3. ALDIZKARIA - 2020ko urtarrilaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

163/2019 FORU AGINDUA, abenduaren 10ekoa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, zeinaren bidez onesten baitira laguntzak emateko deialdi bat eta oinarri arautzaileak, 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Foru Komunitatean izandako euriteek eta uholdeek nekazaritzako estalpeko ekoizpenetan izandako errenta galerei aurre egiteko. DDBN identifikazioa: 486156.

2019ko uztailaren 8an ekaitzak eta erauntsi handiak gertatu ziren Nafarroako Foru Komunitatean. Zenbait estazio meteorologikotan, Getadarrekoan kasurako, 165 litro metro koadroko neurtu ziren, ordu gutxiko tartean. Tafallan, egun hartan, prezipitazioa 100 litro metro koadroko baino handiagoa izan zen; horietatik, 60 litro ordu bete baino denbora laburragoan erori ziren. Ekaitzak goi-geruzetako depresio isolatuaren ondorioz gertatu ziren, hau da, GGDI (DANA) edo tanta hotza izenarekin ezagutzen den fenomenoaren ondorioz.

Hondamendi naturalekin pareka daitezkeen baldintza meteorologiko kaltegarri horien ondorioz, eremu horietako arroek, batez ere Zidakos ibaiarenak, aparteko ur kantitate bat isurtzea eragin zuten, denbora gutxian sakanetako eta erreketako emarien hazkunde oso handia eragin zuena. Sakan eta erreka hauetako askok Zidakos ibaian isurtzen dute; beraz, altuera 0,11 metrotik 4 metrora pasatu zen denbora tarte oso labur batean. Horrek ekarri zuen Zidakos ibaiak gainez egitea. Gainera, hori bat-batean gertatu zenez, kalteak are handiagoak izan ziren, eta jendeak ezin izan zuen deus egin horren aurka. Arrazoi hauengatik sortu diren kalteak oso larriak izan dira, bai ondasun publikoetan nola pribatuetan, hala hiri-ondasunetan nola landa-ondasunetan. Negozioak, etxebizitzak, autoak eta errepideak kaltetu dira; landa-lurretako mota guztietako bideak ere bai. Nekazaritza ustiategiei atxikitako hainbat elementuk kalteak eduki ditu (ureztatzeko azpiegiturak, esaterako), laboreetan galerak izan dira eta izanen dira, ezin izanen direlako erein aurreikusten ziren laboreak, batez ere berotegietan.

Egoera hau ikusita, Nafarroako Gobernuak, 2019ko uztailaren 11ko erabakiaren bidez, katastrofe egoera deklaratu zuen Nafarroako Erdialdeko eremu batean 2019ko uztailaren 8ko uholdeen ondorioz jazotakoa, Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdien Kudeaketari buruzko uztailaren 1eko 8/2005 Foru Legearen 2. eta 22. artikuluetan xedatutakoari jarraituz; eta Estatuko Administrazio Orokorrari eskatu zion deklara zezala eremu hori babes zibileko larrialdi batean larri kaltetutako eremu, Babes Zibileko Sistema Nazionalari buruzko uztailaren 9ko 17/2015 Legearen 23. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Nafarroako Gobernuak 2019ko irailaren 4an hartutako Erabakiaren bidez jarduketa plan bat onetsi zen, 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Foru Komunitatean ohiz kanpoko euri-jasek eta uholdeek eragindako kalteei aurre egiteko xedea duena, eta baimena eman zitzaion Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari hura gauzatzeko urte anitzeko gastuaren konpromisoa hartzeko.

Hondamendi naturalek eragindako errenta galera konpentsatzeko laguntza hauek Batzordearen ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasota daude; izan ere, erregelamendu horrek barne merkatuan bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta. Batasunaren erregelamendu horren 2.9 artikuluan jasotako hondamendi naturalen artean agertzen dira elur-jausiak, luiziak eta uholdeak. Aldez aurretik laguntza hauen araubidea jakinarazi zaio Europako Batzordeko Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusiari, eta hark hartu izanaren berri eman du, SA.55315 laguntza-zenbakiaren bitartez.

