41. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

LODOSA

Deialdia, Lodosako Udalaren zerbitzuko erdi mailako teknikari izateko lanpostu bat, B mailakoa, oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuan betetzeko, plantillan lanposturik gehitu gabe

Alkatetzak otsailaren 14an eman 8/2020 dekretuaren bidez onetsi da, eta honako oinarri hauei jarraikiz garatuko da:

OINARRIAK

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Lodosako Udalaren zerbitzuko erdi mailako teknikari izateko lanpostu bat, B mailakoa, oposizio-lehiaketaren bidez eta barne igoera murriztuaz betetzea.

1.2. Oposizio-lehiaketa honetarako deia egin da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15.6 artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

1.3. Deialdiko lanpostua betetzeko izendatzen den langileak Lodosako Udaleko plantilla organikoan B mailako erdi mailako teknikariaren lanpostuarentzat ezarritako ordainsariak eta osagarriak jasoko ditu, eta bertan ezartzen den bezala, barne igoeran betetzeko, deialdi murriztuaren bidez beteko da lanpostua.

2.–Betebeharrak.

Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek honako baldintza hauek bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denean eta izendapena egin arte:

a) Lodosako Udalaren zerbitzuko funtzionarioa edo langile finkoa izatea.

b) C mailako lanpostu batean aritzea, administrazio destino berean.

c) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea barne igoera honetara aurkeztu baino lehenagoko lanpostuan.

d) Unibertsitateko diplomadun, ingeniari tekniko, arkitekto tekniko edo hirugarren mailako lanbide heziketako titulua izatea, eta administrazio publikoetan bost urteko antzinatasun aitortua frogatzea.

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak Lodosako Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, 10:00etatik 14:00ak arte, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako. Eskabide eredua eskuratzeko, Udaleko Erregistro Orokorrera jo beharko da.

3.2. Eskabideari, behar bezala bete ondotik, agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) Deialdiaren 2 d) apartatuan aipatzen den tituluaren kopia konpultsatua.

b) Deialdi honen 7.2 apartatuan ezarritako baremoaren arabera alegatzen diren merezimendu guztien frogagiriak, jatorrizkoak edo kopia behar bezala konpultsatuak. Izangaiek merezimenduak baremoko puntuazio eskemari jarraikiz alegatu eta frogatuko dituzte.

3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lodosako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Baztertutako izangaiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioak egiteko epea bukatu eta haiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.4. Izangai bazterturik ez bada, zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko.

4.5. Ezarritako epean eskabiderik aurkeztu ezean, alkateak deialdia bete gabe gelditu dela deklaratzen duen ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu beharko da.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Honako hauek osatuko dute kalifikazio epaimahaia:

–Mahaiburua: Pablo Azcona Molinet, Lodosako Udaleko alkate udalburua.

–Ordezkoa: Lourdes San Miguel Rojo, Lodosako Udaleko lehen alkateordea.

–1. epaimahaikidea: Asun Nieto Zabala, NUKFeko aholkulari juridikoa.

–Ordezkoa: Fermín Cabasés Hita, NUKFeko aholkulari ekonomikoa.

–2. epaimahaikidea: Juan Jesús Echaide Baigorri, NUKFeko komunikazio alorreko teknikaria.

–Ordezkoa: Eva Salinas Urra, NUKFeko administrari-ofiziala.

–3. epaimahaikidea: Juan José Boj Prieto, Lodosako Udaleko kontu-hartzaile diruzaina.

–Ordezkoa: Miguel Ángel Fuertes Martínez, Sesmako Udaleko idazkaria.

–4. mahaikidea: Ana María Martínez Barbarin, Lodosako Udaleko kultura eta kirol koordinatzailea, langileen ordezkari gisa.

–Ordezkoa: José Ricardo Coll Capelle, Lodosako Udaleko udal agentea, langileen ordezkari gisa.

5.2. Hautaprobak egiten hasi aurretik eratu beharko da epaimahaia. Ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa bederen agertu gabe.

Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.3. Epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta hori jakinarazi deialdia egin duen organoari, administrazio prozeduraren araudi orokorrean esku ez hartzeko ezarritako arrazoiren bat gertatzen denean.

Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratzean adieraziko da non, noiz eta zein egunetan hasiko den oposizio-lehiaketa.

Gero epaimahaiak, behar den garaian, hurrenez hurren eta arauzko eran iragarriko ditu gainerako probak.

7.–Lehiaketaldia.

7.1. Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala frogatuak, baloratuko ditu, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

7.2. Merezimenduen baremoa:

a) Nafarroako administrazio publikoetan, administrari laguntzailearen edo administrari-ofizialaren lanpostuan egindako urte bakoitzeko, 4 puntu. Gehienez ere, 20 puntu.

b) Administrazio publikoetako langileendako antolatutako prestakuntza eta hobekuntza ikastaroetara joateagatik lortutako titulu edo ziurtagiri bakoitzagatik:

–Ikastaro bakoitzagatik: 2,5 puntu.

Gehienez ere 10 puntu emanen dira, guztira, ikastaroengatik.

