304. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 31

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

186E/2020 EBAZPENA, abenduaren 14koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, Fiteroko udal mugartean “Calatrava” T.Z. (Fitero) eta “Fitero 3 Ind.” T.Z. lotzeko 13,2 kV-eko linea elektrikorako proiektuari ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da proiektuaren sustatzailea.

2019ko azaroaren 20an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketaren xedea da linea berria jartzea, lotzeko “Calatrava” (Fitero) transformazio zentroa eta Ormiñengo Dehesako “Fitero 3 Industrialdea” transformazio zentroa; Fiteroko udal mugartean daude biak. Espedientearen tramitazioan baloratu dira zenbait aukera linea berriarekin lotutako beste linea batzuek ingurunean dituzten ukipenak gutxitzeko, bereziki sustatzailearen titularitateko beste linea batzuek Alhama ibaia gurutzatzen duten guneak gutxiago izan daitezen.

2020ko ekainaren 11n aurkeztu zen behin betiko proposamen bat, paratu beharreko linea berria mistoa izan dadin, airekoa eta lur azpikoa. Airekoa zirkuitu bikoitzekoa izanen da, 5 euskarrirekin; lehen euskarria, lur azpitik atera eta airekoa izatera pasatzen denekoa, “Fitero, Larrate TBA” linearen 106. euskarriaren ondoan egonen da (Alhama ibaiaren ondoko baratze eremuan, Fiteroko herrigunearen hegoaldetik gertu). Alhama ibaia eta NA-6900 errepidea gurutzatu ondoren, Ormiñengo Dehesako industrialdearen ipar-mendebaldeko muturraren inguruetara iritsiko da, eta bertan ezarriko da 5. euskarria, airetik lur azpian sartzeko. Lur azpian proiektatu dira “Calatrava” T.Z.ra eta “Fitero 3 Ind.” T.Z.ra doazen hodiak, gehienbat hiri lurzoruan edo lurzoru urbanizagarrian barna.

Sustatzaileak zirkuitu bikoitz hori proposatzen du, eta horrela kentzea Alhama ibaiaren gurutzagunea; izan ere ibaia gurutzatzen du egungo lineak, Ormiñengo Dehesako industrialdetik “Fitero, BTA Larrate” izenekoan dagoen deribazioko 109. euskarrira doanak, linea berritik mendebaldera. Proiektuan jaso da halaber gurutzagune horri dagozkion bi baoak eta tarteko euskarria desegitea.

Proiektuak ez du kalterik eraginen inguruko landaredian, ez eta Alhama ibaiaren ertzeetako zuhaitzetan ere. Abifaunak linearen kontra jo eta elektrokutatzeko arriskua gutxitzeko neurriak ere jasotzen dira.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin bat.

2020ko urriaren 20an, Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalak (Basoen eta Ehizaren Zerbitzua) abelbideei buruzko txosten batean nabarmentzen du, besteak beste, ingurunea lehengoratu beharra dagoela eta azken euskarria “Majarrasaseko adarra” izeneko abelbidearen zortasun eremutik kanpora mugitu.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du proposamenaz, baina ebazpen honetan biltzen diren baldintzak ezarrita.

Ikusirik espedientean dauden txostenak, eta erabiliz Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea “Calatrava” T.Z. (Fitero) eta “Fitero 3 Ind.” T.Z. lotzeko 13,2 kV-eko linea elektrikorako proiektuari, Fiteroko udal mugartean. I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da proiektuaren sustatzailea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–5. euskarria Fiteroko katastroko 6. poligonoko 444. lurzatitik kanpora jarri beharko da, bertan baitago “Majarrasasko adarra” izeneko abelbidea, eta lurzati horren mugatik 3 metroko tartea errespetatu beharko du, abelbide horren zortasun eremua alegia.

–Edozein kasutan, bidegurutzeen eta zangen zabalerari dagokionez, teknikoki posible den txikiena izanen da, eta kutxatilak lurzoruarekin zehatz-mehatz berdinduko dira, sestra berean gelditzeko.

–Lanak bukatu ondoren, ukitutako lurrak lehengoratuko dira proiektuaren aurretik zuten erabilerarako prest egon daitezen. Batez ere abelbidean, baina bertan dauden lurzatietarako sarbideetan ere, zorua eta zabalera ezin izanen dira aldatu.

–Proiektuaren ondorioz sortzen diren hondakinek, batez ere baoak eta euskarria desegitean sortutakoak, zein bere izaeraren arabera legeek agindu bezala kudeatuko ditu kudeatzaile baimendu batek.

–Teknikoki bideragarria baldin bada, 3. euskarria terrazaren ertzetik aldenduta jarriko da (Fiteroko 2. poligonoko 1481. eta 1482. lurzatiak), Alhama ibaiaren ibarraren gainean kokaleku nabarmenik izan ez dezan, eta ikuspegian duen eragina txikiagoa izan dadin.