Konpentsatu beharreko kalteak apartekoak direla ikusita, bidezkoa da laguntza hauen interes publikoa deklaratzea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen ondorioetarako.

Ikusirik Nekazaritza Zerbitzuko zuzendariak emandako aldeko txostena eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzailetza delegatuaren oniritzia.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Onestea 2019ko uztailaren 8ko euriteen eta uholdeen ondorioz nekazaritzako estalpeko ekoizpenetan izandako errenta galerei aurre egiteko laguntzen oinarri arautzaileak Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 30eko 210/2019 Foru Aginduan sartutako Nafarroako Foru Komunitateko udalerrietarako, zeinaren bidez onartzen baita Nafarroako erdialdean, 2019ko uztailaren 8an, euriteek eta ezohiko uholdeek eragindako udalerrien zerrenda, agindu honen I. eranskinean jasotzen den moduan.

2. Gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenerako eredua onestea. Eredua helbide honetan eskuratzen ahal da:

http://www.navarra.es/appsext/DescargarFichero/default.aspx?CodigoCompleto=Portal@@@epub/BON/IMPRESOSG/001_Transparencia_E.pdf

3. Foru agindu honen II. eranskinean jasotzen den laguntzak eskatzeko eredua onestea.

4. 800.000 euroko gastua baimentzea, foru agindu honetan jasotzen diren laguntzen ondorioz sortutako gastuei aurre egiteko, 2020ko gastuen aurrekontuko “Azpiegitura pribatuetako kalteetarako eta errenta galerarako laguntzak” izeneko 710000 71210 4700 412107 partidaren kargura, edo horretarako gaitzen den partidaren kargura.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 31.3) artikuluan ezarritako baldintzekin bat, hasieran baimendutako zenbatekoa ez bada nahikoa gastu osoa ordaintzeko, 300.000 euro gehitzen ahalko zaizkio gehienez deialdi honi. Kopuru gehigarriaren eraginkortasuna kreditu gehigarrirako baimena izatearen menpe dago, lehen adierazitako inguruabarraren ondorioz.

5. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta foru agindu hau Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu-basean (NGDDB) erregistratzea.

6. Foru agindu honetan arautzen diren laguntzak emateko, salbuespen eskaera argitaratu beharko da Europako Batzordearen Nekazaritzako eta Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean, Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 9.1 artikuluarekin bat.

7. Foru agindu honetan aurreikusitako laguntzak izenpetuta dauden aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak izanen dira beti, ordena horretan, baita Estatuan edo Europar Batasunean antzeko egoeretarako izan daitezkeen beste laguntza batzuenak ere, eta zehazki, Espainiako Gobernuak ezarritako laguntzenak. Horiek abiarazteko, behar bezala koordinatu beharko dute bi administrazio publikoek, gainjartzeak edo irizpide desberdintasuna saihesteko, horrek zaildu egiten baitu baliabide publikoak modu efizientean kudeatu ahal izatea.

8. Foru agindu honen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitara ematen denetik hilabeteko epean, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluei jarraikiz.

Iruñean, 2019ko abenduaren 10ean.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

I. ERANSKINA

Laguntzak arautzeko oinarriak, 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Foru Komunitatean izandako euriteek eta uholdeek nekazaritzako ekoizpenetan eragindako galerei aurre egiteko

Lehen oinarria.–Laguntza araubide honetatik salbuesteko baldintzak.

1. Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 30. artikuluan jasotako aplikazio eremuan, salbuespen baldintzetan eta laguntza kategorietan kokatzen da laguntza araubide hau; erregelamendu horrek barne merkatuarekin bateragarriak diren zenbait laguntza kategoria deklaratzen ditu nekazaritza eta basogintza sektoreetan eta landa eremuetan, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak aplikatuta.

2. Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren aplikazio eremutik baztertuta daude kasu hauek:

a) Batzordeak laguntza legez kanpokotzat eta barne merkatuarekin bateraezintzat jo ondoren, berreskuratze agindu baten zain dauden enpresentzako banakako laguntzak ordaintzen diren kasuan.

b) a) letran jasota dauden enpresei ad hoc emandako laguntzen kasuan.

c) Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren 2.14) artikuluan definitzen diren moduan krisiak jota dauden enpresentzako laguntzak direnean.

