299. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 28a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BERATSAIN

Ordenantza, Bideak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Beratsaingo Kontzejuko Herritarren Batzarrak, 2020ko abuztuaren 14an egin bilkuran, erabaki zuen hasiera batean onestea Bideak arautzen dituen ordenantza. Iragarkia 2020ko 204. Nafarroako Aldizkari Ofizialean eman zen argitara, irailaren 10ean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iraganik, aipatu ordenantzaren aldaketa behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko agindu, behar diren ondorioak izan ditzan.

Beratsainen, 2020ko abenduaren 3an.–Alkatea, Aitor María Egozcue Guerendiain.

BIDEAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA

Beratsaingo Kontzejuaren eskumeneko landabide publikoen sarea kontzejuko herritar guztien ondarearen atala da. Garrantzi handi-handia du, udal-mugarteko mendi eta landetako aberastasuna zaintzeko eta haietan sarbide izateko. Nahitaezkoa da nekazaritzako, abeltzaintzako eta basozaintzako lanak egiteko.

Ongi zaindurik egoteak herritar guztiei egiten die on.

Landabideak gero eta gehiago erabiltzen direnez, haien erabilera arautu beharra dago, honako xede hauek lortzearren:

–Beratsaingo Kontzejuko natura-ondarearen balioak zaintzea.

–Erabiltzaile guztien erabilera orekatua bultzatzea.

–Erabiltzeko moduan mantentzea.

Horrenbestez, Beratsaingo Kontzejuak ordenantza hau onetsi du.

1. artikulua. Lege oinarria.

Ordenantza ematen da honako arau hauetan xedatutakoaren arabera: Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2.b) eta d) artikuluak; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 3. artikulua, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Legearen 29. artikulua.

2. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Beratsaingo kontzeju-mugartean dauden kontzeju-titulartasuneko bide publikoak arautzea, zaintzea, erabiltzea eta gozatzea, ibilgailuen eta pertsonen trafikoa antolatzea, eta bide horiek babestea.

3. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honen ondorioetarako, jabari eta erabilera publikoko bideak dira nagusiki nekazaritza-ustiategi edo -instalazioei zerbitzua emateko direnak, kontzeju-mugarteko parajeak komunikatzen dituztenak.

4. artikulua. Erabilera publikoko ondasunak.

1. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legearen arabera, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 3. artikuluarekin bat etorriz, kontzeju-titulartasuneko bideak edozein herritarrek balia ditzakeen erabilera publikoko ondasun, aprobetxamendu edo erabilera orokorreko ondasun gisa sailkatzen dira.

2. Bideak, arekek eta elementu funtzionalek okupatzen dituzten lurrak bakarrik izanen dira jabari publikokoak.

3. Nolanahi ere, Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren 94. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoarekin bat etorriz, lizentzia beharko da bideak modu arruntean eta berezian edo pribatiboan erabiltzeko.

5. artikulua. Erabilera arauak.

1. Bide publikoak erabiliko dira pertsonak, animaliak, bizikletak eta pertsonak edo salgaiak garraiatzeko ibilgailuak igarotzeko, bai eta nekazaritzako ibilgailuak finka mugakideetara igarotzeko ere.

2. Eraikuntzako makinen pasaera, kirol-probak eta material arriskutsuen zirkulazioa direla-eta arriskugarritasuneko, erabilera-intentsitateko edo antzeko bestelako inguruabar bereziak gertatuz gero, erabiltzaileak dagokion baimena eskatu beharko dio Kontzejuari, deusetan ukatu gabe dagozkion gainerako baimenak. Kasu horretan, Kontzejuak aldez aurretik berme nahikoak eska ditzake, igarotze horrek sor ditzakeen kalte-galerei erantzuteko, eta egokitzat jotzen dituen mugak eta baldintzak ezarri ahalko ditu.

