32. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 17a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANGUREN

Animaliak edukitzea arautzen duen osasun arloko udal ordenantza. Behin betiko onespena

Aranguren Ibarreko Udalak, 2018ko abenduaren 18ko osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen animaliak edukitzea arautzen duen osasun arloko udal ordenantza.

Jendaurrean jartzeko iragarkia 2019ko 23. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 4an, eta jendaurrean egon bitartean inork ez du alegaziorik aurkeztu.

Beraz, behin betiko onetsirik gelditu da, eta honako hau da haren testua:

ANIMALIAK EDUKITZEA ARAUTZEN DUEN OSASUN ARLOKO UDAL ORDENANTZA. BEHIN BETIKO ONESPENA

I. KAPITULUA

Ordenantzaren esparrua eta xedea

1. artikulua. Osasungintza eta segurtasun aldetik behar diren baldintzak ezartzea da ordenantza honen xedea, herritarrek, animaliekin batera bizitzerakoan, bizi kalitate egokia izan dezaten. Horrez gain, Aranguren ibarreko udal mugartearen barnean animalien behar bezalako babespena bermatu eta animaliekin ikusteko duten industria, merkataritza edo zerbitzu jarduerak arautu nahi dira, Udalaren eskumen eta beharkizunen esparruaren barnean.

2. artikulua. Aplikazio eremua Aranguren ibarreko udalerrira mugatuko da.

3. artikulua. Animalien edukitzaileak, haztegi, saltoki edo lagun egiteko animaliak aldi batean mantentzeko establezimenduen jabe eta arduradunak, animalien babes eta defentsarako elkarteak eta abeltzaintzako ustiategiak, denak beharturik daude ordenantza honetan xedatzen dena betetzera eta, horren ezean, Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan ezarritakoa betetzera, baita udal agintaritzarekin lankidetzan aritzera ere, beraiekin harremana duten animalien datu eta aurrekari zehatzak eskuratzeko.

Era berean, betekizun berberak izanen dituzte hiri lur nahiz landa lurreko finketako atezain, etxezain, zaindari edo arduradunek, zerbitzu egiten duten toki horretako animaliei dagokienez, betiere nork bere lan kontratuaren arabera dituen mugetan.

4. artikulua. Arau hauetako edozein bete ezean, zehapena ezarriko da eta, hala behar bada, animaliak kenduko eta/edo jarduera hein batean nahiz erabat itxiko.

II. KAPITULUA

Definizioak

5. artikulua. 1. Lagun egiteko etxeko animalia: irabazi asmorik gabe, atsegin eman eta lagun egiten diolako jendeak bereziki etxean zaintzen duen animalia.

2. Lagun egiteko basanimalia: irabazi asmorik gabe, atsegin eman eta lagun egiten diolako jendeak, bereziki etxean, zaintzen duen animalia, baldin eta hura hemengo edo kanpoko faunakoa bada eta giza ingurura egokitzeko aldi bat iragan behar izan badu.

3. Ustiatzeko edo errentan emateko etxeko animalia: giza ingurura egokitua izanik, jendeak irabazi asmoarekin zaintzen duena, betiere inguruko gizon-emakumeentzat arriskutsua izan gabe.

4. Animalia abandonatua: ez jabe ez helbide ezagunik ez duen animalia, jatorriaren edo jabearen identifikagarririk ez duena, eta bere jabetza froga dezakeen jende lagunik ez duena.

III. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

6. artikulua. Udal mugartean animaliak izateko beharrezkoa da osasungintza aldetik arriskurik ez eragitea, animaliak berak arriskutsuak ez izatea, hirugarrenei trabarik ez egitea, egokiro edukitzea eta egonlekuak dagozkion higiene baldintzak betetzea.

7. artikulua. Animaliekin zerikusia duten jardueretarako Udalaren aginduzko baimen edo lizentzia beharko da, eta jarraipena izateko, ordenantza honetan eskatzen diren baldintzak bete beharko dituzte betiere, eta aipatua ez ezik, geroan nahitaezkotzat jo daitezkeen zuzenketak aplikatu ere egin beharko dituzte, instalazioek eta beren hartan egiten diren jarduerek kalterik eragiten ez dutela bermatzeko.

Alderdi horiek kontrolatu ahal izateko, Udalaren zerbitzu tekniko eskudunek ikuskatuko dituzte aipatutako jarduerak.

8. artikulua. Animalia guztien jabeek uneoro bete beharko dute gaitz zoonosiko eta epizootikoei aurrea hartzeari eta desagerrarazteari buruzko indarreko araudia. Epizootiak deklaratzen badira, aurrea hartzeari buruz agintari eskudunek ematen dituzten xedapenak bete beharko dituzte.

Albaitariek eta albaitaritza klinikek, beren lanean dihardutela, zoonosi gune edo kasuen berri badute, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko diete berehala, Nafarroako Gobernuan dagokion departamentuarekin osasunaren aldetik bete behar diren beharkizunak deusetan galarazi gabe.

IV. KAPITULUA

Lagun egiteko animalien gaineko arau orokorrak

9. artikulua. 1. Animalia abandonatua da jatorriaren edo jabearen identifikagarririk ez duena eta inorekin ez doana. Horrelako kasuetan, Udalak animalia bere gain hartu eta atxiki beharko du, harik eta dagokionak hartu, norbaiti utzi edo heriotza ematen zaion arte.

2. Zortzi eguneko epea egonen da identifikaziorik gabeko animaliak berreskuratzeko.

3. Animaliak identifikagarririk badu, jabeari gaztigatuko zaio eta horrek, une horretatik goiti, hamar eguneko epea izanen du berreskuratzeko, aldez aurretik ordaintzen baditu haren mantenuaren gastuak. Epe hori jabeak berreskuratu gabe iraganda, animalia eskutik utzitzat joko da eta horrek animaliaren jabeari erantzukizunak eskatzeko parada emanen du.

4. Animalia biltzeagatik eta mantenua emateagatik, tasak hauek dira:

–10 euro/egun arrunta.

–35 euro/jaieguna.

10. artikulua. Animalien jabe edo edukitzaile izaten segitu nahi ez dutenek debekatua dute udalerriaren barreneko edozein lekutan haiek abandonatzea, bai toki irekietan, bai finka edo lokal itxietan. Abandonatzen badituzte dagokien zehapen espedientea irekitzen ahal da.

11. artikulua. Animaliek pertsonei nahiz ondasunei arazorik ez eragiteko:

1. Animalia deslai edo abandonaturik ikusiz gero, herritarrek Udalaren osasun zerbitzuei horren gaztigua egin beharko diete. Animaliak halako moduan egon ez daitezen, debekatua dago jaten ematea kasu guztietan eta edozein tokitan, dela etxebizitzen patioan, dela teilatuetan eta abarretan. Orobat debekatua dago hiri ingurunean aske bizi diren hegaztiei –usoak, txolarreak etab.–jaten ematea, bereziki etxeetako terraza, balkoi eta leihoetatik egiten bada.

2. Debekatua dago, inolako salbuespenik gabe, bide eta gune libre publikoetan edota pribatu baina jendea ibili ohi denetan, espezie basatietako animaliarik ibiltzea, etxekoturik egonagatik ere.

3. Aranguren Ibarreko Udalak, dagozkion udal zerbitzuen bidez, egokiak iruditzen zaizkion neurriak hartuko ditu herritarrek edozein salaketa jarritakoan, animaliek eremu publikoan nola pribatuetan beldurra, estresa, jazarpena eta abar eraginez gero.

12. artikulua. 1. Udalerriek lagun egiteko animaliak dekomisa ditzakete tratu txar edo tortura zantzurik bada, unadura edo desnutrizio aztarnarik badute edo instalazio desegokietan badaude.

2. Halaber, osasun arloko eskumenak dituzten administrazio publikoek lagun egiteko animalien isolamendua edo dekomisoa agintzen ahal dute, gizakientzat kutsagarria den eritasuna diagnostikatuz gero, bai sendabide egokia emateko, bai hiltzeko, horren beharrik bada.

3. Jendeari edo beste animalia batzuei lesioak eragin dizkieten animaliak, baita amorrua dutelako susmagarriak direnak ere, albaitariaren kontrolpean egonen dira hamalau egunez. Behaketan egon beharreko denbora hori Udalak esaten duen zentroan eginen da.

4. Jabeak eskatzen badu eta osasun zerbitzuek adostasun txostena emanez gero, zakur erasotzaile baten behaketa jabearen etxean egin daiteke, betiere animaliak agiri egokiak baditu, eta kasuan kasuko urteko txertoa eta identifikazioa jasota badago.

5. Udalak animaliak hartzeko zentrorik ez badu, behaketa jabearen etxean eginen du behar den administrazio publikoak izendaturiko albaitari batek.

6. Jabeek ordainduko dituzte aipatu animaliak atxiki eta kontrolatzeak sorrarazten dituen gastuak.

13. artikulua. 1. Debekatua dago animalia hilik uztea leku agerietan, ibaibideetan eta gainerako gune publiko edo pribatuetan, baita haiek ehorztea ere.

2. Animalia hilak gainetik kendu nahi dituenak udal mugartearen barnean ezarritako zerbitzuen bitartez eginen du.

3. Animalia hilen deuseztapenak ez ditu jabeak salbuesten animaliaren heriotzaren eta horren arrazoien berri emateko betebeharretik, ordenantza honek edo beste ordenantza eta erregelamenduek horrela ezartzen badute.

