30. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

AZKOIEN

Terrazak eta mahaitxoak eremu publikoan paratzea arautzen duen udal ordenantzaren aldaketaren behin betiko onespena

Azkoiengo Udalak, 2019ko azaroaren 7an egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Terrazak eta mahaitxoak eremu publikoan paratzea arautzen duen ordenantzaren aldaketa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoari jarraikiz, onetsitako ordenantza jendaurrean egon zen hogeita hamar egun baliodunean, iragarkia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita,

interesdunek espedientea aztertzeko eta erreklamazio, kexa edo oharrak aurkezteko aukera izan zezaten.

Jendaurreko epea igaro zen eta inork ez zuen alegaziorik egin; hortaz, ordenantzaren aldaketa, horren 18.1, 19.3 (berria) eta 21.1 artikuluetan eta tarifen eranskinean egina, behin betiko onetsirik gelditu da eta osorik emanen da argitara Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Erabaki honen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa paratzen ahal da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, iragarki hau argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 46. artikuluarekin bat.

Azkoienen, 2020ko urtarrilaren 17an.–Alkatea, Juan Carlos Castillo Ezpeleta.

TERRAZAK ETA MAHAITXOAK EREMU PUBLIKOAN PARATZEA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

1. artikulua. Aplikatu beharreko araudia.

Ordenantza hau Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen lehenengo tituluko IV. kapituluko 7. atalean, Nafarroako Foru Administrazioaren 6/1990 Foru Legearen 262. artikuluan eta Toki-korporazioen Zerbitzuei buruzko Erregelamenduaren 1.etik 17.era bitarteko artikuluetan esleitutako ahalmenak baliatuz eman da.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantzaren xedea da araubide tekniko nahiz juridiko bat finkatzea eremu publikoan terrazak eta mahaitxoak eta batzuen zein besteen instalazio osagarriak (esate baterako, eguzkitakoak, euskarriak, eguzki-oihalak, alboko babesak, argiak eta abar) paratzeko.

3. artikulua. Definizioa.

Aitzineko artikuluan adierazitakoaren ondorioetarako, terraza eta mahaitxotzat hartzen dira jarduera nagusia gauzatzeko Udalaren baimena duen ostalaritzako jarduera baten aldi baterako osagarri gisa erabiltzen diren mahaien, aulkien eta behin-behineko instalazioen multzoa.

4. artikulua. Aldez aurretik lizentzia eskuratu beharra.

Eremu publikoaren gaineko instalazioek erabilera komun bereziaren kategoria juridikoa dute, eta baliatu ahal izateko Udalaren lizentzia lortu behar da lehenik. Eskuratzeko, ordenantza honetan aurreikusitakoa beharko da bete.

5. artikulua. Lizentzia aitzinetik eskuratu beharrik ez.

Instalazioek ez dute ordenantza honetan araututako lizentzia eskuratu beharrik izanen, 3. artikuluan emandako definizioan sartuta egon arren, kasu hauetako batean badaude:

a) Udalaren administrazio kontzesio baten babesean egindako jardueren osagarri direnean, jabari publikoko edo ondareko ondasunetan kokatuta egoteagatik.

b) Herriko jaietako ekitaldiak direla eta, aldi baterako jarduerak direnean, Udalaren organo eskudunak ezarritako egutegiaren eta moduaren barrenean.

6. artikulua. Nolako tokitan kokatzen ahal den instalazioa.

Terraza eta mahaitxoak jabari publikoko ondasunak edo erabilera publikoko ondasun pribatuak diren tokietan jartzeko lizentzia ematen ahal da.

7. artikulua. Lizentzia ukatzeko arrazoiak.

Udalak mahaitxoak, terrazak eta elementu osagarriak ez baimentzeko aukera izanen du baldin eta interes publikoak, ibilbideak, kokapenak, bidearen segurtasunak, herri lanek edo bertzelako inguruabarrek hala eskatzen badute.

8. artikulua. Instalazioak ibilgailuen zirkulazioa duten kaleetako espaloietan.

Instalazioa ez da jarduera nagusiak hartzen duen establezimenduaren fatxada baino luzeago izanen, non ez duten haren ondokoek baimen idatzia ematen; betiere, ondoko etxebizitza eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da.

9. artikulua. Instalazioak oinezkoendako kaleetan.

Ibilgailuen zein oinezkoen joan-etorrietarako beharrak hartuko dira kontuan lizentziak emateko orduan.

10. artikulua. Instalazioak plazetan eta eremu libreetan.

Mahaitxo eta terrazak plaza eta eremu libreetan jartzeko eskaerak kasu bakoitzeko ezaugarrien arabera ebatziko dira, muga orokor hauek betetzen dituztela:

a) Hartzen den zati jarraitua plazaren edo eremu librearen erdia bezain luze izanen da, gehienez ere.

b) Instalazioa plazaren edo eremu librearen herena bezain luze izanen da, gehienez ere.

c) Etxebizitzetan eta lokaletan sartzeko bidea bermatu beharko da.

11. artikulua. Lizentzia eskaera.

