32. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ZANGOZA

Deialdi publikoa, Zangozako “Juan Francés Iribarren” Udal Musika Eskolan eskolazain izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko, lan-kontratu finkoarekin

Zangozako Udalak, 2020ko urtarrilaren 13ko Gobernu Batzarrak erabakita, oinarriak onetsi ditu, “Juan Francés Iribarren” Udal Musika Eskolako eskolazain izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko lan-kontratu finkodun langilea hautatzearren.

Horren ondorioz, deialdi hau ematen da argitara:

1.–Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da oposizio-lehiaketa bidez betetzea eskolazain izateko lanpostu bat, Juan Francés de Iribarren Udal Musika Eskolako Patronatuaren zerbitzura jardun dezan musika eskolan.

1.2. Besteak beste, lanpostu horretan aritzekoa denak betebehar hauek izanen ditu:

–Oro har:

  • Eskolazaintzari dagozkion egitekoak betetzea, eskola irekita dagoen orduetan.
  • Eskolako altzari, makina, instalazio eta lokalak zaintzea.
  • Eraikineko, bulegoetako eta geletako giltzak zaintzea.
  • Eskolako atea, idazkaritza eta lehen solairukoa ireki eta ixtea.
  • Pasabideetako berogailuak eta bideo kanoia piztu eta itzaltzea.
  • Pasabideetako, klaustroko eta abarretako argiak itzaltzea.
  • Ate nagusian atezaintzako zerbitzuaz arduratzea, eskolazaintzako lokalean egonik sarrera-irteerak kontrolatu eta eskolara doazenei arreta emateko; berandu etortzen diren ikasleak eta hainbat arrazoirengatik eskolara joaten den kanpoko jendea hartzea, haien eskaerak jasotzea, eskaera horiei erantzuteko ardura dutenei abisatzea eta informazioa ematea ordutegi orokorraz eta eskolaren funtzionamenduari buruzko gainerako kontu guztiez.
  • Bere esku utzitako dokumentu, gauza eta gutunak jaso, zaindu eta banatzea.
  • Eskolako telefonoa hartzea; abisuak jaso eta haien berri ematea. Iristen diren erosgaiak eta mezuak kontrolatzea, jasotzea eta banatzea.
  • Eskola barruan, behar diren materialak, altzariak eta tresnak garraiatzea; gelak prestatzea bilera edo bestelako jardueretarako.
  • Zerbitzuari loturiko enkarguak egitea, bai eraikinaren barrenean bai kanpoan.
  • Erreprodukzioko makinak, fotokopiagailuak, koadernagailuak eta antzeko beste batzuk erabiltzea, eskolako zuzendaritzak horretarako baimena emandakoan.
  • Fotokopiak egitea, errepografiako enkarguak eta azaleztapen txikiak, bai zuzendaritza-taldeak bai irakasleek eskatuta.
  • Administrazioko eremuaren mantentze-lanak egitea sistematikoki, ordenari eta eraginkortasunari dagokienez (alarmak, ordutegiaren programatzailea, botika-kutxa, fotokopiagailuak, orriak, kartulinak, gillotina, plastifikagailua, paperontziak, erremintak eta abar).
  • Eskolako instalazioak sistematikoki berraztertzea eta kalte edo anomalien berri ematea zuzendaritza-taldeari (entxufeak, etengailuak, lanparak eta ekipamendu elektrikoa oro har, komunak eta abar). Oinarrizko elementuak konpondu edo ordezkatzea.
  • Alarma sistema kontrolatzea.
  • Eskolan informatika, elektrizitate, igeltserotza eta beste lan batzuetan aritzen diren gremioetako langileei kasu egin eta laguntzea.
  • Zaintzea higiene zerbitzuek egokiro funtzionatzen dutela eta zuzen erabiltzen direla; behar denean garbiketa puntualak egitea.
  • Eskolako altzariak eta lokalak garbitzea, edozein arrazoirengatik zikintzen direnean eta berehala garbitzea premiazkoa denean.
  • Botika-kutxaz arduratzea eta istripua izandako haurrei laguntzea, osasun zerbitzuei, tutoreei, familiei eta abarri istripuaren berri emanez, beharra badago.
  • Eskolako zuzendaritza-taldeak edo, kasua bada, udal zerbitzuek eskola oro har zaintzeko eta mantentzeko egiten dizkioten oharrei kasu egitea, bai eta eginkizunen banaketari dagokionez agindutakoa ere, kontuan izanik haien egokitasuna, ordutegia eta baldintzak eta, orobat, eskolako zuzendaritzak ezartzen dituen eguneroko errutinak gauzatzea, aurreko betebehar guztiak hobeki burutzeko.

