3. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

290E/2019 EBAZPENA, abenduaren 16koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez ingurumen txosten estrategikoa egiten baita Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketari buruz, zortasun aeronautikoei eta 4. fasearen berrantolamenduari dagokienez. Aldaketak Noain (Elortzibar) udal-mugarteari eragiten dio eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du.

2018ko irailaren 25ean, Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren bidez (Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atala), Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketari buruzko dokumentazioa aurkeztu zuen Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalean, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedurari hasierako emateko asmoz.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 6.2.a artikuluan aurreikusitakoarekin bat, planen eta programen aldaketa txikiek ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar dute, baldin eta proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen badute. Hori horrela, iritzi da tramitatzen ari den aldaketa hau aldaketa txikia dela, ez baitu funtsezko aldaketarik ekarriko onetsitako planaren estrategietan, jarraibideetan eta proposamenetan.

Tramitatzen ari den espedientea onetsitako UPSaren aldaketari buruzkoa da, eta lurzati handietan jarduera logistikoak baimentzea du xede. Hala, eremu horrek konplexutasun funtzional handiagoa izanen du. Aldaketa Iruñeko Garraioaren Hiria Handitzeko UPSaren eremuaren antolamenduari dagokio, baina ez du ondorio nabarmenik eraginen eremuan, jadanik ebaluatuak daudenetatik kanpora.

Tramite horrekin batera, 21/2013 Legearen 30. artikuluan xedatutakoarekin bat, kontsulta egin zaie ukitutako administrazio publikoei eta interesdunei, haien ekarpenak eta aholkuak jasotzeko. Guztiak aztertu dira eta judizio-elementu osagarri gisa hartu dira ingurumen txosten estrategikoa egiteko orduan. Zehazki, 31 erakunde eta pertsona interesduni egin zaie kontsulta, eta 13 erantzun jaso dira, honako hauenak, hain zuzen: Noaingo Udala, Dorre Elortzibarko Kontzejua, Gerendiaingo Kontzejua, Imarkoaingo Kontzejua, Sustraia Erakuntza, Abiazioaren Zuzendaritza Nagusia, Lurra Nafarroa, Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua, Babes Zibilerako Zerbitzua, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala, Telekomunikazioetako Zuzendaritza Nagusia (Ekonomia eta Enpresa Ministerioa), Azpiegituretako Idazkaritza Nagusia (Sustapen Ministerioa), Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusia eta Iruñerriko Mankomunitatea. Ingurumen txosten estrategiko honekin doan I. eranskinean jaso da, bai erantzunen laburpena, bai nola tratatu diren ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua egiteko orduan.

Aldaketaren deskribapena.

Iruñeko Garraioaren Hiria Noain-Elortzibarko udal-mugartean dago, Imarkoiango herrigunearen ondoan, salgaien garraiorako korredore nagusi hauetatik oso hurbil: AP-15 Nafarroako Autobidea, A-21 Pirinioetako Autobia, N-121 errepide nazionala eta Zaragoza-Altsasu trenbidea. Berehalako sarbidea du bai Iruña-Tutera N-121 errepidera, bai AP-Nafarroako Autobidera. Jarduketa eremua (4. fasea), zehazki, Iruñeko Garraioaren Hiriaren 2. eta 3. faseen hegoaldeko muturrean kokatzen da.

Tramitatzen ari den espedientearen helburua, lehen esan bezala, Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko UPSa aldatzea da, lurzati handietan (>25.000 m²) jarduera logistikoak ezarri ahal izateko. Horrekin batera, eremu intermodala eta hari atxikitako eremu logistiko intermodala kenduko dira, eta tipologia berri bat ezarriko da, aurreikusita zegoen bide-egituraz bestelako bat beharko duena. Zerbitzuen demanda ere txikiagoa izanen da, eta, horregatik guztiagatik, espazioa beste modu batera antolatzea ere proposatzen da. Aurreikusitako tipologia berriaren beharrak kontuan hartuta, kendu egiten da komunitate-ekipamenduko toki sistemarako aurreikusitako espazioa.

Eremu intermodala kendu beharra justifikatzeko, Iruñerrian intermodalitatea txertatzeko azterketa baten emaitzak hartzen dira oinarri, non auzitan jartzen baita Garraioaren Hirian nodo intermodal bat ezartzeko premia, kontuan hartuta Noaingo zentro logistikoaren kokapena, haren potentziala, Nafarroako enpresek zenbat eskatzen duten zerbitzu hori eta eremuak dituen muga operatibo eta teknikoak.

Kontuan harturik UPSaren aldaketak aurka egiten ziola Sustapen Ministerioak onartutako azterketa informatibo batean ezarritakoari (trenez iristeko sarbidea kentzen baitzuen), informazio eta justifikazio memoria bat idatzi zen, 2019ko uztailean datatua, zeina Trenbide Plangintzarako Zuzendariordetza Nagusira igorri baitzen, onets zezan. Dokumentazio berrian deskribatzen dira trenbidearen ukipena duten lurren jabetzari jarritako mugapen eta mugak, Iruñeko Garraioaren Hirian sartzeko trenbide-adarrari dagokionez. 2019ko irailaren 6an, Trenbide Plangintzarako Zuzendariordetza Nagusiaren txostena jaso da, non ondorioztatzen baita, trenbide plangintzaren arloan dituen eskumenen esparruan, ez dagoela arazorik UPSaren aldaketaren tramitazioarekin jarraitzeko.

Hauek dira UPSaren aldaketaren eremuan sartutako lurzatiak: 4. poligonoko 187., 188., 191.-198., 683.-686., 758. eta 766. lurzatiak, 5. poligonoko 115., 117., 281., 282. eta 489. lurzatiak eta 13. poligonoko 94. lurzatitik 98.era bitartekoak. Guztira, 419.338 m²-ko eremua hartzen dute, bide-elementuak ere sartuta.

Eremuak hiri zerbitzu guztiak ditu, jarduketaren iparraldean (ur hornidura, ur beltzen eta euri uren saneamendua, elektrizitatea eta argiteria).

UPSaren eremuaren sailkapena ez da aldatuko (lurzoru urbanizagarria, industriako erabilera globala), eta kalifikazio xehakatu berri bat ezartzen du: balio anitzeko zona logistikoa, okupatzeko eredu gisa lurzati handiko eraikuntza bakartua izanen duena, erabilera publikoko zona pribatua, bide-sistema lokala, espazio libreen sistema lokala, berdeguneak eta bide-erreserbarako sistema lokala.