3. Laguntzen araubide honek 2020ko abenduaren 31ra arte iraunen du.

Bigarren oinarria.–Deialdiaren xedea eta aplikazio eremua.

1. I. eranskin honen helburua da Gobernuak 2019ko irailaren 4an hartutako Erabakiaren eranskineko 3.5 puntuan jasotako laguntzen oinarri arautzaileak ezartzea. Erabaki horren bidez, jarduketa plana onetsi zen Nafarroako Foru Komunitatean 2019ko uztailaren 8an izandako aparteko euriteek eta uholdeek eragindako kalteak konpontzeko, eta baimena eman zitzaion Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariari hura gauzatzeko urte anitzeko gastuaren konpromisoa hartzeko, hau da, lurra normal landatu ezin izateagatik lortu gabeko irabaziak konpentsatzeko eta nekazaritzako aseguru polizek babestutako laboreetako galeretarako laguntzak emateko.

2. Oinarri arautzaile hauetan ezarritako laguntzak izenpetutako aseguru polizetako konpentsazioen osagarriak eta subsidiarioak izanen dira beti, baita Estatuaren edo Europar Batasunaren esparruan antzeko jardueretarako aplika daitezkeen beste laguntza batzuenak ere, ordena horretan.

3. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren uztailaren 30eko 210/2019 Foru Aginduak ezartzen duen lurraldean dauden ustiategiei emanen zaie (foru agindu horrek 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Erdialdean izandako ohiz kanpoko eurite eta uholdeek kaltetutako udalerrien zerrenda onetzi zuen). (2019ko 158. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, abuztuaren 14koa).

Hirugarren oinarria.–Onuradunak, betekizunak eta konpromisoak.

1. Laguntzen hartzaileak nekazaritzako ustiategi txiki eta ertainen titularrak izanen dira, betiere ustiategiek enpresa txiki eta ertainen izaera badute, Europako Batzordearen 2014ko ekainaren 25eko 702/2014 (EB) Erregelamenduaren I. eranskinarekin bat.

2. Bigarren oinarriko laguntzetarako baldintzak honako hauek izanen dira:

A. Lortu gabeko irabaziak konpentsatzeko:

a) Eskatzaileek, 2019ko urtarrilaren 1ean, ustiategia inskribaturik izan behar dute Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan. Ustiategiaren azalerarik handiena beste erkidego batean duten ustiategien kasuan, ustiategiak kasuan kasuko erkidegoko nekazaritza ustiategien erregistroan inskribatuta egon beharko du. Era berean, adierazitako dataren ondoren egindako lehen instalazioen kasuan, kontuan hartuko dira, baldin eta NNUEen (REAN) laguntza-eskaeraren xede diren ekoizpen-unitateak inskribatzeko eskaera egin bada.

b) Laguntza zer lurzatitarako eskatzen den, horien ahalmen produktiboa lehengoratzen saiatu izana, ahal den lasterren.

c) Baratzeko laborerik landatu ezin izana 2019ko abuztuaren 10a baino lehenago, salbu eta eskatzailearen zabarkeria edo ardura eza badira kaltetutako azpiegiturak konponduta ez egotearen arrazoia, lurrak eta materialak behar bezala kenduta ez egotearena edo beharrezko lanak eginda ez egotearena.

Ondorio horietarako, galarazi gabe beste inguruabar batzuk justifikatu behar izatea, ulertuko da ezin izan dela erein edo landatu baldin ukitutako lurzatien egoerak ez badu ahalbidetu lanak 2019ko abuztuaren 1a baino lehen egitea.

B. Nekazaritzako ekoizpenetan izandako galeretarako laguntzetan, nahitaezkoa izanen da aseguru poliza baten titularra izatea, non sarturik egonen baitira konpentsazio-eskaeraren xede diren ekoizpenak. Aipatutako poliza horri dagokionez, Agroseguro SAk dagokion kaltea zehaztuko du uholdeen eta euri-ekaitzen arriskuagatik, Agroseguro SAk aseguramendu-lerroetan definitzen dituen baldintza berezietan jasotakoa oinarri hartuta.

