buruzko afixak horretarako lekuan baizik ez dira paratuko.

f) Bizikidetza arauak betetzen ez direlarik, egitateak baloratu beharko dira egoera eta ikasleen baldintza pertsonalak kontuan harturik.

g) Bizikidetza arauak betetzen ez direlarik, aplikatu behar diren zentzagarriek izaera hezle eta berreskuratzailea izan behar dute, gainerako ikasleen eskubideen errespetua bermatu beharko dute eta beren apurra eginen dute hezkuntza komunitateko kide guztien harremanak hobetzen.

Nolanahi ere, arauak betetzen ez direlarik, hartu beharko da kontuan ezin dela jarri osotasun fisikoaren eta duintasun pertsonalaren kontrako zentzagarririk.

V. TITULUA

Ikastetxean matrikulatu gabeko pertsonendako arauak

I. KAPITULUA

Entzule plazak

79. artikulua. Baldintzak. Entzule gisa onar daitezke ikastetxean matrikulatu gabeko pertsonak, baldin eta gainditu badituzte Kontserbatorio honetarako sarrera probak eta plazarik erdietsi ez badute.

80. artikulua. Ikasgai hauetan onartu ahalko dira entzuleak: Musika Hizkuntza, Harmonia, Analisia, Konposizioaren Oinarriak eta Musikaren Historia.

81. artikulua. Entzule plaza eskatzeko epeak behar den tenorean argitaratuko dira, matrikula epeak bukatu ondoan.

82. artikulua. Klase batera entzule gisa joan nahi dutenek ikastetxeko zuzendaritzara jo beharko dute, eta hark eskaera ebatziko du, ikasgaiaren irakaslearekin mintzatuta.

83. artikulua. Ikastetxeko zuzendaritzak noiznahi atzera bota ahalko ditu hasiera batean emandako baimenak, entzuleak egoteak trabatzen badu klasea normaltasunez ematea, ikastetxearen antolaketa edo espazioen banaketa.

II. KAPITULUA

Espazioen mailegua

84. artikulua. Kontserbatoriotik kanpoko edozein pertsona edo entitatek, haren egoitza edo materialak erabili nahi baditu, ikastetxeko Zuzendaritzari eskatu beharko dio eta horrek, bidezko bada, eskaera tramitatuko du Hezkuntza Zinegotzigora.

Nolanahi ere, eskaeretan honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Eskaeran jaso beharko dira datak, ordutegiak eta eskaeraren arrazoiak.

b) Aretoaren maileguak ez die inoiz ere diru-sarrerarik ekarriko eskatzaileei.

c) Bete beharko dira horretarako ezartzen den araudi berariazkoaren nahitaezko baldintzak; hura Udaleko organo eskudunek onetsiko dute.

d) Eskatzaileek bete beharko dituzte Kontserbatorioko ikasleek dituzten arau berak ikastetxea mantentzeaz eta zaintzeaz den bezainbatean.

VI. TITULUA

Mendekotasun organikoa

85. artikulua. Kontserbatorioa Udalaren zerbitzu publikoa da, Gizarte Aferen Alorreko eta Tuterako Udalaren Hezkuntza Kudeatzeko Zentroko atal, eta beraz zuzeneko kudeaketako zerbitzuetarako udal araudiari loturik dago, baita egitura organikoari eta antolaketarako, programaziorako, zuzendaritzarako eta koordinaziorako irizpide eta prozedura orokorrei loturik ere.

VII. TITULUA

Araubide ekonomikoa

86. artikulua. Kontserbatorioa, diruz, Udalaren urteko aurrekontuen eta haiek betearazteko oinarrien kontura mantenduko da, kontuan harturik ezen, hura sortzeko 2010eko urriaren 4ko osoko bilkuran hartu zen erabakiarekin bat, “Fernando Remacha” Udal Musika Kontserbatorioaren zerbitzu publikoaren jarraipenerako baldintza izanen da Nafarroako Gobernuaren finantzaketa, gaur egungo hitzarmenaren ildotik, eta haren luzapenaren bidez ikasturte bakoitzaren hasieran.