–Bereziki:

Kontzertu eta entzunaldiei dagokienez:

  • Kontzertuen kartelak egitea A3 tamainan, ikusleentzako programa, behar diren kopiak inprimatu eta tolestea, ikasleendako programa egin eta inprimatzea zuzendaritza taldeak adierazitako aldagela eta blokeak zehaztuta.
  • Edukiera kontrolatu beharra duten kontzertu garrantzitsuetarako sarrerak egitea, imprimatu eta moztea, ikasle bakoitzari esleitutako sarrerak banatzea eta jadanik nori eman zaizkion kontrolatzea.
  • Auditoriuma jendeari irekitzea, programak banatzea, bideo kamera jartzea eta kontzertua grabatzea. Auditoriumeko argiak eta berogailua piztu eta itzaltzea, asistentziari buruzko fitxa betetzea eta abar.
  • Luntxa erosi eta prestatzea taldeen bisitak daudenean edo egun seinalatuetan; luntxak iraun bitartean eskolan egotea eta horretarako erabili den gela bildu eta garbitzea.
  • Ikasturte bukaerako egun bakoitzeko entzunaldien orriak prestatu eta inprimatzea.

Zuzendaritza eta idazkaritzari dagokionez:

  • Zuzendaritza taldeak eskatutako mezuak bidaltzea.
  • Telefono errondak, presako kontsultak daudenean.
  • Zuzendaritza taldeak eskatutako zerrendak egitea honako hauetarako: bidaiak, trukeak, cd-ak, asistentzia kontrola, ebaluazio aktak, eta abar.
  • Ikasturte bukaerako aktak egin eta betetzea.
  • Tutoretzetan eman ezin izan diren txostenak postaz igortzea.
  • Irteeretarako baimenak jasotzea.
  • Deien, eskaeren eta edozein inguruabarren gaineko oharrak hartu eta jakinaraztea.
  • Ordezko irakasleei harrera egin eta haiek bideratzea, zuzendaritza taldearen jarraibideak betez.
  • Proben ordutegiak jakinaraztea izangaiei.
  • Probetarako karpetak prestatzea, curriculumen fotokopiak, aktak eta abar.
  • Probetan parte hartzera etorriko diren ikasleei deitzea.
  • Tutoretzen abisuak prestatu eta irakasleei banatzea.
  • Erronden aurkezpenetan gertatzen diren aldaketen berri ematea ikasleei.
  • Banatzaileei harrera egitea eta beste.
  • Zuzendaritza taldeak, irakasleek eta ikasleek eskatzen dituzten fotokopiak egitea.
  • Eskolako posta elektronikoa kudeatzea, bai eta familiei egin beharreko abisuak ere, kontzertu, irteera, ordutegi aldaketa eta abarrei buruz.
  • Mugikorreko aplikazioen bidezko abisuen sistema kudeatzea, hura ezartzen bada.

1.3. Deialdi honen ondorioz izendatzen den izangaia Musika Eskolako nomina eta plantillako lan-kontratudun finko bilakatuko da. Gizarte Segurantzako araubide orokorrean afiliatuko da eta hartan alta emanen zaio, araubide horren babespean.

1.4. Lanaldia urtean %55ekoa izanen da, kontuan hartuz Nafarroako administrazio publikoen araubide orokorrerako ezarritakoa, gaur egun urtean 1.592 ordukoa baita.

