296. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

19/2020 FORU LEGEA, abenduaren 16koa, Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legea aldatzekoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, NAFARROAKO TURISMOARI BURUZKO OTSAILAREN 14KO 7/2003 FORU LEGEA ALDATZEKOA.

HITZAURREA

Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legea onetsita, Foru Komunitateak eskumen esklusiboak erabili zituen turismoa antolatu eta sustatzeko arloan, hari dagozkionak Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoko 44.13 artikuluari jarraikiz.

Foru lege horri aldaketa bat egin zitzaion apirilaren 6ko 6/2010 Foru Legearen bidez, zeinak zenbait foru lege aldatu baitzituen barne merkatuko zerbitzuei buruzko 2006/123/EE Zuzentaraura egokitzeko. Aldaketa horrekin zenbait traba kendu ziren arauetatik, askatasuna murrizten zituztenak turismoko jarduerak ezartzeko eta gauzatzeko.

Turismoaren errealitatea, halakoxea baita gizartearen, kulturaren, lurraldearen, ekonomiaren eta teknologiaren aldetik, etengabe ari da eboluzionatzen eta eraldatzen. Hori dela eta, Nafarroako Turismoari buruzko Foru Legean zehaztutako helburuak betetzeko asmoz, hura aldatzeari ekin behar zaio berriz, helburua izanik, batetik, turismoa bultzatzea, enplegua eta aberastasuna sortzen duen sektorea baita, non kalitatea funtsezko balioa izanen baita, eta bestetik, jarduera turistikoak ezarri eta horietan aritzeko oztopoak kentzen jarraitzea, eta, bukatzeko, foru lege horri eranstea behar diren xedapenak kaudimengabeziatik babesten duten baldintzen transposizioa bermatzeko (baldintza horiek Bidaia konbinatuei eta lotetsitako bidaia zerbitzuei buruzko 2015/2032 Zuzentarauaren 17. artikulutik 19.era aurreikusten dira).

Turismoari buruzko Foru Legearen aplikazio eremua handitzen da, bertan zenbait pertsona fisiko edo juridiko sartzearren, eragina dutenak Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuan egiten diren jarduera turistikoetan.

Funtsezko aldaketa bat egiten zaio III. tituluari (“Jarduera turistikoaren antolamendua”). I. kapituluan (“Xedapen orokorrak”), eskaintza turistikoaren kanalaren edo plataformaren kontzeptuak definitzen dira, baita bidaia konbinatuen eta lotetsitako bidaia zerbitzuenak ere, segurtasun juridiko handiagoa ematearren.

Halaber, bidaiarien babesa areagotzeko, eskatuko da hemendik aurrera establezimendu eta zerbitzu turistikoei buruzko publizitate, informazio eta deskripzio oro erabilgarria, zehatza eta egiazkoa izatea, eta nahitaezkoa Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio kodea ematea.

Berritzailea da arautzean Nafarroako turismo enpresek eta toki entitateek aldez aurreko kontsulta bat egiten ahal dutela turismoaren arloko araudira egokitzeari buruz, jarduera bat egin baino lehen edo nahitaezko lizentzia bat eman baino lehen.

Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko araubidea aldatzen da, berritasun nagusiak izanik jatetxe arloko enpresek aukerakoa dutela inskribatzea eta enpresek ez dutela inskribatu beharrik beren jarduera nagusia turistikoa ez bada eta, 27. quinquies artikulu berrian aurreikusitakoaren arabera, bitartekotza jarduera osagarriak egiten badituzte.

Zehatzago erregulatzen da zer ondorio duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezteak aipatutako erregistroan izena emateko eta zer ondorio, halaber, adierazpenean zehatza ez den edo gezurrezkoa den zerbait jartzeak edo zerbait falta izateak, edukia funtsezkoa bada.

II. kapituluan (“Ostatu turistikoaren jarduera”), ostatu turistikoaren kontzeptua aldatzen da, oraingo errealitatera egokitzeko. Ostatuen sailkapenean, etxebizitza turistikoak eta ostatu bereziak eransten dira. Berebat, zehatzago erregulatzen da zer kasutan lekatzen ahal den, salbuespenez, ostatu turistiko bat inskribatzeko edo kategoria jakin batean sartzeko eskatu beharreko gutxieneko betekizun eta baldintzetako bat betetzetik. Establezimendu turistikoen kalitate baldintzetan, haien irisgarritasuna eransten da.

Hotel-establezimenduen sailkapenean, gaikuntza ematen da kategoria berriak ezar daitezen erregelamendu bidez. Definizio berriak ematen zaizkie turismoko kanpalekuei, turismoko aterpetxeei eta landetxeei, bat datozenak egun ostatu horiek ematen dituzten zerbitzuekin. Halaber, definizio berri bat ematen zaie apartamentu turistikoei eta etxebizitza turistikoen klase berriari. Ostatu turistikoaren modalitate berri bat erregulatzen da: ostatu bereziak. Establezimendu horiek, dituzten bereizgarriengatik edo salbuespenekoak izateagatik, ez dute toki egokirik foru legeak berariaz zehazten dituen gainerako modalitateen barnean.

Bestalde, III. kapituluan (“Sukaldaritza”), arau orokor gisa, kafetegiak eta taberna bereziak kentzen dira jatetxeen jardueraren modalitate gisa. Jarduera honetan sartzen dira, bakar-bakarrik, jatetxeak eta geroagoko erregelamendu bidezko garapena duten beste modalitate batzuk, bai turismo-interesekotzat deklaratu diren eta aurreikusita dauden jarduera gastronomikoak antolatzen dituzten edota jarduera horietan parte hartzen duten ostalaritza-establezimenduak ere, edo udalerriarekiko enblematikoak, bereziak edo errotuak direnak, bi kasuetan erregelamendu bidez garatzen diren baldintzen arabera.

IV. kapituluan (“Bitartekotza turistikoa”), jarduera horren erregulazioa egokitzen da azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege-dekretuaren laugarren liburuan ezarritakora (legegintzako errege-dekretu horren bidez onetsi zen Kontsumitzaile eta erabiltzaileen defentsarako lege orokorraren testu bategina, aldatu dena abenduaren 21eko 23/2018 Errege Lege-dekretuaren bidez, barneko ordenamendu juridikoan txertatzearren Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2015eko azaroaren 25eko 2015/2302/EB Zuzentaraua, bidaia konbinatuei eta lotetsitako bidaia zerbitzuei buruzkoa). Horrek berritasun aipagarriak ekarri ditu bitartekotza turistikoaren jarduerari dagokionez, bidaiariaren babesari dagokionez eta bidaia konbinatuak eta lotetsitako bidaia zerbitzuak merkaturatzeari dagokionez (figura hori foru araudian sartzen da).