VIII. TITULUA

Erregelamendua berritzea

87. artikulua. Erregelamendua berritu beharko da indarra duen legeriak eskatzen duen guztietan.

88. artikulua. Hezkuntza komunitateko edozein kidek berritzeko proposamenak egin ditzake, eta horiek bideratu, Eskola Kontseiluan dituen ordezkarien bitartez.

89. artikulua. Erregelamendua berritzeko ekimena Kontserbatorioko Eskola Kontseiluari dagokio, aparte utzirik Udalaren eskumena Erregelamendu hau aldatzeko, bidezkoa iruditzen zaiolarik. Kontserbatorioko Eskola Kontseiluko kideen herenek proposatu behar dituzte, gutxienez ere, berritze proiektuak.

90. artikulua. Berritzeko ekimena erabiliko da zuzendariari idatzi bat aurkeztuz; horrek eskatzaileen identifikagarriak eta proposatzen den aukerako testua izan behar ditu. Zuzendariak Kontserbatorioko Eskola Kontseiluaren bilera eginen du, hilabeteko epean, ekimen hori aurkezten denetik hasita, berritze horretaz erabakitzeko.

91. artikulua. Berritze proiektuak aitzina eginen du Kontserbatorioko Eskola Kontseiluko kideen erabateko gehiengoaren aldeko botoa erdiesten badu. Berritze proiektua atzera botatzen bada, eskatzaileek urtebetean ezin izanen dute berritze ekimena erabili, hura atzera botatzen denetik hasita. Kontserbatorioko Eskola Kontseiluan aurrera egiten duen proiektua jakinaraziko zaie Kontserbatorioko estamentu guztiei, eta hura onesteko behar diren tramite guztiak, behar den informazio batzorde iraunkorraren bidez, Udalak, osoko bilkuran, irizpena ematen duen arte.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.–Kontserbatorioko irakaskuntzak dituen beharretarako erabiliko dira, lehentasunez, haren zerbitzu eta instalazio guztiak.

Bigarrena.–Kontserbatorioko hezkuntza komunitateko kide guztiei eragiten die erregelamendu honek.

Hirugarrena.–Erregelamendua hezkuntza komunitatearen eskura egonen da, edozein kontsultatarako.

Laugarrena.–Zuzendaritza arduratuko da Kontserbatorioko Eskola Kontseiluko kide izateak kalterik ekar ez diezaien bere kideen lanbide edo irakaskuntza jarduerei Kontserbatorioaren esparruan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Zuzendaritza taldearen eskola-orduetan egindako murrizketa, erregelamendu honen 18.bis artikuluan ezarri baita, ikasturte hauetan aplikatuko da pixkanaka:

a) Eskola-ordutegia 4,5 eskola-ordu murriztuko da 2019/2020 ikasturtean, eta 6 ordura murriztuko da 2020/2021 ikasturtetik aurrera.

b) Eskola-ordutegia 3 eskola-ordu murriztuko da 2019/2020 ikasturtean, eta 6 ordura murriztuko da 2020/2021 ikasturtetik aurrera.

c) Eskola-ordutegia 4 eskola-ordu murriztuko da 2019/2020 ikasturtean, eta 6 ordura murriztuko da 2020/2021 ikasturtetik hasita.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa.–Erregelamendu honek antolaketaren, funtzionamenduaren eta araubide juridikoaren gainean arautzen ez duen orotan jarraituko zaio Nafarroako toki entitateei aplikatzekoa zaien indarreko araudian eta gainerako xedapenetan aurreikusitakoari.

Bigarrena.–Erregelamendu honek indarra hartuko du behin betiko onetsi, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta Toki Araubidearen Oinarriei buruzko 7/1985 Legearen 65. artikuluan aipatzen den epea iragan ondoan.

Iragarkiaren kodea: L2002059