294. ALDIZKARIA - 2020ko abenduaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

194E/2020 EBAZPENA, azaroaren 27koa, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak emana, dirulaguntza honetarako deialdia onesten duena: “Ingeniaritzako eta enpresen administrazio eta zuzendaritzako prestakuntza beka”. DDBN identifikazioa: 536685.

Apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren bidez, araubide orokorra ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko.

Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak bi prestakuntza beka emateko deialdi hau onetsi du, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiko Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuan aritzeko. Beken xedea da graduatu ondoko tituludunei ezagutza espezializatua eta esperientzia praktikoa ematea, arlo publikoan zein enpresa pribatuan lanari aurre egin diezaioten.

Aipatu foru dekretuaren 4. artikuluak ezartzen duenez, Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako zuzendari kudeatzaileei dagokie prestakuntza bekak ematea.

Martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen azken xedapenetako lehenean honako hau xedatzen da: “2005eko martxoaren 1a baino lehenagoko foru araudian kontseilariei esleitzen zitzaizkien ebazpen-eskumenak zuzendari nagusiek izanen dituzte, 32.1.d) artikuluan ezarritakoarekin bat; ez dira zuzendari nagusien esku geldituko, hala ere, gehiengo osoko foru legeen bitartez edo Nafarroako Foru Komunitateko administrazio publikoen kontratuei buruzko foru legeriaren bitartez kontseilariei esleituriko eskumenak, ez eta zehatzeko ahala erabiltzeari dagozkionak ere, horiek lege edo erregelamendu mailako xedapen batean espresuki esleituak dituzten organoenak izanen baitira”.

Horiek horrela, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluaren bidez emandako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Bi prestakuntza beka emateko deialdia onestea, zeinek destinoa izanen baitute Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuan.

2. Deialdiaren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. 61.200 euroko gastua baimentzea, honela banatuta kopuruaren eta denboraren arabera:

–2021eko ekitaldia: 18.000 euro, 2020ko gastu aurrekontuko “Prestakuntza bekak” izeneko 820000 82000 4800 421100 partidaren kargura; 857,44 euroko hogei hilekoko laguntzak dira, gehi 42,56 euro hilean Gizarte Segurantzaren kontzeptuan, beka bakoitzeko.

–2022ko ekitaldia: 21.600 euro, 2022ko gastu aurrekontuan gaitzen den partidaren kargura, bekak luzatuz gero, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago horretarako. 857,44 euroko hogeita lau hilekoko laguntzak dira, gehi 42,56 euro hilean Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

–2023ko ekitaldia: 21.600 euro, 2022ko aurrekontuko partidaren baliokide izateko 2023ko gastu aurrekontuan gaitzen den partidaren kargura, bekak luzatuz gero, baldin eta kreditu egokia eta nahikoa badago horretarako. 857,44 euroko hogeita lau hilekoko laguntzak dira, gehi 42,56 euro hilean Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

4. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko azaroaren 27an.–Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusia, Yolanda Blanco Rodríguez.

1. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Deialdi honen xedea da prestakuntza beka bat ematea gutxienez unibertsitate titulu hauetakoren bat eskuratu duen pertsona bati:

–Industria ingeniaritzako gradua.

–Industria ingeniaritza teknikoko gradua.

–Industria teknologietako ingeniaritzako gradua.

–Ingeniaritza elektrikoko gradua.

–Ingeniaritza elektrikoko eta elektronikoko gradua.

–Ingeniaritza elektroniko industrialeko gradua.

–Ingeniaritza elektroniko industrialeko eta automatikako gradua.

–Ingeniaritza mekanikoko gradua.

–Diseinu mekanikoko ingeniaritzako gradua.

–Energiaren ingeniaritzako gradua.

–Energia berriztagarrien ingeniaritzako gradua.

–Industria antolaketako gradua.

Halaber, deialdi honen xedea da prestakuntza beka bat ematea honako unibertsitate titulu hau eskuratu duen pertsona bati:

–Enpresen administrazio eta zuzendaritzako gradua.

Beraz, deialdi honen helburua da bi pertsona horien prestakuntza sustatzea Plan Energetikoaren Atalaren berezko jarduerei lotutako jakintzak eskainiz. Atal hori dago Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuan, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusian, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuan.

Bigarrena.–Beken iraupena eta zenbatekoa.