Ezartzen da bidaia konbinatuak antolatu edo merkaturatzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek edo lotetsitako bidaia zerbitzuak ematen dituztenek nahitaezkoa dutela berme bat eratu eta edukitzea, eta Nafarroako Foru Komunitateari dagokiola haren zenbatekoa eta modua zehaztea, besteak beste estal ditzan entitate antolatzailearen edo merkaturatzailearen kaudimengabeziaren ondoriozko arrisku guztiak.

Aukera ematen zaie enpresa batzuei bitartekotza turistikoaren jarduerak egin ditzaten, beren jarduera nagusiaren osagarri. Gainera, figura berri bat arautzen da, barnean hartzeko, zehazki izaera turistikorik izan gabe, bidaiaren esperientzia hobetzen laguntzen duten establezimenduak edo jarduerak, eta, horretarako, VII. kapitulu berri bat eransten da (“Interes turistikoko establezimenduak eta jarduerak”), non zehazten baita zer establezimendu eta jarduera jo daitekeen halakotzat eta zein den hala sailkatzeko modua.

IV. tituluan (“Turismoaren alorreko eskubide eta betebeharrak”), Nafarroako Turismo Erregistroaren erregulazioa aldatu eta osatzen da, inskripzio kode bat eratzen baita, jarduera eta zerbitzu turistikoen erabiltzaileen eskubideak bermatu daitezen eta funtsezko tresna bat izan dadin bidegabeko lehiaren, gezurrezko publizitatearen eta intrusismoaren kontrako borrokan sektore turistikoan. Horretarako, betebehar berriak xedatzen dira enpresentzat, jarduera eta zerbitzu turistikoen publizitateari eta merkaturatzeari dagokienez, hala nola turismoaren arloan eskudun den departamentuari jakinaraztea enpresen datuak, baldin haien jarduera, zerbitzu edo establezimendu turistikoak merkaturatzen eta/edo publizitatzen badira Nafarroako Turismo Erregistroan inskripzio kodea adierazi gabe, inskripzio hori nahitaezkoa denean, edo, halaber, publizitate edo merkaturatze hori kentzea, kasua bada.

Arau-hausteen eta zehapenen araubideari dagokionez, aipatutako azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako errege-dekretuaren aipatutako IV. liburuan xedatutakoaren arabera, aurreikusitako zehapen batzuk aldatzen eta beste batzuk eransten dira, ezarri diren betebehar berriekin bat. Halaber, arau-hauste astun eta oso astunengatik ezartzen diren zehapenen zenbatekoak eguneratzen dira. Gainera, bi inguruabar berri eransten dira zehapenak mailakatzeko.

Arauak araubide iragankor bat aurreikusten du foru lege honek indarra hartu baino lehen hasitako prozeduretarako, eta, horretaz gain, adierazten da zer epetan aitortu behar duten bidaia konbinatuak antolatzen edo merkaturatzen dituzten pertsona fisikoek eta juridikoek edo lotetsitako bidaia-zerbitzuak ematen dituztenek foru legean ezarritako bermeak eratu dituztela.

Bukatzeko, maiatzaren 4ko 141/1988 Foru Dekretua aldatzen da, Nafarroako Foru Komunitateko bidaia agentzien erregelamendua onesten duena, finkatu gogo baitira bidaia konbinatuak eta lotetsitako bidaia zerbitzuak antolatzen edo merkaturatzen dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek eratu behar dituzten bermeen baldintzak, hori guztia bat etorriz aipatutako 2015/2302/EB Zuzentarauarekin, aipatutako azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege-dekretuan xedatutakoarekin eta autonomia-erkidegoen lantaldeak erabakitako zenbatekoekin (Turismoko Estatuko Idazkaritzak koordinatutako lantalde horretan Nafarroako Foru Komunitateak parte hartu zuen, eta Turismoko Zuzendari Nagusien Mahaiak -egungo Turismoko Batzorde Sektoriala- aztertu zuen 2016ko apirilaren 13an).

Proiektu hau egitean aintzat hartu dira arauketa onaren printzipioak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 129. artikuluan ezarriak. Hala, foru lege honek bere helburua betetzen du beharraren, eraginkortasunaren eta proportzionaltasunaren printzipioekin, ez baitago beste biderik Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Lege indarduna aldatzeko, eta, halaber, beharrezko erregulazioa dauka hartu gogo diren neurriak lortzeko. Segurtasun juridikoa; izan ere, ordenamendu juridikoan txertatzen da eta ezartzen duen arau-esparrua egonkorra, aurresangarria, integratua, argia eta ziurra da, ezagutu eta ulertzeko modukoa. Gardentasuna, tramitazioan aplikatu dena; izan ere, herritarren iritzia jaso da, baita ukituta gera daitezkeen subjektu eta erakundeena ere, eta horren berri eman zaio Nafarroako Turismo Kontseiluari, zeina Foru Komunitateko Administrazioak arlo horretan duen kontsulta- eta aholkularitza-organoa baita. Sinpletasuna eta efizientzia, ez baitira eransten beharrezkoak ez diren karga administratiboak eta beste batzuk kentzen baitira. Eta irisgarritasuna, lege-testuak horren berariazko aipamena baitakar.

Foru legearen egitura hauxe da: artikulu bat, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bi azken xedapen.

Artikulu bakarra.–Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legea aldatzea.

Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legea aldatzen da. Hona testua:

Bat.–2. artikuluko a) letra aldatzen da. Hona testu berria:

“a) Nafarroako Foru Komunitateko lurralde-eremuan jarduera turistikoa egiten duten pertsona fisiko edo juridiko guztiei, interes turistikoko establezimendu eta jarduerei, bertan kokatuta badaude edo egiten badira, eta establezimendu, jarduera edo zerbitzu turistikoen merkaturatze edo publizitate jarduerak egiten dituzten kanal edo plataforma turistikoei, haiek egiten dituzten enpresek nahitaezkoa badute Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatuta egotea”.

Bi.–3. artikuluko e) eta g) letrak aldatzen dira. Honela gelditzen dira idatzita:

“e) Turismo-jarduera halako moldez antolatzea non turismo-kudeaketa jasangarrirako eredu bat bermatuko baita, xede harturik turismo-baliabideen, ingurumen eta paisaiaren eta gure kultur ondarearen zaintza eta mantentzea”.

