35. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERA

Deialdia, lan-harremanetako gradudun lanpostuan aldi baterako aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko

Alkatetzaren otsailaren 7ko 216/2020 Ebazpenaren bitartez, deialdia eta oinarriak onetsi ziren lan-harremanetako gradudun lanpostuan (B maila/taldearekin parekatua) aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko, bata aldi baterako kontrataziorako eta bestea prestakuntzarako zerbitzu berezietan jarduteko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren, zerrenda eratu eta ondoko bi urteetan.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta honako oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

I.–Deialdiko lanpostuaren izaera eta ezaugarriak:

1.–Izaera: aldi baterako kontratatzeko langileak/prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko langileak.

2.–Izena: lan-harremanetako graduduna (B maila/taldearekin parekatua).

3.–Kokapena egitura organikoan: Langileen Unitate Administratiboa.

4.–Bete beharreko eginkizunak: bete beharreko eginkizunak izanen dira, orokorrean, langileriaren administrazioaz arduratzekoak (nominak, kontratazioa, gizarte-aseguruak, pentsioak, ezintasuna eta abar), baita bere arloan eman beharreko aholkularitza ere (langileen eskaerak aztertu eta ebaztea, lan baldintzen akordioa/lan hitzarmena aztertu eta aplikatzea, errekurtsoak aztertu eta ebaztea, lan arloko bidea hartu aurreko erreklamazioak aztertu eta ebaztea, espedienteak prestatu, egin eta izapidetzea eta abar), horietarako erabiliz Udalaren Funtzioen Eskuliburuan jasotako Lanpostuen Deskribapena, ezertan galarazi gabe agintzen zaizkion gainerako eginkizunak, Langileen Unitate Administratiboaren helburuak lortzekoak badira eta titulazioarekin, gaitasunarekin eta sailkatze mailarekin bat badatoz.

II.–Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuan lan-harremanetako gradudun lanpostuan aldi baterako kontratuarekin aritzeko izangaien zerrenda osatzeko.

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da lan-harremanetako gradudun lanpostuan aritzeko izangaien bi zerrenda oposizio bidez osatzea, bata aldi baterako kontrataziorako eta bestea prestakuntzarako zerbitzu berezietan jarduteko, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Espainiako edo Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea. Espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek ere hartu ahalko dute parte, zuzenbidez bereiziak ez badaude, baita haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bereiziak ez badaude, eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

B) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina ez gainditzea.

C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Lan Harremanetako gradudun edo diplomadun titulua izatea edo Gizarte Graduatuko diplomadun titulua izatea edo Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako gradudun titulua izatea edo horien baliokide deklaratutako beste titulu bat izatea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

D) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea.

E) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertu gabea izatea.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute, beren estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

2.3. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen diren izangaiek, kontratuak sinatu aurretik horretarako ezartzen zaien unean. Kopia konpultsatuak aurkeztuko dira horretarako. Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela-eta legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

2.4. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua gauzatuko da Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat, IV. apartatuan zehazten baitira.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta, orobat, aplikatzekoa den gainerako araudia ere.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak horri buruz araututakoari jarraituz, haren bitartez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina, bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari jarraituz ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

III.–Deialdia, Tuterako Udalaren zerbitzuan lan-harremanetako gradudun lanpostuan prestakuntzan aritzeko izangaien zerrenda osatzeko.

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da lan-harremanetako gradudun lanpostuan prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien zerrenda bat oposizio bidez osatzea, Tuterako Udalean sortzen diren beharrei erantzutearren.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

A) Udal honen eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langile finkoa izatea, C, D edo E mailakoa.

B) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

C) Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean, Lan Harremanetako gradudun edo diplomadun titulua izatea edo Gizarte Graduatuko diplomadun titulua izatea edo Lan Harremanetako eta Giza Baliabideetako gradudun titulua izatea edo horien baliokide deklaratutako beste titulu bat izatea, edo titulua eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean faltsukeria egiteagatik izan dezaketen erantzukizuna galarazi gabe, behar bezala arrazoitutako ezinbesteko kasuetan salbu.

2.2. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, baita hautapen prozedurak eta aldi baterako lanpostuak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautapen prozesua gauzatuko da Alkatetzaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatuarekin bat, IV. apartatuan zehazten baitira.

4.–Prestakuntzarako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera, oinarri hauetan ezarritakoarekin bat. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa).

Hautatutako izangaiak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dituzte, Osoko Bilkurak hartutako erabaki horretan ezarritakoari jarraituz, bai eta Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoari jarraituz ere.