Lanaldia arratsaldez beteko da eta haren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta urte bakoitzerako onesten den egutegian jasoko da, nahiz organo administratibo eskudunek aldatu ahalko duten, zerbitzuaren funtzionamenduan sortutako beharrei erantzuteko. Oporraldia beti izanen da eskola-egutegitik kanpo.

1.5. Deialdiko lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuan ezarrita dauden oinarrizko lansarietatik D mailari dagozkionak izanen ditu, eta, halakorik bada, plantilla organikoan ikastetxe publikoko eskolazain lanposturako finkatzen diren osagarriak ere bai.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek ondotik ematen diren baldintzak bete beharko dituzte, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean eta agiriak aurkezteko epea (deialdiaren 7.2 atalean adierazia) bukatzen den unetik eta lanpostuaren jabetza hartu arte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen eta haien familiakoen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 7. artikuluan ezarri den bezala.

b) Adin nagusikoa izatea eta erretiroko gehieneko adina ez izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean Eskola Graduatuaren titulua, Lehen Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea izatea, edo eskuratzeko baldintzetan egotea. Tituluak atzerrian lortu badira, baliozkotuak edo homologatuak daudela frogatzen duten egiaztagiriak eduki beharko dira. Baldintza hori ez zaie aplikatuko beren lanbide kualifikazioaren aitorpena, lanbide arautuen esparruan, Europako Erkidegoko zuzenbideko xedapenen babesean eskuratu duten izangaiei.

d) Bete behar diren eginkizunetan aritzeko adinako gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.

Nazionalitate espainiarra ez duten izangaiek frogatu beharko dute beren Estatuko administrazio publikoan sartzea eragozten dien diziplina zehapenik edo zigor penalik ez dutela.

f) Haurrak eta Nerabeak Babesteko Sistema aldatzen duen uztailaren 28ko 26/2015 Legearen arabera, adingabeekin ohiko harremana duten lanpostuetan aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasunaren eta sexu ukigabetasunaren aurkako delitu batengatik, ezta gizakien salerosketarengatik ere.

Baldintza hori betetzen dela frogatuko da Sexu Delituen Egileen Erregistro Nagusiaren ziurtagiri negatibo baten bidez (abenduaren 11ko 1110/2015 Errege Dekretuaren bidez arautua).

3.–Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko, eskabidea aurkeztu beharko da Zangozako Udaleko erregistro orokorrean (Kale Nagusia, 35 behea, Zangoza), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusiriko edozein baliabideren bidez, hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epearen azken eguna jaieguna bada, Udalaren bulegoak jendearentzat irekita dauden hurrengo eguna arte luzatuko da. Eskabideak deialdi honetako eranskinean argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunerako.

3.2. Desgaitasunen bat aitortua duten lehiatzaileek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako ezgaitasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera, legeen arabera desgaitasuna dutela frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana.

3.3. Eskabideari, behar bezala bete ondotik, agiri hauek erantsiko zaizkio:

a) NANaren fotokopia.

b) Deialdian eskatutako titulazioaren fotokopia.

c) Izangaiek alegatzen dituzten merezimenduak frogatzeko agiriak.

3.4. Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

4.–Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Zangozako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du, onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Behin-behineko zerrenda Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, haiek zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea amaitutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, Zangozako Udaleko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Ebazpen horretan, oposizioa noiz, non eta zer ordutan hasiko den adieraziko da.

4.4. Izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda behin betiko bihurtu ahalko da berehala, izangai bat ere ez bada baztertzen.

5.–Kalifikazio epaimahaia.

5.1. Kalifikazio epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:

–Epaimahaiko burua: Roberto Matxin Iturria, Juan Francés de Iribarren Udal Musika Eskolako Patronatuko Batzarreko burua.

–Ordezkoa: Zangozako Udalak duen ordezkaria Zangozako Juan Francés de Iribarren Udal Musika Eskolako Patronatuko Batzarrean.

