298. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 24a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. OPOSIZIOAK ETA LEHIAKETAK. LAN PUBLIKOAREN ESKAINTZA

TUTERAKO UDALAREN UR BATZORDEA

Deialdia, administratzaile lanpostuan (A maila/taldearen parekoa) aritzeko izangaien bi zerrenda oposizio-lehiaketa bidez osatzeko, bata prestakuntzarako eta bestea aldi baterako kontratuarekin aritzeko, sortzen diren beharrei erantzute aldera

Tuterako Udalaren Ur Batzordearen gobernu batzarrak 2020ko abenduaren 2an hartutako erabakiaren bidez, deialdia eta oinarriak onetsi ziren administratzaile lanpostuan (A maila/taldearekin parekatua) aritzeko izangaien bi zerrenda osatzeko, bata prestakuntzarako zerbitzu berezietan jarduteko eta bestea aldi baterako kontratuarekin, Tuterako Udalaren Ur Batzordean sortzen diren beharrei erantzute aldera, zerrenda eratu eta ondoko bi urteetan.

Deialdi hau eginen da aplikatu beharreko araudian xedatuari eta oinarri hauetan ezartzen denari jarraikiz:

OINARRIAK

I. Lanpostuaren izaera eta berezitasunak

1. Izaera: prestakuntzarako zerbitzu berezietan arituko diren langileak / aldi baterako kontratatuarekin arituko diren langileak.

2. Izena: administratzailea (A maila/taldearekin parekatua).

3. Bete beharreko eginkizunak: hainbat eginkizun beteko ditu, burutzaren eta koordinazioaren arlokoak, baita administrazioaren eta finantzen, bezeroen kudeaketaren eta giza baliabideen kudeaketaren arlokoak ere.

Lan eta enplegu baldintzei buruz, oinarri hauetan agertzen ez badira, eta batzorde honi dagokionez, jarraituko zaio Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileen lan baldintzei buruz indarrean den Erabakian ezarritakoari.

Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara egokituko da eta noiznahi aldatzen ahalko dute administrazio organo eskudunek, horretarako ezarritako prozedurari jarraikiz.

II. Deialdia, izangaien zerrenda bat eratzeko administratzaile lanpostuan aritzeko, prestakuntzan, Tuterako Udalaren Ur Batzordean

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat osatzea, oposizio bitartez, administratzaile lanpostuan aritzeko prestakuntzarako zerbitzu berezietan, Tuterako Udalaren Ur Batzordean sortzen diren beharrei erantzute aldera.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Tuterako Udalaren Ur Batzordearen, Tuterako Udalaren edo Tudela-Cultura tokiko enpresa-erakunde publikoaren zerbitzuko langile finkoa izatea, B, C, D edo E mailetakoa.

b) Ez egotea borondatezko edo nahitaezko eszedentzian.

c) Ikasketa titulu hauetakoren bat edukitzea, edo bakoitzari dagokion gradu-titulua, edo balio berekotzat jotzen den beste titulu bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotea (hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina aurkeztuta):

–Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentzia.

–Ekonomiako lizentzia.

–Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentzia.

–Zientzia Aktuarial eta Finantzarioetako lizentzia.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

2.2. Oinarri honen 2.1.c apartatuan eskatzen den tituluaren betebeharra agiri bidez frogatu beharko dute hautatzen direnek, horretarako ezartzen zaien unean.

Agiri horiek aurkezten ez dituzten izangaien jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira eta, gainera, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie, salbu eta behar bezala justifikatzen diren ezinbesteko kasuetan.

2.3. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen-prozesuak irauten duen bitartean eta deitutako lanpostuan aldi batez aritu bitartean ere.

3.–Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautaprobak gauzatuko dira bat etorriz batzordeburuaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin bat, IV. apartatuan zehazten baitira.

4.–Prestakuntzarako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei eginen zaie, Tuterako Udalaren Ur Batzordean sortzen diren beharren arabera. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta oinarri hauetan xedatutakoa ere.

Hautatutakoak zerbitzu berezietako egoeran deklaratuko dira, Osoko Bilkurak hartutako erabaki horretan ezarritakoari jarraikiz, bai eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan (haren bidez onetsi zen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina) eta aplikatzekoa den gainerako araudian ezarritakoari ere jarraikiz.

