37. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

15/2020 EBAZPENA, urtarrilaren 31koa, Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko baimen administratiboa ematen baitira Zarrakazteluko udal-mugartean goi tentsioko instalazio elektriko bat jartzeko, eta instalazio horrek onura publikoa duela zehazki deklaratzen baita.

2019ko azaroaren 21ean, Eduardo Ryan Murua jaunak, I-DE Redes Electricas Inteligentes SAU ordezkatuz, aurretiazko administrazio baimena emateko eskatu zuen, baita eraikitzeko baimen administratiboa eta, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ere instalazio elektriko honetarako:

–Eskatzailea: I-DE Redes Electricas Inteligentes SAU.

–Espedientea: SAT11046 (Erref.: 2019-051 obra 100841939 Hemag.).

–Instalazioaren kokalekua: Zarrakazteluko udal-mugartea.

–Xedea: inguru horretako horniduraren kalitatea hobetzea.

–Ezaugarri teknikoak: “4634-03 Zarrakaztelu-Figarol” 13,2 kV-eko aireko linea elektrikoa eraberritzea, 1. euskarritik “Figarol I (180406420)” transformazio zentroraino (100-AL1/17-ST1A eroale berriaren 7.055 metro).

–Aurrekontua: 215.106,40 euro.

Halaber, eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 125. eta 144. artikuluetan ezarritakoaren ondorioetarako, I-DE Redes Electricas Inteligentes SAUren eskaera jendaurrean jarri zen hogei egunean, iragarkia argitaratuta 2019ko 244. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, abenduaren 13koan, eta Diario de Navarra egunkarian, 2019ko abenduaren 10ekoan. Halaber, eskaera Zarrakazteluko Udalari ere igorri zitzaion, epe berean jendaurrean jar zezan.

Ez da alegaziorik jaso.

Espedientean Telefónica de España SAUk emandako txostena dago, eta hor adierazten den bezala, ez dago inolako eragozpenik lanak egiteko, betiere indarrean den legeria betetzen bada.

Separata bidali zitzaion Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, txostena eman zezala eskatuz (2019ko azaroaren 27ko eta 2020ko urtarrilaren 9ko ofizioak), eta ez du erantzunik eman.

Separata bidali zitzaion Zarrakazteluko Udalari, txostena eman zezala eskatuz (2019ko azaroaren 27ko eta 2020ko urtarrilaren 9ko ofizioak), eta ez du erantzunik eman.

Nafarroako Gobernuko Zainketa Zerbitzuak, 2019ko abenduaren 4an eman txostenean, adierazi du I-DE Redes Electricas Inteligentes SAUk urriaren 2an eskatu duela txostenaren xedeko obrak baimentzeko (esp.: 2019/826985). Egun, tramitatzen ari da eskatutako baimena, eta hartan ezarriko da zer baldintza bete beharko den gauzapenean”.

Separata bidali zitzaion Nafarroako Gobernuko Basoen eta Ehizaren Zerbitzuari, txostena eman zezala eskatuz (2019ko azaroaren 27ko eta 2020ko urtarrilaren 9ko ofizioak), eta ez du erantzunik eman.

Ikusirik espedientean dagoen dokumentazioa, eta kontuan hartuta Sektore Elektrikoari buruzko abenduaren 26ko 24/2013 Legean eta Energia elektrikoa garraiatu, banatu, merkaturatu eta horniketa egiteko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatua, Redes Electricas Inteligentes SAUk eskatutakoa onartzea proposatzen da.

Adierazitakoarekin bat, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak azaroaren 18an emandako 52/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetu dizkidan eskumenak erabiliz (2019ko 234. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, azaroaren 27koa), eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. eta 11. artikuluetan ezarritakoa betez,

EBAZTEN DUT:

1. Redes Electricas Inteligentes SAUri administrazio baimena ematea aipatutako instalaziorako.

2. Instalazioari, zehazki, onura publikoaren deklarazioa ematea, abenduaren 26ko 24/2013 Legearen 54. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 149. artikuluan ezarritako ondorioetarako. Enpresa eskatzailea onuradun gisa agertuko da desjabetze espedientean.

3. Onestea instalazioa egiteko aurkeztutako proiektua, Pedro Cotero Alonso industria ingeniariak sinatua. Hogeita lau hilabete eman zaizkio obrak burutzeko.

4. Redes Electricas Inteligentes SAU enpresari onuradun izaera aitortzea desjabetze espedientean.

5. Instalazioak gauzatu beharko dira aurkeztutako proiektuari jarraikiz, eta bat etorri beharko dute Goi tentsioko instalazio elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen maiatzaren 9ko 337/2014 Errege Dekretuan xedatutakoarekin eta Goi tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun bermeei buruzko erregelamendua onesten duen otsailaren 15eko 223/2008 Errege Dekretuan xedatutakoarekin.

6. Behin proiektua gauzaturik, eskatzaileak zerbitzuan jartzearen akta eskatu beharko du. Eskaera horri erantsiko zaizkio aipatutako araudian ezarritako agiriak eta obra bukaeraren ziurtagiria, teknikari eskudun batek sinatua.

7. Aurretiazko administrazio baimena eta eraikitzeko administrazio baimena emanda ere, instalazioa gauzatzeko beharrezkoak diren emakida, lizentzia eta baimen guztiak, publikoak nahiz pribatuak, lortu beharko ditu instalazioaren eskatzaileak, aplikatzekoak diren beste xedapen batzuekin bat.

8. Ebazpen hau igortzea Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzura, Basoen eta Ehizaren Zerbitzura eta Zainketa Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

9. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

10. Ebazpen hau jakinaraztea Redes Electricas Inteligentes SAUri, Telefónica España SAUri eta ukitutako ondasun eta eskubideen titularrei, eta ohartaraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea amaitzen eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean. Hartan espediente zenbakia adierazi beharko da.

11. Ebazpen hau jakinaraztea Zarrakazteluko Udalari eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoari, eta ohartaraztea honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 31n.–Industria Antolamenduaren, Azpiegitura Energetikoen eta Meatzeen Zerbitzuko zuzendaria, Laura Larraya Irigoyen.

Iragarkiaren kodea: F2001572