3. Obra partikularren ondorioz bidean aldaketaren bat egin behar bada, interesdunak dagokion baimena eskatu eta lortu beharko du, eta aldez aurretik, eskabidearekin batera, egin nahi diren obren azalpen-memoria eta justifikazio-dokumentazioa aurkeztu beharko dira. Kontzejuak, eskaera ikusita, baldintza egokiak ezarriko ditu, eta, hala badagokio, ezarriko den zenbateko bateko abala eskatuko du sor litezkeen kalteei erantzuteko, edo aldaketa hori arrazoiak emanez ukatuko du.

4. Bideen zabalerak azaldu beharko dira, lurzatien berrantolamendu-planetan ezarritakoaren arabera.

6. artikulua. Kontserbazioa.

1. Kontzeju-titulartasuneko bideak zaintzea Kontzejuaren ardura izanen da, bera baita bideen titularra.

2. Bideen finka mugakideen jabe guztiek beren jabetzen areka mugakideak behar bezala mantendu eta garbitu behar dituzte.

7. artikulua. Debekuak.

1. Oro har, debekatuta dago edozein ibilgailu orduko 30 km/h-tik gorako abiaduran ibiltzea kontzeju-bideetan.

2. Oro har, 30 tonako pisu-muga ezartzen da.

3. Estatuko ibilgailuen zirkulazio eta trafikoari buruzko araudian ezarritako mugak eta debekuak errespetatuko dira beti.

4. Oro har, honako hauek ere debekatuta daude:

a) Bidean eta areketan oztoporen bat jartzea edo kokatzea, beste erabiltzaile batzuek hura erabiltzea eta gozatzea eragozten, zailtzen edo kaltetzen duena.

b) Edozein motatako objektuak edo likidoak botatzea.

c) Bidea hondatzea, behar bezala ez erabiltzeagatik.

d) Erabiltzaileen mugitzeko askatasuna kaltetzen duen edo bideen gehiegizko erabilera dakarren edozein ekintza.

e) Edozein motatako objektuak arrastaka eramatea.

f) Bideen mugakide diren lurretan nekazaritza-lanak egitea, baldin eta lan horiek bideen zorua galaraztea eta luiziak izateko edo bide horiek murrizteko arriskua badakarte. Era berean, debekatuta dago bidearen ondoan, atzeraemangunean, lubeten lur erauzketak egitea, uste baita ezin zaiela ez bideari ez arekei kalterik eragin.

g) Nekazaritzako lanak egitea bidearen ertzera dagoen distantzia errespetatu gabe, luizia edo harriak bide edo arekara eramatea dakartenak.

h) Bideko euri-urak ebakuatzea eragozten duten defentsak eraikitzea edo altxatzea.

i) Lurzati mugakideen jabeek hodiak jarri beharko dituzte, finketara sartzeko eta bidea babesteko.

8. artikulua. Erabilera mugak.

Beratsaingo Kontzejuak, erabilera-mugak ezar ditzake kasu hauetan, unean-unean eta egoera horrek irauten duen bitartean:

a) Bideak konpontzeko eta kontserbatzeko aldietan.

b) Zoruaren egoerak hala eskatzen duenean, tonaje-arrazoiengatik.

Kirol lehiaketak baimentzeko kasuetan (oinezkoen lasterketak, txirrindularienak, motoziklistenak edo automobilenak), bidea edo bideak erabilera orokorrera itxi daitezke, lehiaketa horiek egiteko behar den denboran.

9. artikulua. Finketarako sarbideak.

1. Beratsaingo Kontzejuak mugatu ditzake finka pribatuetarako bideetan dauden sarbideak, eta ezar dezake sarbide horiek zer tokitan eraiki daitezkeen, nahitaez, arrazoi teknikoengatik.

2. Finketarako sarbideek aldez aurreko udal baimena eduki beharko dute, eta eraikitze-, mantentze- eta ordezte-gastu guztiak horien onuradunen kontura izanen dira.

10. artikulua. Atzeraemangunea.

