299. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Aldaketa, Iruñerriko hiri-garraioaren zerbitzu publikoa arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2020ko irailaren 28an egindako bilkuran, Iruñerriko hiri-garraioaren zerbitzu publikoa arautzeko ordenantzaren 5., 8. eta 13. artikuluak aldatzea onartu zuen hasiera batean.

Onarpenaren erabakia 233. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2020ko urriaren 8n, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluetan xedatutakoari jarraituta, behin betiko onartuta gelditu da ordenantza horren aldaketa, eta testu osoa argitara ematea agindu da, egokiak diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 10ean.–Lehendakaria, David Campión Ventura.

IRUÑERRIAN HIRI GARRAIOAREN ZERBITZU PUBLIKOA ARAUTZEKO ORDENANTZA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak eta aplikazio eremua

1. artikulua.

Mankomunitateak zeharka emanen du hiri garraio kolektiboko zerbitzu publikoa, eta Iruñerriko Hiri Garraioaren Planean bildutako printzipioekin bat.

2. artikulua.

Ordenantza hau orokorki aplikatuko da Mankomunitateak eskumena duen lurraldean ematen dituen hiri garraioko zerbitzuetan.

II. TITULUA

Zerbitzua antolatzea

3. artikulua.

Garraio zerbitzuak egokituko ditu bere ibilbide, maiztasun eta geldialdiak, ordaintzeko sistemak eta hornidurak -giza baliabideetan zein materialetan-, teknika, ekonomia edo gizarte irizpideekin bat, zentzu horretan Mankomunitateak hartutako irizpideekin bat.

Mankomunitateak egindako aldaketak, behin-behinekoak izan, eta horregatik, ibilbide alternatibo batekin, edo iraupen mugagabekoak izan, aldez aurretik eta behar den garaian iragarri beharko dira, bai gizarte komunikabideen bitartez, bai behar diren geralekuetan.

4. artikulua.

Zerbitzua etengabe emanen da; salbuespena izan daitezke ezinbesteak bultzatutako kasu zehatzak, baina halakoetan Mankomunitateak ahalik eta lasterrena iragarri beharko du gertaera hori.

5. artikulua.

Geralekuak terminalak, aukerakoak edo erregulaziokoak izan daitezke.

1. Lineako terminalak edo zerbitzua hasten den tokikoak deitutakoak beharrezkoak izanen dira eta ordutegiak erregulatzeko balioko dute. Autobusak geldirik egon beharko du geraleku horietan behar den denboran ordutegiak erregulatzeko.

2. Aukerakoak deitzen direnetan, ibilgailua geralekuan geldituko da soilik pertsonak zain badaude, edo erabiltzaileek ibilgailuaren barnean dagoen txirrina joaz hala eskatzen badute.

3. Erregulaziokoak aukerako geralekuak dira, igarotze teorikoko ordutegia betetzeko erdiko kontrol gune bat izendatu zaienak. Autobusak abiada egokitu beharko du geraleku hauetatik igarotzeko ordutegia ezarritako balio teorikoa izateko, aintzat hartuta, gainera, zerbitzuaren puntualtasun baldintzetan aurreikusita dauden desbideratze tarteak. Gertatzen bada igarotzeko ordutegia balio hori baino lehenagokoa izatea, ibilgailua gelditu egingo da geraleku hauetan, nahiz eta ez egon inor zain horietan edo erabiltzaileek ez duten eskatu gelditzeko autobusean dagoen txirrinaren bidez, zerbitzua maiztasunaren bidez zehazten den lineen kasuan izan ezik.

4. Nolanahi ere, gidariek maniobrak egin beharko dituzte geralekuetara gerturatzeko eta, hartara, espaloitik ahalik eta hurbilena kokatzeko.

III. TITULUA

Sarbidea

6. artikulua.