14. artikulua. 1. Pertsonen garraio kolektiboan diharduten zerbitzu publikoko ibilgailuetan, bidaiariei debekatzen zaie berekin inolako animaliarik eramatea, non eta ibilgailuan ez dagoen horrelakorik garraiatzeko leku berezirik. Debeku honen barrenean ez dira sartzen ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrak.

Animaliak ibilgailu pribatuetan garraiatzeko, kontuan hartu beharko da beren mugimenduekin ez dezaten txoferra distraitu, ez eta gidatu edo ikusteko ahalmena kendu ere, eta bete beharko dira arlo horri doakionean Zirkulazioari buruzko Erregelamendu Orokorrak ezartzen dituen baldintzak.

2. Animaliek, beren etologia eta espeziearen arabera, behar adina leku izan beharko dute batetik bestera garraiatzeko. Animaliak garraiatzeko ibilgailuek eta enbalajeek haiek eguralditik eta aldaketa klimatologiko handietatik babesteko modukoak izan beharko dute, eta enbalaje horietan paratu beharko da barrenean animalia bizidunak eramaten direla. Animalia zutik egoteko eta jarreraz aldatzeko adinako neurriak izan beharko dituzte. Animaliak erasokorrak badira, garraiorako behar diren segurtasun neurriak hartuko dira.

3. Garraioan eta egonaldietan, egoki edaten eta jaten emanen zaie animaliei, behar bezain maiz.

4. Animalien zamalanak behar bezala eginen dira.

15. artikulua. Espresuki debekaturik dago animaliarik sartu eta egotea elikagaiak fabrikatu, erabili eta biltegiratzeko lokaletan, eta horiek garraiatzeko ibilgailuetan.

Mota guztietako establezimendu publiko edo ostalaritzakoen jabeek, hala nola hotel, pentsio, jatetxe, ostatu, kafetegi eta gisakoak dituztenek, beren nahierara, uzten ahalko dute zakurrak beren establezimenduetan sartu eta egon daitezen, baina kasu horretan egoitzaren sarreran seinalea paratu beharko dute denek ikusteko maneran. Baimenduta ere, sartu eta egon ahal izateko, erregelamenduaren arabera identifikaturik eta behar bezalako osasun baldintzetan egon daitezen eskatuko da, baita beren muturrekoa emanik eta uhalez edo kateaz loturik egon daitezen ere. Ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrek betiere izanen dute sarrera baimendua.

16. artikulua. Ez dago baimendurik animaliak sartzea ikuskizun publikoetako lokaletara, kultura eta kirol arlokoetara, ez eta erabilera publikoko igerilekuetara ere.

Orobat, debekatua dago animalia erietxeetara edo anbulatorioetara eta ikastetxeetara sartzea.

Artikulu honetan ezarritako debekuetatik salbuetsirik daude ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrak.

17. artikulua. Jendeari ostatu ematen dioten etxeetan eta elikadura arlokoak ez diren establezimenduetan, jabeen esku gelditzen da animalien sarrera eta egonaldia debekatzea, tokiaren maila edo kategoria kontuan hartu gabe, baina kasu horretan egoitzaren sarreran ikusteko moduko seinalea paratu beharko dute.

Nolanahi ere, debeku horrek ez du indarrik ikusmen urriko pertsonak laguntzeko gidazakurrentzat.

18. artikulua. Etxeetako igogailuetan animaliekin batera sartu nahi denean, beste erabiltzaileak bertan ez daudela erabiliko dira, beroriek horrela eskatuz gero. Dena dela, nor iristen den lehenago, hark izanen du erabiltzeko lehentasuna.

Animalien jabeak edo edukitzaileak beharturik daude haiek eraikinen eremu eta elementu komunetan gorotzak edo zikinkeriak galaraztera eta egindakoak garbitzera.

19. artikulua. Lagun egiteko animaliaren batek norbaiti hozka eginez gero, horrek gertatuaren berri emanen die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren partea aurkeztuko. Udalaren teknikari eskudunek erabakiko dute hozka egin duen animaliarekin egin beharreko osasun kontrola.

Osasun zentroek eta sendagileek Udalaren zerbitzuak jakitun egin behar dituzte, baldin eta laguntza medikoa edo kirurgikoa ematen badiote norbaiti animaliaren batek hozka egin diolako.

V. KAPITULUA

Zakurren gaineko berariazko arauak

20. artikulua. Aranguren ibarreko mugartean, zakurren errolda prestatu eta kudeatzea Udalaren eginkizuna da. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude haiek identifikatzera lau hilabete egitean, une horretan legeriak ezarria dukeen prozeduraren bidez. Udal zerbitzuek edo albaitaritza klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute identifikazio lan hori. Azken bi kasu horietan, egindako identifikazioen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epearen barrenean, errolda eguneratu ahal izateko.

Identifikazioa egindakoan, zakurraren eramaileari emanen zaio animaliaren identifikaziorako osasun agiria.

21. artikulua. Xede berarekin –zakurren errolda eguneratzea– zakurren jabeak edo edukitzaileak beharturik daude Udalaren osasun zerbitzuari, hamar eguneko epean, honako hauen berri ematera:

a) Bajak, heriotza edo desagertzea dela medio.

b) Beste udalerriren batean identifikatutako zakurrak eskuratu direla.

c) Zakurren jabetzari dagokionez gertatutako aldaketak.

d) Jabeen helbide aldaketak.

22. artikulua. Udalerrian bizi diren zakurren jabe edo edukitzaileak beharturik daude animaliei amorruaren kontrako txertoa ematen hastera lau hilabete betetzen dituztenetik, eta hortik aitzina ezarrita dagoen birtxertaketa egutegiarekin segitzera.

Txertaketa horiek animaliaren identifikaziorako osasun agirian agertu beharko dute, eta horretaz jabea edo edukitzailea bera arduratuko da.

Udal zerbitzuek nahiz albaitaritza klinikek edo profesional partikularrek egiten ahalko dute txertatze lan hori. Azken kasu horietan, egindako txertaketen berri eman beharko diete Udalaren osasun zerbitzuei, gehienez ere zortzi eguneko epean.

23. artikulua. Zakur batek inori hozka egiten badio, horrek gertatutakoa jakinaraziko die Udalaren osasun zerbitzuei, eta horrekin batera medikuaren partea aurkeztuko.

Hozka egiten duen zakurraren jabea edo edukitzailea beharturik dago animaliaren datuak ematera erasoa jasan duenari edo haren legezko ordezkariei, bai eta eskaera egiten dioten agintari eskudunei ere. Horretaz gain, beharturik dago animalia bere ohiko aterpean edukitzera, espresuki debekaturik baitago beste inora eramatea edo hiltzea.

Animalia osasun aldetik aztertu eta begiratuko dute, legeriak ezarrita daukan denboran, eta, bidezkoa bada, nahitaezko txertoa jarriko diote.

Orobat, zakur baten jabe edo edukitzaileak uste badu bere zakurrak badituela amorru zantzuak, edo arrazoi horregatik animalia hiltzen bada, Udalaren osasun zerbitzuei jakinaraziko die, osasun aldetik egin beharrekoak egin daitezen.

24. artikulua. Zakurrak loturik ibiliko dira eremu publikoan nahiz etxeetako sarbide eta leku komunetan (atari, eskailera, igogailu, solairuarte, eta abarretan), salbu aske ibiltzeko udalak baimendutako eremuetan.

Zakurrak aske ibiltzeko eremuetan, hauek beti haien jabeen kontrolpean egon beharko dute. Zakurra zaintzailearen kontroletik kanpo dagoela joko da 50 metro baino urrunago dagoenean edo begi bistan ez dagoenean. Espazio hauen barruan, ezarritako arauak bete beharko dira.

Landa eremuetan zakurrak aske joaten ahalko dira, betiere kontrolpean badaude. Zakurrak zaintzailearen kontroletik kanpo daudela joko da zaintzailearengandik 50 metro baino gehiago urruntzen direnean landaredirik gabeko eremu irekietan, edo 15 metro baino gehiago landarediak animalia zaintzailearen bistatik ezkuta lezakeen eremuetan.

Nolanahi ere, lehenago noizbait erasorik egin duten zakurrek edota aldez aurretik arriskutsutzat jo daitezkeenek nahitaez eraman beharko dute muturrekoa.

Uhalarekin edo katearekin lotuta eramateko obligaziorik ez dute izanen artzain zakurrek, beren ohiko lanean ari badira.

Ehiza zakurrak ere izan daitezke katea edo uhalarekin loturik joateko obligaziotik salbuetsiak, baldin eta ehiza barrutian badaude eta horretarako aritzeko egunetan.

Agintaritzako agenteek zehapena paratuko dute zakurrak aipatutako baldintzak bete gabe ibiliz gero, eta Udalaren osasun zerbitzuek agindua emanen dute, arduradunik gabe dabiltzan zakurrak harrapatu eta eraman ditzaten.

25. artikulua. Aurreko artikuluan ezarritakoa betez harrapatzen diren zakur guztiak identifikaturik ote dauden egiaztatuko da.

Identifikazioa jakindakoan, animaliaren jabeari jakinaraziko zaio.

