296. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

179E/2020 EBAZPENA, azaroaren 30ekoa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baita proiektu honetarako: plaka fotovoltaikoak jartzea Valtierra-Arguedasko hondakin uren araztegian, Arguedasko udal-mugartean. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) da.

2020ko maiatzaren 6an, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera sartu zen Biodibertsitatearen Zerbitzuan. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko l. epigrafean (energia instalazioak) jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak bere baitan bilduko duela lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jardueretarako baimena ere, eta haren ondorioak izanen dira uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritakoak.

Proiektatutako jarduketaren xedea da instalazio fotovoltaiko bat jartzea Valtierra-Arguedasko hondakin uren araztegian (HUA), hesiz itxitako esparruaren barruan, bere burua energiaz horni dezan energia berriztagarriaren bidez.

Hondakin uren araztegi hori Arguedasko 2. poligonoko 353. lurzatian dago, El Raso parajean, Arguedasko herrigunetik hegoaldera 2 km-ra, eta NA-134 eskualde errepidearen ekialdean. Errepide horretatik du sarbidea, lurzatiak bildu ondoko bide batetik. Laborez inguraturik dago, baina ekialdean badago hegaztien behatoki bat, ingurumenaren aldetik nolabaiteko interesa duen hezegune baten ondoan. Hegoaldeko eta mendebaldeko mugetan, berriz, ureztatzeko bi erreten txiki daude.

Proiektatutako instalazio fotovoltaikoak 32 m²-ko 15 panel izanen ditu eta 1200 m²-ko azalera hartuko du, gutxi gorabehera. HUAren mendebaldean kokatuko da, lurrean, egungo instalazioen eta hesiaren arteko tarte hutsean (lurzorua, gaur egun, errekarriz estalita dago). 7 linea izanen ditu. Panel bakoitzak 32 m²-ko azalera izanen du, 16 moduluz osaturik egonen da, kristal tenplatuzko aurrealdea izanen du eta aluminio anodizatuzko markoak. Panelak lurrean jarriko dira, bakoitza altzairuzko bere egituraren gainean, zeinak panela lurretik altxatuko duen metro batera, gutxienez ere.

Lurzatia Ebro ibaiko beheko terrazan dago, eta “Errege Bardea” eta “Ebro ibaia” kontserbazio bereziko eremuetatik 2 eta 1,8 km-tara, hurrenez hurren. Uste da panelak jartzeak ez duela eragin nabarmenik izanen Natura sareko gune horien balioen gain. Era berean, landaretza naturalari ez zaio kalterik eraginen, jarduketa araztegiaren esparruaren barruan eginen delako, modu artifizialean errekarriz estalitako eremu batean.

Faunari dagokionez, abifauna da talde guztietatik interakziorik handiena izan dezakeena instalazio fotovoltaikoarekin, espezie ugari baitaude, horietako zenbait, “ugari” gisa katalogaturik. Izan ere, araztegiko urmaeleratze azpiegiturak gertu daude, eta hezegune bat dago araztegiaren ondoan, ipar-ekialdean. Hori horrela, baliteke panelek itsualdia eragitea zenbait hegaztiri, eta baliteke, era berean, abifauna plaketan pausatzea edo habia egitea eta, horren eraginez, plaken errendimendua jaistea. Bestalde, erretenak daudenez bisoi europarra edo apoarmatu europarra egon edo ibil daitezkeen inguruan, prebentzio neurri egokiak hartu behar dira erreten horiei kalterik ez eragiteko.

Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena eman zuen 2020ko azaroaren 2an, lurzoru urbanizaezinean gauzatzekoa den jarduerari buruz, bat etorriz uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin (legegintzako foru dekretu horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina). Txosten horrek barne hartzen ditu, batetik, Arguedasko Udalak jardueraren hirigintza bateragarritasunari buruz emandako edukiak eta, bestetik, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuarena, 2020ko urriaren 23koa, uholde arriskuari eta hondakinei buruzkoa.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: plaka fotovoltaikoak jartzea Valtierra-Arguedasko hondakin uren araztegian, Arguedasko udal-mugartean. Sustatzailea Nafarroako Toki Azpiegiturak SA (NILSA) da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

Materialak biltzeko eremua araztegiaren esparruaren barruan kokatuko da, eta behar diren prebentzio neurriak hartuko dira indusketa fasean eta gainerako obran ez dadin inolako solidorik edo likidorik isuri HUAren hesiarekin mendebaldetik eta hegoaldetik muga egiten duten erretenetara.

Baimendutako kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan erabiltzen ez diren hondeaketako soberako lurrak. Sortzen diren gainerako hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruzko araudi indardunarekin.

HUAn lehengo urmaeleratze sistema bat dagoenez eta hezegune bat dagoenez, hegaztien behatoki bat duena, hegazti asko daude inguruan. Horregatik, sustatzaileari gomendatzen zaio jarraipena egin diezaion panelen eta abifaunaren arteko interakzioari, eta azter dezan ea neurri zuzentzailerik hartu beharra dagoen (hegaztiak uxatzeko elementuak, sareak, eta abar).

–Hirigintza arlokoak:

Baimen honek babesten du, bakar-bakarrik, autokontsumorako instalazio fotovoltaiko bat jartzea hondakin uren araztegian (Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak emandako ekainaren 4ko 522/1991 Ebazpenaren bidez baimendutakoan), aurkeztutako dokumentazioaren arabera eta baimenak berak ezarritako zehaztapenak kontuan harturik.

Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

Kontuan hartu beharko da Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Atalaren txostena, 2020ko urriaren 30ekoa, zeinak, besteak beste, zehaztapen hauek jasotzen baititu:

Aurrekoa oinarri hartuta, jarduketaren aldeko txostena ematen da, honako baldintza hauekin:

a.–Instalazioa urpean gera daitekeenez plakaren euskarriaren aldean, sustatzaileak bermatu behar du egiturak uholde bat jasaten ahal duela.

b.–Sustatzaileak, jarduera hasi baino hilabete lehenago gutxienez, Ebroko Konfederazio Hidrografikora bidali beharko du uholde arriskua duten eremuetako jarduketetarako erantzukizunpeko adierazpena, aplikatuz 9bis.3 eta 14bis.3 artikuluak. Helbide honetan dago aipatu aitorpena:

http://www.chebro.es/dph/documents/modelodeclaracionresponsableinundaciones.pdf

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ez du bere gain hartzen etorkizunean lurzatiaren uholde arriskuagatik sor litezkeen kalteen erantzukizunik. Sustatzaileak jakin behar du zer uholde arrisku duen jarduerak, bere gain hartu behar du arrisku hori, eta jakin behar du, halaber, zer babes neurri diren aplikatzekoak. Nolanahi ere, haren babeserako egokitzat jotzen dituen neurri osagarriak ere hartzen ahal ditu.

Aurreko guztiak ez du baztertzen behar diren lizentziak edo baimenak eskuratu beharra, administrazio publikoetako beste organo batzuek eman behar dituztenak, edo Arroko Erakundeak txostenean dioena, ur jabari publikoaren defentsari eta korronteen erregimenaren zaintzari buruz dituen eskumenak betetzeko.

Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk horniketa edo banatze sarera konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.

Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.

Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 3.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Arguedasko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Tuterako Koordinazio Unitatea) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko azaroaren 30ean.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2014946