31. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 14a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

ERDIALDE-MAIRAGAKO MANKOMUNITATEA

Deialdia, bete dadin ur ataleko 1. mailako ofizialaren
lanpostu bat, oposizio-lehiaketaren bidez

Mairagako Mankomunitateko Lehendakaritzak, 2020ko urtarrilaren 28an emandako Ebazpenaren bidez, eta bat etorriz 2018ko azaroaren 5eko Batzar Orokorrarekin, deialdi hori onetsi zuen, honako hauekin bat:

OINARRIAK

1. oinarria. Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da betetzea Ur ataleko 1. mailako ofizialaren lanpostu bat, oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez, Mairagako Mankomunitatearen plantillako langile finkoen eta/edo funtzionarioen artean, baldin betetzen badituzte deialdi honetan eskatzen diren baldintzak.

Prozedura eginen da bat etorriz xedatua dagoenarekin Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren 15.6 artikuluan, ezartzen baitu hautapen proben deialdia egin daitekeela haien funtzionarioei murrizturik, eraginkortasun eta ekonomia arrazoiek komenigarri egiten dutenean aldaketak egitea lanpostuen antolaketan eta eginkizunetan, eta horiek nahitaez eragiten dutenean goragoko maila batean sailkatzea, betiere baldintza izanik deialdiko lanpostu hutsek ez ekartzea plantillan diren lanpostuen kopurua handitzea.

1.2. Hautaprobak gainditzen dituena lanposturako izendatuko da, eta C mailan sailkatuko. Jasoko ditu abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan ezarritako ordainsariak (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi ziren Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina), bai eta Mairagako Mankomunitatearen plantilla organikoan ezarritako osagarriak ere.

1.3. Maila igotzeko proba hauetan parte hartzeak ez du deusetan aldatuko izangaiak izendapenaren aurretik zuen araubide juridikoa; eutsiko dio Gizarte Segurantzaren eta osasun laguntzaren araubide berari.

1.4. Deialdiaren kategoriari dagozkion lanak eta eginkizunak bete beharko dira. Ordutegia lanaldi osokoa izanen da, lortu nahi den lanpostu zehatzerako ezarritakoa; une oro egokituko da zerbitzuaren beharretara, eta erakunde administratibo eskudunek noiznahi aldatzen ahal dute, zerbitzuaren beharretara egokitzeko.

1.5. Betebeharrak.

Lanpostua betetzen duenak izanen ditu orain arteko eginkizun berberak, jarraian adierazten direnak. Gainera, maila berriari dagozkionak ere esleitzen ahalko zaizkio.

Aipatzearren, baina zerrenda mugatzeko asmorik gabe, honako eginkizun hauek:

–Uren instalazioei buruz indarrean dauden arauak eta horien aplikazioa ezagutzea eta aplikatzea.

–Instalazioak ikuskatzea, tartean erreklamaziorik izan nahiz ez izan, eta txostena egitea, adieraziz nola egokitzen diren uraren ziklo integralaren araudira, Mairagako Mankomunitatearen berariazko araudira eta Eraikingintzaren Kode Teknikoan adierazitako araudi orokorrera.

–Iturgintza instalazioetan, aplikatzea segurtasunari eta laneko arriskuei aurrea hartzeari buruzko araudia, eta erabiltzea langilearen eskura jartzen diren norbera babesteko ekipamenduak.

–Planoak interpretatzea, instalazioen krokisak egitea, eta erabiltzea behar diren baliabide teknologikoak eta horien programak (ordenagailuak, tabletak, telefono adimendunak eta abar).

–Kanpora ateratako zerbitzuak zaintzea eta kontrolatzea.

–Lana antolatzea, planifikatuz erabili beharreko materialak eta gauzatu beharreko lanak, eta joan-etorrietako bideak optimizatzea.

–Ikuskatzea eta kontrolatzea zuzen egin direla garatu diren zereginak, eta materialen eta erreminten erabilera zuzena ere ikuskatzea eta kontrolatzea.