Identifikaziorik ez duten zakurrak eta ezarritako epean jabeak biltzen ez dituenak edo, formalki adierazita, berreskuratu nahi ez dituenak, zakurtegiaren esku geldituko dira.

26. artikulua. Zakurtegiaren esku gelditzen diren zakurrek bete beharko dituzte funtzionamendu egokirako legez ezarrita dauden arau eta xedapenak.

27. artikulua. Zakurrekin dabiltzan pertsonek galarazi behar dute zakurrek gorotz egitea espaloi, galtzada, parterre, berdegune eta eremu publikoko nahiz erabilera publikoa duen eremu pribatuko beste edozein elementuren gainean.

Zakurraren eramailea beharturik egonen da aurreko lerroaldean zehazten diren lekuetan egindako gorotza jaso eta, behar bezala bildurik, eremu publikoan dauden zakarrontzietan uztera, eta zikindutakoa garbitzeaz ere arduratu beharko du.

Berariaz debekatzen da animaliek erabilera publikoko iturrietako ur txorrotatik zuzenean edatea.

Aurrekoa betetzen ez bada, udaltzainek arau hausleak salatuko dituzte eta behar den zehapen espedientea irekiko zaie.

28. artikulua. Debekatua dago etxebizitzetako komunitateko patioetan eta etxeetako terraza edo jabetza komuneko bestelako lekuetan zakurrak egotea.

Halaber, debekatua dago balkoiak, terrazak, etab. erabiltzea, etxebizitza pribatukoak direnean ere, baldin eta gorotz eta hondakinen bidez bertatik kutsatu edo zikintzen badira azpiko etxebizitzak edo bide publikoa.

29. artikulua. Ikusmen urriko pertsonen gidazakurtzat hartuko dira, Itsuen Erakunde Nazionalak aitorturiko zentro nazional edo atzerrikoetan, ikusmen urriko pertsonei lagun egin, eta haiek gidatu eta laguntzeko irakatsiak izan direla egiaztatzen direnak.

Gidazakurrek, ikusmen urriko pertsonei lagun egiten joaten direnean, agerian eraman beharko dute zer diren adierazteko ofizialki ezarrita dagoen seinale berezia.

Gidazakurra bere lana egiteko ezgauzatzat hartuko da eri dagoela ikusten bada, oldarkor ageri bada, behar bezain garbi ez badago eta, oro har, pertsonentzat arriskutsua izan daitekeela uste bada.

Ikusmen urriko pertsona bera arduratuko da animalia behar bezala porta dadin, eta berarekin eramanen du gidazakurraren osasun egoera ona dela egiaztatzen duen agiria.

Ordenantza honek ematen dion eskubideaz baliatuz, gidazakurra norabait sartzeagatik, ikusmen urriko pertsonak ez du gastu gehigarririk ordaindu beharko, non eta gastu hori ez den dirutan neur daitekeen zerbitzu bereziren bat emateari dagokiona.

30. artikulua. Edozein motatako finka edo lokaletan, zaindari lanetan zakurrik baldin bada, ikusteko moduko lekuan ongi seinalaturik adierazi beharko da. Betiere, beren jabeak erantzule direla, jendeari edo gauzei kalterik eginen ez dieten lekuetan egonen dira.

Zakur horiek teilaperik ez badute, etxola edo aterpe egokia beharko dute, eguraldi txarra denean babeslekua izan dezaten.

Mutilnovako eta Ibaialdeko bizitegi eremuan (Mutiloa) ez da baimenik izanen kanpoan zakurrendako etxolak paratzeko. Animalia horiek etxebizitzaren barnean edo garajean gelditu beharko dute.

Ez dira beti lotuak egonen, eta, hala daudenean, lokarriak ez die galaraziko mugitu ahal izatea.

Eremu publikoan, eremu mugatu eta horretarako seinalatuetan baizik ez da baimentzen zakurren joan etorria; animaliek identifikaturik eta txertaturik joan beharko dute. Nahitaez, ardura duen pertsonak eraman beharko ditu, gehienez ere 2 metroko kate edo uhal sendoan lotuak, salbu aske ibil daitezen udalak baimendutako eremuetan. Lehenago eraso egin duten zakurrek edo arriskugarritasuna aurreikusteko modukoek muturrekoa eraman beharko dute nahitaez, eta pertsona arduradunak adinez nagusi beharko du izan.

Agintaritzako agenteek salaketa eginen dute zakurrek, ibiltzean, ez badituzte baldintza hauek eta ordenantza honen gainerakoak betetzen; zakurrak bildu eta eraman ahalko dituzte, betiere fakultatiboaren ikuskapenarekin.

VI. KAPITULUA

Lagun egiteko animaliekin zerikusia duten jarduerak

31. artikulua. Honako hauek dira ordenantza honi atxiki beharreko industria , merkataritza edo zerbitzu jarduerak:

1. Animalien haztegiak.

2. Animalien zaindegiak.

3. Animaliak salerosteko dendak.

4. Animaliendako apaindegi zerbitzuak oro har.

5. Animaliendako kontsultategiak, klinika eta ospitaleak.

6. Horietako batzuk batera hartzen dituzten jarduerak edo beren funtzionamenduan animaliak erabiltzen dituztenak.

Instalazio eta funtzionamendurako lizentzia tramitatu beharko da jarduera sailkatuei buruzko arauen eta aplikagarri diren gainerako xedapenen arabera.

32. artikulua. Udalak jarduera lizentzia emateko, eta horretarako jarduera sailkatuei buruzko erregelamenduak eta gainerako xedapen aplikagarrietan ezarritakoa deusetan ukatu gabe, nahitaezko baldintza izanen da eskabideari memoria bat eranstea eta hartan honako hauek zehaztea:

1. Jardueraren izena.

2. Kokapena.

3. Zuzendari teknikoaren izena, helbidea eta telefonoa.

4. Eskaini nahi dituen zerbitzuak.

5. Instalazio eta egoitzen zerrenda, deskribapena eta planoak.

6. Aireztapen sistema. Ezaugarriak eta banaketaren planoa.

7. Nola garbitu eta desinfektatzen diren animaliekin erabiltzen diren lokalak, materialak eta tresnak eta, halakorik balitz, animaliak garraiatzeko ibilgailuak.

8. Animalien haztegien, zaindegien eta salerosketarako denden jardueretarako, kontratu agiri bat, jardueraren eskatzaileak eta udalerrian diharduen albaitari batek sinatua. Hartan ezarri beharko da albaitaria arduratuko dela higieneaz eta abere osasunaz, zoonosiari dagokionez eta jarduera jakin horretan animaliaren babesari buruzko indarreko legerian agindutakoa bete dadin.

Kontratu hori deuseztatzen bada, jardueraren titularra beharturik egonen da beste albaitari bat kontratatzera, 15 eguneko epean, eta hala egin duela jakinarazi beharko die Udalaren osasun zerbitzuei.

33. artikulua. Ordenantza honetan aipatzen diren jarduera guztiek honako baldintza orokor hauek bete behar dituzte:

1. Beste etxeetatik aparteko eraikinetan egon beharko dute eta zehaztutako xedea baizik ez dute izanen, salbu eta salerosteko jarduerak, animaliak apaintzeko zerbitzuak eta animalien kontsultategi edo klinikak, horiek beheko oineko lokaletan paratzen ahal baitira.

2. Merkataritzako edozein lokalek izaten ohi duen gutxieneko gela banaketa izanen dute, kasu bakoitzerako zehazten diren berariazkoez gainera.

3. Gela guztietako zola eta paretek, administrazio lanetarako guneetakoek izan ezik, material iragazgaitzekoak izan behar dute, soluzio desinfektanteak erabiliz garbitu eta tratatu ahal izateko.

4. Aurreko paragrafoan aipatzen diren geletako zola guztiek, behar den drainatzea eta/edo hondakin urak husteko sistema izanen dute.

5. Instalazioak, tresnak eta ibilgailuak garbitu, desinfektatu eta desintsektatzeko lanak sistematikoki, aldizkakotasunez eta jarduerak berak eskatzen duen maiztasunarekin egin beharko dituzte establezimenduko langileek.

Horrez gain, urtean behin bederen, ofizialki baimenduriko enpresak desinfektatu eta desintsektatuko du lokala.

6. Jarduera abian dagoela sortzen diren hondakin solidoak egunero atera beharko dira bertatik, itxitako poltsa iragazgaitzetan.

7. Jardueran egon daitezkeen animalien kopurua lokalaren neurrien araberakoa izanen da, eta irekitzeko txostena egin edo aldizkako ikuskapenez arduratzen diren Udalaren osasun zerbitzuek ezarriko dute, beren irizpideen arabera.

8. Arriskutsu izan daitezkeen animaliak dituzten jardueretan animalia horientzat behar diren neurriak hartuko dira, behin ere libre utzi gabe, ezbeharrik suerta ez dadin.

9. Establezimenduaren kanpoko aldean animaliarik ez egoteko, behar den tamainako itxarongela izanen da nahitaez, horrelakorik behar duten jardueretan.

10. Bi jarduera edo gehiago batera egiten dituzten establezimenduek, haietako bakoitzaren instalazioak berezirik izanen dituzte, eta denetan bete beharko dira ordenantza honetan haientzat ezarri diren berariazko baldintzak.