1. Garraioan erabiltzekoak diren ibilgailuetara sartzea publikoa da eta betebehar bakarra da aurretik tarifa ordaintzea, 9. artikuluan ezartzen denaren arabera. Salbuespena dira 5 urtetik beherako haurrak, behar bezala lagunduta badaude. Ulertzen da behar bezala lagunduta daudela, gutxienez, pertsona heldu bat badago 4 haurreko.

2. Taldeen kasuan (eskoletakoak, elkarteak...), abisua eman beharko zaio empresa kontzesiodunari gutxienez 24 ordu lehenago, dagokion linea indartzeko aukera kontuan hartzeko. 16 urtetik beherako pertsonen taldeen kasuan, kopurua ez da inolaz ere ibilgailuaren plaza kopuruaren erdia edo handiagoa izango. 5 urtetik beherakoen kasuan, gainera, aurreko atalean ezarritakoa aplikatu beharko da.

3. Ezin izanen da ibilgailuan sartu ondoren aipatutakoren bat gertatuz gero:

a) Ibilgailua beteta badago; kasu horretan aurreko atea ez da irekiko.

b) Ibilgailua geralekuan badago erabiltzaileak jasotzen, eta bidaiari gehiago ez bada sartzen. Halakoetan gidariak zehaztuko du zein den ibilgailuan sartzen den azken pertsona.

c) Gidariak sarbideko atea itxi badu.

d) Beren tamaina, mota, forma edo beste ezaugarriren batengatik ibilgailua zikindu, bidaiariei traba egin edo lekua kendu gabe ezin eraman daitezkeen fardel edo gauzak eramaten badira. Halakotzat ez dira behin ere joko erabiltzaileek eraman ditzaketen haurren aulkitxoak edo erosketarako orgatxoak.

Fardelen edo beste gauzen gehieneko tamaina ez da izango neurri hauek baino handiagoa: 100 x 60 x 25. Eta muga izango da pertsona bakoitzeko fardel batekoa.

e) Animalia batekin batera joanez gero. Salbuespena da itsuek gidari gisa erabilitako txakurrak eta laguntza txakurrak, egoki identifikatuta daudenak, eta 5. atalean araututa dagoena.

f) Leher daitezkeen edo arriskutsuak diren substantziak eramanez gero.

4. Soil-soilik onartuko da bizikletak edo norbanako mugikortasunerako beste ibilgailu batzuk, A motakoak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren 16/V-124 Instrukzioan haien gainean ezarrita dagoen sailkapenaren arabera, eramatea, tolestuta badaude eta sendotasun egokiko zorroetan sartuta babestuta badaude, beste bidaiari batzuei kalterik ez egiteko eta ez eragozteko. Hala ere, ez dute lehentasunik izango gurpil-aulkien eta haurren aulkitxoen aurrean. Zorroaren barnean dagoen elementuaren tamainak ezin izango ditu gainditu aurreko atalean aipatu diren neurriak.

5. 3.e atalean ezarri dena alde batera utzirik, etxeko animalia txikiak garraiatu ahal izango dira helburu horretarako egoki prestatutako ontzi edo kutxetan eramaten badira eta, hartara, ez badute zikintzen eta ez badiete eragozten gainerako erabiltzaileei. Garraioa lagungarriko animalia txikietara mugatuko da, hala nola txakur, katu eta antzekoetara, baldin eta haien pisua ez bada 8 kilogramotik gorakoa. Bidaiari bakoitzeko animalia bakarra onartuko da, eta beti kaiola batean edo garraiorako elementu edo beste edukiontzi itxi mota batean joan beharko du. Garraiorako elementu horren neurriak, gehienez ere, hauek izango dira: 55 x 36 x 35 zentimetro.

7. artikulua.

1. Ibilgailua dagokion geralekuan gelditzen denean, erabiltzaileak aurreko atetik sartuko dira, 8. artikuluan dauden salbuespenak alde batera utzirik, ahalik eta lasterrena, zerbitzuaren maiztasunari kalte ez egiteko moduan eta geralekura iristearen arabera ezarritako hurrenkeran.

