299. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUÑERRIKO MANKOMUNITATEA

Aldaketa, Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde eremuan taxi zerbitzua arautzen duen ordenantzan. Behin betiko onespena

Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2020ko irailaren 28an egindako bilkuran, Iruñerrian Taxi Zerbitzua Batera Emateko Lurralde Esparruko taxi zerbitzua arautzen duen ordenantzako 2., 9., 13., 14., 17., 18., 20., 25., 26., 36., 37., 38., 40. eta 41. artikuluak aldatzea onartu zuen hasiera batean.

Onespenaren erabakia 233. zenbakiko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, 2020ko urriaren 8an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu. Hortaz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituta, behin betiko onetsita gelditu da aldaketa hori eta testu osoa argitara ematea agindu da, egokiak diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 10ean.–Lehendakaria, David Campión Ventura.

TAXI ZERBITZUA BATERA EMATEKO IRUÑERRIKO LURRALDE EREMUAN TAXI ZERBITZUA ARAUTZEN DUEN ORDENANTZA

ZIOEN ADIERAZPENA

2005eko uztailaren 16an, uztailaren 6ko Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legea indarrean sartu zen. Lege horren xedapen gehigarri bakarrak Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremua ezarri eta eskumen guztiak Iruñerriko Mankomunitatearen esku uzten ditu.

Ordenantza honen 2. atalean aurreikusitako udalen atxikipen erabakiak onetsi ondoren, Iruñerriko Mankomunitatearen Batzar Orokorrak Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuaren ezarpena berretsi du, eta Iruñerriko Mankomunitateak bere gain hartu ditu eremuko udalerrietako taxi zerbitzua kudeatzeko eskumenak; horren ondorioz, ordenantza hau onetsi da.

2013ko uztailaren 13an indarrean sartu zen uztailaren 2ko 22/2013 Foru Legea, uztailaren 6ko Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legea aldatzen duena.

Ordenantza honek lau titulu, bi xedapen gehigarri eta bi xedapen iragankor ditu.

Lehen tituluan, Ordenantzaren helburua, Legearen aplikazio eremua eta Administrazio eskuduna arautzen dira.

Bigarren tituluan, gaikuntza-tituluak, lizentziak emateko araubidea eta horien titulartasuna, indarraldia, ikus-onespena, etendura, eskualdatzea eta lizentzien erregistroa eratzea arautzen da.

Hirugarren tituluan ondorengo hauek arautzen dira: zerbitzua emateko baldintzak, jardueraren beraren baldintzak zehaztuta, hau da, gidarienak, ibilgailuenak, zerbitzua emateko moduarenak, baita irratiei eta taxi zerbitzua ituntzeko komunikazio sistemei aplikagarria zaien araudia ere.

Laugarren tituluan, zerbitzuaren ikuskapena eta erabiltzaileen erreklamazioak arautzen dira.

LEHEN TITULUA

Arau orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan hiriko taxi zerbitzuak arautzea da.

2. artikulua. Aplikazio eremua.

1. Ordenantza hau Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan hiriko taxi zerbitzuetan aplikatzen ahalko da oro har, uztailaren 6ko Taxiei buruzko 9/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

2. Aplikazio eremu hau aldatzen ahalko da, uztailaren 6ko Taxiei buruzko 9/2005 Foru Legean ezarritakoarekin bat.

3. artikulua. Administrazio eskuduna.

Iruñerriko Mankomunitatea izanen da toki entitate eskuduna, eremu horretako taxi zerbitzua antolatu eta kudeatzeko Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan.

BIGARREN TITULUA

Lizentziak

I. KAPITULUA

Lizentzia gaitasun-titulu gisa

4. artikulua. Lizentziak.

1. Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan hiriko taxi zerbitzuak egin ahal izateko behar diren lizentziak lortu behar dira aurretiaz.

2. Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan hiriko taxi zerbitzuak egiteko lizentzia emateko eskumena Iruñerriko Mankomunitateko buruari dagokio, Mankomunitateko Estatutuetan xedatutakoarekin bat.

II. KAPITULUA

Lizentzia kopurua

5. artikulua. Erreferentzia-indize orokorra.

1. Taxi lizentzien erreferentzia-indize orokorra Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan, uztailaren 6ko Taxiei buruzko 9/2005 Foru Legearen Xedapen Gehigarri Bakarraren 7. atalean eta hurrengoetan xedatutakoarekin bat ezartzen da.

2. Erreferentzia-indize orokorra aldatuko da, hala badagokio, uztailaren 6ko Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legearen 9. artikuluan xedatutako prozedurarekin bat.

III. KAPITULUA

Lizentziak emateko araubidea eta lizentzien titulartasuna

6. artikulua. Lizentziak emateko prozedura.

1. Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan hiriko taxi zerbitzuak egiteko lizentziak Iruñerriko Mankomunitateak emanen dizkie, lehiaketa bidez, horiek lortzeko baldintzak betetzen dituzten pertsona fisikoei.

2. Iruñerriko Mankomunitateak lehiaketaren deialdiaren oinarriak onetsiko ditu.Horietan, jarraitu beharreko prozedura eta baloratuko diren merituak zehaztuko dira, betiere, publikotasun, aukera berdintasun, konkurrentzia eta baztertua ez izateko printzipioek bermatu beharko dituztelarik. Dena dela, lizentziak emateko prozeduran, emakumea taxiaren munduan sartzeko jarduketak jarriko dituzte abian. Deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira.

3. Behin lehiaketa egin eta gero, eman gabe gelditzen diren lizentzien kopurua gainditzen duten hainbat lizitatzaileren arteko puntu berdinketa ematen bada, gelditzen diren lizentziak taxi gidari profesionalaren baimenean puntuaziorik handiena lortu duten lizitatzaileei emanen zaizkie, Baldintzen Pleguan ezarritakoarekin bat.

7. artikulua. Lizentzien titulartasuna.

1. Lizentziaren titularrari debekatzen zaio lizentziak lagatzea edo errentamenduan uztea, edozein zuzenbidezko zein egitatezko formula erabilita ere, lizentziaren eskualdatzearen kaltetan gabe, uztailaren 6ko Taxiei buruzko 9/2005 Foru Legearen 12. artikuluarekin bat.

2. Lizentzia baten titular izateko, taxi gidari profesionalaren baimena eduki beharko da.

3. Titular izateko, erantzukizun zibila estalia izan beharko da halaber.

8. artikulua. Ibilgailuen atxikipena.

1. Taxi lizentzia bakoitza ibilgailu jakin baterako izanen da. Ibilgailua matrikularen bidez identifikatuko da.

IV. KAPITULUA

Lizentzien indarraldia, ikus-onespena, etendura eta indargabetzea

9. artikulua. Indarraldia.

1. Taxi lizentziek ez dute epe mugarik. Hala ere, baliozkoak izan daitezen, horren titular izan eta erabili ahal izateko funtsezko baldintzak etengabe bete beharko dira.

2. Mankomunitateak, edozein unetan, lizentziak eskuratzeko eskatutako baldintzak betetzen diren egiaztatzen ahalko du, titularrei baldintza horiek betetzen dituztela egiaztatzen duten eta beharrezkotzat jotzen dituen agiriak aldez aurretik eskatu eta gero.

10. artikulua. Ikus-onespena.

1. Lizentziaren ikus-onespenaren bidez, Iruñerriko Mankomunitateak periodikoki egiaztatzen du, edozein unetan egiten ahal dituen ikuskapenen kaltetan gabe, lizentzia ematea justifikatu zuten hasierako baldintzak - baliozkoa izateko ezinbestekoak direnak-, eta, hasiera batean eskatu ez ziren arren, derrigorrez bete behar diren betekizunak mantentzen diren.

2. Ikus-onespenetan batetik dokumentuak ikuskatuko dira eta bestetik ikuskatze fisikoa egingo da, legeriak exijitzen dituen baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Atxikitako ibilgailua lehen aldiz matrikulatu zenetik bosgarren urtea betetzen denean, hurrengo 6 hilabeteen barnean, lizentzien titularrek Iruñerriko Mankomunitatearen erregistroan hauek aurkeztu beharko dituzte: ikus-onespena egiteko eskaera, dagokion tasa edo zerga ordaindu dela adierazten duen agiria eta exijitutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko behar diren dokumentu guztiak, lehenago aurkeztu ez direnak edo, lehenago noizbait aurkeztu badira ere, zerbaitengatik aldatu direnak.

Ez badu hala egiten, Iruñerriko Mankomunitateak eskatuko dio 15 eguneko epean aurkezteko. Hala ere, ez badu eskatutakoa betetzen, ulertuko da lizentziaren titularrak ez duela ikus-onespenik.

3. Kasu guztietan, ikus-onespena egiteko, beharrezkoa izanen da uztailaren 6ko Taxiei buruzko 9/2005 Foru Legean jasotako isunak ordainduak izatea, administrazio bideari amaiera eman dion ebazpen baten bidez ezarriak badira.

11. artikulua. Etenaldia.

1. Lizentziaren titularrek zerbitzua ematearen etenaldia eskatu ahal izanen dute, bi urterako gehienez. Horretarako behar bezala frogatu beharko dute gaixorik daudela, istripua izan dutela, ibilgailua matxuratuta dagoela edo hilabetetik gorako aldian zerbitzua egitea eragozten dien beste zerbait gertatu dela.

2. Etendura eskaerarekin bat, eskaera oinarritzen den egoeraren egiaztagiriak aurkeztu beharko dira.

3. 9/2005 Foru Legearen 12.6 artikuluan xedatutakoa gertatzen bada, lizentzia etenda geldituko da oinordekoak zuzenean ustiatu edo eskualdatu arte.

12. artikulua. Indargabetzea.

1. Taxi lizentziak legean ezartzen diren arrazoietatik edozein gertatuz gero amaituko dira.

2. Taxi lizentziak amaiarazteko, administrazio espediente bat ireki beharko da eta, interesdunaren bermerako, zehapen prozeduraren arauekin bat tramitatuko da.

