39. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

180E/2020 EBAZPENA, otsailaren 5ekoa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena Iruñerriko Ibai Parkearen Udalez gaindiko Plan Sektorialari buruz, haren trazadura eta eremua aldatzeari dagokionez 6. tartean (Arga Beherea, Ororbian barrena egiten duen tartean, Oltza Zendeako udal-mugartean). Sustatzailea Iruñerriko Mankomunitatea da.

Bat eginik Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6. artikuluan ezarritakoarekin (Ingurumen ebaluazio estrategikoaren aplikazio eremua), administrazio publiko batek hartu edo onesten dituen planek ingurumen ebaluazio estrategikoa eta ingurumen ondorioen adierazpena behar dituzte, plana onetsi baino lehen edo horrekin batera.

Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuak, organo eskuduna den aldetik, 2019ko apirilaren 11n aurkeztu zituen, Ingurumen Zuzendaritza Nagusian, UPSa aldatzeko proposamen berria eta haren ingurumen azterketa, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua tramitatzen hasteko, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean araututako prozedurari jarraikiz.

UPSko aldaketak ibilbide luzea izan du 2016. urteaz geroztik. Lehendabizi, Arga ibaiaren gaineko pasabide bat planteatu zen, eta gero bi, baina, bukaeran, hasierako ideiara itzuli da. Bitarte horretan, orduko Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak aldez aurreko kontsultak egin zizkien Oltza Zendeako Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari eta Nafarroako Gobernuko zenbait departamenturi. Udalez gaindiko Plan Sektorialeko aldaketa berriaren espedientearen bukaeran zehaztuko da kontsulta haien laburpena. Ingurumen ebaluazio estrategikoaren espediente honetan, aldiz, aipatu beharra dago ezen, ingurumenari dagokionez, Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atalak aldeko txostena egin zuela, 2017ko otsailaren 2ko datarekin, zenbait baldintzarekin. Besteak beste, adierazten du lanek ur bazterreko landaredia errespetatu beharko dutela, eta, ukipen zehatzen bat egin behar izanez gero, lur eremua lehen zegoen moduan utzi beharko dela lanak bukatutakoan. Gainera, obren egutegi bat dakar, baita beste baldintza batzuk ere, planaren ondoriozko proiekturako.

Nafarroako Gobernuak 2019ko irailaren 11n hartutako Erabakiaren bidez, jendaurrean jarri zen Iruñerriko Ibai Parkearen Udalez gaindiko Plan Sektorialeko aldaketarako proposamen berria. Aldaketaren xedea zen ibai pasealekuaren eremua eta trazadura aldatzea 6. tartean (Arga Beherea, Ororbian barrena egiten duen tartean). Aldi berean, entzunaldia eman zitzaien horren trazadurak ukitutako udalei. 2019ko 201. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 10ekoan. Orobat, espedientea jendaurrean jarri zen, 45 eguneko epe berean, ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozeduraren ondorioetarako, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Foru Legearen 21. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat.

Jendaurreko aldian, Oltzako Udalaren alegazio bat jaso da, berariazko aipamenik egiten ez diena ingurumen ebaluazioaren xedeko alderdiei. Udalez gaindiko Plan Sektorialeko aldaketa berriaren espedientearen bukaeran emanen zaio erantzuna.

Proposamenaren xedea da ibai pasealekua aldatzea Ororbiako herrigunetik doan tartean, Etxamurko errotako bidea aprobetxatuz. Horrela, Aizgañako igoera saihestuko da eta ez da Ororbiako herrigunea gurutzatuko erdiko aldetik. Zehazki, proposatzen da eremua, trazadura eta atsedenlekua aldatzea:

–Eremuari dagokionez, proposatzen da Ororbiako herrigunea kanpo uztea, pasealekuaren trazaduratik kendu baitira herri horretako karrikak, eta ur bazterreko landareen zerrenda izatea alde horretako muga.

–Pasealekuaren trazadurari dagokionez, aldatu egiten da, Arga ibaiaren gaineko pasabidea erantsi delako, 70 bat metro luze dena, eta Ororbiako ureztaketa presaren inguruan, ezkerreko aldera gurutzatzen delako. Argaren gaineko pasabide berriak Txulapain ibaiaren gaineko pasabidea (P-19) ordezten du, 18 metro luze zena onetsitako UPSan. Aurrerago, pasealekua eskuineko aldera itzultzen da, NA-7010 errepideko zubiko espaloiaz baliatuta (1,47 m da zabal).

–Aizgañan aurreikusitako atsedenlekua (AR-21), kendu egiten da. Esan beharra dago Ororbiak baduela atsedenleku bat, antzinako garbilekuaren ondoan.

Ingurumen Eraginaren Atalak, 2019ko urtarrilaren 22an egin txostenean, adierazi du UPSko aldaketa berriak ez duela inpaktu kaltegarri nabarmenik sortuko ingurumenean, bat etorriz Ingurumen Ebaluazioari buruzko 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideekin eta 31. artikulua aplikatu beharrez. Horrenbestez, proposatu du aldeko ingurumen txosten estrategikoa ematea, ebazpen honetan jaso diren baldintzekin.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua.

EBAZTEN DUT:

1. Aldeko ingurumen txosten estrategikoa egitea Iruñerriko Ibai Parkearen Udalez gaindiko Plan Sektorialeko aldaketa proposamenari buruz, haren trazadura eta eremua aldatzeari dagokionez 6. tartean (Arga Beherea, Ororbian barrena egiten duen tartean, Oltza Zendeako udal-mugartean). Sustatzailea Iruñerriko Mankomunitatea da.

2. UPSko aldaketa berria garatu beharko da ingurumen azterketa estrategikoan dauden ingurumena babesteko irizpideei jarraituta eta hartan ezarritako neurri zuzentzaile guztiak aplikatuta. Zehazki, aurreikusitako landaketak eginen dira, eta fauna mehatxatuarentzako egutegi kritikoa beteko da (ahal dela, lanik ez da eginen apirilaren 1etik abuztuaren 30era bitarte).

Orobat, UPSko aldaketaren ondoriozko proiektuan, obratik birziklatutako agregakinen portzentaje bat erabiliko da, Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 19.3 artikulua aplikatu beharrez.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau jakinaraztea Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuari, Oltza Zendeako Udalari, Ororbiako Kontzejuari eta Iruñerriko Mankomunitateari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 5ean.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2002007