2. Zenbait lineak komunean dituzten geralekuetan, bi autobus edo gehiago batera elkartzen badira, ulertuko da bigarren autobusa bidaiariei sartzen eta ateratzen uzteko moduko kokalekuan dagoela, arauzko kokalekuan. Hirugarren edo laugarren tokian dauden autobusek, ordea, ez dute aterik irekiko lehen kokalekura iritsi arte, geralekuaren seinalea dagoen parera, edo bigarren kokalekura iritsi arte, han badago aurretik zuen autobusetako bat.

8. artikulua.

1. Gurpil-aulkiak edo mugikortasun murriztua duten pertsonak mugitzeko beste gailu batzuk eta haurren aulkitxoak haietarako egokitutako tokian jarriko dira eta lotuta eramateko aurreikusita dauden elementuak erabili beharko dituzte, artikulu honetan jarritakoaren arabera.

2. Gurpil-aulki batean edo mugitzeko beste gailuren batean doazen mugikortasun murriztuko pertsonak bigarren atetik sartuko dira autobusean, eta aurretik abisua eman beharko diote gidariari kanpoan, atearen ondoan, dagoen txirrinaren bidez, ahal den guztietan. Horretarako erabiliko dute autobusetan dagoen arrapala, gidariak aktibatuko duena. Autobusean sartu ahal izango den gurpil-aulkien edo mugitzeko beste gailuen kopurua horretarako egokituta dagoen plaza-kopuruaren berdina izango da. Mugikortasun murriztua duen pertsonak berak ordaindu ahal izango du bidaia, helburu horretarako autobusaren erdiko plataforman kokatutako txarteletarako makinan, edo edozein bidaiarik, bere ordez, gidariaren ondoan dauden txarteletarako makinetan.

3. Gurpil-aulkietarako eta lekuz aldatzeko beste gailu batzuetarako indarrean dagoen legerian araututako segurtasun sistemak izango dituzte autobusek.

Gomendatzen da gurpil-aulkien edo lekuz aldatzeko beste gailu batzuen erabiltzaileek sistema horiek erabiltzea. 1.300 mm x 700 mm neurriak gainditzen dituen edo, erabiltzailea barne hartuta, 300 kilogramoko pisua gainditzen duen gurpil-aulkirik edo mugitzeko beste gailurik ezin izango da sartu autobusean edo indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen neurriak gainditzen dituztenak, bereiz daitezkeen moduluak eta erreserbatutako tokietan kokatzeko desmunta daitezkeenak badira izan ezik.

4. Arrapala ez badabil, taxi bati deituko zaio erabiltzailearen bila joateko, hurrengo autobusak taxiak baino denbora gutxiago behar badu erabiltzailearengana iristeko izan ezik. Erabiltzailea taxiz joaten bada, jaistea aurreikusita zuen geralekua izango da taxiaren helmuga. Dena den, beste helmuga bat adierazten badio, bi helmugen arteko alde ekonomikoa erabiltzaileak ordaindu beharko du.

5. Haurren aulkitxoak eta kapazuak, posible den guztietan, aurreko atetik sartuko dira autobusean. Autobusaren egitura dela eta ezin bada horrela egin, bigarren atetik eginen dute, gidariari aurretik jakinarazita.

6. Autobusean sartu ahal izango den tolestu gabeko haurren aulkitxo eta/edo kapazu kopurua “gurpil-aulkietarako” gordetako tokian sartzen dena izango da.

7. Aulkitxoan edo kapazuan dagoen haurrarekin doan pertsona heldua da haur horren segurtasun baldintzak betetzeko arduradun bakarra eta haurrak izan ditzakeen kalteen edo aulkitxoak edo kapazuak eragin ditzakeen kalteen arduradun bakarra.