“g) Turismo-baliabideak babestu, indartu eta zaintzea, haien endekapen edo suntsipena ekidinez, erabilera egoki eta proportziozkoa bermatuz, haien iraupena eta mantentzea bermatuko duena”.

Hiru.–5. artikuluko 1. apartatuko i) letra eta 2. apartatua aldatzen dira. Honela gelditzen dira idatzita:

“i) Turismo-arloko baliabideak sortu eta kudeatzea, bai eta turismo-sektoreari buruzko estatistikak egitea ere, Nafarroako Turismoaren Behatokiaren bitartez.

2. Aurreko eskumenak egikaritzean,Foru Komunitateko Administrazioak ahalbidetuko ditu, beharrezkoak direnean, Estatuko Administrazio Orokorrarekiko koordinazioa eta bat-etortzea, bai eta beste toki entitate, autonomia erkidego eta eskualde mugakide batzuekikoak ere”.

Lau.–8. artikuluari 3. apartatu berri bat gehitu zaio, testu honekin:

“3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak beste organo eta entitate batzuk sortu ahal izanen ditu turismoaren arloan dituen eskumenez baliatzeko. Organo eta entitate horien betekizunak, eginkizunak eta ezaugarriak erregelamendu bidez zehaztuko dira, edo araudi erregulatzaileak ezarritakoaren arabera”.

Bost.–12. artikuluari beste bi apartatu gehitzen zaizkio, 6.a eta 7.a. Hona horien testua:

“6. Eskaintza turistikoko kanala edo plataforma: pertsona fisiko edo juridikoek, zuzenean edo hirugarrenen bitartez, jarduera edo zerbitzu turistikoak merkaturatzeko, publizitatzeko edo esteka bidez edo edukien ostatatze bidez erreserba errazteko dituzten sistemak.

7. Bidaia konbinatuak eta lotetsitako bidaia zerbitzuak: foru lege honen ondorioetarako, bidaia konbinatuak eta lotetsitako bidaia zerbitzuak dira halakotzat jotzen direnak azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren 151. artikuluan eta sartuta daudenak haren aplikazio eremuan (legegintzako errege dekretu horren bidez, Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Defendatzeko Lege Orokorraren testu bateratua eta beste lege osagarri batzuk onesten dira)”.

Sei.–13. artikuluko 2. apartatua aldatzen da, eta beste apartatu berri bat gehitzen da, 7.a. Hona hemen:

“2. Ezertan galarazi gabe aurreko apartatuan xedatutakoa, enpresa eta establezimendu turistikoek, jarduera hasi baino lehen, Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik egon beharko dute, salbu eta hala xedatzen diren kasuetan, foru lege honetan ezarritakoarekin bat.

Edonola ere, eduki behar dituzte beste organismo batzuek, beren eskumenen arabera, eskatzen ahal dizkieten lizentziak eta baimenak”.

“7. Establezimendu eta zerbitzu turistikoen publizitate, informazio eta deskripzio orok erabilgarria, zehatza eta egiazkoa izan behar du, eta gainera, Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio kodea eman behar die erabiltzaileei, hori nahitaezkoa denean, baita behar adinako informazioa ere establezimenduen eta zerbitzuen ezaugarriei buruz, erabiltzeko baldintzei buruz edo kontratatutako zerbitzuek dituzten prestazioei buruz, iruzurrik edo nahasketarik sortu gabe edo kontratatu nahi den establezimenduaren edo zerbitzuaren benetako izaera ezagutzea eragotzi gabe; hori guztia ezertan galarazi gabe publizitateari buruz eta kontsumitzaileen eta erabiltzaileen defentsari buruz indarreko arauetan xedatuta dagoena”.

Zazpi.–13. bis artikulu berria gehitzen da. Hona:

“13 bis artikulua. Araudi turistikora egokitzeari buruzko aldez aurreko aukerako kontsulta.

1. Pertsona fisiko edo juridiko batek establezimendu bat eraiki edo egokitu nahi duenean erabilera turistikoa emateko edo jarduera turistiko bat gauzatzeko, aukera izanen du, edozein jarduketa edo tramite administratibo hasi baino lehen, kontsulta bat egiteko sailkapen turistikoari buruz, eta organo eskudunak bi hilabeteko epean gehienez erantzunen dio.

2. Kontsultarekin batera, memoria aurkeztu beharko da eta, kasua bada, proiektuak edo planoak, baita beste edozein datu edo elementu ere, turismoaren arloko administrazioak burubidea izan dezan lagungarriak izan daitezkeenak.

3. Nafarroako toki entitateek beren eskumeneko lizentzien tramitazioan egin dezakete kontsulta hori.

4. Kontsulta hori ez da loteslea izanen, eta behin betiko sailkapena organo eskudunak esleituko du kasuan kasuko prozedura administratibo tramitatu ondoan.

5. Kontsultari erantzunik ez emateak ez du esan nahi oniritzia ematen zaionik interesdunak proposatu duen sailkapenari, halakorik badago. Dagokion sailkapena aurreko puntuan xedatutakoa betez ezarriko da.

6. Kontsultari emandako erantzuna baliagarria izanen da baldin eta turismoari buruzko araudiak indarrean jarraitzen badu, kasuan kasuko proiektuari aldaketarik egiten ez bazaio edozein elementutan eta ez badago kasuari aplika dakiokeen kontrako jurisprudentziarik”.

Zortzi.–14. artikuluko 1., 2., 4. eta 7. apartatuak aldatzen dira. Honela gelditzen dira idatzita:

“1. Nafarroako Turismo Erregistroa erregistro publiko administratibo bat da. Haren xedea da establezimendu turistikoak, enpresa turistikoak, enpresaz bestelako entitate turistikoak eta lanbide turistikoetan aritzen diren pertsonak inskribatzea.

2. Hauentzat nahitaezkoa izanen da inskripzioa:

a) Enpresa turistikoak, 16. artikuluan aurreikusitako ostatu jarduera egiten dutenean, eta haien establezimenduak.

b) Bitartekotza enpresa turistikoak, 25. artikuluan aurreikusitakoak, eta haien establezimenduak.

c) Enpresa turistikoak, 28. artikuluan aurreikusitako jarduera turistiko osagarri bat egiten dutenean, eta haien establezimenduak.

d) Beste enpresa turistiko, establezimendu eta pertsona batzuk, erregelamendu bidez zehazten denean lanbide turistikoetan ari direla.

Gainontzeko kasuetan, inskripzioa aukerakoa da. Edonola ere, nahitaezkoa izanen da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzea turismo arloko laguntza eta dirulaguntzak eskuratzeko, salbu eta establezimenduak eta enpresak sortzeko direnak.

