31. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 14a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

5E/2020 FORU AGINDUA, urtarrilaren 29koa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariak emana, zeinaren bidez deialdia eta oinarri arautzaileak onesten baitira eta gastua baimentzen baita “Aniztasuna, aberastasun iturri” izeneko III. eskola lehiaketarako, 2020. urterako. Lehiaketa Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuak sustatu du.

Nafarroako Gobernuak, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren bidez, eskola lehiaketa bat egin nahi du Nafarroako ikastetxeen artean “Aniztasuna, aberastasun iturri” gaia jorratzeko, eta izenburu hau eman dio: “Aniztasuna, aberastasun iturri” III. eskola lehiaketa. Lehiaketaren bukaera gisa, sariak emanen zaizkie eskola-lan irabazleei. Sariak hauexek izanen dira: plaka grabatuak ematea sariren bat irabazten duten ikastetxeei, eta, kategoria bakoitzean irabazle suertatzen diren ikasleentzat, egun bateko egonaldia ordaintzea Nafarroako Foru Komunitateko jolas-parke batean.

Lehiaketa Nafarroako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako (3., 4., 5. eta 6. mailak) eta Bigarren Hezkuntzako (DBH, Lanbide Heziketa Berezia, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa) ikasle guztiei zuzenduta dago. Sormen lehiaketa da, eta horren bidez lortu nahi da gizarteak balioa eman diezaiola aniztasunari, aberastasun gisa ikusiz, sentituz eta biziz; gizarteak desberdina dena errespeta dezala; eta desberdintasun hori erabil dezala ikaskuntza baliabide gisa.

Deialdi honen xedea da oinarri arautzaileak ezartzea “Aniztasuna, aberastasun iturri” III. eskola lehiaketarako eta ikastetxe irabazleei sariak emateko.

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiaren 2019ko Gastuen Aurrekontuetan, 2020ra arte luzatu baitira, partida berri bat sortu da (B20002 B2100 2268 232500) “Sariak, lehiaketak eta sariketak” izenekoa.

Espedientean Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zerbitzuaren txosten-proposamena jasotzen da, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia ados egonik, baita txosten juridikoa eta partida sortzeko baimena ere.

Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. “Aniztasuna, aberastasun iturri” izeneko III. eskola lehiaketaren 2020ko deialdia onestea, baita haren oinarri arautzaileak ere, foru agindu honen bukaeran txertatu direnak.

2. 5.000,00 euroko gastua baimentzea 2020ra luzatutako 2019ko gastuen aurrekontuko “Sariak, lehiaketak eta sariketak” izeneko B20002 B2100 2268 232500 aurrekontu-partidaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Foru agindu hau jakinaraztea Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiari, eta igortzea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiko Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikorako eta Lankidetzarako Atalera, haren Kontabilitate Zentrora eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak aipatu departamentuan duen Kontu-hartzailetza delegatura, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 29an.–Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

ANIZTASUNA, ABERASTASUN ITURRI

III. Eskola lehiaketa 2020

Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusia

Nafarroako Gobernua

Justifikazioa: Aniztasunari balioa ematen dion gizartea, aniztasuna aberastasun gisa ikusiz, sentituz eta biziz, ederragoa da. Desberdina dena errespetatu, eta desberdintasuna ikasteko baliabide gisa erabiltzen duen gizartea ederragoa da. Kolore askotako ikuspegia duen gizartea ederragoa da. Gainerakoekin harreman osasuntsuak izanik bizi nahi duen gizarteak askotarikoa izan behar du.

Zergatik sormen lehiaketa bat? Edozein pertsonarentzat pizgarria izan daitekeelako modu aktibo eta kritikoan begiratzeko, ikusteko, sentitzeko eta hausnartzeko.

ESKOLA LEHIAKETAREN OINARRIAK

1. Lehiaketan parte har dezakete Nafarroako ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako (3., 4., 5. eta 6. mailak) eta Bigarren Hezkuntzako (DBH, Lanbide Heziketa Berezia, Oinarrizko Lanbide Heziketa eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa) ikasle guztiek.