Horretarako, aulkitxoan edo kapazuan doan haurrarekin doan pertsona helduak:

a) Aulkitxoa edo kapazua ibilgailuaren erdiko plataforman jarri beharko du, gurpilaulkietarako gordetako tokian.

b) Aulkitxoan edo kapazuan behar bezala lotu beharko du adingabea, horietan dauden eusteko sistemen bidez.

c) Aulkitxoaren edo kapazuaren balazta galgatu beharko du.

d) Aulkitxoari edo kapazuari bidaia osoan eutsi beharko dio.

Autobusera igotzean gurpil-aulkietarako eta haurren aulkitxoetarako gordetako gunea beteta badago, aulkitxoan edo kapazuan doan haurrarekin bidaiatzen duen persona helduak tolestu ahal izango du, haurra besoetan hartu eta mugikortasun murriztuko pertsonentzat gordetako eserlekuetako batean eseri ahal izango da, edo, eserleku horiek ez badaude libre, beste batean, baina betiere bere ardurapean, edo hurrengo autobusaren zain gelditu ahal izango da. Aulkitxoa edo kapazua tolesten bada, gainerako bidaiariei igarotzea ez eragozteko moduan utzi beharko da.

8. Ibilgailu guztiek eraman beharko dute gurpil-aulkietarako gordetako tokietan, ikusteko moduko leku batean, gurpil-aulkiak eta haurren aulkitxoak edo kapazuak autobusetan garraiatzeko araudia.

9. Eserlekuak eta tokiak gordetzea. Mugikortasun murriztuko pertsonek lehentasunez erabiltzeko, gutxienez, bi toki gordeko dira gurpil-aulkiak edo mugitzeko beste gailu batzuk jartzeko eta lau eserleku autobus guztietan.

Gurpil-aulkian edo mugitzeko beste gailu batean doazen mugikortasun murriztuko pertsonek lehentasuna izango dute helburu horretarako egokituta dauden lekuak hartzeko.

Mugikortasun murriztuko pertsonentzat gordetako eserlekuak autobusean sartzeko ateetatik hurbil egongo dira, seinale egokiak izango dituzte, eta txirrinak, gelditzeko seinaleak eta alarmak izango dituzte eskura. Beste pertsona batzuk eserita badaude gordetako eserleku horietan, gidariak eskatuko die libre uzteko. Hartara, beste bidaiari batzuk bakarrik eseri ahal izango dira eserleku horietan libre badaude.

10. Autobusean sartzen bada gurpil-aulki bat edo mugitzeko beste gailu bat eta horretarako gordeta dauden tokiak hartuta badaude eta tokietako batean haurren aulkitxo edo kapazu bat badago, haurren aulkitxoa edo kapazua daraman persona behartuta dago tolestera eta tokia uztera gurpil-aulkian edo mugitzeko beste gailu batean doan pertsona erabiltzaileari. Haurren aulkitxoak eta/edo kapazuak zenbait badira, autobusean azkena sartu den haurren aulkitxoaren edo kapazuaren laguntzailea egongo da behartuta tolestera eta tokia uztera gurpil-aulkian edo mugitzeko beste gailu batean doan pertsona erabiltzaileari.

9. artikulua.

Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzua ordaintzea Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuarengatiko tributu izaera ez duten ondare-prestazio publikoak arautzeko ordenantzan jasotakoaren arabera egingo da.

10. artikulua.

Ibilgailuan onartuta izan ondoren, erabiltzaileak atzeko atearen aldera joan beharko du ahal den tokiraino; modu horretan ahalik eta jende kopuru handiena sartzea erraztuko da.

IV. TITULUA

Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

11. artikulua.