Laugarren oinarria.–Eskaerak aurkezteko tokia.

1. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira, ahal dela, (González Tablas kalea 9, Iruña), departamentuko arloko bulegoetan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16. artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

2. Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki behar da.

Bosgarren oinarria.–Eskaera aurkezteko epea eta harekin batera aurkeztu behar diren agiriak.

1. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, foru agindu hau hau argitaratzen denetik hasita.

2. Interesdunek laguntzen eskaerak aurkeztu beharko dituzte, II. eranskineko ereduari jarraituz eta behar bezala beterik.

Seigarren oinarria.–Laguntzak zehaztea.

A. Lortu gabeko irabazia.

1. Hauek jasotzen ahalko dute laguntza ekonomiko bat errenta-galeragatiko konpentsazio gisa: nekazaritza usteategietako labore babestuen azalerek (berotegiek, tunelek edo antzekoek), euriteen eta uholdeen ondorioz erein edo landatu ezin izan dutenek, beren instalazioak osorik edo zati batean suntsitu direlako edo lurzatietan lurra edo legarrak edo beste material batzuk eraman edo pilatu direlako.

Jasoko den zenbatekoa 2,08 euro izanen da, metro koadro bakoitzeko babestutako alorreko lurzatietan. Laguntza zer azaleretarako eskatzen den, horiei aplikatuko zaie.

Landutako alorrak CPAEN-NNPEK kontrol-agintaritzak ziurtatuta badaude ekoizpen ekologikoan, eta konbertsio ekologikoan edo ekoizpen ekologikoan kalifikatuta, jaso beharreko zenbatekoa 2,70 euro/m² izanen da.

2. Diru-sarreren galeren eta aipatutako laguntzen zenbatekoak kalkulatzeko, 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 30.7 artikuluaren arabera jokatu da:

a) Ezbehar naturalaren urtean produzitutako nekazaritzako produktuen kopurua bider urte horretan saltzeagatik izandako batez besteko prezioa eginda ateratako emaitzari (0 euro, ez baitago landaketarik ez uztarik) kendu egin zaio ezbehar naturala gertatu aurreko hiru urteko epean nekazaritzako produktuen batez besteko zenbatekoa biderkatzearen emaitza (2016., 2017. eta 2018. urteak, INTIA SA sozietate publikoak ebaluatuak).

b) Alde horren zenbatekoari ez zaizkio gehitu ezbehar natural batekin parekatu daitekeen hondamen klimatikoaren ondorioz onuradunak egindako beste gastu batzuk.

c) Zenbateko horretatik ezbehar naturalagatik egin ez diren gastuak kendu dira (laboreen batez besteko gastu guztiak, ez baita laborerik landatu, 2016an, 2017an eta 2018an, INTIA SAk emanak).

d) Laboreen okupazio indizeak erabili dira onuradunaren urteko nekazaritzako produkzioa kalkulatzeko, kalkulatzeko metodoak bide ematen baitu kasuan kasuko urtean onuradunaren benetako galera aurreikusia zehazteko (Nekazaritza Zerbitzuak prestatu ditu indizeak, ukitutako eremuak ordezkatzen dituzten laboreen arabera).

4. Kalteak arintzeko jasotako laguntzen eta bestelako ordainketen zenbatekoak baturik (batez ere aseguru polizetatik datozen ordainketak), ezin izanen da kostu diruz lagungarrien % 100 gainditu.

5. Errenta galeragatik emanen den laguntza 15.000 eurokoa izanen da gehienez ustiategiko. Elkarteen nekazaritzako ustiategien kasuan, honako hau eginen da: zenbateko hori bider ogibide nagusia nekazaritza duten bazkideak, gehienez ere 3.

6. Gutxieneko azalera laguntza hauen babesa jasotzeko, 150 metro koadro da.

B. Nekazaritzako ekoizpenetako galerak.

Nekazaritzako aseguru poliza batek babestutako nekazaritza ekoizpenetan izandako galeretarako laguntza honela zehaztuko da: Agroseguro SAk tasazio aktan uholdearengatik edo euri-ekaitzarengatik zehaztutako galeraren zenbateko osoa ken aipatutako entitateak ordaindutako zenbatekoa, betiere kostu diruz lagungarrien % 100 gainditu gabe.

