299. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BEUNTZA

Ordenantza, Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Beuntzako Kontzejuko Herritarren Batzarrak, 2020ko irailaren 27an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Herri-lurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza. Iragarkia 2020ko 258. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, azaroaren 4an.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Beuntzan, 2020ko abenduaren 22an.–Alkatea, Mikel Eugui Ilundain.

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Ordenantza honen xedea da Beuntzako Kontzejuaren herri-ondasunen administrazioa, xedapen egintzak, defentsa, berreskurapena eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea.

2. artikulua. Herri-ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-ondasunak dira besterenezinak, preskribaezinak eta enbargaezinak, eta ez dute beren gain tributurik izanen.

Haien izaeran eta tratamendu juridikoan ez da aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Hauek dira herri-ondasunen gaineko arauak: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, deusetan galarazi gabe Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren apartatuan xedatua.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen-egintzak

5. artikulua. Beuntzako Kontzejuari dagozkio herri-ondasunen gainean xedatzeko, administratzeko, aprobetxamendu-araubidea ezartzeko eta antolatzeko ahalmenak, ordenantza honetan xedatzen den moduan.

Herri-ondasunen arloan Beuntzako Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Herri-ondasunei buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saltzeko edo trukatzeko desafektazioa egiteko, Nafarroako Gobernuak desafektazio horren onura publikoa edo soziala deklaratu beharko du, eta, hori baino lehen, Beuntzako Kontzejuak justifikatu egin beharko du dena delako xedea ezin dela lortu beste bide batzuen bitartez, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-ondasunak desafektatu ondoren, beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula bat jasoko da betiere, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertzen edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzuli beharra gertatzen bada, lur horiek Beuntzako Kontzejuaren ondarera itzuliko dira herri-ondasun gisa.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiko zaio.

III. TITULUA

Herri-ondasunak defendatzea eta berreskuratzea

7. artikulua. Beuntzako Kontzejua ahaleginduko da herri-ondasunak zaintzen, defendatzen, berreskuratzen eta hobetzen, eta kontra eginen die pribatizazio saio orori nahiz kalte eragiten dieten bestelako ekintzei.

8. artikulua. Beuntzako Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri-ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesdunari entzunaldia emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri-ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Beuntzako Kontzejuak Nafarroako Gobernuari, lursailen immatrikulazioa edo herri-lurrekin mugakide diren lursailen gehiegizko hedadura direla eta. Komunikazio horien gaineko erabakia hartu beharko du Kontzejuak.

10. artikulua. Beuntzako Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren berariazko onespena beharko du aldez aurretik, ondasunak herriaren ondarerako berreskuratzeko transakzioak egin asmo dituenean.

11. artikulua. Baimena, emakida edo beste zernahi bide dela-eta herri-ondasunen gainean sortu diren eskubideak iraungitzeko, eta haiek ekarritako okupazioak ere iraungitzeko, Beuntzako Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Beuntzako Kontzejuak interpretatuko ditu herri-ondasunei buruzko kontratuak, haietan partaide denean, eta berak ebatziko ditu betetzeaz sortzen diren zalantzak.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, galarazi gabe kontratistek duten eskubidea jurisdikzio-bidean behar den deklarazioa lortzeko.

13. artikulua. Beuntzako Kontzejuak ez dituenean behar diren ekintzak sustatzen herri-ondasunak defendatzeko, posible izanen da herritarren ekimena, zehaztuko den moduan. Ekimen horrek aurrera eginez gero, sortu diren gastuak itzuli beharko dizkie Beuntzako Kontzejuak herritarrei.

IV. TITULUA

Herri-ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

14. artikulua. Hauek dira ordenantza honek arautzen dituen aprobetxamenduak:

a) Herri-lurzatien aprobetxamenduak.

b) Herri-larreen aprobetxamendua.

b) Etxerako egurraren aprobetxamendua.

c) Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk.

15. artikulua. Beuntzako Kontzejua herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da, eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du hori guztia.