Herritar guztiek, eta, halaber, zerbitzuaren erabiltzaileek, eskubidea dute zerbitzua ondoren aipatzen diren ezaugarri guzti-guztiekin eman dadin:

1. Ibilgailuek egoera onean egon beharko dute, bai teknika arloan, bai garbitasun arloan, eta honako betekizun hauek bete beharko dituzte espresuki:

a) Kanpoko seinale bat izatea, zer lineatakoa den adierazita.

b) Izatea barnean, eta ongi ikusteko moduan, erabiltzaileen eskubide eta betebeharrak. Modu berean, iragarri behar dira erreklamazio orriak badaudela eta Mankomunitateak daukan herritarrari aditzeko zerbitzuaren telefonoa.

c) Gutxienez, lau eserleku izatea mugikortasun murriztuko pertsonentzat, komunitateko araudian ezarrita dagoenaren arabera. Eserleku horiek behar bezala seinaleztatuta egon behar dute.

d) Edukitzea, ibilgailuaren barnean, zerbitzua behar bezala eskaintzeko Iruñerriko Mankomunitateak beharrezkoa jotzen duen informazio guztia.

2. Geralekuetako markesinak garbi eta txukun mantendu behar dira, erabiltzaileak behar bezala erabili ahal izan ditzan.

3. Geralekuek, markesina eduki edo ez, behar bezala seinaleztatuta egon behar dute eta legeak ezartzen dituen baldintzak bete beharko dituzte. Modu berean, haietako bakoitzean bere ibilbideari dagokion Linearen informazioaz gain, beharrezkotzat jotzen den informazio orokorra agertuko da, indarrean dagoen araudiarekin bat.

4. Erabiltzaileek eserita bidaiatu ahal izanen dute eserleku librerik dagoen guztietan, baina ezin izanen dute eskubide hori exijitu eserleku guztiak hartuta badaude.

5. Bai zerbitzuaren ikuskariek, bai ibilgailuaren gidariek, erabiltzaileek zerbitzuari buruz eskatutako informazioa eman beharko dute, betiere, erabiltzaileekiko behar den begirunea eta errespetua zainduta.

Bai zerbitzuaren ikuskariek, bai gidariek edo herritarrekin lotutako enpresako langileek une oro errespetuz eta erabiltzaileekiko gizalegez, begirunez eta jendetasunez jokatu beharko dute.

6. Aire egokitua ez duten ibilgailuek eta hori piztuta ez daukaten horiek leihoak ireki ahal izanen dituzte erabiltzaileek hala eskatzen badute; nolanahi ere, gidariari dagokio azken erabakia, erabiltzaileen artean iritzi ezberdinak egonez gero.

7. Barneko megafonia sistema duten ibilgailuek erabiltzaileei oharrak esateko besterik ez dute erabiliko. Gidariak irrati-aparatu bat erabili ahal izanen du, bolumen baxuan eta, betiere, erabiltzaileei eragozpenik eragin gabe.

8. Ezinbesteak bultzatutako arrazoiengatik gidariak ibilgailutik jaitsi behar badu barnean bidaiariak egonda, honako hauek egin beharko ditu: motorra itzali, pizteko giltza kendu, bildutako dirua gorde eta, segurtasun neurri bezala, atzeko atea ireki.

12. artikulua.

Mankomunitateak herritarren arretarako bulego bat du, herritarrek, hainbat bidetatik, erreklamazioak, eskaerak eta abisuak aurkeztu ahal izateko.

13. artikulua.

Zerbitzuaren erabiltzaileek zorrotz bete beharko dituzte ondoren garatzen diren betebeharrak:

1. Geralekuan erdiko edo atzeko ateetatik atera beharko da ibilgailutik, eta erabiltzaileak azkar egin beharko du. Salbuespenez, eta ezinbesteak bultzatuta, gidariak geralekuetatik kanpo ibilgailutik ateratzeko baimena eman lezake.

2. Erabiltzaileek, ibilgailuaren barnean, gizabidez eta erantzukizunez jokatu behar dute, eta ez diete eragozpenik eragin behar gainerako erabiltzaileei edo gidariari.

3. Erabiltzaileek bete beharko dituzte, kasu guztietan, zerbitzuari buruz eta ordenantza honetan ezarritakoarekin bat gidariak ahoz emandako jarraibideak, eta ez dute horrekin eztabaidarik izan behar, ezta, inolaz ere, gidatzea etenarazi ere.

