30. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

2020. urteko dirulaguntzak Baztan ikergai duten ikasketen amaierako proiektu edo lanak egiteko. Laburpena

Oharra: testu osoa Diru-laguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index): DDBN (Identif.): 494353.

Deialdia arautzen duten oinarriak:

Lehendabizikoa.–Diru-laguntzaren xedea.

Baztango Udalak dirulaguntza eman nahi du Baztan ikergai duten ikasketen amaierako proiektu edo lanak egiteko. Master amaierako lanak ere onartuko ditu.

Bigarrena.–Zenbatekoa.

Deialdi honi 2.000 euro esleituko zaizkio, gehienez ere, Udalaren 2020. urteko aurrekontuko “1-3269-48000.02 diru-lag. Baztan ikasketa amaiera lanak” partidaren kargura esleitu ere. Dirulaguntzarako partida agortzean utziko zaio proiektuei dirua emateari. Horretarako, balorazio batzordeak aurkeztutako proiektuen artean puntuazio gehien jaso duten 4 proiektuei dirulaguntza ematea proposatuko du.

Hautatutako proiektu edo lan bakoitzari dagokion dirulaguntza 500 eurokoa izanen da.

Hirugarrena.–Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

Baztango udalerrian erroldatuta egotea edo beste udalerri batean koiunturalki erroldatua egotea baina horren arrazoia kanpoan ikasketak burutzea dela justifikatzea, baldin eta aurreko errolda Baztanen izan bada.

2019/20 ikasturtean azkeneko kurtsoan matrikulaturik egotea.

Baztango udalarekin zorrik ez izatea.

Laugarrena.–Argitalpena.

Deialdi hau iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Baztango Udalaren webgunean, udaletxeko iragarki-taulan eta eskualdeko komunikabideetan.

Borzgarrena.–Aurkezteko epea eta lekua.

Aitzineko ataletan heldu diren baldintzak betetzen dituzten eta beren burua deialdira aurkeztu nahi duten ikasleek, eskaria egin beharko dute hilabeteko epean, I. eranskinean heldu den bezala, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina Baztango udaleko erregistroan.

Seigarrena.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerarekin batera ikasleek eginen duten proiektuaren edo lanaren memoria aurkeztuko dute, gehienez lau orrikoa. Bertan helburuak, metodologia, iturriak eta oinarrizko bibliografia zehaztu daitezke. Memoria horrek ikasketen amaierako proiektu eta lanaren tutorearen oniritzia beharko du.

Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

Baztango errolda agiria edo zinpeko aitorpena, Baztandik kanpo koiunturalki erroldatua dagoela dioena ikasketak Nafarroatik kanpo egiten dituelako.

Laguntza zein banku-kontutan jaso nahi duen eta hori eskatzailearen izenean dagoela ziurtatzen duen banku-etxearen agiria.

Aipatu agiri horiek jatorrizkoak izan behar dute, edo, bestela, kopia konpultsatuak.

Aurkezturiko dokumentazioa osorik ez badago, interesdunari adieraziko zaio hamar egun dituela dagokion dokumentazio osagarria aurkezteko.

Zazpigarrena.–Lanaren edo proiektuaren aurkezpena.

Eskatzaileak ikasketen amaierako proiektua edo lana memoriaren arabera egin beharko du eta laguntza emanen zaiola jakinarazi ondotik urte bateko epean; betiere, tutorearen oniritziarekin. Epea gainditurik ez da lanik onartuko eta udalak emandako dirulaguntza erreklamatzen ahalko du.

Lana edozein hizkuntzatan burutzen ahal da.

Zortzigarrena.–Balorazio, kudeaketa eta ebazpen organoak.

Aurkeztutako memoriak eta proposamenak helburu horrekin osaturiko batzordeak baloratuko ditu. Bertan egonen dira Elizondoko lanbide eskolako zuzendaria, Lekarozko institutuko zuzendaria, Cederna-Garalurreko teknikaria, Baztango alkatea eta udal idazkaria egonen dira. Batzordeak kontsultak egiten ahal dizkie arloko adituei.

Ebaluazio batzordea izanen da bekaren inguruko prozedura bideratuko duen organoa, eta proposamena eginen dio Tokiko Gobernu Batzarrari, azken hori baita ebazteko eskumena duen organoa.