3. Prozedura tramitatu bitartean, Iruñerriko Mankomunitateko buruak egoki jotzen dituen behin-behineko neurriak hartu ahal izanen ditu.

4. Lizentzia komenigarria delako baliogabetzen denean, dagokion amaiarazteko espedientearen instrukzioa baino lehen, titular interesdunei euren lizentziari uko egiteko aukera eskainiko zaie, baliogabetuko den baldintza berberetan.

V. KAPITULUA

Lizentziak eskualdatzea

13. artikulua. Eskualdatzea.

1. Taxi lizentziak eskualdatu ahal izateko, Iruñerriko Mankomunitatearen baimena beharko da aldez aurretik. Ez da lizentzia eskualdatzeko baimenik emanen eskuratzaileak ez baditu betetzen Ordenantza honetan eta uztailaren 6ko Taxiei buruzko 9/2005 Foru Legean ezarritako baldintza guztiak.

2. Taxi lizentziak eskualdatzeko baimena eman dadin ezinbestekoa da jarduketa hauek burutzea:

a) Lizentziari lotutako ibilgailuak taxi izateari utzi beharko dio, lizentziarekin batera transmititzen ez bada.

b) Ibilgailu berriak lizentzia emateko bete behar ziren ezaugarriak eta baldintzak mantendu beharko ditu gutxienez. Salbuespena litzateke ibilgailu hori erabiltzeko eskubidea lizentziarekin bat bereganatzea.

c) Aldez aurretik, beharrezkoa izanen da uztailaren 6ko Taxiei buruzko 9/2005 Foru Legean aipatzen diren arau-hausteengatik jasotako zigorrak ordainduta egotea, administrazio bideari amaiera eman dion ebazpen baten bidez ezarriak badira.

3. Ezin izanen dira eskualdatu eskualdatzeko behin-behineko debekua duten edo bahituta dauden lizentziak, debekua kendu edo bahitura ezeztatu arte. Lizentziak eskualdatzeko baimena ez da emanen, lizentziaren titularrak Mankomunitatearekin taxi zerbitzuaren jarduerarekin loturiko ordaindu gabeko zorrak baditu.

4. Lizentzia eskualdatzeko eskaera titularrak eta eskuratzaileak batera egin beharko dute. Eskaerarekin bat, eskuratzaileak uztailaren 6ko Taxiei buruzko 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan eskatzen diren baldintzak betetzen dituela egiaztatzen duten agiri guztiak aurkeztu beharko ditu.

5. Eskualdatzea baimentzeko prozedura honako hau izanen da:

a) Eskaria aurkeztea, eskuratzaileak eta eskualdatzen duenak sinatuta, baita dagokiondokumentazioa ere.

b) Ebazpen-proposamena.

c) Gainerako dokumentazioa aurkeztea.

d) Behin betiko baimena.

14. artikulua. Lizentziaren titularraren heriotza, ezintasun iraunkor osoa edo erabatekoa, edo erretiratzea.

1. Lizentziaren titularra hilez gero, eta oinordekoak lizentzia ustiatu nahi izanen balu baina taxi gidari profesionalaren txartelik ez balu, lizentzia bertan behera geldituko da hurrengo probak garatu bitarte. Oinordekoak gidari profesionalaren txartela lortzen badu, lizentzia ustiatu ahal izanen du. Lortzen ez badu, 2 urteko epean eskualdatu beharko du, taxi gidari profesionalaren baimena ukatzen dion ebazpena jakinarazten den datatik zenbatzen hasita.

2. Oinordekoak ez badu zuzenean ustiatu nahi, 2 urteko epean eskualdatu beharko du, oinordetza onartzen den datatik zenbatzen hasita.

3. Lizentziaren titularrak ezintasun iraunkor osoa edo erabatekoa agertzen badu, lizentzia etenda geldituko da eta titularrak 2 urteko epean eskualdatu beharko du, ezintasuna adierazten duen administrazio ebazpena irmoa denetik zenbatzen hasita.

4. Erretiro kasuetan, lizentzia etenda geldituko da eta titularrak 2 urteko epean eskualdatu beharko du, erretiroa gertatzen den datatik zenbatzen hasita.

VI. KAPITULUA

Lizentzien erregistroa

15. artikulua. Lizentzien erregistroa.

1. Lizentziak Erregistro batean egonen dira erregistraturik eta bertan honako informazioa jasoko da:

a) Lizentzia zenbakia eta lizentziaren titularraren identifikazio datuak.

b) Lizentziaren adjudikazioaren berezko ezaugarriak eta baldintza espezifikoak.

c) Izatekotan, hiriarteko taxi zerbitzuak egiteko baimena. Bertan, baimenaren eta horren balio denboraren datak adieraziko dira.

d) Taxi lizentzia eta baimena duen ibilgailua; marka, modeloa, aldaera, tipoa eta homologazioa; matrikula eta bastidore zenbakia, lehenengo matrikulazioa eta lizentziaren eskuratutako data; ibilgailuaren aseguruaren datuak, leku kopurua; gurpil aulkian doazen pertsonak garraiatzeko egindako moldaketak, egin badira; erregai mota, eta lehiaketan eskainitako ezaugarriak.

e) Kontratatutako gidaria, baldin badago, eta haren identifikazio datuak, kontratuaren araubidea eta ardura mota, uztailaren 6ko Taxiei buruzko 9/2005 Foru Legearen 20. artikuluaren 1. atalarekin bat.

f) Halakorik bada, lizentzia atxikitzen zaion irratia edo zerbitzua eskatzeko beste komunikazio sistema baimendu batzuk.

g) Ibilgailuko taximetroa, marka eta modeloa, fabrikatzailea, tailer instalatzailea, ordainagiri inprimagailua, txartel bidezko ordainketa sistema, taximetroaren identifikazio zenbakia; azken azterketaren data eta horrenbalio denbora.

h) Ibilgailuan dauden bestelako elementuak, hala nola GPSa, manparak edo bestelako segurtasun neurriak.

i) Erantzukizun zibileko aseguruaren datuak.

j) Lizentziak izaten ahal dituen zuhurtziako neurriak.

k) Lizentziaren ikus-onespenak, ezohiko azterketak, baldin badaude, eta egin zireneko data eta horien balio denbora; egindako eskakizunak eta bete ziren edo ez.

l) Lizentzia bakoitzarekin lotutako salaketak, espedienteak, zehapenak eta eskakizunak.

m) Zerbitzu berezietarako eta ezartzen ahal diren bestelakoetarako baimenak, eta baimenaren data eta horren balio denbora.

n) Lizentziari buruzko bestelako datuak, hala nola etendurak, baimendutako eskualdatzeak eta horien zenbatekoa, lizentzien amaiera, eta abar.

HIRUGARREN TITULUA

Zerbitzua egiteko baldintzak

I. KAPITULUA

Jarduera eta gidariak

16. artikulua. Zerbitzua egitea.

1. Taxi baimenen eta lizentzien titularrek berek edo kontratatutako langileek jardun ahal izanen dute zerbitzuan, Ordenantza honetan eta uztailaren 6ko Taxiei buruzko 9/2005 Foru Legean ezarritako baldintzak betez.

2. Langileak kontratatu aurretik baimena eman beharko du Iruñerriko Mankomunitateak.

17. artikulua. Arduraldia.

1. Taxi lizentzien titularrak zerbitzua urte osoan zehar eta etenik gabe eskaintzen dela bermatzeaz arduratuko dira, Iruñerriko Mankomunitateak zerbitzuaren antolaketaren inguruan onartzen duenarekin bat. Goian aipatutako obligazioa betetzea eragozten duen gertaera oro Iruñerriko Mankomunitateari jakinarazi beharko zaio, gertaera jazo eta ondorengo 72 orduko epearen barnean, eta idatziz.

2. Salbuespenez, eta zerbitzua behar bezala estalita dagoen kasuetan, Iruñerriko Mankomunitateak zerbitzua eteteko baimena ematen ahalko du.

Zerbitzuaren etendura horrek hiru hilabete iraunen du gutxienez eta urtebete gehienez. Azken epe hori iraganda, lizentziaren titularrak zerbitzua hasi beharko du. Dagokion baimenean ezarritako epean hasi ez bada, uztailaren 6ko Taxiei buruzko 9/2005 Foru Legearen 14. artikuluaren d)1. atalean aurreikusitako ustezko iraungitzea bere gain hartuko du.

Zerbitzuaren etendura epea amaitu eta gero, ezin izanen da beste bat eskatu hiru urteigarotzen diren arte.

18. artikulua. Taxi gidari profesionalaren baimena.

1. Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuan hiriko taxi zerbitzuak egin ahal izateko, taxi gidari profesionalaren baimena eduki beharko da. Baimena bai titularrak bai kontratatutako gidariak, halakorik balitz, beharko dute.

2. Baimen hori eskuratzeko probak urtero eginen dira. Dena dela eta, beharrezkotzat jotzen bada, epe hori murrizten ahalko da.

3. Taxi gidari profesionalaren baimena eskuratzeko baldintzak:

a) Behar den gidabaimena, trafiko eta bide segurtasun arloko órgano eskudunak luzaturikoa.

b) Gutxienez ondoko gaiei buruzko probak eta praktikak gainditzea:

1.–Iruñerria, bide publiko nagusiak, interes turistikoko lekuak, bulego publikoak, zentro ofizialak, hotel nagusiak, industrialdeak, merkataritza eta aisialdi zentroak eta bere helmugara iristeko ibilbiderik zuzenenak.

2.–Baterako Zerbitzurako Iruñerriko Eremuko Taxi Zerbitzuari aplikatzen ahal zaion araubide juridikoa.

3.–Tarifa-araubidea.

4.–Ibilgailuetan bidaiariak garraiatzeko jarduerari buruzko oinarrizko kontabilitate eta zerga alderdiak.