III. Deialdia, izangaien zerrenda bat eratzeko administratzaile lanpostuan aritzeko, aldi baterako kontratuarekin, Tuterako Udalaren Ur Batzordean

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da izangaien zerrenda bat osatzea, oposizio bitartez, administratzaile lanpostuan aritzeko, aldi baterako kontratuarekin, Tuterako Udalaren Ur Batzordean sortzen diren beharrei erantzute aldera.

2.–Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Espainiako edo Europar Batasuneko kide den beste estatu bateko nazionalitatea izatea, edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiak berretsitako Nazioarteko Itunen arabera Europako Erkidegoa Eratzeko Tratatuan zehazten diren baldintzetan langileen joan-etorri librea aplikatzekoa den edozein estatutako nazionalitatea.

Espainiarren eta lehen aipatu diren estatuetako herritarren ezkontideek edo legez eraturiko izatezko bikotekideek ere hartzen ahalko dute parte, zuzenbidez bereiziak ez badaude, baita haien ondorengoek eta haien ezkontideenek ere, baldin eta bi ezkontideak zuzenbidez bereiziak ez badaude eta ondorengoak 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanez gero, haien bizkar bizi badira.

b) Hamasei urte beteak izatea eta erretiroa nahitaez hartzeko gehieneko adina gainditua ez izatea.

c) Ikasketa titulu hauetakoren bat edukitzea, edo bakoitzari dagokion gradu-titulua, edo balio berekotzat jotzen den beste titulu bat, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskuratzeko moduan egotea (hura eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina aurkeztuta):

–Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzako lizentzia.

–Ekonomiako lizentzia.

–Ekonomia eta Enpresa Zientzietako lizentzia.

–Zientzia Aktuarial eta Finantzarioetako lizentzia.

Atzerrian lortutako tituluak badira, homologazioaren egiaztagiria eduki beharko da.

d) Behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea bete behar diren eginkizunetan aritzeko.

e) Eginkizun publikoak betetzeko desgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi gabea izatea.

2.2. Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko deklarazioa edo hitzematea aurkeztu beharko dute, adierazteko ez dutela diziplina-zehapenik edo kondena penalik, beren estatuko funtzio publikoan sartzea galarazten dienik.

2.3. Baldintza horiek agiri bidez frogatu beharko dituzte hautatu eta kontratatzen direnek, horretarako ezartzen zaien unean, kontratuak formalizatu aurretik. Kopia konpultsatuak aurkeztuko dira horretarako.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuetan salbu, aipatutako agiri horiek aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordura arteko jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira; horrez gain, parte hartzeko eskabidea faltsutzeagatik dagokien erantzukizuna leporatzen ahalko zaie.

2.4. Baldintza guztiak eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira, bai eta hautapen-prozesuak eta kontratazioak iraun bitartean ere.

3.–Hautapen prozesuaren bilakaera eta balorazioa.

Hautaprobak gauzatuko dira bat etorriz batzordeburuaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdietarako balio duten arauetan xedatutakoarekin, IV. apartatuan zehazten baitira.

4.–Aldi baterako kontrataziorako izangaiei dei egitea.

Probak gainditzen dituzten izangaiei dei egiten ahal izanen zaie, Tuterako Udalaren Ur Batzordean sortzen diren beharren arabera, eta bat etorriz oinarri hauetan ezarritakoarekin. Halaber, beteko dira Tuterako Udalaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileak aldi baterako kontratatzeko irizpideak, 2004ko azaroaren 29an Osoko Bilkurak onetsiak (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa), bai eta, orobat, oinarri hauetan eta indarreko gainerako arauetan xedatutakoa ere.

Orobat, kontuan hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriak ezartzen duena: aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendetan, hiru lanpostutatik bat, lehenbizikoa, erreserbatuko da zerrenda horretan dauden eta %33ko desgaitasuna edo handiagoa duten izangaientzat, hautaprobak gainditu badituzte eta frogatzen badute desgaitasun hori bateragarria dela bete beharreko lanarekin eta eginkizunekin.

Hautatutako izangaiak aldi baterako kontratatuko ditu Tuterako Udalaren Ur Batzordeak, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak horri buruz araututakoari jarraituta, haren bitartez onetsi baitzen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren testu bategina, bai eta aplikatzekoa den gainerako araudiari jarraituta ere. Izangaiak Gizarte Segurantza Orokorraren araubidean sartu eta kidetuko dira.

IV. Bi deialdietarako arauak

1.–Eskabideak.

