39. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 26a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

6E/2020 EBAZPENA, otsailaren 10ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita proiektu honetarako: Serralta (Cabanillas) haize-parkean neurketarako bi dorre instalatzea. Haize-parkea Tutera eta Cabanillasko udal-mugarteetan dago, eta Eólica Cabanillas SL da sustatzailea.

2019ko irailaren 3an ingurumen ukipenetarako baimena eskatu zen goian aipatutako espedienterako. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M epigrafean sartua dago. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektua honetan datza: neurketa anemometrikorako bi dorre instalatzea, 120 metrokoak, Tuterako udalerriko 10. poligonoko 46. lurzatian eta Cabanillasko udalerriko 7. poligonoko 111. lurzatian.

Bi dorreek izanen dute sekzio triangeluarreko saretazko egitura. Piken bidez finkatuko dira oinarrian izanen duten altzairuzko plantxa batean, eta tiranteen bidez txarrantxatuak egonen dira (hiru planotan kokatuko dira tirante horiek, elkarren artean 120º-ko angeluez bereizita). Tirante horiek lur azpiko plantxa batzuetan ainguratuko dira. Plantxak, gutxi gorabehera 1 × 1 m-koak, 1,7 m-ko sakoneran egonen dira.

Espedientean Cabanillasko Udalak emandako aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumenaren zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: Tuterako eta Cabanillasko udal-mugarteetan dagoen Serralta (Cabanillas) haize-parkean neurketarako bi dorre instalatzea. Eólica Cabanillas SL da sustatzailea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • Lanak hasi aurretik, makinak pasatzeko eremuak eta materialak pilatzekoak zehaztuko dira. Ahalik eta gutxien ukituko da berezko landaredia, lan eremua ahalik eta txikiena izaten saiatuko baita.
  • Hondeaketa lanetan landare lurraren geruza bereiztuko da; lur hori gainerako hondeaketa lurretatik bereizita pilatu beharko da, eta lurrazalean paratuko da dorrearen muntaia amaitzen denean.
  • Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak lehengoratu eginen dira, batez ere topografiari eta landarediari dagozkien alderdietan. Soberako lurren eta obra-materialen hondakinak kudeatzaile baten esku jarri beharko dira, edo zabortegi baimendu batera eraman beharko dira, izaeraren arabera.
  • Dorrearen tentsore-soka guztietan hegaztiak babesteko balizak jarriko dira, tentsoreak hobeto ikus ditzaten eta horien kontra jo ez dezaten. Tentsore bakoitzean, balizak elkarrengandik 5 metrora jarriko dira gehienez ere, eta, ahal dela, ainguratze berera doazen tentsoreetan balizak ez dira lerro-lerro joanen, gurutzetara baizik.
  • Dorreek zutik dirauten bitartean, erregistro bat eginen da abifaunaren eta kiropteroen gaineko gorabeherekin, metodologia honi jarraikiz:
  • Hileroko bisitak dorrearen kokalekura, arrastoak edo gorpuak aurkitzeko, eta hegaztiak babesteko balizak berriz jartzeko edo proiektatutako seinaleztapen-sistemak berriz jartzeko.
  • Hiru hilean behingo txostenak lehenengo 6 hilabeteetan eta sei hilean behin hurrengo hilabeteetan, abifaunarekin izandako gorabeheren erregistroa jasoko dutenak, espeziearen kategorizazioa eta, hala badagokio, istripuak egiaztatuz gero hartu nahi diren neurriak barne.
  • Dorreak desmuntatzeari dagokionez, hiru urteko gehieneko epea igarota desmuntatuko da erreferentziazko dorrea, hura instalatzen denetik zenbatzen hasita; haize-sorgailuaren posizio berean dagoenaren kasuan, 6 hilabete iragandakoan.
  • Dorreak desmuntatu ondoren, eremua garbi geldituko da, eta lurrak leheneratuko dira; sortutako hondakinak bakoitzaren izaeraren arabera kudeatuko dira, dagokion araudia betez.

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek parametro eolikoak neurtzeko bi dorre eraikitzea baizik ez du babesten, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta baimen honetan ezartzen diren determinazioei jarraikiz.
  • Herri-lurren Atalaren 2020ko urtarrilaren 9ko txostenarekin bat, obra-lizentzia eman aurretik, Cabanillasko Udalak baimena lortu beharko du Eólica Cabanillas SLk hartuko dituen herri-lur guztien desafektaziorako, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsitako Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 142. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoari jarraituz, eta gogorarazten da, gainera, Cabanillasko Udalak beste bi udalerri partzuerren adostasuna lortu beharko duela, “Tuterako herritarrek ere eskubideak dituzten Cabanillas eta Fustiñanako herri-lurren gozamen eta aprobetxamendurako Erregelamenduaren (fazeria)” 31. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Zehazki, Zortasun Aeronautikoei buruzko otsailaren 24ko 584/1972 Dekretuan ezarritakoarekin bat, sustatzaileak lortu beharko du aurretik Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziak emandako aurretiazko akordioa, dorreek 100 metrotik gorako garaiera dutelako.

  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikulua eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluak). Aditzera ematen dugu ezen, hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste larritzat hartuko direla, foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen.

Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, Udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, lurzorua leheneratzeko bost urteko epean.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 8.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalari, Tuterako eta Cabanillasko udalei, Ingurumena Zaintzeko Atalari (Tuterako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 10ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2002054