5.–Dagokion deialdian hala ezarritako bestelako arloak.

4. Taxi gidari profesionalaren baimenak 10 urteko epea izanen du.

5. Epe hori epe berri edo berberetan luzatzen ahalko da, lanbidean gutxienez urtebetez era jarraian aritu bada eta azken 3 urteotan etenik gabe aritu bada. Luzapena automatikoa izanen da, zerbitzua jarraian egiten bada. Hori guztia zerbitzua egiteko behar den gidabaimenaren indarraldi eta baliozkotasunaren arabera.

6. 10 urte igaro eta gero, baimenak baliozkotasuna galdu eta luzapen automatikoa gertatzeko inguruabarrak eman ez badira, taxi gidari profesionalaren baimena berritu nahi dutenek une bakoitzean beharrezkoak diren probak gainditu beharko dituzte.

7. Taxi gidari profesionalaren baimena indargabetuko da honako arrazoi hauengatik:

a) Heriotzarengatik.

b) Baliozkotasun epea iragateagatik.

c) Baliogabetu daiteke honako arrazoi hauetako batengatik:

1.–Ezintasun iraunkor osoa edo erabatekoaren behin betiko adierazpenarengatik.

2.–Gidabaimena behin betiko kentzeagatik edo ez berritzeagatik.

3.–Zigor Kodeak dolozkotzat jotako delituak egiteagatik zigortuta egoteagatik, taxilariaren lanbidea gauzatzea dela-eta.

8. Taxi gidari profesionalaren baimena aldi baterako eten edo kenduko da, gidabaimena aldi baterako eten edo kentzen denean edo egilearen aginduz desgaikuntza profesionala gertatzen denean. Kasu guztietan, lizentziaren titularrak inguruabar horien guztien berri eman beharko dio Iruñerriko Mankomunitateari.

19. artikulua. Prestakuntza.

1. Mankomunitateak, taxien sektoreko elkarte profesionalekin bat, lizentzien titularrei zein kontratatutako gidariei zuzenduriko prestakuntza eta birziklatze profesionaleko programak antolatuko ditu.

II. KAPITULUA

Ibilgailuak

20. artikulua. Ibilgailuen ezaugarriak.

1. Iruñerriko Mankomunitateak beretzat gordeko du Administrazioko organo eskudunak homologatutako marka eta modeloen artetik Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremurako baimendutako ibilgailuak zeintzuk diren erabakitzeko ahalmena, erabiltzaileari eskaintzen zaion zerbitzuaren kalitatea indartzeko irizpideekin bat. Horretarako, baimenduko diren ibilgailuek bete beharko dituzten irizpideak ezarriko ditu, betiere honako estandarrak bete beharko dituztelarik:

a) Luzera osoa 4.400 mm-koa edo handiagoa izanen da, INTAk emandako baimen agiriaren arabera; hortaz, ez da onartuko gero elementu osagarriak gehitzea gutxieneko balioa lortzeko. Ibilgailu mota hauetan, maletategiaren edukierak 350 litrokoa baino handiagoa beharko du ekologikotzat jotako ibilgailuetan eta 400 litrokoa gainerakoetan, edo honako ezaugarri hauek dituen gurpil-aulki bat sartzeko modukoa izan beharko du: bizkarralde eta oin-euskarriz horniturikoa, eta tolesturik 900 mm-ko altuera, 1.030 mm-ko luzera eta gurpilen artean 290 mm-ko kanpo-distantzia edo. Maletategiaren edukierari dagokiona bete beharko da baimendu beharreko leku edo plaza guztiak zabalduta daudela.

INTAk emandako baimen-mota agiriaren arabera 4.400 mm-ko luzera baino txikiagoa duten ibilgailuek ordenantza teknikoan 4.400 mm-ko luzera baino txikiagoa duten taxi ibilgailuen ezaugarriei buruz zehaztutakoa bete beharko dute, maletategiari dagokiona barne.

b) Oro har, gehienez zazpi eserleku dituzten ibilgailuetarako emanen dira lizentziak (gidariaren eserlekua barne), zirkulazio baimenean ageri den datua aintzat hartuta. Hala ere, gehienez bederatzi eserleku (gidariarena barne) dituzten ibilgailuetarako baimenak eman ahal izanen dira, inguruabarrak kontuan izanik; adibidez, mugikortasun urriko pertsonek taxia erabili ahal izatea, edo zerbitzua egin behar den tokiaren berezitasunak, batez ere geografiaren edo biztanleriaren aldetik ezaugarri bereziak dituenean edo trafiko gutxiko aldea denean.

Segurtasun manpara badute, gidariaren ondoko aurreko eserlekuak kenduko dira, salbu eta gidariak berariazko baimena ematen badu haren ondoko eserlekua erabiltzeko.

Zenbait plazak maletategiko zati bat behar badute, eserleku horiek kendu eta baliogabetuko dira, erabiltzaileak maletategiko tokia behar badu ekipajea edo antzekoak garraiatzeko.

c) Modelo bakoitzaren konfigurazioek ez dute inoiz kirol izaerarik izanen.

d) Ibilgailuek 4 ate izanen dituzte bidaiariak sartzeko, eta horietatik atzeko bi eserlekuetara sartueta ateratzen ahalko dira, aurreko ateak erabili gabe.

Salbuespenez, mugikortasun urriko pertsonak eramateko moldatutako ibilgailuek atzeko eta/edo alboko aldean ate bat eduki ahal izanen dute erabiltzaileak gurpil-aulkiarekin sar daitezen, eta indarrean dagoen legeriari jarraiki beste ibilgailu batzuk homologatzeko aukera ere barne dago, taxiek gurpil-aulkian dauden bi bezero sartzeko adinako edukiera izan dezaten.

e) Ibilgailu guztiek aire girotua edo klimatizagailua izan beharko dute.

2. Iruñerriko Mankomunitateak horri loturik eginen dituen arauek honako atalak ukituko dituzte gutxienez:

a) Motorizazioa.

b) Tarifen sistema ezartzea.

c) Konexioen zigiluak.

d) Zerbitzu tekniko eskudunen azterketa.

3. Ibilgailuek segurtasun manpara eraman ahal izanen dute, gidaria babesteko. Iruñerriko Mankomunitateak beretzat gordetzen ahalko du Administrazioko organo eskudunak homologatutako marka eta modeloen artetik Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremurako baimendutako manparak zeintzuk diren erabakitzeko ahalmena, segurtasuna eta funtzionaltasuna indartzeko irizpideekin bat. Horretarako, baimenduko diren manparek bete beharko dituzten irizpideak ezarriko ditu, betiere honako estandarrak bete beharko dituztelarik:

a) Atzeko eserlekuaren aurreko ertzaren eta manpararen arteko distantzia horizontala 30 cm-koa edo hortik gorakoa izanen da. Distantzia hori 20 cm-ra murrizten ahalko da, baldin eta atzeko eserlekuen bizkarraldearen eta manpararen arteko distantzia 68 cm-tik beherakoa bada.

b) Halaber, behean, gutxienez 15 cm-ko altuera duen tarte huts bat egonen da, ibilgailuaren atzeko aldeko berokuntza eta hozketarako, baldin eta eremu horretarako aire bero eta hotz irteera egokirik ez badu.

c) Fabrikatzailea izanen da elementu horren segurtasunaren erantzulea, lapurreta edo antzekoen aurrean, eta hori ez da Mankomunitatearen baimen hutsaren bidez bermatuko, izan ere, baimen hori elementua ibilgailuan jartzeari baizik ez dagokio.

4. Iruñerriko Mankomunitateak horri loturik eginen dituen arauek honako atalak ukituko dituzte gutxienez:

a) Manpara fabrikatzaileen egiaztagiriak.

b) Manpararen osaketa, osagarriak eta ezaugarriak.

c) Manpararen instalazioa.

d) Behar den dokumentazioa.

21. artikulua. Moldatutako ibilgailuak.

1. Ibilgailu egokituen ezaugarriak bat etorriko dira indarrean dagoen horri buruzko araudiarekin. Iruñerriko Mankomunitateak beste ezaugarri batzuk zehaztuko ditu, ondorengo bi betekizunak bermatze aldera:

a) Gurpil-aulkian doan pertsona bat taxian sartu ahal izatea, nahiko erosotasun eta higiene batez.

b) Taxian bidaiatzea gurpil-aulkian doan pertsona bat, behar bezalako segurtasun neurriekin, indarrean dagoen legeriarekin bat aulkia ainguratuta eta segurtasun uhalak barne. Horretaz gain, erabateko interakzioa izan beharko du ibilgailuaren barneko barrutiarekin.

2. Moldatutako taxiak mugikortasun urriko pertsonek erabiliko dituzte lehentasunez, baina ez esklusiboki.

22. artikulua. Bereizgarriak.

1. Zerbitzu hau eginen duten ibilgailuak zuriak izanen dira. Horretan oinarrituta, Iruñerriko Mankomunitateak entitatearen identitate korporatiboaren aplikazioa zehaztuko du. Ibilgailuek ez dute artikulu honetan aipatzen ez den bereizgarririk eramanen.

2. Ibilgailuaren barruko aldean zein kanpoko aldean plaka bat jarri behar da ongi ikusteko moduan, lizentziaren zenbakiarekin.

3. Iruñerriko Mankomunitateak zehaztu ahal izanen ditu taxiek eraman beharko dituzten erakundearen identitate korporatiboaren aplikazioaren bereizgarrien ezaugarriak eta lekua.

4. Moldatutako ibilgailuek bereizgarri osagarri bat eramen dute moduluaren ondoan eta beste hainbat lekutan; Iruñerriko Mankomunitateak zehaztuko ditu horien ezaugarriak.

5. Eko-taxi izeneko ibilgailuek bereizgarri osagarri bat eramen dute moduluaren ondoan eta beste hainbat lekutan; Iruñerriko Mankomunitateak zehaztuko ditu horien ezaugarriak.