–Lanpostuko agiriak betetzea.

–Erreminten eta materialen stocka kontrolatzea, eta beharrizanen aurreikuspena komunikatzea.

–Zaintzea ongi mantentzen direla erabili diren erremintak eta materialak, eta, hala behar denean, horiek konpontzeko eskatzea.

–Aldian behin bilerak izatea nagusi hurrenarekin, informazioa helarazteko, egin beharreko jarduerak planifikatzeko, gorabeherak aztertzeko, etab.

–Kontagailu geldiak, zaharkituak eta buxatuak aldatzea eta abian jartzea, eta kontagailu elektronikoak reseteatzea.

–Hornidura eta saneamendu sareak osatzen dituzten elementuen badaezpadako mantentze-lanak egitea: ireki eta ixtea balbula nagusiak, harguneetakoak eta ureztatze ahoak; sute-ahoen errakoreak ireki eta ixtea, olioztatzea, pintatzea, aldatzea; bentosetako airea purgatzea eta purgagailua aldatzea; hornidurako kutxetak eta putzuak, kutxetak eta saneamenduko gainezkabideak garbitzea, pintatzea, zigilatzea eta torlojuak aldatzea.

–Biltegiratzeko instalazioen, biltontzien, ponpen, bideratzeko ganberen, hondakin uren goraguneen eta balbulen mantentze lanak egitea: garbitzea (ekortzea, urez garbitzea eta hautsa kentzea); itxiturak, ateak, estalkiak, barandak eta galdaketako piezak pintatzea (lixatzea, inprimatzea eta pintatzea); biltontziak hustea, garbitzea, desinfektatzea eta betetzea; balbulak, piezak, bridak eta abar aldatzea.

–Sareetako ur-ihesak eta haien ondorioz behe solairuetan eta sotoetan sortzen diren ur-pilaketak bilatzea, ikuskatzea eta ur-isurketen jarraipena egitea, erabiliz geoponoak, korreladore akustikoak eta, oro har, ihesak antzemateko baliabideak.

–Iturrien funtzionamendua ikuskatzea.

–Hornidura sareen elementuak aldatzea edo konpontzea: balbula orokorrak, ur-harguneen balbulak, sute-ahoak, bentosak, ureztatze ahoak eta abar.

–Saneamendu sareen elementuak ordezkatzea, konpontzea eta garbitzea: hainbat putzu mota, kutxetak, gainezkabideak, ur beltzen eta euri-uren hustubideak.

–Biltontzietan klorazioak kontrolatzea.

–Tanga hornitu eta betetzea, hipokloritoa erabiliz. Hodiak purgatu eta/edo aldatzea, ponpa dosifikatzailearen emaria doitzea.

–Konpontzea hornidura eta saneamenduko hodiak. Eginkizun horien artean daude ur horniduraren mozketa aurretik gaztigatzea eta hura egitea, zoladura ebakitzea makinaz nahiz konpresore eta mailuaren bidez, eskuzko hustuketa, hodia konpontzea, zangan betegarria botatzea eta hura tinkotzea, espaloia baldosaz zolatzea, hormigoizko kutxetak egitea, pateak paratzea erregistro putzuetan eta kutxetetan, ura mozteko gaztiguak egitea, eta, hodiak konpondu ondotik, hornidura gaztiguak egitea.

–Berrikustea saneamendu sarearen putzuak, kutxetak eta gainezkabideak.

–Saneamenduko hodiak ikuskatzea, lanak berrikustea eta bideoa berrikustea TBko kameraren bidez.

–Hargune berriak egitea edo egun dauden harguneak aldatzea, eraikinak egin edo zaharberritzen direnean bizitegietarako nahiz industriarako.

–Urbanizazioetan, aurretik adierazitakoez gain: sareak birkokatzea, (hodien kokapena beste zerbitzuekiko), ura moztea eta ematea egun dauden sareetara lotzeko, eta obraren bukaerako ikuskapenean laguntzea.

