296. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

183E/2020 EBAZPENA, abenduaren 9koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen-ukipenetarako baimena ematen diona proiektu honi: Zuntz optikoko interkonexiorako proiektua telekomunikazio zentroetan eta Ezkarozeko TZn, Ezkarozeko udal-mugartean. Sustatzailea Navarra de Servicios y Tecnologías SA da.

2020ko irailaren 11n, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimen eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko M) epigrafean jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horrek Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua onetsi zuen.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du ezen Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektatutako jarduketak helburu du 64 zuntz optikoren interkonexioa egitea 405 metroko kable baten bidez, Ezkarozeko zeharbideko NA-140 errepideko 32+400 KPan dagoen kutxatilatik hortik mendebaldera, 180 metro linealean, herriguneko muino batean dagoen Ezkarozeko telekomunikazio zentroraino.

Ezkarozeko zeharbideko kutxatilatik abiatuko da, Naserticen zuntz optikoaren sareari lotuta. Gero, etxebizitza bateko fatxadatik joanen da, behe tentsioko linearen azpiegituraz baliatuta. Horretarako, aireko tarte bat erabiliko da lehendabizi, kable bat jarriko baita dauden lau euskarrien gainean (horietan, zuntz optikoko linea linea elektrikoaren azpian egonen da). Bukatzeko, lur azpitik joanen da, linea bukaerako euskarritik TZrekin bat egin arte, eta horretarako egungo lur azpiko hargune elektrikoaren kanalizazioa erabiliko da. Lau euskarrietatik bi ordeztu beharko dira: linea hasierakoa, herrigunearen mugan dagoena Zaraitzu ibaiaren ondoan, eta linea bukaerakoa, TZtik 40 metrora dagoena, baso batean, TZra sartzeko bidearen ezpondaren ondoan. Linea bukaerako euskarria ordezteko, TZra sartzeko bidea erabiliko da, 2020ko azaroaren 10ean aurkeztu zen proiektuaren memoriako aldaketari jarraituz. Zuhaitzetan inausketa lineal bat eginen da baliabide mekanikoekin, errazago jar dadin zuntz optikoa aireko tartean.

Aireko tartearen hasieran ordeztu beharreko euskarria Zaraitzu ibaiaren ezponda gainean dago, ibaiaren ibilguaren ondoan, hortaz, ES2200012 “Zaraitzu ibaia” kontserbazio bereziko eremuaren mugan. Uztailaren 2ko 55/2014 Foru Dekretuaren bidez egin zen eremuaren izendapena eta onetsi zen haren kudeaketa plana, eta ibaien intereseko habitatak dira plan horren gakoetako bat, hala nola eremuan dagoena eta UE 3240 kodea duena (“Ibai ibilgu kantauriar-piriniarretako zuhaixka landareak”). Kudeaketa plan horretan ibai tarteetarako jasotzen den berariazko araudiari dagokionez, atal hauek eransten dira:

3.4. Ibaien ibilguekin muga egiten duten eremuetarako proiektu publikoetan eta haien erabilera eta aprobetxamendu berrietan, gutxienez 5 metro zabal izanen den babes zerrenda etengabea utziko da ibilguaren ondoan, ibai bazterreko formazio naturalak sor daitezen.

3.6. Debeku da urak kutsatzeko edo lekua degradatzeko arriskua ekar dezaketen hondakin solidoak, obra-hondakinak edo substantziak uztea.

Aireko tarteak hostozabalen baso misto bat ukituko du 150 metro linealean, hartan kokatzen baitira erdiko euskarriak, zuhaitzik gabeko leku batean. Ingurumen-ukipenen azterlanean adierazten da ez dela zuhaitzik botako, ez lan eremuetara sartzeko, ez indusketa egiteko. Murillo el Frutotik Zaraitzura doan errege altxonbidea igarotzen da Ezkarozeko TZra sartzeko bidetik, eta ukituta geldituko da abelbidea okupatzen denean linea bukaerako euskarria ordezteko lanak egiteko.

Espedientean jasota dago Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren txostena. Lurraldearen Antolamenduaren eta Estrategiaren Atalak adierazi du deskribatutako jarduketa baimendua dagoela Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 110. artikuluaren 2 a) epigrafearen arabera; hortaz, 117. artikulua betez, ez dago lurzoru urbanizaezineko jarduera baimendu beharrik.

Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena egin du, baina ebazpen honetan biltzen diren ingurumen arloko baldintzak ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen-ukipenetarako baimena ematea proiektu honetarako: Zuntz optikoko interkonexiorako proiektua telekomunikazio zentroetan eta Ezkarozeko TZn, Ezkarozeko udal-mugartean. Sustatzailea Navarra de Servicios y Tecnologías SA da.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

• Obrak hasi baino 48 ordu lehenago, gaztigua eman behar zaio Erronkari-Zaraitzuko Koordinazio Unitateko Ingurumena Zaintzeko Atalari (telefonoa: 686 699307698, posta elektronikoa: gmaroncal@navarra.es), posteetarako sarbideak eta lan-kalea balizatzeko eta kimaketa- eta garbiketa-lanetarako, berezko landaredia ahalik eta gutxien ukitzeko.

• Zaraitzu ibaiaren kontserbazio bereziko eremua kudeatzeko planak zehazten duen moduan, gutxienez 5 metroko zerrenda bat errespetatuko da ibilguaren ondoan; beraz, euskarria ordezteko lanak ibai ondoan egitean, ibilgutik urrun egonda sartuko dira makinak eta eginen dira lanak, ahal dela. Edozein kasutan, ahaleginak eginen dira kalterik ez egiteko ibai ertzeko formazio naturalei.

• Beharrezko neurri guztiak hartuko dira materialik ez botatzeko ibilguari. Arreta berezia jarriko da gai kutsatzaileak erabiltzean, hala nola gasolioa, olioak edo hormigoia. Hormigoi freskoa ibilguan botaz gero, fauna piszikola berehala hilko da.

• Materialak biltzeko eremua eta makinak aparkatzekoa zedarrituko dira, ibaiaren ingurunetik eta landare naturaletatik urrun.

• Ibaiaren polizia-eremuan kokatuta egonda, ibai inguruan obrak egiteko, beharrezkoa izanen da Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren aldez aurreko baimena.

• Proiektuaren memoriako aldaketan azaldu bezala (2020ko azaroaren 10ean aurkeztu zen), aireko linearen bukaerako euskarria ordezteko, Ezkarozeko TZra sartzeko hormigoiztatutako bidetik eginen dira lanak, eta linea bukaerako euskarritik TZrainoko trazaduraren zatia egiteko, ez da landaredia naturala ukituko, lur azpian dagoen kanalizaziotik joanen baita.

• Abelbidearen eta haren zortasun-eremuaren gaineko ukipenaz bezainbatean (3 metro alde bakoitzean), kontuan hartu beharko da Baso Plangintzarako eta Ingurumen Hezkuntzarako Atalaren 2020ko azaroaren 13ko txostena; han zehazten denez, ezin da saihestu abelbidea airetik gurutzatzea gutxi gorabehera x:655094 y:4750410 UTM koordenatuak dituen puntuan, eta, hortaz, baimengarria da; hala ere, ohartarazten da baldintza hauek bete behar direla ukipenak ahalik eta txikienak izan daitezen:

  • Proiekturako beharrezkoak diren zangak eta obrak egiteko exekuzio fasearen ondoren, ukitutako eremua leheneratuko da altxonbideetan edo zortasun-eremuetan (lur mugimenduak, jatorrizko bide zoruak leheneratzea, landareztatzea eta abar) makinek jatorrizko landaredian eragindako kalteak konpontzeko eta pilarik eta obra-hondakindegirik ez geratzeko, halako moduan non egindako lanen ondorioz inola ere ez diren kaltetuko abereen igarotzea eta horrekin bateragarriak eta osagarriak diren erabilerak.

• Material-hondarrak eta sortutako hondakinak beren izaeraren arabera kudeatuko dira behar bezala, indarreko araudiarekin bat, barne daudela ordeztu beharreko euskarriak eta zerbitzutik kanpo gelditzen diren elementu guztiak.

• Aireko linearen zatian, hegaztiek zuntz optikoko kablearen kontra jotzeko arriskua txikitzeko, kablea balizatu eginen da: neoprenozko X itxurako hegazti-babesak ezarriko dira, baliza bat 15 metroko.

• Ekainaren 15aren eta irailaren 30aren artean, orokorrean, eta lehorte baldintzek hala aholkatuz gero beste egun batzuetan, elementu batzuk eraman beharko dira (sua itzaltzeko ur motxilak, sua itzaltzeko tresnak, aitzurrak, eta abar), lanetan sortu daitezkeen su-hartzeak itzaltzeko. Neurri horiek bereziki zainduko dira zerra erradialak edo soldatzeak erabiliz gero edo txinpartak sor ditzaketen bestelako lanak eginez gero.

• Azpiegitura egiteko behar diren obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratu eginen dira.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita zenbatuko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

6. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Ezkarozeko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Erronkari-Zaraitzuko Koordinazio Unitatea) eta interesdunari.

Iruñean, 2020ko abenduaren 9an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2015126