6. Ordezko taxi-ibilgailuek bereizgarri osagarri bat eramen dute moduluaren ondoan eta beste hainbat lekutan; Iruñerriko Mankomunitateak zehaztuko ditu horien ezaugarriak.

7. Ezaugarri bereziak, hala nola txartel irakurgailua eta GPSa,... dituzten ibilgailuek bereizgarri osagarri bat eramaten ahal dute moduluaren ondoan eta beste hainbat lekutan, Iruñerriko Mankomunitateak zehaztutako ezaugarriekin, egoki baderitzo.

8. Iruñerriko Mankomunitateak zehaztuko ditu, irratien edo zerbitzua kontratatzeko bestelako enpresen informazioaren guneak eta ezaugarriak, bai ibilgailuen barnean, bai kanpoan.

23. artikulua. Publizitatea.

1. Zerbitzu hau eginen duten ibilgailuek publizitatea eraman ahal izanen dute, bai barnean, bai kanpoan. Iruñerriko Mankomunitateak publizitate horren aplikazioa, arauak eta ezaugarriak zehaztuko ditu.

2. Zerbitzu hau emateko helburua duten ibilgailuetan jarriko den publizitateak publizitatearen eta bide segurtasunaren gainean indarrean dagoen araudia errespetatu beharko du, ibilgailuaren estetika gorde, hiri paisaian eragina minimizatu, eta ez du eragingo ez ikuseremua galtzea ez eta arriskua sortzea ere.

24. artikulua. Dokumentazioa.

Taxi zerbitzuak egiten diren bitartean, ibilgailuan agiri hauek eduki behar dira, erabiltzaileen eta ikuskatzaileen eskura:

1. Ibilgailuari loturikoak:

a) Entitate eskudunak emandako taximetroaren egiaztagiria.

2. Gidari eta ibilgailuari loturikoak:

a) Iruñerriko Mankomunitateak emandako kontrol profesionaleko txartela. Txartela aurreko haizetakoari atxikiko zaio (ibilgailuaren barruko aldetik zein kanpoko aldetik ongi ikusteko moduan) eta datu berberak izanen ditu bi aldeetatik (tamaina tipografikoa testu eta irudien irakurgarritasuna bermatzeko modukoa izanen da):

1) Une horretan zerbitzua egiten ari den gidari baimenduaren (lizentziaren titularra edo kontratatutako langilea) argazkia.

2) Ibilgailuaren lizentzia zenbakia.

3) Ibilgailuaren matrikula.

4) Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuaren Taxi Gidariaren Baimen zenbakia.

5) Gidari mota (titularra edo kontratatutakoa) eta, behar izatera, kontratu erregimena (lanaldi osoan, lanaldi partzialean, eta abar)

3. Zerbitzuari loturikoak:

a) Iruñerriko Mankomunitateak zehaztu eta homologatutako eranskailua, atzeko eskuineko ateko leihatilan (atzealdean, behean) jarria; bertan jasoko dira indarrean dauden tarifen egitura eta mailak, gehigarriak, eta baita Iruñerriko Mankomunitateko bezeroaren arreta zerbitzuaren web orriaren helbidea eta telefonoa ere, erreklamazioak eta iradokizunak jasotzeko. Eranskailua eguneratuta eta egoera onean egon beharko da, erabiltzaileei informazio egokia helarazteko eta horiek arazorik gabe irakurri ahal izateko.

b) Erreklamazio liburua.

c) Beharrezkoak diren zerbitzu haietako bide liburua.

d) Ikus-onespenaren sinestamendua, halakorik badagokio.

25. artikulua. Tarifak eta beste batzuk.

1. Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremuko taxiek gutxienez ondoko elementuez osaturiko tarifa araubidea izanen dute:

a) Taximetroa eta, behar izatera, aginte-mahaiari eusteko elementua.

b) Txartel bidez ordaintzeko irakurgailua, erabiltzaileek kreditu eta zor txartelarekin ordaindu ahal izan dezaten.

c) Fakturen inprimagailua.

d) Tarifa anitza adierazten duen modulu argiduna.

e) Konexio tutu malguak.

f) Zigiluak.

Gainera, gidariak gailu bat edukiko du, smartphone-a, tableta edo antzekoa, hauek eskura izateko aukera emango diona: nabigazio-aplikazioak eta flotak kudeatzekoak, datuen informazio eguneratua, zerbitzu egokia eman ahal izateko (trenak, hegazkinak... iristen diren ordua, ekitaldiak...), eta zerbitzua hobetzeko Iruñerriko Mankomunitateak ezar ditzakeen ezaugarriak.

2. Taximetroak, ordainagiri inprimagailuak eta modulu argidunak multzo bat osatzen dute eta guztiek osotasun bakar baten antzera funtzionatuko dute. Hortaz, instalazioko elementu horietakoren bat behar bezala ez badabil, gainerakoak automatikoki blokeatu beharko ditu.

3. Eginiko zerbitzu bakoitzean, taximetroaren faktura inprimatu eta bezeroari eman beharko zaio. Faktura hori arazorik gabe eta ezin hobeto irakurri ahal izango da. Muga teknikoak badira izan ezik, inprimagailuak programatuko dira ordainagiriak automatikoki inprimatzeko zerbitzua amaitzen denean.

4. Iruñerriko Mankomunitateak beretzat gordetzen ahalko du Administrazioko organo eskudunak homologatutako marka eta modeloen artetik Baterako Taxi Zerbitzurako Iruñerriko Eremurako baimendutako elementuak zeintzuk diren erabakitzeko ahalmena, erabiltzailearen segurtasun ekonomikoa, sistema ikuskatzeko erraztasuna eta haren funtzionaltasuna indartzeko irizpideekin bat. Horretarako, aipaturiko elementu horiek bete beharko dituzten irizpideak ezarriko ditu, eta, betiere honako estandarrak bete beharko dituzte:

a) Taximetroa ibilgailuaren aginte-mahian egongo da, aurrean, erdiko herenean kokatuta, eta beti, abiasaria abian jartzearekin bat, argiztatuta edukiko da. Hartara, erabiltzaileek noiznahi ikusi ahal izanen dute garraioaren prezioa. Elementu horren horizontaltasuna ziurtatzeko, baliteke euskarri osagarri bat behar izatea.

Ibilgailuarenak berarenak diren serieko elementu funtzionalen konfigurazioa aginte-mahaiaren gainaldean baleude (adierazleak, aire girotua, GPSa..), eta aurreko paragrafoan adierazten dena aplikatuz gero taximetroa haizetakotik oso gertu geratuko balitz eta gisa horretan gidatzean ikuspena nabarmen murriztuko balitz, alternatiba gisa, taximetroa mahai-gaineko erdialdean jartzen ahalko da, beren kokapena edo erabilera dela eta taximetroa irakurtzea zailtzen duen bitarteko elementurik ez badago, betiere.

b) Taximetroak datuak edozein momentutan eta zigilua kendu behar izan Gabe transmititzeko gailua izango du.

c) Modulu argiduna: taxiaren sabaian jarriko da, erraz ikusteko moduan. Tarifa anitzeko modulu argidunean TAXI hitza azalduko da eta alfazenbakizko karaktereak irudikatu ahal beharko ditu.

Horrez gain, tarifa anitzeko modulu argidunak argi berde bat izanen du, erabiltzaileek erraz ikusdezaten-bai ibilbideetan, baita geldi daudenean ere- ibilgailua “libre” edo “hartuta” dagoen.

Hartara, erabiltzaileek uneoro jakinen dute taxiaren egoera, modulu argidunari eta argi berdeari erreparatzearen bidez:

1.–Argi berdea itzalita eta modulu argiduna itzalita badago, inolako alfazenbakizko edozein karakter piztuta egon gabe: taxia zerbitzuz kanpo dago.

2.–Argi berdea piztuta badago: taxia erabilgarri dago.

3.–Argi berdea itzalita eta modulu argiduna piztuta badago (alfazenbakizko edozein karaktereren bidez): taxia ez dago erabilgarri, alfazenbakizko karakterea adierazten duen moduan.

–“T” edo “t” alfazenbakizko karaktereak adierazten du taxia hartuta dagoela, telefonoz edo antzeko beste sistema teknologiko baten bidez zerbitzua hitzartu duen bezero baten bila doalako edo enkargu garraioa egiten ari delako.

–“1” alfazenbakizko karaktereak adierazten du taxia hartuta dagoela eta 40. artikuluan deskribatutako 1. tarifa ari zaiola aplikatzen barnean dagoen bezeroari.

–“2” alfazenbakizko karaktereak adierazten du taxia hartuta dagoela eta 40. artikuluan deskribatutako 2. tarifa ari zaiola aplikatzen barnean dagoen bezeroari.

–“3” alfazenbakizko karaktereak adierazten du taxia hartuta dagoela eta 40. artikuluan deskribatutako 3. tarifa ari zaiola aplikatzen barnean dagoen bezeroari.

–“4” alfazenbakizko karaktereak adierazten du taxia hartuta dagoela eta 40. artikuluan deskribatutako 4. tarifa ari zaiola aplikatzen barnean dagoen bezeroari.

–“P” alfazenbakizko karaktereak adierazten du taxiak zerbitzua amaitu duela eta emandako zerbitzua ordaintzea bideratzen ari dela.

5. Ondoko konexioek zigilatuta egon beharko dute:

a) Taximetroa.

b) Fakturen inprimagailua.

c) Tarifa anitza adierazten duen modulu argiduna.

d) Martxa kutxaren irteera edo hartune takikronometrikoa.

e) Aurreko elementuen arteko konexioak.

6. Iruñerriko Mankomunitateak horri loturik egingo dituen arauek honako atalei egingo diete erreferentzia, gutxienez:

a) Egiaztagiriak eta beharrezko agiriak.

b) Ezaugarri fisiko eta konstruktiboak.

c) Funtzionamendu ezaugarriak.

d) Konexio eta zigiluei loturiko betekizunak.