Zazpigarren oinarria.–Laguntzak emateko prozedura.

1. Foru agindu honetan araututako laguntzak norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira, laguntza araubidean onartuak izateko baldintzak betetzen dituztenen artean.

2. Baldin laguntzak hartzeko baldintzak betetzen dituzten eskaera guztietako zenbatekoa handiagoa bada deialdi honetarako baimendutako gastuaren zenbatekoa baino, deialdiari 300.000 euro gehitzen ahalko zaizkio, gehienez. Baimendutako zenbatekoaren eta gehitutako zenbatekoaren batura eskatutako zenbatekoen guztizko zenbatekora iritsi gabe badago oraindik, hainbanatuko da onartutako eskabide guztien artean eskuragarri dagoen zenbateko osoa, eskatzaile bakoitzari dagokion gehieneko laguntzaren arabera. Betiere, kostu diruz lagungarrien intentsitate portzentajea izanen da gehieneko laguntza.

Zortzigarren oinarria.–Deialdiaren ebazpena.

1. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen du dirulaguntzei buruz, eskaerak aurkezten direnetik gehienez 3 hilabeteko epean, eta espresuki adieraziko du zer eskaera ezetsi diren.

2. Laguntzak eman eta ordainduko dira beharrezko egiaztapenak egin ondoren, besteak beste aseguruen primengatik eta lurzati eta helburu bererako emandako laguntzengatik jaso diren edo jasoko diren zenbatekoak egiaztatzea, eta, halaber, eskatzailearen kontularitzako informazioa, trazabilitatekoa eta tratamenduen erregistrokoa eskatzea.

3. Landako egiaztapenek administratiboak osatuko dituzte, eta kontuan hartuko dituzte instalazioen egungo egoera, lurra landu ezin izateak sortutako kaltea eta ondoko ustiategien egoera.

Bederatzigarren oinarria.–Laguntza deialdien antolaketa eta instrukzioa.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da bosgarren artikuluan aipatzen den dokumentazioa aurkeztu dela. Agiri guztiak ez badaude, gehienez ere hamar eguneko epean osatu ditzala eskatuko zaio eskatzaileari, eta adieraziko zaio, hala egin ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela. Ebazpen hori jakinarazi eginen zaio.

2. Agiri guztiak bildu ondoren, baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatuko da. Horretarako, zortzigarren oinarrian agindutako kontrolak egiten ahalko dira.

3. Eskaerak ebaluatu ondoren, Nekazaritza Zerbitzuak laguntza emateko ebazpenaren proposamena eginen du.

4. Emandako laguntzen ordainketa Nekazaritzako eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez eginen da, laguntzetako zenbateko guztiak jakinda, eta horiek deialdi honetan erabil daitekeen diru-kopuruarekin alderatu ondoren, horrela, beharrezkoak diren murrizketak eta doikuntzak aplikatzen ahalko baitira, foru agindu honen zazpigarren oinarrian horri buruz xedatutakoaren arabera.

Hamargarren oinarria.–Onuradunen betebeharrak gardentasunari dagokionez.

1. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 3.c) artikuluan aipatutako entitateak beharturik daude gardentasun betebeharra betetzera baldin eta, urtebetean, 20.000 eurotik gorako laguntzak edo dirulaguntzak jasotzen badituzte, edo jasotako laguntzak edo dirulaguntzak beren urteko diru-sarrera guztien % 20 edo gehiago badira eta horiek gutxienez 5.000 eurora iritsiz gero.

Edozein kasutan, foru lege horren 3. artikuluko c) letran jasotako entitateen kasuan, ebazpen honen 2. puntuan aipatzen den gardentasun betebeharrari buruzko adierazpenaren ereduaren arabera, honako hauei buruzko informazioa jasoko da, jendaurrean jarri ahal izateko: gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaketa; karguen zerrenda eta haien dedikazio araubidea, lansari gordinak eta entitateak kargu bakoitzarengatik jasotzen dituen diru konpentsazioak, kontzeptuen arabera zehaztuta, eta urteko kontuak.

2. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua konputatuko da, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Hala bada, dirulaguntza ematen den ekitaldian entitatearen organo eskudunak onartutako negozio-zifra edo aurrekontua.

3. Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan, bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak ez badu gardentasun betebeharra konplitu beharrik, aurreikusitako egoerak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

Hamaikagarren oinarria.–Onuradunek bete beharrekoak.

Laguntza hauen onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emandako edo jasotako laguntzen gainean edozein unetan egiten dituen edozein egiaztapen onartzea.

b) Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuari jakinaraztea, eskaera aurkeztuz, edozein administrazioren beste dirulaguntza batzuk eskatu edo eskuratu direla helburu bererako, eta aseguruen primak jaso direla eskaeretako lurzatien errenta galtzeagatik, foru agindu honen II. eranskinean ezartzen denaren arabera.

c) Kontabilitate edo erregistro liburuan laguntzak jaso izana erregistratzea, indarreko arauen arabera horrelako liburuak izatera behartuta baldin badago.

d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak eguneratuak izatea ebazpen proposamena egiten denean.

e) Administrazioaren kontrolak erraztea eta horri baimena ematea beharrezko datu guztiak egiaztatzeko, laguntzak kalkulatzeko orduan.

Hamabigarren oinarria.–Bateragarritasuna.

1. Laguntza hauek bateragarriak eta subsidiarioak dira Foru Administrazioak edo beste administrazio publiko batzuek helburu bererako ematen dituztenekin. Onuradunak jakinarazi egin beharko ditu bai helburu bererako eskatzen dituen laguntzak bai azkenean lortzen dituenak.

2. Aurreko paragrafoko laguntzen metaketa gertatuz gero, 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 8. artikuluan xedatutakoa bete beharko da.

3. Laguntzak honako hauei gehitzen ahal zaizkie:

a) Estatuko beste edozein laguntza, baldin eta laguntza neurri horiek kostu diruz lagungarri eta identifikagarri desberdinei buruzkoak badira.

b) Estatuko beste edozein laguntza, kostu diruz lagungarri berberetarako, izan partez edo izan osoki gainjarrietarako, soil-soilik baldin metaketa horrek berekin ez badakar gehieneko laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea, kontuan izanik erregelamendu honen arabera aplikatu beharrekoa.

4. Laguntzak ez zaizkie gehituko, kostu diruz lagungarri berberetarako, 1305/2013 Erregelamenduaren (EB) 81.2 eta 82. artikuluetan jasotako ordainketei, baldin metaketa horrek berekin badakar Erregelamendu honetan ezarritako laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

5. Estatuaren laguntza horiek ez zaizkio gehituko kostu berberei dagokien “de minimis” motako beste laguntza bati baldin horrek berekin badakar 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 30. artikuluan ezarritako laguntza intentsitatea edo zenbatekoa gainditzea.

6. Nekazaritzako ekoizpen potentziala berreskuratzeko inbertsioetarako laguntzak –14.4.e) artikuluan jasoa– ez zaio gehituko 702/2014 Erregelamenduaren (EB) 30. artikuluan jasotako kalte materialak konpentsatzeko laguntzari.

Hamahirugarren oinarria.–Itzulketak, arau-hausteak eta zehapenak.

1. Deialdi honetan eskatutako betebeharrak bete ezean, dirulaguntza osorik edo zati batean itzuli beharko da, eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

2. Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraituko zaio.

3. Inguruabar bereziak edo ezinbesteko kasuak gertatu direla dakien onuradunak idatziz jakinarazi beharko dio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, betiere kudeaketa organoak egiaztapenak egin baino lehen.

Hamalaugarren oinarria.–Emandako dirulaguntzen publizitatea.

Foru agindu honetan ezarritako laguntzen onuradunen zerrenda zerbitzuen katalogoan argitaratuko da, egoki den fitxan, 2019ko uztailaren 8an Nafarroako Foru Komunitatean izandako euriteek eta uholdeek nekazaritzako ustiategietan eragindako errenta galerei aurre egiteko laguntzei buruzko fitxan.

II. ERANSKINA

Laguntza eskaeraren gutxieneko edukia. 2019ko uztailaren 8ko uholdeak (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F1916018