–Zirkuitu bikoitzeko aireko lineak basa abifaunarengan dituen arriskuei aurrea hartzeko, sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan jasotako neurriak beteko dira: U70YB20-AL+PECA-1000-A (metro batetik gorako isolamendukoak) motako isolatzaileak eta U70YB20P motakoak esekidurakoetan; eroaleak estalita estekatu eta lotzeko zubietan, tximistorratzen babesa, autobalbulak eta bestelakoak aurremoldeatutako elementuekin, zorroekin edo babes-karpetekin, eta ebakitzaileak gurutzeta azpian jarrita.

–Abifaunak linearen kontra jotzeko arriskua saihestearren, aireko linearen zatia osorik seinaleztatu beharko da hegaztiak babesteko balizekin, zirkuituetako batean gutxienez; balizen arteko tartea 15 metrokoa izanen da fase bereko bi baliza kontsekutiboren artean, halako moduan non seinaleen arteko ikusizko distantzia, albotik begiratuta, 5 metrokoa edo txikiagoa izanen baita.

–Jarduketa bukatzean linearen eta euskarrien artxibo geoerreferentziatua entregatuko da, baita espedienteko eta ebazpen honetako ingurumen neurriak betetzeari buruzko txostena ere.

–Zerbitzurik gabe gelditzen diren azpiegitura guztiak (euskarriak, kableak, etab.) desmuntatu eginen dira.

Hirigintza eta lurralde arlokoak:

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina (LAHFLTB) onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 112.2 artikuluaren arabera, instalazioaren elementuek hiru metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko ertzetik neurtuta.

–Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Bereziki:

  • Herri-lurren Atalak 2020ko apirilaren 16ko txostenean adierazten duena kontuan hartuta, nahitaezko desjabetzea baliatzen bada ez da beharrezkoa izanen udalak inolako baimenik eskatzen atal horri lurrak okupatzeko. Hori horrela ez balitz, ordea, Fiteroko Udalak atal horren aurrean izapidetu beharko luke ukitutako herri-lurren okupazio espedientea (eroanbidea eta zortasunak), Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 172. artikuluarekin bat).
  • Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak 2020ko urtarrilaren 20ko txostenetan adierazitakoarekin bat:
  • Jarduketak ukitzen duen bidea Foru Komunitatearen intereseko NA-6900 errepidea da, Cascante-Fitero. Nafarroako Errepideen III. Plan Gidarian (2010-2018) aurreikusirik dago, “NA-6900-N-113-FITERO” izeneko 152. jarduketan, errepide hori zabaltzea areka zapalgarriak eginez. Ukipenaren funtsa da linea elektriko berriak airetik gurutzatuko duela NA-6900 errepidea, gutxi gorabehera 18+020 KParen parean.
  • Gurutzaketan kontuan hartu beharko da Nafarroako Errepideen III. Plan Gidarian aurreikusitako 152. jarduketa, halako moduan non zutoinak kokatuko baitira errepidetik aldenduta, jarduketa linea elektrikoa ukitu beharrik izan gabe bete ahal izateko.
  • Aireko lineari eusteko dorreak ukitutako errepidearen galtzada zedarritzeko kanpoko lerrotik bereiz egonen dira. Tarte hori, gutxienez, dorreen garaieraren parekoa izanen da. Tokiko errepideetan (NA-6900 halakoxea da), ezin da inola ere 18 metrotik beherako tarterik utzi, halako moldez non eroriz gero ez bailuke galtzada ukituko.
  • Errepideen plataformaren eta kablerik baxuenaren artean geratu beharreko gutxieneko garaiera librea departamentu eskudunak eskatutakoa izanen da, eta ez da inola ere 7 metrokoa baino txikiagoa izanen ukitutako errepidean.
  • Sustatzaileak, lanak gauzatu aurretik, eta haietarako aginduzkoa den baimen eskaerarekin batera, egin beharreko obrak guztiz zehazten dituen dokumentazio teknikoa aurkeztu beharko du Herri Lan Zuzendaritza Nagusian, errepidea ukitzen dutena azalduz, eta goian ezarritako determinazioak beteko dituzte baimena lortzeko, hori bidezko bada.
  • Sustatzailearen kargura izanen dira dokumentazio teknikoa prestatzeari, lanak egiteari eta behar bezala funtzionatzeko behar diren kontsumoei dagozkien gastuak.

–Obrak egitean, aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du horren berri eman behar zaiola lehenbailehen Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.”

–Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak lehengoratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Ildo horretan, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. Artikuluarekin bat etorriz, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua lehengoratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Azpiegitura Energetikoen Atalera, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Fiteroko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako 11 Koordinazio Unitatera) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko abenduaren 14an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2015369