31. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Aldaketa, Trafikoari buruzko ordenantza orokorrean.
Behin betiko onespena

Tuterako Udalak, 2019ko urriaren 7an egindako osoko bilkuran, hasiera batean onetsi egin zituen Tuterako Udalaren Trafikoari buruzko ordenantza orokorrean sartzeko aldaketak, zehazki, 56. artikuluari dagozkionak (“Zona Peatonal Casco Histórico”).

Aldaketa horien hasierako onespenaren eta erregelamenduzko jendaurreko epearen iragarkia 2018ko 214. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 29an. Jendaurreko epean inork ez zuen alegaziorik aurkeztu, eta horregatik, behin betiko onetsi zen.

Argitara ematen da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan eta aplikatzen ahal den gainerako legerian ezarritakoa betetzeko.

Tuteran, 2020ko urtarrilaren 24an.–Alkatea, Alejandro Toquero Gil.

TRAFIKOARI BURUZKO ORDENANTZA OROKORRAREN ALDAKETA

“56. artikulua. Alde Zaharreko oinezkoentzako eremua.

Honako toki hauez osaturik dago: Albillo karrika, Bóveda karrika, Carmen Alta karrika, Carmen Baja karrika, Carnicerías karrika (15.-25. eta 14.-18. zenbakiak), Chapinerías karrika, Cortadores karrika, Descalzos karrika, Fuente del Matadero karrika, Gayarre karrika (1.-11. bis eta 2.-8. bis karrikak), Herrerías karrika, Jorge Burgaleta karrika, Leache karrika, Mercadal plaza, Mercado Viejo karrika, Pasaje karrika, San Clemente karrika, Yanguas y Miranda karrika, eta Zurradores karrika.

Karrika horietako erabilera eta xedea oinezkoen eremua izanik, zerbitzu publikoak bermatuta izan ditzaten, auzokoak ibilgailuz sar daitezen eta kale horietako merkataritzako establezimenduek zamalanak egin ditzaten, jarraian adierazten diren baldintzak betetzen dituzten ibilgailuak sartzen ahalko dira aipatutako karrika eta plazetan.

Bizilagunak Zurradores, Mercado Viejo edo Herrerías karriketatik sartuko dira eremuan. Sarrera “zirkulazio debekatua, baimendutako ibilgailuak izan ezik” dioen seinale baten bidez egonen da arautua. Irteteko, Mercado Viejo karrika edo Herrerías karrikaren goiko aldea erabiliko dute. Zurradores, Mercado Viejo edo Herrerías karriketan, matrikulak identifikatzeko gailu elektroniko bat egonen da, eremura sartzen diren ibilgailu guztiak kontrolatuko dituena: argazkia eginen die sartzeko baimenik ez duten ibilgailuei eta, gero, zehapena jarriko zaie, zirkulatzeko debekua ez betetzeagatik.

Modu profesionalean zamalanak egiteko, Verjas y Carnicerías karrikatik, Zurradores karrikatik edo Herrerías karrikaren goiko aldetik sartu eta Herrerías karrikako goiko partetik atera beharko da. Zamalan horiek 09:30etik 12:30era egonen dira baimenduta.

Ordenantzaren 22. artikuluak dioenez, bide publikoan zamalanak egitea da salgairen bat eramatea finka batetik ibilgailu aparkatu batera edo alderantziz, eta bi ibilgailuren artean, betiere, lan horretarako baimena izanik. Kapitulu honetan definituriko zamalanak egiteko baimendutzat jotzen dira, turismo ibilgailuak izan gabe, zamalanak garraiatzeko baimena izan eta zirkulazio baimenean definizio horren araberako sailkapena duten ibilgailuak, edo garraio txartela dutenak.

–Debeku da ibilgailuak aparkatzea Alde zaharreko oinezkoentzako eremua osatzen duten karrika guztietan, honako ibilgailu hauek izan ezik:

1. Zurradores eta Gayarre karriketan eta Carmen Baja karrikaren eta Alberto Pelairea karriken artean, horretarako zedarritu eta seinaleztaturiko tokietan.