26. artikulua. Ibilgailuen antzinatasuna eta berriztapena.

1. Taxi lizentziak dituzten ibilgailuen antzinatasunak ez ditu hamar urteak gaindituko, lehen aldiz matrikulatu zirenetik aitzina.

2. Oro har, lizentziaren titularrak lizentzia duen ibilgailua nahi duenean ordezten ahalko du, betiere hamar urte iragan baino lehen.

Era berean, eurotaxitzat edo eko-taxitzat sailkatutako ibilgailuen lizentzien titularrek bi urte luzatu ahal izango dute bimendutako gehieneko antzinatasun orokorra, aldez aurretik Mankomunitateari eskatzen badiote eta legeriak exijitzen dituen baldintzak mantentzen direla egiaztatzen bada, behar diren osasungarritasun eta segurtasun baldintzak barne.

3. Ibilgailuak berriztatu edo lizentzia berria emateko prozesuan parte hartzeko, interesdunak idatziz eskatuko du behar den baimena. Baimena emanen da lizentzia emateko bete beharreko ezaugarri eta baldintzen mantentzea, zerbitzuaren segurtasun eta kontserbazio baldintzen egokitasuna eta zerbitzua egiteko beharrezko agirien zuzentasuna gutxienez egiaztatu eta gero.

4. Eskaerak urriaren 1eko Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen 39/2015 Legeak ezarritako prozedura bitartekoekin bat tramitatuko dira.

5. Iruñerriko Mankomunitateak ibilgailuaren berriztapena ezartzen ahalko du, haren egokitasunik ezaren ondorioz, egiten duen interes orokorreko zerbitzua egiteko desegokia denean.

6. Lizentzia bati atxikitako ibilgailua egokitua bada, hori ordeztuko duen ibilgailuak ere egokitua izan beharko du.

27. artikulua. Ordezko taxi-ibilgailuak.

1. Irratiak kudeatzeko osatutako elkarteek baimena eskatu ahal izanen dute zenbait taxi-ibilgailu prest edukitzeko, lizentzien titularrek beren ibilgailuen ordez erabili ahal ditzaten istripua edo matxura izaten dutenean. Ibilgailu horiek Taxiei buruzko Foru Legean zein ordenantza honetan taxi zerbitzua egiteko ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

2. Ordezko taxi-ibilgailu bat erabili aurretik, horren berri eman beharko zaio Iruñerriko Mankomunitateari: ordezten duen lizentzia zenbakia eta lizentzia horren titularra adierazi beharko zaizkio.

3. Iruñerriko Mankomunitatearen berariazko baimenik gabe, titularrak edo kontratatutakoak, baldin bada, ezin izanen du ordezko taxi-ibilgailu baten bidezko zerbitzua egin 60 egun baino gehiagoan, urtebete natural bakoitzeko.

28. artikulua. Teknologia berriak.

1. Mankomunitateak, taxien sektorea ordezkatzen duten lanbide-elkarteekin batera, sustapen lana eginen du taxi zerbitzuak egiteko modua eta segurtasuna hobetzeko behar diren berrikuntza teknologikoak pixkanaka sar daitezen, zerbitzua ordaindu eta fakturatzeko sistema automatikoak eta nabigazio sistemak erabil daitezen, ibilgailuek gutxiago kutsatzen dituzten motoreak, hau da, atmosferarako gas eta beste elementu kutsagarrien isurpenak murrizten dituztenak, erabil daitezen eta sektorean agertzen diren beste berrikuntza guztiak aintzat har daitezen.

Neurri horiek kontuan hartu beharko dituzte bideragarritasun teknikoa, erabiltzaileei egiten zaien zerbitzuaren kalitatearen bermea eta jardueraren titularrendako errentagarritasun ekonomikoa.

29. artikulua. Eko-taxiak.

1. Iruñerriko Mankomunitateak, eko-taxiak arautzen dituzten xedapenetan oinarrituta, eko-taxiek izan beharko dituzten ezaugarriak ezarriko ditu.

III. KAPITULUA

Zerbitzua egiteko baldintzak

30. artikulua. Geltokiak.

1. Mankomunitateak, elkarte profesional, kontsumitzaile eta erabiltzaileei kontsultatu eta gero, Udalei Iruñerrian taxi geltokiak ezartzeko eskatuko die.

2. Geltokiek behar bezalako zerbitzua eginen dute, Iruñerriko Mankomunitateak une bakoitzean zehazten duenaren arabera.

3. Taxi-ibilgailuak iritsi ahala kokatuko dira geltokian, eta ordena horretan erantzunen diote erabiltzaileen eskaerari, salbu eta bertan diren taxi-gidariek bestelako akordiorik hartzen badute edo ibilgailuaren moldaketa dela-eta desgaitasuna duten pertsonek beste ibilgailuren bat erabili behar badute.

4. Ibilgailuak geltokian emanen dituen lan-orduetan, gidariak bertan egon beharko du, ezinbesteak bultzatutako kasuetan izan ezik. Halako kasuotan, ez dagoen gidariak txanda galdu eta azken lekua hartu beharko du.

5. Taxiak ezin izanen dira geltokian 20 minutu baino gehiago geldirik egon jardunean aritu gabe.

31. artikulua. Zerbitzua eremu publikoan eskatzea.

1. Erabiltzaileek eremu publikoan eskatu ahal izanen dute zerbitzua, libre dagoen taxi bat geldiaraziz. Taxilariak erabiltzailearen eskaera onartu beharko du, salbu eta bide segurtasuna kolokan jartzeko, trafikoari traba egiteko edo ibilgailuari kalte egiteko arrisku nabarmena dagoenean.

2. Ibilgailua zerbitzua egiten ari den bitartean, goizez zein gauez, ibilgailuak gailu bat eramanen du taxiaren kanpoko aldean, taxia erabilgarri dagoen edo ez argi eta garbi ikusteko moduan.

Gailu hori argi berde batez eta modulu argidun batez osatuko da.

3. Desgaitasuna duten pertsonen kasuan izan ezik, erabiltzaileak ezin izanen du zerbitzua eskatu bide publikoan taxien geltoki hurbilena 25 metro baino gutxiagora badago eta bertan taxiren bat badago, edo beste erabiltzaileren bat taxiaren zain.

4. Taxiek ezin izanen dute erabiltzailerik jaso bidaiari-garraioetako geltokien, aireportuen eta tarteka erabiltzaile asko biltzen diren beste instalazio edo geraleku batzuen inguruetan, baldin eta era horretara taxi geltokietan itxaroten dauden erabiltzaileak jasotzeko araubide egokia eragozten badute.

Kasu horietan, Lehendakariak erabakiko ditu erabiltzaileak jasotzeari dagozkion geralekuak eta xehetasun zehatzak.

32. artikulua. Zerbitzua irratien edo beste sistema batzuen bidez eskatzea.

1. Erabiltzaileak telefonoz edo beste sistema teknologiko batzuen bidez eskatu ahal izanen du taxi zerbitzua. Ibilgailuak zerbitzu horiei atxikita egoten ahal dira.

2. Zerbitzua irratien edo beste sistema batzuen bidez eskatzeko bi modu daude:

a) Erabiltzaileek berehala egiteko eskatzen dituzten zerbitzuak.

b) Erabiltzaileek beste une batean egiteko eskatzen dituzten zerbitzuak.

3. Zerbitzuaren kalitatearen onerako, erabiltzaileak berehala egiteko taxi zerbitzuak eskatzen dituenean, irratiek edo beste sistema teknologikoek zerbitzuak esleitzeko irizpideak ezarriko dituzte, erabiltzailearen itxaronaldiak murrizteko.

4. Ibilgailua zerbitzua egiten ari den bitartean, goizez zein gauez, ibilgailuak gailu bat eramanen du taxiaren kanpoko aldean, taxia erabilgarri dagoen edo ez argi eta garbi ikusteko moduan. Gailu hori argi berde batez eta modulu argidun batez osatuko da. Taxiari irrati bidezko zerbitzu bat egokitzen zaionean, taxia erabilgarri ez egotera pasako da eta modulu argidunean teléfono bidezko edo beste sistema batzuen bidezko kontratazioa adierazten duen “T” edo “t” letra adierazi beharko da.

33. artikulua. Erabiltzaileek ibilgailua aukeratzea.

1. Arau orokor gisa, erabiltzaileek geltokian aurreneko tokian dagoen taxia hartu behar dute; mugikortasun urria duten pertsonentzat moldatutako ibilgailuaren beharra dagoenean beste ibilgailu bat hartu ahal izanen da.

2. Betiere, ibilgailua aukeratzeko lehentasuna izanen dute, erabiltzaile gisa, mugikortasun urria dutenek. Hartara, geltoki batean erabiltzaile bat baino gehiago elkartzen badira, mugikortasun urria duten pertsonek lehentasuna izanen dute geltokian dauden edo geltokira iritsiko diren ibilgailu egokietan edo eurotaxietan, edozein dela ere mugikortasun urria duten erabiltzaile horiek geltokian hartua duten lekua.

34. artikulua. Zerbitzua kontratatzea.

1. Araubide orokorra. Taxi zerbitzua egiteko eskatzen denean ibilgailuko eserleku guztiak batera kontratatu behar dira.

2. Aparteko kasuetan eta taxi zerbitzuaren prestazio egokian eraginik ez duen bitartean, enkarguak ere garraiatu ahalko dira, aldeek hori espresuki adosten dutenean eta ibilbide-liburuan behar bezala jasota geratzen bada, uztailaren 2ko 22/2013 Foru Legeko 26. bis artikuluan ezarritako moduan (uztailaren 6ko Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legea aldatzekoa).

Enkargu horiek soilik egin ahalko dira aldi berean kontratu-egile batekin, eta abiapuntu bakarra eta helmuga bakarra eduki beharko dute, eta enkarguak egite hori ezin izanen da bidaiarien garraioaren aldi berean gertatu.

