296. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

184E/2020 EBAZPENA, abenduaren 9koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen diona Betelun, Beteluko udal-mugartean, autokontsumorako plaka fotovoltaikoak jartzeko proiektuari. Sustatzailea M.ª Carmen Zubillaga Goikoetxea da.

2020ko abuztuaren 11n, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko i) epigrafean (energia instalazioak) jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatu den jarduketak barne hartzen du autokontsumorako instalazio fotovoltaikoa jartzea Beteluko 1. poligonoko 155. lurzatian; instalazioak soberakinak konpentsatuko ditu, eta 340 Wp-ko 8 plaka fotovoltaiko izanen ditu, 3 eta 5 plakako ilara banatan, garajearen gainean, zoruan, garajea lurpean baita, sustatzailearen jabetzapean. Autokontsumorako instalazioa etxebizitzaren BT sareari konektatuko zaio.

Plakak udalerriko hirigunetik iparraldeko mugan dagoen 4.157 m²-ko lehorreko laborantzako lurzati batean jarri nahi dira, parterik garaienean; hortik 140 metrora, hegoalderantz, NA-1300 errepidea igarotzen da. Ekialderantz, 300 metrora, LN 27 Beteluko artadiak Lekune Naturala dago, ikuspegi panoramiko ederra duena. Jarduketarako lurzatitik 100 metro iparraldera, seinaleztatutako turismo bide bat dago, eta hortik egin daiteke bisita, Betelun hasita, eskualdearen bereizgarri den arteen (Quercus ilex) basora eta Malloetako begiratokira, Betelu gaineko mendian. Seinaleztatutako bide horretatik ikus daiteke jarduketarako lurzatia, urrunetik, bertan dauden zuhaitzen artetik.

Ingurua ikusgarria denez, eta naturagune zein beste elementu babestuetatik gertu dagoenez, ahal dela, landare-pantaila txukunaz hornituko da instalazioa, paisaiarekin bat egin dezan; edonola ere, jarduketarako lurzatiak baditu dagoeneko zuhaitzak ia perimetro osoan, eta zenbait fruta-arbola hego-ekialdean, herrira doan bidean. Horrez gain, Etxaburua kalea dago inguru hurbilenean, jarduketarako lurzatiaren eta sustatzailearen etxebizitzaren artean, eta etxebizitzaz haragoko jarraipenik ez duenez, bertan ez da apenas egoten pertsonen joan-etorririk.

Espedientean Beteluko Udalaren 2020ko irailaren 17ko aldeko txostena jaso da. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena egin du 2020ko urriaren 7an, bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritakoarekin.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren xedapenak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Betelun, Beteluko udal-mugartean, autokontsumorako plaka fotovoltaikoak jartzeko proiektuari. Sustatzailea M.ª Carmen Zubillaga Goikoetxea da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

Ingurumen arlokoak:

–Jarduketak paisaiarekin bat egin dezan indartzeko:

  • Herriko kaleen ikuspegitik, jarduketarako lurzatiaren hego-mendebaldean dauden hurritza eta fruta-arbolak mantenduko dira.
  • 100 metro iparraldera dagoen bidearen ikuspegitik, nondik Malloetako begiratokira eta Beteluko artadira iristen baita, egun dagoen landare-pantaila osatuko da, lurzatiaren ipar-mendebaldeko mugan, dauden zuhaitzen ondoan bertako espezieetako beste batzuk edo fruta-arbolak sartuz.

–Baimendutako hondakin kudeatzaile batek kudeatu beharko ditu obran bertan berrerabiltzen ez diren hondeaketako soberako lurrak eta gainerako hondakinak.

–Beharrezko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratuko dira.

Hirigintza arlokoak:

–Baimen hau instalazio fotovoltaiko bat eraikitzeko baizik ez da; instalazioa Beteluko 1. poligonoko 64. lurzatian dagoen etxebizitzari lotuko zaio, eta aurkeztutako dokumentazioaren arabera eta baimen honetan ezartzen diren determinazioekin bat gauzatuko da.

–Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo hartarako trabagarri izan daitezkeen azpiegiturei eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak egin baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik.

–Bat etorriz Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean gehienez. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak jatorrizko egoerara leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 1.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Beteluko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Sakana-Mendialdeko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko abenduaren 9an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2015124