Bitartekotza jarduera osagarriak egiten dituzten enpresek ez dute Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatu beharrik haien jarduera nagusia turistikoa ez denean”.

“4. Aurreko apartatuan aipatzen den erantzukizunpeko aitorpena eta eskatutako dokumentazioa aurkeztea aski izanen da Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatzeko beharkizuna betetzat emateko.

Erantzukizunpeko adierazpeneko edozein datu edo informazio, funtsean, ez bada zehatza edo faltsua bada, edo zerbait falta bada, edo ez bada aurkezten adierazpena edo eskatzen den dokumentazioa, aitortutakoa betetzen dela frogatzekoa, ezin izanen da jarduera egiten jarraitu eta deuseztatuko da Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzioa, horren berri izaten den unetik aurrera, ezertan galarazi gabe horrek ekar ditzakeen erantzukizun penal, zibil edo administratiboak.

Hori adierazten duen ebazpenak ezar dezake ezin dela inskribatu enpresa turistikoa, enpresaz bestelako turismo entitatea, establezimendua edo lanbide turistikoan aritzen den pertsona, 6 hilabeteko epean gehienez, ebazpen hori jakinarazten denetik hasita”.

“7. Enpresa edo establezimendu turistikoek uzten diotenean jarduera egiteari, haien titularrek behin betiko baja jakinaraziko diote, aldez aurretik, turismoaren arloan eskudun den departamentuari. Behin betiko bajak ekarriko du Nafarroako Turismo Erregistroan egindako inskripzioa deuseztatzea.

Inskripzioaren xedeko jarduera bi urte jarraian baino luzeago utziz gero, inskripzioa ofizioz deuseztatuko da, interesdunari entzunaldia eman ondoan”.

Bederatzi.–15. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Establezimendu bat ostatu turistikotzat hartzen da erabiltzaile turistikoei eskaintzen dienean, prezio baten truke, aldi baterako ostatua, zerbitzu osagarriak emanda edo eman gabe”.

Hamar.–16. artikuluko 1. apartatuko e) eta f) letrak aldatzen dira eta g) letra berri bat eransten zaio. Honela idatzita geldituko da:

“e) Apartamentu eta etxebizitza turistikoak.

f) Ostatu bereziak.

g) Erregelamendu bidez ezartzen den beste edozein”.

Halaber, 16 artikuluko 3. apartatua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“3. Turismo arloan eskudun den departamentuak, dauden inguruabarrak aintzat hartuta eta txosten teknikoa jaso ondoren, ostatu establezimendu jakin bat lekatzen ahal du, salbuespenez eta arrazoiak emanez, foru lege honetan edo hura garatzen duten erregelamenduetan gutxienez eskatzen diren betebehar tekniko bat edo batzuk betetzetik kategoria jakin batean inskribatu edo sar dadin.

Ulertuko da ostatuak egoera berezi batean daudela, besteak beste, kokatuta daudenean balio arkitektoniko bereziko eraikinetan, hirigune historikoan dauden eraikin birgaituetan edo eskualdeko arkitektura tradizional tipikoa duten eraikinetan.

Interesdunek eskatu behar dituzte lekapen horiek, eta frogatutako konpentsazio faktoreekin orekatuko dira, hala nola instalazioen balorazio bateratuarekin, zerbitzu osagarrien eskaintzarekin edo modalitatearen eta kategoriaren arabera legozkiekeen baldintza osagarriekin”.

Hamaika.–17. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Ostatu establezimendu guztiek indarreko araudia bete behar dute, hirigintzari, eraikuntzari, instalazioei, irisgarritasunari, osasunari eta kontsumoari, segurtasunari, higieneari, efizientzia energetikoari eta ingurumenaren babesari dagokienez”.

Hamabi.–18. artikuluko 1. apartatuari f) letra gehitzen zaio. Hona hemen:

“f) Erregelamendu bidez ezartzen den beste edozein”.

Hamahiru.–19. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Turismoko kanpalekutzat hartzen da behar bezala zedarriturik, egokiturik eta beharrezko instalazioez eta zerbitzuez horniturik dagoen eremua, helburu duena aldi baterako ematea jendeari, prezio baten truke, aire zabalean bizitzeko toki bat oporretarako edo turismorako, non egoteko elementu gisa erabiltzen baitira kanpadendak, karabanak, autokarabanak edo garraiatzen diren antzeko elementu batzuk”.

Hamalau.–20. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Establezimendu bat turismoko aterpetxetzat hartzen da erabiltzaile turistikoei, prezio baten truke, osatu zerbitzuak eskaintzen edo ematen dizkienean plaza baterako, gehienetan ohe askoko geletan, jatetxearen beste zerbitzu osagarri batzuk emanda edo eman gabe, eta aisialdiko, hezkuntzako, naturarekin harremanetan jartzeko edo kiroleko jarduerak egitea eskaini ahal izanda”.

Hamabost.–21. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Establezimendu bat landetxetzat hartzen da landa eremuan kokatuta eta haien estetika eta ezaugarriak eskualdeko arkitektura tradizionalekoak izanik, aldi baterako ostatua ematen denean prezio baten truke, zerbitzu osagarriak emanda edo eman gabe”.

Hamasei.–22. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“22. artikulua. Apartamentu eta etxebizitza turistikoak.

1. Apartamentu bat apartamentu turistikoa da, haren erabilera eta luperketa lagatzen zaizkienean aldi baterako hirugarrenei ostatu turistikorako prezio baten truke, jabetza horizontalaren araubidekoa izanik, banaka edo blokeka, eta merkaturatuak edo publizitatuak egonik eskaintza turistikoaren kanaletan edo merkaturatzeko edo sustatzeko beste edozein baliabidetan, eta altzariak eta ekipamenduak dituenean segituan erabiltzeko.

2. Etxebizitza turistikotzat hartzen dira txaletak, etxe bakartuak, etxe atxikiak edo antzeko higiezinak, merkaturatuak edo publizitatuak daudenean eskaintza turistikoaren kanaletan edo merkaturatzeko edo sustatzeko edozein modutan, haien erabilera eta luperketa aldi baterako lagatzen zaizkienean hirugarrenei, prezio baten truke, ostatu turistikorako, eta altzariak eta ekipamenduak dituztenean segituan erabiltzeko.

3. Erregelamendu bidez zehaztuko dira apartamentu turistikoak eta etxebizitza turistikoak ustiatzeko moduei dagozkien betebeharrak eta baldintzak”.

Hamazazpi.–22. bis artikulu berria gehitzen da. Hona:

“22 bis artikulua. Ostatu bereziak.