Horrelako enkarguak egiteko, bidaiarien zerbitzuetarako eskatzen diren tarifa-baldintza berak egon beharko dira.

3. Taxi zerbitzu erregularra edo eskatu ahalako taxi zerbitzua eserlekuka kontratatu eta ordaintzea. Garraio publiko kolektiborik ez badago edo behar adinakoa ez bada, Iruñerriko Mankomunitateak baimena eman ahal izanen du, hiriko edo hiriarteko taxi zerbitzuak, erregularrak nahiz eskatu ahalakoak, eserlekuka kontratatu eta ordaintzeko.

35. artikulua. Zerbitzuaren antolamendua.

1. Taxi lizentzien titularrek mota honetako mugikortasun zerbitzu egokia bermatu behar diete Iruñerriko erabiltzaileei, bertan egiten baitute zerbitzua urteko egun eta ordu guztietan.

Ondoko eremuek, euren garrantzi berezia dela eta, behar bezala estalita egon beharko dute beti:

a) Ospitale eremuak.

b) Tren eta aireportuko geltokiak.

c) Autobus geltokia.

d) Udalerrietako geltoki nagusiak.

2. Taxilarien elkarte profesionalek sustatuko dute zerbitzua artikulu honetan adierazi bezala egitea eta matxura, atseden, opor, gaixotasun eta beste edozein arrazoi dela-eta zerbitzuz kanpo dauden taxiek erabiltzaileei eragozpenik edo deserosotasunik ez egitea.

3. Taxilarien elkarte profesionalek uneoro bermatuko dute mugikortasun urriko pertsonei zerbitzua behar bezala egitea, eta modu berezian arduratuko dira eskatzen dizkieten zerbitzuez. Mankomunitatea ezindu fisikoen elkarteekin batera arituko da, hiritar horiei zerbitzu hobea eskaintzeko.

4. Mankomunitateak beretzat gordetzen du mugikortasun zerbitzu egokia bermatzeko behar diren gutxienezko mailak zehaztu, eta zerbitzuaren denbora eta espazioa ustiatzeko modu zehatza ezartzeko ahalmena, titularren eta haien elkarte profesionalen antolaketan gabeziak eta hutsuneak antzematen badira.

5. Mankomunitateak behar diren neurriak hartuko ditu ibilgailu egokituen gutxieneko zerbitzu bat bermatzeko, era horretan antolaturik egon eta euren zerbitzuan 24 orduak eskaini ditzaten, lehentasunezko arreta eskainita mugikortasun urriko pertsonei.

36. artikulua. Zerbitzua hastea, taximetroa abian jartzea eta zerbitzua ordaintzeko prozedurak.

1. Erabiltzaileak taxia eremu publikoan geldiarazten badu, ibilgailuan sartu eta nora joan nahi duen esaten duenean jarriko da martxan taximetroa. Eta adierazitako helmugara iristen denean geldituko da.

2. Zerbitzua telefonoz edo antzeko beste prozedura baten bidez hitzartzen bada, argi moduluak “T” edo “t” karakterea adieraziko du hitzartutako tokiraino iritsi arte. Behin gelditzen denean hitzartutako tokian, taximetroa martxan jarriko da, aldez aurretik ordu jakin batean egitea hitzartu bada izan ezik, 43.3.b artikuluan aurreikusita dagoen moduan, orduan itxaron beharko baita zerbitzua kontratatzean adierazitako ordua iritsi arte taximetroa abian jartzeko.

Adierazitako helmugara iristen den unean geldituko da taximetroa.

Taxilaria ezin izanen da behin ere ibili bezerorik gabe eta taximetroa piztuta eta fakturatzen ari dela.

3. Enkarguak garraiatzen diren kasuetan, moduluak “T” edo “t” karaktere alfanumerikoa adieraziko du ibilaldiaren hasieratik amaierara eta prezioa honela kalkulatuko da: ibili den distantzia bider dagokion prezioa kilometro bakoitzeko gehi dagokion abiasaria.

Taxilaria ezin izanen da behin ere ibili bezerorik gabe eta taximetroa piztuta eta fakturatzen ari dela.

4. Matxura edo istripu kasuetan, bai eta agintaritzako agenteek ibilgailuaren gidaria atxikitzekotan ere, hura ohartarazi edo salatzeko, taximetroa geldituko da. Azkenean zerbitzua bukatzerik ez badago, materialki ezinezkoa delako edo erabiltzaileak hala nahi duelako, horrek honakoa ordaindu beharko du:

a) Taximetroan agertzen dena, erabiltzaileak taxi berri bat eskatzen ez badu.

b) Taximetroan agertzen dena, abiasaria kenduta, erabiltzaileak taxi berri bat eskatzen badu. Kasu horretan gidariak erabiltzailearen esku jarriko du beste taxi bat, eta tarifa berria abiatuko da erabiltzailea ibilgailu berrian sartzen den unean.

5. Erregaia ezin izanen zaio zerbitzua egiten den bitartean bota, bidaiariak berariazko baimena eman ezean.

6. Hauek izanen dira eginiko zerbitzua ordaintzeko prozedurak:

a) Eskudirutan: gehienez ere 50 euro-ko billeteak onartuko dira.

b) Txartelaren bidezko ordainketa, horretarako aparatuak dituzten ibilgailuetan, taxi guztietara zabaldu arte.

7. Erabiltzaileari dagokion ordainagiria emateko prozedura fakturak inprimatzeko gailuaren bidezkoa izanen da.

37. artikulua. Tarifen erregimena. Osagaiak.

1. Tarifen erregimenak lau tarifa ditu, zerbitzua batera emateko lurralde gunearen eremu geografikoaren eta denbora aldiaren arabera:

a) 1.tarifa.

b) 2.tarifa.

c) 3 tarifa.

d) 4.tarifa.

40. artikuluan dago deskribatuta tarifa horiek aplikatzeko prozedura.

2. Lau tarifa horietako bakoitzak honako azalpen hauek ditu:

a) Abiasaria, denbora aldiaren arabera soil-soilik desberdinduko dena.

b) Kilometro bakoitzeko prezioa.

c) Itxaroten emandako ordu bakoitzeko prezioa.

3. Tarifen erregimenak, gainera, hauek ditu:

a) Berariazko gehigarriak.

38. artikulua. Tarifen erregimena. Geografia zonetan zatitzea.

1. Tarifen erregimenean ageri diren tarifak bi geografia zonaren arabera bereizten dira. Bi geografia zona horiek Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde gunearen araberakoak dira, eta zerbitzuaren abiapuntuaren eta helmugaren araberakoak dira:

a) A zona: taxi zerbitzua batera emateko Iruñerriko lurralde gunearen barnekoa.

b) B zona: A eremua inguratzen du.

2. A zonak honako hauek hartzen ditu:

a) Iruña osorik.

b) Iparraldean:

1.–Berriozar: osorik.

2.–Berriobeiti: Artikako kontzejua.

3.–Antsoain: osorik.

4.–Atarrabia: osorik.

5.–Burlata: osorik.

6.–Uharte: udal barruti osoa, Miravalles mendia hartzen duen isurialde banalerroaren iparraldean dagoen zatia izan ezik.

c) Ekialdean:

1.–Eguesibar: Olatz kontzejua. Gorraitz eta Sarriguren biztanle entitateen hiri zatia.

2.–Aranguren ibarra: ingurabidearen eta A-15 autobidearen mendebaldeko zatia (horiek barne). Mutiloagoiti eta Mutiloabeiti horren zati dira.

d) Hegoaldean:

1.–Noain-Elortzibar: Noain herria, A-15 autobideak, Altsasu-Castejon trenbideak eta Jakara doan errepidera sartzeko adarrak mugatuta, hiru bide horietako bakarra ere sartu gabe.

2.–Galar: A-15 autobidearen iparraldean dagoen zatia (Cordovilla), hori barne, eta Na-6001 Ezkirotzeko errepidearen ekialdean dagoena.

3.–Zizur zendea: Zizur Txikiko hirigunea eta A-15 autobidearen iparraldean dagoen zatia (hori barne).

4.–Zizur Nagusia: osorik.

e) Mendebaldean:

1.–Barañain: osorik.

2.–Arazuri: A-15 autobidearen ekialdean dagoen zatia (hori kanpo)

3.–Orkoien: A-15 autobidearen ekialdean dagoen zatia (hori kanpo).

4.–Berriobeiti: Altsasu-Castejon burdinbidearen hegoaldean dagoen zatia eta autobidean sartzeko adarren ekialdean dagoen zatia (Berriainz industrialdea barne), bide horiek kanpo gelditzen dira.

3. B zonak Iruñerrian taxi zerbitzua batera emateko lurralde gunean taxi zerbitzua arautzen duen ordenantzaren 2. artikuluan deskribatzen diren udalerriak hartzen ditu, lehenago deskribatu den A zonak hartzen duen eremua izan ezik.

39. artikulua. Tarifen erregimena. Denbora aldia zatitzea.

1. Tarifen erregimenean ageri diren tarifak zerbitzua ematen den denbora aldiaren arabera bereizten dira. Hain zuzen ere, bi denbora aldi bereizten dira:

a) Eguneko lanaldia.

b) Asteburu, jaiegun eta gaueko lanaldiari dagokiena.

2. Eguneko lanaldiak honako hauek hartzen ditu:

Astelehena eta ostirala bitarteko egunak (biak barne), lanegun moduan ezarrita daudenak, 07:00etatik 22:00etara.

3. Asteburu, jaiegun eta lanegun gauari dagokien lanaldiak honako hauek hartzen ditu:

Larunbatak eta igandeak, jaiegun moduan ezarrita dauden egunak eta aldiak, eta astelehena eta ostirala bitarteko egunak (biak barne), 22:00 eta 07:00 bitartean.