IV.–Bi deialdietarako arauak.

1.–Eskabideak.

1.1. Deialdiko hautapen prozesuan parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Erregistro Orokorrean (Plaza Vieja 1 edo Frontón kalea 1) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik 15 egun balioduneko epean. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun balioduna arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek, ziurtatu aurretik, data eta zigilua jar ditzaten.

1.2. Esteka honetan agertzen den ereduaren arabera bete beharko dira deialdian parte hartzeko eskabideak:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/005C_Local_concurso_oposic_E.pdf

Eskabideak Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan (Plaza Vieja 1) edo Frontón kaleko 1eko bulegoetan erregistratu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, 15 egun balioduneko epean erregistratu ere deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabidean, izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea akitzen den egunean.

1.3. Behar bezala betetako parte hartzeko eskabidearekin batera, izangaiek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

–Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo izangaiaren nazionalitatea nahiz nortasuna egiaztatzen dituen beste agiri baliokideren bat.

–Eskatutako titulazioaren fotokopia.

1.4. Desgaitasun aitortua (% 33koa edo handiagoa) duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana, ere aurkeztu beharko dute.

Izangaiei oroitarazten zaie ezen, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutua onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren zazpigarren xedapen gehigarriak ezartzen duenaren arabera, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, zerrenda horretan dauden eta % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat erreserbatuko dela, baldin eta hautaprobak gainditzen badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.

1.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.6. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak ofizioz edo interesdunak eskaturik zuzentzen ahalko dira, noiznahi ere.

2.–Izangaien onarpena.

2.1. Onartu eta baztertuen zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udaleko alkate udalburuak onartu eta baztertuen zerrenda onesten duen ebazpena emanen du, eta Udalaren iragarki-taulan (Plaza Vieja, 1) eta Udalaren www.tudela.es web-orrian argitara dadila aginduko du. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen zaizkio akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da aipatutako tokietan eta baita Nafarroako Aldizkari Ofizialean ere.

Izangai bazterturik ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

2.2. Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdietan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek deialdi hauetan parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

3.–Kalifikazio epaimahaia.

3.1. Epaimahaiak honako kide hauek izanen ditu:

Epaimahaiburua: Erika Navarro Ruiz, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Ordezko epaimahaiburua: Carlos Aguado Huguet, Tuterako Udaleko zinegotzia.

Epaimahaikidea: Elena Zubieta Mozaz, Tuterako Udaleko lan-harremanetako graduduna.

Ordezko epaimahaikidea: Victor García Sánchez, Tuterako Udaleko kontu-hartzailea.

Epaimahaikidea: Ana Cristina Martínez Cisneros, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

Ordezko epaimahaikidea: Francisco Javier Ciria Pérez, Tuterako Udaleko erdi mailako teknikaria.

Epaimahaikidea: Rosa Domínguez Berges, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Ordezko epaimahaikidea: M.ª Cruz Pérez Omeñaca, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen ordezkaria.

Mahaikide-idazkaria: Miriam Mendoza Jiménez, Tuterako Udaleko Giza Baliabideetako goi mailako teknikaria.

Ordezko epaimahaikide-idazkaria: José Antonio Huguet Madurga, Tuterako Udaleko aholkulari juridikoa.

3.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo deitzaileari horren berri eman, baldin badaude urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean (lege horren bidez jorratu zen Sektore Publikoaren Araubide Juridikoa). Izangaiek, halaber, zilegi dute mahaikideak errekusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (urriaren 1eko 40/2015 Legearen 24. artikulua).

3.3. Kalifikazio epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, probak egiteko eguna, ordua eta tokia finkatuko ditu eta argitara emanen, behar den denboraz. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

3.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

3.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake probaren batean nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen sistema: oposizioa.

4.1. Hautapen prozesua oposizio bidez gauzatuko da.

4.2. Oposizioaldia:

4.2.1. Oposizioaldian ariketa hauek izanen dira:

–Lehen ariketa: teoriko-praktikoa. Deialdiko II. eranskineko gai zerrendako gaiei buruzko 30 galderari idatziz erantzutea. Galdera bakoitzarentzat erantzun batzuk emanen dira aukeran, baina bat bakarra izanen da zuzena. Okerrengatik puntuak kenduko dira. Lehen ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 60 minutu izanen dituzte.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Epaimahaiak deialdiaren II. eranskineko gai zerrendako gaiei buruz proposatutako kasu bat edo batzuk ebaztea. Bigarren ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 120 minutu izanen dituzte.

–Hirugarren ariketa: Proba psikoteknikoak.

