296. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.1. Foru legeak eta legegintzako foru dekretuak

18/2020 FORU LEGEA, abenduaren 16koa, enpresen sustraitzearen aldeko eta enpresen deslokalizazioaren aurkako neurriei buruzkoa.

NAFARROAKO FORU KOMUNITATEKO LEHENDAKARIA NAIZEN HONEK.

Aditzera ematen dut Nafarroako Parlamentuak onetsi duela honako:

FORU LEGEA, ENPRESEN SUSTRAITZEAREN ALDEKO ETA ENPRESEN DESLOKALIZAZIOAREN AURKAKO NEURRIEI BURUZKOA.

HITZAURREA

I

Azken urteotan hainbat dira, deslokalizazioaren fenomenoaren eraginez, gure komunitatea utzi eta atzerrian beren lantokiak kokatu dituzten enpresak. Eskulan-gastuak eta kostuak murriztuz etekinak areagotzeko helburuarekin, urte askoz gure lurraldean egon diren hainbat enpresak beren produkzio osoa edo zati handi bat kanpora bideratu dute.

COVID-19aren krisiarekin, enpresa batzuek beren interes ekonomikoengatik deslokalizazio berriak planteatzeko arriskua jarri da abian.

Deslokalizazio gisa ezagutzen den jardueraren bidez, zerbitzuen eta bitarteko ondasunen enpresek, besteak beste, haiekin mendekotasun-erlaziorik ez duten atzerriko hornitzaileei erosketak egiten dizkiete, eta atzerrian finkatutako sozietate afiliatuei transferentziak bideratzen dizkiete. Kasu gehienetan estatu batetik bestera egiten dira, eta ondasun edo zerbitzuok enpresak berak edo kanpoko zerbitzu-emaileek hornitu ahal dituzte. Kasu gehienetan, garapen urria edo gurea baino garapen txikiagoa duten herrialdeak izaten dira helmuga.

Gero eta ohikoagoa da erabaki- eta botere-guneak kanpoan kokatzetik hastea. Hainbat interes direla tarteko (ekonomikoak, fiskalak...) botere- eta erabaki-guneak kanpoan kokatzea izaten da deslokalizazio prozesuen lehen urratsa. Denboran luzatzen diren prozesuak izan ohi dira maiz.

Garapen bidean dauden herrialdeetan eskulana gero eta kualifikatuagoa eta ugariagoa izateak eta ekonomia zein komunikazioen mundializazioak areagotu egin dute deslokalizazioaren bideari ekin dioten enpresen kopurua.

Bereziki industrian ematen den egoera hau ekonomiaren mundializazio eta globalizazio prozesuetan txertatuta dago. Prozesu horiek enpresa transnazionalei eragiten diete batik bat, eta enpresa transnazional horietako gehienek honako ezaugarriak dituzten estatuak bilatu ohi dituzte: egitura eta babes sozial mugatua, eremu sozialean gutxi garatutako lan legeriak, soldata baxuagoak eta ingurumenaren kontserbazioari dagozkion zuzenbide-arau malguak.

Gero eta nabarmenagoa den fenomeno honek ondorio oso larriak sor ditzake nafar ehundura industrialean: alde batetik, deslokalizazio fenomenoaren bidez zuzenean galdutako enpleguak; bestetik, deslokalizazioaren edo horren mehatxuaren eraginez lan baldintzetan atzerapausoak ematea. Soldatak murritzagoak izatea eta lan baldintzek txarrera egitea dira enpresek deslokalizazioaren mehatxua erabiliz ematen diren egoerak. Horren ondorioz, soldata bat izanik ere pobreziatik atera ezin diren pertsonen kopurua areagotu egin da.

Egoera honek gure ekonomia sarean sortzen dituen ondorioei aurre egiteko bitartekoak jartzera behartuta daude administrazioak. Era berean ezinbestekoa da gure ekonomia sustatzeko politika publiko egokiak diseinatu eta garatzea, Nafarroaren bilakaera sozioekonomikoarekin lotutako politikak, aberastasuna sortu eta banatzen eta bertako biztanleen bizi kalitatea hobetzen lagunduko dutenak.

Politika horien baitan kokatzen dira enpresei bideratutako laguntza publikoak. Konpetentzian, gastuen murrizketan eta ondasunen metaketan oinarritutako merkatuaren aurrean, beste balio batzuetan eraiki behar da enpresak gizartearekin zein Administrazioarekin duen harremana. I+G+B zutabe izanen duen eredu berri batean oinarritutako ekonomia industriala bultzatu behar dute nafar instituzioek, enpresa txiki eta ertainei irtenbideak, aukerak eta laguntzak eskainiz. Ekonomia industrial hori langileen parte-hartzearekin zein lan-kalitatearekin osatu beharko da. Enplegu egonkorra eta birbana daitekeen aberastasuna sortu behar dira herri honen etorkizuna bermatzeko. Bide hori izango da lehiakortasunera eta kalitatezko lan- zein bizi-baldintzetara eramanen gaituena.