–Epaimahaikidea: Lucía Echegoyen Ojer, Zangozako Udalaren ordezkaria Zangozako Juan Francés de Iribarren Udal Musika Eskolako Patronatuko Batzarrean.

–Ordezkoa: Juan Francés de Iribarren Udal Musika Eskolako Patronatuko Batzarreko kidea.

–Epaimahaikidea: Marta Tiebas Lacasa, Zangozako Udalaren ordezkaria Zangozako Juan Francés de Iribarren Udal Musika Eskolako Patronatuaren Batzarrean.

–Ordezkoa: Zangozako Juan Francés de Iribarren Udal Musika Eskolako Patronatuko Batzarreko kidea.

–Epaimahaikidea: Juan José Arraiza De la Torre, Zangozako Juan Francés de Iribarren Udal Musika Eskolako zuzendaria.

–Ordezkoa: Zangozako Juan Francés Iribarren Udal Musika Eskolako irakaslea.

–Epaimahaikidea: Zangozako Juan Francés de Iribarren Udal Musika Eskolako Patronatuko langileen ordezkari bat.

–Ordezkoa: Zangozako Juan Francés de Iribarren Udal Musika Eskolako Patronatuko langileen ordezkari bat.

–Idazkaria: José Gabriel Ayesa Aristu, Zangozako Udaleko idazkaria.

–Ordezkoa: Raquel García Areso, Ledeako Udaleko idazkaria.

5.2. Hautaprobak hasi baino lehen eratuko da epaimahaia.

5.3. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa biltzen ez bada. Kide anitzeko organoaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

5.4. Epaimahaiko kideek ez dute parte hartuko, eta organo deitzaileari horren berri emanen diote, baldin eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean abstenitzeko aipatzen diren egoeretakoren batean badaude. Izangaiek, halaber, zilegi dute epaimahaikideak errekusatzea, egoera horietako bat gertatzen denean.

5.5. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazio eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak.

5.6. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake proba batzuetan nahiz guztietan. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6.–Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.

Izangai onartuen eta baztertuen behin betiko zerrendan iragarriko da oposizio-lehiaketa zein egun, ordu eta tokitan hasiko den; probak 2020ko apirila-maiatzetik aurrera hastea dago aurreikusita.

Horren ondotik, epaimahaiak behar denean eta erregelamenduari jarraikiz emanen ditu aditzera gainerako proben iragarkiak.

6.1. Lehiaketaldia:

Lehiaketaldian 10 puntu lortu ahalko dira gehienez, eta ez da baztertzailea izanen.

3.3 atalean ezarritakoari jarraituz, alegatutako merezimenduak honela puntuatu eta frogatuko dira:

–Esperientzia: gehienez ere 4 puntu atal honetan.

  • Eskolazain lanean emandako zerbitzuengatik: puntu 1 lan egindako bi urte bakoitzeko (gehienez ere 4 puntu).
  • Eskolazaintzako zerbitzutzat hartuko dira bai lan araubide administratiboan bai funtzionarioen lan araubidean egindakoak.

–Hizkuntzak jakitea: gehienez ere 6 puntu atal honetan.

  • Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren B1 mailako edo goragoko euskarako, ingeleseko, frantseseko edo alemaneko titulua izateagatik: 3 puntu, hizkuntzetako bakoitzagatik; gehienez ere, 6 puntu.

Ezagutza horiek frogatzeko titulu ofizialak aurkeztu beharko dira.

Lehiaketaldia bururatutakoan, Zangozako Udaleko iragarki-taulan argitara emanen da izangai bakoitzak lortutako puntuazioa. Oposizio-lehiaketako puntuazio osoa, lehiaketaldian lortutako puntuazioaren eta oposizioaldian lortutakoaren batura izanen da.