Ez da beharrezkoa banaketa-bide berririk egitea, baina dagoen bidearen 4. fasearen aldeko espaloia osatuko da. Gainera, 2. faseko berdeguneak tokiz aldatzen dira, berdegune berriak eremu osoaren inguruan kokatzeko. Talluntze errekaren ondoan (Arkotzain erreka, ibilguan behera), berdegune berri bat ezarriko da, 49 metro zabal izanen dena. Hegoaldeko berdegunea nahikoa zabal da, trenbide bat eraikitzeko, behar izanez gero. Lurzoru pribatuan berdegune bat gehitzen da, linea elektriko batek ukitutako eremuan.

Dokumentazio teknikoari ingurumen agiri estrategiko bat erantsi zaio, non adierazten baita eremuak, ingurumenaren aldetik, ez duela balio aipagarririk. Kalitate akustikoari dagokionez, Nafarroako Gobernuko Zarataren Mapa Estrategikoetan azterketaren xedeko alde baterako ezarrita dagoen zonifikazio akustikoa bat dator nagusiki hirugarren mailako erabilerako lurzoruak dituen lurraldearen sektoreekin. Zarataren mapan ez da azterketaren xedeko eremu osoa sartu, baina egindako sailkapen akustikoa Garraioaren Hiriaren 4. fasean sartutako eremu osora zabal liteke, jadanik dagoen zerbaiten handipena delako.

Ingurumen agirian identifikatzen eta zehazten da ezen tramitatzen ari den UPSaren aldaketaren aplikazioak ingurumen osagai eta bektoreen gainean izanen dituen ingurumen ondorioak negatiboak eta bateragarriak direla, eragin sozioekonomikoa izan ezik, hori positibotzat jotzen baita. Bestalde, eta aldaketa klimatikoari dagokionez, Garraioaren Hiria handitzeko UPSaren aldaketan aurreko proiektuaren azterketa hidrologikoen emaitzak jasotzen dira, eta proposatzen da Talluntze edo Arkotxain erreka integratzea eremu urbanizagarriko zeharkako elementu gisa, bi bazterretako eremu handi batean, ibilgua estaltzea saihestuz eta kanpoko gertakari klimatologikoetara egokituz.

Biztanleen gaineko ondorioak giza osasunaren gainean duen eraginaren arabera aztertzen dira. Eragin hori etorkizunean ezartzen diren jardueren araberakoa izanen da, zeinek, betiere, kasua kasuko arloko legedia bete beharko baitute.

Ingurumen agirian, azkenik, bada kapitulu bat non jaso baitira, alde batetik, prebentzio neurriak eta ingurumen inpaktuak zuzentzeko neurriak, eta bestetik, ingurumen zaintzarako plan bat.

Ingurumen ebaluazioa.

Ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren xede den aldaketak (Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. fasea) ukitzen duen eremua, gaur egun, nekazaritzarako erabiltzen da nagusiki, bideren bat eta bi ur ibilgu izan ezik. Horietan handiena Talluntze erreka da, 390 metro egiten baititu jarduketa eremuaren barruan. Ugalde txiki horren ondoan, zuhaixka orla bat ageri da. Berdegune gisa egokitutako lur zerrenda bat ere sartu da. Eremuan sartzeko bideak 2. eta 3. faseetan daude (Nafarroako etorbidea eta Ekialdeko etorbidea).

Eremuaren erliebeari dagokionez, malda leuna du, eta bi ibarbide txiki. Ibarbide horietan barna erreka bana igarotzen dira, mendi muino batek bereiziak (Oritz muga), 15 metro inguruko altuera-desnibelak markatzen dituena.

Biodibertsitatearen Zerbitzuko Ingurumen Inpaktuaren Atalak adierazi du egoki bete dela ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuaren prozedura, eta zehaztu du, orobat, ukitutako administrazio publikoen eta interesdunen kontsultak jasotzeko prozesuan izandako erantzunak azterturik eta ingurumen arloko analisia eginik, tramitatzen ari den aldaketak (hots, barne-antolamendu bat ezartzea non zenbait lurzati bateratuko diren eta etxe-irlen artean proiektatutako bide-bilbea kenduko den) ez duela ondorio nabarmenik eraginen eremuan, ez eta haren eragin eremuan ere, ezpada Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko egungo UPSan jadanik ebaluatuak daudenak, txosten honen ebazpen zatian adierazi bezala. Ingurumen afekziorik handiena da Arkotxain edo Talluntze errekari eraginen zaiona. Hortaz, txosten honen baldintzetan nahitaez bete beharreko determinazio batzuk sartu dira, bateragarriak izan daitezen proposatutako aldaketa eta erreka horren ingurumen balioen kontserbazioa.

Atal horrek berak, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluari jarraikiz eta lege horren V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat etorriz, adierazi du Iruñeko Garraioaren Hiriaren UPSaren aldaketak (4. fasea) ez duela eragin nabarmenik ingurumenaren gainean, txosten honetan ezarritakoarekin bat.

Espedientean dauden txostenak ikusirik, eta kontuan harturik ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikaturako prozedura egoki bete dela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 13. artikuluak eta Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duenak, ematen dizkidaten eskumenak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egitea Iruñeko Garraioaren Hiria handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketari buruz, zortasun aeronautikoei eta 4. fasearen berrantolamenduari dagokienez. Aldaketak Noain-Elortzibarko udal-mugarteari eragiten dio eta Nafarroako Lurzorua eta Etxebizitzak SAk sustatu du. Txostenean iritzi da aldaketak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenaren gainean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen V. eranskinean horretarako ezarritako irizpideekin bat, eta, horregatik, erabaki da ez dela ingurumen ebaluazio estrategiko arrunta egin beharrik.

2. Plana garatu beharko da ingurumen azterketa estrategikoan ingurumena babesteko jasotako irizpideei jarraituta eta bertan ezarritako neurri zuzentzaile guztiak aplikatuta, bai eta beste hauek ere:

–Aldeko ingurumen txosten estrategikoa emanda ere, eta bertan ezarrita badago ere ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenaren gainean, horrek ez du alde batera uzten UPSaren eremuan etorkizunean garatzen diren proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluazio egokia egin beharra.

–Ahaleginak eginen dira lur mugimenduak ahalik eta gehien konpentsatzeko. Ahal bada, lur soberakinak jarduketa eremuan bertan egokituko dira. Lurrak egoki konpentsatzeko modurik ez badago, soberakinak, halakorik badago, erabiliko dira, batez ere, degradatuak dauden guneak lehengoratzeko. Azken aukera gisa, lur soberakinak hondakindegi baimendu batera eramanen dira, bertan desagerrarazteko. Maileguetatik ekarritako materiala behar izanez gero, legeztatuak egon beharko dira.