4. Tarifak urtero onartzen direnean erabakiko da zeintzuk diren jaiegunak eta jai-aldiak.

40. artikulua. Tarifen erregimena. Tarifak eta horiek aplikatzea.

1. 37. artikuluan aipatutako lau tarifak, abiasaria izan ezik, zerbitzua batera emateko lurralde gunearen geografia eremuaren eta zerbitzua ematen den denbora aldiaren arabera aplikatuko dira, honako modu honetan:

ZONA/DENBORA
ALDI

LANEGUNAK, 07:00 ETA 22:00 ARTEAN

ASTEBURUAK, JAIEGUNAK ETA LANEGUNETAKO GAUEKO ZERBITZUA 22:00 ETA 07:00 ARTEAN

A

T1

T2

B

T3

T4

2. Zerbitzu bat ematen ari denean aplikatu beharreko tarifa aldatzea honako hau izango da aipatutako bi irizpideen arabera:

a) Geografia eremuaren arabera: Eremua aldatu delako tarifa aldatu behar den kasuetan, aukera teknikoa badago, taximetroak berak aldatuko du automatikoki tarifa.

Teknologiak ez badu aukerarik ematen, taxi- gidariak berak aplikatuko du tarifa aurreko taula horri egokitzeko bi eremu horien arteko muga zeharkatzen duen unean bertan. Gainera, une horretan bertan taxi-gidariak bezeroari jakinarazi beharko dio tarifa aldatu egin dela.

b) Denbora aldiaren arabera: zerbitzua ematen ari den bitartean denbora aldia aldatu delako egin beharreko aldaketa taximetroak berak egingo du, modu automatikoan, barnean dituen erlojuaren eta egutegiaren arabera.

3. T3 eta T4 tarifaren kontzeptuen balioa bat etorriko da denbora-aldi horietarako hiriarteko zerbitzurako onartutako tarifen balioarekin, ofizioz edo aldeetako batek eskatuta tarifa desberdinak eskatzen badira izan ezik, kasu horretan legez ezarrita dauden izapideei jarraituko baitzaie”.

41. artikulua. Tarifen erregimena. Abiasaria, gehigarriak, jaso beharreko minimoak eta horiek aplikatzea.

1. Hiru abiasari daude. Denbora unearen mende baino ez daude hiru abiasari hauek, eta horiek aplikatzea taximetroaren barnean dagoen erlojuak eta egutegiak mugatzen du:

a) Laneguntzat jotako egunetarako abiasaria, 07:00 eta 22:00 arteko denbora aldirako.

b) Laneguntzat jotako egunetarako abiasaria, 22:00 eta 07:00 arteko denbora aldirako, eta asteburu eta jaieguntzat jotakoetarako 08:00 eta 24:00 artean.

c) Asteburu eta jaieguntzat jotako egunetarako abiasaria, 00:00 eta 08:00 arteko denbora aldirako. Eta bai uztailaren 6a eta 14a arteko aldi osoa, abenduaren 25 eta urtarrilaren 1 eta 6 osoak, eta abenduaren 24ko eta 31ko eta urtarrilaren 5eko 18:00etatik aurrera.

2. Aurreko tarifa horiei erantsi beharreko lau gehigarri daude, ondoren deskribaturik dauden egoerak gertatzen badira:

a) Tren geltokira joateagatik ordaindu beharreko gehigarria: jatorria edo helmuga tren geltokia duten zerbitzuei aplikatuko zaie.

b) Autobus geltokira joateagatik ordaindu beharreko gehigarria: jatorria edo helmuga autobus geltokiaren barnealdean duten zerbitzuei aplikatuko zaie edo, barnealdeko geralekurako sarbidea itxita dagoenean, autobus geltokiaren kanpoaldean dagoen geralekuan jatorria edo helmuga duten zerbitzuei.

c) Aireportura joateagatik ordaindu beharreko gehigarria: jatorria edo helmuga aireportua duten zerbitzuei aplikatuko zaie.

d) Zerbitzua telefonoz edo antzeko beste sistema batzuen bidez hitzartzeagatik ordaindu beharreko gehigarria: telefonoz diren zerbitzuei aplikatuko zaie.

Telefonoz edo antzeko beste sistema batzuen bidez hitzartzen den zerbitzuaren gehigarria soil-soilik desberdinduko da zerbitzua hasten den denbora aldiaren arabera, eta aplikatzea taximetroaren barnean dagoen erlojuak eta egutegiak mugatuko du, taula hau kontuan harturik:

LANEGUNAK, 07:00 ETA 22:00 ARTEAN

ASTEBURUAK, JAIEGUNAK ETA GAUEKO TXANDA LANEGUNETAN, 22:00 ETA 07:00 ARTEAN

T1 gehigarria

T2 gehigarria

3. Gehigarriek, gainera, bateraezintasun batzuk izango dituzte. Hauek, hain zuzen ere:

a) Ezin izango da gehigarri berbera bi aldiz kobratu zerbitzu berberean.

b) Hasita dauden zerbitzuetan ezin izango da telefono deiari dagokion gehigarria kobratu.

c) Telefonoz edo antzeko beste sistema batzuen bidez hitzartzen den zerbitzuaren gehigarria aktibatzeko eta aplikatzeko baldintza izango da taximetroa eta modulua 45” egotea “T” posizioan.

d) Ezin izango dira bi gehigarri baino gehiago kobratu zerbitzu bakoitzeko.

Zerbitzua amaitzen denean aplikatuko dira gehigarriak, eta ez lehenago.

4. Enkarguak garraiatzen diren kasuetan, moduluak “T” edo “t” karaktere alfanumerikoa adieraziko du ibilaldiaren hasieratik amaierara eta prezioa honela kalkulatuko da: ibili den distantzia bider dagokion prezioa kilometro bakoitzeko.

42. artikulua. Itxaronaldia.

1. Bidaiaria ibilgailutik aldi baterako ateratzen bada, hura itzultzeko zain gelditzen den gidariak eginiko ibilbidea gehi ordu erdiko itxaronaldia -hiri eremuan- edo ordu beteko itxaronaldiari - hiriarteko eremuan- dagokion zenbatekoa ordaintzeko eskatzen ahal dio, berme gisa eta ordainagiria luzatuta. Epe horiek iraganda, gidaria zerbitzu hori amaitu duela jotzen ahalko da, salbu eta bestelako akordiorik hartu bada.

2. Bidaiariak gidariari aparkatzeko muga duen lekuren batean itxoiteko eskatu badio, gidariak eginiko zerbitzuaren zenbatekoa eskatzen ahalko dio, zerbitzua jarraitzeko beharrik izan gabe, salbu eta itxaronaldia aparkatzeko denbora-muga baino laburragoa bada.

3. Zerbitzua telefonoz edo antzeko prozeduraren baten bidez eskatzen bada, gidariak 10 minutu baino gehiago ez itxoiteko eskubidea izanen du, taxi-gidaria hitzartutako puntura iristen den unetik kontatzen hasita.

IV. KAPITULUA

Taxi zerbitzua eskatzeko irrati eta komunikatzeko bestelako sistemei buruzkoa

43. artikulua. Taxi zerbitzua eskatzeko irrati eta komunikatzeko bestelako sistemei buruzkoa.

1. Taxi zerbitzua eskatzeko erabiltzen diren irrati eta komunikatzeko bestelako sistema guztiek Iruñerriko Mankomunitatearen aldez aurreko baimena beharko dute. Baimen hori, bai eta baimena denboran zehar mantentzea ere, lizentzien titularrek askatasunez elkartzeko bermea izateari baldintzaturik egonen da. Askatasunez elkartzeko berme horren aurkakotzat joko dira elkarte eskubide edo kuota neurrigabe, arbitrario edo/eta bidegabeen ezarpena, elkartekideen eskubide eta betebeharrei loturiko bereizkeria - norberaren antzinatasunaren edo bestelako ezaugarri subjektiboren baten arabera- eta, azken batean, lizentzien titular guztiek baldintza berdinak izan eta baldintza berdinetan parte- hartzearen aurka doazen praktika edo jarrera guztiak.

Mankomunitateak edozein unetan eskatzen ahalko du, hala ofizioz nola parte batek eskatuta, egoki deritzon informazio eta dokumentazioa, askatasunez elkartzeko bermea mantentzen dela egiaztatzeko.

Iruñerriko Mankomunitateak uneoro bultzatzen ahalko ditu egoki jotzen dituen jarduerak erabiltzaileek zerbitzuak kontratatzea errazteko, edozein sistema teknologikoren bidez, telefonia barne.

2. Irratiek egiten dituzten zerbitzuen eta erabiltzaileen arretaren inguruko erregistro bat eraman beharko dute kontratatutako zerbitzuen kopuru eta ezaugarrien, eskatu arren erantzun ezin izan diren zerbitzuen, eta erabiltzaileen kexa eta erreklamazioen ingurukoa, batez ere. Erregistro hori hiru hilabetez gordeko da gutxienez.

3. Zerbitzuak eskatzeko bi modu daude:

a) Erabiltzaileek berehala egiteko eskatzen dituzten zerbitzuak.

b) Erabiltzaileek beste une batean egiteko eskatzen dituzten zerbitzuak. Halako kasuetan,

Erregistroak zerbitzua egin behar den eguna, orduaeta lekua jasoko ditu.

LAUGARREN TITULUA

Ikuskapena, erreklamazioak eta zehapenak

I. KAPITULUA

Zerbitzuaren ikuskapena

44. artikulua. Azterketak.

1. Ibilgailuen azterketak.

a) Aldez aurreko azterketa.

Ezin izanen dute zerbitzurik egin beharrezkoak diren baimen guztiak ez dituzten ibilgailuak. Horretarako, Iruñerriko Mankomunitateko organo eskudunak segurtasun, kontserbazio eta dokumentazio baldintzen aldez aurreko azterketa burutuko du.

b) Ohiko berrikustea (ikus-onespena) eta ezohikoa.