11. Jarduera hauetan edozein eritasun zoonosiko agertuz gero, Udalaren osasun zerbitzuei jakinarazi beharko zaie.

34. artikulua. 1. Lagun egiteko animalien haztegitzat hartuko dira espezie bereko lau eme baino gehiago dauzkatenak, baldin eta haien xede nagusia ugalketa eta, horren ondotik, salmenta bada.

2. Lagun egiteko animaliak salerosteko establezimendutzat hartuko dira beren jarduera nagusia animaliak saldu edo erostea dutenak.

3. Lagun egiteko animaliak hazteko edo salerosteko establezimenduek, aplikatzen ahal zaizkien gainerako xedapenen kalterik gabe, ondoko arauak bete behar dituzte:

a) Administrazio publikoen eskura egonen den erregistroa eraman beharko dute, eta bertan jasoko dira erregelamenduak eskatzen dituen datuak eta aldian-aldian egindako kontrolak.

b) Higiene eta osasun aldetik baldintza onak izanen dituzte, bertan dauzkaten animalien behar fisiologiko eta etologikoetara egokituak.

c) Behar adinako janari osasungarria, ura, lo egiteko lekuak eta zaindari gaituak ere izanen dituzte.

d) Eritasunik izanez gero, behar bezalako instalazioak izanen dituzte kutsadura galarazteko edo, horren beharrik bada, berrogeialdia egiteko.

e) Albaitaritza zerbitzua izanen dute, animalien osasuna zaintzeko arduradun.

f) Animaliak desparasitaturik eta eritasunik gabe saldu behar dituzte, eta albaitariaren ziurtagiria erantsi, gauzak hala direla adierazten duena.

4. Inkubazio aldian egoteagatik saltzeko unean hautematen ez den eritasunik izanez gero, establezimenduaren mendeko albaitaritza zerbitzu bat izateak eta horrek animalien salmentarako osasun ziurtagiriak emateak ez dute saltzailearen erantzukizuna garbituko, hark hirugarrenei erreklamazioa egin ahal izatearen kalterik gabe.

35. artikulua. Lagun egiteko animalien zaindegitzat hartuko dira, ordenantza honen ondorioetarako, animaliak hartu, ostatu eman, mantenuaz arduratu eta zaintzeko zerbitzuak halako denbora batez ematen dituzten establezimenduak.

Establezimendu horiek erregistro liburua izanen dute, honako hauek zehazteko: animalien espeziea eta arraza, sarrera eta irteera datak, jabe edo edukitzailearen izen eta helbidea, eta interesgarritzat jotzen diren gainerako gorabeherak.

Zenbait instalazio izanen dituzte, honako hauetarako: eri dauden animaliak isolatzeko gelak, ariketak egiteko lekua, aterpe aldea eta sukaldea.

Establezimenduan animaliarik onartzeko, animaliaren osasun agiriak aurkeztu beharko dira, eguneraturik, zakurra baldin bada, eta gainerako animalien kasuan jardueraz arduratzen den albaitariaren irizpidearen arabera jokatuko da.

36. artikulua. Animaliak apaintzeko establezimendutzat hartuko dira, haiek garbitu eta ikuzten eta haiei ilea apaintzen eta estetika zerbitzua ematen dihardutenak.

Lan egiteko behar den tresneria eta ur beroa izanen dituzte.

37. artikulua. Ordenantza honi dagokionez, albaitaritzako kontsultategi, klinika edo ospitaletzat hartuko dira fakultatibo espezialistek animalien diagnostikoa egiteko eta haiek tratatzeko establezimenduak, haien zuzendaritza teknikoa albaitari profesionalen esku baldin bada.

Jarduera hauetarako lokalek, nahitaez izan beharko dituzte honako gela hauek gutxienez:

–Kontsultategiak: harrera gela, kontsulta gela eta sendaketa lan txikiak egitekoa.

–Klinikak: itxarongela, kontsulta gela, ebakuntzetarako gela espezifikoa, indarra duen legeriaren araberako instalazio erradiologikoa, laborategia eta suspertze lanetarakoa.

–Ospitaleak: klinikarako aipatu direnak eta etengabeko zainketarako ospitaleratze gela. Jarduera honetan, arreta zerbitzuak etengabekoa izan beharko du.

VII. KAPITULUA

Animaliekin zerikusia duten beste jarduera batzuk

Kapitulu honetan sartzen dira lehiaketak, erakusketak, agerraldiak eta antzekoak egitea xedetzat daukaten jarduerak, denbora baterakoak edo iraunkorrak izan, bai leku itxietan bai leku irekietan egiten direnak.

38. artikulua. Modu iraunkorrean paratu nahi diren jarduerek, bai leku itxietan bai leku irekietan, jarduera lizentzia izan beharko dute. Hura tramitatuko da jarduera sailkatuei buruz indarra duen araudiaren ariora eta beharrezkoa izanen da ordenantza honetako 32 eta 33. artikuluek dakartzaten baldintzak betetzea, bilduma zoologikoen kasuan izan ezik.

39. artikulua. Denbora baterako bakarrik egiten diren jarduerek, hala leku itxietan nola leku irekietan, baimena izan beharko dute, Udalak horretarako emana.

Baimen hori eskuratzeko eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1. Jardueraren deskribapena.

2. Eskatzailearen izena, helbidea eta telefonoa.

3. Kokapena.

4. Jarduera zenbat denborarako eskatzen den.

5. Jarduerako animalien kopurua eta espezieak.

6. Erantzukizun zibileko asegurua, jarduerak irauten duen denborarako.

7. Instalazioen onarpenari eta erregistroari buruzko egiaztagiria, behar den ministerioak luzatua.

40. artikulua. Denbora baterako egiten diren jardueretan, funtzionatzen hasteko, ondotik aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira Udalean, Udalaren osasun zerbitzuek azter ditzaten:

–Teknikari eskudunak emaniko ziurtagiria, dagokion elkargo profesionalak ikus-onetsia, instalazioak egoki muntatu direla dioena.

–Kasuan kasuko dokumentazioa (jatorri gida, osasun kartila, animaliaren identifikaziorako txartela etab.), jardueran dauden animaliei buruzkoa.

Enpresa edo erakunde antolatzaileak urez hornitzeko hargunea eta ura saneamendura husteko bidea izanen ditu, behar bezala jarduteko horren beharra daukaten jardueraren osagai guztietan, eta asotsei buruzko nahitaezko mugak errespetatuko ditu.

Jarduteko baimendutako denboran okupatzen diren instalazio eta/edo guneak garbitzeko zerbitzuak ere izanen dituzte, eta bere jarduna amaitutakoan zehatz-mehatz garbitu eta desinfektatu beharko ditu.

41. artikulua. 1. Debekatua dago animaliak erabiltzea ikuskizun, borroka, eta bestelakoetan, horrek sufrimendua edo tratu txarra ekartzen ahal badie.

2. Zezen ikuskizunak espresuki salbuesten dira debeku horretatik.

3. Zakur borrokak, oilar borrokak eta animaliak elkar erasotzea helburu duten beste guztiak debekatuta daude.

4. Usakumeei tiro egiteko lehiaketek administrazio baimena beharko dute aurrez, Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Departamentuak emana.

VIII. KAPITULUA

Ustiatzeko etxeko animaliak

42. artikulua. 148/2003 Foru Dekretuan ezarritakoari jarraikiz baizik ez da emanen ukuiluak, eskortak eta, orokorrean, abeltzaintzako edozein ustiategi mota, zaindegiak etab. paratzeko baimena.

Instalazio horietarako lizentziak, jarduera sailkatuentzat indarra duen legerian eta horretan aplikagarri diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraikiz izapidetuko dira.

43. artikulua. Animaliak lekuz aldatu behar direnean, bai udalerriaren barrenean bai beste udalerrietara, Epizootien Erregelamenduan eta alor honetan aplikatu behar diren gainerako xedapenetan ezarritakoari jarraitu beharko zaio.

44. artikulua. Lege xedapen baten indarrez edo osasun arrazoi larriengatik, halako lokal edo toki batzuetan animaliarik egoteko baimena ez bada ematen ahal, udal agintaritzak, behar den espedientea aldez aurretik eginda, zilegi izanen du jabeei errekerimendu egitea bertatik eraman ditzaten beren borondatez, eta, bestela, horixe bera erabakitzea, izan litezkeen erantzukizun zibil eta penalen kalterik gabe.

IX. KAPITULUA

Animalien babesa

45. artikulua. 1. Animalia bat daukanak baldintza egokietan eduki behar du hori, higiene eta osasunaren aldetik, eta nahitaezko deklaratutako prebentziozko tratamendu oro eginen du.