–Garatzen diren hirigintza-proiektuetan aurreikusi beharko da, edozein lur mugimendu egin aurretik, landare-lurreko geruza bat kentzea, 50 cm-koa gutxienez. Lur hori behar bezala pilatu beharko da obraren perimetroan, kalitate baxuagoko materialekin kutsa ez dadin, eta, gero, landareztatze lanetan erabiliko da.

–Urbanizazio obrak egin bitartean ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan, hala jasota baitago Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan.

–Urbanizazio proiektuan behar bezalako aurreikuspenak jaso beharko dira proiektuak garatzeko hurrengo faseetan ahalik eta txikien izan dadin gai arriskutsuak pilatzearen ondoriozko istripu arriskua, baita lurzoruak, ura edo airea kutsatzearen ondoriozko inpaktu arriskua ere.

–Urbanizazio proiektuak paisaian integratzeko proiektu bat jaso beharko du, batetik, Garraioaren Hiriko multzoa nagusiki nekazaritza girokoa den esparru batean bisualki txertatzeko, eta bestetik, UPSaren barnean itzalguneak ahalbidetzeko, landaketen bidez. Hala, espazio libreak landareztatzea eta berdeguneak sortzea jasoko duen proiektu bat aurkeztuko da, ereintza-lanak eta landaketak aurreikusiko dituena. Paisaian integratzeko lanei dagokienez, urbanizazio proiektuan aurreikusiko da eraikin berrietarako kolore neutroak aukeratzea, ikuspegian aiseago integratzeko.

–Urbanizazio proiektuan, Arkotxain erreka (ibilguan gora Talluntze erreka dena) ingurumen aldetik lehengoratzeko berariazko proiektu bat jasoko da, 4. fasearen eremuan duen trazadura osorako eta ibilguaren ezker-eskuin erreserbatzen den 10 metroko tarte baterako, betiere ingurumen agirian jasotako determinazioen arabera, ibai-bazterretako maldari dagokionez (2,5 H/1V) eta landareztatze lanetan erabili beharreko espezieei dagokienez (basaerramua gehituko da, Euonymus europaeus).

Proiektuan, gainera, aurreikusiko da errekaren bazterretan dauden zurezko landare bakar batzuk kontserbatzea, jarduketa eremuaren hegoaldeko muturrean daudenak, eta ibilguaren ezaugarriak mantentzeko konponbide bat proiektatuko da, ibai-ohearen granulometriari eutsiz, hormigoi bidez kanalizatu gabe.

Lubetetan ezpondak edo kanpoko azalerak sortuz gero, hidroereintzaz gainera, landareztatze proiektuan jasoko da landaketak egitea Elortz ibaiko lautadetan eta Iruñerrian ohikoak diren espezie autoktonoekin, konparazio batera, Quercus pubescens subsp. humilis, Fraxinus angustifolia, Acer campestre, Acer opalus, Sorbus domestica edo Sorbus aucuparia gisako zuhaitzekin eta Buxus sempervierens, Juniperus communis, Crataegus monogyna edo Rosa arvensis gisako zuhaixkekin.

Azkenik, oroitarazten da, 3. faseari dagokion eremuan, beharrezkoa dela erreka horren bazterrak landareztatzea inguru horretako ibaietan ohikoak diren espezieak erabiliz, Nafarroako Gobernuaren 2006ko otsailaren 27ko Erabakian xedatutakoaren arabera, horren bidez onetsi baitzen “Iruñeko Garraioaren Hiria SA handitzeko Udalez gaindiko Plan Sektorialaren aldaketa” espedientea.

–Aztertuko da ea erabil daitezkeen ekoizteko prozesuan kontsumo energetiko baxukoak diren materialak, birzikla daitezkeenak eta desagerrarazteko orduan hondakin toxikorik uzten ez dutenak. Gainera, material birziklatuak erabili beharko dira, agregakin birziklatua esate baterako, egoki den ehunekoan, destinoko obra nolakoa den, hori guztia Hondakinei eta haien Fiskalitateari buruzko ekainaren 18ko 14/2018 Foru Legearen 19. artikuluan xedatutakoarekin bat.

–Lur azpitik eramanen diren azpiegitura-sareen trazadurak zuhaitzentzat aurreikusitako eremuak galaraziko ditu.

–Era berean, urbanizatu beharreko eremu berriko hirigintza-garapenak drainatze-sistema iraunkorrak jasoko ditu, konparazio batera, azalera eta akabera iragazkorrak, uholde arriskua txikiagoa izan dadin.

–Ildo horretan, aldaketa klimatikoaren ondorioak arintzearren, ia seguruena baita uholdeak gero eta maizago gertatuko direla, urbanizazio proiektu berrietan kontuan hartu beharko da errekako ura ateratzeko irekita dagoen bidea mantentzea eta kontserbatzea, espediente honen xedeko eremua ekialdeko muturretik gurutzatzen duena.

–Gainera, ingurumen iraunkortasunerako beste irizpide batzuk kontuan hartuz proiektatuko da, konparazio batera, kontsumo energetikoa aurreztea, energia berriztagarriko iturriak erabiltzea (adibidez, estalkietan eguzki-panelak erabiltzea), ur kontsumoa aurreztea, etab.

–UPSaren aldaketa honetatik datorren urbanizazio proiektuak, argi kutsadurari dagokionez, bete egin behar du Argiteria Gaueko Ingurumena Babestearren Antolatzeari buruzko azaroaren 9ko 10/2005 Foru Legean xedatutakoa.

–Era berean, energia aurreztearren, honakoak ere aurreikusi beharko dira urbanizazio proiektuan: eraikinen orientazioa, eraikinen kolorea, eraikinen garaieraren eta kalearen zabaleraren arteko erlazioa, betiere eraikinen barnean kontrol termikoa hobea izan dadin.

–Adierazitako determinazio horiek guztiak UPS berriaren araudian jaso beharko dira.

3. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 31. artikuluan ezarritakoarekin bat, ingurumen txostenaren aurka ezin izanen da inolako errekurtsorik jarri, bide judizialean jar daitezkeenak galarazi gabe.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau jakinaraztea Lurralde Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiari eta kontsulta-tramitean erantzun duten pertsonei eta entitateei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2019ko abenduaren 16an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

I. ERANSKINA

Ukituriko administrazio publikoentzat eta pertsona interesdunentzat irekitako kontsulta-tramitearen emaitza

Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia

X

Telekomunikazioen eta Informazioaren Teknologien Zuzendaritza Nagusia

X

Sustapen Ministerioa

X

Azpiegituretako Idazkaritza Nagusia

X

Iruñerriko Mankomunitatea

X

Ebroko Konfederazio Hidrografikoa

Herri Lan Zuzendaritza Nagusia

Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren Zuzendaritza Nagusia

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua

X

Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala

X

Larrialdien eta Komunikazio Sistemen Plangintza eta Koordinazioa

Ibaiak Lehengoratzeko eta Arrantza Kudeatzeko Atala

Erdialdea eta Erribera Kudeatzeko Atala

Noaingo Udala (Elortzibar)

X

Beriaingo Udala

Tebas-Muru Artederretako Udala

Gerendiaingo Kontzejua

X

Imarkoaingo Kontzejua

X

Dorreko Kontzejua

X

Zabalegiko Kontzejua

Elorzko Kontzejua

Nafarroako Udalen eta Kontzejuen Federazioa

Nafarroako Unibertsitatea

Nafarroako Unibertsitate Publikoa

Ekologistak Martxan Iruñea-Ecologistas en Accion

Gurelur-Ingurune naturala babesteko Nafarroako funtsa

Lurra-Lurraren Defentsaren aldeko Elkartea

X

UAGN (Nafarroako Nekazarien eta Abeltzainen Batasuna)

EHNE (Euskal Herriko Nekazarien Elkartasuna)

Sustrai Erakuntza fundazioa

X

Gorosti Natur Zientzia Elkartea

Sustapen Ministerioaren erantzuna. Garraioetako Idazkaritza Nagusia. Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusia.

Zuzendaritza nagusi honek adierazi du ez duela ezer esaterik “Garraioaren Hiriaren UPSaren aldaketaren 4. faseari” dagokion ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedurari buruz. Hala ere, adierazi du aginduzko txostena egiten duela, tramitatzen ari den hirigintza eta lurralde planeamenduarentzat loteslea dena. Prozedura honetan, tramitatzen ari den espedientearen aldeko txostena eman du, zortasun aeronautikoei dagokienez eta 4. fasea berrantolatzeari dagokionez, baina txostenean ezarritako baldintzekin, eta, betiere, proiektatzen diren eraikinek zortasun aeronautikoak urratzen ez badituzte. Horiek horrela, adierazten du ezen, Iruñeko Aireportuaren Zortasun Aeronautikoei buruzko 1875/1973 Dekretuak ukituriko zona eta eremuetan edozein eraikuntza, instalazio edo landaketa eginez gero, aurretik, Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziaren adostasun akordioa beharko dela.

Kontuan hartzekoak:

Ekarpen hau ez da ingurumen arlokotzat hartu, eta, hortaz, ez da espedientearen ingurumen ebaluazioaren barruan sartu.

Sustapen Ministerioaren erantzuna. Azpiegituretako Idazkaritza Nagusia. Errepideetako Zuzendaritza Nagusia.

Zuzendaritza nagusi horrek adierazi du Estatuko errepide sarean ez dagoela UPSaren aldaketak ukituriko errepide-tarterik.

Kontuan hartzekoak:

Ekarpen hau ez da ingurumen arlokotzat hartu, eta, hortaz, ez da espedientearen ingurumen ebaluazioaren barruan sartu.

Sustapen Ministerioaren erantzuna. Trenbide Plangintzarako Zuzendariordetza Nagusia.

Trenbide Plangintzarako Zuzendariordetza Nagusiak egindako lehenengo txostenean adierazi zuen UPSaren aldaketak kontra egiten diola Sustapen Ministerioak onetsitako azterketa informatiboan ezarritakoari, eta, beraz, horren gaineko kontrako txostena eman zuen, harik eta UPSan jaso arte Iruñeko Garraioaren Hirian trenbidez sartzeko modua, zeina aurreikusita baitago azterketa honetan: “Iruñerriko trenbide sare berriaren Proiektuari buruzko azterketa informatiboa: trenbidearen begizta kentzea eta geltoki intermodal berria”.

2019ko uztailean, informazio eta justifikazio memoria bat erredaktatu zen, non deskribatzen baitira trenbidearen ukipena duten lurren jabetzari jarritako mugapen eta mugak, Iruñeko Garraioaren Hirira sartzeko trenbide-adarrari dagokionez. Dokumentazio berri hori Trenbide Plangintzarako Zuzendariordetza Nagusira igorri zen, adostasuna eman ziezaion. 2019ko irailaren 6an, Trenbide Plangintzarako Zuzendariordetza Nagusiak adierazi zuen, trenbide plangintzaren arloan dituen eskumenen esparruan, ez dagoela arazorik UPSaren aldaketaren tramitazioarekin jarraitzeko.

Kontuan hartzekoak:

Ekarpen hori ez da ingurumen arlokotzat hartzen, trenbideetako zortasunak mugatzeari dagokionez. Nolanahi ere, eta kontuan harturik azkenean Trenbide Plangintzarako Zuzendariordetza Nagusiak adierazi duela ez dela onetsitako trenbide plangintzaren aurka jotzen eta tramitazioarekin jarraitzearen aldekoa dela, erabaki da alegazio hau ez hartzea aintzat espedientearen ingurumen ebaluazioan.

Ekonomia eta Enpresa Ministerioaren erantzuna. Telekomunikazioetako Zuzendaritza Nagusia.

Kontsultari dagokionez, erakunde horrek adierazi du indarrean segitzen duela, bete-betean, 2018ko urriaren 3an erredaktatutako txostenak, hots, Garraioaren Hiriaren Udalez Gaindiko Plan Sektorialaren aldaketaren 4. faseari buruz egin zenak, non aldeko txostena ematen baitzen hirigintza-tresnaren lerrokadurari buruz, telekomunikazioen arloan indarra duen legediari dagokionez.

Kontuan hartzekoak:

Ekarpen hau ez da ingurumen arlokotzat hartu, eta, hortaz, ez da espedientearen ingurumen ebaluazioaren barruan sartu.

Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzua. Nafarroako Gobernua.

Zerbitzu horrek adierazi du UPSaren aldaketak ukituriko lurzoruak III. klase agrologikokoak direla (lehorreko lurrak), eta bertan Nafarroako Gobernuak ez duela aurreikusita ureztaketen arloko inolako jarduketarik ekimen honen eragina izan dezakenik.