1.1. Deialdiko hautapen prozesuan parte hartzeko eskabideak Tuterako Udalaren Ur Batzordearen Erregistro Orokorrean (Cuesta Estación kalea, 2, behea) aurkeztu beharko dira, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako bideetako edozein erabiliz, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita 15 egun balioduneko epean. Azken eguna baliogabea bada, hurrengo lehen egun baliodunera arte luzatuko da epea.

Eskabidea posta bulego batean aurkeztuz gero, gutun-azal irekian aurkeztuko da, postako langileek data eta zigilua jar ditzaten, ziurtatu aurretik.

1.2. Udalaren web-orrian dauden ereduetara egokitu beharko zaizkie eskabideak. Izangaiak zer txandatan parte hartu nahi duen (prestakuntzarako zerbitzu berezietan aritzeko izangaien txandan edo aldi baterako kontratuarekin aritzeko txandan), halako eskabidea bete beharko da. Eskabideak, orobat, Udalaren Ur Batzordearen bulegoetan eskuratzen ahalko dira, bai eta internet bidez ere, www.tudela.es helbidean, deialdiaren aipamenean.

Izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bururatzen den egunerako.

1.3. Izangaiek, behar bezala betetako parte hartzeko eskabidearekin batera, alegatutako merezimenduen zerrenda eta merezimendu horien egiaztagiriak (jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak) aurkeztu beharko dituzte, deialdiaren IV. apartatuko 4. oinarrian ezarritakoaren arabera.

Aurkeztu beharko dituzte, era berean, izangaiaren Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia, edo haren nazionalitatea eta nortasuna frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena, eta eskatzen den titulazio akademikoaren fotokopia.

1.4. %33ko edo gehiagoko desgaitasun aitortua duten izangaiek, ariketak egin ahal izateko denbora edo baliabideetan egokitzapenik behar badute, zilegi izanen dute eskabidean eskatzea, eta hartarako, aparteko orri batean adierazi beharko dute nolako minusbaliotasuna duten eta zer egokitzapen eskatzen duten. Horrekin batera aurkeztu beharko dute legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiria, organo eskudunak emana.

1.5. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

1.6. Eskabideetan atzematen diren akats materialak edo egitezkoak zuzendu daitezke ofizioz edo interesdunak eskaturik, noiznahi ere.

2.–Izangaien onarpena.

2.1. Onartuen eta baztertuen zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Tuterako Udalaren Ur Batzordeko buruak dagokion ebazpena emanen du, onesteko izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda, eta aginduko du argitara dadila Udalaren Ur Batzordearen iragarki-taulan eta www.tudela.es web helbidean. Izangai bazterturik egonez gero, 3 egun baliodun emanen zaizkio akatsak zuzentzeko eta, ondotik, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda argitaratuko da aipatutako tokietan eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Izangairik baztertzen ez bada, onartuen zerrenda zuzenean onetsiko da behin betiko zerrenda gisa.

2.2. Onartuen zerrendetan agertzeak ez du esan nahi izangaiei aitortzen zaienik betetzen dituztela deialdietan eskatutako baldintzak. Dokumentazioa edo administrazioak bere eskuetan daukana aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesdunek galdu eginen dituzte deialdian parte hartzearen ondoriozko eskubide guztiak.

3.–Kalifikazio epaimahaia.

3.1. Hauek izanen dira kalifikazio epaimahaiko kideak:

–Epaimahaiburua: Anichu Agüera Angulo, Tuterako Udaleko zinegotzia eta Tuterako Udalaren Ur Batzordea erakunde autonomoko burua.

Ordezkoa: Irene Royo Ortín, Tuterako Udaleko zinegotzia.

–1. mahaikidea: Victor García Sánchez, Tuterako Udaleko kontu-hartzailea.

Ordezkoa: Rosa Domínguez Berges, Tuterako Udaleko Sustapeneko teknikaria.

–2. mahaikidea: José María Seral Arnal, Tuterako Udaleko diruzaina.

Ordezkoa: José María Navarro Fandos, ekonomista.

–3. mahaikidea: José Antonio Huguet Madurga, Tuterako Udalaren aholkulari juridikoa.

Ordezkoa: Miguel Chivite Sesma, Tuterako Udaleko idazkaria.

–4. mahaikidea: Íñigo Pérez Ochoa, ordezkaria, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen proposamenez izendatua.

Ordezkoa: M.ª Cruz Pérez Omeñaca, ordezkaria, Tuterako Udaleko Langileen Batzordearen proposamenez izendatua.