4. Eskualdeko Hiri Garraioaren zerbitzuarengatiko tributu izaera ez duten ondare-prestazio publikoak arautzeko ordenantzan xedatutakoa betetzera behartuta daude erabiltzaileak.

5. Mugikortasun murriztuko erabiltzaileentzat gordetako eserlekuak hartu dituztenek, orokorrak izan edo ahalmen urrikoentzat gordetakoak izan, ibilgailuan sartzen diren mugikortasun murriztuko pertsonei utzi beharko dizkiete -11.1.c atalean zehazten dira horiek-.

6. Sarbidea galarazten zaion pertsonak berehalakoan atera beharko du ibilgailutik; autobusa ibiltzen ari bada, hurrengo geralekuan jaitsi beharko du.

7. Ibilgailuan sartzean bizkar-zorroak eramaten dituztenek, bizkarretik kendu eta eskuan eraman beharko dituzte.

8. Erabiltzaileek heldulekuei edo barrei ongi eutsita bidaiatu beharko dute bidaiarien segurtasuna bermatzeko.

14. artikulua.

Guztiz debekatuta egonen da ondorengo hauek egitea:

1. Ibilgailuaren barnean erretzea.

2. Burua edo atalen bat leihoetatik ateratzea.

3. Gidariarekin hitz egitea, baldin eta zerbitzuari buruzko informazioa eskatzeko ez bada.

4. Traba egiten duen edo behar ez den zaratarik ateratzea.

5. Eserlekuak gordetzea beste pertsona batzuentzat.

6. Ibilgailuaren barnean jatea edo edatea.

7. Paperak edo beste zerbait botatzea ibilgailuaren barnean.

8. Eskaletasuna egitea ibilgailuen barnean.

9. Ibilgailuen barnean paskinak, eskuorriak edo beste edozein publizitate mota banatzea, helburu sozialei dagozkienak edo garraio zerbitzuarekin lotutakoak izan ezik, aurretik eta espresuki Mankomunitateak baimendu dituenak.

10. Arau-haustetzat har daitekeen edozein ekintza edo egin ez, omisio, ordenantza honetan eta aplikagarria den araudian jasota dagoenaren arabera.

V. TITULUA

Erreklamazioak

15. artikulua.

Erabiltzaileek zerbitzuaren funtzionamenduari buruzko erreklamazioak jarri ahal izanen dituzte Mankomunitatearen egoitzan, dela bulegoetan, dela egoitza elektronikoan (https://sedeelectronica.mcp.es/) edo ibilgailuetan zuzenean, dagozkien erreklamazio orrien bitartez, eta zerbitzua ematea eten gabe.

Zerbitzuaren ohiko kudeaketari buruzko erreklamazioak, baita ordaintzeko moduari buruzkoak ere, kontzesiodunak eta kargatzeko sarearen titularrak erabakiko dituzte, hurrenez hurren. Mankomunitatearen ardura dira soilik zerbitzuaren titularra izateagatik dituen eskumenei buruzkoak, eta horiek administrazio prozeduraren araudiak ezarritakoarekin bat izapidetu beharko dira.

Enpresak berehalakoan jakinarazi beharko dio Mankomunitateari jarritako edozein erreklamazio, horrek haren aurka balizko zigor prozedura abia dezan araudi honetan ezarritakoa ez betetzeagatik.

16. artikulua.

Enpresa kontzesiodunak edo kargatzeko sarearen titularrak aurkeztutako erreklamazio guztiei erantzun beharko die, modu justifikatuan eta arrazoizkoan, 15 egun balioduneko epearen barnean.

VI. TITULUA

Zerbitzuaren funtzionamenduak eragindako kalteak

17. artikulua.

Erabiltzaileek kalte-ordainak jasotzeko eskubidea dute zerbitzuaren funtzionamenduaren ondorioz ondareetan edo eskubideetan jasandako lesio guztiengatik, legean eta hurrengo araudietan zehaztutakoarekin bat.

18. artikulua.