1. Prestakuntza beken hasierako iraupena hamar hilabetekoa izanen da, eta hasteko eguna izanen da bekak emateko ebazpenean adierazten dena.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak eskatuz gero eta aurrekontuko diru erabilgarriaren arabera, beka luza daiteke, epe bererako, bi urte eta hamar hilabete egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda. Luzapena egiteko, beharrezkoa izanen da berariazko baimena ematea eta horretarako behar den gastu konpromisoa hartzea.

2. Prestakuntza bekek, hilero, 900 euroko zuzkidura dute. Horietatik 857,44 euro onuradunari ordainduko zaizkio, hilabete bakoitza bukatutakoan, eta 42,56 euro Gizarte Segurantzaren kotizazioa ordaintzeko izanen dira.

Hirugarrena.–Onuradun izateko bete beharreko baldintzak.

1. Baldintza hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahalko dituzte beka hauek:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

d) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko ezgaitua ez egotea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluarekin bat.

e) Ez izatea ezintasun fisikorik edo gaixotasunik, bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeenik.

f) Deialdi hau argitaratu aurreko hiru urteetan eskuratu izatea beharkizun den titulua, edo aipatu epearen barnean eskatu izatea titulu hori, eta, betiere, beka hasteko eguna baino lehenago.

2. Beka eskatzeak berekin dakar departamentu honi baimena ematea egiazta dezan betetzen direla aurreko apartatuko a), b) eta c) letretako baldintzak. Baimena ematen zaio, orobat, egiaztatzeko onuradunak bere zerga betebeharrak egunean dituen beka emateko proposamena egiten den unean (Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 13.2.e) artikulua).

Goiko d) eta e) letretako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eskabidean datorren erantzukizunpeko adierazpena erabiliko da.

Azkenik, f) letrako baldintza betetzen dela egiaztatzeko, unibertsitateko titulua edo haren eskaera aurkeztu beharko da.

3. Baldintza guztiak prestakuntzaldiak iraun bitarte bete beharko dira.

Laugarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Eskaerak aurkezteko epea hamabost egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

2. Eskaerak telematika bidez aurkeztuko dira, Nafarroako Gobernuaren Atariko tramiteen katalogoko berariazko fitxaren bidez (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

Halaber, Nafarroako Gobernuko erregistro bulegoetan aurkez daitezke (horretarako irekita daudenetan), aldez aurretik hitzordua eskatuta, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako lekuetan.

3. Nafarroa.eus atariko laguntzen fitxan eskura daitekeen inprimakiaren araberakoa izanen da eskaera, eta harekin batera dokumentu hauek aurkeztuko dira:

a) NANaren kopia.

b) Curriculum vitae-a, egindako ikasketak, egindako jarduerak eta aipatu nahi diren merezimendu guztiak adierazten dituena. Agiri bidez frogatzen ez diren merezimenduak ez dira baloratuko.

c) Dauzkan tituluen eta diplomen fotokopia.

d) Dagokion unibertsitateak emandako ziurtagiria, beharkizun den tituluarena edo titulu eskaerarena.

e) Seigarren oinarrian adierazten diren gainerako merezimenduen frogagiriak.

4. Aurkeztutako eskaerak aurreko ataletan ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesdunari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzen dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela, eta ebazpen hori jakinaraziko zaiola.

5. Prestakuntza bekak jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Bosgarrena.–Ebaluazio batzordea.

1. Ebaluazio batzordea arduratuko da izangaien baldintzak egiaztatzeaz eta haien eskaerak ebaluatzeaz, lehentasun hurrenkera bat ezartzeko asmoz, seigarren oinarrian ezartzen diren balorazio irizpideei jarraikiz.

Kide anitzeko organo hori honako hauek osatuko dute:

–Batzordeburua: Martin Ibarra Murillo, Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuaren zuzendaria.

–Batzordekidea: Ignazio Apeztegia Luquin, Plan Energetikoaren Ataleko burua.

–Idazkaria: Arantxa Goikoetxea Irigoien, Nazioarteko Proiektuen Bulegoko burua.

2. Batzordeak prozedura ebazteko beharrezkotzat jotzen dituen txosten guztiak eskatzen ahalko ditu.

3. Hurrengo oinarrian ezarritakoaren araberako ebaluazioa bukatuta, ebaluazio batzordeak hautatutako izangaiaren aldeko proposamen loteslea igorriko dio organo eskudunari. Onartutako pertsona guztiei emandako puntuazio osoa ere adieraziko da proposamen horretan.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

1. Eskaerak baremo honi jarraikiz ebaluatuko dira:

a) Titulua: gehienez ere 10 puntu.

