296. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

289E/2020 EBAZPENA, abuztuaren 1ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ukatzen baita aldaketa nabarmen ez-funtsezkoa egiteko baimen bat. Instalazioaren titularra Agropecuaria Obanos SA da, eta Alesbesko udal mugartean dago.

2020ko urtarrilaren 8an, instalazioaren titularrak eskaera egin zuen ustiaketa sistema aldatzeko, xede izanik zerramendako eta 6 kg arteko txerrikumeendako 349 toki jartzea, hasierako gizentzea egiteko 858 tokiren ordez. Instalazioa martxan dago gaur egun, ingurumen baimen integratuaren araubidearen pean, eta eskatutako aldaketa egiteko beharrezkoa da nabe berri bat eraikitzea eta lehendik dauden instalazioak berregituratzea.

Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduan ezarritakoarekin bat tramitatu da espedientea (erregelamendua abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), eta prozeduran sartu dira Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusita dauden ingurumen ebaluazioaren arloko jarduketak.

Hala ere, 2020ko irailaren 23an, Lurralde eta Paisaia Zerbitzuak jarduera hori lurzoru urbanizaezinean baimentzearen kontrako txostena eman zuen, honengatik:

–Alesbesko arau subsidiarioei eta horien aldaketei jarraikiz, honako hau da lurzatiaren kategoria: lurzoru urbanizaezina, natura aldetik ustiatzeko babestu beharrekoa eta produktibitate ertainekoa.

–Lurzoruen azpi-azpikategoria horren babes araubidea jasota dago arau subsidiarioen aldaketa batean, zeina behin betiko onetsi baitzen 2004ko irailaren 10ean, eta hor ezartzen denez, baimengarriak dira abeltzaintza intentsiborako eraikin eta instalazio bakartuak eta abeltegiak, salbu eta zerri-ustiategiak. Hortaz, jarduera hori ez da baimengarria.

–Arau subsidiarioen 2004ko irailaren 10eko aldaketan adierazten denez, “egungo zerri-ustiategi intentsiboek gaur egun duten bolumena kontsolidatzen da, baldin eta jarduera sailkaturako lizentzia badute edo inskribaturik badaude jardueren erregistroan, ekainaren 23ko 14/2003 Foru Dekretuaren lehen xedapen iragankorrean aipatutako horretan (foru dekretu horren bidez ezarri ziren Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan abeltegiek bete beharreko ingurumen arloko baldintza teknikoak), eta ez da baimenduko instalazioa inola ere handitzea”.

Horrenbestez, bidezkoa da ukatzea eskatutako aldaketa ez-funtsezko nabarmena egiteko baimena.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Ukatzea aldaketa nabarmen ez-funtsezkoa egiteko baimen bat. Instalazioaren titularra Agropecuaria Obanos SA da, eta Alesbesko udal mugartean dago. Baimena eskatu du ustiaketa sistema aldatzeko proiektua gauzatu eta zerramendako eta 6 kg arteko txerrikumeendako 349 toki jartzeko, hasierako gizentzea egiteko 858 tokiren ordez. Eskatutako aldaketa egiteko, beharrezkoa da nabe berri bat eraikitzea eta lehendik dauden instalazioak berregituratzea.

Bigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hirugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Laugarrena.–Ebazpen hau igortzea Agropecuaria Obanos SAra, Alesbesko Udalera, Abeltzaintza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura, Basozainen Zerbitzura eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abenduaren 1ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña), Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuan, eta Nafarroako Gobernuaren webgunean, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2015056