2. Debekatua dago:

a) Tratu txarrik ematea edo justifikatu gabeko kalte edo oinazerik eragin diezaiekeen edozein gauza egitea.

b) Kontsumorako edo pertsonendako produkturen bat erdiesteko animaliak hiltzen direlarik, ankerkeria erabiltzea edo justifikaziorik gabe oinazea ekartzen dieten metodo orokorrak erabiltzea, Animalien babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak agindutakoaren kontra.

c) Abandonatzea.

d) Higiene edo osasun baldintza eskasak dituzten instalazioetan edukitzea, edo desegokiak direnetan bakoitzak bere arraza eta espeziearen arabera dituen premia ekologikoentzako zainketak eta arreta emateko.

e) Mutilazioak egitea, salbu beharragatik edo funtzionaltasunagatik albaitarien kontrolpean egiten direnak.

f) Normal hazteko behar duten mantenua ez ematea.

g) Animaliak erabiltzea sari, publizitateko deigarri edo esker saritako, edo ordaineko opari gisa diru bidez eskuratzearekin ikustekorik ez duten bestelako erosketen truke.

h) Animaliak saltzea edo ematea laborategi edo klinikei, indarreko arauek agindutako bermeak bete gabe.

i) Hamalau urtez beheitikoei eta ezinduei saltzea, guraso agintea edo zaintza dutenen baimenik gabe.

j) Lagun egiteko animaliak edo bestelakoak kalez kale saltzea, behar bezala baimendutako merkatu eta ferietatik kanpo.

k) Alferrikako sufrimendu edo kaltea eragin diezaieketen substantziak ematea.

l) Zakurrak beti loturik edukitzea.

m) Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1984 Foru Legeak arau hauste administratibotzat dauzkan egintza eta ez-egiteetan erortzea.

n) Animaliak herri bestetan erabiltzea, salbu eta zezen ikuskizunei buruzko indarreko arauek edo Nafarroan animaliekin egiten diren herri ikuskizunek tradizioz izan dituzten baldintzetatik kanpo erabiltzea.

3. Animaliak giza kontsumorako hiltzen direnean, berehala eta oinazerik gabe eginen da, erregelamendu bidez finkatzen den gisan.

X. KAPITULUA

Arau hausteak eta zehapenak

46. artikulua. 1. Ordenantza honetan xedatzen dena bete ezean agintaritzako agenteek salaketa eginen dute; arau haustetzat hartuko dira bertan hala tipifikatuta daudenak.

Zehapen prozedurari udal zerbitzu eskudunek hasiera emanen diote, edo arau haustearen ondorioz ukitutako alderdiak bultzaturik has daiteke, edo Aranguren Ibarreko edozein herritar edo entitatek bultzaturik. Hori horrela, eta Administrazio Prozeduraren Legean xedatuari dagokionez, ustezko arau hausteak salatzen dituzten partikularrak interesduntzat hartuko dira prozeduran.

Ordenantza honetan ezarritakoaren kontrako arau hausteen erantzule izanen dira aplikazio esparruko jardueren eta instalazioen titularrak, bai eta udal mugartean diren animalien jabeak ere.

Ordenantza honi dagokionez, arau hausteak arinak, astunak eta oso astunak izan daitezke.

2. Arau hauste arinak hauek izanen dira:

a) Lagun egiteko animalia bat erroldatu gabe edukitzea 7/1994 Foru Legearen 10. artikuluan agindutakoaren kontra.

b) 7/1994 Foru Legeak agintzen dituen artxibo edo erregistroak ez eramatea, edo osatu gabe eta eguneratu gabe eramatea.

c) Lagun egiteko animaliak 14 urtez beherakoei edo ezinduei eskualdatzea, guraso agintea, babesa edo zaintza dutenen baimenik gabe.

d) Lagun egiteko animalia bat oparitzea ordenantza honek edo 7/1994 Foru Legeak xedatzen duenaren kontra.

e) Animaliak garraiatzea ordenantza honetako 14. artikuluko arauak bete gabe.

f) Animalien identifikazioari buruzko araudia ez betetzea edo identifikaziorik ez izatea.

g) Albaitariaren kontrolik gabe txertatzea.

h) Zakurrak kate edo uhalik gabe eramatea eremu publikoetan, salbu aske ibil daitezen udalak baimendutako eremuetan.

i) Lagun egiteko animaliaren gorozkiak bildu gabe uztea eremu publikoan.

j) Herri barruko bideetan espezie basatiekin ibiltzea, etxekotuak badira ere.

k) Bidaiarien garraio publikorako zerbitzuetan animaliekin bidaiatzea, horretarako eremu berezirik ez badute.

l) Ikastetxe, igerileku, ospitale eta eraikin publikoetan animaliekin sartzea.

m) Noizbait erasoak eginak dituzten zakurrak muturrekorik gabe eramatea.

n) Behar adina baliabiderik ez jartzea animalia etxetik edo etxebizitzatik arduradunik gabe ateratzea eragozteko.

ñ) Zakurrak edukitzea etxebizitzen komunitateen patioetan, eta balkoiak, terrazak etab. erabiltzea, etxebizitzetan beretan, beren iraizkinekin beheko etxebizitzak edo eremu publikoa kutsatzen edo zikintzen dituztenean.

o) Ordenantza honetako edozein xedapen ez betetzea, astunak edo oso astunak direnak izan ezik.

p) Zakurrak beste pertsona edo animalia batzuei edo ondasunei kalte egitea.

3. Arau hauste astunak hauek izanen dira:

a) Animalia behar den mantenurik gabe edukitzea.

b) Animaliak behar bezalako higiene eta osasun baldintzarik ez duten instalazioetan edukitzea, edo higiene eta osasuneko baldintza txarretan.

c) Animaliak zikiratzea, mutilatzea eta hiltzea inongo albaitariren kontrolik gabe edo 7/1994 Foru Legean ezarritako baldintza eta betebeharren kontra.

d) Animalia ez txertatzea edo osasun agintariek nahitaezkotzat deklaratu dituzten tratamenduak ez ematea.

e) Lagun egiteko animaliak denbora batez edukitzeko instalazioen gainean 7/1994 Foru Legeko II. tituluko III. kapituluan finkatu diren baldintza eta eginbeharrak ez betetzea.

f) Indarreko araudiaren kontra, animaliak saltzea.

g) Usakumeei tiro egiteko saioak antolatzea, edo jarduera hori praktikatzea, aurrez administrazioaren baimenik izan gabe edo haren zehaztapenen kontra.

h) Zinema nahiz telebistarako animaliekin eszenak filmatzea, baldin ankerkeria, tratu txarrak edo sufrimendua ekartzen badiete, administrazioaren aldez aurreko baimenik izan gabe.

i) Animaliak laborategi edo kliniketara eramatea, indarreko araudiko baldintzak bete gabe.

j) Zentro pribatuetan 7/1994 Foru Legeak eskatzen dituen albaitaritza zerbitzuak ez izatea.

k) Parasitoak dituzten animaliak edo eri daudenak saltzea, edo gaitzik ez dutela ziurtatzeko albaitariaren agiririk gabe.

l) Osasun zerbitzu ofizialei aditzera ez ematea nahitaez deklaratu beharreko gaitzak.

m) Elikagaiak egin, erabili edo biltegiratzen diren tokietan animaliarekin sartzea.

n) Arau hauste arinak behin eta berriz egitea.

o) Arriskutsua izan daitekeen animalia aske uztea edo behar diren neurriak ez hartzea haren ihesa edo galera eragozteko.

p) Animalia identifikatzeko betebeharra ez betetzea.

q) Erregistroan ez inskribatzea.

r) Arriskutsua izan daitekeen zakurra, toki publikoetan, muturrekorik gabe edo katez lotu gabe egotea.

s) Behin eta berriz enbarazu edo gogait eragitea.

t) Beste pertsonei edo animaliei eta/edo haien ondasunei kaltea eragitea arriskutsuak izan daitezkeen zakur gisa sailkatutakoek.

u) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak garraiatzea Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko 50/1999 Legearen 10. artikuluan xedatutakoa bete gabe.

v) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko 50/1999 Legeak ezarritako egitekoak betetzeko agintari eskudunek edo haien agenteek eskatzen dituzten datu eta argibideak emateari uko egitea edo eman nahi ez izatea, baita argibide okerrak edo dokumentazio faltsua ematea ere.

w) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliek pertsonei, animaliei edo objektuei kalterik ez egiteko neurri egokirik ez hartzea.

x) Arriskutsuak izan daitezkeen zakurren lizentziarik ez eramatea, animalia toki publiko batean dagoenean.

4. Arau hauste oso astunak hauek izanen dira:

a) 7/1994 Foru Legearen 4. artikuluan xedatzen denaren kontrako jarduerak antolatu eta egitea, baita haien publizitatea ere.

b) Animaliaren kontra ankerkeria, tratu txarra eta eraso fisikoak erabiltzea.

c) Animalia abandonatzea, bizirik nahiz hilik.

d) Alferrikako sufrimendua edo kaltea eragin diezaieketen substantziak ematea.

e) Zakurrak beti loturik edukitzea.

f) Estatu espainiarrean indarrean dauden nazioarteko hitzarmen eta itunek babestutako edo galzorian daudela deklaratutako espezie aloktonoetako animaliak, kumeak, arrautzak, horien zatiak edo horiekin egindako merkaturatu, saldu, eduki, merkataritza helburuz erakutsi edo disekatzea.

g) Arau hauste astunak behin eta berriz egitea.

h) Arriskutsua izan daitekeen animalia abandonatzea, betiere inork lagundurik ez badoa.

i) Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edo zakurrak lizentziarik gabe edukitzea.

j) Arriskutsua izan daitekeen animalia edo zakurra saltzea edo edozein tituluren bidez eskualdatzea lizentziarik ez duenari.

k) Animaliak heztea haien oldarkortasuna pizteko edo xede debekatuetarako.

l) Gaitasun agiria ez duenak arriskutsuak izan daitezkeen animaliak heztea.

m) Arriskutsuak izan daitezkeen animalien lehiaketak, ariketak, erakustaldiak edo ikuskizunak antolatzea edo egitea, eta haietan parte hartzea, animalien oldarkortasuna erakustea helburu badute.