–5 puntu emanen dira deialdi honetan eskatzen diren graduko titulu edo titulu eskaera bakoitzeko.

–2 puntu emanen dira deialdi honetan eskatzen ez diren graduko, diplomako edo lizentziako titulu edo titulu eskaera bakoitzeko.

–Puntu bat emanen da bukatutako master bakoitzeko.

–0,5 puntu emanen dira eskatzailea Nafarroan doktorego programa bat egiten ari bada.

b) Prestakuntza ikastaroak, energiaren, energia berriztagarrien, elektrikaren eta elektronikaren, elektronika industrial eta automatikoaren, enpresen administrazio eta zuzendaritzaren eta industria teknologien arloekin zerikusia duten gaien gainekoak: 3 puntu emanen dira kreditu akademiko edo horren baliokide bakoitzeko (10 eskola-ordu), eta gehienez ere 10 puntu.

c) Euskara, ingelesa eta frantsesa jakitea: gehienez ere 10 puntu.

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko C1 maila izatea, edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulua izatea, 4 punturekin baloratuko da, hizkuntza bakoitzeko.

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 maila izatea, edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulua izatea, 3 punturekin baloratuko da, hizkuntza bakoitzeko.

–Hizkuntzetarako Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B1 maila izatea, edo ofizialki baliokidetzat hartzen den titulua izatea, 2 punturekin baloratuko da, hizkuntza bakoitzeko.

d) Ingeniaritzako profila duen bekaren kasuan soilik, puntu bat gehiago emanen da beka eskatzen duena emakumezkoa bada, kontuan harturik nabarmen baxuagoa dela deialdi honen xede diren unibertsitate tituluetan matrikulatuta dauden emakumezkoen portzentajea (%29,02 dira emakumezkoak ingeniaritzan, industrian eta eraikuntzan), gizonezkoen portzentajearen aldean, hala adierazten baita 2019-2020 ikasturteko Unibertsitateko ikasleen estatistikan, Unibertsitateko Informazio Sistema Integratuak emandakoan.

2. Banakako elkarrizketa: gehienez ere 10 puntu.

Banakako elkarrizketa eginen zaie bost kalifikazio onenak lortzen dituzten hautagaiei. Elkarrizketan baloratuko dira motibazioa, ekimena, erantzunen argitasuna eta ordena, talde-lanerako gaitasuna eta beste trebetasun batzuk.

Eskatzaileei telefonoz eta posta elektronikoz deituko zaie, elkarrizketa egin baino 48 ordu lehenago gutxienez. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da; horrenbestez, agertzen ez denak ezin izanen du beka eskuratu.

Elkarrizketa gainditzeko, 5 puntu edo gehiago lortu beharko dira.

3. Oinarri honen 1. eta 2. ataletan ezarritako puntuak batu ondoren puntuazio onena lortzen duten pertsonei esleituko zaizkie bekak.

Berdinketa kasuetan, banakako elkarrizketan nota onena duen eskatzailearen alde eginen da.

Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.

1. Ebaluazio batzordearen proposamena ikusita, Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen zuzendari nagusiak prestakuntza bekak emateko ebazpena emanen du, onuradunen izenak jasoko dituena, eta berariaz adieraziko da gainerako eskaerak ezetsi direla.

Halaber, ebazpenean lehentasun ordena ezarriko da deialdira aurkeztu diren pertsonekin, bederatzigarren oinarrian ezarritakoa betetzeko baldin bekaren onuradunak uko egiten badu.

Ebazpen hori Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritakoaren arabera jakinaraziko da.

2. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

Zortzigarrena.–Onuradunen betebeharrak eta horiek ez betetzearen ondorioak.

1. Beken onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte:

a) Bekaren iraunaldia bukatu baino lehen, egindako lanari eta lortutako emaitzei buruzko memoria bat aurkeztea.

b) Organo eskudunek eman den bekaren gainean egiten dituzten egiaztapen lan guztiak onartzea.

c) Xede berarekin jasotako bestelako beken edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

d) Jakinaraztea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

e) Beka dela-eta egindako jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.

f) Industriaren, Energiaren eta S3 Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiaren barne edo funtzionamenduko araudia betetzea, han arituko baita.