–Idazkaria: Miriam Mendoza Jiménez, Tuterako Udaleko Giza Baliabideetako goi mailako teknikaria.

Ordezkoa: José Luis Zardoya Molinos, Udalaren Ur Batzordearen aholkulari juridikoa.

3.2. Kalifikazio epaimahaiko kideek parte hartzeari uko egin beharko diote, eta organo dei egileari horren berri eman, baldin eta Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen 23. artikuluan abstentziorako aipatzen diren egoeretako batean badaude.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errekusatzea, aipatu diren egoera horietakoren bat gertatzen denean (aipatutako 40/2015 Legearen, urrikoaren, 24. artikulua).

3.3. Kalifikazio epaimahaia probak egin baino lehen eratu beharko da eta, ondoren, probak egiteko eguna, ordua eta tokia ezarriko ditu. Datu horiek, hain zuzen, onartuen behin betiko zerrendarekin batera argitaratuko dira.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta aritu ere, bertan kideen gehiengo osoa izan ezean. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, epaimahaiburuak eta idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

3.4. Epaimahaiak gehiengoz ebatziko ditu deialdiko oinarrien interpretazioaren eta aplikazioaren inguruan sortzen diren zalantzak.

3.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko, eta haietan bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

4.–Hautapen sistema: oposizio-lehiaketa.

Batzordeburuaren ebazpen honen bidez onetsitako bi deialdi hauetako hautapen prozesua elkarren segidako bi fasetan gauzatuko da: lehenbizi lehiaketaldia, eta, ondoren, oposizioaldia.

4.1. Lehiaketaldia:

4.1.1. Merezimendu guztiak agiri bidez frogatu beharko dituzte izangaiek, deialdian parte hartzeko eskabidea aurkeztean, IV. 1.3 oinarrian jasotzen den bezala, jatorrizko agiriak edo behar bezala konpultsaturikoak erabiliz horretarako. Bestela, ez dira kontuan hartuko.

4.1.2. Alegatu eta frogatutako merezimenduak deialdiaren I. eranskineko baremoaren arabera kalifikatu eta puntuatuko ditu kalifikazio epaimahaiak.

4.1.3. Aipatu baremoa aplikatzeak eskatzen duen informazio guztia izan beharko dute agiriek. Ez dira kontatuko justifikatzen ez diren merezimenduak. Oroitarazten da egindako zerbitzuak baloratzeko, lan egindako denborari buruzko ziurtagiria aurkeztu beharko dela, eta ziurtagiri horretan berariaz jaso beharko direla betetako lanpostua edo eginkizunak eta atxikipen maila.

Lehiatzaileek alegatutako merezimenduei buruzko azalpen eta datu osagarriak noiznahi eskatzen ahalko ditu epaimahaiak.

4.1.4. Lehiaketaldiak 20 puntuko balorazioa izanen du, gehienez ere, I. eranskinean finkatutakoaren arabera.

4.1.5. Epaimahaiak modu arrazoituan baloratuko ditu izangai bakoitzaren merezimenduak. Epaimahaiak ez du inoiz aintzat hartuko izangaiak alegatu eta agiri bidez frogatu gabeko merezimendurik, eta ezin izanen du gehieneko puntuazioa baino handiagorik eman.

4.1.6. Lehiaketaldia ez da baztertzailea izanen.

4.1.7.–Merezimenduen balorazioa egindakoan, emaitzak Udalaren Ur Batzordearen iragarki-taulan jarriko dira ikusgai, eta Interneten, www.tudela.es helbidean, "Lan eskaintzak" aipamenean.

4.2. Oposizioaldia.

Honako ariketa hauek izanen ditu:

–Lehen ariketa: teoriko-praktikoa. Gai zerrendako gaiei buruzko 30 galderari idatziz erantzutea (deialdiaren II. eranskina). Zenbait erantzun emanen dira aukeran galdera bakoitzean, baina bat bakarra izanen da zuzena. Erantzun okerrak zigortu eginen dira. Lehen ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 60 minutu izanen dituzte.

–Bigarren ariketa: praktikoa. Kasu praktiko bat edo batzuk ebaztea, gai zerrendako gaiei buruz (deialdiaren II. eranskina). Bigarren ariketa egiteko, izangaiek gehienez ere 150 minutu izanen dituzte.

–Hirugarren ariketa: proba psikoteknikoak. Helburua izanen da zehaztea izangaiak zer neurritan egokitzen diren deialdiaren xede den lanpostuaren profil profesiografikoaren eskakizunetara. Proba hori Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak eginen du.