Ordenantza honen xede diren ibilgailuek urteko ohiko azterketa (ikus-onespena ere esaten zaio) eta Iruñerriko Mankomunitateak deitutako bestelako ezohiko azterketa guztiak pasako dituzte. Azterketak gainditzen ez dituzten ibilgailuek ezin izanen dute zerbitzua egin antzemandako hutsuneak zuzendu, eta ikuskapen zerbitzuek hala berresten duten arte.

2. Taximetroak emandako datuak.

Lizentzien titularrek Iruñeko Mankomunitateak beharrezkotzat ezarri dituen datuak eman beharko dituzte aldian-aldian eta ezarritako prozedurarekin bat.

3. Tarifa sistemaren ikuskapena.

a) Ohiko ikuskapena (ikus-onespena).

Iruñerriko Mankomunitateak berrikusi ahal izango ditu tarifa sistemako elementu guztiak, entitate eskudunek egiten ahal dieten azterketaren kaltetan gabe.

b) Ezohiko ikuskapena.

Iruñerriko Mankomunitateak, edozein unetan, tarifa sistemako elementu guztien edo batzuen azterketa agindu edo egiten ahalko du, batik bat, taximetroari dagozkion hauek egiaztatzeko:

1) Era ikusgarrian adierazten duela -kanpotik eta urrutitik- ibilgailua erabilgarri dagoen edo ez.

2) Argi eta garbi adierazten duela bidaiaren zenbatekoa, indarreko tarifa ofizialen arabera, hala eginiko ibilbide eta geldialdi edo itxaronaldiengatik, nola bereizita, eginiko zerbitzu osagarriengatik, baimenduta izan badira.

3) Zigiluak erraz ikusteko modukoak direla, kaleko ikuskapenean.

4) Zigilu ofizialak egoera onean daudela.

5) Gurpil-azalen diametroa, aparatuaren libretan jasotzen den egiaztapen ofizialean adierazten den huraxe dela.

6) Tresnak ez duela kolpatu, bortxatu edo manipulatua izan dela egiaztatzen duten zulo, makadura edo seinalerik.

4. Tarifa sistemako elementuen akatsak.

Tarifa sistemako elementuen ohiko edo ezohiko azterketen ondorioz, akatsen bat antzematen bada kokaleku, funtzionamendu edo aparatuak bete beharreko bestelako baldintzei dagokienez, ibilgailua zerbitzutik at geldituko da eta ezin izanen da itzuli, akatsa antzeman zuten udal agintari edo zerbitzuek egin beharreko zuzenketari oniritzia ematen ez dioten arte.

5. Tarifa sistemako elementuen akatsei buruzko salaketak.

a) Egiaztapen ofizialen kaltetan gabe, taxiaren edozein erabiltzailek salaketa jartzen ahalko du Iruñerriko Mankomunitatean edo kontsumitzaile eta erabiltzaileen elkarteetan, tarifa sistemako elementuen egoera edo funtzionamenduari zein zerbitzuari oro har loturiko edozein akats antzematekotan.

b) Salaketa berresten ez bada, salatzaileak zerbitzuaren zenbatekoa, bai eta horri loturik egindako egiaztapen ofizialak eragindako gastuak ordainduko ditu.

c) Egiaztapen horretan, errore marjina txikia onartuko da tresnaren funtzionamenduan, betiere indarreko araudian ezarritakoa baino txikiagoa bada.

6. Irratiek emandako datuak.

Irratiak kudeatzen dituzten elkarteek eta telefonoz nahiz beste sistema teknologiko batzuen bidez zerbitzuak kontratatzen diharduten gainerako pertsona fisiko edo juridikoek administrazio eskudunei nahi adina informazio eman beharko diete taxi zerbitzua egiteko moduari buruz eta erabiltzaileentzako arretari buruz. Bereziki, kontratatutako zerbitzuen kopurua eta nondik norakoak, erabiltzaileek eskatu arren ezin egin izan diren zerbitzuak eta erabiltzaileen kexak eta erreklamazioak jakinarazi behar dizkiete. Informazio hori guztia Iruñerriko Mankomunitateak zehazten duen prozedurarekin bat igorri beharko da.

II. KAPITULUA

Erreklamazioak

45. artikulua. Erabiltzaileen erreklamazioak.

1. Mankomunitateak Bezeroarendako Laguntza Zerbitzua izanen du, hiritarrek -bide ezberdinak erabilita-erreklamazioak, eskaerak eta oharrak egiteko.

2. Ibilgailu bakoitzak erreklamazio liburu bakarra eramanen du. Liburu hori hiriarteko garraioari eskatzen zaion berbera da eta kontrol agiriei buruzko araudian xedatutakoari jarraituko dio. Erreklamazio liburua erabiltzaileen eskura izanen da. Erreklamazio bat egiten denean, lizentziaren titularrak kopia bat igorri beharko du Mankomunitatera, erreklamazioa egin eta hurrengo 72 orduen barruan. Erreklamazio orriarekin bat, lizentziaren titularrak idazki bat bidaltzen ahalko du, egoki deritzon alegazioak aurkezteko.

3. Irrati edo beste sistema teknologikoen bidez egiten diren erreklamazioak Mankomunitateari bidali beharko dizkiote irrati horiek kudeatzen dituzten elkarteek edota telefono edo beste sistema teknologikoen bidezko kontratazioa egiten duten beste personafisiko edo juridikoek, erreklamazioa egin eta hurrengo 72 orduen barruan.

4. Artikulu honen 1. eta 3. ataletan jasotako kasuetan, erreklamazioen kopia igorriko zaio lizentziaren titularrari edo, hala badagokio, irratiari edo taxi zerbitzua eskatzeko sistemaren arduraduna den pertsona fisiko edo juridikoari, horrek 10 eguneko epean, egoki deritzen alegazioak egin ditzan. Mankomunitateak erreklamazioa eta, halakorik bada, alegazioak jasotzen dituen idazkia ikusirik, egoki baderitzo, zehatzeko ahala erabiliko du.

46. artikulua. Galdutako gauzak erreklamatzea.

1. Gidariek, zerbitzu bakoitza amaitu eta gero, ibilgailua barrutik arakatuko dute, erabiltzaileak bere gauzak bertan ahaztu dituen egiaztatzeko. Hala bada, horretarako prestatutako bulegoetan utzi beharko ditu, aurkitu eta hurrengo 48 orduen barruan.

III. KAPITULUA

Zehapenak

47. artikulua. Zehapenak.

1.–Erantzuleak bere erantzukizuna onartzen badu ebazpena eman aurretiko edozein unetan eta ez badu zehapena borondatez ordaintzen, proposatutako zehapenaren zenbatekoa %25 murriztuko da.

2.–Ebazpena eman aurretiko edozein unetan erantzuleak ordaintzen badu zehapena borondatez baina ez badu bere erantzukizuna onartzen, proposatutako zehapenaren zenbatekoa %25 murriztuko da.

3.–Erantzuleak bere erantzukizuna onartzen badu eta zehapena borondatez ordaintzen badu ebazpena eman aurretiko edozein unetan, proposatutako zehapenaren zenbatekoa %50 murriztuko da.

4.–Kasu guztietan, murriztea gauzatzeko, erantzuleak dokumentu bat aurkeztuko du, non idatziz jasota geldituko den uko egiten diola berariaz administrazio bideko zeinahi ekintza edo errekurtsori.

Lehenengo xedapen gehigarria.

9/2005 Foru Legearen 50.3 artikuluarekin bat, Ordenantza honek indarra hartzen duen egunetik aitzina, Ordenantza honen 2. artikuluan jasotako udalek ordura arte emandako lizentziek araubide juridiko bera izanen dute, zein udaletakoak izan diren kontuan hartu gabe.

Bigarren xedapen gehigarria.–Haurrak lotzeko sistema.

Mankomunitateak, taxien sektoreko elkarte profesionalekin bat, erabiltzaileek beste une batean egiteko eskatzen dituzten taxi zerbitzuetan pixkanaka Haurrak Lotzeko Sistemak sartzea bultzatuko du.

Neurri horiek honako hauek hartu beharko dituzte kontuan: bideragarritasun teknikoa, erabiltzaileei egiten zaien zerbitzuaren kalitatearen bermea eta jardueraren titularrentzako errentagarritasun ekonomikoa.

Lehen xedapen iragankorra.–Ibilgailuak moldatzea.

Ordenantza honetako hirugarren tituluko II. kapituluan eta aplikagarria den gainerako araudian exijitutako baldintzetara moldatzea ibilgailuak bi hilabeteko epean egin beharko da ordenantza honeetako aldaketak indarrean sartzen direnetik aurrera zenbatuta.

Bigarren xedapen iragankorra.

Behin-behinean tarifa anitzeko modulu argidunik ez duten lizentziek, eta, beraz, alfazenbakizko karaktereak erakutsi ezin dituztenek, honela funtzionatu beharko dute:

Telefonoz edo antzeko beste sistema baten bidez zerbitzua hitzartu duen bezero baten bila doazenean, taximetroa eta modulua itzalita eraman beharko dute.

Emandako zerbitzua ordaintzea bideratzen ari diren bitartean, modulua itzalita egongo da.

Hirugarren xedapen iragankorra.

Xedapen iragankor hau indarrean sartzeko egunean, lehen aldiz matrikulatu zirenetik bost urte eta erdi baino gehiago dituen ibilgailu bat atxikita duten lizentziek beharrezkoak diren dokumentu guztiak aurkeztu beharko dituzte, barne hartuta dagokion tasa edo zerga ordaintzea, ibilgailua lehen aldiz matrikulatu zenetik 10 urte igaro baino lehen ikus-onespena egin ahal izateko.

Azken xedapena.–Indarrean sartzea.

Aldaketa hauek indarrean sartuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean.

Iragarkiaren kodea: L2015255