7.3. Lehiaketaldiko puntuazioa, gehienez ere, 30 puntukoa izanen da.

7.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, Lodosako Udaleko iragarki-taulan argitara emanen da izangai bakoitzak lortutako puntuazioa.

8.–Oposizioaldia.

8.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

Lehenengoa.–Baztertzailea, test moduko 20 galdera ebatzi beharko dira, deialdiko II. eranskineko gaiei buruzkoak.

Ariketa hau egiteko 60 minutu emanen dira gehienez.

Puntuazioa, gehienez ere: 35 puntu; gutxieneko puntuazioa: 17 puntu.

Bigarrena.–Lehen ariketa gainditu duten izangaientzat soilik. Garatzeko proba praktiko eta/edo memoria formatuko proba bat egin beharko da, gai zerrendako gaiei buruzkoa.

Puntuazioa, gehienez ere: 35 puntu; gutxieneko puntuazioa: 17 puntu.

8.2. Oposizioaldian 70 puntu emanen dira gehienez.

8.3. Oposizioaldiko ariketetarako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala eraman beharko dute edo, bestela, epaimahaiaren iritziz onargarria den beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak.

9.–Probak gainditu dituztenen zerrenda eta izendapen proposamena.

9.1. Ariketaren kalifikazioa bukaturik, epaimahaiak Lodosako Udalaren iragarki-taulan eta ariketa egin den tokian ikusgai jarriko du gainditu dutenen zerrenda, puntuazio osoaren arabera ordenaturik, izangai bakoitzak lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratako puntuazioak batu ondotik. Berdinketarik gertatuz gero, lehiaketaldian administrazio publikoetan emaniko zerbitzuei buruzko apartatuan puntu gehien lortu dituen izangaiaren alde joko da.

9.2. Gutxieneko puntuazioa gainditu eta puntuazio handiena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena igorriko dio epaimahaiak Lodosako Udaleko alkateari. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

9.3. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hogeita hamar eguneko epean, proposatutako izangaiak zinpeko aitorpena aurkeztu beharko du udaleko erregistro orokorrean, non hautagaiak adierazi behar baitu ez dagoela funtzio publikoetan aritzeko ezgaitua edo gabetua eta ez dela inoiz baztertua izan inongo administrazio publikotatik.

9.4. Izangaiak ez baditu agiri horiek aipatutako epean aurkezten, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ez da izendatua izanen eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna ukatu gabe.

9.5. Aurreko 9.4 apartatuan azaldutakoa gertatuz gero, probak gainditzen dituztenen zerrendan, 9.1 apartatukoan, hurrengoa den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aurreko apartatuetako prozedura bera erabiliko da.

10.–Izendapena eta jabetza hartzea.

10.1. Aurreko oinarrian aipatu hautapen prozedura bukaturik, alkateak, ebazpen baten bidez, hautapen prozedura gainditurik puntu gehien lortu dituen izangaia izendatuko du Lodosako Udaleko B mailako erdi mailako teknikari.

10.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

10.3. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Ezinbesteko kasuetan salbu, aipatu epean lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Lodosako Udaleko B mailako erdi mailako teknikari bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu, eta aurreko oinarrian aurreikusi bezala jokatuko da.

11.–Errekurtsoak.

Deialdi honen oinarrien kontra edo hura aplikatzeko egintzen kontra, egintza horiek ez badira epaimahaiak eginak, ondoko errekurtsoetako bat paratzen ahal da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Alkatetzari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Epaimahaiak ematen dituen egintza eta ebazpenen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Alkatetzari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita.

Lodosan, 2020ko otsailaren 12an.–Alkate udalburua, Pablo Azcona Molinet.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa. Nafarroako toki entitateak. Toki entitate motak. Udalen funtzionamenduaren araubidea. Udalaren egintzak eta erabakiak aurkaratzeko araubidea (279/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa).

2. 280/1990 Foru Dekretua, urriaren 18koa, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duena. Sailkapena eta kalifikazioa. Eskuratzea, erabiltzea eta aprobetxatzea, besterentzea eta kargak ezartzea.

3. 7/1985 Legea, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituena. Udalerria, lurraldea eta biztanleria, antolamendua eta eskumenak.

4. 2568/1986 Errege Dekretua, azaroaren 28koa, Toki Entitateen Antolaketaren, Funtzionamenduaren eta Araubide Juridikoaren gaineko Erregelamendua onesten duena. Udalerria. Osoko Bilkuraren funtzionamendua eta kontuen batzorde berezia. Prozedura eta araubide juridikoa.

5. 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa. Zehapen espedienteak eta ondare-erantzukizunekoak.

6. 40/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Zehatzeko ahala, ondare-erantzukizuna, funtzionamendu elektronikoa.

7. 2/2018 Foru Legea, apirilaren 13koa, Kontratu Publikoei buruzkoa. Kontratazioaren printzipioak. Kontratuen definizioa. Esleitzeko prozedurak.

8. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena. Langile motak. Egoera administratiboak eta ordainsariak.

9. 5/2018 Foru Legea, maiatzaren 17koa, Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzkoa. Xedapen orokorrak. Publizitate aktiboa eta informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen arau orokorrak.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L2002645