Kontuan hartzekoak:

Ekarpen hau kontuan hartuko da UPSaren aldaketak lurzoruen erabileren gainean izan ditzakeen ondorioen ingurumen ebaluazioari dagokionez.

Kultura, Kirol eta Gazteria Departamentuko Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atala. Nafarroako Gobernua.

Atal horrek adierazi du, proiektuaren kokapena azterturik, okupatu beharreko eremuan ez dagoela inolako aztarnategi arkeologiko katalogaturik. Hortaz, aldeko txostena eman du.

Kontuan hartzekoak:

Ekarpen hau kontuan hartzen da proiektuaren ingurumen ebaluazioari begira, eta, txostenean adierazi bezala, ingurumen arloko baldintzen artean jarraibide hau ezarriko da: urbanizazio obrak egin bitartean ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, Erregistroaren, Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalari horren berri eman beharko zaio berehalakoan, hala jasota baitago Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan.

Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuko Babes Zibilerako Zerbitzua. Nafarroako Gobernua.

Zerbitzu horrek adierazi du ezen, arriskuei buruz, ez dagoela desberdintasun nabarmenik orain onetsitako UPSaren aldean, salbu eta aldaketa txiki batzuk jariatzeei dagokienez, eraikitako eta zolatutako eremua handiagoa izan daitekeelako. Horrenbestez, aldaketaren aldeko txostena eman du, kontuan hartuta ezen, lurzatiaren ezaugarriak ikusita (25.000 m²-ko gutxieneko eremua; gutxienez 90 metroko aurrealdea), neurri zuzentzaile hau sartu beharko litzatekeela: proiektuak garatu baino lehen, UPSan hirigintza arloko determinazio orokor batzuk aurreikusi beharko lirateke, gai arriskutsuak pilatzearen ondoriozko istripu arriskua gutxiagotzeko eta lurzoruen, uraren edo airearen kutsadura-aldiengatik gerta litekeen inpaktua murrizteko.

Kontuan hartzekoak:

Kasu honetan, nahiz eta UPSaren araudian sartu beharreko jarraibide batzuk ezartzen diren hirigintza-tipologia generikoari, dimentsioei, jardueren kokapenari eta abarrei buruz, badute ingurumen ondoriorik; izan ere, ingurumenari eragiten ahal dieten istripuen arriskua gutxiagotzea dute helburu. Horregatik, iradokizun hori determinazio gisa sartu da UPSaren aldaketaren espedientearen ebazpenean.

Noaingo Udala.

Otsailaren 26an, Noaingo Udalak kontsultari erantzun dio, informazio hau emanez:

1. Aztergai dagoen aldaketa ez da aldaketa txiki bat.

Abenduaren 9ko 21/2013 Legetik abiatuta, erantzunean adierazten da aldaketa hau “txikitzat” hartzea fikzio bat dela eta, horrekin, ezkutatu nahi dela aldaketaren benetako xedea, hots: hondakinak tratatzeko instalazio bat jartzea. Hala, UPSaren erabilera logistikoa hutsaltzen ari da.

Gainera, uste du eremua lurzati handitan banatuz eta “zerbitzu publikoko erabilera” emanez (zuzkiduretarako erabilerarekin bateragarria), lortu nahi den helburua dela atzean dagoen asmo bat ezkutatzea, alegia: Nasuvinsak eta Iruñerriko Mankomunitateak hondakinak tratatzeko instalazio bat jartzeko lurren salmentarako egindako akordioak balioztatzea. Adierazi du eragiketa horren atzean erabileren aldaketa bat dagoela hondakinen instalazio hori ezartzeko, halaxe iradoki baitute prentsan eta Parlamentuan, are 242/18 Foru Aginduan ere, zeinaren bidez Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak onartu baitzuen Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiaren abstentzioa Noainen (Elortzibar) hiri hondakinak tratatzeko zentro bat ezartzeko espedientean.

2. Zuzenketa neurri gutxiegi.

“Zerbitzu publikoko zuzkidura-erabilera” kontzeptu lausoa da, eta, horregatik, ezin da ebaluatu ingurumenaren gainean ondoriorik izanen duen ala ez.

Kontsultatuak uste du ingurumen ebaluazio estrategikoaren espedienteari erantsitako ingurumen agiria, tramitatzeko aurkeztu dena, ez dela nahikoa, ez baitu argi adierazten eman nahi zaion “zerbitzu publikoko zuzkidura-erabilera” hori. Hortaz, ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatuan, ez da betetzen ingurumenaren gaineko ondorio nabarmenak analizatu beharra. Adierazi du, orobat, aipatu beharko litzatekeela zeintzuk diren ingurumenaren aldetik bateragarriak diren edo baimentzeko edo debekatzeko modukoak diren zuzkidura-erabilera horiek.

Ingurumen agiriaren gabeziak are nabarmenagoak dira ikusita ez dagoela prebentzio edo zuzenketa neurririk jaso ezarri nahi den erabilera mota horri dagokionez. Izan ere, urbanizazioak ingurumenean izanen du eragina, baina baita ere eremuaren barruko lurren heren baten destinoan (mugikortasunaren ondoriozko ukipenak, paisaiari eragindako ukipenak, kutsadura...), eta dokumentazioan ez da horrelakorik jaso.

3. Ez dago erreferentziarik Noaingo aireportutik hurbil egoteak sor ditzakeen ingurumen ondorioei buruz.

Kontuan hartzekoak:

Lehenengo kontuari buruz, adierazi beharra dago espediente honen xede den UPSaren aldaketa aldaketa txiki bat dela; izan ere, ez ditu planaren ezaugarriak aldatzen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean ezarrita dagoen bezala. Barne-antolamendu berria finkatzea du xede, hirigintza-antolamendu egituratzaile eta xehakatuari dagozkion determinazioak aldatuz. UPSaren eremuaren sailkapena ez da aldatzen: lurzoru urbanizagarria, industriarako erabilera globala izanen duena.

Kasu honetan, barne antolamendu berria dakarren aldaketa bat denez, eta UPSaren eremuaren sailkapenari eutsiz (lurzoru urbanizagarria, industriarako erabilera globala duena), ingurumen organo honek aldaketa txikitzat hartu du, eta ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua egin behar dela iritzi du. Prozedura horren bukaera gisa ingurumen txosten estrategiko honen ebazpena dator, non erabaki baita, egindako kontsultak kontuan hartuta eta 21/2013 Legearen V. eranskinean ezarritako irizpideekin bat, proposatutako aldaketak ez duela ingurumen ebaluazio estrategiko arrunta segituko.