1. Interesdunak Erregistro Orokorrean beharko du eskaera aurkeztu, alkateari zuzenduta eta artikulu honetan aipatutako dokumentuak erantsita. Honako hauek adieraziko dira:

a) Eskatzailearen izen-deiturak.

b) Eskatzailearen datuak: helbidea, telefonoa eta NANa.

c) Jardueraren izena eta kokalekua.

d) Jarduerari buruzko datuak (jarduera ekonomikoen gaineko zerga, IFK eta abar).

2. Eskaerarekin batera interesdunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

a) Jardueran aritzeko Udalaren lizentzia (instalatzeko edo irekitzeko lizentzia) izatearen gaineko frogagiria.

b) Aldameneko lokalek emandako baimenaren egiaztagiriak, halakorik behar denean.

c) Kokalekuaren planoa, 1:100 eskalan gutxienez ere, eta muntadurak hartzen duen azalera ongi erakusten duena.

12. artikulua. Ebazpena.

1. Eskabidea ordenantza honetan zehaztu bezala aurkeztu ondotik, eta txosten teknikoa eta juridikoa egin ondoren, Udaleko organo eskudunak legez ezarritako epeetan emanen du ebazpena.

2. Lizentziaren agirian instalazioaren eta elementu osagarrien baldintzak zehaztuko dira, hala nola, okupatu beharreko azalera, mahai eta aulkien kopurua, kontzesioaren indarraldia eta beharrezkotzat jotzen diren gainerako alderdiak.

3. Eskatzaileak ez badu ordaintzen jabari publikoa okupatzeagatik dagokion prezio publikoa edo ordenantza honen arabera ezarritako isunak, lizentzia ukatu egiten ahal da.

13. artikulua. Lizentziaren baldintzak.

1. Lizentziak eman direla ulertuko da beti, jabetza eskubidea salbu eta hirugarrenen kalterik gabe. Onuradunak, bai lokalean bai terraza eta mahaitxoek okupatutako eremu publikoaren zatian jardueran arituz, erantzukizun zibil nahiz penalen bat hartuko balu, ezin izanen luke lizentzia erabili hura gainetik kentzeko edo txikiagotzeko.

2. Udal lizentzia beti izanen da behin-behinekoa eta dagokion udal organoak instalazioa eremu publikotik kentzeko agintzen ahal du trafikoko, urbanizazioko edo interes orokorreko beste edozein inguruabarrek hartara eramanez gero. Baimendutako instalazioen titularraren kontura izanen dira gastuak, kalte-ordainetarako eskubiderik ez duela.

14. artikulua. Prezio publikoa eta fidantza.

Lizentziaren titularrak prezio publikoa ordainduko dio Udalari, hala badagokio, ordenantza fiskalean ezarritako zenbatekoan eta moduan. Prezio hori 15 eguneko epean ordaindu beharko da, lizentzia eman dela jakinarazten denetik hasita; lizentziaren titularrak ezin izanen du instalazioa gauzatu prezioa ordaindu arte. Borondatez ordaintzeko epea ordainketa egin gabe iraganez gero, baimena iraungi eginen da; hala gertatuz gero, interesdunak beste lizentzia bat eskatu beharko du instalazioa egin nahi badu.

15. artikulua. Instalazioaren baldintzak.

Lizentzia eskuraturik, titularra harremanetan jarriko da Udaleko zerbitzu teknikoekin, tokian berean gehienez baimendutako azalera muga dezaten.

16. artikulua. Denboraldia.

1. Udako denboraldia: apirilaren 1etik irailaren 30 arte, biak barne (sei hilabete), iraunen du udako denboraldiak.

2. Urteko denboraldia: ekitaldi fiskalaren urtea hartzen du urteko denboraldiak.

3. Denbora gehiago: udako denboraldiari denbora gehiago gehitzen ahal zaio; hala eginez gero, hilabete osoak gehituko dira, eta tasa udako denboraldia guztiaren araberakoa izanen da (1/6, gehitutako hilabetearen zenbatekoarena).

17. artikulua. Ordutegia.

1. Jarduera nagusiak baimendua duen ordutegia gorabehera, mahaitxoak eta terrazak erabiltzeko ordutegia 9:30etik 24:00etara artekoa izanen da. Larunbat, igande eta jai bezperetan beste ordubetez luzatzen ahalko da ordutegi hori.

2. Udal organo eskudunak, salbuespenez, ordutegi malguagoa baimentzen ahal du instalazioa biltzeko, udalerri osorako edo halako eremu jakin baterako baimendu ere, herriko jaietan eta garrantzi bereziko bestelako egunetan.

18. artikulua. Instalazioa kentzea.

1. Aurreko artikuluan ezarritako ordutegia bukatutakoan, instalazioaren titularrak baimenduriko material guztia bilduko du, 20 minutu beranduago ez baita inola ere eremu publikoan egonen. Udako denboraldian, gutxieneko gune bat baimentzen ahalko da bide publikoan altzariak terraza-ordutegitik kanpo biltzeko. Baimen honek dagokion ordenantzan ezartzen diren lurra okupatzearen ondoriozko tasak sortuko ditu.

