37. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

27E/2020 EBAZPENA, otsailaren 4koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana, Castejongo udal-mugartean barazki kontserbak egiteko instalazio baten aldaketa nabarmena baimentzen duena. Instalazioaren titularra Riberega S. Coop. da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren urriaren 11ko 427/2007 Foru Aginduaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren uztailaren 2ko 277E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratu eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren abenduaren 23ko 409E/2016 Ebazpenaren bidez aldatu zena.

2018ko irailaren 5ean, jabari publiko hidraulikoaren kontrol eta zaintza zerbitzuak Ebro ibaira egindako isurketa bat atzeman zuen, instalazio horretatik zetorrena, ezagutzen ez zen kondukzio batetik, zehazki. Isurketak emari etengabea zuen, eta inguru hartan euririk ez zegoela gertatzen ari zen.

2018ko azaroaren 15ean, titularrak argitu zion Ebroko Konfederazio Hidrografikoari identifikatutako isurketa alderantzizko osmosi prozesuan baztertutako urena zela, iragazki sisteman izandako matxura batengatik bideratu zelako identifikatutako isurketa puntura. Titularrak adierazi zuenez, urak ebaluatzen ari ziren, industriaren beste puntu batzuetan berrerabiltzerik bazen jakiteko.

2019ko apirilaren 10ean, titularrak baimena eskatu zion Ebroko Konfederazio Hidrografikoari alderantzizko osmosi prozesuan baztertutako ur-efluente hori ur-ibilgura isurtzeko.

Ingurumen baimen integratua zuen jarduera zenez, 2019ko ekainaren 26an arroko erakundeak eskatu zion Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuari titularrari dokumentazio teknikoa eskatzeko, horrela berak nahitaezko txosten loteslea eman ahal izateko, jabari publiko hidraulikora isurketa egiteko onargarritasunari buruzkoa, abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 19. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2019ko uztailaren 3an, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak titularrari eskatu zion Ebroko Konfederazio Hidrografikoak eskatutako dokumentazio teknikoa, eta 2019ko uztailaren 26an aurkeztu zuen titularrak.

Dokumentazio hori ikusirik eta aipatutako aurrekariak kontuan hartuta, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak erabaki zuen alderantzizko osmosi prozesuan baztertutako uren isurketa berria instalazioaren aldaketa ez funtsezkoa zela, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzeko abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz. Horrenbestez, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea, eta bai, ordea, nabarmena, “instalazioaren funtzionamendu baldintzetan aldaketa nabarmenak” ekar ditzakeelako, eta horiek jaso beharko direlako ingurumen baimen integratuan.

Aurkeztutako dokumentazioa nahikotzat jo zen ingurumen baimen integratuaren aldaketa nabarmenerako administrazio prozedura tramitatzeko. Hori dela eta, 2019ko uztailaren 26an prozedura hori abiatu zen.

2019ko uztailaren 30ean, Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuak Ebroko Konfederazio Hidrografikoari eskatu zion isurketaren onargarritasunari buruzko nahitaezko txosten loteslea egiteko.

2019ko urriaren 23an, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak, hondakin urak isurtzearen onargarritasunari buruzko beste txosten lotesle bat eman zuen. Han baldintza berri batzuk ezarri ziren, ingurumen baimen integratuari erantsi beharrekoak.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz. Erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Castejongo udal-mugartean barazki kontserbak egiteko dagoen instalazioaren aldaketa nabarmena baimentzea. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak.

Bigarrena.–Hondakin urak ur jabari publikora isurtzeko baimena eguneratzea, Jabari Publiko Hidraulikoaren gaineko Erregelamenduaren 245. artikulua aplikatuz eskatzen dena, Uren Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren hamargarren xedapen gehigarriarekin bat.

Ingurumen baimen integratuaren II. eranskinean jasotzen dira zer isurketa egiten ahalko diren eta instalazioak zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak bost urteko indarraldia du, eta iraupen bereko epeetarako berritutzat joko da, baldin eta isurketek unean-unean indarra duten ingurumen kalitatearen arauak betetzen badituzte.

Indarraldi horretan zehar legeriak isurketen baimenetarako epe luzeago bat ezarriko balu, ez litzateke eragozpen teknikorik izanen, besterik gabe, hasierako epea arauak ezartzen duen gehieneko eperaino zabaltzeko.

Nolanahi ere, legeek ezarritako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak organo autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedurari ekiteko (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren 26. artikulua eta uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua).

Legediak eskatutako kasuetan, Ebroko Konfederazio Hidrografikoak erakunde autonomikoari eskatzen ahalko dio ingurumen baimen integratua aldatzeko prozedura hasteko (Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bategina onetsi zuen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren 26. artikulua eta Urei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 104. artikulua).

Bereziki, ezustean gertatzen direnean lehenago baimena ez ematea edo, emanez gero, bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketen gorabeherak. Horien barruan sartzen dira titularrak aitortu gabeko gorabeherak edo argibideak, horiek ere baimena ez ematea edo bestelako baldintzetan ematea ekarriko luketenean.

Ohiz kanpoko kasuetan, lehorteengatik edo ofizialki deklaratutako muturreko egoera hidrologikoengatik, arroko erakundeak isurketaren baldintzak alda ditzake kalitate helburuak, ingurumen arloko kalitate arauak eta ingurune hartzailearen ingurumen helburuak bermatzeko.

Uretara isurketak egiteko ezarritako baldintzak behin eta berriz ez betetzea ingurumen baimen integratua errebokatzeko arrazoia izanen da, Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 263. eta 264. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

Isurketa baimen honek ez du baliorik izanen, baldin eta ur publikoak erabiltzeko Ebroko Konfederazio Hidrografikoak emandako nahitaezko emakidarik ez bada (Uren Legearen testu bateginaren 59. artikulua) edo aprobetxamendurako eskubidea frogatzen ez bada. Horrenbestez, eskubide hori aldatzen bada, kasuan kasuko dokumentazioa aurkeztu beharko da isurketa baimenari dagozkion aldaketak egiteko, hala behar bada.

Hirugarrena.–Titularrak prozedura administratiboan aurkeztu duen dokumentazioa ikusirik, betetzat jotzen da abian jartzeko erantzukizunpeko adierazpena aurkezteko tramitea, urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuak Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legea garatzeko onetsitako Erregelamenduaren 12. artikuluan eta Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan aurreikusia.

Laugarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta horren osagarri, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau Riberega S. Coop. sozietateari, Castejongo Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko otsailaren 4an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2001720