Etorkizunean izan litezkeen erabilerak ez dira ingurumen ebaluazio estrategikoa tramitatzeko espediente honen xede. Tramitatzen ari den espedienteak UPSaren barne-espazioaren antolaketaren aldaketa bat du xede, besterik ez, etorkizuneko erabilerak zehaztu gabe. Eremua, gaur egun, jarduera logistiko orokorrak jasotzeko onetsita dago.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak argi eta zehatz adierazten du, 13. artikuluko 1. puntuan, plan edo programa baten ingurumen ebaluazio estrategikoa eginda ere, haren ondoriozko proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluazioa ere egin beharko dela. Gauzak horrela, planaren aldaketa behar diren agirien bidez garatzeko etor litezkeen proiektuak behar bezala ebaluatuko dira proiektuen ingurumen inpaktuaren ebaluazioaren tramitean, betiere behin ezagututa haien izaera, ezaugarriak, emisioen ahalmena eta abar.

Jarduketaren sustatzaile Nasuvinsak eta Iruñerriko Mankomunitateak lurrak saltzeko hartutako akordioei dagokienez, iritzi da kontu horrek ez duela zerikusirik ingurumenarekin.

Ingurumen azterketa estrategikoaren edukiari buruz esaten duenari dagokionez, hau da, etorkizuneko “zerbitzu publikoko zuzkidura-erabilera” horien zehaztasun falta dagoela, adierazten da egia dela aldaketa proiektuan ez dela horrelakorik zehazten, baina UPSaren aldaketa honen xedea ez da espazio berrirako erabilera zehatzak zehaztea, baizik eta eremu logistiko osoaren parte baten antolamendu berria definitzea, ezarri nahi diren erabilera-tipologia berriak sartu ahal izateko.

Prebentzio eta zuzenketa neurri faltari dagokionez, adierazten da dokumentazioa osorik dagoela, tramitatzen ari den UPSaren eremu espezifikoari eragiten dioten neurriak jasotzen direlako eta beste zenbait alderdi ere osatzen dituelako, konparazio batera: Ingurumen Zaintzarako eta Segimendurako Plana eta ingurumen azterketa estrategikoan jasotako prebentzio eta zuzenketa neurrien aplikazioa. Gainera, eraginkortasun eta efizientzia energetikorako neurriak aplikatzea ere jasotzen du, indarreko legediarekin bat. Arlo horri dagokionez atzemandako gabeziak zuzendu dira ebazpen honen ebazpen zatian jaso diren determinazio gehigarrien bidez.

Noaingo aireportutik hurbil egoteak sor ditzakeen ingurumen ondorioei buruzko aipamenik ez egiteari dagokionez, Noaingo Udalak adierazi du saihestu egin dela aireportua hurbil dagoela eta, are gehiago, ez dela aintzat hartu badagoela Aireportuaren Plan Zuzentzaile bat.

Horri dagokionez, adierazten da ezen, tramitatzen ari den espedientearen gainean –zehazki, zortasun aeronautikoei eta 4. fasearen berrantolamenduari buruz–, Sustapen Ministerioko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak-Garraioetako Idazkaritza Nagusiak emandako erantzunaren laburpenean jaso den bezala, erakunde honek aldeko txostena eman duela, baina, betiere, txostenean ezartzen diren baldintzak betetzen badira eta proiektatzen diren eraikinek zortasun aeronautikoak urratzen ez badituzte. Hori guztia Zortasun Aeronautikoei buruzko 1875/1973 Dekretua betez gero Iruñeko Aireporturako, eta, aurretik, Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziaren adostasun akordioa beharko da.

Imarkoaingo, Gerendiaingo eta Dorreko kontzejuak (erantzun bera).

Hiru kontzeju horien erantzunak alderdi hauek jorratzen ditu:

Akats bat dago espedientearen sailkapenaren izendapenean, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legean xedatutakoari jarraikiz. Adierazten dute arau horren 6.1 artikuluak hauxe ezartzen duela:

6.1. Ohiko ingurumen ebaluazio estrategikoa egin behar zaie administrazio publiko batek abian jarritako edo onetsitako plan eta programei, bai eta haien aldaketei ere, haien prestaketa eta onespena beharrezkotzat jo badu legezko edo erregelamenduzko xedapen batek, Ministroen Kontseiluaren erabaki batek edo autonomia-erkidego bateko Gobernu Kontseiluaren erabaki batek, honako egoera hauetan:

a) Ingurumen inpaktuaren ebaluazioa egitera legez behartutako proiektuak etorkizunean baimentzeko esparrua ezartzen badute, eta honako arlo hauei buruzkoak badira: nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, akuikultura, arrantza, energia, meatzaritza, industria, garraioa, hondakinen kudeaketa, ur-baliabideen kudeaketa, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoaren okupazioa, itsas ingurunearen erabilera, telekomunikazioak, turismoa, hiri- eta landa-lurraldearen edo lurzoruaren erabileraren antolamendua; edo bestela.

Horri dagokionez, adierazten dute argi baino argiago dagoela proposatutako aldaketaren helburua dela hondakinak tratatzeko zentro bat jartzea, urtero 100.000 tona tratatzeko ahalmena izanen duena.

Gainera, uste dute espedienteak ingurumen ebaluazio estrategiko arrunta segitu behar duela eta, gutxienez, honako hauen gaineko ukipenak analizatu beharko liratekeela: akuiferoak, uren arazketa, saneamendu sarera egin litezkeen isurketak, ur eta energia beharrak, hegaztien eta aireportuaren gaineko afekzioa, usainen emisioa eta trafiko berriek eragindako ukipenak. Bestalde, onartzen dute, hondakindegiaren proiekturik ez dagoenez, ezin dela behar bezala ebaluatu ingurumen inpaktua.

Adierazten dute, orobat, UPSaren aldaketa ez dela espazioaren barne-antolamendu berri bat, erabilera-aldaketa bat baizik, nahiz eta “Balio anitzeko zona logistikoa” deitu.

Horrenbestez, tramitazioan akatsa egin denez, eskatzen dute espedientea geldiarazi eta artxiba dezatela.

Bigarrenik, aztertzen dute zergatik ezabatu den tren bidezko garraioa sustatzeko aukera errepide garraioa ordezteko, eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diote 2018ko martxoan iragarritako estrategia logistikoarekin segi dezala, Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa Lurralde Lankidetzarako Europako Taldearen Plan Estrategikoaren eguneratzearekin bat etorriz.