1. Ostatu berezitzat hartzen dira salbuespena izateagatik edo ezaugarri edo morfologia bereziagatik sailkatu ezin direnak araudian ostatu turistikoaren establezimenduetarako zehaztutako gainerako klaseetan, baldin eta turismo arloan eskudun den departamentuak kategoria hori ematen badie, erregelamendu bidez ezartzen diren betebeharrei eta baldintzei jarraituz.

2. Establezimenduak ez dira halakotzat joko araudian ezarritako klaseetako bat aplikagarri ez badute ez betetzeagatik kasuan kasuko klaserako eskatutako baldintza teknikoren bat edo batzuk.

3. Halaber, erregelamendu bidez zehaztuko da zer dokumentazio osagarri aurkeztu behar den ostatu bereziaren modalitaterako. Kasu guztietan, espedientean jasota gelditu behar da ostatua berezia dela haren salbuespeneko ezaugarriak eta/edo baldintzak frogatuz, kontuan hartuta berrikuntza, proiektuaren orijinaltasuna edo antzeko irizpideak”.

Hemezortzi.–24. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“24. artikulua. Modalitateak eta sailkapena.

1. Jatetxe establezimenduek modalitate hauetakoren bat izan dezakete:

a) Jatetxeak.

b) Erregelamendu bidez zehaztuko diren beste establezimendu batzuk.

c) Turismo-interesekotzat deklaratu diren eta aurreikusita dauden jarduera gastronomikoak antolatzen dituzten edo jarduera horietan parte hartzen duten ostalaritza-establezimenduak, edo udalerriarekiko enblematikoak, bereziak edo errotuak direnak, bi kasuetan erregelamendu bidez garatzen diren baldintzen arabera.

2. Establezimendu bat jatetxe modalitatekoa izanen da jatetxe zerbitzuak ematen dituenean eta, erregelamendu bidez ezartzen diren gainerako baldintzak beteta, janariak kontsumitzen direnean ordutegi zehaztuetan eta, lehentasunez, aparteko jantoki batean.

3. Erregelamendu bidez zehaztuko dira jatetxe enpresen instalazioen eta zerbitzuen ezaugarriak, berezitasunak, zerbitzu motak eta kalitate baldintzak, modalitateen arabera, baita kategorien araberako sailkapena ere”.

Hemeretzi.–25. artikuluko 2. apartatua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“2. Honako hauek hartzen dira bitartekotza turistikoko enpresatzat:

a) Bidaia agentziak.

b) Turismo-enpresen taldeak, xede dutenak taldera bildutako enpresen turismo-eskaintzen merkaturatze amankomuna.

c) Erreserba-zentroak.

d) Erregelamendu bidez ezartzen den beste edozein”.

Hogei.–26. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“26. artikulua. Bidaia agentziak”.

1. Pertsona fisiko edo juridikoak bidaia agentziatzat hartzen dira haien jarduera turistiko nagusia bitartekotza denean zerbitzu turistikoak emateko edo antolatzeko, edo bidaia konbinatuak edo lotetsitako zerbitzuak emateko, eta horretarako bere baliabideak erabiltzen ahal ditu.

2. Erregelamendu bidez ezarriko dira bidaia agentziei eskatu beharreko baldintzak, modalitateak eta beharkizunak”.

Hogeita bat.–27. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“27. artikulua. Kontratuzko erantzukizunaren bermea bidaia konbinatuetan.

1. Bidaia konbinatuen antolatzaileak edo txikizkariak diren pertsona fisiko edo juridikoek, ezertan galarazi gabe 34. artikuluko i) letran ezarritakoa, berme bat eratu behar dute, zerbitzuak ematearen ondoriozko betebeharrak betetzearen erantzulea dena, oro har, bidaia konbinatu bat kontratatzen dutenen aurrean, arloan indarra duen araudiak ezartzen duenarekin bat.

2. Erregelamendu bidez zehaztuko dira haren zenbatekoa, modua eta gainerako beharkizunak”.

Hogeita bi.–27 bis artikulua gehitzen da. Hona edukia:

“27 bis artikulua. Kaudimengabeziaren aurreko bermea bidaia konbinatuetan.

Bidaia konbinatuen antolatzaileak edo txikizkariak diren pertsona fisiko edo juridikoak, gainera, beharturik daude kaudimengabeziaren kontrako berme bat eratzera, jardueran hasi baino lehenago, eta etengabe edukitzera, eskura egonen dena kaudimengabezia gertatu bezain laster, arloan indarra duen araudian ezarritakoarekin bat, eta erregelamendu bidez zehaztuko diren zenbatekoarekin, formarekin eta gainerako beharkizunekin”.

Hogeita hiru.–27. ter artikulua eransten da. Hona edukia:

“27.ter artikulua. Kaudimengabeziaren aurreko bermea lotetsitako bidaia zerbitzuetan.

1. Lotetsitako bidaia zerbitzuak ematen dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek berme bat eratu behar dute bidaiariengandik jasotzen dituzten ordainketa guztiak itzultzeko, baldin eta barnean hartzen dituzten zerbitzuetako bat ez bada gauzatzen kaudimengabeziaren ondorioz.

2. Arloan indarra duen araudiak ezarritakoarekin bat eratuko da berme hori, eta erregelamendu bidez zehazten diren zenbatekoarekin, formarekin eta gainerako beharkizunekin”.

Hogeita lau.–27. quater artikulua eransten da, honako edukiarekin:

“27.quater artikulua. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribatutako enpresek egiten dituzten bitartekotza jarduera osagarriak.

1. Nafarroako Turismo Erregistroan inskribaturik dauden ostatu turistikoaren enpresek eta turismo aktiboaren eta/edo kulturalaren enpresek bitartekotza lanak egin ditzakete, jarduera nagusiaren osagarriak, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzak eta beharkizunak betez.

2. Bidaia konbinatuak antolatzen edo merkaturatzen dituztenek edo lotetsitako bidaia zerbitzuak ematen dituztenek bete behar dituzte 27., 27 bis eta 27 ter artikuluetan aurreikusitako betebeharrak eta berme horiek eratu direla jakinarazteari buruzkoak.

3. Edonola ere, enpresaren jarduera nagusiaren xedeko bidaia zerbitzuak elementu eratzaileetako bat izan behar du bidaia zerbitzuen konbinazioan edo lotespenean”.

Hogeita bost.–27. quinquies artikulua eransten da, honako edukiarekin:

“27. quinquies artikulua. Bitartekotza jarduera osagarriak, jarduera nagusia turistikoa ez duten enpresek egindakoak.