16. artikulua. Oro har, Beuntzako herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko, familia unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusia izatea, edo adingabe emantzipatua, edo judizialki gaitua.

b) Atezko Udalaren Biztanle Erroldan bizilagun gisa inskribaturik egotea 3 urteko antzinatasunez.

c) Kontzejuan urtean bederatzi hilabetez gutxienez jarraian eta egiazki bizitzea.

d) Alta emanik egotea Gizarte Segurantzan, nekazaritzako araubidean.

e) Kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

17. artikulua. Etxebizitza berean bizi diren guztiak hartuko dira familia-unitateko kidetzat.

II. KAPITULUA

Herri-lurren aprobetxamendua

18. artikulua. Ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateetako bizilagun titularrei zuzenean adjudikatuko zaie herri-larreen aprobetxamendua.

19. artikulua. Beuntzako Kontzejuak kanon bat ezarriko du erregu edo lursail bakoitzeko, aprobetxamenduaren hasieran zehaztuko dena.

Kanona ez da izanen antzeko lurrak errentan emateko eskualdean dabiltzan prezioen %90 baino gutxiago.

Ordenantza honetan ezarririko kuotak aldatzen ahalko dira Kontzejuak egoki deritzonean, teknikari eskudun batek balorazioa egin ondoren herri-lurren balio errealari buruz eta egiten diren azpiegitura edo hobekuntzak amortizatzeko kostuari buruz, halakoak egiten direnean. Hurrengo kontratua sinatu baino lehen aldatuko dira kuotak, betiere. Nolanahi ere, kanona balio erreal horren %80tik %90era bitartean egonen da, 6/1990 Foru Legearen 150. artikuluan xedaturikoarekin bat.

20. artikulua. Herri-lurrak aprobetxatzeko epea 10 urtekoa izanen da.

21. artikulua. Beuntzako Kontzejuak ezarriko du herritar bakoitzari adjudikatuko zaion larre-azalera, kontuan harturik herri-lurrek zenbaterainoko aukerak ematen dituzten.

22. artikulua. Onuradunek herri-lurrak ezin izanen dituzte erabili, Udalaren aldez aurreko baimena izan gabe, adjudikaziokoak ez diren beste aprobetxamendu batzuetarako, hala nola artoa edo soja hazteko, berotegiak jartzeko eta abar.

23. artikulua. Adjudikaturiko herri-lurretan itxiturak egiteko, beharrezkoa izanen da Beuntzako Kontzejuaren baimena. Debeku da fabrika-obrako itxiturak egitea, adreiluz edo hormigoi-blokez.

Ezin izanen dira batera itxi herri-lurrak eta jabetza pribatuko lursailak.

24. artikulua. Ezin izanen da trukatu herri-lurren aprobetxamendua onuradunen artean, aldez aurretik interesdunek eskatu, eta Kontzejuak baimena eman ezean.

25. artikulua. Zuzenean eta pertsonalki eginen da aprobetxamendua herri-lurretan, eta ez da onartzen azpierrentamendua edo lagapena.

26. artikulua. Nahitaezko baldintza izanen da urtean behin, gutxienez, ebakitzea eta ongarritzea. Baliabide mekanikoak erabiliz eginen da ebaketa, azienda bazkan ibili zein ez.

27. artikulua. Lurzatien errentariaren kontura izanen da atakak, itxiturak eta elementu propioak konpontzea.

Mendiko larreen aprobetxamendua

28. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak ziurtagiria beharko du, egiaztatzeko betetzen direla azaroaren 16ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan eskaturiko baldintzak (Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Babesari buruzkoa), eta bete beharko ditu, halaber, Foru Lege horretan nahiz haren erregelamenduetan ezarritako baldintza guztiak.

29. artikulua. Debeku da txerri-azienda bazkatzea.

30. artikulua. Beuntzako Kontzejuak urtero ezarriko du aurrekontu arruntean larreen onuradunek ordaindu beharreko kanona, azienda-mota bakoitzari eta larratze eremu bakoitzari dagokionez.

IV. TITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

31. artikulua. Mendian aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu ondoren, Beuntzako Kontzejuak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei, b) apartatuan ezarritakoa izan ezik, kasu honetan urtebeteko antzinatasuna eskatuko baita.