47. artikulua. 1. Arau hauste arinek 60tik 150 eurora bitarteko zehapena izanen dute; astunek, 151tik 600 eurora bitartekoa, eta oso astunek, berriz, 601etik 3.000 eurora bitartekoa.

2. Zehapenak ezartzerakoan honako irizpide hauek hartuko dira kontuan, isunen zenbatekoa graduatzeko eta zehapen osagarriak ezartzeko:

a) Egindako arau hausteak gizartean zer eragin izan eta zer kalte egin duen.

b) Irabazteko asmo bidegabekorik izan den eta arau haustean zer etekin atera den.

c) Ankerkeriarik izan den animaliarekin.

d) Arau hausteak errepikatu diren edo behin eta berriz egin diren.

3. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko araubide juridikoari buruzko 50/1999 Legeak eta ordenantza honetako 57. artikuluak aurreikusitako arau hausteak eta arriskutsuak izan daitezkeen animaliei erreferentzia egiten dietenak ezin izanen dira kopuruan murriztu berehala ordaintzeagatik.

48. artikulua. 1. 7/1994 Foru Legean aipatzen diren arau hausteengatik zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari jarraitu beharko zaio.

2. Zehapen espedienteak ireki eta ebazteko eskumena, fauna aloktonoaren babeserako araubidea hausteagatik eta baimen administratiboa ez egin edo urratzeagatik, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari dagokio.

3. Ordenantza honetan aurreikusitako arau hausteen gaineko zehapen espedienteak irekitzeko eskumena Udalbatzako idazkariari dagokio, edo alkateak ebazpen bidez izendatzen duen zinegotzi, udaltzain edo aholkulariari.

Ebazteko eskumena alkateari dagokio, eta ebazpen bidez eskuordetu ahalko da.

49. artikulua. 1. Animaliaren jabeak, behar bezala hala agintzen zaionean, identifikatu behar du animalia nork zeukan eta beraz nor den arau hauste administratiboen erantzulea, eta prozedurako tramitean arrazoi justifikaturik gabe hala egiten ez badu, isuna ezarriko zaio falta arin batengatik, gero ordaindu behar dituzkeen kalte ordainen kalterik gabe.

2. Ordenantza honek aurreikusten dituen zehapenetako edozein ezartzeak ez du erantzukizun zibila galarazten, ez eta zehatuak kalte-galerengatik ordaindu behar dituzkeen ordainak ere.

3. Animalia bati tratu txarrak emateagatik arau haustea egiten duten guztiak desgaiturik geratuko dira ordutik aurrera animaliak edukitzeko. Desgaikuntza aldi baterakoa izan daiteke (urtebetekoa) edo iraunkorra, arau haustea astuna edo oso astuna izatearen arabera, eta kontuan hartuta animaliari egin zaion kaltea zenbateraino egin den ankerkeriaz edo nahita.

50. artikulua. 1. Isuna ezartzeak arau hausteko animaliak dekomisatzea ekar dezake eta, betiere, arau haustean erabili diren harrapagailuak edo ehiza tresnak dekomisatzea.

2. Arau hauste oso astunak egiteak ekar dezake, dagokionean, arau haustearen erantzukizuna duten egoitza, lokal edo establezimenduak ixtea.

51. artikulua. 1. Bere agenteen bitartez, administrazio eskudunak babestu beharreko animaliak dekomisatu ahal izanen ditu, baldin eta arrazoizko zantzurik bada ordenantza honetako xedapenak hautsi direla, Animalien Babesari buruzko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeari dagokionez.

2. Dekomisatze hori prebentziozkoa izanen da behar den zehapen espedientea ebatzi arte; ebazpena ikusirik, animalia jabeari itzuliko zaio, edo administrazioaren jabetzara pasatuko, zeinak aukera hauek izanen dituen: erakunde zoologiko-zientifikoei ematea, jatorrizko herrialdera itzultzea, animaliak sendatzeko zentroetara eramatea edo ingurune naturalean askatzea, baldin eta animalia autoktonoa bada.

3. Dekomisatutako animaliak luzaz edukitzea arriskutsua bada beren bizirako eta berehala askatu behar badira, animalia Lurraldearen Antolamendu eta Ingurumen Departamentuko langileek askatu beharko dute haren inguru naturalean eta lekukoen aitzinean.

XI. KAPITULUA

Arriskutsuak izan daitezkeen animaliak

52. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animaliatzat hartzen dira, 50/1999 Legean aipatzen direnez gain, ondotik zehazten diren hauek:

–Izatez basatiak izanik, etxeko gisa erabiliz, edo lagun egiteko, pertsonei nahiz beste animalia batzuei lesioak eragin edo heriotza eman diezaieketen espezie edo arrazetakoak direnak, eta ondasunei kalte egin ahal diena, oldarkorra izan ala ez.

–Arraza hauetako zakurrak: American Staffordshire Terrier, Pit Bull Terrier, Staffordshire Bull Terrier, Fila Brasileiro, Dogo Argentinarra, Rottweiler, Tosa Inu eta Akita Inu. Horietaz gain, oro har, arraza horien ondorengoa izanik, haien ezaugarri etnikoak dituena, eta haien arteko gurutzatzeak.

–Edozein espezietakoa izanik, eraso eta defentsarako berariaz erakutsi edo heziak izan diren animaliak.

–Edozein espezietakoak izanik, behin bederen pertsona edo animaliaren bati eraso egin dietenak, edo izaera bereziki oldarkorra dutenak.

–Halakoetan, ustezko arriskugarritasun hori agintaritza eskudunak ikusi beharko du, ofizioz edo alderdi batek eskaturik, eta horrela deklaratzen ahalko da animaliak pertsonaren bati edo beste animaliaren bati erasotzen dion unetik beretik.

53. artikulua. 1. Ordenantza honetan oinarriturik, arriskutsuak izan daitezkeenen artean sartzen den animalia baten jabe edo edukitzaileak lizentzia berezi bat izan beharko du.

2. Animaliak kategoria honetan sailkatze direnean, espresuki baimendutako pertsonek baino ez dituzte eramaten ahal.

a) Baimen balioduntzat hartuko da, edozein kasutan, Aranguren Ibarreko Udalak espresuki emandako lizentzia bidez eskuratutakoa eta, animalia eta zaintzailea udalerrian aldi baterako egonen direneko egoeretan, eskumen hori duten beste erakunde batzuek emanikoa, betiere baimena indarrean badago. Inguruabar horretan, aldi baterako egonalditzat hartuko da 3 hilabetetik beherakoa, artikulu honetako 4. puntuan xedatzen den moduan.

b) Egonaldi luzeagoetarako, ezinbestekoa izanen da animalia eta arduraduna edo arduradunak Udalean erregistratzea, aipatutako puntuan esaten den bezala.

3. Adierazitako ezaugarri horiek dituen animalia bat duenak, dela haren jabea delako dela zaintzailea edo paseatzailea delako, bere izenean emandako txartel baten jabe izan beharko da, non une horretan zaintzen ari den zakurra ere aipatuko baita.

Zaintzaile profesionala bada, horrela sailkatutako zakur batekin dagoenean espazio publikoetan edo animaliaren bizikidetza taldekoak ez diren pertsonekin, jarduera profesionalaren lizentzia izanen da eskatuko zaion txartela.

4. Lizentzia eskatzera beharturik daude arriskutsu izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak, baldin eta Aranguren Ibarrean bizi badira edo haiek salerosi nahiz trebatzeko jarduera Aranguren Ibarrean egiten bada. Orobat, animalia Aranguren Ibarrean gutxienez ere hiru hilabetez egon behar duenean ere lizentzia eskatu beharko dute arriskutsu izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileek.

Ondore horietarako, kontuan izan beharko dira, halaber, honako inguruabar hauek:

a) Zakur arriskutsuak izateko beste administrazio batzuen indarreko lizentzia duten pertsonek, udalerri honetan erroldatzen badira edo, aldi baterako bada ere, udalerrian bizi badira hiru hilabetetik gorako epean, erakunde honen erregistroetan erregistratu beharko dute animaliaren eta haren ardura izanen duen pertsonaren edo pertsonen egonaldia. Horretarako bi aukeraren artean erabaki beharko dute: Aranguren Ibarreko Udalak emaniko beste lizentzia/txartel bat eskatzea edo Udalari eskatzea beste erakunde batek emandako baimena baliozkotzeko.

Baliozkotzearen alde eginez gero, aurreko administrazioak eman eta geratzen den denborarako emanen da, ordenantza honen arabera.

b) Txartel baten indarraldian beste zakur baten jabe egiten direnek (dela lehena hil delako edo beste edozein arrazoirengatik haren zaintza galdu dutelako, dela bi zakur batera izan nahi dituztela erabaki dutelako) ezin izanen dute jadanik emaniko baimena argudiatu bigarren animalia eta gainerakoak erregistratu eta baimentzeko beharretik salbuesteko, eta ezinbestekoa izanen da kasuaren araberako beste baimen bat izapidetzea, artikulu honen 5 c) puntuan adierazten denaren arabera.