–Lanpostuaren kategoriarekin bat datozen beste zeregin batzuk garatzea, aldez aurretik horiek gauzatzeko prestakuntza jaso ondoren (elektrizitatea, teleagindua, GIS, etab.).

–Mailari eta lanbide kategoriari lotutako beste eginkizun batzuk.

2. oinarria. Izangaien betebeharrak.

2.1. Oposizio honetan onartuak izateko, izangaiek, eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Mairagako Mankomunitateko D mailako funtzionarioa edo lan-kontratudun finkoa izatea.

b) Iturginaren lanpostuan aritzea.

c) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

d) Goi Batxilergoko titulua, Lanbide Heziketako bigarren mailakoa edo baliokideren bat izatea.

e) Nafarroako Administrazio Publikoetan egiazki bost urtez zerbitzuak egin izana frogatzea.

Deialdiko d) ataleko titulazioaren baldintza betetzen ez denean, horren ordain izan daiteke Nafarroako Administrazio Publikoetan zortzi urteko zerbitzuak benetan egin dituela frogatzea.

Baldintza horiek frogatu beharko dira eskabideak aurkezteko unean.

3. oinarria. Prozedura.

3.1. Eskabideak.

Mairagako Mankomunitateko Erregistro Orokorrean beharko dira aurkeztu deialdian parte hartzeko eskabideak, hogeita hamar egun naturaleko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, egun balioduna bada, edo balioduna den hurrengoan. Eskabideak deialdi honetako I. eranskinean argitaratutako ereduari lotu behar zaizkio, eta haietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

3.2. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina da.

3.3. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira lehiaketaldian baloratu beharreko merezimenduak frogatzen dituzten agiriak.

3.4. Eskabidearekin batera aurkeztu beharko dira deialdiaren 2.1 oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla frogatzen duten agiriak.

3.5. Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

Eskabideak aurkezteko epea burututakoan, Mankomunitateko buruak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko aginduko du. Orobat, argitaratuko da Mankomunitatearen web-orrian eta iragarki-taulan.

Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda argitaratu ondoko hamar egun baliodunen barrenean, erreklamazioak egiten ahalko dituzte eta okerrik egin badute, haiek zuzendu.

Behin-behineko zerrendaren aurka inork alegaziorik aurkezten ez badu, behin betikoa bilakatuko da, eta ez da beharrezkoa izanen Nafarroako Aldizkari Ofizialean halakorik berriz argitaratzea.

Erreklamazioak egiteko epea amaitu eta horiek ebatzirik, Mankomunitateko buruak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onetsi eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara eman dadila aginduko du. Ebazpen berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren. Orobat, argitaratuko da Mankomunitatearen web-orrian eta iragarki-taulan.

4. oinarria. Epaimahaia.

4.1. Kalifikazio epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Jorge Bacaicoa Beruete, Mairagako Mankomunitateko burua.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

1. mahaikidea: Luis Santesteban Arana, Mairagako Mankomunitateko goi mailako ingeniaria.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

2. mahaikidea: Ricardo Carrera Caballero, Mairagako Mankomunitatearen Ur ataleko 1. mailako ofiziala.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

3. mahaikidea: Eva Berango Úrsua, Mairagako Mankomunitateko administrari-ofiziala, langileen ordezkari gisa.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

Idazkaria: Raúl Echarri Jiménez, Mairagako Mankomunitateko idazkaria.

Ordezkoa: hark eskuordetutako pertsona.

4.2. Epaimahaiko idazkariak behar diren aktak eginen ditu, eta mahaikide guztiek sinatu beharko dituzte horietako bakoitza.

4.3. Epaimahaia modu baliodunean eratzeko eta jarduteko, beharrezkoa izanen da bertan izatea hura osatzen duten kideen gehiengo osoa.