2. Zamalanetarako ibilgailuak, zedarritze hori duten eta seinaleztatuta dauden tokietan, oinezkoen eta baimendutako ibilgailuen trafikoa oztopatzen ez duen moduan, horretarako zehazturiko ordutegian (09:30etik 12:30era).

3. Karrika horietan zirkulatzeko baimena duten ibilgailuak, zamalanak egiteko, bizilagunak hartu edo uzteko eta antzeko gauzetarako baino ez.

–Alde zaharreko oinezkoentzako eremuan sartzen ahalko dira:

1. Eremua osatzen duten karrika edo plazetako egoiliarren ibilgailuak; eta haien seme-alabenak, baldin eta egoiliarrak ez badu ibilgailurik.

2. Eremuko karriketan dauden negozio, elkarte, peña eta abarretako ibilgailuek honelaxe eskuratuko dute baimena:

a) Tabernek, dendek eta abarrek: bi, sozietate izen bakoitzeko.

b) Gastronomia elkarteak, peñak eta elkarteak orokorrean: bat, hogeita bost bazkide bakoitzeko edo zati bakoitzeko.

3. Eremua osatzen duten karriketako garajeetan aparkatzen diren ibilgailuak, nola titularren jabetzakoak hala alokatuak. Justifikatu egin beharko da hori.

4. Etxera eramateko zerbitzuetako ibilgailuak. Bat, saltoki bakoitzeko, turismo ibilgailuen edo furgoneten kasuan, eta era guztietako motozikletak eta ziklomotorrak.

5. Baimendutako bertze ibilgailu batzuk:

a) Zerbitzu publikoetako eta mantentze lanetako udal ibilgailuak.

b) Larrialdi zerbitzuetan eta herritarren segurtasuna zaintzeko erabiltzen diren ibilgailuak (segurtasun indar eta kidegoak).

c) Suteak itzaltzeko zerbitzuak eta osasun laguntzakoak nahiz anbulantziak, larrialdi zerbitzua egin behar dutenean.

d) Bizikletak, abiadura egokian badabiltza eta oinezkoei arriskurik sortzen ez badiete.

Sor daitezkeen egoera bereziak aztertuko dira, interesdunak eskatuz gero.

–Baimen bereziak, puntualak edo aldi baterakoak.

Oinezkoentzako eremuan sartzeko baimena eskuratzen ahalko dute, Udaltzaingoan aldez aurretik hura eskatuta:

a) Eraikuntza enpresetako ibilgailuak, sarbide murriztuko karrika edo plazetan obrak egiteko.

b) Etxe aldairetako ibilgailuak. Udaltzaingoak ezarriko du zein izanen den lanok egiteko modurik egokiena, eremuan ibiltzeko nahiz zamalanak egiteko eragozpenik ez sortzeko.

c) Aldi baterako instalazioak. Eremu horietan instalazioak aldi baterako jarri eta bide publikoa okupatzeko, Udalaren lizentzia beharko da. Eskaeran, okupazio horretarako zein ibilgailuk sartu beharra duten adieraziko da.

–Zehapenen araubidea.

a) Arau hauste arinak.

  • Oinezkoentzako eremuan aparkatzea zirkulazioa oztopatu gabe, ibilgailuak eremu horretan zirkulatzeko baimena izanda ere, horretarako zedarrituta eta seinaleztatuta dauden tokietan izan ezik.

Arau hauste arinentzat aurreikusitako zehapenak: 80 euroko isuna.

b) Arau hauste astunak.

  • Oinezkoentzako eremutik zirkulatzea, horretarako baimenik eduki gabe.
  • Oinezkoentzako eremuan aparkatzea zirkulazioa oztopatuz, ibilgailuak eremu horretan zirkulatzeko baimena izanda ere.

Arau hauste larriengatik aurreikusiriko zehapenak: 200 euroko isuna”.

Iragarkiaren kodea: L2001224