1. Enpresen jarduera nagusia turistikoa ez denean, enpresek, jarduera horren osagarri, bidaia konbinatuak antolatu edo merkaturatu ditzakete, eta/edo lotetsitako bidaia zerbitzuak eman, erregelamendu bidez ezartzen diren baldintzak eta beharkizunak betez, bai eta, kasu guztietan, 27., 27 bis eta 27 ter artikuluetan aurreikusitako betebeharrak eta berme horiek eratu direla jakinarazteari buruzkoak ere.

2. Enpresaren jarduera nagusi den bidaia zerbitzuak elementu eratzaileetako bat izan behar du bidaia konbinatuan edo lotetsitako bidaia zerbitzuan”.

Hogeita sei.–VII. kapitulu berria eransten da III. tituluan, 29 bis artikulua daukana. Hona hemen edukia:

“VII. kapitulua.–Interes turistikoko establezimenduak eta jarduerak.

29.bis artikulua. Interes turistikoko establezimenduak eta jarduerak.

1. Establezimenduak interes turistikokoak izanen dira prezio baten truke jarduerak egin edo zerbitzuak ematen dituztenean turismoa sustatzen laguntzeko eta erabiltzaile turistikoen egonaldia errazteko Nafarroako Foru Komunitatean.

2. Jarduerak interes turistikokoak izanen dira laguntzen dutenean, prezio baten truke, turismoa sustatzen eta errazten dutenean erabiltzaile turistikoen egonaldia Nafarroako Foru Komunitatean.

3. Honako hauek dira interes turistikoko jarduerak edo establezimenduak, besteak beste:

a) Museoak eta erakusketa eremuak.

b) Establezimendu ospetsuak, bereziak edo herrian sustraituak.

c) Artisautzako enpresen lantegiak, Nafarroako Artisauen Erregistroan inskribatuak.

d) Upeltegiak, olio-errotak eta nekazaritzako elikagaien antzeko enpresak.

e) Aisialdi eremuak, abenturakoak eta ingurumen hezkuntzakoak.

f) Jarduera gastronomikoak, kulturalak eta naturari lotutako beste batzuk, turismorako garrantzi berezia dutenak.

g) Erregelamendu bidez zehazten diren beste establezimenduak edo jarduerak.

4. Interes turistikoko establezimenduaren edo jardueraren kalifikazioa zigilu edo bereizgarri turistiko baten bidez deklaratuko da, zeina turismo arloan eskudun den departamentuak emanen baitu, erregelamendu bidez zehazten diren baldintzekin eta irismenarekin”.

Hogeita zazpi.–31. artikuluari h) letra gehitzen zaio. Hona testua:

“h) Establezimendu eta jarduera turistikoek Nafarroako Turismo Erregistroan duten inskripzio kodea ezagutzeko eskubidea”.

Hogeita zortzi.–34. artikuluko f) letra aldatzen da eta j) eta k) letra berriak eransten dira. Eduki hau dute:

“f) Erabiltzailearen eskura jartzea posta-helbidea, telefono zenbakia eta posta elektronikoko helbidea, haietan, bizitokia edozein dela ere, kexak edo erreklamazioak jarri ahal izateko, edo informazioa eskatzeko eskaintzen edo kontratatzen diren zerbitzuen inguruan, arloan indarra duen araudiarekin bat.

Enpresa turistikoek ahalik eta lasterren erantzun beharko diete jasotzen dituzten erreklamazioei, eta, betiere, kontsumitzaileak eta erabiltzaileak defendatzeko araudiak aurreikusten duen gehieneko epean”.

“j) Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio kodea paratzea erabiltzaileek ikusteko moduko toki batean, ostatua edo zerbitzu turistikoak iragartzen dituen publizitate mota guztietan, egiten edo ematen diren agiri edo faktura guztietan eta zerbitzu turistikoak kontratatzeko ezarri edo ezartzen den eskaintza turistikoaren beste edozein baliabidetan, euskarritan, sistematan edo kanaletan.

k) Turismo arloan eskudun den departamentuari jakinaraztea, erantzukizunpeko adierazpen baten bidez, nahitaezko bermeen eraketa eta baldintzak, bidaia konbinatuak antolatu eta merkaturatzeko eta lotetsitako bidaia zerbitzuak emateko, baita eratu behar den beste edozein ere, indarreko araudi turistikoarekin bat, azaroaren 16ko 1/2007 Legegintzako Errege Dekretuaren 166. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako (legegintzako errege dekretu horren bidez, Kontsumitzaileak eta Erabiltzaileak Defendatzeko Lege Orokorraren testu bateratua eta beste lege osagarri batzuk onetsi ziren)”.

Hogeita bederatzi.–34 bis artikulua gehitzen da. Hona edukia:

“34 bis artikulua. Jarduera, zerbitzu eta establezimendu turistikoen publizitateari eta merkaturatzeari buruzko betebeharrak.

Enpresa turistikoek, edo beste edozein motatakoek, jarduera, zerbitzu edo establezimendu turistikoak merkaturatzen edo haien publizitatea egiten dutenean paperezko euskarrian, webguneetan, kanaletan edo plataformetan edo beste edozein bidetan, bereziki betebehar hauek izanen dituzte, turismo-alorrean eskudun den departamentuak egin beharrekoa den errekerimendua egin ondoren:

a) Turismoaren arloan eskudun den departamentuari jakinaraztea beren informazio- edo merkaturatze-kanaletan txertatuta dauden jarduera, zerbitzu edo establezimendu turistikoak dituzten enpresen titulartasunari eta helbideari buruzko datuak, txertatze hori egin denean Nafarroako Turismo Erregistroko kasuan kasuko inskripzio kodea adierazi gabe, inskripzio hori nahitaezkoa izanda.

b) Beren informazio-, merkaturatze- eta/edo publizitate-kanaletan ematen den publizitate eta informazioa kentzea, Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio-kodea agertzen ez duten enpresei, zerbitzuei, establezimenduei edo jarduera turistikoei buruzkoa denean, inskripzio hori nahitaezkoa izanda”.

Hogeita hamar.–42. artikuluaren 5. apartatuari j) letra gehitzen zaio. Honela geldituko da:

“j) Aurrekontua eta finantzaketa”.

Hogeita hamaika.–53. artikuluko f), h), i) eta q) letrak aldatzen dira, eta r) eta s) letra berriak eransten. Hona hemen edukia:

“f) Turismo arloan eskudun den administrazioari ez komunikatzea edo ez jakinaraztea aldatu dela establezimenduaren titulartasuna edo araudiak eskatzen duen informazioa, non ez den komunikazio falta hori arau-hauste astuntzat sailkatzen 54. artikuluan xedatutakoarekin bat”.