Garraioaren, markesinen eta seinalatzeko zutoinen enpresa kontzesiodunari edo kargatzeko sarearen titularrari dagokio zerbitzuaren funtzionamenduak eragindako kalteak erabiltzaileei ordaintzea. Salbuespena da Mankomunitatearen berehalako agindu zuzen baten ondoriozkoak izatea.

19. artikulua.

Erabiltzaileek eramaten dituzten ondareak bidaiariak berak bere zaintzapean eramaten dituela ulertuko da, eta, beraz, enpresaren axolagabekeria edo erruarengatik ez bada, ez da inolako erantzukizunik egonen horiek galdu edo kalte egiteagatik.

VII. TITULUA

Arau-hausteak eta zigorrak

20. artikulua.

1. Arau-haustea da gai honi buruz Ordenantza honetan edo gainerako araudietan ezarritakoa betetzen ez duen edozein egintza.

2. Arau-hauste larritzat honako hauek joko dira:

a) Bere edo gainerako bidaiarien osotasun fisikoarentzat, baita kontzesiodunaren langileentzat edo Mankomunitatearen langileentzat ere, arriskua ekar lezaketen egintzak.

b) Ezarrita dagoenarekin lotuta eta araudian jasota dagoenaren arabera, gidariak, ikuskaritzako langileek edo enpresa kontzesioduneko langileek hitzez ematen dituzten aginduak ez betetzea, zerbitzuari eragiten badio.

c) Mugikortasun murriztuko pertsonentzat diren eserlekuak erabiltzea, zerbitzua ematen duen enpresako langileek eserlekuak libre uzteko agindu arren.

d) Autobusean sartzea, nahiz eta gidariak ohartarazi leku guztiak beteta daudela.

e) Ibilgailuen barnean oihuka aritzea edo zalapartaka, gainerako bidaiariei eragozpenak sortzen, zerbitzuari eragiten badio.

f) Ibilgailuen leihoetatik edo ateetatik paperak edo beste gauza batzuk botatzea.

g) Ibilgailuei, markesinei edo zerbitzua emateari atxikitako edozein elementuri kalteak egitea.

h) Autobusen edo markesinen barnealde edo kanpoaldean idaztea, margotzea, haiek zikintzea edo edozein modutan hondatzea.

i) Ibilgailuetan sartzeko ateak irekitzea edo ixtea eragoztea edo bortxatzea.

j) Ibilgailuan sartzeko ateak irekitzeko edo ixteko gailuak edo konpartimenduetako edozeinetakoak manipulatzea, enpresa kontzesioduneko langileek beste inork eragitekoak direnak.

k) Ibilgailuan larrialdietarako instalatutako segurtasun edo sorospen gailuetako edozein arrazoi justifikaturik gabe erabiltzea.

l) Ibilgailutik ateratzea edo bertan sartzea, helburu horietarako ezarrita dauden geralekuetatik kanpo, arrazoi justifikaturik ez badago.

m) Azken bi urteetan arau-hauste arinak berriro egitea.

3. Arau-hauste arintzat honako hauek joko dira:

a) Ezarrita dagoenarekin lotuta eta araudian jasota dagoenaren arabera, gidariak, ikuskaritzako langileek edo enpresa kontzesioduneko langileek hitzez ematen dituzten aginduak ez betetzea, zerbitzuari ez badio eragiten.

b) Ibilgailuen barnean oihuka aritzea edo zalapartaka, gainerako bidaiariei eragozpenak sortzen, zerbitzuari ez badio eragiten.

c) Gidariarekin hitz egitea, zerbitzuaren gaineko informazioa eskatzeko ez bada.

d) Horretarako ez adierazitako ateetatik sartzea edo ateratzea, gidariaren baimena izan gabe.

e) Leihoetara ateratzea edo gorputzaren zati bat ateratzea.

f) Edozein motatako zarata gogaikarri edo ez-beharrezkoak eragitea.

g) Eserlekuak hartu edo gordetzea beste pertsona batzuentzat.