2. Organo eskudunak xedatuko du beka aldi baterako edo betiko kentzea, interesdunari entzun ondoren, baldin bekadunak ez baditu betetzen bere gain hartutako betebehar eta jarduerak, haiek egitean ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira.

Bekak galtzeak diru-zuzkiduraren zati proportzionala galtzea ere ekarriko du, ezertan galarazi gabe eska daitezkeen diru-itzultzeak eta berandutze-interesak, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan xedatutakoaren arabera.

Bederatzigarrena.–Prestakuntza jardueraren hasiera eta bekari uko egitea.

1. Prestakuntza beken onuradunek beka emateko ebazpenean adierazten den egunean hasi beharko dute lanean.

Horrela izan ezean, ulertuko da onuradunak bekari uko egiten diola, non eta organo eskudunak ez duen erabakitzen ezinbesteko arrazoiren bat edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera gertatu dela.

2. Emandako bekei berariaz uko eginez gero, horren berri eman beharko da, jarduera utzi baino hamabost egun natural lehenago gutxienez.

Bekei edozein arrazoirengatik uko eginez gero, zilegi izanen da ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo daudenei ematea bekak, deusetan galarazi gabe lehenengo bekadunak uko egin arte zituen betebeharrak betetzea.

Hamargarrena.–Prestakuntza jarduera eta tutoretza.

1. Prestakuntza jarduerak hogeita bost ordu iraunen du astean, eta Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuan gauzatuko da (Tomás Caballero parkea 1, 5. solairua, Iruña).

Bekadunek 2,5 egun balioduneko oporraldia izanen dute bekaldiaren hilabete bakoitzeko.

Bestalde, onuradunak prestakuntzarako behar diren joan-etorriak ere egin beharko ditu, eta eskubidea izanen du zerbitzu eta bidaien arabera izaten diren gastuengatik funtzionarioei ematen zaizkien ordain berberak jasotzeko.

2. Organo eskudunak prestakuntza beka eteten ahalko du onuradunaren gaixotasun edo istripu kasuetan, bai eta ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako bestelako gorabeherak gertatzen direnean ere. Etenaldiak beharrezkotzat jotzen den denbora iraunen du, eta haren ondorioak arrazoi bakoitzaren araberakoak izanen dira.

3. Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuko zuzendariak zuzendu eta gainbegiratuko du prestakuntza jarduera. Pertsona horrek tutoretza lanak eginen ditu, eta, zehazki, arduratuko da bekadunek egin beharreko zereginak agintzeaz, ordutegiak finkatzeaz eta beren eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen ote dituzten begiratzeaz.

Hamaikagarrena.–Jabetza intelektuala eta datuen babesa.

1. Jabetza intelektualaren gaineko eskubideak, bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, Administrazio Publikoak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

2. Beken onuradunek Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan xedatutako betebeharrak bete beharko dituzte, baita lege hori garatzeko bestelako arauetan ezarritakoak ere. Hala, prestakuntzaldia amaituta ere, berdin bete beharko dituzte bekaren bitartez eskura izan dituzten datu pertsonalak tratatzeari buruzko indarreko xedapenak.

Hamabigarrena.–Lan harremanik ezaren adierazpena, eta kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

1. Beka edukitzea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan harremanik, administratiborik edo estatutupekorik sortzea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta antzeko eskubiderik eskuratzea ere. Administrazioak ez du inolako konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekadunak bere plantillan sartzeko.

2. Beken onuradunek eskubidea izanen dute apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko; foru dekretu horren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezarri zen.

Horren ondorioetarako, prestakuntzan aritzen direnek Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko bekadun guztientzat sinatu duen aseguru kontratuaren istripuengatiko estaldura izanen dute.

Hamahirugarrena.–Beken bateraezintasuna.

Deialdi honetako prestakuntza bekak bateraezinak dira administrazio berak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, emandako beste beka batzuekin.

Hamalaugarrena.–Emandako beken publizitatea.

Trantsizio Energetikoaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak Ogasuneko Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, beka zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuradunak eta emandako diru kopurua.

Hamabosgarrena.–Araubide juridikoa.

Oinarri hauetan aurreikusten ez den orotan, arau hauetan xedatutakoari jarraituko zaio: 172/2004 Foru Dekretua, apirilaren 19koa, araubide orokorra ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko, eta 11/2005 Foru Legea, azaroaren 9koa, Dirulaguntzei buruzkoa.

Hamaseigarrena.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iragarkiaren kodea: F2014649