Kasu horretan, interesdunak argudiatu ahal izanen du dagoeneko aurkeztu duen dokumentazioa indarrean dagoela. Hala eginez gero, indarraldiaren barruan zakur berriarengatik eta ondorengoengatik emandako lizentziaren indarraldia bigarren animalia eta ondorengoak argudiatzeko alegatutako espedientearen datara arte baino ez du balioko.

c) Lanbidea dela eta horrelako animaliak maneiatu, zaindu eta arreta ematen dietenek Udalari horren berri eman beharko diote, arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan jaso dezan inguruabar hori, eta jardueraren arduradunak beharrezko txartela duela egiazta dezan.

Jarduera behar bezala erregistratuta egonen da eta dagokion asegurua izanen du, zeinak eskatutako diru kopuruarekin estaliko du zaintzapeko zakurrek egin ditzaketen kalteak. Txartela aseguru horren araberakoa izanen da.

d) Enpresen kasuan, arduradun bat edo batzuk izendatu beharko dituzte. Horien izenean eginen dira txartelak eta horiei eskatuko zaizkie txartela eskuratzeko beharrezko baldintza guztiak. Asegurua izanen da salbuespena, enpresari eskatuko baitzaio eta ez txartelaren titularrari, animaliaren jabeari edo arduradun nagusiari, artikulu honen 5 d) puntuan adierazten den moduan.

e) Aranguren Ibarrean erroldaturik egon gabe ere bertan aisialdirako finkak edo baratzeak dituzten pertsonek, baldin eta horietan egoten badira horrela sailkatutako zakur edo animaliekin, udalari jakinarazi beharko diote animalia horiek udalerrian egon ohi direla, informazio hori erregistroan sar dezaten.

Alabaina, horien eta gainerako finka pribatuen kasuan, zakurrak aske egon ahalko dira barnean, betiere lurzatiek itxitura egokiak badituzte zakurrak kanpora ez ateratzeko. Bestela, animaliek horretarako gaitutako instalazioetan egon beharko dute, edo beharrezko neurriak hartuko dira, animalia errespetaturik, pertsonen segurtasuna bermatzeko.

Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileen betebehar horren kalterik gabe, edozein herritarrek jakinarazten ahalko dio Aranguren Ibarreko Udalari mota honetako animaliak dituzten pertsonak badirela, Udalak legeen arabera bidezkoak diren urratsak eman ditzan.

5. Lizentzia eskuratzeko, honako baldintza hauek beharko dira:

a) Lizentzia berrien edo Aranguren Ibarreko Udalak lehenago emaniko lizentzien berritzeen kasuan.

–Adinez nagusi izatea eta ez egotea animalia behar bezala zaintzeko desgaiturik.

–Inoiz kondenarik jaso ez izana delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko arauteriaren aurkako arau haustea egiteagatik zehapenik jaso ez izana.

–Gaitasun psikologikoaren agiria, udal agintariek aintzat jotzen duten erakunde ofizial batek luzatua.

–Erantzukizun zibileko aseguru baten egiaztagiria, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez 180.303,63 euroko zenbatekoa duena. Indarraldia egiaztatzeko aseguruaren azken ordainketaren ordainagiria aurkeztuko da, baldintzen kopia bat erantsita.

–Udal tasa ordaintzea (10 euro).

b) Beste erakunde batzuek emandako baimenak baliozkotzeko eskaeren kasuan.

–Adinez nagusi izatea eta ez egotea animalia behar bezala zaintzeko desgaiturik.

–Lizentzia eman duen udalaren ziurtagiria, baliozkotzea eskatzeko unean lizentzia baliozkoa eta indarrekoa dela egiaztatzen duena. Bertan jaso beharko dira: eman zen eguna, titularraren datuak eta zakurraren identifikazioa.

–Baliozkotu beharreko txartela edo lizentzia aurkeztea.

–Aranguren Ibarreko Udalak Lurraldeko Justizia Kudeatzailetzari interesdunaren izenean aurrekari penalik ez izatearen ziurtagiria eskatzeko baimena edo, bestela, ziurtagiri hori bera, interesdunak berak erakunde horri eskatutakoa.

–Erregistratu beharreko animaliaren dokumentazio eguneratua.

–Animaliak egin ditzakeen kalteak estaltzen dituen erantzukizun zibileko aseguru baten baldintzen kopia, zeinak 180.303,63 euroko gutxieneko zenbatekoa izanen baitu animalia bakoitzeko, urtebeteko indarraldiarekin, gutxienez. Indarraldia egiaztatzeko aseguruaren azken ordainketaren ordainagiria aurkeztuko da

–Interesdunaren zinpeko adierazpena, adieraziz txartela edo lizentzia eman zenetik gaur arte ez dela izan gaitasun psikofisikoaren ziurtagirian edo lizentziaren egokitasunean aldaketak eragin ditzaketen inguruabar aipagarririk.

–Udal tasa ordaintzea (10 euro).

Berriz ere nabarmentzen da lizentziaren indarraldia lau urtekoa izanen dela, aurreko administrazioak txartela eman zuenetik zenbatzen hasita, ordenantza honen artikulu honetako 6. puntuan adierazten den bezala.

c) Animalia batengatik emaniko lizentzia baten indarraldian beste animalia bat eskuratzen bada, udal erregistroetan jasotako espediente hori kontuan hartuko da, bai eta oraindik indarrean dagoela ere. Edonola ere, honako baldintza hauek bete beharko dira:

–Adinez nagusi izatea eta ez egotea animalia behar bezala zaintzeko desgaiturik.

–Kondenarik jaso ez izana, aurreko lizentzia eman zenetik eta berria eskatu arte, delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko arauteriaren aurkako arau haustea egiteagatik zehapenik jaso ez izana. Hori dela eta, aurreko txartela eman zenetik hiru hilabete iragan badira, Lurraldeko Justizia Kudeatzailetzari ziurtagiri berri bat eskatuko zaio. Udala arduratu daiteke izapide horretaz, interesdunak baimena ematen badu.

–Erantzukizun zibileko aseguru baten egiaztagiria, animaliek hirugarrenei egiten ahal dizkieten kalteengatik, bederen urtebeteko iraupena eta gutxienez 180.303,63 euroko zenbatekoa duena. Indarraldia egiaztatzeko aseguruaren azken ordainketaren ordainagiria aurkeztuko da, baldintzen kopia bat erantsita, eta han jasota ageri beharko da beste zakur bat gehitu dela aseguru berean.

–Udal tasa ordaintzea (10 euro).

Aukera hau baliatzeko ezinbesteko baldintzak hauek dira:

–Interesdunak aurreko espedientea balia dadila eskatzeko erabiltzen duen txartela edo fotokopia bat aurkeztea.

–Azaldutako irizpideen arabera emandako txartela baliogabetu dezakeen kasuari izan ez dela dioen zinpeko adierazpena, batik bat aurreko txartela izapidetzean aurkeztutako gaitasun psikologikoko ziurtagiriari dagokionez, bigarren kasuan hori aurkezteko betebeharretik salbuesteko argudiatu bada.

Eskatzaileak beste administrazio batek baliozkotutako txartelari heldu nahi dionean honako hau ere aurkeztu beharko du, aurreko puntuan aipatutako zinpeko adierazpenaz eta baliozkotutako txartelaz gain: aurreko erakundean aurkeztu zen gaitasun psikofisikoko ziurtagiriaren kopia, zeinari esker eman baitzioten aurreko zakurra izateko txartela.

Zakur berriarentzat eta ondorengoentzat emandako lizentziaren indarraldia oinarri gisa erabilitako espedientearen amaiera datara arte luzatuko da soilik.

d) Zaintzaile profesionalaren txartel bereziaren eskaera:

1.–Izendatutako arduradunari dagokionez:

–Adinez nagusi izatea eta ez egotea animalia behar bezala zaintzeko desgaiturik.

–Inoiz kondenarik jaso ez izana delitu hauetakoren batengatik: homizidioa, lesioak, torturak, askatasunaren edo osotasun moralaren aurkakoak, sexu askatasunaren eta osasun publikoaren aurkakoak, lotura talde armatu batekin edo droga salerosketarekin. Ildo beretik, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko arauteriaren aurkako arau haustea egiteagatik zehapenik jaso ez izana.

–Gaitasun psikologikoaren agiria, udal agintariek aintzat jotzen duten erakunde ofizial batek luzatua.

2.–Zaintzaren jarduera profesionala bere gain hartzen duen pertsona fisiko edo juridikoari dagokionez:

–Jardueraren arduradun fiskalaren izenean aseguru bat egin izanaren ziurtagiria. Aseguru horrek ezaugarri horiek dituen animalia bakoitzak hirugarrenei eginiko kalteak estaliko ditu eta 180.303,63 euroko gutxieneko zenbatekoa izanen du, eta urtebeteko iraunaldia, gutxienez. Ordaindutako azken ordainagiria eta aseguruaren baldintzen kopia bat aurkeztu beharko dira.

–Ekonomia jardueren gaineko zergaren indarreko alta, udalerri honetan edo beste batean, animaliak gorde, zaindu edo haiei arreta ematearekin bateragarria den jarduera batean, barne hartuta kategoria horretako animaliak.

–Udal tasa ordaintzea (10 euro).