Azkenik, adierazten dute onetsi beharreko planeamendu berriak (hondakindegi bat edo hondakinen instalazio bat) kontuan hartu beharko lukeela aireportutik hurbil dagoela eta horrek muga batzuk ezartzen dituela, kontuan hartuz bai ingurumen arloko legedia, bai Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak ezartzen duena.

Kontuan hartzekoak:

Lehenengo auziari dagokionez, txostenean jasotzen den bezala, proposatu den UPSaren aldaketa ezin daiteke inola ere lotu erabilera jakin batekin (hondakindegia edo hondakinen instalazioa). Balizko erabilerak, zehaztu gabe daudenez, ezin dira ingurumen ebaluazio estrategikoaren aurretiazko fase honetan ebaluatu ingurumenaren aldetik. Tramitatzen ari den espedienteak UPSaren barne-espazioaren antolaketaren aldaketa bat du xede, besterik ez, etorkizuneko erabilerak zehaztu gabe. Eremua, gaur egun, jarduera logistiko orokorrak jasotzeko onetsita dago.

Era berean, sinatzen duten kontzejuen txostenean berean jasotzen den bezala, ezin da inolako proiekturen ondorioen balorazio zehatzik egin. Izan ere, tramitazioa aurreko planeamendu faseetan dago, eta oraindik ez da proiektu bakar bat ere garatu. Gero, UPSa garatzeko hirigintza proiektua edo proiektuak tramitatzen direnean, behar den ingurumen ebaluazioa tramitatuko da. Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legeak argi eta zehatz adierazten du, 13.1 puntuan, plan edo programa baten ingurumen ebaluazio estrategikoa eginda ere, haren ondoriozko programen ingurumen inpaktuaren ebaluazioa ere egin beharko dela.

UPSa aldatzearekin eta eremu intermodala eta eremu logistiko intermodala kentzearekin batera errepide bidezko garraioaren ordez tren bidezko garraioa sustatzeko aukera desagerrarazteko kontuari dagokionez, Sustapen Ministerioaren txostenaren laburpenean adierazi den bezala, aditzera ematen da UPSaren aldaketari buruz prestatutako informazio eta justifikazio dokumentazio berrian (2019koa) deskribatzen direla trenbideak ukituriko lurren jabetzari jarritako mugapen eta mugak, Iruñeko Garraioaren Hirian sartzeko trenbide-adarrari dagokionez, eta Trenbide Plangintzarako Zuzendariordetza Nagusiak, zeinak hasiera batean kontrako txostena egin baitzuen 2019ko irailaren 6an, adierazi duela, trenbideetako plangintzari buruz dituen eskumenen esparruan, ez dagoela arazorik UPSaren aldaketaren tramitazioarekin segitzeko.

Azkenik, hondakinak kudeatzeko balizko instalazioa Iruñeko aireportutik hurbil kokatzeko bateraezintasunari dagokionez, Sustapen Ministerioko Garraioetako Idazkaritza Nagusiko Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena egin du tramitatzen ari den espedienteari buruz, zortasun aeronautikoei eta 4. fasearen berrantolamenduari dagokienez, betiere proiektatzen diren eraikuntzek ez badituzte urratzen zortasun aeronautikoak. Hori guztia Zortasun Aeronautikoei buruzko 1875/1973 Dekretua betez gero Iruñeko Aireporturako, eta, aurretik, Aireko Segurtasunaren Estatuko Agentziaren adostasun akordioa beharko da.

Iruñerriko Mankomunitatea.

Iruñerriko Mankomunitateak uste du dokumentazioa osorik dagoela, ingurumenari lotutako edukiari dagokionez (ingurumen balio nagusien inbentarioa eta ezaugarriak, alternatiben azterketa, balizko ondorioen identifikazioa eta balorizazioa, inpaktuak gutxiagotzeko edo desagerrarazteko zuzenketa eta prebentzio neurriak eta ingurumen zaintzarako programa), eta aldeko txostena eman du hornidura eta saneamendu azpiegiturei dagokienez.

Kontuan hartzekoak:

Tramitatzen ari den aldaketari dagokion ingurumen ebaluazio estrategikoan adierazten da ez dagoela hornidura eta saneamendu azpiegitura berririk, kontsultatua izan den erakunde horrek adierazi bezala.

Lurra Nafarroa-Lurraren Defentsaren Aldeko Elkartea.

Elkarte horrek adierazi du UPSaren aldaketaren xedea dela Iruñeko Garraioaren Hiriaren 4. faseko lurrak Iruñerriko Mankomunitateari saltzea, bertan hondakinak tratatzeko zentro bat jartzeko, nahiz eta hango jarduera “balio anitzeko logistika” izena daraman maskara baten azpian ezkutatua dagoen. Haien iritziz, urtean 160.000 tona tratatzea ez da ingurumen ebaluazio estrategiko sinplifikatua behar duen jarduera bat.

Kontuan hartzekoak:

Noaingo Udalaren eta Imarkoaingo, Gerendiaingo eta Dorreko kontzejuen txostenen ildotik adierazitakora jo behar da.

Sustrai Erakuntza Fundazioaren erantzuna.

Fundazio horrek zenbait ohartarazpen egiten ditu (1etik 6ra) Garraioaren Hiriko nodo intermodala UPStik kentzearen harira, baita hango eremu logistiko intermodalari dagokionez ere. Hortik abiatuta, bere desadostasuna agertzen du, atalez atal honako hauek argudiatuz:

1. Eremu intermodala ez dela beharrezkoa justifikatzen duen dokumentu nagusia ez da jendaurrean jarri.

2. Nafarroako Gobernuak eremu logistikoei buruz duen estrategia berrian erabaki da eremu intermodala bultzatzea, ez kentzea. Bide beretik jotzen du Iruñerriko Mankomunitateko Trenbide Sarearen Estatuko Plangintzak.

Txostenean adierazi bezala, Nafarroako Gobernuak 2018-2028 aldirako duen Nafarroako Estrategia Logistikoan honako hauek sustatu nahi ditu bereziki: Noain-Imarkoiango azpiegitura logistikoa, garraio intermodala sustatzea (errepidea eta trena) eta Nafarroa Europa barneko Garraio Sarean sartzeko prozesua finkatzea Zaragoza-Iruña-Euskal Y korridorea garatuz.