Gure ekonomian enpresek beste hainbat eragile sozial, ekonomiko eta sindikalekin batera betetzen duten eginkizuna ezinbestekoa dela aitorturik, instituzioek bide hori garatzen lagunduko diete. Aldiz, funtsezkoa da gastuak murrizteko helburu soilarekin eta bideragarritasun ekonomikoari lotutako arrazoien bidez justifikatu gabe beren jarduerak bertan behera utzi eta kanpora eramaten dituzten enpresentzako mekanismoak arautzea. Deslokalizazio jarrera horiek lanpostu askoren galera eragin dezakete eta arazo larriak sortu gure herriko ehundura ekonomiko, produktibo eta industrialean.

Enpresen babeserako laguntza publikoak bideratzen direnean, neurri horiei buruzko araudiak diruz laguntzen duen jarduera egitea beharrezkoa da, emandako laguntzaren xedea bete egin behar da, eta jarduera horrek Nafarroako Foru Komunitatearen garapenerako ekarpen eraginkorra eginen duela bermatu beharra dago. Laguntza publikoek kalitatezko enplegu eta lan baldintzak sortzen lagundu behar dute eta ez dute jarduera ekonomikoen deslokalizazioa erraztu behar.

Problema hau Europa osoan zehar hedatuta dagoenez, Europako erakundeek neurri juridikoak hartu dituzte, Europako Erkidegoak finantzatzen dituen enpresek ez ditzaten beren jarduerak deslokaliza. Mahaigaineratu diren neurri horiek xede dute Europar Batasunak enpresei emandako laguntzak berreskuratzea, baldin laguntza jaso eta zortzi urte igaro aurretik enpresak bere jarduerak deslokalizatzen baditu. Era berean, Europako Parlamentuak eskatu du enpresa horiek Egitura Funtsetatik edo estatu-laguntzetatik kanpo gera daitezela deslokalizaziotik zazpi urte igaro arte.

Europar Batasunak bezala, Nafarroak ere beharrezkotzat jotzen du enpresei arauak ezartzea, eta foru lege honekin baliabide publikoak jaso ondoren deslokalizazioaren bideari ekiten dioten enpresak (produkzio osoa edo zatirik handiena kanpora eramanaz) azkeneko zortzi urteetan jasotako laguntza guztiak itzultzera behartuta geratzen dira. Deslokalizazioaren fenomenoari aurre egiteko neurriak hartu izan dira aurretik ere, Nafarroako ehundura industriala babestu eta indartzeko baliagarriak izan direnak eta ekimen desberdin gehiagoren bidez osatzen joan direnak. Foru lege honen bidez beste urrats bat egin nahi da norabide horretan.

II

Foru lege honek zortzi artikulu ditu, bi kapitulutan banatuak, eta hiru xedapen. Lehen kapituluan foru legearen xedea zehazten da, eta arauak ematen dira nafar sektore publikoaren laguntzak jasotzen dituzten enpresentzat, balizko deslokalizazio-kasuetarakoak. Hurrengo bi artikuluetan foru legearen aplikazio eremu subjektibo eta objektibo zehazten dira. Laugarren artikuluan enpresa bat deslokalizatutzat jotzeko beharrezkoak diren baldintzak zehazten dira. Bigarren kapituluak laguntza publikoen aurrean Nafarroako Foru Komunitateko enpresek hartu beharreko konpromisoak zehazten ditu. Izan ere, laguntza publikoak jasoko dituzten enpresek deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa hartu beharko dute. Hurrengo apartatuan Nafarroako Gobernuak deslokalizazio kasuen deklarazioa egiteko prozedura zehazten da. 7. artikuluan arautzen da dirulaguntza publikoak jaso ondoren deslokalizazioa egin duen enpresak laguntza horiek itzultzeko duen betebeharra. Azken artikuluak Nafarroako Gobernuari agintzen dio ikerlerro bat antola dezan, deslokalizazio-prozesuei buruzko ezagutza hobetze aldera.

Xedapenetan, Gobernuari ahalmena ematen zaio foru legea interpretatu eta aplikatzeko beharrezkoak diren jarraibideak bideratzeko. Azkenik, foru legea indarrean sartzeko epe eta baldintzak zehazten dira.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

1. Foru lege honen xedea da zehaztea Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik eta Foru Sektore Publiko Instituzionala osatzen duten entitateetatik laguntzak jasotzen dituzten enpresek balizko deslokalizazio prozesuen aurrean izan beharreko betebehar eta mugak.