1. Eraikinen, hesien, alanbre-hesien eta kartelen bideekiko atzeraemangunea, izanen da kasu zehatz bakoitzerako indarrean dagoen hirigintza-plangintzan xedatutakoaren eta ordenantza honetan xedatutakoaren araberakoa.

2. Kasu guztietan, gutxieneko atzeraemangunea 3 metrokoa izanen da bidearen mugarekiko. Bereziki, ureztatzeko ihinztagailuak bidearen mugatik 3 metrora jarri beharko dira, gutxienez.

3. Eraikin, eraikuntza eta instalazio finkoak, hala nola transformazio-zentroak, linea elektrikoak, ureztatze-baltsak eta -etxolak eta antzekoak, bidearen ardatzetik 8 metro atzera eraman beharko dira.

4. Debekatuta dago harlangaitzezko itxitura edo fabrika-obra egitea, aparteko kasuetan izan ezik, abeltzaintza edo arrain-espezieen ustiategietan erabiltzeko; Udalaren Udalaren Osoko Bilkurak baloratuko du.

11. artikulua. Landaketak.

Ezin izanen da fruta- edo baso-zuhaitzik landatu bidearen mugatik 4 metro baino gutxiagora. Distantzia hori metro bat murriztuko da zuhaixkak, mahastiak eta abar landatzen direnean.

12. artikulua. Arau-hausteak.

Arau-hauste administratibotzat hartuko dira ordenantza honetan ezarritakoa urratzen duten egite edo ez-egiteak.

Arau-hausteak arinak, astunak edo oso astunak izanen dira, eragindako eragozpenaren intentsitatearen arabera eta kalteen arabera.

1. Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Mota guztietako objektuak bidera botatzea.

b) Lizentzia espezifikorik gabe zirkulatzea, bide bakoitzerako baimendutako tonajea gehienez ere %30 gaindituz.

c) Zuzenbidearen aurkako eta ordenantza honen aurkako jokabide oro, arau-hauste astuna edo oso astuna ez dena.

2. Arau-hauste astuntzat joko dira:

a) Bidean objektuak instalatzea gainerako erabiltzaileek hura erabiltzea edo gozatzea oztopatuz edo zailduz.

b) Kirol-lehiaketak antolatzea, oinezkoenak zein txirrindularienak, dagokien baimenik gabe, bai eta pertsonen edo ibilgailuen beste kontzentrazio masibo guztiak antolatzea ere, herri-ekitaldi tradizionalak ez direnean.

c) Bideak konpontzeko eta kontserbatzeko obrak egitean, Kontzejuak ezarritako mugak ez errespetatzea.

d) Lizentzia espezifikorik gabe zirkulatzea, bide bakoitzerako baimendutakoa baino %30 gehiagoko tonajearekin.

e) Pertsonentzat, ondasunentzat edo ingurumenarentzat arrisku larria dakarren objektu oro bidean edo haren mugetan botatzea.

f) Bidearen edozein erabilera komun berezi, aldez aurretik lizentziarik lortu gabe.

g) Edozein motatako objektuak arrastaka eramatea.

h) Bideen mugakide diren lurretan nekazaritza-lanak egitea, baldin eta lan horiek bideen zorua galaraztea eta luiziak izateko edo bide horiek murrizteko arriskua badakarte.

3. Arau-hauste oso astuntzat joko da:

a) Bidean objektuak instalatzea, eragotziz gainerako erabiltzaileek hura erabiltzea edo gozatzea.

b) Kirol- edo automobil-lehiaketak edo edozein ibilgailu motordunenak antolatzea, dagokien lizentziarik gabe edo lizentziaren baldintzak larriki hautsiz.

13. artikulua. Neurriak.

Egindako arau-haustearen ondorioz, neurri hauek har daitezke, kasuaren arabera:

a) Zehapen-espedientea irekitzea eta, hala badagokio, dagokion isuna ezartzea.

b) Obra edo jarduketa berehala geldiaraztea, edo baimendu gabeko erabilerak etetea.

c) Gauzak lehengo egoerara ekartzea, arau-hauslearen kontura.

d) Obrak edo jarduketak eragindako kalte-galerengatiko kalte-ordaina.