2. Taldeka hartuko da parte (gelako ikasle guztiek gehi ardura duen irakasleak).

3. Talde bakoitzak lan bakarra aurkeztuko du.

4. Lanak euskaraz edo gaztelaniaz eginen dira.

5. Gaia: aniztasuna, aberastasun iturri.

6. Proposamenaren edukia: argazki bat (HD formatuan) eta laurogei hitz eta ehun hitz bitarteko testu bat (deskriptiboa, literarioa, ipuin laburra edo poesia), argazkian oinarritua eta proposatutako gaiarekin lotua. Testuak izenburu bat izanen du.

7. Bai argazkia, bai testua, jatorrizkoak izanen dira, eta berariaz lehiaketarako eginak.

8. Ez argazkian, ez testuan, ez zaio taldeari erreferentziarik eginen, anonimotasunari eusteko. Bestela, lanek ez dute aukerarik izanen saria jasotzeko.

9. Lanak lehiaketaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita aurkezten ahalko dira.

10. 2020ko martxoaren 27ko 14:00ak baino lehen aurkeztuko dira.

11. Lanak pazyconvivencia@navarra.es helbide elektronikora bidaliko dira, gai honekin: “Aniztasun lehiaketa”.

12. Hiru fitxategi erantsiko dira: argazkia, jpg formatuan (fitxategiaren izena: “Argazkia”), testua, Word formatuan edo baliokidean (fitxategiaren izena: “Testua”) eta agiri bat (“Datuak_fitxategiaren izenean maila zehaztu”), non zehaztuko baitira parte hartzen duen taldearen datuak (ikastetxea, maila eta ikasgela, taldeko ikasle kopurua, lana zer irakasgaitan egin den, irakasle arduradunaren izen-deiturak eta irakasle arduradunaren helbide elektronikoa).

13. Apirilaren 7an, epaimahaiak hautatu diren lanen berri emanen du, eta, aurrerago, lehiaketan parte hartu duten talde guztiei jakinaraziko zaie erabakia.

14. Epaimahaia honako hauek osatuko dute: Nafarroako Gobernuko Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiko bi teknikari eta Hezkuntza Departamentuko Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko beste bi teknikari.

15. Epaimahaiak kontuan hartuko dituen alderdiak:

–Argazkiaren originaltasuna, proposatutako gaiarekin lotuta.

–Argazkiaren kalitatea.

–Nola egokitzen zaion testua argazkiari.

–Testuaren kalitate literarioa.

–Lanak, osotasunean, ematen duen mezu positiboa eta eraikitzailea.

16. Sariak apirilean emanen dira, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak egiten dituen Bakeari eta Bizikidetzari buruzko Jardunaldietan.

17. Sariak:

–Lehen Hezkuntza:

  • Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako ikasleak:
  • Bi lehenbiziko sari, hizkuntza bakoitzean bat: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.
  • Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako ikasleak:
  • Bi lehenbiziko sari, hizkuntza bakoitzean bat: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.

–Bigarren Hezkuntza eta Lanbide Heziketa:

  • DBHko 1. eta 2. mailetako ikasleak:
  • Bi lehenbiziko sari, hizkuntza bakoitzean bat: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.
  • DBHko 3. eta 4. mailetako eta Lanbide Heziketako ikasleak:
  • Bi lehenbiziko sari, hizkuntza bakoitzean bat: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.

(*) Epaimahaiak bere esku izanen du bi accesit banatzea aurkezten diren lan guztien artean.

  • Bi accesit, hizkuntza bakoitzean bat: egun osoko abentura-egonaldia Nafarroako abenturen parke batean + sariaren frogagarri den plaka.

18. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak aurkeztutako lanak erabil ditzake hezkuntzako eta dibulgazioko helburuekin.

19. Lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarri hauek onartzea.

20. Informazio gehiago, hemen: 848426048 / pazyconvivencia@navarra.es.

Iragarkiaren kodea: F2001548