3. Lurraldea Antolatzeko 3. Planaren helburua da eremu intermodalak ezartzea. Atal honetan berariaz aipatzen dira Lurraldea Antolatzeko 3. Planaren helburu batzuk, hain zuzen, garraioaren banaketa eta logistika hobetzeko neurriak sartzeari buruzkoak, baita plataforma intermodal batzuk ere, beste garraio mota batzuetara igarotzeko bidea erraztuko dutenak (trenbidea, esate baterako). Gainera, azpimarratzen du UPSaren aldaketak “bikoiztasunak eta eraginkortasun eza” saihestu nahi dituela, eta uste du hori lortuko dela, hain zuzen, nodo logistiko intermodala kenduz. Hala, ondorioztatzen du Lurraldea Antolatzeko 3. Planak abalatu egiten duela Garraioaren Hiriko eremu intermodala mantendu beharra.

4. Garraioaren Hiriaren eta salgaien estazioaren artean dagoen distantzia txikiak ez du erabilera intermodala laguntzen, trenbide-adar bat ez badago. Sustrai Erakuntza fundazioarentzat, horrek errazten du, hain zuzen ere, konexio intermodala, era horretan saihesten baitira tarteko garraio-urratsak, errepidetik egin beharko liratekeenak. Zalantzan jartzen dute egokitzeko ahalmen faltaren gaineko tesia, eta Garraioaren Hiriko zentro logistikoak instalazio berrietara egokitzeko ahalmena, baita espazio berriko berdegunean trenbide-adarra instalatzeko moduko korridore bat mantenduko den ere.

5. Garraioaren Hiria nazioarteko trenbideetako zabaleran lotzeko zailtasuna. Horri dagokionez, argudiatzen du Prestazio Handiko Trenaren aurka dagoela, salgaien garraiorako zailtasunak ekartzen baititu bidaiarien garraioaren mesedetan. Tren Publiko eta Sozialaren alde egiten du, ekonomikoagoa eta ingurumenarekin adeitsuagoa delakoan (hirugarren erraila edo nazioarteko zabalera ezartzea Castejón-Altsasu egungo tartearen ondoan eraiki behar den trenbide berrian).

6. Aldaketa klimatikoa eta erregai fosilak agortzea. Berriz ere argudiatzen dute Iruñeko Garraioaren Hiritik nodo intermodala kentzearen aurka daudela, eta salgaiak garraiatzeko trenaren alde, garraiobide elektrifikagarri bakarra izanik energia berriztagarriaren menpe dagoelako. Hala, proposatzen duten estrategiak bat egiten du Nafarroako Aldaketa Klimatikorako Bide-orriarekin.

7. UPSaren aldaketak ez du kontuan hartzen lurren azken destinoa, hots, hondakinen makroinstalazio bat jartzea.

Atal horri dagokionez, erantzunak aipatzen du Nafarroako Gobernuak 2018ko urriaren 31ko Erabakia hartu baino lehen, zeinaren bidez hasten baita tramitatzen Iruñeko Garraioaren Hiria Handitzeko UPSaren aldaketaren espedientea, Sustrai Erakuntza fundazioaren iritziz, Gobernuak bazekien zein zen UPSaren aldaketaren azken helburua (hondakinen instalazio bat jartzea), Iruñerriko Mankomunitateak NASUVINSAri lurrak erosteko eskaeratik ondorioztatzen den bezala. Uste dute tramitatzen ari den dokumentazioan inguruabar hori kontuan hartu beharra zegoela, eta, horrenbestez, egindako tramitazioa baliogabea dela uste dute. Adierazten dute, orobat, hondakinak kudeatzeko instalazio bat bateraezina dela zortasun aeronautikoekin.

Bestalde, UPSaren aldaketaren xedearen zehaztugabetasunari dagokionez, argudiatzen dute ez dela aurreikusi ur hornidura egiteko eta hondakin urak ateratzeko behar handiagoak izanen direla. Zehazki, uste dute plangintza eskasaren erakusle bat dela Iruñerriko Mankomunitateak geroagoko faseetarako uztea hornidura edo saneamendu eskaeren azterketa.

Azkenik, aldaketaren xedea saihestu denez, alegia, hondakinak kudeatzeko azpiegitura bat ezartzea –betiere haien ustetan–, okerra da ingurumen inpaktuaren ebaluazio sinplifikatua egitea, proposatutako aldaketa ez baita “aldaketa txiki” bat. Hori aprobetxatzen dute, gainera, azaltzeko ez daudela ados ezarri nahi den tratamendu instalazio horrekin, batez ere errefusa gisako hondakinak tratatzeko izanen delako.

Kontuan hartzekoak:

1. puntutik 6.era bitarte planteatutako gaiei dagokienez, Trenbide Plangintzarako Zuzendariordetza Nagusiak 2019ko irailean egindako txostenean adierazi bezala, betetzen ari da indarreko trenbide plangintzan jasotakoa, non aurreikusten baita komunikazio trenbide bat egitea Iruñeko Garraioaren Hiriarekin lotzeko.

7. puntuari dagokionez (hots, UPSaren aldaketaren xedea ez da zehaztu, eta, horrenbestez, ingurumen tramitazioa okerra da), Noaingo Udalaren eta Imarkoaingo, Gerendiaingo eta Dorreko kontzejuen txostenei dagokienez adierazitako kontsiderazio berberetara jo behar da orain ere.

Adierazi dute ez daudela konforme hondakinak tratatzeko proposatutako sistemarekin, baina kontu hori espediente honen tramitazioaren xedetik kanpo dago, horren ebaluazioa geroko faseetan eginen baita, non UPSa garatzeko etor daitezkeen proiektuak analizatu eta ingurumen aldetik ebaluatuko baitira.

Hondakinak tratatzeko instalazio bat zortasun aeronautikoekin bateraezina delako kontua dela-eta, berriz ere adierazten da ez dela tramitazio honen xedea oraindik zehaztu gabe dauden balizko erabileren gaineko geroko proiektuen espedienteak aztertzea. Nolanahi ere den, Abiazio Zibilaren Zuzendaritza Nagusiak aldeko txostena eman du.

Ildo berean, ur hornidura eta hondakin uren saneamendua egiteko izanen diren beharrei erantzuteko plangintza faltari dagokionez, berriz ere adierazten da proposatutako UPSaren aldaketak ezartzen duen gauza bakarra dela zerbitzu publikoko zuzkidura-erabilera izanen duela, modu orokorrean, eta, hortik abiatuta, ezinezkoa da horrelako eskaerak ebaluatzea. Horrelako ebaluazioak hurrengo faseetan egiten ahalko dira.

Iragarkiaren kodea: F1916264