“h) Kontratua suntsiarazi, aldatu edo lagatzeari edo horretan atzera egiteari buruzko arauak ez betetzea, edo eman beharreko zerbitzuak bertan behera uztea”.

“i) Uko egitea 34. artikuluko f) letran ezarritako informazioa emateari edo ez betetzea aurkeztutako kexei, erreklamazioei edo informazio eskaerei erantzuteko ezarritako gehieneko epea”.

“q) Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio kodea ez sartzea enpresa, establezimendu, jarduera edo zerbitzu turistikoak iragartzen dituen publizitatean, nahitaezkoa denean edozein baliabidetan, euskarritan edo sistematan”.

“r) Turismoaren arloan eskudun den administrazioari ez jakinaraztea eratu eta aldatu direla bitartekotza turistikoko jarduera dela-eta eskatzen diren bermeak eta zein diren haien baldintzak”.

“s) Oro har, turismoari buruzko araudian ezarririko baldintza, betebehar eta debekuak ez betetzea, baldin eta astunak edo oso astunak ez badira”.

Hogeita hamabi.–54. artikuluko 1. apartatuko k) eta ñ) letrak aldatzen dira, eta o) eta p) letrak eransten. Hona hemen edukia:

“k) Ez formalizatzea edo ez mantentzea aplikatu beharreko araudiak eskatutako bermeen eta aseguruen indarraldia edo zenbatekoa”.

“ñ) Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzioa nahitaezkoa denean, beren informazio edo merkaturatze kanaletan inskripzio horren kodea adierazi gabe sartuta dauden jarduera, zerbitzu edo establezimendu turistikoak dituzten enpresen titulartasunari eta helbide sozialari buruz beharrezkoak diren datuak ez jakinaraztea turismo arloan eskudun den departamentuari”.

“o) Enpresa, jarduera, establezimendu edo jarduera turistikoen publizitatea eta informazioa ez kentzea, aginduzko errekerimenduaren ondoren, informazio edo merkaturatze kanaletatik, Nafarroako Turismo Erregistroko inskripzio kodea jasota ez dagoenean, inskripzio hori nahitaezkoa baldin bada”.

“p) Arau-hauste arinetan berrerortzea”.

Hogeita hamahiru.–56. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Enpresa, establezimendu edo jarduera turistikoaren titularrak, pertsona fisikoak edo juridikoak izan, turismo arloko arau-haustearen erantzuleak izanen dira. Halakotzat joko dira, kontrakoa frogatzen ez den bitartean, beharrezko lizentzia edo erregistro administratiboan izena jasota daukatenak.

Arau-haustea denean lanbide edo jarduera batean aritzea kasuan kasuko gaikuntza administratiboa eduki gabe, jardueran aritzen den pertsona fisikoa edo juridikoa edo emandako zerbitzuaren faktura ematen duena izanen da erantzulea.

54. artikuluko ñ) eta o) letretan aurreikusitako arau-hausteen kasuan, informazio edo merkaturatze kanalaren pertsona fisiko eta juridiko titularra izanen da erantzulea”.

Hogeita hamalau.–58. artikuluko 2. eta 3. apartatuak aldatzen dira. Honela gelditzen dira idatzita:

“2. Arau-hauste larriak 9.000 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira.

3. Arau-hauste oso larriak 75.000 euro arteko isunarekin zehatzen ahalko dira”.

Hogeita hamabost.–59. artikuluari beste bi letra gehitzen zaizkio, i) eta j). Hona horien testua:

“i) Arau-haustearen oihartzun soziala.

j) Merkatuan duen kokapena eta garrantzia”.

Hogeita hamasei.–60. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“60. artikulua. Isun hertsagarriak.

Aurreko artikuluetan aurreikusitako zehapenak gorabehera, turismo arloan eskudun den departamentuak isun hertsagarriak jar ditzake, ekintza arau-hauslea eteteko edo bertan behera uzteko, edo, kasua bada, falta dena zuzentzeko errekerimenduan zehaztutako epeak iragan ondoren, prozedura administratiboari buruzko araudian xedatutakoarekin bat. Isun horietako bakoitzaren diru-kopuruak ez du gaindituko egindako arau-hausterako finkatutako isunaren ehuneko hamar”.

Hogeita hamazazpi.–2. artikulua aldatzen da. Hona testu berria:

“62. artikulua. Printzipioak.

Turismo arloko zehapen ahala erabiltzeko, aplikatu beharreko araudi administratiboko printzipioei jarraituko zaie”.

Hogeita hemezortzi.–63. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Turismo arloko zehapen prozedura ofizioz hasiko da beti, organo eskudunaren erabakiaren bidez, dela organoaren beraren ekimenez, dela goiko agintarien agindu baten ondorioz, beste organo batzuen arrazoibidezko eskaeraren ondorioz edo salaketa baten ondorioz”.

Hogeita hemeretzi.–65. artikuluko 1. apartatua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“1. Zehapen prozedura tramitatu aurretik edo tramitatzearekin batera, ustezko arau-hausleari eskain dakioke egindako kalteak konpontzea edo izandako irregulartasun administratiboak zuzentzea”.

Berrogei.–67. artikuluko 2. apartatua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“2. Aurreko apartatuan finkatutako epetik kendu beharko dira interesdunari egotz dakizkiokeen gelditzeak, prozedura administratiboari buruzko araudian aurreikusitako etenaldiak eta foru lege honen 65. artikuluan aurreikusitako kasua. Halaber, kontuan hartu beharko dira ebazteko epearen luzapenak, legez ezarritakoaren arabera erabakitzen badira”.

Berrogeita bat.–68. artikuluko 2. apartatua aldatzen da. Testu hau izanen du:

“2. Zehapen prozedurako ebazpenen kontra, interesdunek kasuan kasuko errekurtsoak jar ditzakete, administrazio-prozedurari buruzko araudian xedatutakoarekin bat”.

Lehen xedapen iragankorra.–Abian dauden prozedurak eta legedi aldekoena aplikatzea.

Foru lege honek indarra hartu baino lehen hasi diren prozedurek bete beharko dute hasi zirenean indarra zuen araudia, tramitatzen ari diren zehapen prozedurek izen ezik; horietan, izan ere, arau-hauslearen aldekoen den araudia aplikatuko da.

Bigarren xedapen iragankorra.–Bermeak egokitzeko araubidea.