6. Lizentziak 4 urteko indarraldia izanen du, eta indarrik gal ez dezan, eskuratzeko eskatu ziren baldintzei eutsi beharko zaie. Hala ere, Udalak egiaztatzen ahalko du, ofizioz edo salaketaren ondorioz, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak eusten ote dien lizentzia eskuratzeko betebeharrei, eta, ikuskapena egin ondotik, egiaztatzen bada arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe edo edukitzaileak ez duela betetzen baldintzetakoren bat, kontsideratuko da ez duela lizentziarik animalia edukitzeko eta hasiera emanen zaie behar diren legezko ekintzei.

54. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabe, hazle eta edukitzaileek honako betebehar hauek izanen dituzte:

–Arriskutsua izan daitekeen animalia edukitzeko lizentzia eskuratzea, animalia eskuratu eta hilabeteko epean.

–Lizentzia eskuratzeko ordenantza honetako 53. artikuluaren 2. apartatuan aipatzen diren baldintzei eustea eta haiek galdu direla jakinaraztea.

–Erregistroan inskribatzea, eskuratzen denetik hilabeteko epean, beren esku duten eta arriskutsua izan daitekeen animalia bakoitza.

–Udalari jakinaraztea animaliaren lapurreta edo galera, gertatzen denetik bost eguneko epean, baita hura beste inori utzi edo saldu zaiola ere, edo hil egin dela, hamabost eguneko epean, identifikaziorako datuak emanda.

–Animalia eskuratzeko unean, beste jabe baten izenean erroldaturik badago, jabe berriak, eskuratu aitzin, arriskutsuak izan daitezkeen animaliak edukitzeko lizentziaren jabe izan beharko du, eta Udalari jakinarazi beharko dio, eskuratzen duenetik hasi eta bost eguneko epean, gehienez ere, animaliaren jabe aldaketa gertatu dela.

–Erregistroko datuetan gertatzen den beste edozein aldaketa ere jakinarazi beharko da, gehienez ere hamabost eguneko epean.

–Animalia zikiratu edo antzutu dela jakinarazi beharko dute, hala jabeak eskaturik gertatzen denean nola administrazio nahiz epaitegiko agintariaren ebazpen edo aginduaren ondorioz egiten bada.

–Arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan aurkeztu beharko ditu, urtea amaitu baino lehen, albaitariaren urteroko azterketa egiaztatzen duen agiria eta mota honetako animaliak edukitzeak dakartzan arriskuetatik babesteko formalizatzen den aseguruaren nahiz erantzukizun zibileko primaren kopia konpultsatuak.

–Arriskutsua izan daitekeen animalia bat Aranguren Ibarrera ekartzen bada, mugarik gabe edo hiru hilabetetik goitiko denbora baterako, jabea beharturik egonen da arriskutsuak izan daitezkeen animalien erregistroan sartzera. Animaliaren egonaldia hiru hilabetetik beheitikoa bada, edukitzaileak egiaztatu beharko du bere ohiko bizilekuan betetzen duela arriskutsuak izan daitezkeen animalien gaineko araudia, eta higiene nahiz osasun aldetik eta herritarren segurtasunerako behar diren neurriak hartu beharko ditu.

–Oro har, animaliak edukitzeari buruz bete behar diren obligazio guztiak konplitu beharko ditu.

Betebehar horietarako epea kasu bakoitzean zehaztuko da, eta, eperik zehazten ez bada, hamabost egunekoa izanen da.

55. artikulua. Arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeek, erregistroan sartu nahi badituzte, Aranguren Ibarreko Udalari jakinarazi beharko dizkiote honako datu hauek:

–Animaliaren espeziea.

–Animaliaren identifikaziorako zenbakia, hala behar badu.

–Arraza. Gurutzatu ondoko lehenbiziko belaunaldikoa bada, jatorriko arrazak aipatuko dira.

–Sexua.

–Erresena edo erreseina erdia.

–Jaioteguna.

–Animaliaren ohiko bizilekua, zehazturik gizakiekin batera edo bestela biziko ote den, alegia, zaintza, babes edo aipatzen den halako beste xede baterako den.

–Jabearen izena, helbidea eta NANa.

–Animaliaren haztegiaren edo sorlekuaren datuak.

–Albaitari kolegiatu baten urteroko azterketak, zeinetan frogatuko baita animalia osasunez nola dagoen, bereziki arriskutsu bihurtuko duen eritasun edo nahasmendurik ez duela, ez eta borroketan nahiz bestelako jarduera debekatuetan erabilia izatearen ondoriozko lesio edo orbainik ere.

–Trebakuntza zentroko datuak, halakorik bada.

–Erasoak.

–Mikrotxip identifikagarria paratua duela dioen agiria.

Datu horiek denak Erregistroan sartuko dira eta aldaketarik gertatzen bada, jabeak haren berri eman beharko du, erregistroan sartu behar den aldaketa gertatu ondoko hamabost eguneko epean, eraso kasuetan izan ezik, halakoak berehala komunikatu behar baitira.

56. artikulua. Albaitaritzako klinika, kontsultategi eta ospitaleek erregistro liburu bat eduki beharko dute; hartan paratu beharko dituzte 55. artikuluan aipatzen diren datuak, arriskutsu izan daitekeen animaliak udal erregistroan duen zenbakiarekin batera.

57. artikulua. Abenduaren 23ko 50/1999 Legean aipatzen direnez gainera, honako hauek ere debekatuta daude:

–Arriskutsua izan daitekeen animalia muturrekorik gabe ibiltzea eremu publikoan barna edo adingabe batek daramala edo bere kasa.

–Arriskutsua izan daitekeen animaliari uztea pertsonei edo beste animalia batzuei eraso egiten, esku hartzeagatik edo esku ez hartzeagatik, edota kalte egiten edozein ondasuni, hala eremu publikoan nola leku pribatuetan, erasoaren unean edo aurretik halakorik ez gertatzeko behar diren neurriak hartu gabe.

–Aranguren Ibarreko Udalaren aginduren bat zehazten den epetik kanpo betetzea.

–Ordenantza honetan ezartzen diren obligazioak epetik kanpo betetzea, non eta jokamolde hori ez den hartzen 50/1999 Legearen aurkako beste arau haustetzat.

58. artikulua. 50/1999 legean ezarritako zehapenez gain, aurreko ataletan (57. artikulua) aipatzen diren arau hausteak, ordenantza honen aurkako arau hauste oso astuntzat hartuko dira eta, ondorioz, 990 eurotik 1.500era bitarteko isuna paratuko da, eta arriskutsua izan daitekeen animaliaren jabea edo edukitzailea izanen da erantzulea.

50/1999 Legean aurreikusitako arau hausteak zehatuko dira bertan edota horren ordez indarrean legokeen arauan ezarritako isunekin.

Zehapena mailarik gorenean ezarriko da urte natural berean arau haustea berriz gertatzen bada.

Berriz ere araua hautsi dela ulertuko da, baldin eta animaliari edo animaliaren edukitzaileari zehapena ezarri bazaio bi aldiz gutxienez, animaliak edukitzeari buruzko araudia hausteagatik.

59. artikulua. Datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoaren arabera, aditzera ematen da:

–Ordenantza honek indarra hartzen duenean, datu pertsonalen fitxategi bat izanen dela, arriskutsuak izan daitezkeen animalien jabeak edo edukitzaileak erregistratzeko.

–Horren xedea da Aranguren Ibarreko Udalak bete ahal izatea 50/1999 Legeak Udalei ematen dizkien obligazioak.

–Fitxategi hori Aranguren Ibarreko Udalak baino ez du erabiliko, salbu eta administrazioen arteko lankidetza betebeharra dagoenean.

–Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematea nahitaezko betebeharra da.

–Ordenantza honetan aipatzen diren datu pertsonalak ematen dituen pertsonak onartzen du haiek erabil daitezen artikulu honetan zehazten den xedearekin.

–Datu pertsonalak emateari uko eginez gero, artxibatu eginen da lizentzia espedientea.

–Artxiboan erregistraturik dauden pertsonek aukera izanen dute sartu, zuzendu, deuseztatu eta kontra egiteko eskubideak erabiltzeko.

–Datuak deuseztatzeko eskabidea aurkeztuz gero, galdu eginen da animalia arriskutsua edukitzeko lizentziari eusteko eskubidea.

–Datu pertsonal horien erabileraren arduraduna Aranguren Ibarreko Udala da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusten ez den orotan, kontuan hartuko da Toki Administrazioari buruzko Foru Legean, Jarduera Sailkatuen Erregelamenduan eta dagozkien araudi osagarrietan xedatutakoa eta Abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituen ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuan xedatutakoa.

Bigarrena.–Indarrik gabe gelditzen dira maila bereko edo txikiagoko udal araudi guztiak, ordenantza honi kontra egiten badiote edo bertan arautzen diren gaiei buruzko xedapenak badituzte, baita Animaliak eduki eta babestea arautzen duen Aranguren Ibarreko Udalaren osasun ordenantza ere, 2017ko 112. Nafarroako Aldizkari Ofizialean publikatua, ekainaren 12an.

Hirugarrena.–Ordenantza honetako manuak ez betetzeak Segurtasun Indar eta Kidegoen eta osasun zerbitzuen salaketa ekarriko du berekin.

Laugarrena.–Zehapen ahalmenaren erabilera.

Ordenantza honetan aipatzen diren arau hausteengatik zehapenak ezartzeko, erregelamendu bidez arauturik dagoen zehapen prozedurari segitu beharko zaio.

Laugarrena.–Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean behin betiko argitaratzean hartuko du indarra.

Iragarkiaren kodea: L2001281