4.2.1. Oposizioko ariketen balorazioan 120 puntu ematen ahalko dira gehienez ere, honela banatuak:

  • Lehen ariketa: 30 puntu gehienez.
  • Bigarren ariketa: 70 puntu gehienez.
  • Hirugarren ariketa: 20 puntu gehienez.

4.2.2. Hautapen prozesuko ariketa guztiak baztergarriak dira. Baztertuta geldituko dira ariketa bakoitzean gehieneko puntuazioaren erdia gutxienez lortzen ez duten izangaiak.

4.2.3. Lehenbiziko eta bigarren ariketak gutun-azal itxiaren sistemaren bidez eginen dira.

4.2.4. Epaimahaiak erabakitzen ahalko du saio bakarrean egitea lehenbiziko eta bigarren ariketak. Hala gertatuko balitz, epaimahaiak horretarako antolakuntzarik hoberena xedatuko luke.

4.2.5. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa buruturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, udaletxeko iragarki-taulan, ariketa gainditu duten izangaien zerrenda, lortutako kalifikazioekin; aditzera emanik, halaber, oposizioko hurrengo ariketa egiteko tokia, eguna eta ordua, gutxienez 48 ordu lehenago. Zerrenda www.tudela.es helbidean ere kontsultatzen ahalko da, "Lan eskaintzak" izeneko atalean, deialdiaren aipamenean. Lehen eta bigarren ariketak saio bakar batean eginez gero, aurreko apartatuan ezarritakoari jarraikiz, lehen ariketa guztiak zuzenduko dira eta, ondoren, lehen ariketa gainditu dutenen bigarren ariketa, besterik ez. Puntuazioak denak batera argitaratuko dira.

4.2.6. Ariketa bakoitzerako dei bakarra eginen da. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala eraman beharko dute edo, bestela, pasaportea, gidabaimena edo epaimahaiaren iritziz izangaia nor den frogatzen duen beste nortasun agiriren bat. Oposiziotik kanpo geldituko dira agertzen ez direnak edo aipatutako agirietako baten bidez nor diren frogatzen ez dutenak.

4.2.7. Hautaprobak egiteko, behar diren eta posible diren egokitzapenak eginen dira desgaitasun aitorturen bat dutenentzat, denbora eta baliabideen aldetik, eskabidean azaldutakoaren arabera.

4.2.8. Bukaerako balorazioa edo kalifikazioa aterako da ariketa guztietako puntuazioak baturik.

4.3. Zerrenda bakoitzean (prestakuntzarako zerbitzu berezietarako zerrendan eta aldi baterako kontratazioetarako zerrendan), gainditu duten izangaien artean puntu berdinketarik izanez gero, halakoak ebatziko dira 2001eko azaroaren 29ko osoko bilkuran Udalak hartu zuen erabakian arautu irizpideari jarraikiz (2005eko 10. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urtarrilaren 24koa); hau da, probaren osotasunean haztapen gehien duen puntuazioaren arabera eta, berdinketak irauten badu, zozketa publikoa eginez.

5.–Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

5.1. Bukatu ondoren azken ariketaren kalifikazioa eta, bidezkoa denean, berdinketak ebatzita, epaimahaiak batzordeburuari bidaliko dizkio hautapen prozesuaren ondorioz gainditutako izangaien bi zerrendak, Udalaren Ur Batzordean sortzen diren beharrei erantzuteko deialdia egiteko:

–Prestakuntzarako izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberako lehentasun ordenan.

–Aldi baterako kontratazioak egiteko izangai gaindituen zerrenda, lortutako puntuazioaren araberako lehentasun ordenan.

Aipatu zerrendak argitaratuko dira, bereizirik, Batzordearen iragarki-taulan, udal webgunean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

6.–Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta dagozkion oinarrien nahiz deialdia aplikatzeko egintzen aurka, honako errekurtso hauetako bat aurkez daiteke, hautara:

A) Berraztertzeko errekurtsoa, egintza burutu duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, hura jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

B) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Administrazioarekiko Auzien Iruñeko Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

C) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik hasita.

Kalifikazio epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez daiteke, deialdia egin duen organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik hasita.

Tuteran, 2020ko abenduaren 2an.–Zinegotzi ordezkaria, Anichu Agüera Angulo.