4.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiaren oinarrien interpretazioari eta aplikazioari buruz sortzen diren gorabeherak. Berdinketa gertatuz gero, epaimahaiburuak kalitateko botoa erabil dezake.

4.5. Epaimahaiak aholkulari espezialisten laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira arituko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5. oinarria. Oposizio-lehiaketaren nondik-norakoa.

Oposizio-lehiaketa bi alditan gauzatuko da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero.

5.1. Epaimahaiak baloratuko ditu izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala justifikatuak, ondoko baremoaren arabera. Epai mahaiak noiznahi eska ditzake izangaiek alegatutako merezimenduei buruzko argibideak eta datu osagarriak.

5.2. Merezimenduen baremoa.

a) Administrazio Publikoetan, Ur ataleko 1. mailako ofizialaren lanpostuan egindako urte bakoitzeko 2 puntu. Gehienez ere, 20 puntu.

b) Lanpostuaren betekizunei loturik dauden gaiei buruzko prestakuntza eta sakontze ikastaroetan parte hartu izanaren titulu-egiaztagiri bakoitzeko:

–15 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzagatik: 0,50 puntu.

–15 orduko edo gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: 1 puntu.

Ikastaroengatik gehienez ere 10 puntu emanen dira, osotara.

Lehiaketaldian gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta ez da inor baztertuko.

Lehiaketaldia bukatutakoan, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa ikusgai jarriko da Mairagako Mankomunitateko iragarki-taulan.

Mairagako Mankomunitateko informazio-tauletan jakinaraziko dira probak egiteko datak, ordua eta lekua, bai eta web-orrian ere (www.mairaga.es).

Probetarako deialdi bakarra eginen da. Izangaiek agertu beharko dute aldean dutela Nortasun Agiri Nazionala edo epaimahaiak nahikotzat jotzen duen beste identifikazio agiri bat, eta oposiziotik baztertuta geldituko dira agertzen ez diren izangaiak.

Ariketa bakarra: Proba praktikoa izanen da, deialdiko lanpostuari dagokion zailtasunarekin.

Ariketa honetan, gehienez ere, 70 puntu lor daitezke, eta bazterturik geldituko dira 35 puntura iristen ez diren izangaiak.

Oposizioaldia bukatutakoan, epaimahaiak Mairagako Mankomunitateko iragarki-taulan ikusgai jarriko du izangai gaindituen zerrenda, bakoitzak lortutako kalifikazioarekin.

6. oinarria. Epaimahaiaren proposamena:

6.1. Proben kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Mairagako Mankomunitateko iragarki-taulan, izangai gaindituen zerrenda, bakoitzak lortutako guztirako puntuazioaren arabera ordenatua, horretarako batuko baitira lehiaketaldian eta oposizioaldian ateratako puntuak.

Epaimahaiak Mankomunitateko buruari igorriko dio puntuazio altuena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena. Proposamena loteslea izanen da deialdia egin duen administrazioarentzat.

6.2. Izendapena eta karguaz jabetzea.

Aurreko oinarriko hautapenaldia bukatuta, Mankomunitateko buruak ebazpen bidez izendatuko du proposatutako izangaia Mairagako Mankomunitateko Ur ataleko 1. mailako ofizial, eta aginduko du izendapen hori argitara dadila Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Izendapena Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeak ondorio ekonomiko eta administratiboak sortuko ditu, eta egun horren biharamuna joko da kargua hartzeko unetzat, lantokian bertan hartu ere, ondorio guztietarako, berariazko egintzen beharrik gabe.

7. oinarria. Errekurtsoak:

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtsoetako bat aurkez daiteke, hautara:

–Berraztertzeko errekurtsoa, egintza eman duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi eta biharamunetik hasita.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

Tafallan, 2020ko urtarrilaren 28an.–Burua, Jorge Bacaicoa Beruete.

ERANSKINA

Eskabide orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2001312