Horretarako, basogintzako administrazioak epaitzak seinalatuko ditu jasotako eskabide kopuruaren arabera, eta adjudikazioa interesdunen artean zozketatuko da.

32. artikulua. Beuntzako Kontzejuak urtero ezarriko du familia unitateei adjudikatu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.

33. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira, eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

Etxerako egurraren aprobetxamendua ateratzeko epeak iraunen du entregatzeko egunetik urte bereko abenduaren 31ra arte, eta betiere gutxienez 4 hilabetekoa izanen da. Kontzejuak, klimatologia dela eta, badu eskubidea epe hori luzatzeko, bai eta epaitzak entregatzeko eguna aldatzeko eta egokiak iruditzen zaizkion beste aldaketa batzuk egiteko ere. Epealdi hori iraganik, epaitzak aztertuko dira. Kontzejuak zehapena ezarriko du aprobetxamendurik ez egiteagatik edo zati batean soilik egiteagatik.

34. artikulua. Epaitzen aprobetxamenduaren kanona berrogeita hamar euro izanen da epaitza bakoitzeko. Kontzejuak urtero aldatzen ahalko du kanon hori aurrekontu arruntean.

35. artikulua. Onuradunak beharturik egonen dira hondarrak bildu eta metatzera, egurra eraman eta gero; dena dela, hondar horiek ezin izanen dira pilatu bideetan, mendiko pistetan edo pasabidea ixten duten beste toki batzuetan. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei bi urtez ukatuko zaie aprobetxamendu hau.

36. artikulua. Epaitzan seinalatutako zuhaitz guztiak aprobetxatuko dira. Epaitza behar bezala aprobetxatzeko, markatuta ez dagoen zuhaitzen bat bota behar bada, basogintzako administrazioari eta Kontzejuan lan horretaz arduratzen diren langileei eginen zaie kontsulta. Kontzejuaren adostasuna beharko da, ez bada zehapenik nahi.

37. artikulua. Kontzejuak urtero epaitzak eskatzeko epea irekiko du. Lehenik eta behin, aurreko urteko epaitzen nondik norakoa aztertuko da, eta dagozkien herritarrei zehapenak aplikatuko zaizkie, bidezko bada. Eskabideen eta dagoen egurraren arabera markatuko dira epaitzak mendian. Gerora, jaso diren eskabideen artean zozketatuko dira.

38. artikulua. Erabat debeku da zaborra, bidoiak zein hondakin oro mendian uztea.

V. TITULUA

Herri-lurretako beste aprobetxamendu batzuk

39. artikulua. Ehiza barrutiak herri-lurrak sartuz eratu badira, hango ehizaren aprobetxamendua eginen da gai honen gainean 1981eko martxoaren 17an Nafarroako Foru Parlamentuak emaniko Arauari eta xedapen osagarriei jarraikiz.

40. artikulua. Beuntzako Kontzejuak kasu bakoitzerako prestatzen dituen baldintza-agirien arabera eginen da ondareko uren emakida, herri-lurren okupazioa, herri-lurretako harrobien ustiapena eta herri-lurretan egin nahi den beste aprobetxamendu edo hobekuntza oro.. Gainera, jendaurrean eduki beharko dira hamabost egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.

VI. TITULUA

Adjudikatzeko prozedura

41. artikulua. Kontzejuaren erabakiaren ondotik eta iragarki oholean ediktuak argitaratuta, hamabost eguneko epe bat irekiko da eskubidea dutela uste dutenek herri-lurretako aprobetxamenduetarako eskabidea aurkez dezaten.

42. artikulua. Aprobetxamendu eskabideei honako hauen zinpeko deklarazioa erantsiko zaie:

a) Kontzejuko bizilaguna izatearena, gutxienez hiru urteko antzinatasunez, eta kontzejuan urtean bederatzi hilabetez bederen bizitzearena.

b) Familia unitatea osatzen duten kideena, familia liburuaren fotokopiarekin batera.

c) Nekazaritzako Gizarte Segurantzaren kopia edo egiaztagiria.

d) Eskatzaileak kontzeju honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatearena.