2. Lege honen bidez, bermatu nahi da enpresek artikulu honen 1. apartatuan aipatutako entitateetatik jasotzen dituzten dirulaguntzak Nafarroaren garapenari ekarpen ekonomiko eta soziala egiteko izan daitezela, deslokalizazio prozesuei aurre egite aldera.

2. artikulua. Aplikazio-esparru subjektiboa.

1. Foru lege hau enpresaren egoitza zein lantokia Nafarroan izan eta Nafarroako laguntzak jaso dituzten enpresei aplikatuko zaie, hurrengo artikuluan azaltzen diren kasuetan eta moduan.

2. Lege honen bidez, bermatu nahi da enpresek artikulu honen 1. apartatuan aipatutako entitateetatik jasotzen dituzten laguntzak Nafarroaren garapenari ekarpen ekonomiko eta soziala egiteko izan daitezela, deslokalizazio prozesuei aurre egite aldera.

3. artikulua. Aplikazio-esparru objektiboa.

Foru lege honen ondorioetarako, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarengandik eta Foru Sektore Publiko Instituzionala osatzen duten entitateengandik jasotako laguntzatzat jotzen dira bai dirulaguntza publikoak bai beste edozein laguntza, edozein dela ere hartzen duen forma juridikoa. Erregelamenduzko garapena egitean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zilegi izanen du foru lege honen aplikazio-esparru objektibotik halako laguntzak eta dirulaguntzak salbuestea ezen bideratuta baitaude lehiakortasuna edo jakintza-transferentzia hobetzekoak diren I+G+b jarduerak sustatzera.

4. artikulua. Enpresen deslokalizazioa.

1. Foru lege honen ondorioetarako, enpresa bat deslokalizatu egin dela ulertuko da, bi baldintza hauek batera gertatuz gero:

a) Enpresak Nafarroan duen jarduera bertan behera uztea edo nabarmen murriztea.

b) Aldi berean, edo hori gertatu aurreko nahiz ondorengo hiru urteetan, Nafarroan jarduera bertan behera utzi duen erakundeak berak jarduera hori Nafarroatik kanpoko beste leku batean garatzea, edo beste erakunde batek garatzea, baldin eta harekin Merkataritzaren Kodeko 42. artikuluan aipatzen diren harremanak baditu.

2. Bigarren jarduera bertan behera geratu dela ulertuko da, bai erakundea desegiten denean eta baita, desegin ez arren, Nafarroan dituen produkzio instalazio guztiak edo horietariko batzuk ixten dituenean ere.

3. Jarduera nabarmen murriztu dela ulertuko da, baldin eta, erakundeak Nafarroan dituen lanpostuen murrizketaren ondorioz, murrizketaren aurretik izandako langileen kopurua erdira baino gutxiagora jaisten bada. Hori dela eta, artikulu honen lehen atalean aipatutako baldintzak eman aurreko bi urteetan erakundeak Nafarroako lantokietan izandako langileen bataz-besteko kopurua hartuko da kontuan. Deslokalizaziorik ez dagoela ulertuko da, gutxienez 25 langileri eragiten ez badie.

4. Enpresak Nafarroan egin izan duen jarduera lurralde horretatik kanpoko leku batean garatzen ari dela ulertuko da, bai kanpoko leku horretan jarduera abian jartzen bada eta baita kanpoko leku horretan lehendik zegoen enpresa-jarduera hazten bada ere, Nafarroan bertan behera utzi den edo murriztu den heinean.

5. Salbuespenez, behar bezala egiaztatutako kasuetan, enpresa-deslokalizaziorik ez dagoela ulertu ahal izango da, baldin eta baldintza horietan egokitzen den enpresak, zuzenean edo berarekin Merkataritzaren Kodeko 42. artikuluan aipatutako harremanak dituen beste erakunde baten bitartez, Nafarroako lurralde eremuan enpresa-jarduera berriak abian jartzen baditu, eta batean galdu dituen adina lanpostu edo gehiago Nafarroako beste eremu batean sortzen baditu.

II. KAPITULUA

Laguntza publikoak jasotzen dituzten enpresen jabeen erantzukizunak

5. artikulua. Enpresaren konpromisoa.

Beharrezkoa izanen da enpresa-deslokalizaziorik ez egiteko konpromisoa jaso dadila 3. artikuluak definitzen dituen dirulaguntzak emateko oinarri arautzaileen gutxieneko eta nahitaezko edukiaren osagai gisa, bai eta Foru Sektore Publiko Instituzionaleko erakundeen laguntza-emate eragiketak formalizatzeko negozio juridikoen gutxieneko eta nahitaezko edukiaren osagai gisa ere.

6. artikulua. Enpresa-deslokalizazioaren deklarazioa.