Bidaia konbinatuak antolatu edo merkaturatzen dituzten pertsona fisikoek edo juridikoek edo lotetsitako bidaia zerbitzuak ematen dituztenek aurkeztu beharko dute, hiru hilabeteko epean gehienez foru lege honek indarra hartzen duenetik hasita, turismo arloan eskudun den departamentuan, erantzukizunpeko adierazpen bat, 27., 27 bis eta 27 ter artikuluetan aurreikusitako eraketari eta baldintzei buruzkoa, eta horrekin batera, horien eraketa eta zenbatekoak frogatzen dituzten agiriak ere aurkeztu behar dira.

Xedapen indargabetzaile bakarra.–Arauak indargabetzea.

1. Indarrik gabe uzten dira foru lege honetan ezarritakoari aurka egiten dioten maila bereko edo apalagoko arau guztiak.

2. Xedapen hauek indarrik gabe uzten dira espresuki:

a) 1., 2. eta 3. artikuluak Nafarroako Foru Komunitateko Bidaia Agentzien Erregelamendua onesten duen maiatzaren 4ko 141/1988 Foru Dekretuan.

b) 1. artikulua Landetxeetan ostatatzea arautzen duen ekainaren 28ko 243/1999 Foru Dekretuan.

c) 2. artikuluko 1. eta 7. apartatuak Nafarroako Turismo Erregistroaren antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen abuztuaren 25eko 502/2003 Foru Dekretuan.

d) 11. artikuluko 10. eta 13. apartatuak Turismo aktibo eta kulturaleko zerbitzuak ematen dituzten enpresen jarduerak arautzen dituen erregelamendua onesten duen abuztuaren 23ko 288/2004 Foru Dekretuan.

e) 1. artikuluko 1. eta 13. apartatuak Nafarroako Turismoko Aterpetxeak Antolatzeko Erregelamendua onesten duen abenduaren 5eko 140/2005 Foru Dekretuan.

f) 20. artikulua Nafarroako Foru Komunitateko hotel-establezimenduen antolamenduari buruzko Erregelamendua onesten duen abenduaren 26ko 146/2005 Foru Dekretuan.

g) 39.2.b) eta 41. artikuluak Nafarroako Foru Komunitateko turismoko kanpalekuen antolamenduari buruzko erregelamendua onesten duen martxoaren 30eko 24/2009 Foru Dekretuan.

h) 2. artikuluko 1. apartatua eta 17. artikulua Nafarroako Foru Komunitateko apartamentu turistikoen antolamenduari buruzko urriaren 26ko 230/2011 Foru Dekretuan.

i) 4. artikuluko b) letra, 6. artikulua, 9. artikuluko 2. apartatua, 21. artikulua, 21.a, 24.a eta “kafetegia” terminoaren aipamenak Nafarroako Foru Komunitateko jatetxe eta kafetegien antolamenduari buruzko erregelamendua onesten duen abuztuaren 28ko 56/2013 Foru Dekretuaren testu osoan.

j) 7. artikuluko d apartatua eta 12. artikulua Nekazaritza-turismoari buruzko maiatzaren 28ko 44/2014 Foru Dekretuan.

k) II. eranskina Turismoko eta Erakunde Harremanetako kontseilariak abenduaren 23an eman 75/2013 Foru Aginduan, zeinak Nafarroako Foru Komunitateko jatetxe eta kafetegien plaka bereizgarrien ezaugarriak ezartzen baititu.

Azken xedapenetako lehena.–15. artikulua aldatzea maiatzaren 4ko 141/1988 Foru Dekretuan, zeinak Nafarroako Foru Komunitateko Bidaia Agentzien Erregelamendua onesten baitu.

15. artikulua aldatzen da maiatzaren 4ko 141/1988 Foru Dekretuan, zeinak Nafarroako Foru Komunitateko Bidaia Agentzien Erregelamendua onesten baitu. Honako testua izanen du:

“Nafarroako Turismoari buruzko otsailaren 14ko 7/2003 Foru Legearen 27., 27 bis eta 27 ter artikuluetan aurreikusitako bermeei dagokienez, pertsona fisikoek, eratuta egon bidaia agentzia gisa edo foru lege horretan aurreikusitakoarekin bat gaitutako figuretako edozein gisa, bidaia konbinatuak antolatu edo merkaturatzen badituzte edo lotetsitako bidaia zerbitzuak ematen badituzte, modu honetan eratuko dituzte berme horiek, kasuan kasuko zenbatekoarekin:

a) Berme indibiduala: aseguru, abal edo beste finantza berme baten bidez.

Jardueraren lehendabiziko urtean, berme horrek gutxienez ehun mila euro berdindu behar ditu. Bigarren urtetik aurrera, berme horren zenbatekoak izan behar du, gutxienez, bidaia konbinatuen merkaturatzaileak edo txikizkariak edo lotetsitako bidaia zerbitzuak ematen dituenak aurreko ekitaldian bidaia konbinatuen eta lotetsitako bidaia zerbitzuen salmentagatik lortutako diru-sarreren ondoriozko negozio bolumenaren ehuneko bost adinakoa, eta, edonola ere, zenbatekoa ezin da ehun mila euro baino txikiagoa izan. Estaldura hori egokitu behar da arriskuak handitzen badira, bereziki bidaia edo zerbitzu horien salmenta nabarmenki handitzen bada.

b) Berme kolektiboa: bidaia konbinatuen antolatzaileek edo txikizkariek edo lotetsitako bidaia zerbitzuak ematen dituztenek berme kolektibo bat era dezakete legez eratutako entitate kudeatzaile edo enpresa elkarteen bidez, ekarpenak eginez bermerako elkartasun funts batera. Berme kolektibo horren zenbatekoa izanen da, gutxienez, bidaia konbinatuen antolatzaileek edo txikizkariek edo lotetsitako bidaia zerbitzuak ematen dituztenek, banan-banan hartuta, aurreko apartatuarekin bat eratu beharko lituzketen bermeen batuaren ehuneko berrogeita hamar adinakoa. Funtsaren zenbateko orokorra ezin da inongo kasutan bi milioi eta bostehun mila eurotik beherakoa izan.

c) Bermeak bidaia konbinatu bakoitzeko: bidaia konbinatuen antolatzaileek edo txikizkariek edo lotetsitako bidaia zerbitzuak ematen dituztenek aseguru bat kontratatzen ahal dute bidaia konbinatuaren edo lotetsitako bidaia zerbitzuaren erabiltzaile bakoitzeko”.

Azken xedapenetako bigarrena.–Foru legeak indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2020ko abenduaren 16an.–Nafarroako Foru Komunitateko lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2015637