I. ERANSKINA

Merezimenduen baremoa

Lanbide esperientzia:

–Administrazio edo enpresa publikoetan kudeatzaile edo zuzendari (A maila) lanpostuetan emandako zerbitzuak: 2 puntu urte bakoitzeko.

–Administrazio edo enpresa pribatuetan kudeatzaile edo zuzendari lanpostuetan emandako zerbitzuak: 1 puntu urte bakoitzeko.

Baldin zerbitzu emandako urteen kopurua osoa ez bada, proportzioan dagokion puntuazioa emanen da.

Gehieneko puntuazioa ezin da 20 puntu baino handiagoa izan.

II. ERANSKINA

Gai-zerrenda

1.–Urriaren 1eko 39/2015 Legea, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa.

2.–Urriaren 1eko 40/2015 Legea, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzkoa. Atariko titulua.

3.–Apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legea, Kontratu Publikoei buruzkoa.

4.–Martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzkoa. Nafarroako Toki Ogasunen baliabideak. Baliabide motak. Ordainarazpen guztiendako xedapenak. Tributuak: xedapen orokorrak, ezarpena eta antolamendua, likidazioa, bilketa, zerga arloko arau-hausteak. Tasak: zerga-egitatea, zerga-salbuespenak, subjektu pasiboak, zenbatekoa eta zergaren sortzapena.

5.–Toki erakundeen diruzaintza. Diruzaintzaren eginkizunak. Finantzaren plangintza. Diruaren kudeaketa: kontuak eta kontaketak. Ordainketak egitea: ordaintzeko lehentasuna, prozedura eta moduak.

6.–Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorra (I). Tributudunak: subjektu pasiboa, ordezkoa, erantzulea, oinordekoak eta tributupeko ondasunen eskuratzaileak. Tributu zorra: karga tasa eta kuota. Ordainketa: ordaintzeko moduak, epeak eta errekarguak. Preskripzioa. Iraungitzeko bestelako bideak. Bermeak.

7.–Tributuei buruzko 13/2000 Foru Lege Orokorra (II). Diru-bilketa: borondatezko eta exekuziozko aldiak. Premiamenduzko prozedura. Ondasunak enbargatzea.

8.–Uztailaren 20ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretua, Uraren Legearen testu bategina onesten duena.

9.–Kontabilitate Publikoaren Plan Orokorra: kontabilitate publikoaren kontzeptu esparrua. Aitortza eta balorazio arauak. Urteko kontuak. Kontuen taula. Kontabilitateko definizioak eta erlazioak.

10.–Nafarroako Toki Administraziorako kontabilitatearen instrukzio orokorra. 272/1998 Foru Dekretua, irailaren 21ekoa.

11.–Toki erakundeen aurrekontu orokorra: kontzeptua, edukia, printzipioak eta aurrekontu kontzeptuak. Prestaketa eta onespena. Aurrekontu luzatua. Aurrekontuko aldaketak. Gastu aurrekontuaren exekuzioaren faseak. Itzulketak. Urte anitzeko gastuak. Aurrekontuaren likidazioa. Aurrekontuaren emaitza. Diruzaintzako gerakina.

12.–Nafarroako toki erakundeen aurrekontu egitura. 234/2015 Foru Dekretua, irailaren 23koa.

13.–Apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoa, Aurrekontu Egonkortasunari eta Finantza Iraunkortasunari buruzkoa.

14.–Urriaren 1eko HAP/2015/2012 Agindua, zeinaren bidez garatzen baitira informazioa emateko beharkizunak, apirilaren 27ko 2/2012 Lege Organikoan ezarritakoak (lege hori aurrekontu egonkortasunari eta finantza iraunkortasunari buruzkoa da).

15.–Fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua. 23/2013 Foru Dekretua, apirilaren 10ekoa.

16. gaia.–Finantza-matematika. Kapitalizazioa eta deskontu sinpleak eta konposatuak. Errenta iraunkorrak, aldakorrak eta zatituak. Kapitalak eratzeko eragiketak. Amortizazio eragiketak. Jesapenak.

17.–Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua. Abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua.

18.–Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua. Ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretua.

19.–Nafarroako Administrazio Publikoetan lanpostuak betetzeko erregelamendua. 215/1985 Foru Dekretua, azaroaren 6koa.

Oharra: gai guztiak deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean indarra duen legeriari jarraikiz baloratuko dira, baina egun horren ondoren onesten diren arau aldaketen ekarpenak ere baloratzen ahalko ditu epaimahaiak.

Iragarkiaren kodea: L2015259