14. artikulua. Zehapenen zenbatekoa.

1. Deusetan ukatu gabe bidezkoa denean dagokion erantzukizun zibila edo penala eskatzea, ordenantza honetan jasotako arau-hausteak honela zehatuko dira:

–Arau-hauste arinak, 500 eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste astunak, 500 eurotik 1.000 eurora bitarteko isuna.

–Arau-hauste oso astunak, 1.000 eurotik 1.500 eurora bitarteko isuna.

2. Isunak ordaindu ordez, Alkatetzak hala erabakita, komunitatearen onurarako lanak egin ahal izanen dira, baldin eta arau-hauslea ados badago.

15. artikulua. Zehapenak mailakatzea.

1. Zehapenen zenbatekoa mailakatzeko, kontuan hartuko dira eragindako kalteen izaera, asmoa, berrerortzea eta gertatzen diren gainerako inguruabarrak.

2. Berrerorletzat joko da aurreko hamabi hilabeteetan izaera bereko arau-hauste batengatik zehapen irmoa jaso duena.

16. artikulua. Eragindako kalteak ordaintzea.

Nolanahi ere, zehatutako jokabideek udal ondasunei kalte-galerak eragin badizkiete, prozeduraren ebazpenak honako hau adieraz dezake:

Arau-hausleari eskatzea arau-haustearen ondoriozko egoera lehengora itzultzeko.

Sortutako kalte eta galerak ordaintzea, haien zenbatekoa prozeduran zehazten denean.

17. artikulua. Zehapen-ahalmena.

Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 21.1.n) artikuluaren arabera, alkateak izanen du zehatzeko ahalmena, bere eskumenen esparruan. Deusetan ukatu gabe horren berri ematea agintari judizialei, egitateak delitu edo falta izan daitezkeenean.

18. artikulua. Zehapen prozedura.

1. Zehapen prozedura Kontzejuak berak ofizioz abiarazita edo partikularrek behar bezala justifikatutako salaketaren bidez hasiko da.

2. Edozein pertsona fisiko edo juridikok du ordenantza honen aurkako arau-hausteak salatzeko eskubidea eta betebeharra. Salaketetan ustezko arau-haustetzat jotako egitateak azalduko dira, eta, hala dagokionean, espedientea irekiko da. Espediente horren ebazpena salatzaileei jakinaraziko zaie.

19. artikulua. Preskripzioa.

1. Arau-hauste arinak sei hilabeteren buruan preskribatuko dira, astunak bi urteren buruan eta oso astunak hiru urteren buruan. Arau-hauste arinengatik ezartzen diren zehapenak urtebeteren buruan preskribatuko dira, arau-hauste astunengatik ezarritakoak bi urteren buruan eta arau-hauste oso astunengatik ezarritakoak hiru urteren buruan.

2. Arau-hausteen preskripzio epea arau-haustea egin den egunetik hasiko da kontatzen. Zehatzeko prozedura abiatzean eten eginen da preskripzio epea, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Zehatzeko espedientea hilabetetik gora geldituta badago, ustezko erantzuleari egozten ez zaion arrazoiren batengatik, berriro abiatuko da preskripzio epea.

3. Zehapena ezartzen duen ebazpena irmo bihurtu eta biharamunetik hasiko da kontatzen zehapenen preskripzio epea. Interesduna jakinaren gainean egonik betearazpen prozedura hasteak preskripzioa etenen du eta berriz ere epea iraganen da, prozedura hilabete baino gehiago geldiarazten bada, salatuari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du Nafarroako Aldizkari Ofizialean haren testua osorik argitaratzen denean eta Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 65.2 artikuluan aurreikusitako epea bukatzen denean, hark aipatu legearen 70.2 artikulura igortzen baitu.

Iragarkiaren kodea: L2015016