Nolanahi ere, beka eman gabe utz daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuetatik bakar batek ere ez badu gutxieneko kalitaterik erdietsi.

Bederatzigarrena.–Balorazio irizpideak.

Ebaluazio batzordeak memoriak hautatuko ditu gaien interes soziala, bailarako erronkak lantzeko duen ahalmena, originaltasuna, erabilitako metodologia, proposaturiko arazoak konpontzeko gaitasuna, hizkuntza, hizkuntzaren kalitatea eta sintesi ahalmena kontuan hartuz.

Hamargarrena.–Esleipena kentzea, baldintzak ez betetzeagatik.

Baldin eta esleipendunak ez baditu oinarri hauek ezarritako epeak –lana aurkeztekoak edo epaimahaiari lanaren egoeraren berri ematekoak– errespetatzen, edo eskatutako agiriak ez badira aurkezten, edo lanak ez baditu proiektuan ezarritako ezaugarriak bete, edo proposatutako lana baino aise ere kalitate gutxiagokoa bada, balorazio batzordeak Udalaren organo eskudunari eskatzen ahalko dio laguntzaren esleipena ezeztatzeko. Kasu honetan, ez da dirulaguntzarik jasoko.

Hamaikagarrena.–Laguntzaren ordainketa.

Dirulaguntzaren ordainketa deialdi honetan eskatutako dokumentazio-agiri guztiak aurkeztu eta balorazio batzordeak aurkeztutako lanei bere oniritzia eman eta gero gauzatuko da.

Hamabigarrena.–Lanaren argitalpena.

Lana argitaratzen bada, udalari 10 ale eman beharko zaizkio, dohainik.

Deialdian parte hartzen dutenek hari buruzko arau guztiak onartuko dituzte eta men eginen diete Baztango Udalak hartzen ahal dituen erabakiei; epaia apelaezina izanen da. Lehiaketaren oinarriak ez betetzeak lehiakidea kanporatzea ekarriko du berekin.

Hamahirugarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Legeak, azaroaren 17koak, xedatutakoak aginduko du.

Hamalaugarrena.–Datuen babesa.

Eskatzaileen datuak abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoaren arabera tratatuko dira.

Hamaborzgarrena.–Aplikatuko den araudia.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Foru Legea, azaroaren 17koa, aplikatuko dira.

Hamaseigarrena.–Ebazpena eta helegiteak.

Deialdi honek administrazio-izaera dauka, eta, horrenbestez, Udalak du ahalmena hala hori lehenik interpretatzeko nola haren aplikazioan eta ebazpenean sor daitezkeen gora-behera oro ebazteko.

Emanen diren administrazio-ebazpenen aurka ondoko errekurtso hauetako bat paratzen ahal da, aukeran:

–Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bestela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

–Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

–Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina hasiko da kontatzen.

ERANSKINA I

Parte hartzeko eskaria

Jaun/Andrea: ......................................................................................

NAN: ............................................. Telefonoa: ...................................

Helbidea: ............................................................................................

Baztango Udalak ikasketen amaierako proiektuak edo lanak bailararekin zer ikusia duten gaiei buruz egiteko antolatu duen deialdira aurkezten naiz; horretarako, deialdiaren oinarrietan eskatzen den dokumentazioa aurkezten dut:

Baztanen, 2020ko, ................................aren, ........(e)(a)n

Eskatzailearen sinadura

Aurkezturiko dokumentazioa:

Eskaera-orria.

Lana edo proiektuaren memoria eta tutorearen oniritzia duela ziurtatzen duen agiria.

Eskatzailearen curriculum vitae.

Ikasketen amaierako proiektuan edo lanean matrikulaturik egotearen egiaztagiria.

Errolda agiria edo zinpeko aitortza, adieraziko duena Baztandik kanpo erroldatuta dagoela ikasketak kanpoan egiten ari delako.

Banku-etxeak emandako ziurtagiria, dirulaguntza zer banku-kontutan jasoko duen adierazita.

Baztanen, 2020ko urtarrilaren 27an.–Alkatea, Joseba Otondo Bikondoa.

Iragarkiaren kodea: L2001622