2. Baimenduriko materiala bildutakoan, lizentziaren titularraren ardura izanen da okupaturiko eremua behar bezain garbi uztea.

19. artikulua. Instalazioaren titularraren betebeharrak.

1. Betebehar orokorrak eta ordenantza honen aplikazioaren ondoriozkoak ukatu gabe, instalazioaren titularra behartuta dago baimendutako okupazioaren xedeko lurzorua, instalazioa bera eta elementu osagarriak egoera ezin hobean izatera, garbiketa, segurtasun eta apaindura aldetik, horretarako behar diren bitartekoak erabilita, hala nola, paperontziak, hautsontziak etab.

2. Debekatuta dago kanpoan barrak edo bozgorailuak jartzea.

3. Udaleko organo eskudunak, salbuespen gisa, interesdunak aldez aurretik hala eskaturik, gehienez 10 metro linealeko kanpoko barrak eta bozgorailuak jartzeko baimena ematen ahalko du, udalerri osorako edo eremu jakin baterako, herriko jaietan eta egun berezietan; betiere, honako baldintza hauek errespetatuko dira: terrazarako emandako gunearen barruan jarriko dira beti, eta aldez aurretik Udaltzaingoari jakinarazi beharko zaio, terraza jartzeko tokirik aproposena zein den adieraz dezan.

4. Gainerako auzoen lasaitasunerako eskubidea errespeta dadin zainduko du instalazioaren titularrak; hortaz, ez du eskandalu, borroka eta/edo zaratarik onartuko instalazioan, batez ere 23:00etatik aurrera.

20. artikulua. Arau-hausteak.

1. Arau-hauste arinak hauek izanen dira:

a) Bizilagunak gogaitzea.

b) Terrazak edo mahaitxoak hartzen duen eremua behar bezain garbi ez edukitzea.

c) Terrazak edo mahai hankabakarrak hartzen duen eremua behar bezain garbi ez uztea muntadura eremu publikotik kendu ondotik.

d) Lizentzian baimendu tokia ez, beste bat okupatzea.

e) Lizentzian zehaztu gabeko mahai-aulki kopurua edo bertzelako zerak paratzea.

f) Terrazetan musika aparatuak edo bozgorailuak paratzea, salbuespeneko baimenik gabe.

g) Ordenantza honetako ordutegia ez betetzea.

h) Lizentziaren bestelako baldintzak edo ordenantza honetan bildutako bestelako aginduak ez betetzea.

2. Denboraldian bi arau-hauste arin egitea arau-hauste astuntzat joko da.

21 artikulua. Zehapenak.

1. Arau-hauste arinak 200 eta 2.000 euro bitarteko isunekin (isunak arau-haustearen larritasunaren arabera) zehatzen ahal dira.

2. Arau-hauste astunen zehapen gisa, lizentzia baliogabetu ahalko da. Hala eginez gero, instalazioa berehala kendu beharko da.

3. Aurreko atalean aurreikusitako moduan lizentzia baliogabetzen bada, establezimenduak ezin izanen du ordenantza honetan araututako baimenik eskuratu bi urte iragan arte, gehienez ere.

22. artikulua. Udal lizentziarik gabeko instalazioak.

1. Udaleko organo eskudunak, interesdunari entzunaldia eman ondoren, berehala kentzen ahalko ditu ordenantza honen 6. artikuluan aipatzen diren guneetan lizentziarik gabe ezarritako terrazak eta mahaitxoak eta haiek Udalaren biltegietara eraman, erregelamenduzko zehapenak ezartzeko aukera baztertu gabe.

2. Zehapen espedientea izapidetu ondoren, instalazio guztia kentzeaz gain, zehapen hauek jar daitezke:

a) Hirigintza Diziplinaren Erregelamenduan aurreikusitako isuna.

b) Establezimendua ordenantza honetan araututako baimenak eskuratzeko desgaitzea, bi urterako gehienez ere.

23. artikulua. Betearazte subsidiarioa.

Instalazioaren erantzuleak kasu egiten ez badio eremu publikoan ezarritako elementuak kentzeko udal aginduari, ordenantza honetan ezarritako kasuetan, Udalak kenduko ditu eta bere biltegietara eramanen. Bertatik ateratzen ahal ditu jabeak, behar diren tasak ordaindu ondoren.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek ondorioak sortuko ditu, testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta gero.

TARIFEN ERANSKINA

–Udako denboraldiko mahai eta aulkiak: 10,35 euro/metro koadroa edo zatikia.

–Urteko denboraldiko mahai eta aulkiak: 18,63 euro/metro koadroa edo zatikia.

–Mahaiak eta aulkiak soilik herriko bestetan: 5,18 euro/metro koadroa edo zatikia.

–Barra eramangarriak, baimen bereziarekin: 5,18 euro/metro koadroa edo zatikia.

–Kanpoko bozgorailuak, baimen bereziarekin: 5,18 euro/metro koadroa edo zatikia.

Iragarkiaren kodea: L2000754