h) Ibilgailuaren barnean jan edo edatea.

i) Ibilgailuaren barnean paperak edo beste gauza batzuk botatzea.

j) Eskaletasuna praktikatzea ibilgailuen barnean.

k) Ibilgailuen barnean paskinak, eskuorriak edo beste edozein publizitate mota banatzea, helburu sozialei dagozkienak edo garraio zerbitzuarekin lotutakoak izan ezik, aurretik eta espresuki Mankomunitateak baimendu dituenak.

l) Markesinetan edo garraioari atxikitako beste edozein ondasunetan publizitatea kokatzea.

m) Oro har, aplikatzekoa den arauditik eratortzen diren eta arau-hauste larria edo oso larria ez diren betebeharrak ez betetzea.

4. Aurreko ataleko k) eta l) puntuetan adierazitako arau-hausteei solidarioki erantzun beharko diote pertsona iragarleak eta deskribatu diren egintzak gauzatzen dituenak.

21. artikulua.

Arau-hauste arinak 750 euro arteko isunarekin zigortuko dira eta larriak 751 euro-tik 1.500 euro-ra joan daitekeen isunarekin. Horretatik aparte doa, bere kasuan, gauzak zeuden bezala uzteko beharra.

21.bis artikulua:

1. Ardura duen pertsonak onartzen badu bere erantzukizuna ebazpena hartu aurretik edozein unetan eta ez badu borondatez ordaintzen zehapena, proposatutako zehapenaren zenbatekoa %25 murriztuko da.

2. Ardura duen pertsonak borondatez ordaintzen badu zehapena ebazpena hartu aurretik edozein unetan eta ez badu onartzen bere erantzukizuna, proposatutako zehapenaren zenbatekoa %25 murriztuko da.

3. Ardura duen pertsonak bere erantzukizuna onartzen badu eta borondatez ordaintzen badu zehapena ebazpena hartu aurretik edozein unetan, proposatutako zehapenaren zenbatekoa %50 murriztuko da.

4. Edonola ere, kasu guztietan, zenbatekoa murriztu ahal izateko, ardura duen pertsonak dokumentu bat aurkeztu beharko du. Dokumentu horretan jasota egongo da administrazio bidean edozein ekintza edo helegite aurkezteari berariaz uko egiten diola.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenbizikoa.–Mankomunitateburuak ordenantza hau interpretatzeko edo argitzeko xedapenak agindu ahal izanen ditu, eta horrek dituen publizitate betebehar berak izan beharko dituzte horiek.

Bigarrena.–Iruñerriko Mankomunitateak, garraio zerbitzuaren titularra den aldetik, dagozkion jarduera guztietan bultzatuko du zerbitzua pixkana-pixkana egokitzea irisgarritasun unibertsalaren eta pertsona guztientzako diseinuaren gaian indarrean dagoen legedia aplikatzen dela bermatzeko. Zerbitzu honen barne dauden bitartekoetan eginen diren inbertsioak egiteko orduan, kontuan hartuko dira aipatutako betebehar horiek eta ahalmen urritasuna duten pertsona gehienak ordezkatzen dituen Nafarroako elkartearen txostenak.

Hirugarrena.–Iruñerriko Mankomunitateak garraio zerbitzuaren titularra den aldetik dagozkion jarduera guztietan bultzatuko du zerbitzua egokitzea herritar batek ere bere burua baztertuta sentitu gabe erabil dadin bermatzeko.Inbertsioak edo erabiltzeko araudian aldaketak egiteko orduan kontuan hartuko dira Nafarroako Emakumearen Kontseiluaren txostenak eta ekarpenak.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Aldaketa hauek indarra hartuko dute Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, 8. artikuluko 2. atalean xedatutakoa izan ezik, Mankomunitateko lehendakariak zehazten duenean sartuko baita indarrean. Xedapen baten bidez egingo du, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean kaleratuko da.

Iragarkiaren kodea: L2015256