6.2. Oposizioaldia.

Hauek izanen dira oposizioko probak eta ariketak:

6.2.1. Lehen ariketa. Teorikoa.

Test moduko galdera sorta bati erantzun beharko zaio idatziz: erantzuteko zenbait aukera emanen dira, baina horietariko bakarra izanen da zuzena. II. eranskinean aipatzen diren gaiei buruzko galderak izanen dira. Galdera guztiek balio bera izanen dute. Erantzun oker bakoitza galderaren balioaren laurden bat kenduta zigortuko da.

Ariketan 50 puntu lor daitezke gehienez. Bazterturik geratuko dira gutxienez 25 puntu ateratzen ez dituztenak.

Proba honetan izangaiek ezin dute ez hiztegirik ez kalkulagailurik erabili.

Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, ariketa horren gehieneko iraupena finkatuko du.

6.2.2. Bigarren ariketa. Praktikoa.

Word eta Excel programa informatikoetako oinarrizko mailako proba bana eginen dira.

Ariketan gehienez ere 10 puntu lortu ahalko dira, 5 puntu gehienez Word programari buruzko ariketan eta beste bost, gehienez, Excel programari buruzkoan. Bazterturik geratuko dira ariketa bakoitzean gutxienez 2,5 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Epaimahaiak, proba hasi baino lehen, ariketa horren gehieneko iraupena finkatuko du.

6.2.3. Hirugarren ariketa.–Proba psikoteknikoa.

Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak prestatutako hainbat proba psikotekniko eginen dira, izangaiak lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara zein neurritan egokitzen diren zehazteko. Oposizioko epaimahaiak onartu egin beharko du zerbitzu horrek izangai bakoitzari ematen dion puntuazioa.

Ariketan 30 puntu lor daitezke gehienez. Ez da gutxieneko puntuaziorik lortu beharko, ez baita baztergarria izanen.

6.3. Oposizioko ariketak egiteko, egokitzapenak jarriko dira denbora eta baliabide aldetik minusbaliotasun bat dutenentzat, eskabidean eskatutakoaren arabera.

6.4. Ariketen balorazioa.

Oposizioko ariketen balorazioan 90 puntu eman daitezke gehienez ere, honela banatuta:

–Lehen ariketa: 50 puntu gehienez ere.

–Bigarren ariketa: 10 puntu gehienez ere.

–Hirugarren ariketa: 30 puntu gehienez ere.

6.4.1. Proba bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo gidabaimena eraman beharko dute. Azterketan azaltzen ez direnak edo haien nortasuna egiaztatzen ez dutenak oposiziotik baztertuko dira.

6.4.2. Ariketak kalifikatu ondoren, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Zangozako Udalaren iragarki-taulan eta ariketa egin den tokian, gainditzen duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin eta, halaber, hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago.

7.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda, izendapen proposamena eta agirien aurkezpena.

7.1. Azken ariketaren kalifikazioa bukatuta, epaimahaiak Zangozako Udalaren iragarki-taulan eta proba egin den tokian argitaratuko du hura gainditzen dutenen zerrenda, lortutako kalifikazioak barne, eta Zangozako Udaleko Alkatetzari igorriko dizkio oposizioa gainditzen dutenen zerrenda eta puntuazio handieneko izangaia izendatzeko proposamena, espediente osoarekin batera. Proposamen hori Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

Oposizioaren azken emaitzan diren berdinketetan, bigarren proban, praktikoa baita, puntu gehien lortzen dituztenen alde joko da.

7.2. Izendapen proposamena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko 30 egun naturalen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiriok aurkeztu beharko ditu:

a) Nortasun agiri nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Deialdiaren 2. oinarrian eskatzen den tituluaren fotokopia konpultsatua, edo hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekinarena.

c) Udalak izendatzen dituen osasun zerbitzuek egindako txostena, karguaren eginkizunetan aritzea eragozten dion eritasun nahiz akats fisiko edo psikikorik ez duela frogatzeko.

