296. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

63E/2020 EBAZPENA, abenduaren 9koa, Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez baimentzen baita Lizarrako ikus-entzunezko irrati bidezko komunikazio zerbitzurako (FM 89.5) prestazio lizentzia baten errentamendua.

2020ko uztailaren 15ean, Información por Ondas SAUk idatzi bat aurkeztu zuen, Lizarra herriko FM 89.5 frekuentziaren irrati lizentzia Tierra Estella de Comunicaciones SLri errentan emateko kontratu baimena eskatuz.

Urtarrilaren 25eko 5/2012 Foru Dekretuaren 22. artikuluak ezartzen du ikus-entzunezko komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorraren 29. artikuluaren araberakoak izanen direla ikus-entzunezko komunikazioko lizentziei buruzko negozio juridikoak. Araudi horrek bi urteko gabealdia eskatzen du, lizentzia ematen denetik, negozio juridikoak egiteko, eta epe hori amaitu da kasu honetan. Gainera, azpierrentamendua debekatuta dago, eta lizentzia esleitu zeneko eskaintza bete behar da. Baldintza horiek betetzen ditu Información por Ondas SAUren Tierra Estella de Comunicaciones SL sozietatearen aldeko lizentzia errentamenduaren erabaki proposamenak.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren bidez esleituak ditudan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Baimena ematea Lizarrako FM 89.5 ikus-entzunezko irrati bidezko komunikazio zerbitzurako prestazio lizentzia Tierra Estella de Comunicaciones SLri errentan emateko, 2020ko abenduaren 11tik 2025eko abenduaren 10era arte.

2. Baimendutako negozio juridikoari ezarritako errentamenduaren tasa finkatzea, 60 euroan, baimenaren lehen urterako, eta negozio juridikorako emandako baimena jakinarazten denetik hilabeteko epean ordaindu beharko dela xedatzea; halaber, aldeek Komunikazio Zerbitzua - Gobernuaren Eledunaren Bulegoari komunikatu beharko diote urte bakoitzerako adostutako kanona zein den, errentamendua indarrean dagoen bitartean, urtero, abenduaren 11 baino lehen, erregistro orokor elektronikoaren bidez, urte bakoitzari dagokion tasa ezartze aldera.

3. Errentariari adieraztea ezin izanen dituela emisioetarako edo bestelakoetarako akordioak egin COPE komunikazio taldearekin, horrek bere gain dituelako dagoeneko udalerriko lizentzien %50, dela zuzeneko emisioen bidez (Radio Popular SAren lizentzia) dela Radio Publi SLrekin emisio akordioen bidez.

4. Negozio juridikorako baimena jakinarazten den egunetik hilabeteko epea izanen dute alderdiek Komunikazio Zerbitzuari aurkezteko baimendutako akordioa, behar bezala izenpetua eta erregistratua, erregistro elektroniko orokorraren bidez. Behin baimendutako akordioa erregistratuta, Nafarroako Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Emaileen Erregistroan ofizioz eginen da aldaketa, eta ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila aginduko da, irmo bihurtu ondoren.

5. Ebazpen hau Información por Ondas SAUri eta Tierra Estella de Comunicaciones SLri jakinaraztea, eta igortzea Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiko Komunikazio Zerbitzua-Gobernuaren Eledunaren Bulegoari, Irrati Espektroa Planifikatu eta Kudeatzeko Zuzendaritza Nagusiari eta Estatuko Ikus-entzunezko Komunikazio Zerbitzuen Emaileen Erregistroari.

6. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dute eskumena duen ordena jurisdikzionalari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, alde batera utzi gabe Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 9an.–Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari nagusia, Pablo Roncal Los Arcos.

Iragarkiaren kodea: F2015159