Aipatutako zinpeko deklarazioa egiaztatzearren, Beuntzako Kontzejuak ahalmena izanen du beharrezkotzat jotzen duen dokumentazioa eskatzeko, errenta mailak egiaztatze aldera.

43. artikulua. Eskaerak ikusita, Beuntzako Kontzejuak aprobetxamendu bakoitzean onartutakoen zerrenda onetsiko du behin-behinekoz, aprobetxamendu tokia edo lotea adierazita.

44. artikulua. Kontzeju honen iragarki-taulan jarriko da jendaurrean behin-behineko zerrenda, hamabost egun balioduneko epean, alegazioak egin ahal izateko. Alegaziorik aurkezten ez bada, behin-behineko zerrendak behin betiko bihurtuko dira.

45. artikulua. Alegazioak eta zuzendu beharreko akatsak egonez gero, Kontzejuak haien gaineko ebazpena emanen du, eta aprobetxamenduetarako behin betiko bizilagun zerrendak onetsiko ditu, aprobetxamendu tokiak edo loteak adierazita.

VII. TITULUA

Arau-hausteak eta zehapenak

46. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

Herri-lurren aprobetxamenduan: aprobetxamendu horretarako eskubidea hiru urtean galtzea.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezarri ahalko da, epaitzaren balorazioa halako 5.

b) Ez betetzea Herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasuna Zaintzeari buruzko Foru Legea eta hori garatzen duen Erregelamendua.

c) Aprobetxamenduen kanonak Kontzejuak ezarritako epeetan ez ordaintzea.

Halakoetan, hilabeteko epea emanen da %20ko errekarguarekin ordaintzeko. Epe horretan ordaindu ezean, aprobetxamendurako eskubidea galduko da.

Horren ondorioetarako, gordailuzainak zordunen idatzizko zerrenda bat aurkeztuko du, bai borondatez ordaintzeko aldiaren bukaeran, bai errekarguarekin ordaintzeko epearen bukaeran.

d) Herritarrek nabarmen gaizki egitea edo osorik ez egitea dena delako aprobetxamendu mota.

Etxerako egurraren aprobetxamenduan: hartarako eskubidea urtebetean galtzea, baldin aprobetxamendua zati batean soilik egiten bada, eta hiru urtean galtzea, gehiegizko aprobetxamendua egiten bada. Gainera, isun ekonomikoa ezarri ahalko da, epaitzaren balorazioa halako 5 gehienez.

e) Zertarako adjudikatzen den herri-lurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.

f) Lursailak urtean behin gutxienez ez ebakitzea eta ongarritzea.

g) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.

h) Herri-lurretan zaborra eta bestelako hondakinak uztea.

Zabor edo hondakin unitate bakoitzeko 30 euroko zenbatekoa ordaintzea. Zenbateko horiei gehituko zaizkie zaborrak jasotzearen ondoriozko gastuak (araua hautsi duen titularraren konturakoak, osorik) eta sortutako kalte eta galeren ordaina.

Ordenantza honetan xedatuta dagoena urratzen duten edo herri jabetzetan kalteak edo gehiegikeriak ekartzen dituzten beste egitate edo ekintza guztiei eta zehapena ekartzen duten ekintza guztiei aplikatu ahalko zaie Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 178. artikulua, zehazki hau:

–Zehapenak produktuen balioa halako bost eta hamar bitartekoak izanen dira. Aprobetxatu denaren edo sortutako kaltearen balioa kalkulatu ezin denean, zehapena 60 eurotik 12.000,02 eurora bitartekoa izanen da.

–Arestian xedatu dena gorabehera, kalteak ordaindu egin beharko dira eta erantzukizunei aurre egin beharko zaie, halakoak daudenean; halaber, bidezkoa bada, legez kanpo lortu diren produktuak eta arau-haustean erabili diren bitartekoak edo tresnak bahituko dira.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartzen duenetik, indargabetu eginen dira, baliorik eta ondoriorik batere gabe utzirik, kontra egiten dioten maila bereko edo beheragoko xedapen edo ordenantza guztiak.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.–Ordenantza honek indarra hartuko du haren testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren.

Iragarkiaren kodea: L2015125