Izangaiak desgaitasunen bat alegatu badu, gainera, aurkeztu beharko du desgaitasuna deialdiko lanpostuarekin bateragarria dela dioen frogagiria, balorazio eta orientazio talde eskudunek emana.

d) Eginkizun publikoetarako desgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

Izangaiak nazionalitate espainiarra ez badu, agiri bat aurkeztu beharko du, bere estatuko administrazio publikoan sartzea eragozten dion diziplina zehapenik edo zigor penalik ez duela adierazteko.

e) Zin egin edo hitz ematea, Nafarroako Foru Eraentza errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion eginkizunak zuzen beteko dituela.

7.3. Epe horretan, eta behar adina justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, izangaiak ez baditu dokumentu horiek aurkezten, ezin izanen da izendatu, eta haren ekintza guztiak baliogabetuko dira, eskabidean gezurra esateagatik egotz dakiokeen erantzunbeharra aparte utzirik.

7.4. Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7.1 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiak beteko du hutsunea, eta harekin ere aitzineko ataletako prozedura bera erabiliko da.

8.–Izendapena, esleipena eta jabetza hartzea.

8.1. Aitzineko oinarrietan xedatutakoa bete ondotik, Zangozako Udalak Patronatuari atxikitako Musika Eskolako eskolazain lanpostuan aritzeko proposatzen zaion izangaia izendatuko du eta lanpostu hutsa esleituko dio.

8.2. Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da.

8.3. Izangai izendatuak, izendapena jakinarazi eta ondoko hilabetean hartu beharko du lanpostuaren jabetza.

8.4. Epe horretan jabetza hartzen ez badu, ezinbesteko kasuetan izan ezik, deialdiaren xede den lanpostuari loturiko eskubide guztiak galduko ditu. Hala gertatuz gero, oposizioa gainditzen dutenen zerrendan, 7.1 atalekoan, hurrengoa den izangaiarekin beteko da hutsunea.

9.–Aldi baterako kontratazioen zerrenda.

9.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua onesten duen ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuko 42.2 artikuluan xedatuari jarraikiz, gainditu bai baina lanpostua eskuratzen ez duten izangaiak zerrenda batean sartuko dira; zerrenda hori erabiliko da eskolazain gisa aritzeko aldi baterako kontratuak egiteko, Musika Eskolako Patronatuan sortzen diren kontratazio beharrak asetzeko. Lortutako puntuazioak zehaztuko du zerrendako lehentasuna.

Zerrendak gehienez ere 4 urteko indarraldia izanen du.

10.–Errekurtsoak.

10.1. Deialdi honen eta bere oinarri eta egintzen kontra, honako errekurtso hauetako bat jar daiteke:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, Zangozako Udalaren alkate udalburuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.

b) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazten edo argitaratzen denetik aitzina.

c) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko arlo bereko Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.

Zangozan, 2020ko urtarrilaren 23an.–Alkatea, Lucía Echegoyen Ojer.

I. ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

II. ERANSKINA

Eskatutako ikasketa mailari buruzko galderak
(eskola graduatua - DBHko 4. maila)

A.–Komunikazio alorra:

1.–Kultura orokorra.

2.–Ortografia.

3.–Hiztegia.

B.–Matematika alorra:

1.–Matematikako zenbait ariketa eta problema ebaztea.

2.–Zenbaki natural eta hamartarrak idatzi eta ordenatzea.

3.–Luzera, azalera, masa, kapazitate eta denbora neurriak. Multiplo eta azpimultiplo erabilienak. Unitateen konbertsioa.

4.–Irudi lau eta gorputz geometriko ezagunenak bereiztea. Oinarrizko osagaiak (aldea, angelua, erpina, aurpegia, oinarria eta altuera) zein diren jakitea.

C.–Alor juridiko-soziala:

1.–Zangozako Udalaren egitura administratiboa eta gobernu organoak. Oinarrizko antolakuntza eta antolakuntza osagarria.

2.–Juan Francés de Iribarren Musika Eskolako Patronatuaren estatutuak.

3.–Zangozako geografia: deskribapen orokorra. Parajeak. Kale-izendegia. Zangoza eta bere ingurua. Biztanleria: bilakaera.

Iragarkiaren kodea: L2001191