4.3. Oposizioko ariketen balorazioan 120 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuak:

–Lehen ariketa: 30 puntu gehienez ere.

–Bigarren ariketa: 70 puntu gehienez ere.

–Hirugarren ariketa: 20 puntu gehienez ere.

4.4. Hautapen prozesuaren ariketa guztiak baztertzaileak dira. Baztertuta geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

4.5. Lehen eta bigarren ariketak plika sistemaren bidez eginen dira.

4.6. Epaimahaiak erabakitzen ahal du lehen eta bigarren ariketak saio bakarrean egitea. Hala gertatuko balitz, epaimahaiak horretarako antolakuntzarik hoberena xedatuko luke.

4.7. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa amaituta, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Udaleko iragarki-taulan, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, oposizioko hurrengo proba egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda www.tudela.es web-orrian ere kontsultatzen ahalko da, lan eskaintzen atalean, deialdiaren aiputik abiatuta. Lehen eta bigarren ariketak saio bakar batean eginez gero, aurreko atalean ezarritakoari jarraikiz, lehen ariketa guztiak zuzenduko dira eta, ondoren, lehen ariketa gainditu dutenen bigarren ariketa, besterik ez. Puntuazioak denak batera argitaratuko dira.

4.8. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo, epaimahaiaren iritziz, izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirien bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.9. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzako, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

4.10. Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da ariketa guztietako puntuazioak baturik.

5.–Hautaprobak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak jendaurrean jarriko ditu, udaletxeko iragarki-taulan eta Udalaren webgunean, bereizirik:

–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

–Prestakuntzarako izangaien zerrenda, lortutako puntuazio ordenaren araberakoa.

5.2. Zerrenda bakoitzean, probak gainditu dituzten izangaien artean puntu berdinketarik izanez gero, Udalak 2004ko azaroaren 29ko osoko bilkuraren erabakian araututako irizpidearen arabera ebatziko dira (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), hau da, probaren osotasunean ponderazio gehien duen puntuazioa gailenduko da eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoaren bitartez ebatziko da afera.

5.3. Ondotik, kalifikazio epaimahaiak Alkatetzari igorriko dizkio hautapen prozesuko probak gainditu dituzten izangaien bi zerrendak –aldi baterako kontratazioak egitekoa eta prestakuntzakoa–, lanean hasteko deia egin dezan, Tuterako Udalean sortzen diren beharren arabera.

6.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza gauzatu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2020ko urtarrilaren 31n.–Alkate udalburua, Alejandro Toquero Gil.

II. ERANSKINA

Gai zerrenda

1. 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua, abuztuaren 30ekoa, Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina onesten duena: I. titulua (Xedapen orokorrak), II. titulua (Funtzionario publikoak), III. titulua (Behin-behineko langileak) eta IV. titulua (Langile kontratudunak).

2. 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 23koa, Langileen Estatutuari buruzko Legearen testu bategina onesten duena: I. titulua (Lanari buruzko banakako harremana).

3. 8/2015 Legegintzako Errege Dekretua, urriaren 30ekoa, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren testu bategina onesten duena: II. titulua (Gizarte Segurantzako araubide orokorra), I. kapitulutik XVII.era, biak barne.

4. 10/2003 Foru Legea, martxoaren 5ekoa, Nafarroako administrazio publikoen montepioetako funtzionarioen eskubide pasiboen araubide iragankorrari buruzkoa.

5. Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoko Kontratuen Gida: Aldi baterako kontratua, definizioa eta klausula berariazkoak. Zerbitzu edo obra jakin baterako kontratuaren klausula berariazkoak. Ekoizpenaren inguruabarrengatik egiten den aldi baterako kontratuaren klausula berariazkoak. Bitarteko kontratuaren klausula berariazkoak. Errelebo-kontratuaren klausula berariazkoak. Interes sozialeko lanetarako kontratuaren klausula berariazkoak.

6. Nominak kalkulatzea eta prestatzea. Soldataren ordainagiriaren egitura. Soldata-ordainsariak eta soldataz kanpokoak. Kenkariak.

7. Gizarte aseguruak. Kalkulua, ordaintzeko bideak, epeak, errekarguak. Kotizazioen likidazioaren ordainagiria eta langileen izenen zerrenda.

8. SILTRA Zuzeneko Likidaziorako Sistema: Kotizazio aldien zatiketa, kuotak likidatzeko –tarteen kalkulua– (Afiliazioaren, Kotizazioaren eta RED Sistema Kudeatzeko Zuzendariordetza Nagusia).

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L2002026