1. Enpresa-deslokalizazioaren deklarazioa Nafarroako Gobernuaren erabaki baten bidez eginen da, garapen ekonomiko eta enpresarialaren arloan eskumena duen departamentuak proposatuta.

2. Deslokalizazio deklarazioa foru lege honetako 4. artikuluan aipatutako inguruabarrak gertatu ondoko lau urteen epean abiarazi ahalko da.

3. Artikulu honetako 1. apartatuan adierazitako departamentu eskudunaren txosten baten bidez hasiko da prozedura. Txostenean justifikatuko da bete egiten direla 4. artikuluan ezarritako inguruabarrak. Lehen instantzian eginiko txostena interesdunari jakinaraziko zaio, eta horrek hogeita hamar eguneko epea izanen du txostenak dioenaren aurrean bere alegazioak adierazi eta bere eskubideen defentsa egiteko.

4. Epe hori amaitzen denean, eskudun den departamentuaren titularrak proposamena aurkeztuko dio Gobernuari, kasua bada entitatearen enpresa-deslokalizazioko deklarazioa egiteko.

5. Prozedurari amaiera emateko, Nafarroako Gobernuak bi aukera izanen ditu, jasotako txosten eta informazioa aztertu ondoren:

a) Enpresaren deslokalizazioa deklaratzeko erabakia hartzea.

b) Enpresaren deslokalizazioa deklaratzeko erabakia bertan behera uztea.

Bi kasuetan, ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio.

6. Nafarroako Gobernuak amaieran emandako ebazpenean zehaztuko da enpresaren deslokalizazioa zein egunetan gertaturikotzat hartzen den. Data hori izanen da foru lege honetan xedatutakoaren ondorioetarako kontuan hartu beharko dena.

7. artikulua. Jasotako laguntza itzultzea.

1. Enpresaren deslokalizazioa deklaratuz gero, enpresak itzuli egin beharko ditu aurreko zortzi urteetan jasotako dirulaguntzak, kopuru bakoitza jaso zuenetik deklarazio horren egunera arte sortutako berandutza-korrituekin batera.

2. Deklarazio horrek, halaber, itzuli beharreko dirulaguntzen zenbatekoaren %20ko errekargua ordaintzeko betebeharra ekarriko dio enpresari.

3. Dirulaguntzen itzulketa izapidetzeko, dirulaguntzei buruzko araudi orokorrak xedatutakoa aplikatuko da.

4. Nafarroako Foru Komunitateko eta Foru Sektore Publiko Instituzionala osatzen duten entitateetako administrazioak emandako dirulaguntza-izaeraz bestelakoa duten laguntzei dagokienez, Nafarroako Gobernuak erregelamenduz garatuko du itzulketa kuantifikatzeko prozedura.

8. artikulua. Enpresa-deslokalizazioaren fenomenoari buruzko ezagutza.

Nafarroako Gobernuak, enpresa-deslokalizazioko prozesuei buruzko ezagutza hobetzearren, ikerlerro egonkor bat antolatuko du gainerako instituzioekin elkarlanean, aztertze aldera zer aurrerapauso eman diren eta zein den egungo egoera globalizazioak toki- eta eskualde-mailetako enpresa-ehunduran dituen efektuei eta Europako eta Nafarroako Foru Komunitateko enpresa-deslokalizazioko prozesuei buruzko ezagutza teorikoan eta praktikoan.

Xedapen gehigarri bakarra.–Erregelamendu bidezko garapena.

Nafarroako Gobernuak foru lege honen garapen eta aplikaziorako behar diren erregelamenduzko xedapenak onetsiko ditu sei hilabeteko epean.

Xedapen iragankor bakarra.–Foru lege honek indarra hartu aurretik emandako dirulaguntzen araubide iragankorra.

Foru lege honetan xedatutakoa aplikatuko zaie bera indarrean sartu aurretik emandako dirulaguntzei, baldin eta deslokalizazioa, 4. artikuluan zehaztutakoaren arabera, foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera gertatzen bada eta dirulaguntza emanez geroztik zortzi urte igaro ez badira.

Foru lege honen 7.2. artikuluan ezarritako errekargua foru lege honek indarra hartzen duenetik aurrera ematen diren dirulaguntzei bakarrik aplikatuko zaie.

Azken xedapena.–Indarra hartzea.

Foru lege honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Nik, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 22. artikuluan xedatutakoa bete dadin, foru lege hau B.M. Erregearen izenean aldarrikatzen dut, Nafarroako Aldizkari Ofizialean berehala argitara eta “Estatuko Aldizkari Ofizialera” igor dadila agintzen dut eta herritar eta agintariei bete eta betearaz dezatela manatzen diet.

Iruñean, 2020ko abenduaren 16an.–Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakaria, María Chivite Navascués.

Iragarkiaren kodea: F2015520